Nola euskaratu malinkeraz pentsatu eta frantsesez idatzitako testu bat: Ahmadou Kouroumaren 'Independentzien eguzkiak'
Artikulu honetan, Aiora Jaka itzultzaileak Ahmadou Kourouma idazle malinkearen 'Independentzien eguzkiak' eleberri postkolonialaren itzulpen-prozesua deskribatzen du: nola bilatu zuen autoreari eta obrari buruzko informazioa, zer berezitasunek ezaugarritzen duen eleberria, nolako zailtasunak izan zituen malinkera-kutsuko frantsesezko testu hori euskarara ekartzeko eta nola ahalegindu zen sorburu-testuko hizkeran ageri ziren egitura agramatikal edo ez-zuzen batzuk xede-testuan ere islatzen.
Argitaratu berri da Independentzien eguzkiak (2023), Ahmadou Kourouma idazle malinke bolikostarraren lehen eleberria, Literatura Unibertsala lehiaketa eta bildumari esker euskarara ekarri ahal izan duguna. Egin dugu itzulpena, idatzi dugu hitzaurrea, aurkeztu dugu liburua, hitz egin dugu eleberriaz Donostiako Liburuaren Egunean, erantzun ditugu Arantxa Iturbek «Arratsean» irratsaioan egindako galderak, eta hementxe gaude orain, orri zuri baten aurrean, jadanik aipatutakoez gain besterik esan ote litekeen galdetuz geure buruari. Eta noski, jakina esan daitekeela gehiago, kontuan hartuta batez ere zein ezezaguna den Kourouma gurean eta zein gutxi dakigun literatura afrikarraz oro har, baina, norbera liburu batean hain murgilduta egon denean, iruditzen zaio kontatu duela jada kontatu beharreko guztia, eta liburu horren itzulpenari buruzko gogoeta pertsonal bat (edo izandako zailtasunen aurrean egindako hautuen halako justifikazio zurigarri bat) aspergarria edo ez-beharrezkoa irudituko zaiola edozein irakurleri. Nolanahi ere, Senezeko lagunei bere garaian hitzeman niena bete beharrez, eta Danele Sarriugartek (2022) duela bi urteko alerako idatzitako artikulu bihotz-altxagarriak lagunduta (besteak beste, emakumeok bikain egingo dugula jakin ezean enkarguak ez onartzeko joera hori aipatzen du Sarriugartek, eta badu horretatik franko ni gaur hemen erdi blokeatuta naukan izu moduko honek), ahaleginduko naiz itzulpenaren osagarri-edo izan nahi duen artikulutxo hau osatzen.
Lehiaketa aurreko presa: lagina irakurri, autoreaz informatu, liburua eskuratu eta itzuli!
Literatura Unibertsalak 2022ko udazkenean antolatutako lehiaketan proposatu zen Kouroumaren Les soleils des indépendances (1995). Ez nituen ezagutzen ez liburua, ez autorea, baina, lagina irakurri, eta berehala erakarri ninduen. Aise ohartu nintzen guztiz bestelako mundu batera eramango ninduela liburuak, errealitate zeharo arrotz batera, eta, halakoetan ohi dudanez, zuzenean ekin nion lagina euskaratzeari, ikusteko ea erronka gustagarria eta egingarria izango ote zitzaidan, eta esfortzuak mereziko ote zuen. Hilabeteko epea utzi ohi du EIZIEk halako lagin bat itzultzeko, eta nik behintzat ez dut inoiz izaten gauzak fundamentuz egiteko astirik; alegia, liburua osorik irakurri, egileari buruz informazioa bilatu, eta bien inguruan ongi dokumentatzeko. Halere, Donostiako liburutegi batean frantsesezko jatorrizko liburua aurkitzeko zortea izan nuen, eta hasi behintzat hasi nintzen eleberria irakurtzen. Hala eman nuen, beraz, hilabetea, egunak uzten zizkidan ordu libreetan lehen kapitulua itzultzen eta gauari lapurtzen nizkion minutuetan nobelaren gainerakoa irakurtzen.
