Aitortza baten maskara: Yukio Mishimaren 'Maskara baten aitortza' irakurtzeko eta itzultzeko gako batzuk
Artikulu honek Yukio Mishimaren 'Maskara baten aitortzak' (1949) jorratzen dituen gai eta ardatz tematiko nagusiei gainbegirada bat ematen die nobela XXI. mendeko irakurlego mendebaldarrari hurbiltzeko asmoz. Funtsean, sexualitateari buruzko ziurgabetasunak, niaren dualtasuna eta aitortza-izaera identifikatu ditugu nobelaren zutabe gisa. Ezaugarri horietan oinarriturik, protagonista mamitzeko Mishimak baliatu zituzkeen iturri eta eraginei erreparatu diegu nagusiki. Ondoren, eleberria euskarara itzultzean kontuan izan ditugun zenbait alderdi ere aztertu ditugu.
Sarrera
Itzultzea –zentzu literarioan– geure sorterri ezezaguneranzko bidaia bat bada, Yukio Mishimaren Maskara baten aitortzak (Igela, 2023; aurrerantzean, MBA) kilometro asko egitea eskatu zidan: denboran, duela ia ehun urteko gertakariak jasotzen baititu; espazioan, euskararen herritik urrun baitago Japonia; eta gogoan, idazle japoniarrak oso pentsaera independentea baitzuen bere herriaren eta bere garaikideen aldean. Artean ezezaguna(goa) nuen sorterri hartarako bidaia pertsonala alde batera utzita, artikulu honetan, MBA irakurtzeko eta, batez ere, interpretatzeko baliagarriak deritzedan gakoak eskaini nahi nizkioke euskal irakurleari, baita hura euskaratzeko orduan hartutako erabaki batzuei buruzko oharrak ere.
Liburua
Esan liteke lehen pertsonan idatzitako introspekzio-, oroitza- eta aitortze-ariketa bat dela MBA (1949). «Ko» laburduraz izendatutako protagonistak1 bere bizitzari errepaso bat egiten dio, sortzetik beretik liburua idazten duen sasoira arte, 24 bat urte dituela. Nerabezarotik aurrera kezka gehien sortzen dizkion auziaren galbahetik haurtzaroari begiratuz, hasiera-hasieratik aurkitzen ditu bere desbideratzearen zantzuak. Izan ere, inguruko mutilak ez bezala, ez da gai emakumeengatik desiorik sentitzeko, eta profil jakin bateko mutilek, berriz, amorruraino erakartzen dute: eskolako nahastaileek, langile zikinek, marinel zakarrek, eta abar. Halaber, badira beraren bizitzaren lehenbiziko hamarkadak markatuko dituzten bi emakume: gurasoen ordez hezi zuen amona eta Sonoko gaztea, zeinarekin laguntasun- harreman sasiadulteroa izan baitzuen ezkontzeko puntuan zegoela atzera egin ostean. Haurtzaroko oroitzetara ez ezik, literatura zientifikora eta adibide historikoetara ere jotzen du bere ezintasunaren iturriaren bila, baina indarge suertatzen zaizkio azalpenak bere maitatzeko era kontraesankorraren eta gizartearen eskakizunen aurrean.
Horren guztiaren oinarrian, badago nahasitzat jo genezakeen epealdi bat Japonian: 1925. eta 1949. urteen artekoa. Meiji Aroak (1868-1912) utzitako Japonia industrializatu eta militarizatuan hasirik, Bigarren Mundu Gerran populazioak pairatu zituen ankerkeriak eta gerraosteko poztasun nahasia aurkituko ditugu nobelan. Ko orobat bere zalantzetara bildua bizi arren, guda-giroak nabarmen markatzen dizkio nerabezaroa eta gaztaroa. Eskolan entrenamendu militarra jaso ez ezik, frontera joateko deitzen diote, eta, probetan ezgaitzat hartua izanagatik, gerra-hegazkinen industrian lan egitera behartzen dute. Besteak beste, Mishimak berak bizi izan zituen landa-ebakuazioak, Tokioko bonbardaketa (zibilen kontrako inoizko bonbardaketarik odoltsuena, 1945eko martxoaren 10ekoa) eta Japoniaren errendizioaren testigantzak agertzen dira MBAn.
