'Ulises'en itzulpenaz
Xabier Olarra

James Joyceren 'Ulises'en itzulpen-prozesua du hizpide artikulu mamitsu honek. Itzultzaileak berak mendeurreneko argitalpenari egindako oharrean adierazi zuen ezen 'Ulises'en itzultzailearen sufrikarioak ez direla bukatzen itzulpena bukatzearekin batera. Sisifo bezala kondenatua dela behin eta berriz harritzarra mendi-gailurrera igo, eta hura mendian behera eroritakoan berriro gorantz bultzaka abiatzera. Prozesuaren berri ematen digu itzultzaileak artikulu honetan: dokumentazio fasea, testua ulertzeko zailtasunak, hartutako erabakiak, zuzenketa eta eguneratzea, eta abar.

Sarrera

Segur aski, arrazoi asko aurki zitezkeen duela hamar urte Ulysses euskaratzeko.1 Besteak beste, gaztetan halako miresmena sortu zigun liburua –modernismoaren gailurra askoren ustez eta XX. mendeko narratiban eraginik handiena izan duen nobeletako bat, dudarik gabe– noizbait euskaratua ikusi nahia. Bestalde, bazirudien euskara (edo euskal itzulpena) ez zela bere «goihen gradora» iritsiko harik eta hori lortu arte. Gaia aipatu, bai, aipatzen zen literaturazaleen gezur- etxapeetan, baina nork heldu hain lan neketsuari?

Hala, 2012ko ekainaren 16an (Bloomsday eguna), erdi txantxetan bota nuen txio bat Twitterren, esanez hasiera emana niola itzulpenari eta kalkulatzen nuela 4 txioren karaktere- kopurua egunero itzuliz gero (500 karaktere inguru, garai hartako Twitterren mugaren arabera) 2022rako buka nezakeela; lehen edizioaren mendeurrenerako, beraz.

Hala ere, berri hori erdi txantxetan eman arren, 500 karaktere (edo, tarteka, gehixeago) erdi serio itzultzen hasi nintzen, goizero, ordenagailurik gabe, eskuz idatziz, presaka ez ibiltzeko asmo sendoarekin, eta kontsultarako paperezko hiztegiak bakarrik erabiliz. Zergatik mantso itzuli nahi hori? Esango nuke neronek (eta beste batzuek) lehenago egindako itzulpen askori nabari zaiela azkarregi bukatu izana –epeak, Durangoko azoka edo beste hainbat arrazoi direla tarteko–, eta hori saihestu nahi nuen itzulpen horretan.

Lehen hiru episodioen lehen bertsioa hiru hilabete ingururen buruan zatika eman nuenean, twitterzaleei –eta neure buruari– atsedenalditxo bat ematea erabaki nuen (hor botatzen nien egunero harrikada, ekainaz geroztik), eta 2013ko urtarril inguruan, berriz, obraren itzulpenari serio heltzea. Izan ere, lehen hiru episodioen itzulpena ez zen bereziki neketsua izan, ez lanordu kopuruaren aldetik, ez itzulpenaren beraren aldetik, baina bada bigarren episodioan zati itzulezintzat jo daitekeen horietako bat, eta hori, noski, lehenbiziko abisua baizik ez zen izan, gero eta maizago agertuko ziren beste askoren aitzindari. Eta bai agertu ere! Nahi baino gehiago. Beraz, hobe txantxetan ibiltzeari lehenbailehen uztea.

Esan bezala, 2013ko urtarrilean, epe laburragoan bukatu eta argitara emateko erabakia hartu nuen, nahiz eta epe jakinik ezarri ez neure buruari, eta, garai hartako artxiboei begiratuta, ikusi dut lehenbiziko 8 episodioen lehen bertsioa egina nuela 2013ko udarako. Artxibo zaharrei beste begirada bat emanda, ohartu naiz 2014ko udarako egina nuela Ulises osoaren lehen zirriborroa. Lana 2015eko Bloomsdayrako argitaratu zen. Hiru urte, beraz, buru-belarri. Zuzenketak ia itzulpenak adina lan emango zidala aurreikusita, zenbait itzultzaileri laguntza eskatu nien: Joseba Urteaga, Esti Lizaso, Juan Garzia, Idoia Santamaria, Matías Múgica, Koldo Izagirre, Fernando Rey eta (agian orain ahaztua dudan) besteren bati.

Dokumentazio fasea

Itzulgaia zehazki zein den erabakitzeak ez du, normalean, buruhauste berezirik ekartzen. Izaten dira eskura jatorrizkoen lehenbiziko edizio egokiak, eta, klasikoen kasuan, edizio kritikoak, ohardunak eta gisakoak ere bai, askotan. Ulysses, ordea, berezia da horretan ere. Lehenbiziko edizioa akatsez josia atera zen, eta akatsek han jarraitu dute XX. mende osoan zehar argitaratutako bertsioetan ere, bai egilea bizi zelarik eta bai hil ondoren ere. Joyce bera bizi zelarik, lehenbiziko edizioan agertutako akatsen zerrenda franko egin ziren (batzuk Joycek berak berrikusiak), eta hurrengo edizioetan egin zen akats horien zuzenketa.

Nire eskuetara –ez dakit ez nola eta ez noiz– iritsi eta osorik irakurri ahal izan nuen lehenbiziko Ulysses (aurretik beste bi Ulises irakurtzen saiatu eta gero, José Salas Subiraten bertsioa eta José María Valverderena), Jeri Johnsonek apailatua izan zen. Edizio oharduna, eta lehenbiziko edizioko akatsen zuzenketari arreta berezia jartzen ziona. Zorte handia izan zen niretzat edizio hori eskuratu izana Ulysses itzultzea nire ametsik zoroenetan ere sartzen ez zenean, ez bainintzen espresuki horrexen bila joan. Gerora, ikusi ahal izan dut bai espainolera, bai frantsesera eta bai italierara XXI. mendearen bueltan egin diren itzulpenen egile gehienek testu hori hartu dutela oinarri, eta Gablerren2 edizioa lagungarri gisa zenbait pasartetan. Horixe bera egin dut nik.

Lehenbiziko pausoa, beraz, itzulgaia zein den eta «zer dioen» ulertzea da. Eta hor, nire kasuan behintzat, ezinbestekoa izan da Don Giffordek 1976an argitaratu zuen Ulysses Annotated ohar-liburu ospetsua. Bi hitz esango ditut jatorrizkoa bera baino luzeagoa den ohar-liburu horretaz. Gifford irakasleak bizitza osoa eman zuela bere ikasleei Joyceren obrak ulergarri egiten, eta ezinbestekoa izan dela urte horrez geroztik itzuli dugun zenbaitentzat.

Ulyssesi oharrak jartzeari dagokionez, ordea, Sam Slote irakasle eta adituari eman behar zaio txapela. Izan ere, Ulisesi oharrak jartzea lan «potentzialki amaigabea» dela esan ondoren, eta bera ez dela azken zokoraino joan baizik eta erdi parean gelditu dela, ikusten dugu 9.000 ohar erantsi dizkiola bere Ulyssesi, Don Gifforden, Weldon Thorntonen eta Zack Bowenen lanetan dauden guztiak batuta baino gehiago, segur aski (ikus Bibliografia).3

Dokumentazioaren fasean egin ohi dugun beste lan bat egilearen biografiei begirada bat ematea izan ohi da.

Lehenbizi aipatu beharrekoa Richard Ellmannena da, James Joyce izenburua duena.4

Bide horretan, beharbada interesgarriagoa da, hurbilagotik eta barrutik egina denez, Joyceren anaia Stanislausen My Brother’s Keeper oroitzapen-liburua, eta, Ellmannen ikuspegi objektibotik urruntzen bada ere, inork baino hobeto ezagutzen zituen puntuak ageri dira maiz liburuan zehar.

Alde horretatik, Joyceren emazte Nora Barnacleren biografia ere berrirakurri nuen, Brenda Maddoxek Nora izenburuarekin argitaratua eta aspalditxo irakurria nuena. Izan ere, maiz adierazi izan da Molly Bloom pertsonaiak Nora Barnacle duela oinarri.

