Euskal interpreteak martxan: kronika bat
2023 eta 2024 urteak gorabeheratsuak izan dira, oro har, interprete guztientzat, baina, batez ere, euskarako kabinako interpreteentzat. Horregatik, EIZIEko kide diren interpreteak martxan jarri dira iristen zaizkien erronkei modu bateratuan aurre egiteko. Artikulu honen xedea orain arte egindako bidea modu laburrean deskribatzea eta etorkizuneko urratsen printza batzuk ematea da.
Euskararen transmisioari buruz hitz egiteko, sarritan erabiltzen da elkarri lotutako katebegien metafora. Izan ere, katebegi txikiz zein handiz osatutako katea dugu euskararena. Katebegi txikiek egunerokoan egiten ditugun hautuak irudikatzen dituzte, eta katebegi handiek, aldiz, ekitaldi jendetsuetan erakusten den indarra. Denak dira beharrezkoak, txikiak zein handiak, euskarak elkarri lotu egiten baikaitu, hainbat modutara, hainbat tokitan. Han eta hemen. Egunero. Denak dira beharrezkoak tokian tokiko basoak landatzeko. Korrikarik jendetsuena izan dugun 2024 honetan ere elkarri lotu gaitu euskarak, Irundik Baionarat. Eta, pentsatzen jarrita, baita itzulpenak ere, zentzurik zabalenean.
Izan ere, Garazi Arrulak ondo esan bezala, mundu oso bat kabitzen da euskaran. Baina mundu handia eta zabala da gurea, eta, horregatik, funtsezkoa da gureak kanpora eramatea eta kanpokoak gurera ekartzea. Eta hortxe, puntu horretan, hain justu, kokatzen gara gu, euskal itzultzaile, interprete eta zuzentzaileak: hizkuntzen eta kulturen arteko mugan. Eta, gure aldamenean, betiereko bidelagun, Senez aldizkaria.
Joan-etorriko bidaia horien guztien lekuko dugu Senez. Lekuko, adiera guztietan, Euskaltzaindiaren Hiztegiari erreparatzen badiogu: lekuko, euskal itzulpenarekin, interpretazioarekin eta zuzenketarekin lotutako aferen berri eman dezakeelako; lekuko, urtez urte gertatutakoen lekukotza ematen duelako; eta lekuko, baita ere, eskutik eskura pasatu eta txanda-aldaketa behar bezala egin dela erakusten duelako, Korrikan bezalaxe.
Artikulu honen helburua xumea bezain garrantzitsua da: EIZIEko interpreteen lantaldearen sorreraren eta lehen urratsen berri ematea, testuingurua ondo azalduta. Nondik gatozen, non gauden eta nora goazen. Izan ere, urte gorabeheratsuak izan dira 2023a eta 2024a interpreteentzat oro har, eta, bereziki, euskal interpreteontzat.
2023ko ekainean, modu okerrenean geratu zen agerian funtsezkoa dela aurretiaz prestatutako testu idatziak interpreteei denboraz bidaltzea, eta ez dokumentuetan jasotakoa ahalik eta osoen transmititzeko eta interpretazio-zerbitzuaren kalitate gorena bermatzeko bakarrik, baizik eta baita interpreteari berari lan- eta osasun-baldintza duinak bermatzeko ere. Aldarrikapena ez da berria, baina joan den urteko ekainean iritsi zen urek gainezka egiteko falta zen tanta: Arabako Batzar Nagusietan, itzulpena egiten ari zen interpreteak mikrofonoa itxi zuen Ramiro González ahaldungai nagusiaren inbestidura-hitzaldian. Izan ere, behin baino gehiagotan eskatu zuen irakurri beharreko testua aldez aurretik pasatzeko, baina ez zioten eman ahaldungaiaren hitzaldia hasi baino bost minutu lehenagora arte. Ondorioz, ez zuen testua irakurtzeko denbora nahikorik izan.
Ahaldungai nagusia ziztu bizian hasi zen testua irakurtzen, ohi bezala, eta interpreteak ezin izan zion jarraitu. Egoera ikusita, entzuleei jakinarazi zien ezinezkoa zela hitzaldia interpretatzea, testua aldez aurretik lantzeko denborarik gabe, lanbideak eskatzen duen jokabide etikoari tinko eutsita eta balentria osoz. Beste hitz batzuetan, interpreteak itzulpena egiteari uko egin zion ez zirelako bete bere lana behar bezala egiteko gutxieneko baldintzak.
