«Bileran testu idatziak irakurri behar badira, aldez aurretik eman interpreteei»
EIZIEren adierazpena.
Joan den ekainaren 28an, ahaldun nagusia aukeratzeko bilera egin zuten Arabako Batzar Nagusietan, eta, Euskal Herriko erakunde gehienetan bezala, euskara-gaztelania interpretazio zerbitzua baliatu zuten, han bildutakoen hizkuntz eskubideak bermatu ahal izateko; hau da, batzarkideek bi hizkuntza ofizialetako edozein erabilita ere gainerako guztiek ulertuko zutela bermatzeko.
Eguneroko praktika da hori gure administrazioetan, eta inor gutxik erreparatuko zion, ahaldungai nagusi baten hitzaldia hasi eta minutu gutxira bilera eten ez balitz. Albiste izan zen interpreteak eragin omen zuen etenaldia.
Interpreteak, jakin dugunez, behin baino gehiagotan eskatu zituen testuak bilkuraren aurretik, baina jada kabinan zegoela jaso zuen hautagaia irakurtzen ari zena. Ekin zion, hala ere, baina halako batean adierazi behar izan zuen ezin zuela interpretatzen jarraitu, ez baitzuen testua lantzeko astirik izan. Azkenean, jarraitzeko eskatu ziotenez, 5 minutu eskatu zituen horretarako.
Guztiok dakigun bezala, ez dugu berdin idazten eta hitz egiten, ez ditugu hizkuntza erregistro berberak erabiltzen batean eta bestean, ez dugu informazioa berdin antolatzen, ezta esaldiak ere. Horrexegatik, testu idatziak itzuli egiten dira (denboraz, hiztegiak eta bestelako baliabide guztiak eskura), eta ahozko jardunak, berriz, aldi berean interpretatzen dira, hitzak ez ezik testuingurua eta hizlariaren keinuak eta gorputz-hizkera kontuan hartuta edukia ahalik eta zehatzen pasatzeko beste hizkuntzara.
Eta badira erdibideko egoerak ere, mintzagai dugun hau lekuko: alegia, hitzak eta esamoldeak ondo neurtuta prestatu den testu bat irakurtzen da jendaurrean. Gainera, hizlariak (politikaria, gehienetan) badaki hitz horiek hedabideetara zabal daitezkeela, eta, beraz, kontu handiz landutako testua izan ohi da.
Halakoetan, interpreteak ezinbestekoa du testua ezagutzea, lan duina egingo badu; hasi aurretik irakurtzea, behin badarik ere, eta, nahitaez, begien aurrean edukitzea, interpretatzen ari den aldi berean irakurtzeko moduko formaturen batean. Zenbat eta lehenago eman testua interpreteari, orduan eta hobeto helduko zaie mezua entzuleei, eta aipatutako bi gutxieneko baldintza horiek bete ezean, ezinezkoa izango da maila bertsuko diskurtsoa helaraztea interpretazioa entzuten dutenei.
Horixe gertatu zen Arabako Batzar Nagusietan, eta horixe gertatzen da sarritan euskal erakundeetan: ez direla gutxieneko baldintzak betetzen.
EIZIEren iritziz, interpreteak hartu zuen erabakiak entzuleei, hizkuntzei, interpretazioari berari eta norberaren lanari zor zaien errespetua erakusten du, eta babesa adierazten dio interpreteari, ondo egin eta bete zituelako bere lanari zegozkion urrats guztiak; ahaldungai nagusiaren hitzaldia garaiz bidali izan balio horren ardura zuenak ez zen ezer gertatuko, eta bilera normaltasun osoz egingo zen, hasi eta buka.
Adierazi nahi dugu, bestalde, badirela interpretazio-saioetarako protokoloak, halako egoerak saihesteko lagungarri, guztion mesederako.
Zuzendaritza Batzordea
2023ko uztailaren 5ean