Beste informazio-iturri interesgarri bat, garai horretako idazleen kasuan, haien gutunak izaten dira. Eta gure kasuan ere bada 3 liburukiz osatutako bilduma bat, Stuart Gilbert adituak apailatua eta Richard Ellmann biografo eta kritikaria editore zela argitara emana.5 Gero, Ellmanek gutun hautatuen bilduma bat argitara eman zuen, eta hortik egin zuen Alistair Gentryk The Dirty Letters of James Joyce to Noraizenburuarekin argitaratu zen gutun likits ospetsuen hautaketa. Komeni da, beraz, azken gutun horiei begirada bat ematea; izan ere, hor aurkituko ditugu Joycek berak gutun horietan agerian jarri zituen sexuaren arloko bere obsesioak eta zenbait joera «bitxi».

Edizio oharduna

Ulises da, diotenez, «irakurri beharreko» klasikoetatik, aspertuta aurrera egin ezinik, gehien baztertu izan den liburua. Horregatik, abentura horretan sartzea erabaki nuenean, hasiera- hasieratik pentsatu nuen argitalpen ohardun bat prestatzea, horrek gauzak pixka bat erraztuko zituelakoan. Horrela jokatzeak ez zituen testuaren irakurketak berez dituen zailtasun guztiak konponduko, baina espero nuen bide malkartsu hori leunduko zuela pixka bat. Ulises oharrez hornitzeari buruz iritzi kontrajarriak daude, baina nik argi neukan irakurle gehienek eskertuko zutela, eta bide horretatik jotzea erabaki nuen.

Sam Slotek dio, bere edizioaren hitzaurrean, Ulises oin-oharrez hornitzeko lana potentzialki mugagabea dela, eta, horregatik, berak nahiago izan duela behe aldetik ibili. Hala ere, nobela bera baino luzeagoa da oharren zerrenda. Nik ere horixe egin nahi izan nuen, niri deigarriak eta argitu beharrak iruditu zaizkidanak bakarrik gehitu testuari, eta, aldi berean, irakurketa ez oztopatzeko, ohar horiek guztiak bukaeran jarri (ez orri-barrenean), beste hiru argitalpen ohardun horietan bezala.

Oin-oharren helburua, oro har, testua argitzea da, baina hori, noski, era askotara egin daiteke, eta, horregatik, era askotako oin-oharrak daude bai Gifforden lanean bai Sam Sloterenean, eta, ondorioz, baita nire Ulisesen ere. Dena dela, lau sail hauetara bil daitezke: 1) Aipu eta gisakoei buruzko argibideak, 2) Pertsonaia historiko, literario eta gisakoei buruzkoak, 3) Ingelesaz aparteko hizkuntzetan dauden zatien itzulpen eta interpretaziokoak, eta 4) Ingelesezko zenbait hitzi buruzkoak (bereziki, hitz zaharkituak, antzinako argotekoak, Irlandako erabilera berezikoak eta abar ulergarri egiteko informazioa). Euskarazko bertsioan, 4. sailekoek ez dute lekurik, baina, sail horren ordez, itzulpenaren ikuspegitik interesgarriagoa den beste bat aipatu beharko genuke: itzultzailearen ezinen berri ematen dutenak edo hala moduzko itzulpenen justifikaziokoak. Horiek izaten dira, funtsean, literatur itzulpenean erabili ohi direnak, honela formulatuak, gutxi gorabehera: «Hitz-joko itzulezina, jatorrizkoaren halako edo halako hitzen homonimian oinarritua». Holakoak ere badira euskarazko Ulisesen.

Esan ditzadan orain bi hitz oin-oharrei buruz, 2022ko nire ikuspegitik. Hasieratik saiatu nintzen funtsezkoak iruditzen zitzaizkidanak bakarrik jartzen, eta, hala ere, 2.000tik gora atera zitzaizkidan. Don Gifforden lanari jarraitu nion, oro har, eta saiatu nintzen beharrezkoenak edo testua ulertzeko niretzat baliagarriak izan zirenak hautatzen. Gerora, Giffordena baino lan osatuagoa eta berriagoa denez, Sam Sloteren ohar batzuk ere baliatu nituen. Gaurko ikuspegitik, berriz, beste hautaketa bat egingo nuke, eta agian erdiraino edo are laurdeneraino murriztuko nuke ohar-kopurua. Beraz, labur esatearren, irakurketan ez galtzeko ezinbestekoak bakarrik jarriko nizkioke, liburua paperezko ohiko formatuan argitaratzez gero. Formatu digitalean bada, berriz, nahi adina luza daiteke oharren atala.

Barne-bakarrizketa edo kontzientzia-jarioa7

Barne-bakarrizketa, Ulisesen muina

Barne-bakarrizketak leku zentrala du Ulisesen. Narrazio-teknika hori ez da Joycek sortua, eta, aurrekari asko aipa daitezkeen arren, berak aitortzen zuen Édouard Dujardin idazle sinbolista frantsesaren Les lauriers sont coupés liburutik hartua zuela. 1887ko nobelatxo ia ahaztu horri ez zitzaion garrantzirik eman Joycek teknika hori Ulisesen erabili arte, baina Joyceren adiskide Valéry Larbaud idazleak garbi adierazi zuen, Ulisesi 1925ean egindako hitzaurre batean, Dujardini zor zitzaiola XIX. mendearen bukaeran teknika hori (asmatu edo) erabili izana.

Esan dezadan, bidenabar, teknika horren erabilerak euskal nobelagintza modernoan izan duen garrantziaz lehenbizi arduratu zena Ibon Sarasola izan zela, Txillardegiren eta Saizarbitoriaren nobelagintza aztertu zuenean.8

Joycek barne-jarioaren teknika nola erabili zuen ulertzea funtsezkoa da Ulisesen erosotasunez aurrera egiteko. Izan ere, funtsean, hiru pertsonaiaren bakarrizketa da Ulises, barne-jario horren aldean garrantzi izugarririk ez duten joan-etorri batzuez zipriztindua, horrela esatea zilegi bada: Stephen Dedalus, Leopold Bloom eta Molly Bloom pertsonaiena.

Hiru pertsonaia nagusien monologoak

Luze joko luke monologo horietako bakoitzaren azterketak, baina esan dezagun gutxienez zein diren ezaugarri nagusietako batzuk:

  1. Pertsonaiarekiko egokitasuna (edukizkoa eta estilozkoa).
  2. Kanpoko munduarekiko erreakzioen adierazpena.
  3. Burutazioen «autonomia» edo kateatze ez-logikoa.

Hobeto ulertuko dugu adibideen bitartez. Hona, hurrenez hurren, hiru pertsonaia nagusien adibide bana.

Stephen Dedalus (Ulises, 49. or.):

Ikusgarriaren modalitate saihetsezina: hori behintzat nire begien bitartez pentsatua. Hor diren gauza guztien signaturak irakurtzeko nagok hemen, itsas arrabak, itsas belarrak, hurbiltzen ari den itsasgora, bota herdoildu hori. Muki-berdea, zilar-urdina, herdoil-kolorea: zeinu koloredunak. Diafanotasunaren mugak. Baina gehitzen dik: gorputzetan. Beraz, jabetua zuan gorputz horien izateaz, are koloredun zirela jabetu aurretik.

Leopold Bloom (Ulises, 67. or.):

Ergelak omen dituk (katuak). Esaten duguna hobeto ulertzen ditek, guk berek diotena baino. Nahi duen guztia ulertzen dik. Mendekuzalea ere bai. Zer tankera hartzen ote dit? Dorre baten altuerakoa ikusten ote nau? Ez. Jauzi batez pasa zitekek nire gainetik.

Molly Bloom (Ulises, 735. or.):

Bai izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala gaixo-ahotsarekin dena itxura hutsa txoratua zeukala uste zuen Riordan atso haren aurrean interesantearena egiteko eta gero xentimorik ere utzi ez ziguna dena beretzat eta bere animaren aldeko mezetarako munduan sekula izan den mixerableena beti beldurrez 4 penike likore metilikodunean gastatzeko.

Edukiari dagokionez, bistan da Stephen Dedalusen kezkak zer mailatakoak diren: itsasoari buruzko gogoeta filosofikoekin hasten da, haren kolorea berezkoa ote den, urari berari atxikia ala erantsia, eta Aristotelesen eta Tomas Akinokoaren filosofiari buruzko gogoetaz betea dabilkio burua.