Liburua osorik irakurri gabe entregatu behar izan nuen azkenean lehen kapituluaren itzulpena, epeak harrapatuta. Hilabete eskas hartan, oinarrizko informazioa bilatu nuen Ahmadou Kouroumari buruz, eta jakin nuen idazle malinkea zela, malinkeraz pentsatu eta frantsesez idazten zuen idazle bolikostarra, 1927an jaio eta 2003an hila. Beraz, Frantziaren kolonialismoaren garaia bizi behar izan zuen haurtzaroan eta gaztaroan, eta kolonialismo horren aurkako jarrerak arazo bat baino gehiago ekarri zion: Malin, ikasle-mugimenduetan parte hartzeagatik, bota egin zuten Bamakoko goi-eskola teknikotik, eta, geroago, Boli Kostako batailoi autonomoan soldadu zebilela, uko egin zionez Afrikako kolonien independentzien aldeko manifestazioak erreprimitzeari, Indotxinara bidali zuten soldaduska egitera. Atzerrian hainbat urte egin ondoren, 1961ean itzuli zen sorterrira, Boli Kostak independentzia lortutakoan. Baina herrialdean ezarri zen erregimen berriarekin ere arazoak izan zituen: presidente berriaren aurkako konplot batean parte hartu zuelakoan, espetxeratu eta erbesteratu egin zuten. Handik aurrera, eta hil arte, jaioterritik urrun eman zuen bizitza, hasieran Afrikan eta gerora Frantzian.
Mendebaldeko Afrikako herrialdeek eta bereziki malinkeek kolonialismoan eta kolonialismo osteko garaian sufritu zituztenak bere larruan bizi behar izan zituen Kouroumak, eta injustizia horiek guztiak islatu eta salatu zituen bere lehen eleberrian, Les soleils des indépendances honetan. 1968an argitaratu zuen liburua, Montrealen, Frantziako argitaletxeen ukoa jaso ondoren. Bi urte geroago onartu zuen Seuil argitaletxeak eleberria Frantzian argitaratzea.
Horra hor, gutxi-asko, laginaren itzulpena lehiaketara bidali nuenean Kouroumaz eta haren nobelaz nekien guztia.
Lagina bidalita, eleberria lasai irakurtzeko astia
Itzulpen-lehiaketako epaimahaikideek beren deliberoa hartu arteko beste hilabete inguru horretan izan nuen, azkenik, hasia nuen eleberria osorik irakurtzeko denbora. Ederra iruditu zitzaidan liburua, exotikoa bezain hurbila, gogorra bezain samurra, ile-lazgarria bezain irri- egingarria. Izan ere, gordina da oso Kouroumak liburu honetan erretratatzen duen errealitatea, latzak pertsonaiek bizi dituzten gertaerak.
Liburuko protagonista Fama Doumbouya izeneko gizon malinke bat da, kolonizazioaren garaian printze-familia batean jaioa, benetako oparotasun eta ohore artean. Independentziak, ordea, guztiz suntsitu dio negozioa, eta ez da gauza buruzagi tradizional moduan zaintzea dagokion tribua mantentzeko, zeina, gainera, mugaz bestaldera geratu baitzaio Afrikaren zatiketa berriaren arabera. Hiriburuan bizi da orain, bere emazte Salimatarekin batera, etxalde txiro batean, seme-alabarik gabe. Sarraskijale baten moduan hiletetan banatzen den limosnatik bizitzera kondenatua, alferrik saiatuko da garai prekolonialetan arbasoei egin zitzaien iragarpen zorigaiztokoa galarazten: ondorengorik izatea lortzen ez duenez, doumbouyatarren dinastia iraungitzen ari da.
Fikziozko pertsonaia horien bidez, errealitate gordina islatzen du eleberriak: kolonizazioak afrikarrei ekarritako sufrimenduak, independentzia osteko elite berrien inposaketak, horrek guztiak malinkeengan sortutako kultura- eta pentsamolde-gatazkak, islamaren eta sinesmen tradizionalen arteko talkak nahiz emakumeek sufritu beharreko izugarrikeriak (klitoriaren ablazioa, bortxaketa, antzutasuna, esplotazio ekonomikoa, gizonarekiko esklabotasun erabatekoa, senarra beste emazte batzuekin partekatu beharra…). Liburua irakurtzen bukatu nuenerako, damutzen hasia nintzen lehiaketan parte hartu izanaz. Irabaziz gero, lortuko ote nuen horiek guztiak Kouroumak frantsesez bezain maisuki kontatzea nik euskaraz?
