'Heptamerona' euskaratzeko egitasmoa
Xabier Artola Zubillaga, Ines Castiella Imaz, Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà eta Fito Rodriguez

Nafarroako erregina Margarita (Marguerite d'Angoulême) Errenazimentuaren historiako elementu funtsezkoa da literaturaren historian, haren idazlanen kalitateagatik eta zabalkundearengatik ez ezik, baita haien ikuspegi modernoagatik ere. Haren obra nagusia, 'Heptamerona', euskaratu gabe zegoela ikusirik, auzolanean egitekoa zen proiektu bat abiatu zen 2020an, COVID itxialdi betean, obra euskarara ekartzeko. Artikulu honetan, proiektuaren nondik norakoak eman ditugu: nola sortu zen, nor ari den horretan lanean, zer eta nola egin den orain arte egindakoa, eta zer asmo dagoen epe labur-ertain batean proiektua burutu eta lana argitaratzeko. Ez dugu, beraz, itzulpenaren alde teknikotik xehetasun asko eman (horretaz ere zerbait aipatuko dugun arren); aitzitik, proiektuaren beraren deskribapena izan dugu ardatz oraingoan, eta lana bukatutakoan izango dugu aukera itzulpen lan honen erronka alderdi teknikoago batetik lantzeko.

Nafarroako Margarita erreginak XVI. mendean eskribitu Heptamerona euskararat ekartzeko egitasmoaren berri eman nahi genuke izkribu honetan. Heptameronean kontatzen da nola, Zarrantzako —Pirinioetako herri tipi bat, Aspeko haranean— monasterio batean suertatu ziren hamar noble, bortz dama eta bortz zaldun, uholde handi baten kariaz etxeratu ezinik geldituak baitziren; eta, ibaia zeharkatzeko zubia noiz eraikiko zeudela, istorioak kontatzen hasi zirela. Artikulu hau eskribitzeko, berriz, bi dama eta —zaldirik gabeko— bi zaldun bildu gara: Ines eta Itziar, Fito eta Xabier, Zarrantza birtualean oraingoan. Egitekoa zertan den azaldu nahi genuke, bada, txandan- txandan. Fito hasiko da kontari, hark ukan baitzuen, 2020ko COVID itxialdian ginela, Heptamerona euskaratu «beharra» zegoelako ideia, eta hura hasi baitzen higitzen ideia hura gauzatzeko ahaleginean.

* * *

Ene txanda denez, egitasmo zoro hau nola sortu zen kontatzen hasiko natzaizue. Gero, Heptamerona obraz beraz arituko naiz, labur-labur, sortu zen inguru-garaietan kokatuz, eta entseatuko naiz azpimarratzera halako lan bat euskaraz ere irakurri ahal ukaiteak dukeen munta eta garrantzia. Finitzeko, proiektuaren lehen urratsen nondik norakoa azaldu, eta Xabierri emanen diot hitza.

Nafarroako Margarita erreginak idatzitako istorio bilduma: euskaratuko dugu?

COVIDaren aurretiko garaian, Aritz Brantonek deitu zigun Josu Zabaletari eta bioi, Booktegin haur literaturako eskaintza bat egiten hasi nahi zuela eta. Hirurok bat gentozen: literaturaz zaletzeko Aritzek koordinatzen duen plataforma literarioan hasiera on bat izango litzateke ipuin klasikoak euskarara egokitzea eta entzuteko eskaintzea, edo, besterik gabe, norberak irakurtzeko moduan ematea, nahi izanez gero. Horrela sortu zen Booktegin Eguzkilore saila, non latinetik, grezieratik, frantsesetik edo errusieratik euskarara ekarritako —eta Oihana Maritorenak 2020tik aurrera kontatutako— egile klasikoen istorio txikiak argitaratu baitziren Irrimarrak ilustratutako eszenatoki batean. Ondoren, euskaratik bertatik egindako sorkuntza literarioa aukeratuz, Yolanda Arrietak idatzitako hileroko ekarpenek ordezkatu zituzten hasierako klasikoak, orain arte.

Uste dut hiruron arteko bilera haietan adierazi zuela Josuk bere aspaldiko ametsa; Giovanni Bocaccioren Dekamerona euskarara ekarri beharra, alegia. Nik, berriz, halako lan mardula egitekotan, Nafarroako Margaritaren Heptamerona itzultzeari ekin behar geniola hausnartu nuen, eta halaxe esan nion Aritzi. Bistan da Dekameronaren munta ez dela zalantzan jarri behar; esan daiteke egungo literaturaren aitzindaria izan dela eta, goian aipatu ipuinen auzian bezala, oinarri klasikoa ere behar dugula gure kulturan eta, jakina, hura euskaraz ere irakurri ahal izatea onuragarria litzatekeela, noski. Idazkera erlijiosotik kanpo garatutako idazkuntza berri bat posible zela erakutsi zuen Bocacciok bere obrarekin, eta arrakasta handiz zabaldua eta irakurria izan zen. Orduko gaiak —boterea, sexu harremanak eta abar— modu berri bezain satiriko eta umoretsuan landu zituen, eta, finean, gure europar kulturaren oinarria den Errenaisantzaren izpiritua sortu zen hala.

Dena den, L’Heptaméron liburu zaharrak dei egiten zidan nire idazkera espazioaren inguruko apalategietatik. Círculo de Lectores argitaletxeak Josefina Martínez Gastoyren itzulpena argitaratu zuen 1970ean, Munoaren marrazki interesgarriak eta guzti. Liburua nire eskuetara heldu zenetik, nire alboan ibili da mudantzaz mudantza leku berrien bila ibili naizen guztietan, eta, beraz, liburuak bere gertuko abandonutik begiratzen zidan, erruki eske. Izan ere, alde batetik ironiaz eta, bestetik, kultura handiz azaldurik daude liburuan kontatzen dizkiguten gai denak. Hasieran —liburu bakar batean argitaratu zelarik, 1558an—, 67 eleberri besterik ez ziren eta, ustez, anonimoa zen testua; baina, handik urtebetera, Margarita Nafarroakoak sinaturiko liburu gisa kaleratu zen, eta 72 istorio ziren guztira. Testuaren gaia maitasuna da: erromantzeak, desleialtasunak, engainuak edo isekak, lizunkeria, eta apaiz eta fraideen haragikeriari egindako kritika gogorrak agertzen dira, hizkuntza literario modernoaren hastapena izanik. Hori, gainera, gure Errenaisantzan izan zen, erreformazaleen eta katolikoen arteko Nafarroan. Orduko frantsesez idatzi zuen Margaritak, baina, erabilitako hizkuntza frantsesa izanik ere, ezin esan hizkuntza horren sehaskatzat jo izan den Tourseko eta Angulemako frantsesa denik; aitzitik, Pirinio ondoan erabili ohi zen hizkera erabili zuen, okzitanieraren eragin handia zuena (L’Heptaméron jatorrizkoan nabaria da oso), eta amodiozko literatura arloan askoz aberatsagoa (Proventzako literaturari esker). Beraz, gure egitasmoaren helburu bilakatu zitzaigun liburua euskarari ekartzea. Aritzi adierazi nion, eta, Internet bidez, Frantziako Liburutegi Nazionalean hasi nintzen peskizan. Berehala aurkitu nituen jatorrizko bertsioaren aldaera batzuk, eta erabakitakoaren neurriaz jabetzen hasi nintzen.

Zorionez edo zoritxarrez, konfinamendu sasoia gailendu zitzaigun, eta, hori dela eta, L’Heptaméron euskarara ekartzeko deliberoa indartu zitzaidan. Zeren eta, duela ia bost mende zazpi eguneko itxialdi bat zela-eta Margarita Nafarroakoak idatziriko 72 nobela haiek, gu bizitzen ari ginen moduko konfinamendu bat zuten aipu.