Liburuaren ardatzak
Familiaren, kulturaren, sexualitatearen eta historiaren aldaketei funtsetara jotzen duen ikuspegi batez heltzea dateke Mishimaren literaturaren errelebantziaren gakoa. Ez da erraza MBAk jorratzen dituen gaiak dagokion sakontasunez deskribatzea, eta are gutxiago haien arteko loturak doiki aztertzea, baina hona hemen distantzia espazio- tenporalak kontuan hartuta nobelari buruz errazago hausnartzea helburu duten gako batzuk.
Homosexualitatea?
MBAren itzulpenen sinopsiek eta, oro har, iruzkin guztiek aditzera eman ohi duten bezala, homosexualitatea muin-muineko elementutzat dute gaur egungo irakurketek. Hain da agerikoa, non, nahiz eta paradoxikoki homosexual kontzeptua ez den behin ere ageri liburuan zehar, zaila den ulertzea kritika garaikideek oro har aipamenik ere egin ez izana. Takeuchiren (2007) orduko iruzkinen analisiaren arabera, 1951 arte kritikariek ez zuten sumatu normaltasunetik kanpoko ezer protagonistaren joeretan; hain zuzen ere, gizonezkoen gaztaroko kezkak eta garapen psikologikoaren erretratu fina egin izana goraipatzen zuten askok, eta gizon gazte baten deskribapena zen, oro har, nobelaren ardatz gisa identifikatzen zena (ib.). Mishimaren orduko gutun eta ohar pertsonalei erreparatuz gero, ez dago zalantzarik bere ibilbide profesionalari bide egin nahi ziola literaturan ohikoa ez zen sexualitate bati buruz ohikoa ez zen molde batean arituz hautsak harroturik (Inoue, 2009: 86), baina espero ez zuen arrazoiengatik etorri zitzaion ospea hasiera batean.
Mishimaren eta haren garaikide japoniarren arteko pertzepzio-arrakala hori, Takeuchiren aburuz (2007), orduko Japonian homosexualitateari buruz koexistitzen ziren bi ikuskeren ondorio da: alde batetik, bushi gerlari armadunen klasearekin eta mutil prostitutuekin lotutako danshiki ikuspegi estetiko premodernoa, eta, bestetik, perbertsioaren (hentai-seiyoku, lit. ‘sexu-grina perbertitua’) ideia patologizatzailea, Mendebaldeko sexologiak ekarria 1920ko hamarkadan nagusitu zenean.
Takeuchiren azalpenari gehituko nioke litekeena dela, nire ustez, Mishimak Mendebaldeko literaturatik zuzenean jaso izana homosexualitateari buruzko ikuspegi hori, Japoniako nahasmendu-garaiko autoreengandik baino gehiago. Magnus Hirschfeld-ez gain, zeina luze aipatzen baita MBAn, badakigu Krafft-Ebing-en eta Havelock Ellis-en sexologia-lanak ere irakurri zituela (Inoue, 2009). Ebing-en aburuz, homosexualitatea gaztaroko gaixotasun bat da, «kasu larrietan perbertsiorantz garatu eta izaera psikologikoari eta zentzumen fisikoei eragiten ahal diena» (Park, 2018: 62, nik itzulia). Ellis-ek, berriz, gizon perbertituen deskribapen bat egin zuen, eta akuilu handia izan zen Mishimarentzat. Autore japoniarrak berak nobelaren editoreari adierazi zion bezala, Ellis-en Studies in the Psychology of Sex (1899) lana irakurrita jakin zuen bereak bezalako esperientziak ohikoak bide zirela klase intelektualean (Inoue, 2009: 86). Sexualki perbertituak diren gizonei, bestalde, «eleberriak irakurri, irudi-liburuei begiratu, musika entzun eta bestelako gauza ederrekin kontaktua izateak desira sexuala pizten» omen zien. Zilegi da esatea ikerlari horien lanek eragin handia izan zutela MBAren protagonistaren karakterizazioan. Iradoki liteke, harago joanik, idazleak irakurketa haietatik bere haurtzaroa berrinterpretatu izanari zor dakiokeela Mishimaren eta Ko-ren arteko aldea. Izan ere, irudi du, MBAko protagonistaren izaeraren osagai nagusiak ez ezik, pasarte autobiografiko batzuk ere aurki daitezkeela Mishimaren aurreko lanetan (Inoue, 2019: 88), baina ez, hain zuzen, sexualitatearekin lotutako zalantzak.