Etorri da deliberoa: lehiaketa irabazi, eta orain liburua itzuli behar!
Eta etorri zen epaimahaiaren deliberoa: nik irabazi omen nuen. Eleberria itzultzen jarraitu behar, beraz! Zortzi bat hilabeteko epea nuen lan guztia egiteko. Nondik hasi? Idoia Santamaríak Ingeborg Bachmann idazle austriarraren Aldibereko liburuaren itzulpenaren inguruan idatzitako artikulua etorri zitzaidan burura. Itzulpen bati heldu aurretik, «ume begiluze apetatsu» baten moduan hasten omen da dokumentatzen, dena irakurri, prozesatu, inguratu, eskuratu nahian: «biografiak, idazlearen beste lanak, haren lanari buruzko azterketak, beste hizkuntza batzuetako itzulpenak, podcastak, filmak…» (Santamaría, 2020: 91). Hori omen da berarentzat itzulpen-prozesu ororen parterik atseginena (eta baita nolabaiteko aitzakia ere itzulpenaren arazo eta erronkei benetan heltzea geroratzeko). Fakultatean ere halako zerbait aholkatzen ziguten: liburu bat itzultzen hasi aurretik, ongi dokumentatu autorearen bizitzaz eta idazkeraz, liburua idatzi zeneko testuinguruaz, testuaren estiloaz eta abarrez. Ni, ordea, ipurtarinegia naiz horretarako; ez dut pazientziarik dokumentazio-lanetan «denbora galtzeko»; irrikatzen egoten naiz itzulpenean murgiltzeko, testuak jartzen dizkidan korapiloak askatzeko, harresiak eraisteko, erronkak gainditzeko. Arazo jakinek eramango naute gero bestelako lanak irakurtzera, soluzioak aurkitzen lagunduko didaten pistak bilatzera. Baina hasi, horrela hasi ohi naiz, bero-beroan, askorik pentsatu gabe. Hori bai: ahalegintzen naiz jatorrizko testuaren itzulpen bat edo beste bilatzen, ulertzen ditudan hizkuntzetan, beste itzultzaile batzuek arazo jakinen aurrean zer egin duten ikusteko. Kasu honetan, alemanezko (Kourouma, 1978), ingelesezko (Kourouma, 1981) eta gaztelaniazko (Kourouma, 1986) itzulpenak bilatu eta eskuratu nituen.1
Itzultzen hasi orduko, madarikazioka
Horrela heldu nion, bada, itzulpenari, zertan sartzen ari nintzen ondo jakin gabe. Eta berehala egin nuen behaztopa lehenengo harriarekin. Eleberriaren hasieran, Fama Doumbouya hileta- ospakizun batera doa, han banatuko diren limosna eta jakietatik ahalik eta gehien eskuratzeko esperantzan, baina berandu dabil, presaka doa, eta bidean aurkitzen duen guztiak amorrarazten du. Halako batean, hauxe oihukatzen du: «Bâtard de bâtardise ! Gnamokodé !» (Kourouma, 1995: 11). Argi dago madarikazio edo birao moduan botatzen dituela esapide horiek, baina ezin jakin azken hitz horrek zer esan nahi duen, argi baitago ez dela frantsesezko hitz bat. Hor hasi zen, beraz, nire lehenengo dokumentazio-bilaketa, ea norbaitek argitzen zidan zer esan nahi zuen. Eta, hitz horri tiraka, Carmen Alberdik (2019) liburu honi buruz idatzitako artikulu interesgarri bat topatu nuen. Alberdik ezin hobeki erakusten duenez, Kouroumak malinkera kutsuko frantsesa erabiltzen du eleberri honetan, ahozko transmisioan oinarritutako tradizio narratibo eta diskurtsiboan oinarritzen den ondare kultural bat islatzera bideratutako hizkera berri bat, 1960ko hamarkadako Afrikako beste hainbat idazle postkolonialek bezala. Hizkera hori, hortaz, bi aldiz hibridoa dela frogatzen du Alberdik: malinkeraz zipriztindutako frantsesa delako batetik, eta alde guztietatik ahozkotasuna darion hizkuntza idatzia delako bestetik.