Errenaisantzan, hiria zen kultura berriaren ernagune, baina, egun, aldiz, «kontzentrazio esparrua –eta ez hiria– izan ohi da gaur egungo Mendebaldeko paradigma biopolitikoa», idatzi zuen duela bi hamarkada eta erdi Giorgio Agamben filosofo italiarrak. Haren ustez, kontzentrazio esparrua modernitatearen funtsezko gertaera bat da, eta hortik aurrera ez dago «politika klasikora itzultzeko aukerarik». Isolamendutik sortutako literatura aipatu paradigma hori ulertarazteko baliagarria delakoan, Heptamerona gurera ekartzeko gogo handiagoa piztu zitzaidan.

Beraz, argi neukan itzulpenari ekiteko erabakia, eta Aritzek ere Booktegiren bidez argitalpenari laguntzeko aukera ikusten zuen. Konfinamenduak horretarako behar nuen astia eman zidan, baina, lanari ekin nionean, proiektuaren handitasunaz —eta norbait konbentzitzeko lan nekezaz— jabeturik, horretan lagunduko zidan konplizearen bila hasi nintzen.

Nik zenbait itzulpen eginak nituen frantsesetik (Rousseau, Proust, poesia surrealista…), eta, beraz, hizkuntza ezagutzen zuen eta arlo horretan esperientzia zeukan beste norbait bilatzen nuen. Berehala etorri zitzaidan burura Xabier, bere garaian jakin bainuen nolako urratsak egin zituen Duras-en La douleur (1985) frantsesetik euskarara itzultzeko; bestalde, gertuko laguna denez, berarekin kolaboratzeko aukera izango nuela uste nuen. Denborak erakutsi du, lankidetza ez ezik, azkenean berak hartu duela bere esku lan guztia, eta amaierara arte bideratuko duela.

XVI. mendeko obra klasiko bat euskaratzearen interesa

Hala eta guztiz ere, batek esandakoa etortzen zait denbora guztian akordura: zertarako itzuli horrelako testu zahar bat? Nork irakurriko du hori gaur egun? Literatura klasikoa gaur egungo irakurlearengana itzultzeko edo/eta harengana hurbiltzeko egokitasuna, egia esan, oso gai landua da idazle, itzultzaile eta argitaldarien artean; izan ere, bere garaian abangoardia izan ziren testu horiek sorkuntza berriak kulturalki kokatzeko eredu dira, eta, beraz, irakurtzeko eta idazteko estilo eredu.

Gogora ekarri behar dugu Silvia Queriniren bereizketa ospetsua, koiunturazko literatura arrakastatsuen eta klasikoen arteko aldea azaltzen duena. Lehenengoek bizitza oso bizia baina laburra dute; besteak, aldiz, urteen buruan ere irakurtzen dira, oztopo geografikoak ez ezik gainditzen zailenak diren denborazkoak ere garaituz, azkenik klasiko bihurtu arte. Gorago esan bezala, bada, eta euskal literaturak ere idazteko ereduak behar dituelakoan, honako lan honi ekin behar geniola deliberatu genuen.

Egitasmoaren sorrera eta lehen urratsak

Xabierrek eta biok itzuli genituen Aitzinsolasa eta Lehen Eguna (Heptamerona egunka antolatua dago). Bukatu genuenean, crowdfunding kanpaina bat antolatu zuen Booktegik, eta liburuaren argitalpen digitala, paperezkoa eta Aitzinsolasaren eta Lehen Eguneko istorioen audioak bideratu zituen; Booktegiren webgunean dago orain arte argitaratutako guztia (ikus bibliografia). Dena den, berehala jabetu nintzen ezin nuela bide horretan segitu: konfinamenduaren bukaerarekin bat, aurretik nituen beste zenbait konpromiso etorri zitzaizkidan deika berriro, eta itzulpen lana Xabierren esku geratu zen.

Ekimena gizarteratzeko bidean, berriz, lanean jarraitu nuen, eta, besteak beste, Josu Jimenez Maia nafar poetaren eta Inesen laguntzaz, Nafar Ateneoa egitasmora bildu zen; Margarita Nafarroako erregina izaki, Ateneokoei oso interesgarria iruditu zitzaien proiektuan parte hartzea. Beste alde batetik, Itziar itzulpenen gainbegiratze lanari lotu zitzaion.

Eta honaino ene atala. Orain, Heptameroneko pertsonaiek beren istorioak buruturikoan egin ohi duten gisan, hurrengoari emanen diot hitza —Xabierri, hain zuzen—, itzulpen prozesuaren ingurukoak xeha diezazkigun.

* * *

Ene aldia denez, Fitok erranei jarraituz, itzulpena bera talde lan gisa nola planteatu genuen azaldu eta lan egiteko ezarri metodologia eta irizpideak zertan diren deskribatuko dut. Finitzeko, gainbegiratze lanaz hitz zenbait erran, itzulpena aitzinatu ahala egiten ari garen jendaurreko irakurraldiak aipatu, eta Bearnon zehar «egilearen xerka» eginiko bidaiaren berri emanen dut.

Itzulpen prozesua

Talde lana

Esan bezala, lan hau euskaratzeari ekin genionean, berehala ikusi genuen itzultzaile bakar batentzat lan handi samarra zela, eta, horregatik, auzolan gisa planteatu nahi izan genuen hasiera- hasieratik. Aitzinsolasa eta Lehen Eguna Fito eta bion artean euskaratuko genituen aurrena, eta, gero, proiektua ezagutzera emandakoan, jende gehiago hurbilduko zen eta parte hartuko zuen itzultze lanean. Hori zen, bada, hasierako planteamendua.

Itxialdian gauzatzen hasitako itzulpen proiektu hura ezagutzera eman zen, eta, Booktegiren eta Nafar Ateneoaren parte hartzeari esker, esan daiteke martxan dagoen egitasmo sendo bat dela egun, non, itzultzaileez gain, beste hainbat lagunek ere parte hartzen duten era batean edo bestean.

Artikuluan, aurrerago emango dugu xeheago itzulpen prozesuan orain arte eta etorkizun laburrean egin eta egingo dugunaren berri.

Irizpideak eta aurrekariak

XVI. mendeko literatura lan bat XXI. mendean itzultzen hasteak baditu bere koskak. Hasteko, norentzat egingo dugu itzulpena? Egungo irakurlearentzat, bistan da. Eta zer tonu emango diogu testuari, nola lortuko dugu testuari darion klasikotasun horretaz janztea gure itzulpena? Edo ez genuke horretan saiatu behar, ez da halakorik egin behar? Halako gogoetak eta zalantzak erabili genituen hasiera batean, Heptamerona euskaratzeko abentura honi ekin genionean.

Honi buruz itzulpenaren teoriek zer dioten ez jakitun, bi gauza behintzat argi samar-edo izan genituen hasiera hartan: 1) testuak egungo irakurleari begira egindakoa izan behar zuen, egungo irakurleak ulertu eta gozatzeko modukoa; eta 2) aldi berean, iruditzen zitzaigun ahalegindu behar genuela obra idatzi zen garaiko euskal klasikoen nolabaiteko oihartzuna ekarriko zuen testua moldatzen.

Eta, bi premisa horiek bete nahian, erabaki batzuk hartu genituen: 1) testua euskara batuaz idatziko genuen, noski; eta, esan gabe doa, lexikoari dagokionez, batutzat hartzen dugu Euskaltzaindiaren Hiztegian sarrera den oro, marka dialektalak eta egungo euskara estandarrerako egindako hobespenak gorabehera; eta 2) XVI.-XVII. mendeetako euskal klasikoen lexiko, esamolde eta joskeretara hurbiltzen saiatuko ginen, egungo irakurlearenganaino ekarriz testu haien urrin-zaporeak; hori lortzeko, argi genuen ekialdeko euskalkien lexiko-joskeren nagusitasuna antzeman behar zitzaiola testuari, eta horretan ahalegintzea erabaki genuen.