MBAn presentziarik handiena duen sexologo mendebaldarra, baina, Magnus Hirschfeld (1868-1935) da (MBA: 45, 110). Alemaniarrak ez zion homosexualitateari heldu bekatu erlijiosoaren edo delituaren ikuspuntutik, baizik eta berez sortutako izaera natural bat dela esanez (Park, 2018: 62). Artean japonierazko itzulpenik ez zegoela, Sexualpathologie (1918) liburua alemanieraz irakurri bide zuen Mishimak, psikologo batek utzita, eta, hain zuzen ere, Eine eiserne Maske (lit. ‘burdinazko maskara’) esamoldea erabiltzen da lan horretan (ib.: 65). Errepara diezaiogun aipuaren pasarteari (Hirschfeld, 1918: 502, Ainhoa Mendiluzek itzulia; etzanak nik gehituak):
Nire «suizidio-gutunen» artean dago [mutil horrek] mutil-lagunari bidalitako agur- gutuna. Gutun horretan, honako hau aldarrikatzen du modu hunkigarrian «parean zetzan errebolberrak hari askapena eman baino 30 minutu lehenago»: «Zu gabe ezin naiz bizi; egiazko maitasunak narama hilobira, gorde ezazu zure Frediri buruzko oroitzapen goxo bat, ez ahaztu zure maitea». Heriotza hori, dena dela, gutunaren hartzaileak –orduan jurisprudentziako ikaslea– aitari honako gutun hau idatzi eta hilabete batzuk geroago etorri zen:
«… Mintza gaitezen orain kontu inportanteez, gai honen alderik sakonenaz.
Idatzi dizkidazun gutunetan, zaldar lehertu bati buruz mintzatzen zara; hemen erakutsi nahi dizut ez dela zehazki hori, eta beste irudi batek askoz ere hobeto azaltzen duela zein den egoera: burdinazko maskara bat, pentsatzeko gai naizenetik jende guztiaren aurrean eraman behar izan dudana, erori egin zait orain, bai gutxienez nire aldamenean dagoen pertsona baten aurrean. Lehenbiziko aldiz zure parean nire egiazko izatean ageri naiz, jaiotzetik izan naizen hori izanik; pertsona homosexuala, alegia. Ez dut sekula maitasunik topatu emakume batengan, baizik eta beti gizon gazteengan, zehazki ni baino gazteago eta xamurragoengan (betiere helduak, jakina)».
Ko-ren ahots literarioarekiko antzekotasunez gain, aipagarria da Mishimak «alderantzizko suizidio-ohar» baten gisara deskribatu zuela Maskara baten aitortza (Mishima, 1949 [2000]).
MBAn jasotzen diren aipuek, oro har, desbideratuen berezkotasuna frogatu nahi izateaz gain, haien joera jakin batzuk azaltzen dituzte, protagonistarenekin bat datozenak. Gehiegi, beharbada: Mishimak aipuak aldatu omen zituen kointzidentzia harrigarriagoa izan zedin (Park, 2018).
MBAk hasieran izan zuen harrerari erreparatuta, ez dirudi ez kritikariek ez irakurleria orokorrak barneratua zutenik Mendebaldeko sexologiaren perbertsioaren ikuspegia, nahiz eta bi urte eskas geroago gerraosteko gizarte-aldaketa bizkorrek eta autore beraren Kinjiki (lit. ‘Kolore debekatua’) nobela luzearen argitalpenak (Shinchosha, 1951) MBAren irakurketa guztiz ezberdinak ekarri zituzten, homosexualitatea ardatz (Takeuchi, 2007).
Ko-ren eta Mishimaren arteko lotura hurrengo atalerako utzita, egiantzekoa dirudi, bai testuari, bai autorearen adierazpenei begira, batetik MBA pertsona homosexual bat karakterizatzeko saio bat dela eta, bestetik, idazlearen iturriek eragina izan zutela karakterizazio hartan.
Nia
Luze hitz egin da MBAren autobiografikotasunaren auziaz; batez ere, esango nuke, Mishimaren sexualitateari buruz eztabaidatzeko aitzakia gisa. Testua eta haren inpaktu soziala aztertzeko gai emankorra dela iritzi arren, nahiago nuke atal honetan Ko- rengan eta autorearengan atzeman daitezkeen beste hiru ezaugarri jaso: berezi izateren kontzientzia, kultura klasikoarekiko lilura eta atzerrira begiratzeko joera.