Hain zuzen ere malinkerazko zipriztin horien adibide garbia dugu gorago aipatutako «Gnamokodé» hori. Liburuan zehar beste zenbaitetan egiten duen moduan, malinkerazko esapidearekin batera ematen du Kouroumak frantsesezko itzulpen literala edo hitzez hitzezko kalkoa. Kasu honetan: «Bâtard de bâtardise». Erraza zen malinkerazko esamoldea bere horretan uztea, baina nola euskaratu frantsesezko itzulpen literal hori? Kontuan hartuta behin eta berriro errepikatzen den esapidea dela, beti madarikazio moduan erabiltzen dela eta gainera malinkerazko ohiko birao bat dela, garrantzitsua iruditzen zitzaidan euskaraz halako arrotz kutsu bat izango zuen formularen bat erabiltzea. Hainbat buelta eman ondoren, «bastartkeria bastarta» hautatu nuen, euskaraz -keria atzizkiak duen kutsu gutxiesgarria baliatuta eta ikusita Egungo Euskararen Hiztegiak jasotzen duela bastartkeria hitza (Koldo Izagirrek Victor Hugoren testu bat frantsesetik euskaratzean erabilitako esaldi bat adibide moduan emanez), nahiz eta sasiko, sasikume eta sasikumetu ere erabili ditudan testuan zehar «bâtard» eta «abâtardissement» itzultzeko.
Honela geratu zitzaidan, beraz, eleberriaren hasierako pasarte horren itzulpena:2
Madarikazio, birao eta irainak ugariak dira testuan zehar. Laido goren moduan erabiltzen den «bâtard» horrekin batera, etengabe baliatzen dira «âne» (asto) eta «chien» (txakur) hitzak inor iraintzeko, hitz horiei «fils de» (‑kume) gehituta askotan. Itzulpenean, asto hitza baliatzeko modukoa iruditu zait, euskaraz ere erruz erabili izan direlako hitz horretatik eratorritako laidoak (astazakil, astapotro, astakilo…). Txakur hitzak ere izan dezake halako kutsu gutxiesgarri bat, txakurkeriak edo maltzurkeriak egiten dituena izendatzeko erabil baitaiteke, baina hor dago poliziaren esanahi kolokiala ere, eta, frantsesez «fils de chien» irain gisa ulertzen den arren, euskarazko txakurkumek ez du inolaz ere konnotazio bera. Hala, bada, asto eta haren eratorriak erabili ditut halakoak itzultzeko. Adibide batzuk:
Pasarte horietan susma daitekeen bezala, ahozkotasuna eta komikotasuna dira nagusi Kouroumaren testuan. Jorratutako gaiak gordinak eta lazgarriak izanagatik, deskribatzen dituen egoeren kritika satiriko eta umoretsua egiten du autoreak, hainbat estrategiaren bidez: harridurazko esaldiak, galdera erretorikoak, irakurleari zuzendutako keinuak, konparaketak eta metaforak, atsotitz tradizionalak, errepikapenak, arrunkeriak… Halakoak aztertu eta zerrendatu dituztenen lanak irakurtzea (Alberdi, 2019; Kodah, 2014; Van den Avenne, 2005; Kamgang, 2012; Moruwawon, 2010, besteak beste) oso baliagarria izan zait testuaren tonuaz, estiloaz eta egituraz hobeto jabetzeko eta itzulpena egitean erabaki zuzenagoak hartzeko. Ahozkotasun eta komikotasun horren erakusgarri, ezaugarri horietako batzuk aletuko ditut hurrengo ataletan.
