Itzulpengintza administrazioan: zenbait gogoeta
Alaitz Zabaleta Sarobe

Idatzizko itzulpengintza administratiboari buruzko artikulu honetan, lehenbizi, dauzkagun datuak aztertzen dira, ikusteko zer hizkuntza erabiltzen den nagusiki testuak sortzerakoan. Ondoren, itzulpengintzak hizkuntza politikaren eskeman zer eginkizun bete behar duen hausnartzen da, eta gaztelania-euskara itzulpenetarako estrategiaz eman diren zenbait gomendio aipatzen. Kantitatearen eta kalitatearen arteko auzian lan zamak zer eragin duen ere mahaigaineratzen da. Bukatzeko, itzultzailearen ikusezintasuna, herritar euskaldunek Administrazioaren informazioa zenbaitetan berandu jasotzea eta itzultzaile neuronalen aukerak eta arriskuak aipatzen dira.

Telefonoak jo du bulegoan:

–Itzulpen Atala, egun on.

–Sí, hola, te llamo porque necesitamos una traducción urgente. Llevamos meses preparando una campaña y necesitamos imprimir los carteles esta semana, ¿os envío los archivos por email?

Bidali diguten fitxategia ireki, eta ezagun du publizistek hilabeteak igaro dituztela testua gaztelaniaz lantzen; jada irudi baten gainean egina dute erdarazko hitz jokoa… Astelehen buruzuria, eta eguneko lana aurrera ateratzeko magia egin beharra, bai ongi!

Nondik ari natzaizuen

Euskarabidean aritzen naiz, Itzulpen Zerbitzuan; 20 lagun gara, gehienak itzultzaileak eta beste batzuk itzultzaile-interpreteak. Artikulu honetan, idatzizkora mugatuko naiz; beraz, itzulpengintzaz bakarrik mintzatuko naiz.

Nafarroako Gobernuari ematen diogu zerbitzua. Itzulitakoaren ehuneko handi bat Nafarroako Aldizkari Ofizialeko testuak izaten dira, baina itzultzen ditugu bestelako testu asko ere, hala nola gutunak, departamentuen webguneetako informazioa, osasun zerbitzuen gomendioak, Ogasuneko inprimakiak, bileretako aktak, museoetako erakusketetarako eskuorriak, ikastetxeetako orientatzaileentzako txostenak, eta abar. Izatez, testu administratibo deitzen diogun multzo horretan oso testu desberdinak sartzen dira.

Zaharrak berri, oraindik ere

Euskararen normalizazioan, aurrerapauso handiak egin ziren 60ko hamarkadatik aurrera, euskara plazara jalgitzeko ahaleginean; ahalik eta jende gehienarengana, eta ahalik eta arlo gehienetara eramatea zen asmoa. Azken urteetan, ordea, erritmoa geldotu egin da.

Administrazioan, egoera erdipurdikoa da: hasteko, euskal lurralde batetik bestera aldeak daude, segun eta bakoitza zer legediren eta zer agintariren mende dagoen; eta, euskara hobekien dagoen tokietan ere, hutsune nabarmenak ditugu oraindik.

Administrazioko testugintzari dagokionez, aitor dezagun egia: Euskal Herrian, oro har, gehiena erdaraz sortzen da oraindik. Eusko Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko VI. plangintzaldiaren (2018-2022) amaierako ebaluazioaren datu nagusiei erreparatuta, dokumentu luzeak gaztelaniaz idazten dira gehienbat; denera, dokumentuen % 51 gaztelania hutsez sortzen da. Euskaraz sortutako idazkien kopurua % 20koa da, eta ele bitan sortuak % 29 dira. Gipuzkoako Foru Aldundian, langileen % 47k sortzen ditu euskaraz dokumentuak; Bizkaikoan, sortze hizkuntza gaztelania da lautik hirutan, eta, euskararen presentzia bermatzeko, itzulpenera jotzen da gehienetan (Arabako daturik ez dut topatu). Nafarroako Gobernuak ez du neurtzen dokumentuak zer hizkuntzatan sortzen diren; baina kontuan hartzen badugu, irakasleak kenduta, gainerako lanpostuen % 3k bakarrik dutela hizkuntza eskakizuna, ondoriozta dezakegu ia dena gaztelaniaz sortzen dela.