Berezi izatearen kontzientzia
Ezaguna da, orduko lekukotasunei esker, umetan Mishimak ezagutu berriak zituen klasekideei esan ohi ziela bazituela bere jaiotzako oroitzak (Mitani, 1999), MBAren hasieran Ko-k berak ere azaltzen duen bezala. Xehetasun hutsa den arren, argi adierazten du besteekiko aldeak identitate gisa adieraztea ez zela gauza arrotza bere amonaren heziketa-moduaren eta osasun ahularen ondorioz haurtzaro ezberdina izan zuen ume harentzat. MBAn zehar askotan azaltzen du Ko-k bere burua besteen aldean ezberdin, bera parte ez den normaltasun baten kontzientzia irmo bat adieraziz (MBA: 32, 134, 177 etab.). Alabaina, normaltasun horrekiko aurkakotasunean, ezberdintasun gako bat atzeman daiteke Ko-ren eta Mishimaren artean: MBAko protagonistak orobat ezintasuna edo gutxitasuna bakarrik sentitzen du; autoreak, aldiz, berezitasun hori gailentasun intelektualarekin ere lotu ohi du komunikazio pertsonaletan (ikus Inoue, 2009, arestian aipatua). Hain zuzen ere, homosexualitatea idazle edo artista gisa jarduteko faktore garrantzitsu bat dela argudiatzen du Mishimak Shohei Ooka idazle eta itzultzaileari emandako erantzun batean (Mishima, 1951, nik itzulia):
[Maskara baten aitortzako] protagonista hura hain da gezurti ikaragarria, non azkenean ez baita gai egia eta gezurra bereizteko. Nobelagileen alegoria egokia iruditu zitzaidan. Egia diozulakoan ere, zeure burua kolokan jartzeko joera hori homosexualen patu saihestezina da. Pertsona heterosexual normalak ziur daude beren sexu-orientazioarekin, eta ez dute erlatibotasunaz hausnartzeko ohiturarik. Liburuko protagonistak jaiotzetik beretik soil-soilik erlatiboki pentsatu izana artista izateko faktore garrantzitsua da; artisten erretratu erakusgarria izan gabe, artistaren esentziaren ideia bat bada, nik uste. Hori da kontua. Horrekin lotuta dator, esango nuke, watashi shosetsuaren arazoa: pertsona osasuntsu normalek idazten dute, idazten dutena egia delakoan, hipotesiei inolaz ere lekurik utzi gabe.
Esango nuke berezko ezaugarrien analisian ezberdintasuna berezitasuntzat hartzeko joerak hil bitarte bere burua ezberdintzera bultzatu zuela Mishima, beraren garaiaren eta testuinguru kulturalaren mugak gainditu nahi izanak adierazten duen bezala.
Kultura klasikoarekiko lilura
Mendebaldean tradizionalismo japoniarrarekiko atxikimenduagatik ezagunagoa den arren, gaztaroan, Mendebaldeko istorio klasikoen oihartzunak nagusi dira Mishimarengan (Inoue, 2009). Halaber, Ko-rengan eragin handia duten Erromatar Inperioaren garaiko erreferentzia ugari aurkituko ditugu MBAn: besteak beste, Agustin Hiponakoa, Hadriano enperadorea eta, oroz gain, San Sebastian. Pertsonaia eta kultura urrun horien aipuek, baina, ez dirudite exotismo hutsa; argudia liteke beren inguruko normaltasunaren kontrako unibertsaltasun baten gisara plazaratzeko funtzioa betetzen dutela beren joerak eta desirak partekatzen zituzten eta elite kulturalek ederresten zituzten pertsonaia haiek.
Atzerrira begira
Bestalde, adierazgarria da MBAko erreferentzia literario eta zientifiko guztiak, epigrafetik hasita, Mendebaldeko autoreenak direla: arestian aipatutako sexologoez gain, Dostoievski (MBA: 9), Wilde (21), Huysmans (21), Whitman (113) eta André Salmonen (217) aipu zuzenak jasotzen ditu. Pasarte batean, denda batean sartu, eta liburu itzuliei erreparatzen die protagonistak, berarentzat interesgarrienak direla iradokiz (192). Erraza da Mishima Ko-rekin identifikatzea alderdi horri dagokionez, Bunsho dokuhon (Idazketa-eskuliburua) saiakeran (1959) luze eta zabal ari baita autorea bera literatura itzuliaz duen ezagutzaz eta balioespenaz.2 Egoki argudiatzeak beste artikulu bat eskatuko lukeen arren, aipatu nahi nuke bat natorrela John Bester (1927-2010) Mishimaren itzultzaileak elkarrizketa batean adierazitakoarekin: «Zure [Mishimaren] hitzak itzultzean, sentsazioa dut ez dudala ezer moldatu behar» (Bester, 1970, in Hiraoka, 2019, nik itzulia). Autore garaikideekin alderatuta ere ondare-hitz ezohiko ugari darabiltzan arren (Taniguchi, 2022), esango nuke haren idazkeraren parte direla literatura itzulian ikasi bide zituen Mendebaldeko hizkuntzen esamoldeak islatzeko sortutako egiturak. MBA euskaratzean egin behar izan nituen zenbait moldaketari buruz mintzatuko naiz «Euskarara bidean» atalean.