Horrek sorpresa eta harridura sortu zuen bertaratuen artean, eta hedabideetan ere agertu zen. Zoritxarrez, hedabide batzuetan morbo puntu batekin eta oso gainetik kontatu zuten gertatutakoa, interpretea bera babesgabe utzita. Ez ziren falta izan «El sorprendente motivo del parón de 20 minutos en el Pleno de las Juntas Generales de Álava» (Ortega, D. & Del Campo, J. L., 2023) eta antzeko goiburuak. Horrexegatik, EIZIEko Zuzendaritza Batzordeak adierazpen bat argitaratu behar izan zuen (EIZIEko Zuzendaritza Batzordea, 2023), interpreteari babesa emateko eta gogorarazteko, horrelako egoerak saiheste aldera, testua aldez aurretik bidali behar zaiola interpreteari. Arabako Batzar Nagusietan gertatutakoa interpreteen eguneroko lanean behin eta berriz gertatzen den egoeraren isla baino ez da. Horregatik, gaiari buruzko hainbat sarrera argitaratu ziren, halaber, hurrengo hilabeteetan, 31 eskutik blogean (Torralba Rubinos, 2023; Uriarte Atxikallende, 2023).
2023ko irailean, Espainiako Diputatuen Kongresuaren Erregelamenduaren aldaketa etorri zen (EAO, 2023), eta, horri esker, orain posible da autonomia-erkidego batean ofiziala den edozein hizkuntza erabiltzea Diputatuen Kongresuko osoko bilkuretan, batzordeetan eta Batzorde Iraunkorrean. Horrek berekin ekarri zuen hizkuntza koofizialetako itzultzaile eta interpreteen zerbitzuak kontratatu behar izatea hizkuntza koofizialetatik gaztelaniarako itzulpenak egiteko, Senatuan aspalditik egiten den bezalaxe.
Hori dela eta, interpreteen figurak begirada guztiak erakarri zituen bolada batez, eta elkarrizketa eta erreportaje ugari egin ziren aldibereko interpretazioaren inguruan. Euskal interpreteei egindakoen artean, aipatzekoak dira, besteak beste, bi elkarrizketa hauek: Itziar Otegi eta Iñaki Friera Eusko Legebiltzarreko interpreteena (Madruga, 2023) eta Jaione Arregi Diputatuen Kongresuko lehen interpretearena (Crespo, 2023).
Interpreteek bereganatutako arreta hori aprobetxatuta, 2023ko urriaren 25ean biltzeko deia egin zien EIZIEko Zuzendaritza Batzordeak euskal interpreteei, testuak aldez aurretik ez bidaltzeko joera orokortuak sortutako kezkari heltzeko. Zehazki, bileraren helburua interpreteen lan-baldintzen inguruan hitz egitea zen, arreta aurretiazko dokumentazioa bidaltzearen garrantzian jarrita, adierazpenaz haratagoko neurri zehatzagoak hartze aldera. Edonola ere, azkar geratu zen agerian interpreteek beren lan-baldintzei lotutako kezka gehiago ere bazituztela, eta bilera gehiagoren beharra egongo zela gai guztiei heltzeko. Egun horretan bertan erabaki zen interpreteen lantalde bat osatzea, arian-arian sortzen ziren beharrei erantzuteko helburuarekin.
Lantalde horrek beste bi bilera egin ditu artikulu hau idazten ari garen unera bitartean, eta bilera horietan agerian geratu da euskal interpreteen inguruko informaziorik oinarrizkoena ere falta dugula. Horregatik, azpitalde txiki batek konpromisoa hartu du galdetegi bat prestatzeko eta haren bidez interprete autonomoei nahiz hirugarrenen konturako interpreteei buruzko informazioa biltzeko. Irakurleek artikulu hau esku artean dutenerako, zabaldua egongo da, ziurrenik. Helburua da galdetegi horren bidez bildutako informazioarekin euskarako kabinako interpreteen diagnostiko bat egitea.
Galdetegiaz eta diagnostikoaz gain, beste asmo bat ere badago interpreteen lantaldeak osatutako eginbeharren zerrendan: EIZIEk berak sortutako dokumentu bat, interpreteei lan horri lasaitasunez uko egiteko babesa emango diena interpretazio-zerbitzua kontratatzen dutenek edo zerbitzuaren hartzaile direnek interpreteei gutxieneko baldintzak bermatzen ez dizkietenean. Oraindik ez dago argi dokumentu horrek zer itxura hartuko duen. Izan daiteke, agian, jarraibideen zerrenda bat, dekalogo bat edo gutxieneko baldintzen agiri bat, baina interpreteen eta bezeroen arteko harremana bideratzera egongo da zuzenduta, ziur. EIZIEk badauzka gaur egun beste erakunde batzuek egindako gida eta jarraibide batzuk euskarara itzulita, baina interpreteen lantaldeak egokiago deritzo EIZIEk bere dokumentu propioa sortzeari.