Udal eta mankomunitate askok badituzte euskara teknikariak edo itzultzaileak, edo biak; batzuetan, euskara teknikariari eskatzen zaio itzulpenak ere egiteko. Puntu horretan, aipatzekoa da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea; duela 30 urte sortu zen, eta, gaur egun, Hegoaldeko 107 udal biltzen ditu. UEMAko kide diren herri guztietan, biztanleen % 70etik gora euskalduna da. Lan ildoetako bat udala bera euskalduntzea da; hala, udalek hartzen duten konpromisoetako bat izaten da langileei behar duten prestakuntza eta baliabideak ematea dokumentuak euskaraz sor ditzaten. Gure itzulpen zerbitzuan, gutxi itzultzen dugu euskaratik gaztelaniara, baina testu horietako gehienak UEMAko udalek igorriak izaten dira: hirigintza baimenetarako aurkeztutako arkitektoen txostenak, Aldizkari Ofizialean argitaratzeko ordenantzak, eta abar.

Iparraldean, euskarari ez zaio oraindik ofizialtasunik aitortu. Mende hasieran euskalgintzak (zehazki, Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak) herriko etxeekin hasitako elkarlanari jarraipena eman zion gero Ipar Euskal Herriko agintari publikoek osatutako Euskararen Erakunde Publikoak; egun, herriko etxeen eta eskualdeen beharrei erantzuteko, 10 euskara teknikariz osatutako sare bat dago Iparralde osorako. Teknikari horiek euskara sustatzeaz eta herrietako euskara planen jarraipena egiteaz arduratzen dira, eta itzulpen zerbitzua ere eskaintzen diete herriko etxeei. Teknikari horien soldataren erdia Euskararen Erakunde Publikoak ordaintzen du, eta beste erdia, herriko etxeek.

Bistan denez, euskarazko testu administratibo gehienak itzulpenak dira; nagusiki gaztelaniatik itzultzen da, zerbait frantsesetik, eta, Europar Batasuneko kontuetan, ingelesetik ere bai (askotan, zubi hizkuntza gisa gaztelania hartuta). Beraz, Administrazioaren argitalpen eta agirietan euskararen presentzia bermatzeko lana, hein handi batean, itzulpenaren bizkar utzi da.

Itzulpengintzaren rola hizkuntza politikaren eskeman

Oro har, Euskal Herrian, pentsatu al da zer estrategiari jarraitu behar diogun itzulpengintzari dagokionez, euskara biziberritzeko bidean? Zer eginkizun esleitzen zaio itzulpengintzari administrazio bakoitzaren hizkuntza planetan? Hasteko, bada denetan euskara planik?

Erritmo desberdinak ditugu Euskal Herrian, ofizialtasunaren arabera: ofiziala ez den tokietan (Iparraldean eta Nafarroa gehienean), administrazioek ez dute dokumentuak euskaraz egiteko betebeharrik: erakunde bakoitzaren borondate kontua da. Kasu horretan, euskararen normalizazioari dagokionez, positiboa da itzulpenak eskatzea. Ofiziala den tokietan, ordea, iristen da puntu bat non lagungarri izatetik euskaraz ez sortzeko eta langileen euskara gaitasuna ez hobetzeko aitzakia bihurtzen den; joerak automatizatzen dira, eta, gero eta langile gehiagok behar den prestakuntza izan arren, gaztelaniaz sortu eta euskarara itzultzera bidaltzeko ohitura nagusitzen da.

Esan liteke, biziberritzearen ikuspegitik, itzulpen zerbitzuek hasierako makulu izan behar dutela Administrazioan, eta bidean aurrera egin ahala gero eta gutxiago erabili behar direla. Horrekin batera, garrantzitsua da itzulpenen norabidea aldatzea, beti erdaretatik euskarara itzultzea saihesteko; horrek zera eskatzen du, testuak euskaraz sortzeko erabakia hartzea eta langileei prestakuntza eta baliabideak ematea. EAEko administrazioetan euskara normalizatzeko planetan, azken urteetan jaso da kezka hori, eta planteatu dira euskaraz gero eta gehiago sortzeko zenbait neurri. Baina oraindik handia da gaztelaniaren aldeko inertzia.

Sor dezakegu hizkera administratibo propio bat gaztelania izanik iturri eta ispilu?