Aitortza
MBA ez da lehen pertsonako kontakizun (antza) autobiografiko hutsa. Tituluaren hautuaz gain, irakurleari erreferentziak eginez eta kronologiari baino gehiago azalpenen eskakizunei garrantzia emanez, aitortza izaera ematen dio testuari Mishimak, sozialki oso markatua den ekintza baten eremura ekarrita. Aitortzea gordean edukitako zerbait adieraztea bada,3 esan genezake gutxienez bi osagai inplizitu dauzkala ekintza horrek: zerbait hori gordean edukitzeko arrazoi bat egotea eta entzuleari zerbait hori aitortzeak helburu bat izatea.
Yui Nakamura ikerlariak, Foucaulten bidetik aitortza eragiletasuna lortzeko bitarteko gisa interpretaturik, adierazten du faktore bikoitza legokeela Mishimaren aitortzaren aldeko hautuan: autorearen egoera pertsonala bera eta orduko japoniar literatura-sistemaren eskakizunak (2016). Lana utzi berritan, Mishimarentzat bere burua idazle gisa plazaratzea hil ala biziko kontua zela gauza ezaguna den arren, interesgarria da Nakamurak MBAren eta japoniar literaturaren bilakaeraren artean egiten duen lotura. Haren argudioa laburbilduz, XIX. mendearen bukaerako Frantziako naturalismoak Japoniara ekarri zuen aitortza-literatura, watashi shosetsu (lit. ‘ni-nobela’) generoari bide emanik. Alabaina, Mendebaldearen pareko ni «moderno» bat garatzea lortu ez zuen watashi shosetsu genero haren aurrean, norberaren eta besteen arteko diferentziez kontziente izango zen ni egiaz eragile bat sortzeko aitortza-moldearekiko konfiantza hazi zen (ib.). Nakamuraren ikuspegiarekin bat eginik, azpimarratuko nuke garapen hori identifika litekeela, esaterako, Kokoro (Soseki Natsume, 1914), Chijin no ai (Junichiro Tanizaki, 1925) eta Ningen shikkaku (Osamu Dazai, 1937) nobeletako protagonistak konparaturik. Nakamurak baino urte batzuk lehenago, Inouek antzeko analisi bat plazaratu zuen, non argudiatzen baitu MBAk idazlearen eta irakurlearen artean konfiantza-arrakala bat sortuz niaren identitatearen erlatibotasuna identifikatu zuela postmodernismoak subjektutasuna fikzio gisa berrinterpretatu baino lehen (Inoue, 2009).
Orduko literatura-sistemaren eta obra garaikideen eragina ukatu gabe, ez nuke baztertuko, dena den, Agustin Hiponakoaren Confessiones (K. o. 397-400) lanak eragina izatea aitortza-moldearen hautuan. MBAn, haren erreferentzia bat aurkitu dezakegu: «Umetatik, nire bizitzaren ikuspegiak ezin izan du San Agustinena bezalako predestinazioaren ideiatik ihes egin» (MBA: 23). Hain zuzen ere, predestinazioaren gaiari loturik, esan liteke paralelismo argia dagoela saindu kristauak Confessiones lanean kristautasunera ekarri zuen aipua San Paulo apostoluaren apologia-liburu batean aurkitzen duen pasartearen (zortzigarren liburukiko hamabigarren kapitulua) eta Ko-k MBAn bere «itxaroan behar zuen» San Sebastianen irudia aurkitzen duen eszenaren artean (MBA: 42). Kontuan harturik Erdi Aroko ikonografian Agustin San Sebastianekin batera irudikatzen dela maiz (Bartolomeo di Gentile-ren 1499ko koadroa dugu adibide ezagun bat; ikus 1. irudia4), posible da martirien eta Erromatar Inperio berantiarreko gorabeherei buruz irakurri zuen material berean jaso izana Mishimak Hiponakoaren lanaren berri.