Leopold Bloomek, berriz, emaztearen gosaria nola prestatu eta nola eramango dion darabil buruan, gai askoz materialagoek kezkatzen dute: zer gosalduko duen, non eta zer erosiko duen, komuneko eguneroko buelta nola egingo duen, eta, gosaltzerakoan katua miauka inguruan dabilkiolarik, haren jokabidearen atzean zer ote dagoen asmatu nahi du.

Molly Bloom, berriz, senarraren jokabide bitxiaren arrazoiei buruz hasten da gogoetan, aspaldiko gertaera bat gogora ekarriz. Hortik abiatuta, bere amodiozko harremanei eta ezkonbizitzari errepaso osoa emango die, hasi nerabea zelarik Gibraltarren izandako harremanetatik, Leopold Bloomekin gaztarotik helduarora izandakoarekin jarraituz, eta egun horretan bertan maitalearekin oheratzean eta ondoren izan dituen pentsakizunetaraino.

Formari dagokionez, begien bistakoa da Dedalus-Bloomen eta Molly Bloomen bakarrizketen arteko aldea: lehenbiziko biak diskurtso egituratuak dira (nahiz eta elipsi eta jauzi ugari dauden haien barne-jardunean, irakurleak «bete» beharrekoak), eta Mollyrena, berriz, nahita nahasia.

Barne-bakarrizketa euskaraz

Ulisesen ageri diren bakarrizketa horiek euskaratzearen alde formalari dagokionez, hartutako erabakien eta horretarako arrazoien berri eman beharra dago.

Euskal literatura modernoaren aitzindari izan zen Egunero hasten delako nobelari buruzko iruzkin batean, Ibon Sarasolak zioen barne-bakarrizketa hika egiten zela euskaraz. Eta hala izan da, eta da, nire inguruko euskaretan. Seguru asko, baieztapen horrek ez du balio absoluturik, are gutxiago gaur egun, hitanoaren erabiltzaileak –arrazoi biologikoak eta bestelakoak tarteko– gero eta gutxiago baikara. Eta pentsatzekoa da alokutiboa erabiltzen ez duten euskaldunak zuka arituko direla eta aditz arrunta erabiliko dutela beren buruari ari zaizkionean.

Beraz, hitanorik gabeko bidea hartzea ere zilegi izango zen (agian zenbait irakurlerentzat irakurketa errazteko modua ere bai), baina, nolabait esateko, «bide klasiko»ari atxikitzea erabaki nuen. Une horretan, iruditzen zitzaidan bide horrek irakurketa zerbait erraztuko ziola euskal irakurleari. Nire arrazoibidea honako hau zen, gutxi gorabehera, Ulisesen lehenbiziko edizioan ageri denez:

Beste hizkuntzetan –eta jatorrizkoan– narrazioa eta barne-jarioa bereizi gabe emanak daude. Euskarazko bertsioan, alokutiboaren erabilerari esker, zehaztuta daude, barne-jarioa pertsonaia jakin bati atxikia baita zuzenean.

Goraxeago esan dut nolabait ere alokutiboaren erabilera «klasiko»ari atxiki natzaiola eta, beraz, hau izan dela nire jokabidea:

  1. Esaldi nagusietan bakarrik erabiltzea:

Egin ere egin dik. (399. or)

Konturatu al haiz emakumeek, idazten dutenean, puntuazioa eta letra larriak alde batera uzten dituztela? (Joyce Stanislaus anaiarekin hizketan)

  1. Galderazko eta mendeko perpausetatik baztertzea (baldintzazkoak barne, jakina):

Birjinak erotu egiten dituk azkenean, nik uste. Nola zuen izena? (388. or.)

  1. Kausal «faltsuetan» bakarrik bide ematea alokutiboari:

...bele-ahotsa dik eta. (385. or.)

Bakarrizketaren itzulpenari buruz hartutako erabakiari dagokionez, honako hau nioen 2015eko hitzaurrean (Ulises, 10. or.):

Molly Bloomen bakarrizketa ospetsuan ere alokutiboa erabili dut, baina, kasu horretan, Mollyk noka egiten dio bere buruari, nik hala erabakita. Ortodoxoenek beharbada esango dute bakarrizketa horrek, Molly bere buruari zuzenean ari denean salbu, toka behar duela. Baliteke. Baina, Mollyk, momentu horretan, Leopold Bloom aldamenean duela, toka egingo balu, senarrari ari zaiola emango luke. Eta horrek, noski, diskurtsoaren funtsa aldatuko luke, ezinbestean. Ez dakit behar adinako argibidea irudituko zaien puristei, baina oraingoz horrela geldituko da.

Hori izan zen erabaki ez-erabat-ortodoxo hori (Mollyk bere buruari noka egitea, denbora guztian bere buruari zuzenean ari zaiola interpretatuta) hartzeko aurkitu nuen «azalpena» (edo justifikazioa, nahiago baduzue). Gaiari bete-betean heldu gabe, alde funtzionaletik heldu nion. Erabakia euskaltzain-andre bati kontsulta egin ondoren hartu nuen, eta gerora ikusi dut izan zela gai horri buruz eztabaida bat 31 eskutik blogean.9

Bi erabaki eztabaidagarri

14. episodioko grafia

Testua, jakina, euskara batuan idatzia da, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren ildotik jotzen saiatu naiz, oro har. Hala ere, 14. episodioan –Joycek ingelesezko prosazko zenbait testuren pasticheak egin zituenez, hasiera-hasierakoetatik hasi eta XX. mendekoetaraino–, Etxepare eta Leizarragarengandik hasi eta gure egunetako idazmolde eta mintzamoldeetarainoko bidaia egiteko ausardia izan dut, eta, horregatik, garai bateko grafiak aurkituko ditu irakurleak episodio horretan.

Esan bezala, hor jauzi handi bat dago, estiloari dagokionez. Atal hori sakon aztertu dutenek diote 9 atal nagusiz dagoela osatua, eta bakoitzean autore edo idazmolde (edo mintzamolde) baten parodia egiten dela.

Episodioak haurgintza-etxe bat du gertalekua, non baitago Purefoy andrea, bertara erditzera joanda. Badaramatza hiru egun umea egin ezinik. Eta, horren adierazpide formal gisa, ingelesezko prosaren garapena islatzeko moduko 9 pastichez osatu zuen Joycek episodioa. Latinezko prosaren imitazio estuan egiten ziren testuetatik hasi eta XX. mendeko mintzamoldeetaraino. Kopurua, bistan denez, ez dago aliritzira aukeratua. Eta Joycek berak ere aitortu zuen episodio hori osatzeak eman ziola lanik handiena Ulises idaztean.10

Euskaratzean, nire asmoa zen jatorrizkoan nabari diren aldeak itzulpenean ere agertzea. Modurik errazena –zenbait irakurleri gozakaitza egingo zitzaiola jakin arren– antzinako grafiak mantentzea iruditu zitzaidan. Horrela aise nabarituko zen XVI. mendeko testuetako grafietatik hasi eta gaur egunekoetarainoko bidaia.

Hala ere, esan beharra dut parodia horiek barne-koherentzia osoz egitez gero beste urtebete gutxienez eman beharko nuela episodioa osatzeko (idazmolde horietako bakoitzaren azterketa sakona egin, ezaugarri nagusiak bereizi, eta paralelismoak nola egin erabaki), eta ezin izan nuen horrenbeste egin, baizik eta nolabaiteko paralelismo orokor batzuekin konformatu.

Femeninoaren marka

Bigarren erabaki eztabaidagarriak ez du zerikusirik aurrekoarekin, honako hau ere grafiari dagokion arren. Hau zioen 2015eko edizioko hitzaurreak:

Bestalde, euskarak badu «gabezia» bat, itzultzaileok aspaldi samar sumatua baina inoiz konpondu ez duguna, seguru aski gure ahalmenetik kanpokotzat hartu izan dugulako. Genero-bereizketaz ari naiz, gramatikalaz, noski. Euskarak, oraingoz, ez du modurik (generoari dagokionez) gure inguruko hizkuntzek berez egiten dutena izenordain soilez bereizteko: he/she, él/ella il/elle… Kasu horietan, nola edo halako konponbide batera jo behar izan dut, eta erabaki dut emakumezkoaren marka azentu bat izatea: hura/húra edo bera/béra erabili ditut, beraz, «deklinabide» osoan.