Bestalde, 2023aren bukaeratik 2024aren hasierara bitartean, Espainiako Diputatuen Kongresuko eta Senatuko interpretazio- zerbitzuen lizitazioak atera dira lehiaketara. Asmoa ez da gertatutakoari buruzko narrazio xehea egitea artikulu honetan (egingo dute, agian, aurrerago, prozesua bertatik bertara bizi izan dutenek), baina garrantzitsua iruditzen zaigu jasota uztea lizitazio bietako pleguek kezkatzeko moduan kaskartzen dituztela interpreteen lan-baldintzak. Eta, noski, ez bakarrik euskal interpreteenak, baizik eta baita Espainiako hizkuntza koofizialetako interprete guztienak ere.
Vértice sareak –Espainiako itzultzaile, interprete eta zuzentzaileen sareak– zenbait adierazpen argitaratu ditu lizitazio bien harira (Vértice 2024a, 2024b, 2024c), eta EIZIEk ere zabaldu ditu, euskaraz; izan ere, lizitazioen auziak bete-betean eragin dio gure lanbideari.
Gainera, EAEko interprete autonomoek ere beren behar espezifikoak jorratzeko azpitalde bat osatu dute 2024an. Hain justu, Korrika Donostiara iritsi zen egunean bildu ziren lehen aldiz Zemorian, EIZIEren egoitzan, beren lan-baldintza zehatzei buruz hitz egiteko.
Interpreteen lantaldeak euskararekin lan egiten duten interprete guztiak batzeko gune izan nahi du, baina argi dago interpreteen profilak eta beharrak ugariak direla, baita beren interesak ere. Horregatik, logikoa dirudi, interprete guztien lan-baldintzez arduratuko den talde handiaz gain, gai zehatzagoak modu autonomoan jorratuko dituzten azpitaldeak ere sortzea, interprete-profil guztiei babesa emateko.
Edonola ere, funtsezkoa da interpreteon lanbidearen eta irudiaren berri ematen jarraitzea, eta hori ere egin da azken hilabeteotan: 2024ko apirilean, Itziar Mendizabal interpretea Biba zuek! (EITB, 2024) saioan egon zen lanbidearen eta bere esperientzia pertsonalaren berri ematen. Eta, gainera, dibulgazio-lanetan ez ezik, arlo akademikoan ere egin dira aurrerapenak: hain zuzen ere, apirilean bertan, euskal interpretazioari buruzko lehen doktore-tesia defendatu zuen Claudia Torralba Rubinosek Euskal Herriko Unibertsitatean (EIZIE, 2024): Aldibereko interpretazioa eta Eusko Legebiltzarreko diskurtsoa: enuntziatu parentetikoen eta modalizazioaren azterketa corpus elebidun eta hirukoitz batean.
Zalantzarik gabe, euskal interpreteak martxan dira, eta, orain arte, bakoitzak bere kontura egindako lana partekatu eta banatzeko kanal berri bat sortu da elkartean. Bilera-deiak elkartearen intranetean zabaltzen dira, eta parte-hartzaile eta ekarpen guztiak dira ongi etorriak. Espero dugu 2025eko Senezen interpreteen diagnostikoaren berri ematera etorriko gatzaizkizuela elkarteko interpreteok.
Bitartean, ez dadila katea eten, eta gerturatu daitezela elkartera eta interpreteen lantaldera orain arte animatu ez diren interprete eskarmentudunak zein hasiberriak. Bide luzea dugu elkarrekin urratzeke.
Bibliografia
Crespo, C: (2023). «Berdin da nola erabiltzen dugun, euskaraz komunikatzea behar dugu», Argia.
Eao. (2023). «Reforma del reglamento del Congreso de los Diputados», Estatuko Aldizkari Ofiziala 229, 129.372.-129.374. or.
Eitb. (2024). «Itziar Mendizabal, interpretea: “Bikoteka egoten gara, txandaka; sekulako kontzentrazioa eskatzen du lanak’’».
Eizie. (2024). «Claudia Torralba bazkideak aldibereko interpretazioaren inguruko tesi bat aurkeztu du».
Eizieko Zuzendaritza Batzordea (2023). «Bileran testu idatziak irakurri behar badira, aldez aurretik eman interpreteei».
Madruga, M: (2023). «Escuchar y hablar a la vez: así se consigue dominar la traducción simultánea», El Correo.
Ortega, D. & Del Campo, J. L. (2023). «El sorprendente motivo del parón de 20 minutos en el Pleno de las Juntas Generales de Álava», 20 minutos.
Torralba Rubinos, C. M. (2023). «Ur lohietan ezkailuak», 31 eskutik.
Uriarte Atxikallende, M. (2023). «Interpreteon iraultza», 31 eskutik.
Vértice. (2024a). «Erakunde publikoetako itzulpengintzaz eta interpretazioaz».
———. (2024b). «Adierazpena, hizkuntza ofizialetarako Senatuko interpretazio- eta transkripzio-zerbitzuen lizitazioaren harira».
———. (2024c). «Bigarren adierazpena, hizkuntza ofizialetarako Senatuko interpretazio-eta transkripzio-zerbitzuen lizitazioaren harira».