Joan den abuztuan El Correon argitaratu artikulu batean (López de Arana, 2022; ikus esteka bibliografian), gure bi urte lehenagoko galdera hori bera egin zion bere buruari egileak, irakurle eta lagun balizko baten ahotan jarriz:

Baina, eta horretara dator gaiari berriko heltzea, nire esanak irakurtzen dituen irakurle eta lagun bakarrenetariko batek, koska bat estuago eginez, erronka bota zidan: «Ondo dago behin eta berriro esaten zabiltzan hori guztia, baina, testu klasiko/zahar bat euskaratzen denean, nola ematen zaio itzulpenari jatorrizkoaren klasiko/zahar kutsua?».

Aurrerago, galdezka jarraitzen du:

Alegia, jo dezagun XVI. mendeko idazlan bat itzuli behar dugula. Kasu horretan, berritu beharko genuke XVI. mendeko irakurlearen harrera (zeinarentzat idatzi baitzen idazlana)? Edo gaur eguneko irakurleak testu jakin hartaz duen zahar/klasiko pertzepziora ekarri beharko genuke itzulpena?

Eta honela erantzuten die gure kasuan ere hain egoki eta garrantzitsuak diren bi galderoi, «Itxuraz aurkakoak diren bi norabide lotuz» izenburupean:

Lehen kasuan, irakurketa garaikide baten aurrean geundeke, eta beraz gaur eguneko testua balitz bezala itzuli beharko litzateke, beharbada garaiko kontu berezi eta arrotz asko nola edo hala egokituz.

Bigarren kasuan, berriz, baliabideren bat bilatu beharko litzateke irakurleak klasikotasunaren hautsa sumatu ahal izateko. Zer baliabide, ordea? Pablo Ingberg argentinar itzultzaileak oso gogoeta interesgarria egiten du gai honetaz, nolabait bi bideak uztartuz, George Steiner itzulpen- teorialariak After Babel saiakeran esandako hitz hauek oinarri hartuta: «Itzulpen bikainek etxekotu egiten dute kanpoko obra jatorrizkoa, distantzia linguistiko-geografiko nabarmenaren ordez denbora-distantzia sotil eta barneratua ezarriz». Hala, Ingberg-en arabera, «lotu egiten dira bi norabide itxuraz aurkakoak: irakurlea denboran idazlearengana eramatea, historizatzea; idazlea espazioan irakurlearengana ekartzea da, etxekotzea». Eta hori lortzeko, Steiner-ek berak iradokitzen zuen bezala, itzulpena arkaismo-dosi doi batez janztea izan daiteke bidea.

Euskal itzulpengintzaren talaiatik begira jarriz, berriz, honela dio López de Aranak:

Gaia euskal itzulpengintzara ekarriz, badirudi Steiner-ek proposatutako bide hori ez dela gehiegi jorratu eta, aldiz, lehen bidearen alde egin dela. Balirudike arkaismo dosi hori toki berera daramaten bi bidetatik etor litekeela, teorian behintzat: euskalkiarenetik eta klasikotasunarenetik. Bien topalekua, beharbada, «lapurtera klasikoa» litzateke, itzultzaile bakoitzaren era eta neurrira erabilia. Gabriel Arestik hala jokatu zuen hainbat itzulpenetan, eta beste hainbeste egin du Jean Baptiste Orpustanek Aro galduaren bila Marcel Proust-en obraren itzulpenean, besteak beste. Ez da izan, ordea, joera nagusi bat. Esaterako, Literatura Unibertsala bildumako testu zaharrenen itzulpenetan hizkera eta sintaxi nolabait «jasoak» baliatu dira, baina ez hurbilagoko testuetan baino gehiago, esan bezala testu garaikideak balira bezala irakurriak izateko. Hortxe daude, adibidez, Urrezko astoa, Hamlet, Hautapen ahaidetasunak, Persiar gutunak, Gulliverren bidaiak, Hau ez da ipuina edo Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar, zaharrenetariko batzuk aipatzearren. Hala gauzak, esango dit lagunak erantzun diodan edo ez.

Bada, nolabait, Heptameronaren itzulpenean, aipatu bide bikoitz horretatik jo nahi izan dugu. Ezin pozago geundeke, noski, itzulpen honekin George Steinerrek aipatzen duen «kanpoko obra jatorrizkoa etxekotzea» lortuko bagenu, «distantzia linguistiko-geografiko nabarmenaren ordez denbora-distantzia sotil eta barneratua ezarriz»; eta, orobat, Ingbergen «bi norabide itxuraz aurkakoak» lotu, eta «irakurlea denboran idazlearengana» eraman eta «idazlea espazioan irakurlearengana ekartzea» erdietsiko bagenu.

Aipatu bide horretan, makulu ditugu denborarekin ezinbesteko bihurtu zaizkigun bi tresna.

Batetik, etengabe aldatuz eta hobetuz doan irizpide dokumentu bat, itzultzen ari garela itsasargi duguna denbora guztian: dokumentu horrek gidatzen gaitu, eta aholkatzen, lexikoaren aldetik, esaterako, amaiera eta amaitu erabili ordez erabil ditzagun azken, fin, hondar, bukatu edo finitu; edo egingo, esango-ren ordez eginen, erranen; edo hemen berean, gaur berean, orain berean erabiltzeko, eta ez hemen bertan, gaur bertan, orain bertan. Horrelakoak ditugu bilduak irizpideen dokumentuan; esan beharrik ez dago dokumentua erabat dinamikoa dela, itzulpenarekin batera etengabe eraldatuz eta eguneratuz doana.

Bestetik, berariaz egindako programa informatiko xume batek (MS Word-en makroen lengoaian idatzitako programatxo bat besterik ez da, HitzSusmagarriakMarkatu izenekoa) salatzen dizkigu, lexikoari dagokionez, batik bat, gure irizpide horietatik urruntzen diren hautuak: adibidez, programak kolore desberdinen bidez nabarmenduko dizkigu gure dokumentuan «susmagarriak» diren hitz hasierak (adina-, adore-, agind-, amaier-, amait-, andre-, asko-…), hitz amaierak (-ita, -nda, -ngo, -ota, -tearren, -tzearren, -uta…) edo hitz zatiak (-beste-, -bost-, -etako-, -itako-, -rentza-…); edo baita hitzak beren osotasunean ere, zenbait kasutan (baino, berriro, bitartean, dagoeneko, datorren, edota…). Hartara, itzultzen ari garela oharkabean «ihes egindako» gure (mendebaldekoon) euskalkietako hitz asko eta asko «harrapatzeko eta zuzentzeko» aukera ematen digu tresna horrek.

Bukatzeko, aipatu nahi nuke lehendik ere izan direla gure artean Heptamerona euskaratzeko zenbait saio, obra osoa itzultzeko ahaleginik egin ez bada ere, guk dakigula behintzat. Toribio Etxebarriak eman zuen, Ibiltarixanak liburuaren amaieran (1967), zenbait istorioren itzulpena, Eibarko euskaran (Egan aldizkariaren 42., 43. eta 44. zenbakietan ere argitaratu zituen batzuk). Andima Ibiñagabeitiak eta Jean-Baptiste Orpustan ohorezko euskaltzainak ere itzuliak dituzte, antza, zenbait ipuin euskarara.1 Jakes Lafittek (2023) ere baditu zenbait pasarte euskaraturik, Maiatz aldizkarian.