Honela dio Anjel Lertxundik Itzuliz usu begiak saiakeran: «Hizkera burokratikoak gaztelania du, eta ez euskara, iturri eta ispilu, eta itzulpena du oinarri» (2019: 110). Joandako hamarkadetan lan handia egin da euskarazko testugintza juridikoa eta teknikoa lantzen, euskarazko terminologia sortzen, eta abar. Oraindik eguneroko lana dugu testugintza fintzen jarraitzea. Baina posible ote dugu euskarazko hizkera administratibo propioa sortzea, argia, ulerterraza eta naturala, Euskal Herri osoko hiztunek ulertzeko modukoa, etengabe erdarazko testuei jarraitu beharra badiegu? Non gelditzen dira hizkera administratibo argirako gomendioak, gaztelaniazko testu barroko, arranditsu eta ulertezinetan murgilduta sortu beharrak baditugu euskarazkoak? Eta, hori aski ez dela, euskarazko testu bat jasoa den ala ez baloratzeko gaztelaniazko eredua hartzen badugu ispilutako?

Gure hizkuntza minorizatua beti ingurukoekin konparatuz, ahaztu egiten zaigu hizkuntza bakoitzak bere estiloa duela eta hori ez dela lotsatzeko kontua. Ingelesak hizkuntza erromantzeek baino estilo xumeagoa du, eta halere nagusi da munduan: «Tengan en cuenta que el inglés tiene un nivel de formalidad más bajo que las lenguas romances y, sobre todo, que el alemán» (Newmark, 1992: 219).1

Jakina, iturri ditugun testuetan etengabe ageri badira nahita bilatutako iluntasuna (dotoreagoa delakoan, eta batzuetan asmo maltzurrekin ere bai), abstrakzioak, finkatutako formulak eta lokuzioak, subjekturik gabeko aditz nominalizatuak, inpertsonalak eta «Desde el Departamento de Salud» eta halako formulak, non azkenean erabat lausotzen baita nork zer erabaki duen eta nori dagokion zer egitea… Hegoaldean etengabe ari bagara gaztelaniari begira, eta Iparraldean frantsesari… Baldintza horietan, eguneroko erronka da ordenagailuaren aurrean eseri eta euskarazko testu argiak lortzea.

Erdarazko antilinguaren aldamenean, euskarazko testu argiak

Testu administratiboak eta teknikoak, askotan, korapilatsuak eta idazkera eskasekoak izaten dira. Jatorrizkoaren idazleak gutxitan egiten du testuaren ulergarritasunaren gaineko hausnarketa estilistikorik; testuak kutsu politikoa badu, ongi josi gabeko modako esapideak agertuko dira, eta, testua teknikoa bada, arloari dagozkion hizkera eta terminoak, errukirik gabe sartuak. Zenbaitetan, tarrapatan idatzitako testuak izaten dira. Itzultzaileok gutxitan izaten dugu testua idatzi duenarekin mintzatzeko aukera. Halakoetan, erronka handia izaten da jatorrizkoaren ideiak eta ñabardurak testu itzulira eramatea.

1958an, itzulpen prozeduren sailkapen aitzindari bat proposatu zuten J. P. Vinay eta J. Darbelnet autoreek. Batetik, zuzeneko itzulpen prozedurak daude (mailegua, kalkoa, hitzez hitzeko itzulpena); bestetik, zeharkakoak (transposizioa, modulazioa, baliokidetza eta egokitzapena). Zuzeneko itzulpen moduak forman jartzen du itzulpenaren pisua, eta zeharkakoak, berriz, mamiari begiratzen dio batez ere.

1990eko hamarkadan jada hausnarketa interesgarriak egin ziren euskarara zeharkako estiloan eta helburuaren arabera itzultzeari buruz, gaur egun bete-betean balio digutenak. Jon Agirrek 1996an Administrazioa euskaraz aldizkarian argitaratutako «Itzulpen zuzena itzulpen txarra da» artikuluan, honako hausnarketa hau plazaratu zuen: Administrazioa elebiduna denean, herritarrak ez du jakin nahi beste hizkuntzako bertsioak zer dioen, Administrazioak zer dioen baizik; alegia, Administrazioak zer jakinarazi nahi dion inporta zaio. Hori kontuan hartzeak itzultzeko moduari eragiten dio; hala, itzultzaileak gaztelaniazko bertsioa erabiltzen du Administrazioak zer dioen jakiteko, ez gaztelaniazko bertsioaren estiloari orpoz orpo jarraitzeko, eta itzultzaileak askatasuna du estilo ulergarria erabiltzeko.