Atsotitzak: deformatuak nahiz interes berekoien arabera baliatuak
Atsotitzak gizatalde batek arbasoengandik jasotzen dituen esaera zaharrak dira, egia zuhurren bat gordetzen dutenak eta errespetatu beharreko arau praktiko edo moralen bat adierazten dutenak. Kouroumaren liburuan, ordea, atsotitzak oso modu komikoan erabiltzen dira hasiera- hasieratik (Kodah, 2014: 19). Izan ere, pertsonaiek beren ezintasun, ahulezia, kontraesan edo helburu egozentrikoak zuritzeko erabiltzen dituzte atsotitzak, askotan nahieran egokituz eta deformatuz. Hala, beren benetako balio morala eta garrantzi soziokulturala galtzen dute, eta ironia eta umore handia eransten diote testuari.
Esate baterako, bada musulmanen artean ezaguna den atsotitz bat: Alak, zeruan bizi den artean, ez du inoiz musulman on bat goseak utziko, edo halako zerbait. Esaera horren irakaspen edo gomendioa, ziurrenik, honelako zerbait izango da: izan zaitez musulman ona, eta ez zara gosez hilko. Alabaina, Famak bere eskaletasuna justifikatzeko erabiltzen du atsotitz hori, hiletetan banatzen diren limosna eta mokadutxoetatik bizi beharra zuritzeko:
Beste adibide honetan, ez dirudi esaera zaharrak desitxuratuta daudenik. Alabaina, zer testuingurutan erabiltzen diren kontuan hartuta, ezbaian geratzen da haien balio morala. Izan ere, erregimen berriko presidente diktadore eta torturatzaileak bere ustezko gizatasuna eta barkaberatasuna erakusteko baliatzen ditu, atxilotu, torturatu eta kontzentrazio-esparruetan luzaz eduki dituen presoak askatuko dituela iragartzeko diskurtsoan:
Konparazioak: pertsonaiak animaliekin edo naturako elementuekin alderatuz barregarri uzteko estrategiak
Testuaren etengabeko tonu umoretsu hori lortzen laguntzen dute, era berean, konparazioek. Batzuetan pertsonaien ahaleginen alferrikakotasuna azpimarratzeko, beste batzuetan narratzaileak pertsonaia batekiko sentitzen duen antipatia adierazteko, baina behin eta berriro agertzen zaizkigu pertsonaiak animaliekin edo naturako elementuekin alderatuta. Hona hemen barregarrienetako batzuk:
Malinkeraren oihartzunak frantsesezko testuan: erreproduzitu ote daitezke xede-testuan?
Jadanik aipatua dut liburu hau ezaugarritzen duen hibridazio linguistikoa. Kouroumak nahita desitxuratu zuen frantsesa, bere testuan malinkeraren oihartzunak entzun zitezen. Kolonizatzaileek inposatutako hizkuntza menderatzaileari aurka egiteko bide bat zen, batetik, eta malinkeen mundu-ikuskera islatzeko estrategia bat, bestetik. Carmen Alberdik (2019: 178) erakusten duen moduan, bi modu nagusitan ematen dio Kouroumak kutsu malinke hori bere testuari: batetik, modu «ikusgai» batean, testuan malinkerazko hitzak zuzenean tartekatuz eta halako code-switching bat sortuz (hori litzateke lehenago aipatu dugun «Gnamokodé» horren kasua, non malinkerazko espresioaren aurretik frantsesezko itzulpen literala eskaintzen baita); gehienetan, ordea, modu «ikusgaitz» batean entzunarazten du malinkeraren doinua, frantsesa nolabait «malinkeratuz», frantsesez agramatikalak diren egiturak sortuz eta hala malinkeratiko zuzeneko kalkoak eginez. Eta horixe da testuak itzultzaileari ezartzen dion erronka handienetako bat: nola eraman beste hizkuntza batera malinkerara lerraturiko frantses hautsi hori? Xede-hizkuntza ere desitxuratuz, ala agramatikaltasun horiek guztiak saihestuz? Zenbat eta zenbat orri ez ote diren idatzi itzulpen postkolonialaren auzi korapilatsu honen inguruan. Foreignization delako korrontearen aldekoek argudiatu izan dute testuaren arroztasun hori nolabait mantendu behar dela xede-testuan, bestela isilarazi egiten dela autoreak bere testuan entzunarazi