Horrelako «proposamen» ausartegi batek inon lekurik izatez gero Ulisesen izango zuela pentsatu nuen. Soluzio praktikoa dela ez dit inork ukatuko, eta zerbaiten premia badagoela ere askok aitortuko dute, baina konponbide zaila duen arazoa da, antza.

Tonua bilatzea: eskala dodekafonikotik harantzago

Amaia Apalauzak11 prosaren erritmoaren garrantzia azpimarratzen digu V. Woolfen aipu baten bidez. Ez dago zalantzan jartzerik Woolfek dioena, ez eta idazleak erritmoa markatu edo indartzeko hainbat baliabide dituela ere: hitzen eta esaldien luze-laburrak, pausaldiak ezartzeko puntuazio-markak, esaldien arteko konektoreak, etab. Baina itzultzailea, hor, bestek ezarritako erritmoaren mirabe da, eta horretara egokitzen saiatu beharko du. Eta horrek ere lanak ematen ditu; batez ere, gure kasuan, ingelesa bezalako hizkuntza monosilabozale batetik joera hori hain markatua ez duen beste edozeinetara pasatzean.

Baina beste kontu bat aipatu nahi dut hemen: tonu egokia bilatzea. Musikan, izan ere, erritmoa bezain garrantzitsua da doinua. Eta ez dut esango Ulisesen ageri zaizkigunik Queneauren Estilo-ariketak ospetsuan ageri diren adina bariazio, baina bai aski nabarmenak diren zenbait. Esate baterako, hor ditugu, izugarri nekatu gabe, aise suma ditzakegun hauek:

  1. Narratzailearen tonu neutroa (Joyce, Ulisesen narratzailea ezabatzen saiatzen denez, ez da oso maiz ageri, baina bai hasieratik, eta 10. episodioa (egoeraren laburpena egiten duena) osorik da narratzaile «oroikusle» baten tonu aski neutroan emana.
  2. Stephen Dedalusen eta Buck Mulliganen tonu jasoa (1., 2. eta 3. episodioetan).
  3. Leopold Bloomen tonu arrunt eta orekatua (4. episodiotik hasi eta nobelaren azken kapituluetaraino mantentzen dena).
  4. Kazetarien eta kazetaritzako estilo «nabarmenzale»aren eta tonu hanpurutsuaren parodia (7. episodio osoa).
  5. Tonu jasoa azken muturreraino eramana (9. episodioa), literatoen eztabaidan.
  6. Herri xehearen elkarrizketako tonu arina (12. episodioan nabaria, batez ere).
  7. Antzerkiko tonu deklamatorioa (15. episodio osoan).
  8. Eta, horiez gain, aipatu beharko genituzke 14. episodioko pastischeetako 9 idazle edo joera parodiatuen tonu desberdinak.12 Dirudienez, George Saintsburyren liburua erabili zuen Joycek idazleen parodiak egiteko. Hor aurki omen daitezke, besteak beste: latinezko arao-hitzez osatutako sarrera misteriotsutik hasita, Salustio-Tazitoren estiloko prosarena, Erdi Aroko latinarena, Everyman izeneko antzerkiarena, Malory, Defoe edo Dickens eta beste hainbat idazleeneraino.13
  9. 17. episodioko («Itaka») hizkera denotatiboa (zientziarena) eta doktrinarioa (kristau-doktrinaren parodia).
  10. Molly Bloomen tonu suhar eta lotsagabea (18. episodioa).

Ulisesen testua ulertzeko zailtasunak

Hiztegiaren joritasuna

Wikipediara joz gero, han aurkituko ditugu Ulisesi buruz maiz egiten diren hainbat galderaren erantzunak: zenbat hitzez osatua dagoen (eta zenbat hitz ezberdinez), irakurtzeko zaila ote den, edo zenbat denbora behar den irakurtzeko.

Hor ematen diren kalkuluen arabera, Ulysses 266.690 hitzez osatua dago, eta haietatik 32.485 dira ezberdinak (elkarren artean). Molly Bloomen monologoa, esate baterako, 24.183 hitzez osatua da, eta haietatik 3.631 dira ezberdinak. Mendeurreneko edizioaren aurkezpenean 30.000 hitz ezberdinez osatua zela esan nuenean, gehiegi iruditu zitzaizkien han zirenei. Baina, gaur egun eskura dauden UWC (Unique Word Calculator) kontagailuak erabilita, antzeko datuak lortzen dira (lehentxeago eman ditudanak bezalatsukoak, alegia).

Hitz ezberdinen kopuruari buruz erreferentzia bat izateko, honako datu hauek lortzen ditugu Agatha Christieren The Mysterious Affair at Styles edo 4:50 From Paddington nobelak kontagailuan sartuta: lehenbizikoa 57.038 hitzez osatua da, eta haietatik 6.483 dira ezberdinak, eta bigarrena 66.508 hitzez, eta haietatik 6.505 dira ezberdinak. Datu horiek guztiak gutxi gorabeherakoak dira, baina balio digute ideia bat egiteko.

Baina kontua ez da bakarrik zenbat hitz ezberdin aurkituko ditugun Ulyssesen, baizik eta kualitatiboki nola dagoen osatua Joyceren «hiztegia». Joycek, batetik, hizkuntzaren apoteosia dei dezakeguna lortu nahi zuen Ulyssesen, eta, bestetik, bere artearen sekulako erakustaldia egin, beste ezein nobelaren antz handirik ez zuen artefaktu berri bat osatuz. Horregatik, nonahi aurkituko ditugu, besteak beste, testua zailtzen duten honelako elementuak:

  1. Arkaismoak
  2. Hibernizismoak (Irlandako ingeleseko14 hitz edo esapideak)
  3. Argotak
  4. Hitz «gurutzatuak»

Horrela sailka ditzakegun hitzak (eta esapideak) testu osoan zehar aurkitu badaitezke ere, ez daude berdin banatuta episodio guztietan. Esate baterako, 3. episodioan («Proteo»), filosofiaren arloko argota aurkituko dugu, 7.ean («Eolo») kazetaritzakoa edo inprimatzailetzakoa, edo 9.ean («Eszila eta Karibdis») literatur kritikakoa. Hibernizismoak, berriz, ugariago aurkituko ditugu 12.ean («Ziklopea»), eta sailkapen horretako «anomalia» horien guztien apoteosia 14.ean aurkituko dugu («Eguzkiaren behiak»).

Zorionez, gaur egungo itzultzaileak ez du hiztegiz hiztegi ibili beharrik testua ulertzeko. Izan ere, lan hori aurreratua diote Ulisesi oharrak jartzen aritu direnek.

Gehiegi ez luzatzearren, aski izango dugu adibide bat: bother hitza. Ingeles ohikoan, bothered «aspertua» dugu. Baina, Irlandako ingelesez, bi adiera ditu hitz horrek: ohikoa, «aspertua», eta irlanderatik hartua, «sorra, gorra». Eta, hitz hori 11. episodioan agertzen denez («Sirenak»), gogora dezagun Odisean Ulisesek bere adiskideei belarriak buxatzeko agintzen diela Sirenen ahotsa ez entzuteko. Beraz, Joyce bi esanahi horiekin adarra jotzen ibiliko zaigu episodio osoan zehar, eta baita gero 15.ean ere.

Hitzen eremutik haraxeago joanda, esaldi eta esapideen lurralde irristakorragoa dugu, eta bereziki Irlandako gaelikoarekin zerikusia dutenena. Testua horrelakoez zipriztindua dago, baina, esan bezala, ez daude berdin banatuak episodio guztietan. Irlandako hizkuntzari edo irlandar nazionalismoari dagozkionetan (1.a eta 12.a), maizago agertuko zaizkigu besteetan baino, eta franko esanguratsuagoak dira. Gisela Zinggek, hala ere, harrigarritzat jotzen du halakoen ugaritasuna 15. episodioan, hain zuzen ere Bloom haluzinazio artean dabilenean.15

Baina agian adierazgarriena (edo itzultzaileari txundigarriena egiten zaiona) 1. episodioan gertatzen da, Martello dorrean Mulligan, Stephen Dedalus eta Haines daudela esnezalea etortzen denean.