Bide beretik, pare bat ale beranduago, «Desegin eta berregin» artikulua argitaratu zuen Edorta Españak. Hartan zioenez, erdara jasotik euskara jasora igarotzeko bidea ez da gaztelaniazko testuaren estiloa zuzenean euskaraz ematea. Haren ustez, bideak desberdina izan behar du: hasteko, testuko esaldi bakoitzaren analisia egin eta erdara «jaso» horren mezuak deskodetu behar ditugu (alegia, esaldiaren oinarrizko ideiak esaldi banatan zerrendatu); ondoren, ideia horiek euskarazko oinarrizko esaldi bihurtu (zubia); eta, azkenik, esaldiok euskarazko diskurtso modura egituratu, euskarak berak gure esku jartzen dituen tresnen laguntzaz.

Geroago ere, ekarpen baliagarriak egin ditu Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak: besteak beste, hor ditugu Jesus Maria Agirreren Itzulpen estrategiak. Gaztelaniazko testu juridikoak eta administratiboak liburua, 2009koa, eta berriki hainbaten artean idatzitako 20 aholku hizkera juridiko administratiboa hobetzeko.

Irizpide horiekin guztiekin, lortzen badugu euskarazko testua erdaretakoa baino argiagoa izatea, abantaila hori emanen diogu euskarazko testuari irakurlearen aurrean, bai baitakigu korronte nagusiak erdarazkora eramanen duela. Hortaz, komunikatzeko eta lan egiteko balio duten testuak sortu behar ditugu, ez baita egia literatur itzulpenak bakarrik zaindu behar direnik, euskaraz bizi eta lan egin nahi badugu behintzat (Newmark, 1992: 257):

La idea de que los traductores, en particular los de textos no literarios (textos informativos), tienen el deber de escribir bien está lejos de ser aceptada de forma general: muchos creen que, estando por medio los hechos, el estilo pasa a un segundo lugar. Pero lo cierto es que es el estilo el que garantiza que se presenten los hechos acertadamente.2

Hala, Administrazioko itzultzaileok zeregin garrantzitsua dugu, bai euskara normalizatzen, bai estandarizatzen. Jakina, aintzat hartu behar dugu testua nolakoa den; lege batekin ari garenean, zorrotzago jokatu beharko dugu (terminoekin adi ibili eta perpausaren esanahiaren ñabardura guztiak jaso), baina horrek ez du esan nahi ez dugunik ulergarri uzten saiatu behar (demokrazian sinesten badugu behintzat); zer esanik ez gorago aipatutako bestelako testu bat itzultzen ari garenean. Aintzat hartu behar genuke Newmarkek esaten digun hau: «La terminología puede constituir del 5 al 10 por ciento del texto, pero el resto es lenguaje» (ib. 220).3 Eta aurreraxeago: «No se pillen los dedos con la terminología, pero sean atrevidos con la sintaxis retorcida» (ib. 300).4

Bide beretik, Joseba Lozanok 1997ko «Zenbait argibide euskara juridikoaren gainean» artikuluan aipatu zuenez, testu juridiko gordinek babesgabe uzten dituzte herritarrak; ulertzeko zailak direnez, ez dute betetzen segurtasun juridikoaren printzipioa, herritarrek eskubide osoa baitute egintzaren izaera eta edukia ezagutzeko. Hala, hauxe dio: «Testu zehatza baina ulertezina testu zehazkabea baina ulergarria bezain arriskutsua da».

Kantitatea ala kalitatea?

Lan zama handia dugunean egiteko, ordea, non gelditzen da euskarazko testu argien asmo hori? Arduradunek zer eskatzen digute, lehentasuna zeri emateko, kantitateari ala kalitateari? Itzulpen bulegoan lan asko pilatzen denean, edo lan baldintza prekarioetan ari den autonomoa garenean, zaila da kalitateari eustea. Baina hausnar dezagun: euskarari zerk egiten dio mesede handiagoa, testu kaxkar pila bat argitaratzeak, ulertzeko zailak (horrekin mezu hau ematen zaiolarik irakurleari: «Euskarak ez du balio komunikatzeko»), ala dauden testuak baliagarriak izatea, lehen kolpean erraz eta natural irakurtzen direnak? Halakoetan, irizpide bat izan daiteke aurreikustea zer testu izanen diren zuzenean fitxategietan geldituko direnak, eta zein jendaurrerako edo lanerako erabiliko direnak, eta bigarren motakoei eskaintzea denbora gehiago.