Bestalde, Ixabel Etxeberriak (2023) Margarita erreginaren zenbait antzezlan eta gutun euskaratu ditu, iazko abenduan argitara emandako liburuan. Eta, Heptamerona ez baizik eta Dekamerona bada ere, ezin aipatu gabe utzi Arestiren Dekamerone tipi bat (1979), non Boccaccioren obrako 100 istorioetatik 15 euskaratu baitzituen; izan ere, itzulpen horretan Arestik egindako hizkuntza eta estilo hautuek —lapurtera klasikoa erabili zuen— badute, nola ez, zerikusirik guk itzulpen hau egiteko hartu ditugunekin.2

Metodologia

Lana ordenagailuan egin nahi genuenez, jatorrizkoaren (jatorrizko bertsio baten) bertsio digital bat behar genuen, noski, CAT plataforma batean kargatzeko: Fitok eskuratu zuen, Wikisource-tik.3 Gero, espainolezko bertsio digital bat lortu nuen nik (Margarita de Valois, 1542), gorago aipatutako Círculo de Lectores-ek 1970eko hamarkadan argitaratu zuen hartan oinarritua, eta bai ingelesezko bat ere, Project Gutenberg-etik.4 Paperezko zenbait bertsio ere badarabiltzagu esku artean, noski (ikus bibliografia), eta, haien artean, hainbat eta hainbat oin ohar interesgarriz josiak dauden bi edizio kritiko nabarmenduko nituzke: Gisèle Mathieu- Castellani-rena eta Nicole Cazauran-ena. Gaur egungo argitalpen gehienak XIX. mendean egindakoetan oinarritzen dira (A. Le Roux de Lincy, 1853-1854; A. Le Roux de Lincy & Anatole de Montaiglon, 1880), zeinetan eskuizkriburik osatuena-edo dena (ms. fr. 1512 delakoa) transkribatu baitzuten; guk itzulpen honetarako testu kanonikotzat hartu duguna Mathieu- Castellanirena da (Le Roux de Lincyren edizio zuzendua da, eta Wikisourcetik eskuratua dugun testu digitalarekin ia guztiz bat dator).

Esan beharra dago gaztelaniazko eta ingelesezko itzulpenak oso desberdinak direla. Gaztelaniazkoak estuago lotzen zaizkio jatorrizkoari (ez dira alferrik hurbilagoak espainiera eta frantsesa!), hitzez hitz ia; ingelesezkoa, berriz, libreagoa dela esan daiteke. Baina baita zuzenagoa ere edukiari dagokionez, makina bat kasutan egiaztatu ahal izan dudanez: nire iritziz, interpretazio zalantzen aurrean jarraitu beharreko bidea argia da, ingelesezkoak hartutakoa baita sinesgarriena ia beti.

Hasiera-hasieratik kargatu genituen, bada, Aitzinsolasaren eta Lehen Egunaren jatorrizko testuak Matecat-en, online CAT plataforma doako eta software irekikoan (ikus bibliografia). Uste dugu literatura itzultzeko ere erabilgarriak direla itzulpen memorietan oinarritzen diren tresnok, nahiz eta ez diren beste mota bateko testuen kasuan bezain baliagarriak; itzulpena antolatzeko orduan laguntza handia ematen dute; izan ere, jatorrizko testua segmentuka aurkeztea edo liburutik pantailara edo pantailako leiho batetik bestera begira ibili behar ez izatea bera lagungarria da oso, testu zati bat ustekabean itzuli gabe ez dela geratzen bermatzeko besterik ez bada ere. Eta, nire iritziz garrantzitsuena dena, CAT plataforma hori izango delako, azken finean, testu itzuliaren egungo bertsioa, eguneratuena, gordetzeko lekua: leku bakarra, non egingo baititugu beti egin beharreko aldaketa eta zuzenketak, eta, hala, hura izango da beti gure itzulpenaren egoeraren berri fidela emango diguna.

Gerora, eta Matecatek dituen arazo batzuk direla eta (esaterako, ez du aukerarik eskaintzen bi segmentu edo gehiago bakar batean biltzeko, eta funtzionalitate hori oso interesgarria suertatzen da batzuetan), testua Wordfast Anywhere-n kargatu genuen (WFA),5 eta tresna hori erabili dugu handik aurrera.

Gorago esan dugunez, itzulpen prozesua, liburua bezala, egunka antolatu dugu. Egun —atal— bat itzultzeko, honako prozedura honi lotzen gatzaizkio:

  1. Frantsesezko testuari formatu egokia ematen diogu, MS Word dokumentu batean, zeinetan, paragrafo egiturari dagokionez, Mathieu-Castellani-ren edizioari jarraitzen baitiogu. Elkarrizketak —istorioen barnekoak zein istorioen amaierako eztabaidetakoak— puntuatzeko, aldiz, Josu Zabaletak proposatutako bide modernoagoari heldu diogu, aipatutako bi kasu horiek puntuazio bidez bereiziz.
  2. Word dokumentua WFAn kargatzen dugu.
  3. Testua euskaratzen dugu, irizpideen dokumentuan ezarria duguna betez. Itzulpena burutu eta gero WFAtik lortzen dugun euskarazko testuak hasieran eman diogun formatua errespetatzen du.
  4. Goian aipatutako makroa (HitzSusmagarriakMarkatu) aplikatzen diogu testuari, eta zuzendu beharrekoak zuzentzen ditugu.
  5. Inprimatu, eta gainbegiratzaileari bidaltzen diogu, oharrak egin ditzan.
  6. Azken zuzenketak egiten ditugu.

Aipa ditzagun, amaitzeko, itzulpen prozesuan lagungarri ditugun hiztegi, corpus eta abarrak.

Hiztegiekin hasita, Euskaltzaindiaren Hiztegia eta Orotariko Euskal Hiztegia baliatzen ari gara; azken horretan hitzen literatura tradizioari buruz ematen diren argibideak funtsezkoak zaizkigu, noski, itzulpenean egiten ari garen lexiko hautuak egiteko; UZEIren Sinonimoen Hiztegia ere oso baliagarria suertatzen ari zaigu alde horretatik. Hizkuntza artekoei dagokienez, Elhuyar eta, batez ere, Nola erran hiztegi eleaniztunak ari gara erabiltzen. Bestalde, sarean dagoen Dictionnaire du Moyen Français (DMF, ikus esteka bibliografian) ere dezente erabiltzen ari gara gaur egungo frantsesekoak ez diren ortografia eta hitz adierak zuzen interpretatu eta ulertzeko garaian.

Itzulpen artifizialak azken urte hauetan eman duen jauzi kualitatiboari esker, egun eskura ditugu, besteak beste, DeepL edo Google Translate tresnak, edo gure artean garatuak diren itzultzaile «neuronalak», hala nola Itzuli, Elia eta Batua. Egiten ari garen itzulpen motarako ez dira bereziki lagungarriak, ondo dakit hori, baina aitortuko dut batzuetan erabiltzen ari naizela halakoak ere: ingeleseko, frantseseko edo gaztelaniazko esaldi edo paragrafo osoak di-da batean itzultzen dituzte, eta emaitzak lagungarriak suertatzen dira maiz testua hobeto ulertzeko edo egin beharreko itzulpenaren lehen hurbiltze bat egiteko.

Azkenik, amarauna edo weba ezinbesteko tresna da gaur egun, eta bertara jotzen dugu maiz jatorrizko testua ulertzeko zein helburukoa sortzeko zailtasunak ditugularik; izan ere, ez da ahaztu behar corpus espezializatuen sarbidea (Corpus Historikoa, Ereduzko Prosa Gaur, Egungo Testuen Corpusa, Pentsamenduaren Klasikoak, Lexikoaren Behatokia, Hizkuntza Arteko Corpusa… egunero erabiltzen ari garen batzuk aipatzearren) ematen duen tresna ez ezik, amarauna bera dela inon den testu corpusik handiena, eta, bilaketak behar bezala egiten asmatuz gero, hainbat eta hainbat korapilo askatzen laguntzen ahal digula. Hainbat corpusetan bilaketak batera egiteko aukera eskaintzen digun Web Corpusen Ataria ere bereziki aipatu behar da hemen (Dabilena, Interneten dabilen euskara kontsultatzeko webgunea; ikus bibliografia), zeinak, hainbat hiztegi batera kontsultatzeko aukera ematen digun Euskalbar-ek bezala, itzultzailearen kontsulta lana izugarri errazten baitu.