Lehenbizi, gaelikotik hitzez hitz zuzenean itzulitako esaera edo metaforak agertuko zaizkigu; esate baterako, silk of the kine, gaelikoz síoda na mbó «abelgorriaren zeta», eta poor old woman, gaelikoz sean bhean bhocht «amandre gaixoa». Euskarazko edizioaren oharrean argitzen da Irlandaren sinboloak direla bi horiek.

Baina, gero, esaldi bitxi bat dator, testuinguruak garbi azaltzen duena baina oso arrotza egiten zaiguna. Izan ere, forma aldetik, substratu gaelikoaren bidez bakarrik uler daiteke sakonean, edo, nahiago badugu, gaelikotik hitzez hitz itzulia dela ulertuta.

Hau dugu esaldi itxuraz inuzentea: Is there Gaelic on you?

Testuinguruak garbi uzten du Buck Mulliganek zer galdetzen dion esnezaleari: «Badakizu irlanderaz?». Eta Sam Slotek dio galdera hori honela egina izango litzatekeela ingeles normalean (are Irlandakoan): Do you speak Irish?. Zuzeneko itzulpen okertzat jotzen du, gainera, Joyceren galdera. Eta, formula horren erabileraren sakontasunetan gehiago barneratu direnek diotenez, irlanderazko formula edo egitura hori norbaitek gaixotasunen bat ote duen galdetzeko erabiltzen denaren berdina da. Eta nonbait irakurria ote dudan errezeloa dut, agian Espiritu Santuak apostoluei emandako «hizkuntzen dohainak» (haien buruen gainean su-mihi batzuen forma hartuz) ere izan lezakeela zerikusirik formularen bitxitasunean. Eta on horrek konnotazio gehiago ere izan ditzake agian; esate baterako, hizkuntza norberak gainean eraman beharreko «zama» edo «ardura» gisa ere uler liteke.

Dena dela, itzultzaileak ez du arazorik esaldi hori «ulertzeko». Baina erabaki beharko du zentzu orokorrari bakarrik atxiki ala azaldutakoaren araberako ñabarduraren bat eman. Euskarazkoan, honela ageri da: «Gaelikoa barnean duzu?», galdera hori egiteko modu bitxi bat, hizkuntza norbaitek bere bihotz-txokoan gordetzen duen zerbaiten kutsua eransteko edo…

Barne-jarioa eta collagea, Joyceren teknika nagusiak

Zailtasunen alde handi bat Ulisesen erabilitako bi teknika nagusien ondoriozkoa dela iruditzen zait. Biak oso loturik daude, nire ustez. Izan ere, nola agerrarazten dute pertsonaiek beren burua? Beren pentsamenduen jarioaren bitartez. Esaten edo egiten dutenak baino garrantzi handiagoa du Joycerentzat buruan zer dabilkien edo zer darabilten agerian jartzeak. Baina zer gertatzen da pentsamenduarekin? Ez diola kate logiko bati jarraitzen, eskuarki. Gehienetan, jauzi egin ohi du batetik bestera. Eta horrek txunditu (aspertu, nazkatu) egiten du irakurlea, eta zailtasunak ezartzen dizkio itzultzaileari, testuingurua ezabatzen baitio sarri askotan.

Horri loturik dago collagearen teknika. Esaten dute episodio batzuen idazketan ontzat emandako «kopia garbi» batetik % 30eko emendioa dagoela argitaratu zen testura, Joycek bere testua zuzentzerakoan oso gutxitan ezabatzen baitzuen ezer, eta aldaketak ia beti izaten omen baitziren zerbait gehitzeko. Gehikuntza horiek testua berrirakurri ahala egiten zituen, testuak berak iradokitzen zion zerbait bururaturik. Phillip F. Herring irakasleak aztertu ditu British Museumen gordetzen diren idazketa-oharren orriak, eta honela diosku (azpimarrak, nireak):16

Ulysses ez zen idatzia izan «hasi eta buka», modu logiko eta sekuentzialean; egileak etengabe berrikusi eta emendatu zuen hemezortzi episodioetako bakoitza (ia inoiz ez murriztu), hasierako zirriborrotik 1922ko otsailaren 2an argitaratu zen arte. Joyceren metodoa arretatsua eta zorrotza zen; ez zen inoiz asebeterik gelditzen idazten zuen ezerekin.

Idazteko metodo hori mosaikogilearenarekin parekatu dute zenbait ikertzailek; teselak etengabe itsatsiz bere mosaikoa osatzen duen langile nekaezinaren metodoarekin, alegia. Ikus, adibidez, Herritarra («Ziklopea») nola ageri den deskribatua 12. episodioan: «Heroi bizkar-zabal bat zen, bular-azkar zangosendo begi-xalo ile-gorri…». Eta, horrela, 15 adjektiboko mosaikoa osatu arte. Horrelako pilaketak maiz samar ageri dira Ulisesen.

Hizkuntza jolasleku: itzulgaitzak eta itzulezinak

Aspaldidanik teorizatua da den-dena ez dela itzulgarria. Zuzenean behintzat. Eta, kasu batzuetan, ezta zeharbidez ere. Esate baterako, beti aipatzen dira alor horretan:

  1. Poemak, kantak eta abar, batik bat neurridunak izanik neurri berean eman nahi badira (bazterrean utziko dugu poesiaren itzulgarritasuna).
  2. Hizkuntza bateko esamoldeak, esaera zaharrak, argot edo jargoiak.
  3. Hitz-jokoak edo hitz-jolasak.
  4. Hizkuntza jakin bateko hitzetan oinarritutako txisteak.

Adibide batzuk baizik ez ditut emango hemen. Ulisesen zehar dauden guztiak banan-banan azaltzen hasiz gero, artikulu honek duen luzeraren halako bi beharko nituzke atal honentzat bakarrik, eta bestela ere aski luzea izango da.

Eztabaida sakonetan sartu gabe, esango dugu lehentxeago egindako sailkapen orokor horretan badagoela mailaketa bat itzulgaiztasunetik itzulezintasunera. Noiz dira, beraz, jolas horiek itzulezinak? Esan liteke hori gertatzen dela hitz, esaldi edo testu baten esanahia (adierazgarritasuna, grazia) hizkuntza jakin baten formari erabat loturik dagoenean, edo, beste modu batera esanda, hizkuntza horretan bakarrik duenean zentzua. Horrelakoetan, itzulgaiztasunetik itzulezintasuneraino doan tartean «borrokatu» behar izaten gara itzultzaileok, eta irtenbide hauetakoren bat aukeratu behar izaten dugu holako bide estutik igarotzean:

  1. Egokitu (poemak, esaera zaharrak, argot edo jergak).
  2. Paretsuko hitz-jokoren bat aurkitu.
  3. Balio bertsuko zerbaitez ordezkatu.
  4. Orri-barreneko ohar batez ezina aitortu.

Hona adibide batzuk:

Poemak eta gisakoak egokitu

a) Jesus Arraiaren balada (1. episodioa)

1_taula_Inoiz.jpg

Kasu horretan, esan dezakegu itzulpena dela funtsean, nahiz eta egokitzapenetik ere franko duen. Hasteko, neurria; euskaraz franko luzeagoa da, 10-11 silabako ingelesezko poema errimadunak itzultzeko egokia, eta Etxeparegandik hasita (batez ere Iparraldean) franko erabilia. Eta edukia ere pixka bat aldatua da, tarteka.

b) The Rogue’s delight in praise of his Strolling Mort17

2_taula_Basta

Ziur naiz Ulysses Annotatedeko azalpenaren (edo hiztegi bereziren baten) laguntzarik gabe ingelesdunen % 95etik gorak ez dutela tutik ere ulertzen poema horretan. Horregatik, nik ere beste horrenbeste egitea erabaki nuen. Eta honako ohar hau erantsi nion:

60.1 Basta zuri, ezpain gorri. «Rogue’s Delight»eko bigarren bertsoa, hemen erromintxeleko baliokidez emana, halakorik izan denean: basta = esku; elakri-lumi = emakume, maitale; txaribel = ohe. Eta franko egokitua. Gaurko edozein ingelesek ez du tutik ulertzen bertso horretan, ez badiote hitzez hitz azaltzen jerga berezi horretako hitz bakoitza. Beraz, euskarazkoa ere paretsukoa da. Hein batean, Mirandek estilo horretan egin zuen Kama Goli poemako zenbait hitz baliatuz.18

Dena dela, esanahiaren arloan iluntasun hori mantentzea erabakita, erritmo eta musikaltasun aldetik jatorrizkora ahalik eta gehien hurbiltzea erabaki nuen, Miranderen bidetik edo, hura baita poemen musikaltasunari arreta berezia jarri izan diotenetatik hoberentsuena, nire ustez. (2022ko argitalpenaren ondoren, konturatu naiz askoz hobeto geldituko litzatekeela Zatoz gaur txaribelera dioen lerroa Txaribelera etorri bihurtuta, eta, bide batez, hitanoz, gure dun gau guzia. Errima borobilagoa, erritmo berarekin.)