Administrazioak bere itzultzaile propioak izaten ditu gehienetan, baina, lan bolumen handiari aurre egiteko, kanpoko itzulpen enpresei eta autonomoei ere eskatzen zaizkie itzulpenak maiz. Hala, egoera are okerragoa da autonomoen kasuan eta, zer esanik ez, autonomo faltsuen kasuan, non enpresek irizpide ekonomikoak jartzen baitituzte euskararen normalizazioaren aurretik (eta non gelditzen da itzultzailearen lan baldintzen kalitatea?). Itzulpen enpresek ematen diete garrantzirik enkargatu dizkieten testu administratiboen itzulpenen kalitateari, ala ahalik eta azkarren gainetik kendu beharreko lantxotzat hartzen dituzte askotan?

Agian, hasteko, galdera honi erantzun behar genioke: zein da euskaratzearen helburua guretzat, lanerako eta komunikatzeko balio duten testuak sortzea ala erdarazko testuaren aldamenean apaingarri bat jarri eta egitekoen zerrendan amaitua markatzea?

Administrazioan, itzultzailea are ikusezinagoa

Venutik 1995ean salatu zuen jada ingelesera egiten diren itzulpen gehienak itzulpen itxurarik ez duten testu gardenak izaten direla eta itzultzailearen ikusezintasuna itzulpen onaren seinaletzat hartzen dela.

Administrazioan, itzulpengintza lan ikusezina da zeharo; itzultzailea ez da aipatzen. Testua bera itzulpena denik ere ez da aipatzen gehienetan. Egia esan, Administrazioan, jatorrizko testuaren idazlea bera ere ikusezina da. Egile eskubiderik ere ez dute izaten Administrazioko testuek. Gainera, esaldi inpertsonalez josiak egoten dira. Horrek guztiak ez du esan nahi, ordea, ahaleginik egin behar ez dugunik esaldien subjektuak edota ekintzen egileak zein diren argitzeko, batez ere ekintza horiek herritarrek egin beharrak dituztenean.

Gainera, administrazio handietan, itzultzaile taldeak ditugu. Taldean ari garenean, eta itzulpenaren erantzulea itzulpen atala denean eta ez norbera, estiloak taldekoa izan behar du. Erromantizismoaren ondoren ia pentsaezina iruditzen bazaigu ere, artea bera ez da beti pertsonala izan; gaur egun pertsona baten izenean ezagutzen ditugun margolan eta eskultura asko taldean egin zituzten halako eskolako kideek, eta ez da bereizten zer zati egin zuen bakoitzak. Esate baterako, Berniniren eskolak egindako Apolo eta Daphne eskulturan, dokumentuetan jasoa ez balego, ezingo genuke bereizi atal bakoitza nork egina den. Itzulpen administratiboan ere, norberaren itzulpen estiloa baino, itzulpen atalaren (eta, azken batean, erakundearen) estiloa da garrantzitsuagoa, nahiz beti nabaritu bakoitzaren eskua. Bateratzea garrantzitsua da. Euskalkia ahal denean aintzat hartzea ere bai, euskara batuan jasoak dauden aldaerak erabiliz.

Euskaldunei informazioa eta erantzunak, beranduago

Nazioartean, itzulpen administratiboaren irizpideetako bat hauxe da: bermatu behar du ez dela etenik egonen Administrazioaren prozesuetan hizkuntza dela eta.

Tokitan gaude, Nafarroan behinik behin. Herritarrek idatzizko eskaera bat euskaraz egiten dutenean, erantzuna itzulpen zerbitzura inolako presarik gabe bidaltzen digute zenbaitetan, eta noizbaitekoan jasotzen du herritarrak. Webguneetan jartzen den informazioa lehenbizi gaztelaniaz jartzen dute askotan, eta berandu oroitzen dira euskarazko itzulpena eskatzeaz. Zer hobetu handia dugu oraindik arlo horretan.

Aro digitala eta itzultzaile neuronalak

Google Translatek egindako hanka sartzeen kontura botatako barreak gorabehera, Euskal Herrian sortutako itzultzaile automatiko neuronalek emaitza onak ematen dituzte oro har, euskara-gaztelania binomioari dagokionez bai behintzat; jakina, inondik ere ez itzultzaile on baten eskutik ateratzen direnen parekoak.