Euskarara bidean
Fikzio-itunean, hartzaileak bere eszeptizismoa alde batera uztea onartzen du baldin eta obrak narrazio sinesgarri bat eskaintzen badio, hala edukian nola forman. Sinesgarritasun-kontuetan, ordea, urratu txiki bat gai da eraikuntza-lanik handiena ere kolpe batez deuseztatzeko. Ezaguna da Andrei Tarkovski zinema-zuzendariak Akira Kurosawaren Kumonosu-jo (‘Amaraun- gaztelua’; ingelesez, The Throne of Blood) pelikulaz egin zuen iruzkina: gainerakoan maisulana izanagatik ere, azkeneko eszenako klimaxeko gezikadak zeharo zapuzten du lana, argi baitago lepoaren alde bietan gezi- erdi bana atxiki ziotela aktoreari. Japonieratik euskararako itzulpengintzan, distantzia soziokulturalagatik ez ezik normalizazio- egoeraren gabeziengatik ere sinesgarriro konpontzen zailak diren gezikadak ditugu lan handienetariko bat, nire ustez. Euskal herritarrontzat arrotzak diren eta Japoniako errealitateei erreferentzia egiten dieten hitz eta esamoldeak dira halako elementurik agerikoenak, baina badira bestelakoak ere; adibidez, japonierak bere-berekiak dituen hizkerak berak kontakizunaren osagai aktiboak.
MBAren kasura etorririk, protagonistaren eskola-garaiko jokoa genuke lehenengoen adibide on bat (MBA: 52). Labur esanez, gesu gokko (lit. ‘zarpail jokoa’) deritzon jokoan, oharkabean dagoen kide bati hankartea zirikatzea lortzen duenak «dekkee naa, A no yatsu» (‘erraldoia, A-rena’) oihukatzen du, eta haren biktimak «B ttara gesu da naa» (‘B, zer-nolako zarpaila’) batez erantzun, ingurukoek lagunduta. Jatorrizko testuan, dekkee naa hitzen ñabardura fonetikoek5 mutilen arteko jolas baten ukitua ematen diote eszenari. Japoniar literaturan ez bezala, euskaraz ohikoak ez direnez ortografia-arauak urratzen dituzten halako baliabideak, eszenaren kutsuari eutsirik sinesgarritasuna mantentzeko, jatorrizkoaren erantzunaren izaera erritmikoa kontuan hartuta, haur-jolasen beste ezaugarri bat baliatu nuen: errima. Jokoaren izeneko zarpailkeria edo lizuntasun elementuari «handi» osagaia gehituz, «zerri lodia, buztan handia» formula sortu nuen.
Itzulpen zuzenik gabeko kontzeptuen artean, mikoshi (lit. ‘jainko-aldare mugikorra’) da ia bere horretan erabili nuen bakarra, «aldare» hitzaz lagunduta. Palankin hitzak, berez, jasoko luke jatorrizko adiera euskaraz, baina praktikan ez zitzaidan iruditu liburu barruko erabilerak eskatzen duen bezain orokorra denik. Euskal Herriko adibide bat jarrita, adierazgarria da San Ferminen prozesioari buruzko kroniketan gutxitan aipatzen dela saindua jarrita dagoen tresna –itxuraz eta erabileraz mikoshi baten parekoa litzatekeena–; elementu beregain gisa identifikatzeko beharra orokorra ez den seinale.
Alabaina, testu osoan eragina dutenez, konplexuagoak dira bigarren motako beste gezikada batzuk: hizkeren arteko aldeak. Izan ere, inplikazio zuzenak dituzte obra interpretatzeko orduan. Oinarrizko azalpen bat emateko, japonierak formaltasun maila –eta mota– anitz dituen arren, funtsean, bi molde dauzka adizkerak: arrunta eta errespetuzkoa. Horretaz gain, aditz-hautaketak berak eta aditz-formek informazioa gehitu dezakete hiztunaren eta entzulearen posizioen inguruan. MBAn, hizkeren arteko kontrasteek rol garrantzitsua dute, protagonistaren izaera eta normaltasunaren inguruko barne-gatazka karakterizatzeko balio dutelako.