nahi zuen hizkuntza isildu, azpiratu, kolonizatu eta gutxietsia. Kontua da nola erreproduzitu frantses hizkuntzak malinkeen ahotan jasaten dituen deformazioak euskarazko testu batean, kontuan hartuta, gainera, euskara ez dela hain justu frantsesaren pareko hizkuntza hegemoniko, kolonial eta indartsu bat. Malinkekada asko berdindu-edo egin behar izan ditut, xede- testuaren irakurgarritasunaren alde. Esate baterako, Kamgangek (2012: 127) aipatzen duen «substantiboen adjektibo-erabilera» ezin izan dut modu berean agerrarazi euskarazko xede- testuan, frantsesak eta euskarak ez dutelako berdin funtzionatzen izen-sintagmen eraketan. Beheko adibideen artetik, bigarrena da jatorrizkotik gertuen dagoena, hitz-elkarketari esker bere horretan geratu delako «harmattan» substantiboa, baina euskaraz hitz-elkarketak egiteko modu hori arrunta da guztiz, eta ez du sorburu-testuan duen kutsu arrotz hori inolaz ere iradokitzen. Beste hiru adibideetan, berriz, zerbait gehitu behar izan diot substantibo hutsari:
Kamgangek aipatzen dituen frantsesaren beste hainbat erabilera oker edo behartu ere ezin izan ditut erreproduzitu euskarazko testuan (adjektiboen adberbio-erabilera, partizipioen substantibazio ezohikoa, objektu zuzenik gabeko perpaus trantsitiboak…), dela euskaraz guztiz arrotz, oker edo are ulergaitz geratuko ziratekeelako, dela aitzitik euskaraz formula arrunt- arruntak direlako, malinkeraz bezala. Adibide hauetan, esaterako, frantsesez arrotza gertatzen da partizipioa substantibo moduan erabiltzea. Ez, ordea, euskaraz:
Zenbait kasutan, baina, ausartu naiz euskararen egitura edo erabilera arrunta nolabait bortxatzera xede-testua malinkeraren doinu horrekin bustitzeko. Kouroumak behin baino gehiagotan kalkatzen du malinkeratik aditz intrantsitiboen erabilera trantsitiboa. Alegia, frantsesez modu intrantsitiboan erabiltzen diren aditz batzuei objektu zuzena erantsiz, frantsesez arrotzak edo are agramatikalak diren esapideak sortzen ditu. Euskaraz ere antzeko kutsu arrotza sortzen zutenez, eta testuan behin eta berriz errepikatzen zirela ikusita, honela itzuli ditut eseri eta makurtu aditz intrantsitiboekin osatutako perpausak:
Azkenik, bada behin eta berriz errepikatzen den beste esapide bat, kultura malinkean hain garrantzitsua den ohitura bat deskribatzen duenez bere horretan itzuli nahi izan dudana, frantsesez eta euskaraz nahiko arrotz geratzen den arren: «tuer des sacrifices», hau da, sakrifizioak hil. Sakrifizio bat, frantsesez nahiz euskaraz, jainkotzat hartzen den izaki bati gurtza gisa egiten zaion eskaintza da. Eskaintza hori egiteko, askotan, animalia bat sakrifikatu edo hiltzen da, baina hiltzen dena animalia da, ez sakrifizioa. Baina, badirudienez malinkeraz jainkoei eskaintzeko hiltzen den animalia izendatzeko ere erabiltzen dela sakrifizio kontzeptua, euskaraz ere halaxe itzultzea erabaki dut, esapidearekin behin eta berriz topo egitearen poderioz irakurlea egitura malinke horretara ohituko delako esperantzan. Hona hemen adibide batzuk:
Fini, akabo!
Orriak eta orriak bete nitzake halako beste hamaika konturekin, baina aski izan bitez adibide horiek malinkerazko zipriztinak euskarazko testuan txertatzeko egin ditudan ahalegin (ez beti arrakastatsuen) erakusgarri gisa. Nonbait bukatu behar, eta hementxe finitu edo akabatuko dut nik ere, malinkeraz hain esanahi berezia omen duen hitz horrekin, Kouroumak malinkerazko zentzuan erabiltzen baitu frantsesezko «finir» aditza, bukatu zentzuan ez ezik, baita akabatu edo hil esanahiarekin ere. Akaba dadila behingoz, beraz, azterketa linguistiko hau, baina bizi dadila luzaz Kouroumaren obra ederra!