Orobat esan behar da 2020ko martxoaren hasieran Errenazimentuak Nafarroan izan zuen bilakaeraz eta Margarita erreginaren bizi denboraz ezer asko —eta haren obra nagusiaz ere izenburua baino askoz gehiago— ez zekien itzultzaile honek gaioi buruzko hainbat artikulu akademiko, biografia, kritika eta abar irakurri dituela tarte honetan —eta makina bat dituela irakurtzeko oraindik, nahi izanez gero—; batzuk aipatzekotan, Jon Oria Osés (ikus bibliografia) ikertzaile nafarrak Margaritaz eta haren garaiaz egindako lanak aipatu behar, noski.

Gainbegiratzea eta irakurraldiak

Itzulpengintzan, eta edozein motatako testugintzan, oro har, zuzentzailearen lana ezinbestekoa da. Baina, nik esan dezakedan baino askoz hobeto deskribaturik daudenez han eta hemen langintza horren nondik norakoak eta testu txukun bat osatzeko garaian zuzentzaileak duen garrantzia, Amaia Apalauzaren (2020, ikus esteka bibliografian) hitz batzuk ekarriko ditut hona. Dio Apalauzak «gidatu, bideratu, antolatu» egiten duela zuzentzaileak, «proposatu, iradoki»; zuzendu hitzaren 3. adierari lotuz, testugilea «gidatu, norabide jakin batean joanarazi» egiten duela. Heptamerona itzultzen hasi ginenean, Fitok eta biok pentsatu genuen batak bestearen testua gainbegiratu eta zuzentzea, baina berehala ohartu ginen hobe izango genuela hirugarren bati —eta, itzulpengintzan guk baino eskarmentu handiagoa bazuen, hobeki— eskatzea lan hori. Hala, Josu Zabaletari proposatu genion, eta gogo onez onartu eta egin zuen Aitzinsolasaren eta Lehen Egunaren itzulpenaren gainbegiratze lan bikaina.

Lehen atal horren kasuan Josuri testu itzuliak (Word dokumentuak) pasatu bagenizkion ere (eta hark dokumentu haien gainean egin oharrak), bigarrenetik aurrera beste modu batean egiten hasi gara: behin egun baten itzulpena burutu eta gero, WFA plataformatik Offline review DOC delako formatuan esportatzen dugu testua, eta esportazio horren emaitza bidaltzen diogu oharrak edo/eta proposamenak egingo dizkigun zuzentzaileari. Formatu horretan, zeina Word dokumentu bat baita, zuzentzaileak bi zutabetan ikusten du testua, segmentuka antolaturik: ezkerrekoan jatorrizko testua eta eskuinekoan itzulpena; haren gainean idatziko ditu hark idatzi behar dituen oharrak, eta itzultzaileari itzuliko dio gero.

Lehenago esan bezala, Bigarren Egunetik aurrera Itziar ari da lan hori egiten, bikainki hura ere.

Esan gabe doa, gainbegirale —ohargile, zuzentzaile— lana esker txarrekoa da. Baina esker txarrekoa bezain beharrezkoa, esango nuke. Bihoazkie hemendik, bada, eskerrik beroenak lan hori orain arte ezin hobeto bete duten bi lagunei, Josuri eta artikulu honetan lankide dugun Itziarri.

Bukatzeko, azpimarratu nahi nuke beherago xeheago azalduko diren jendaurreko irakurraldiek testua hobetzeko ere duten garrantzia, itzultzailearen ikuspegitik: testua beste batek boz goraz irakurria entzuteak ematen dio itzultzaileari testu horren ulermenean egoten ahal diren arazoen berri, laguntzen dio esaldiaren osagaiak ordena egokian ezarriak diren ala ez antzematen; irakurketa horiek lagungarriak zaizkio oso, azken batean, testuak ongi korritzen duen ala ez ebazteko orduan. Irakurraldi horietatik zakua bete ohar atera ohi da itzultzailea, eta ohar horiek laguntza handikoak dira testu egoki eta irakurgarriago bat lortzeko.

Egilearen xerka: itzultzaileak Bearno aldean egindako bidaian ikasitakoak

Labur-labur azaldu nahi nuke orain 2022ko udan itzultzaile honek «egilearen xerka» egindako bidaia. Abuztuaren 22an abiatu nintzen bizikletaz Zarrantzatik, lehendik ere ezaguna nuen hango museo txikia berriz bisitatu eta gero (Heptameronean aipatzen den monasterioan bertan dago, Heptameroneko pertsonaiak noiz atertuko zain kontu kontari aritu bide ziren lekuan, hain zuzen); Bearnon zehar astebete luze egin eta gero, berriz ere Zarrantzan amaituko nuen ibilbidea.

Egilearen «testuingurua» hobeto ezagutu nahi nuen, fisikoki ezagutu ere: egilearen garaian murgiltzea ezinezkoa izanagatik, haren lurraldean bederen murgildu nahi nuen egun batzuetan. Garai historiko interesgarri hartaz irakurri, lekuak ikusi, dastatu egin nahi nituen; eta idatzi,6 Heptameronaren itzulpenean erabiltzen ari garen hizkuntza eredura hurbiltzeko ahalegin bat eginez, estilo ariketa xume bat gauzatuz.

Ibilbide zirkular bat osatu nuen, bada: 8 etapa, 562 km guztira. Lehen egunean, Oloroe, Paue eta Morlaàs-en barrena Leskarreraino heldu nintzen: hango katedralean daude ehortzirik Margarita eta haren senar Henrike II.a zangozarra. Biharamunean, Orthezeko Jeanne d’Albret museo interesgarria bisitatuz, zerbait ikasi nuen XVI. mendeko erlijio gatazken garai zail hartaz, eta bortuez haraindiko lurraldean Erreformak izan zuen garrantziaz jabetu nintzen; handik Hagetmauraino jarraitu nuen, Henrike II.a erregea hil zen herriraino. Hirugarren egunean, Labastide-d’Armagnac-en barrena Nérac-era iritsi nintzen, albretarren eta, batez ere, Henrike III.a Nafarroakoaren (eta Frantziako IV.a izango zenaren) hirira; hiri horretan dago haren amaso Margaritaren gortea egon zen jauregia (senarra Pauen egoten omen zen gehiago, baina bera denbora luzez egoten zen Néracen), eta hiri horixe nuen, bada, bidaiaren interesgune handienetakoa. Néracen bi gau eman nituen, eta, jauregia bisitatzeaz gain, non harri eta zur geratu bainintzen Margaritaren obra idatziaren muntaz jabetzean (poesia, antzerkia, kantak, narrazioak… Haren obra osoa, XXI. mendean argitaratua, hamahiru liburukitan inprimatua da), erreginak hainbeste maite omen zuen Garenne-ko parkean ibili nintzen pasieran, xerka nenbilen egilea ere duela ia bost mende bertan irudikatzen nuela. Néracetik Cauterets-eraino joan nintzen beste bi egunetan, eta Tarbes ondoan den Odos-etik ere pasatu nintzen: erregina 1549an hil zen jauregia itxita dago egun. Cauteretsen, esana dugu, abiatzen da Heptameronaren kontakizuna, Aitzinsolasean esaten baitzaigu ezen, urak hartzera joanak izaki, handik irten zirela euriteen ihesi gero Zarrantzan bilduko diren nobleetariko batzuk. Azken egunean, bada, Cauteretsetik irten eta, Saint-Savin-eko abadian barrena (erregina eta haren gortekideak Saint- Savineko abadia horretan aterpetu omen ziren, 1546ko udazkenean, Cauteretsetik zetozela, eurite handi batzuk zirela-eta, eta hori ez da fikzioa, gertakari historikoa baizik), abiaburu eta helburu nuen Zarrantzan amaituko nuen, abuztuaren 30ean. Azken egun horretan, Cauteretsetik Zarrantzaraino joan nahi (eta behar!) izan nuen, bada: lekutan dago, lekutan dagoenez! (egungo errepideak erabiliz, Aubisque eta Marie-Blanque mendateak gainditu beharra dago batetik bestera iristeko, 90 km baino gehiago eginez); zaldiz ere egun dezente beharko zuten jaun eta andere haiek bainuetxetik monasterioraino heltzeko, ahaztu gabe, Aitzinsolasean behin baino gehiagotan dioenez, parterik handiena oinez egin behar izango zutela, bideen egoera zela kausa!