Protagonistak berak erreferentzia egiten dio gizon-emakumeen arteko hizkera- ezberdintasunari, etxean «emakumeek bezala» hitz egiten zuela esanez: «Etxean emakumeek bezala zuka egiteko ohitura nuen arren, eskolan besteen hizkera zakarraz solastatzen nintzen» (MBA: 51). Eskolan, ordea, aipu berean berak aitortu bezala, besteen antzera hitz egiten saiatzen zen. Eskolan ez ezik, gizondu osteko ataletan ere atzeman daiteke narrazioarekin alderatuta oso hizkera ezberdina darabilela dialogoetan, gizon normal bat antzezten ari baita, nolabait. Normaltasunaren antzezpena nobelaren muin-muineko elementua izaki, garrantzitsua iruditu zitzaidan gehienetan esplizituki azaltzen ez diren xehetasun horiek euskaraz ere ematea. Nola, ordea? Euskarazko adizkera hutsez japonierak dituen formaltasun maila guztiak islatzea posible ez bada ere, zukaren eta tokaren arteko kontrastea oso tresna baliagarria izan zen zeregin horretan. Goiko pasarteaz gain, non nesken errespetuzko adizkera zuka eta mutilen adizkera arrunta toka eman bainuen, eszena batzuetan, japonierazko adizkeretan alderik izan ez arren, bestelako formaltasun mailaren adierazleen antzeko kontrasteak adierazten dituzte pertsonaien artean. Hirugarren kapituluko bakarrizketa batean, adibidez, barne-ahots batek hizkera zakarrean aurpegiratzen dio protagonistari itxurak egiten saiatu arren goitik beherako desbideratu bat dela (MBA: 151):
Maitasuna? Ados. Baina, motel, gustuko al dituk neskak? Hori duk hire asmoa? Hark «zentzu lizunean» erakartzen ez hauela ustez heure burua engainatzea, nahiz eta sekula ez hauen emakume batek erakarri «zentzu lizunean»? Hasteko, ba al duk «lizun» hitza erabiltzea ere? Emakume baten gorputz biluzia ikusi nahi izan al duk inoiz? Inoiz, behin bada ere, imajinatu al duk Sonoko biluzik? […] Bart gauean ohitura zahar horri ekin hion, ezta? […] Baina, horretan ari hintzela, gogora etorri zitzaiana ez zuan Sonoko izan, ezta? Beti alboan nauk, dakian bezala, eta fantasia aldrebes horrek barrenak irauli zizkidaan.
Ahoskeraren ñabardurek eta bigarren pertsonako izenordainek ohiko narratzailearena baino askoz hizkera zakarragoa erakusten dute; nolabait ere, protagonistak bere barnean irudikatzen duen gizon normalaren ahoskera litzateke. Kontraste hori itzulpenean adierazteko, egoki iritzi nion toka eta kutsu ahozkoago bat erabiltzeari.
Japonieratik euskararako itzulpengintzaren etorkizunari begira, japonieraz ia libreki islatzen diren ahoskerak –dialektoak barne– euskaratzeko estrategiak lirateke, nire ustez, gehien landu beharreko arloa. Mishimak dioen bezala hizkuntza literarioa itzulpenen bidez aberasten bada, ahozkotasunak eta hizkera markatuek letretan duten presentzia handitzea dateke japoniar literaturak egin diezagukeen ekarpen handienetako bat.
Laburbilduz
Funtsean, hezurdura autobiografikoa du Maskara baten aitortzak. Hori ondorioztatzeko oinarri objektiboak izateaz gain –orduko ezagunen eta familiaren lekukotzak, kasurako–, Mishimaren adierazpen publiko eta pribatuei begira, pentsa daiteke autobiografikotasuna liburuaren funtzioarekin lotutako funtsezko osagai bat zela berarentzat. Berebizikoa zen, autorearen ikuspuntutik, MBA bere bizitzaren aitortza baten gisara irakurria izatea, ordura arte jantzi zuen maskaraz askatu eta idazle gisa izaera askea lortuko bazuen.
Bestalde, badakigu idazleak zenbait pasarte eta aipu asmatu eta aldatu zituela, eta bazuela liburuaren protagonista eraikitzeko eredutzat har zitezkeen testigantzen berri. Hala eta guztiz ere, Japonian sexualitatearen inguruko diskurtsoak aldatzen ari ziren une historiko baten lekukotza mamitsua eskaintzen dute bere buruaren (berr)analisian oinarritutako aldaketek.