Bibliografia
Alberdi, Carmen (2019): «Les soleils des indépendances. Hybridation et défis traductologiques», RECIT - Revue des Enseignants et Chercheurs en Interprétariat et Traductologie 1 (Actes du Colloque International Traduire l’Afrique), 169.-189. or.
Kamgang, Emmanuel (2012): Discours postcolonial et traduction de la littérature africaine subsaharienne après les années soixante [doktore-tesia], Université d’Ottawa.
Kodah, Mawuloe Koffi (2014): «Réflexions critiques sur le comique d’expression langagière dans Les Soleils des Indépendances et Allah n’est pas obligé d’Ahmadou Kourouma», International Journal of Humanities and Social Science Invention 3 (6), 12.-26. or.
Kourouma, Ahmadou, in Badday Moncef S. (1970): «Ahmadou Kourouma, écrivain africain», L’Afrique littéraire et artistique 10, 2.-8. or.
——— (1978): Der Fürst von Horodougou [Horst Lothar Teweleit itz.], Berlin: Rütten und Loening.
——— (1981): The Suns of Independence [Adrian Adams itz.], New York: Africana Publishing Co.
——— (1986): Los soles de las independencias [Fernando Santos itz.], Madril: Alfaguara.
——— (1995): Les soleils des indépendances, Paris: Éditions du Seuil.
——— (2023): Independentzien eguzkiak [Aiora Jaka itz.], Donostia: Erein & Igela.
Moruwawon, Babatunde Samuel (2010). «Analysis of Adrian Adams’ French Translation of Les soleils des indépendances into English», İstanbul Üniversitesi Çeviribilim Dergisi 1(2).
Santamaría, Idoia (2020): «Klagenfurtetik Vienara, Ingeborg Bachmann gidari: Aldiberekoren itzulpena», Senez 51, 91.-122. or.
Sarriugarte, Danele (2022): «Beruna eta hegoak: Waldenen itzulpenetik sigi-sagan abiatutako gogoeta pertsonala», Senez 53, 75.-80. or.
Van Den Avenne, Cécile (2005): «Passer d’un monde à l’autre, d’une langue à l’autre – Lecture de deux incipits d’Ahmadou Kourouma», in Mochet M.A., Barbot M.J., Castellotti V., Chiss J.L., Develotte C., Moore D. (arg.) Plurilinguisme et apprentissage: Mélanges Daniel COSTE, Paris: École normale supérieure.
Oharrak
1. Ingelesezko bertsioa lagungarria izan zait pasarte askotan. Irakurri dudanez, Adrian Adams itzultzaile eskoziarrak Boli Kostan igaro zituen bere bizitzako azken hogeita bost urteak, eta gertu-gertutik ezagutu zituen bai malinkeak, bai haien kultura eta hizkuntza. Ziurrenik horri esker, jatorrizkoan arrotz samarrak gerta litezkeen esaldiak oso modu ulergarrian itzultzen ditu ingelesera, nahiz agian horrek testuaren berezko arroztasuna dezente leundu. Alemanezko itzulpenak ere balio izan dit itzultzeko zailak ziren pasarte batzuen konponbidea aurkitzen. Ez, ordea, gaztelaniazkoak: jatorrizkoa oso ongi ulertu gabe eginiko itzulpena iruditu zait, askotan sorburu-testuan esaten denaren aurkako zentzua ematen baitu xede-testuak. Gerora jakin dut badela gaztelaniazko beste bertsio berriago bat, 2005ekoa, Mireia Porta i Arnau itzultzailearena. Argitalpen-datagatik soilik (Interneten aroan itzulia da, aurrekoak ez bezala), hobea izan behar du, nahiz eta adiskideren batek esan didan ez zaiola oso ona iruditu.
2. Artikuluan aipatzen diren pasarteetan beltzez ageri diren hitzak neronek nabarmenduak dira.