Bidaiaren sari, hura amaitu eta aste batzuetara, webean ikusmiran nenbilela, López de Aranaren aipatu artikulua aurkitu nuen, Néracetik irten nintzen egun berean argitaratua zena.

Eta, egin ibilaldi hori aipaturik, hitza Inesi emanen diot orain, hark xehatuko baitizkigu egitasmoaren bertze zenbait alderdi; bertzeak bertze, mintzatuko zaigu proiektuari eman diogun auzolan eiteaz, kanpotik hartu dugun laguntza eta lankidetzaz, egin ditugun edo egiteko asmotan gabiltzan proiektu galdeez, finantziazioaz, liburua inprimatzeko aukeraz eta abarrez.

* * *

Egokitu zaidan azken atal honetan, aurkeztu nahi nuke zein izan den orain arte proiektuak egin ibilbidea, bidean elkartu zaizkigun bidaideak eta aurrera egin ahal izateko diruz lagunduz nahiz baliabideak jarriz laguntza emateko prest agertu direnak; orobat azaldu nahi nuke ibilbidea burutzeko geratzen zaiguna nola egingo dugun ere.

Egitasmoa: 2020ko martxotik gaurdainokoa eta aurrera begirakoak

Proiektuan, obrari ez ezik, egileari ere eman nahiko genioke ikusgarritasun berezia. Nafarroako Margarita erreginak kezka sozial eta humanistikoak izan zituen —besteak beste, Simone de Beauvoirrek berak feminismo intelektualaren aitzindaritzat hartu zuen—, eta esku hartze zuzena eduki zuen garai hartako politikan. Ikuspegi feminista hori ere jaso eta zabaldu nahi genuke, bada, egitasmo honen bidez, Euskal Herriko gizarteak ezagut dezan Margarita nor izan zen eta zer egin zuen.

Itzulpena bera

Itzulpen prozesuari berari dagokionez, berriz, kontuak honela izan dira orain arte: gorago esan bezala, Aitzinsolasa eta Lehen Eguna Fitok eta Xabierrek euskaratu zituzten, erdibana, 2020an, eta Josu Zabaletak gainbegiratu zuen. 2021-2022 ikasturtean, Fitok uzteko asmoa agertu, eta proiektuari segida emateko ardura bi itzultzailek hartu zuten: Xabierrek Bigarren Eguna itzultzen zuen bitartean, Hirugarren Eguna beste batek itzuliko zuen; hala, Xabierrek Bigarren Eguna amaitu, eta Itziarrek gainbegiratu zuen; baina, zenbait arrazoi dela medio, Hirugarrena itzuli gabe geratu zen. Eta 2022-2023 ikasturtean ere Xabierrek bakarrik jarraitu zuen, Laugarren Eguna itzuliz. Ikasturte honetan (2023-2024) heldu zaio txanda itzuli gabe geratutako Hirugarren Egunari, eta huraxe itzultzen jardun du Xabierrek (Itziarrek gainbegiratu ditu azken bi atal horiek ere). Beraz, gauzak ondo, heldu den udazkenerako, Aitzinsolasa eta lehen lau egunak euskaratuak izango ditugu; hau da, obraren ia bi heren. Eta, martxa honetan jarraituz gero, beldur handirik gabe esan dezakegu Heptamerona euskaraz irakurri ahal izango dugula, oso-osorik, 2026ko udazkenerako, beranduenez.

Jendaurreko irakurraldiak

Esan bezala, proiektuaren helburua ez da soilik obra baten itzulpena egin eta argitaratzea, Margarita Nafarroakoaren pertsonaia ere ezagutaraztea baizik, emakume modura aitzindaria izan zelako arlo askotan eta Nafarroako historiaren bilakaeran ere eragin nabaria izan zuelako.

Horregatik, urtero, urte horretan itzulitako atalaren irakurraldia antolatzen dugu, Nafarroako (eta Euskal Herri osoko) zenbait tokitan. Irakurraldia irekia da, hau da, pasarte bat irakurri nahi duen edonork parte har dezake, eta baita soilik entzule gisa ere.

Horrela, bada, 2021eko udazkenean hasirik, euskarazko testuaren jendaurreko irakurraldiak antolatu ditugu. Egitasmoa ezagutarazi eta gizarteratu, eta itzulpenaren egoera une bakoitzean zertan den jakitera emateko balio izan dute irakurraldiok; baita proiektuaren ingurura gero eta lagun gehiago hurbilarazteko ere, noski.

Orain arte itzulitako atalak inprimatu ere egin ditugu (100 bat aleko tirada txikiak), Booktegiri eta Nafar Ateneoari esker; egun osoa boz gorako irakurraldia entzuten eman duten pertsonentzat makulu polita izan da beti testua begi aurrean izatea.

Irakurraldi horietan parte hartu duen jendea askotarikoa izan da: irakasleak, itzultzaileak, idazleak, euskaltzainak, argitaratzaileak, kazetariak, ikertzaileak, ikasle jendea… Euskal Herri osoko geografiatik etorritakoak, ipar zein hego aldetik, mendebal zein ekialdetik. Urtero entzule soil gisa parte hartzen duenik ere bada, noski. Esate baterako, eta anekdotaren bat edo beste kontatzen hasita, oso polita izan zen Mikel Soto irakasleak lagunduta Iturramako Institutuko nerabe talde bat ikustea Iruñeko lehen irakurraldian, batere ohiturik ez zeuden –eta, are, arrotz xamarra zitzaien– testu bat hartu eta jendaurrean irakurtzen. Edo, Amaiurreko irakurraldian, Baigorritik etorritako irakurle taldearen jarduna: haiei entzunik, itzultzaileari iruditu zitzaion sortzen ari zen testua ez zitzaiela hain arrotz irakurle haiei, hain zuten egoki irakurtzen. Irakurle gisa aritu direnen artean, aipagarriak iruditzen zaizkigu gorago komentatu ditugun ikerlan batzuen egileak, hala nola Aitor Antuñano, zeinak Jon Oriaren tesia euskaratu baitzuen, eta Ixabel Etxeberria, zeinak Margaritari buruzko bere liburua argitaratu baitu 2023ko azaroan.

Lehen irakurraldia Nafar Ateneoak antolatu zuen, eta Iruñeko Kondestablearen Jauregian egin genuen, 2021eko urriaren 2an. Aitzinsolasa eta Lehen Eguna izan ziren irakurgai, eta 51 lagun aritu ginen irakurtzen (guztira, irakurle eta entzule, 120 lagun inguruk hartu genuen parte egunean zehar).

Bigarren irakurraldia Amaiurko Gaztelu Elkartearen eskutik antolatu zen, eta haren egoitzan egin genuen, 2022ko urriaren 29an, gazteluaren suntsipenaren 500. urteurrena betetzen zela aitzakia harturik. Bigarren Eguna izan zen irakurgai, eta 45 lagun aritu ginen irakurtzen (guztira, 90 lagun inguru).