Pare(tsu)ko hitz-jokoren bat aurkitu

a) Their syphilisation

3_taula_eta Bloom

b) House of Keyes

4_taula_Giltzen
Egokitzapen hori egiteko, jatorrizkoan ageri den izen nagusia (Keyes) aldatu behar izan nuen, Keyes > Gill’s, jatorrizkoari «behar baino errespetu gutxiago erakutsiz», baina ez nuen beste biderik aurkitu. Izan ere, jatorrizkoan, Bloomek espresuki aipatzen du hor keys/Keyes hitz-jokoa eginda dagoela key hitz arruntarekin eta Keyes deiturarekin, eta horretan oinarritzen dela iragarkia eta jarri beharreko irudia. Euskarazko giltzen hurbilenekoa hori iruditu zitzaidan, baina ingelesezko gill horiek zerikusi gutxi dute giltzekin.

Kasu horretan, beraz, paretsuko zerbait aurkitu (edo asmatu) nuenez, ez zitzaidan beharrezkoa iruditu orri-barreneko ohar tipiko horietako bat eranstea bukaeran. Jatorrizkoa eta itzulpena konparatzen dituena aise ohartuko da «tranpaz»; ez, ordea, irakurle arrunta.

c) The Rose of Castile

5_taula_Gaztelako
Bistan denez, esanahiari iskin egin zaio, eta hitzen azalari heldu. Horrez gain, ohar bat aipatzen da, baina ez hitz-jokoa azaltzeko (lan ederra ere!), baizik arrosa dontsu hori zer zen argitzeko:

149.1 Gaztelako arrosa. The Rose of Castile Michael William Balfek 1857an ondutako opera baten izenburua.

d) Guinness’s

6_taula_Guinessisaren
Honako ohar hau lagungarria izango zela iruditu zitzaidan:

146.1 Guinnessis. Guinness’s (Irlandako garagardo beltz ospetsuaren fabrika) eta Genesis (Bibliako Hasiera [Elizen arteko Biblia] edo Jenesa [Duvoisin]) hitzekin egindako hitz-jokoa ezaguna zen Dublinen.

Adibideen zerrenda asko luza liteke, eta beste artikulu oso baterako adina ematen du. Beraz, oraingoz, hemen utziko dugu.

Balio bertsuko zerbaitez ordezkatu

a) Palindromo pare bat

Agian, berezitasunagatik, hau da lehenbizi aipatu beharrekoa, 7. episodioan ageri diren 2 palindromo. Jolas hutsa den testu batean, hala nola Queneauren Estilo-ariketak, izango luke lekua holako bihurrikeria batek, baina nekez nobela «serio» batean. Baina Ulises, besteak beste, fartsa ikaragarria denez, aurkitu zion Joycek leku «egokia» bere maisulanean. Hala, egunkariko erredakzioan Lenehan izeneko kazetari batek egin ohi zuen ariketa gisa aurkezten dizkigu bi hauek:

7_taula_A dama

Bistan da, horrelako perla baten itzulpena ezinezkoa denez, irtenbide bakarra ordezkapena dela. Jo nezakeen sarera eta aurki nezakeen nik sortutako bi palindromo horiek baino hoberik. Adibide gisa, Wikipedian daudenetatik, bereziki egokiak izango ziren honako hauek: Orea ore, eroa ero; alu hauxe, sexu ahula?. Baina iruditzen zitzaidan euskaraz ez genuela aski ezaguna den palindromorik. Esate baterako, niri lehenbizi bururatzen zitzaidana gaztelaniazko ospetsu hura zen: Dábale arroz a la zorra el abad.

Pentsatu nuen saia nintekeela soinuz eta luzeraz jatorrizkoen antzeko zerbait egiten, eta bizkaieraren erabilera «berezi» horietara jo nuen, jakinik arrotzak egingo zitzaizkiela askori, eta jakin gabe are bizkaieradunek balekotzat joko ote zituzten.

b) Aho-korapilo bat

8_taula_Peter

Aho-korapilo horren kasuan, hotsari heldu nion, eta erritmoari (zerbait), eta ez esanahiari. Bistan denez, itzulpenetik baino gehiago dauka ordezkapenetik

c) Hitz-joko bihurri bat, izen nagusi batean oinarritua

9_taula_Besteek

Ingelesezko atsotitz ezaguna baliatu zuen Joycek hor: If there’s a will, there’s a way («Borondatea baldin badago, (lortzeko) bidea ere bai»).

Gainera, Shakespeareren emazte Ann Hathawayren deitura erabiltzen du bere txistea egiteko, eta senarra lortzeko haren «bide»az txantxa egiten (26 urtekoa izanik, artasoroko «bide» ezaguna erabili omen baitzuen 18 besterik ez zuen gaztetxoa, Shakespeare –Will–, bereganatzeko).

Garbi dago izen nagusiak tartean direnean are gehiago zailtzen dela hitz-jokoaren itzulpena.

Hoberik aurkitu ezinik, eta ikusita mila buelta eman ondoren ere hitz-joko horrek ez zuela zuzeneko soluziorik, perifrasi luze horretara jo nuen, ezinbestean, konpentsazio moduan Will- bil-bilau hitz-jokoa eginez.

Ezina aitortu

Beste bi kasu hauetan (eta beste mordoxka batean), berriz, nire ezina aitortzea erabaki nuen:

a) The unfair sex

10_taula_Begira

172.4 sexu zuzengabea. Ingelesezko fair sex / unfair sex hitz-jokoa galdu egiten da itzulpenean, euskaraz ez baitago hitz bakarrean biltzerik ingelesezko fair hitzaren bi adierak: 1) «ederra», eta 2) «leiala, zintzoa».

b) Kiss me straight on the brow and part

11_taula_Oi ene

743.2 Oi ene maitea eman. G. J. Whyte-Melville eta F. Paolo Tostiren Goodbye izenburua duen kanta batetik hartutako zatia: Kiss me straight on the brow and part, «musu emadazu bekokian eta joan» (+ ingelesezko hitz-jokoa brow and part [bekokian eta joan] brown part [alde marroia]).

Kasu honetan, nolabaiteko konpentsazio bat dago egina, bekokia eta beheko tokia (Mollyren «nahaste» horietako batera joz), baina, hala ere, hor dago oin-oharra, jatorrizkoan dagoen hitz-jokoa garbi geldi dadin. Gainera, jatorrizkoan dagoen errimari (heart... and part) ere eutsi nion, hein batean: eman... bekokian eta joan.

Horrelakoak izaten dira itzultzailearen ezina aitortzen duten orri-barreneko oharrak, baina, Ulises honetan, beste ohar guztiak bezala, bukaeran zerrendaturik aurkituko ditu irakurleak.

Molly Bloomen monologoa

Monologo txundigarria

Ez dugu ahaztu behar Molly Bloomen monologo ospetsuak aho zabalik utzi zuela Carl Jung psikoanalista ospetsua, eta Ulisesi buruz saiakera bat idaztera bultzatu zuela, zeina honako hau zioen gutun batekin bidali baitzion Joyceri (azpimarra, nirea):

Ulises intxaur gogorregia egin zait, eta ahaleginik ezohikoenetara behartu dit adimena, baina ez hori bakarrik, peregrinazio aski bitxietara ere behartu nau (ikuspegi zientifikotik). Zure liburuak, oro har, ez zidan bakerik eman bere zailtasunen aldetik, eta hiru urtez tarteka aztertzen aritu nintzen, harik eta bertan murgiltzea lortu nuen arte. (...) Bukaerako etenik gabeko 40 orrialdeko atala psikologiako bitxi-ilara benetako bat da. Segur aski, deabruaren amonak beste horrenbeste jakingo zuen emakumearen psikologia benetakoaz. Nik ez nekien.