Gerraren estutasunek laztutako testuinguru konplexu hartan, Mishimak ez du bere burua ikusten, ordea, gizartearen biktima gisa, baizik berezko ezaugarriengatik besteek bezalako bizimodu bat egiteko gai ez den pertsona gisa. Ezintasun horren arrazoi natural baten bila orduko sexologiara jotzen duelarik, besteekiko ezberdintasunaren inguruan eraikitzen du, hain zuzen ere, bere identitatea. Horren arrazoia ala ondorioa den argudiatzea zaila den arren, izaera horrek lotura izan lezake Mishimak gaztetatik atzerriko jakintza, pentsaera-korronte eta artearekiko joera izatearekin.
XXI. mendeko irakurketa batean Ko-ren bizitza estutzen zuten baldintza sozialei ez erreparatzea zaila den arren, uste dut sexualitatearekiko eta identitatearekiko jarreraren dimentsio indibiduala kontuan hartzeak, interpretazio aukerak zabaltzeaz gain, Maskara baten aitortzara eta, oro har, Mishimaren obrara hurbiltzeko gakoa ematen duela.
Bibliografia
Hiraoka, Iichiro (ed.) (2019). Kokuhaku [Aitortza]. Kodansha.
Hirschfeld, Magnus (1918). Sexualpathologie: ein Lehrbuch für Ärzte und Studierende. Marcus & Weber.
Inoue, Takashi (2009). Hōjō-naru Kamen [Maskara oparoa]. Shintensha.
Mishima, Yukio (1959[1995]). Bunshō dokuhon [Idazketa-testuliburua]. Chuko Bunko.
——— (1951[2004]). «Ken’en mondō – Ōoka Shōhei jutsu» [Zakur-tximuen arteko elkarrizketa: Shohei Ooka]. Mishima Yukio zenshū ketteiban 39.
Mitani, Makoto (1999). Kyūyū Mishima Yukio [Yukio Mishima ikaskidea]. Chuko Bunko.
Nakamura, Yui (2016). «Mishima Yukio “Kamen no kokuhaku”ron – Kokuhakuto futatsu no shutai» [Yukio Mishimaren Maskara baten aitortzaz: aitortza eta bi subjektuak], Seishin Joshidaigaku Daigakuin ronshuu 38-2.
Park, Soojung (2018). «Mishima Yukio ni okeru dōseiai gensetsu no juyō – “Kamen no kokuhaku” to “Kinjiki” to o chūshin ni» [Yukio Mishimaren homosexualitateari buruzko diskurtsoen harrera (Maskara baten aitortza eta Kinjiki oinarri)], Hikaku bungaku 61.
Takeuchi, Kayo (2007). «Mishima Yukio “Kamen no kokuhaku” to iu hyōshō o megutte – 1950-nen zengo no dansei dōseiai hyōshō ni kan suru kōan» [Yukio Mishimaren Maskara baten aitortza errepresentazio gisa: 1950 inguruko gizonezkoen homosexualitatearen errepresentazioen inguruko analisi bat], F-Gens Journal 9.
Taniguchi, Masaaki (2022). «Evaluation of the Vocabularies in Yukio Mishima’s Works – The Vocabularies in Bunsho-dokuhon», Journal of Shizuoka Sangyo University 24.
Oharrak
1. Kō, japonieraz 公 karaktereaz idatzia, Mishimaren egiazko izenaren (公威, ‘Kimitake’) lehen japoniar karakterearen ahoskatze posible bat da. Haren fikzio-lanetan, maiz laburtuta azaltzen dira egiazko pertsona- eta leku-izenak, nahiz eta idazketa alfabetikoaren lehen hizkia erabili ohi duen hartarako: MBAn bertan, «S badia», «H probintzia», «M hiria» eta abar ditugu horren adibide.
2. «( )[E]rruz saiatu naiz erakusten noraino zor zaizkion gaur egungo japonieraren aberastasuna eta adierazpen-oparotasuna itzulpenen garapenari» (Mishima, 1959, nik itzulia).
3. Euskaltzaindiak dakarren lehenbiziko adiera legokioke: «1 iz. Huts bat edo gorde nahi zen zerbait adieraztea» (Euskaltzaindiaren Hiztegia, kontsulta: 2024/3/30).
4. Iturria: Asociazione storico-culturale S. Agostino, iturri digitala, kontsulta: 2024/04/01.
5. Japonieraren dialekto batzuetan, baita Tokiokoan ere, -ai bukaerek -ee ahoskera kolokiala dute. Hitzen erdiko kontsonanteen indartzeak, bestalde, efektu enfatikoa dauka, oro har. Eszena honetan erabiltzen den dekkee hitzaren hiztegiko forma dekai da.