Hirugarren irakurraldia Orbaizetan egin genuen, Aezkoako Kultur Olak antolaturik, 2023ko urriaren 21ean. Hirugarren Eguna artean itzultzeke zegoenez, Laugarren Eguna izan genuen irakurgai, eta 40 lagun aritu ginen irakurtzen (guztira, 100 lagun inguru).

Aurtengo irakurraldia Zangozan egingo dugu, urriaren 5ean. Margaritaren senar Henrike II.a Zangozan jaioa zen («El sangüesino» ezizenarekin ere ezaguna zen), eta bertan du egoitza Albreteko Enrike II. Kultura Elkarteak. Bestalde, Zangozan ospatuko da aurten Nafarroa Oinez ikastolen jaia, eta ikastolan bertan egingo da irakurraldia. Ekitaldian parte hartzeko asmoa agertu dute bai Kultura Elkartekoek, bai ikastolako ikasle-irakasleek.

Datozen urteetako irakurraldiak egiteko, berriz, begiz joak ditugu Baiona eta Errenteria (proiektuan lankide ditugun Iparraldeko Eusko Ikaskuntzak eta Humanitate Digitalen Guneak egoitzak han dituztenez, hurrenez hurren); azkena, berriz, Bearnoko Zarrantzan egitea gustatuko litzaiguke.

Jarduera osagarriak

Esan bezala, proiektuaren helburu da obra ez ezik egilea ere ezagutaraztea eta horretarako jarduera osagarriak antolatzea. Ildo horretan, honako jarduera hauek antolatu ditugu:

  • 2022ko martxoan, Martxoaren 8aren kariaz eta Nafar Ateneoak sustaturik, Margarita Nafarroakoari buruzko zenbait ildo landu zituzten hiru pertsona hauek, Iruñeko IPESen (Emakumearen Etxean), mahai inguru batean:
    • Ixabel Etxeberria: euskal antzerkigintzan doktorea eta Nafarroako Margaritaren obraren ikertzailea eta itzultzailea.
    • Amaia Nausia: historiagilea eta Erdi Aroko Euskal Herriko emakumeen bizimodua ikertzen diharduena perspektiba feministatik.
    • Aitor Antuñano: historiagilea eta Jon Oriaren tesiaren euskaratzailea.
  • 2024-03-07 (Iruñea, Nafarroako Liburutegia) eta 2024-03-14 (Zangoza, Karmengo Entzunaretoa):
    • Ixabel Etxeberriaren Margarita, Nafarroako erregina (1492-1549) liburuaren aurkezpena, Nafarroako Ganbara Abesbatzaren Heptameron emakumezko abesbatzak lagunduta.

Aurrera begira, berriz, honako hauek ditugu buruan:

  • Itzulpen prozesuaren inguruko mahai ingurua, 2024ko irailean, Errenteriako Torrekuan.
  • Margarita bizi izan zen tokiak bisitatzeko txangoa (Paue, Nérac, Odos…).
  • Jon Oriaren tesiari buruzko jardunaldia.
Lankidetza, finantzaketa eta proiektu eskariak

Proiektu honetan elkarlanean gabiltzan erakundeek, irabazi asmorik gabeko elkarteak izaki, ez dugu baliabide ekonomiko nahikorik proiektua osorik ordaintzeko, eta kanpo laguntzetara ere jo behar izan dugu. Orain arte, honela bete ditugu gure beharrak:

  • Hasteko, crowdfunding kanpaina bat egin genuen, Itsulapikoa plataforman, eta Bigarren Egunaren itzulpena ordaintzeko erabili genuen jasotako dirua. Hirugarren Egunarena Iruñeko Komunikabideen Fundazioak emandako diruarekin ordaindu ahal izan genuen.
  • Hasiera hartarako, Booktegik bideo sorta bat prestatu zuen, proiektuaren inguruan hitz egiten zuten zenbait pertsonaren grabaketekin. Bideoak eskuragarri daude Booktegiren webgunean.
  • Irakurraldiak antolatzeko logistika lanetan Nafar Ateneoa aritu da, eta beharrezko azpiegiturak tokiko erakundeek utzi izan dizkigute (Iruñeko Udalak, Amaiurko Herri Elkarteak eta Aezkoako Kultur Olak).

Orain arte egindako jardueretan, hainbat kontaktu sortu dira, eta, haiei esker, parte hartzeko interesa agertu duten beste erakunde batzuk ere bildu zaizkigu proiektura; 2024tik aurrera, bidaide izango ditugu eta ekarpen interesgarriak egingo dizkiote proiektuari:

  • Iparraldeko Eusko Ikaskuntza: Margarita Nafarroakoa Nafarroako erregina bilakatu zenean, Gaztelako Erreinuak Nafarroakoaren zati handi bat konkistatua zuen jada, eta Nafarroako Erreinuaren gortea mugaz bestaldeko lurraldean kokaturik zegoen. Bestalde, bai Margarita eta baita haren senar Henrike II.a ere Frantziako bi dinastiatatik datoz. Beraz, Heptamerona liburuko pasarte, pertsonaia eta tokiak hobeki ulertu ahal izateko, Eusko Ikaskuntzaren ekarpena garrantzi handikoa izango da, baita Nafarroaren historia bere osotasunean jasotzeko ere.
  • TEKS – Humanitate Digitalen Ikerketa Gunea: humanitate digitalek teknologiaren eta gizartearen arteko harremanak esploratu, problematizatu eta aztertzen dituzte, galdera zaharrei erantzun berriak eta erantzun zaharrei galdera berriak egitea proposatuz. Proiektuan, duela 500 urteko eszenatoki sozial, politiko eta kultural bat XXI. mendera ekarri eta gaur egungo ikuspuntutik landuko dugu, gaur egungo baliabideak erabiliz; hortaz, ezinbestean, teknologia baliatuko dugu. Beste alde batetik, Margarita Nafarroakoak kezka sozial eta espiritualak utzi zituen agerian, bai Heptamerona obran eta baita bestelako lanetan ere (Jon Oriak bere tesian jasota utzi duen moduan). Teknologiaren izaera sozialaren begiradatik proiektua jorratu ahal izateak balio erantsia ematen dio lan honi. Bestalde, Margarita iraultzailea izan zen moduan, teknologiak ere gaur eguneko gizarteak aurre egin behar izango dion iraultza eragin du.

Orain arte egindakoak izandako oihartzunagatik eta egindako kontaktuei esker, hemendik aurrera, Euskarabideak eta Nafarroako Berdintasunaren Institutuak ere diruz lagunduko dute proiektua.

Akitania Berria / Euskadi / Nafarroa LLET Euroeskualdeak hiritartasuna sustatzeko proiektuentzako dirulaguntza deialdia egiten du urtero; gure proiektua aurkeztu dugu aurtengo deialdian. Hiru lurraldeetako lankidetzak bultzatutako proiektuak aurkezten ahal dira; gureak betetzen du baldintza hori (baita eskatzen diren besteak ere), eta, beraz, hautagai izan daiteke. Esan beharra dago Euroeskualdeko proiektu izateak ekonomikoki lagunduko ligukeela, batetik, eta, bestetik, bozgorailu lana ere egingo ligukeela, haren oihartzuna urrunago irits dadin.7

Obra osoa inprimatzeko aukerak

Orain arte itzulitako guztia edizio digitalean dago eskuragarri, Booktegiren webgunean. Aipatu bezala, baliabide ekonomiko nahikorik ez edukitzeak eraman gaitu proiektua oraingoz modu honetan gauzatzera, nahiz eta hasieratik argi izan itzulpen osoa burututakoan euskarri fisiko batean izan nahiko genukeela. Heptamerona maistralan bat da, Kixotearen maila berean egon beharko lukeena. Jatorriz frantsesez idatzia, beste hizkuntza askotara itzulia izan da, baina ez euskarara: linguae vasconumari zor diogun zerbait da.