Hori idatzi zuen Carl Jungek Molly Bloomen monologoaz. Norak, ordea, Joyceren emazteak, oso bestelako iritzia zuen gai horretaz, eta honako hau bota zuen: «Jimek ez daki tutik ere emakumeez». Edukiak txunditu zuen Jung, ez puntuaziorik ezak.

Molly Bloomen monologoa, Ulisesen gakoa

Honako hau idatzi zion Joycek bere adiskide Frank Budgeni, 1921eko abuztuaren 16an, Ulises bukatua-edo zuenean:

Penelope da liburuaren gakoa. Lehenbiziko esaldiak 2.500 hitz ditu. Zortzi esaldi daude episodioan. Emakumearen bai hitzaz hasten eta bukatzen da episodioa. Munduaren bola eskergak bezala biratzen du astiro, ziur eta aldakaitz, jira eta bira, eta haren lau puntu kardinalak dira emakumearen bularra, ipurdia, sabela eta alua, because («izan ere»), bottom («atzealdea, ipurdia») zentzu guztietan (bottom button, bottom of the class, bottom of the sea, bottom of his heart), woman, yes. Nahiz eta aurreko edozein episodio baino obszenoagoa den, emakume zeharo sanoa bete-betekoa amorala ernalgarria ez-fidagarria erakargarria azkarra mugatua zuhurra soraioa iruditzen zait niri. Beti baietz esaten duen haragia naiz.19

Molly Bloomen monologoan, emakumearen barnea agerian jarri nahi du Joycek. Lehentxeago ikusi dugu Molly Bloomen monologoa dela Ulisesen gakoa. Budgeni adierazi zion Mefistofelesen Ich bin der Geist der stets verneint («Beti ukatzen duen izpiritua naiz») autodefinizio erabatekoa alderantziratu nahi izan zuela episodio horretan (Beti baietz esaten duen haragia naiz) eta «burutazioaren eta teknikaren aldetik giza aurreko eta agian giza ondoko lurra pintatu nahi izan zituela».Beraz, baldin eta Mefistofeles ukatzen duen izpiritua bada, beti baieztatzen duen haragia izango da Molly Bloom. Horregatik hasten eta bukatzen da episodioa bai hitzaz, eta beste 75 aldiz errepikatzen haren orrialdeetan jatorrizkoan, eta 142 aldiz euskal itzulpenean.

Ezaugarri formalak

Ulisesen irakurleari (edo niri bai, behintzat, lehenbizikoz irakurri nuenean), ez dago esan beharrik, Molly Bloomen monologoaren puntuaziorik eza egiten zaio txundigarriena. Txundigarri eta miresgarri. Gerora, horrelako atalak franko ugaritu ziren hurrengo urteetan argitaratu ziren nobeletan, eta imitatzailerik ez da falta izan noski (are gurean ere). Joera hori beste koxka bat estutuz, hor ditugu, esate baterako, Patri Urkizuren Sekulorun sekulotan20 nobela, edo Koldo Izagirreren Zergatik bai21, garai hartan Mollyk bere jardunarekin sortzen zigun miresmen eta erakarmenaren adierazgarri.

Esaten dute Joycek Nora Barnacle bere emaztearen amodiozko gutunetan aurkitu zuela Molly Bloomen bakarrizketarako eredua. 1904an ezagutu zuen Joycek Nora Barnacle, eta handik 27 urtera ezkondu ziren, bi ume haziak zituztela. Joyceren obraren ikertzaile Phillip Herringek dio, estilo aldetik, Noraren gutunak izan zituela inspirazio-iturri. Hona haietako bat, adibide gisa:

Jim maitea neka-neka eginda nago eta gaur gauean ezin dut ezer askorik esan eskerrik asko zure eskutitz atseginagatik ustekabean jaso baitut gaur gauean lanpetuta nenbilen oso postaria etorri denean eta korrika joan naiz logeletako batera zure eskutitza irakurtzera bost aldiz deitu didate baina ez entzunarena egin dut orain hamaiketerdiak dira eta ez daukat esan beharrik lan ederrak ditudala begiak irekita edukitzeko eta txoratu egiten nau gaua lotan emateak hola ezin dut zurekin pentsatu hola esnatzen naizenean goizean ez dut zurekin beste ezerekin pentsatuko gabon bihar arratsaldeko zazpiak arte NORA

Emakumeak «izaki instintibo, eroxkak» zirela pentsatzera emana omen zen Joyce, eta hona zer galdetu zion behin bere anaia eta zaintzaile Stanislausi: «Konturatu al haiz emakumeek, idazten dutenean, puntuazioa eta letra larriak alde batera uzten dituztela?».

Hala ere, garbi dago Joycek, episodioaren zentzu orokorra, egitura eta teknika azaldu arren, ez ziola adierazi Budgeni haren ezaugarririk txundigarriena: 8 esaldi puntuaziorik gabekoz zegoela osatua. Hona monologoaren ezaugarri batzuk:

  1. Zortzi «esaldi» puntuaziorik gabeak.
  2. Ahozkotik beste edozein baino hurbilago dagoen episodioa.
  3. Anakolutoa da figura nagusia.
  4. Eskolatu gabearen idatzizko akatsak: idatzizko estandarretik pixka bat urruntzen eta ahozkora hurbiltzen den episodioa.
  5. Anbiguetate ugari, puntuaziorik ezaren ondorioz.

Zortzi «esaldi» izateari balio sinbolikoa eman zaio. Molly ohean etzanda ageri zaigu, bere buruarekin hizketan. Beraz, 8 etzana ageri zaigu; infinitua, alegia. Emakumea = infinitua, beraz. Eta infinitua adierazteko moduetako bat zatiketarik eta etenik ez duten 8 esaldi puntuazio gabeko horiek ditugu. Beste holako zenbait irudi ere agertu dira lehenago: zilbor-hestez zilbor- heste loturik ageri diren santu edo fraideak, besteak beste.

Baina, puntuazio falta horrek hasieran asko sustatzen badu ere, esan beharra daukat episodio hori ez zitzaidala inola ere egin liburu osoko zailena, ez irakurtzeko (atzera-aurrera franko egin behar izaten dira, hori bai), ez itzultzeko. Izan ere, Mollyk darabilen hizkera aski hurbila zaio edozein irakurleri, hor ez dago inolako filigranarik, gauzak modu arrunt eta garbian (edo zikinean, nahi bada) esaten ditu, eta, falta duen puntuazioa jarriz gero, dena oso argi ulertzen da.

Itzulpen-metodologia

Episodio honek tratamentu berezia merezi du itzultzailearen aldetik, eta nirea honelakoa izan zen, gutxi gorabehera:

  1. Lehenik, jatorrizko testuari legozkiokeen puntuazio-markak ezarri, jakin ahal izateko esaldiak «non hasten ziren eta non bukatzen».
  2. Akats orokorrak markatu; apostrofe ezabatuak, bereziki: near OHaras tower, doesnt, Im, didnt, womans body, couldnt, I atom (= one atom).
  3. Hitz gakoen kontrolaz arduratu: because (48), bottom (21 + 4), woman (52), yes (75).
  4. Okerren konpentsazioa edo hizkera «natural»erako joera pixka bat.