Asko hitz egin da itzultzaileontzat teknologia horrek dituen abantailez, eta dituen arriskuez ere bai, eta segituko dugu aurrerantzean ere horretaz mintzatzen. Hemen, beste alderdi bat aipatu nahi nuke, labur bada ere; Administrazioko gainerako langileengan izan dezakeen eragina. Itzultzaile neuronalek, hein batean, autonomia ematen baitiete. Euskaraz ez dakitenen kasuan, aukera ematen die eskuartean duten euskarazko testua berehala ulertzeko, mezuaren oinarria behinik behin; eta, itzulpen zerbitzura bidaltzen dizkigutenean Administrazio barrenean argitaratu gabe erabiliko diren laneko testuak, postedizio arinarekin azkarrago itzultzeko aukera ematen digu. Langile euskaldunei, berriz, bi hizkuntzetan idaztea errazten die. Aipatzekoa da emaitza bereziki onak ematen dituela euskaratik gaztelaniara egindako itzulpenetan, eta hori izan liteke ifrentzua behingoan euskaraz sortzen hasteko beldurrik gabe. Besterik da oraindik euskaraz maila nahikoa ez duten langileek neuronalen itzulpenak postediziorik gabe argitaratzea, halakoren bat ere ikusia baitugu webguneetan…

Dena den, ez da ahaztu behar kalterako ere izan daitekeela; besteak beste, eragin dezakeelako langileek ohitura hartzea testuak gaztelaniaz sortu eta neuronalaren bidez itzultzeko, euskaraz trebatzea eta eguneroko lanarekin ikasten jarraitzea oztopatuz. Gainera, kalitatezko testua nahi bada, langileak ere, itzultzaileak bezala, behar den denbora eskaini behar dio postedizioari.

Laburbilduz

Gorago aipatu dudanez, testu administratibo gehienak oraindik erdaretan sortzen dira, eta itzultzaileok zeregin garrantzitsua dugu euskararen biziberritze prozesuan. Horregatik, lan zama gorabehera, erdarazko testuaren morrontzatik askatu eta euskarazko testu argiak sortzeko askatasuna eman behar diogu geure buruari, euskaraz bizi eta lan egiteko aukera emanen duten testuak sortuz.

 

Bibliografia

Agirre, Jesus Maria (2009). Itzulpen estrategiak. Gaztelaniazko testu juridikoak eta administratiboak, Zarautz: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea.

Agirre, Jon (1996). «Itzulpen zuzena itzulpen txarra da», Administrazioa euskaraz 14, Gasteiz: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 18. or.

Amatria et al (2022). 20 aholku hizkera juridiko-administratiboa hobetzeko, Basauri: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea.

España, Edorta (1997). «Desegin eta berregin», Administrazioa euskaraz 16, Gasteiz: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 18. or.

Lertxundi, Anjel (2019). Itzuliz usu begiak, Irun: Alberdania.

Lozano, Joseba (1997). «Zenbait argibide euskara juridikoaren gainean», Eleria 1, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 55.-75. or.

Newmark, Peter (1992). Manual de traducción [itz. Virgilio Moya], Madril: Cátedra (jatorrizkoa 1987an argitaratua).

Vinay, J.P. & Darbelnet, J. (1996). Stylistique comparée du français et de l’anglais: méthode de traduction, Paris: Éditions Didier (lehen aldiz 1958an argitaratua).

Venuti, Lawrence (1995). The Translator’s Invisibility: A History of Translation, Londres: Routledge.

Erakundeei buruzko datuak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila (2018). Eusko Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko irizpide orokorrak eta plan nagusia. VI. plangintzaldia (2018-2022), Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Eusko Jaurlaritzan euskararen erabilera sustatzeko plana (2023-2027).

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskararen Erabilera Plana (2023-2027).

Bizkaiko Foru Aldundia. Euskararen erabilera normalizatzeko plana. VI. plangintzaldia (2018-2022).

Nafarroako Gobernuko departamentuetako hizkuntza planen ebaluazioa (2019-2022).

UEMA.

Letona, Xabier (2013). «Bederatzi iritzi, hamaika egoera ezberdin aldatzeko», Larrun 114, Lasarte-Oria: Argia, 9.-11. or.

EEP.


Oharrak

1. Hona hemen aipua euskarara ekarririk: «Kontuan izan ingelesak formaltasun maila baxuagoa duela hizkuntza erromantzeek eta, batez ere, alemanak baino».

2. «Oro har, ez da inondik ere onartzen itzultzaileek, batez ere testu ez-literarioen (testu informatiboen) itzultzaileek, ongi idatzi behar dutela dioen ideia: askok uste dute ezen, gertaerak tartean direlarik, estilo abigarren maila batean geratzen dela. Egia da, baina, estiloak ziurtatzen duela gertaerak behar bezala azaltzea».

3. «Terminologia testu baten ehuneko bost edo hamar izan daiteke; gainerakoa, hizkuntza da».

4. «Ez hatzak harrapatu terminologiarekin, baina izan ausartak sintaxi bihurriarekin».