Pamiela argitaletxea hasieratik azaldu da liburu fisikoa argitaratzeko prest, nahiz eta horretarako behar ziren baliabideak ez geneuzkan une hartan. Proiektuan aurrera egin ahala, baina, bidaide berriak egin ditugu, eta baita diru iturri batzuk lortu ere, itzulpen eta edizio lana ordaindu ahal izateko. Itzulpena osorik eginda dagoenean, bada, berriz joko dugu haiengana, egitasmoa obraren edizio fisikoaz biribiltzeko.

Egitasmoak orain arte izandako oihartzuna

Proiektuarekin hasi ginenetik, hainbat hedabidek jaso dute gure ekimenaren berri. Hona hemen haietako batzuk (ikus estekak bibliografian):

  • Booktegi (bideoa).
  • Euskal wikilarien elkarteak Wikipedian sorturiko orria.
  • Prentsan ateratako artikulu batzuk.

Bestalde, ez dut utzi nahi azpimarratu gabe ekimen honek aurrera egin badu pertsona askoren elkarlanari eta laguntzari esker izan dela: lehenik, itzultzaileei esker; bidean bildu zaizkigun eta irakurraldietan parte hartu izan duten hainbat pertsona eta elkarteren eskuzabaltasunak ere merezi dute eskertza; eta, azkenik, hedabideetan egitasmoaz hain artikulu politak idatzi dizkigutenei esker (aipamen berezia merezi du Begoña del Tesok, nahiz eta beste batzuk ere izan diren).

Eta honaino Zarrantza birtualetik igorririko izkribu luze hau, non, hastapenean prometatu bezala, xehe-xehe eman baitugu Nafarroako erreginak duela bortzehun urte eskribitu lan handia euskararat ekartzeko egitekoaren berri. Erakutsi dugunez, lana, oraino finitu ez bada ere, bide xuxenean da, eta esperantza dugu ezen bi urteren buruan akabatua izanen dela.

Bibliografia

Apalauza Ollo, Amaia (2020). Zuzendu hitzaren hamaika adierak. Zuzentzaileen Nazioarteko Eguna, 2020. EIZIE.

Boccaccio, Giovanni. Dekamerone tipi bat [itzul. Gabriel Aresti]. Haranburu Altuna arg., 1979.

———. Dekameron [itzul. Matias Mujika]. Igela (Bidelagun), 2011.

De Navarre, Marguerite. L’Heptaméron [arg. Gisèle Mathieu-Castellani]. Librairie Générale Française (Le Livre de poche, Classiques), 1999.

———. L’Heptaméron [arg. Nicole Cazauran]. Gallimard (Folio Classique), 2000 eta 2020.

De Valois, Margarita (1542). El Heptamerón [itzul.: Pilar Guibelalde]. Editorial Iberia. Barcelona, 1967.

———. El Heptamerón [itzul.: Josefina Martínez Gastoy]. Titivillus edizio digitala (Círculo de Lectores-en 1970eko argitalpenean oinarritua).

Duras, Marguerite (1985). La douleur. Editions Du Seuil.

——— (2014). Samina [itzul. Xabier Artola Zubillaga]. Erein.

Etxeberria, Ixabel (2023). Margarita, Nafarroako erregina (1492-1549). Euskaltzaindia.

Etxeberria, Toribio (1967). Ibiltarixanak. Arrate’tikoen izketango alegiñak. Itxaropena arg., Zarautz.

Lafitte, Jakes (2023). Heptameron. Nafarroako Margarita erregina. In Maiatz, 77. zenb., 2023ko azaroa.

López De Arana, Joxeme (2022). Literatura zaharra euskaratzeaz. Nola ematen zaio itzulpen bati jatorrizkoaren klasiko edo zahar kutsua. El Correo. Bilbo, 2022-08-27.

Oria Osés, Jon (2012). Misticism in the work of Margarite de Navarre. Londreseko Unibertsitatean aurkezturiko doktore tesia. Misticismo en la obra de Margarita de Navarra / Mistizismoa Nafarroako Margaritaren idazlanetan [itzul. Aitor Antuñano]. Grupo Cultural Enrique II de Albret / Albreteko Enrike II. Kultura Elkartea arg., Zangoza.

Sareko eduki interesgarrien zerrenda8

Argia: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2798/liburu-zahar-berriak

Berria: https://www.berria.eus/kultura/analisia-kultura/egon-nahi-genuen-lekuetan-izan-ginen_1344108_102.html

Blogoetak bloga: https://artzubi.eus/wp/blogoetak/blog/2022/08/27/egilearen-xerka-zarrantzatik-leskarreraino/ (8 sarrera dira, esteka hori lehenengoari dagokio).

Booktegi:

               https://www.booktegi.eus/?sfid=5407&_sf_s=heptamerona

               (bideoa): https://youtu.be/UAuGari7BIg

Diario Vasco:

                  https://www.diariovasco.com/culturas/margarita-20221023165649-nt.html

                  https://www.diariovasco.com/san-sebastian/irakurlea-eraman-behar-duzu-idazlearen-garai-eta-20231121072430-nt.html

Dictionnaire du Moyen Français (DMF): https://www.cnrtl.fr/definition/dmf/

Heptamerona:

                Ingelesezko bertsioa (Project Gutenberg): https://www.gutenberg.org/ebooks/28858

                Jatorrizkoaren bertsio digitala (Wikisource): https://fr.wikisource.org/wiki/L%E2%80%99Heptam%C3%A9ron_des_nouvelles

López de Arana, 2022: https://www.elcorreo.com/zurekin/literatura-zaharra-euskaratzeaz-20220826105753-nt.html

Matecat: https://site.matecat.com/

Naiz: https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20211103/heptamerona-klasikoko-lehen-eguneko-ipuinak-euskaraz

Noticias de Navarra: https://www.noticiasdenavarra.com/navarra/2022/10/31/lectura-continuada-heptameron-amaiur-6180302.html

Web Corpusen Ataria (Dabilena): https://dabilena.elhuyar.eus/

Wikipedia:

                Heptamerona: https://eu.wikipedia.org/wiki/Heptamerona

                Jon Oria Osés: https://eu.wikipedia.org/wiki/Jon_Oria

Wordfast Anywhere: https://site.matecat.com/

Ze berri?: https://www.zeberri.eus/ZB/ZEBERRI-150.pdf


Oharrak

1. Ez dugu erreferentziarik aurkitu.

2. Bestelako bidea hautatu zuen, ordea, Matias Mujikak, Dekameroneko hamar istorio adierazgarrienak-edo Igela argitaletxearen gazteentzako Bidelagun sailerako euskaratu zituelarik (2011), non, lapurtera klasikoaren bidetik jo gabe, testua «irakurle arruntari hurbiltzeko» hautua egin baitzuen. Azken orduan jakin dugu proiektu eskari hori ezetsi digutela.

3. Testu hau Antoine Le Roux de Lincy eta Anatole de Montaiglon-en argitalpenean oinarritzen da (Auguste Eudes, 1880; ikus esteka bibliografian).

4. Itz.: George Saintsbury (ikus esteka bibliografian).

5. Matecat-en tankera bereko beste online plataforma bat, erabiltzen hasi ginenean doakoa bazen ere orain hileko kuota bat ordaindu beharrekoa dena (ikus esteka bibliografian).

6. Blogoetak izeneko blogean idatzi nuen bidaiari buruz, han aurkituko du informazio gehiago interesa dukeenak (ikus esteka bibliografian).

7. Azken orduan jakin dugu proiektu eskari hori ezetsi digutela.

8. Kontsulta data, kasu guztietan: 2024-05-20.