Erroreak sistematikoak ziren heinean, ni ere berdintsu egiten saiatu nintzen. Hor egin nituen «ahozkoaren aldeko» nolabaiteko desbiderapenak, hiztegi batuan estandarizatuak diren hitzen aldagaiei (gusto, sinistu, aisa, anima) edo Heg. Herr. nahiz beh. marka daramatenei bide emanez (edukazio, edadeko, igual, txaketa, sikiera, aguantatu, enkargatu, akaso) edo mailegu baztertuei (liga, korritu, obispo, primera, atalaje, lustreatu, kargante, muñeka, despertadore, etxura), edo adiera bereziren bati leku pixka bat eginez: (kargatu «haurdun utzi»). Hona hemen irakurleak aurkituko dituen «trakeskeria» batzuk:

  1. Nere, ezkero, eta «ahozko» inperatiboak: utzigun («utz iezagun»), aze («a zer»), esertzea bazeukala («eser zitekeela»), eztala («ez da hala?»), bérataz, bajina bat...
  2. Hitanoan nahasteren bat, propio egina (edo zuzendu gabe utzia): kontua da...; ederki pasa dik; esaten ziotek (hartutako erabaki heterodoxoaren arabera noka beharko luketenak)...
  3. Aditz edo deklinabide okerren bat edo beste: zihoan* «zoan», neronei*, ikusiko geniken zer gertatuko zen*...

Zaila egin zitzaidan desbiderapen horiek areagotzeko eta ahozkora gehiago hurbiltzeko tentazioa saihestea, eta euskara «natural»aren aldekoek eskertuko zidaten agian bide horretatik ausartago egin izan banu aurrera, baina kontuan hartu nuen Molly Bloomek, akatsak akats, hizkera aski estandarra eta zuzena darabilela.

Bestalde, itzulpen-teoriari buruzko eskuliburuetan «konpentsazio» hitzaz izendatzen den legeari atxiki nintzaion monologo osoan Mollyren jarduneko akatsei dagokienez; alegia, jatorrizko testuan dauden akatsen paretsukoak eginarazi nizkion Mollyri, baina ez nahitaez berak egiten zituenak (ezin, esate baterako, «deklinabide» akatsik aurkitu jatorrizkoan) edo egiten zituen lekuan, baizik eta forma aldetik testu koherente samar bat osatzeko egokiak iruditu zitzaizkidanak eta egoki iruditu zitzaidan lekuan.

Quandoque bonus dormitat Homerus

J. M. Valverderen (eta beste hainbaten) itzulpeneko adibide pare bat aipatuko dut hemen –irristadak–, nahiz eta beharbada ez den oso dotorea bere buruaren defentsan argudiorik eman ez dezakeenari horrelako eztenkadak ematea. Baina, itzulpen horrek defendatzaileak erruz dituenez, agian aterako zaio baten bat alde.

Erdi txantxetan Twitterren Ulisesen zatiak ematen hasi nintzenean, jatorrizkoa neure kabuz itzuli ondoren, J. M. Valverderen bertsioarekin konparatzen nuen, nire desbiderapenak zenbatekoak ziren ikusteko, eta haren arabera hasi nintzen nirea «txukuntzen», hark zituen defendatzaileen jarraitzaile ez itsu baina bai betoker samar bihurturik. Oraindik ez nuen aldamenean hurrengo urteetan bilduko nuen metro eta erdi zabaleko bibliografia lagungarria (Ulysses Annotated, eta frantsesezko bi bertsioak, Francisco García Tortosa eta María Teresa Venegas Lagüensen gaztelaniazkoa –aurrekoak baino fidagarriagoa, nire ustez–, katalanezkoa, alemanezko biak, italierazkoak, galegozkoa eta besteren bat). Esan behar dut, itzulpenean aurrera egin ahala, nire hasierako jarrera fidakorra laster samar bihurtu zela eszeptikoxeagoa, eta hurrengo hilabeteetan neure buruaz bezain gutxi fidatzen hasi nintzela Valverde maisuaz. Hona zergatik.

Ulyssesen lehenbiziko orrialdean, honako esaldi hau aurkitzen dugu:

–For this, O dearly beloved, is the genuine christine: (Ulysses, 1922)

–Porque esto, oh amados carísimos, es lo genuinamente cristino.*
 (Ulises, J. M. Valverde, 1976)

–Porque esto, oh amadísimos, es la verdadera cristina: 
(Ulises, García Tortosa eta Venegas Lagüens, 1999)

–È questa, infatti, miei carissimi, la vera Cristina: 
(Ulisse, Enrico Terrinoni, 2012)

–Porque isto, ó amadisimos fillos, é a verdadeira cristina: 
(Ulises, Eva almazán et alii, 2013)

–Hau, ene maite bihotzekook, bene-benetako kristina da-ta: (Ulises, X. Olarra, 2015, 13. or.)

Non dago koska? Ba, christine harrigarri horretan, jakina. Espero zena –eta egoerak berez zekarrena– christian izan zatekeen, baina Joycek christine idatzi zuen, eta, hiztegietara jotzen badugu, Christine izen berezia baizik ez zaigu agertuko. Baina nik erabili nuen testuan christine letra xehez idatzi izanak ere ez du asko laguntzen (egia esan, orain esku artean ditudan edizio gehienetan, Christine ageri da). Baliteke errata izatea, edo Joycek sartu zituen hainbat enigma horietako beste bat izatea, edo propio zuzendu nahi izan ez zuen errata. Nork daki?, horrelakoak ere egiten baitzituen. Dena dela, christine hori cristiano ematea erdipurdiko soluzioa izango zen, baina inola ere ordain gisa eman ez zitekeena cristino zen.22

Zer egin zuten hasierako itzultzaile gehienek? Ad sensum itzulpen bat egin, logikaren araberakoa, edo saihesbideren bat bilatu. Baina berriki itzuli dugunok, Don Gifforden Ulysses Annotateden (eta baita Sam Sloteren edizio ohardunean ere) ageri den oharrari jarraituz, episodio osoan katolikoen mezaren parodia aski nabarmena dagoela onartuta, kontuan harturik Meza beltzetako elementuetako bat zela aldaretzat emakume baten gorputza erabiltzea, interpretazio horren araberako ordaina eman dugu.

Katolikoek predikatzen dute (eta sinesten) transubstantziazio deitzen den miraria gertatzen dela mezako sagaran; alegia, ogia eta ardoa Kristoren gorputz eta odol bihurtzen direla, hain zuzen ere apaizak hitz hauek esaten dituenean: Hoc est enim corpus meum («Hau nere gorputza da-ta»).

Hitz horiek honela daude moldatuak Ulyssesen:

—For this, O dearly beloved, is the genuine Christine: body and soul and blood and ouns.

—Hau, ene maite bihotzekook, bene-benetako kristina da-ta: gorputz eta arima, eta odol eta zauri.

Eta horregatik itzuli dugu «nola edo hala gorputz bihurtzen zen ogia» emakume batena zela –kristina, kasu honetan, Kristoren emakumezkoa–, eta pasarte horretan zehar-adierazpen hori dagoela nabarmendu dugu. Interpretazio hori egokia izan daitekeela egiaztatzeko, aski genuke Googlen «meza beltza» bilaketaren emaitzei begirada bat ematea (ikus 1. eranskina).

Dena dela, ad sensum itzuli dutenak hurbildu dira nolabait azaleko esanahira, baina oharkabean joan zaie sakon-sakonekoa. Izan ere, hasiera-hasieratik ageri den parodia (Buck Mulliganen Introibo ad altare Dei horrekin) azken muturreraino eramana da sagarako hitzei («Hau nere gorputza da-ta») egiten zaien isekarekin. Hor, beraz, Azken Afariko eszenaren eta hitzen parodia dago; Katolizismoaren oinarri den Eukaristiarena, alegia. Badirudi XXI. mendean itzuli dugun gehienok ontzat eman dugula Giffordek ematen duen azalpena.

Ikus dezagun Ulisesen lehenbiziko orrialdeetan ageri den esaldi bat, eta zenbait itzultzaileren ordainetan nola ageri den:

So I carried the boat of incense then at Clongowes. 
(Ulysses, I. episodioa).

Así llevaba yo el incensario entonces en Conglowes.
 (Valverde, 1976)

Del mismo modo llevé la naveta con incienso entonces en Clongowes. 
(García Tortosa-Venegas Lagüens, 1999)

Halaxe eramaten nian nabeta Clongowesen. 
(X. O. 2014ko zirriborroan)

Halaxe eramaten nian intsentsu-ontzia Clongowesen. 
(X. O. 2015eko argitalpenean, 21. or.).

C’est ainsi que je portais la navette d’encens jadis à Clongowes.
 (Aubert et alii, 2004)

Allora la portavo così la navicella portaincenso a Clongowes.
 (Enrico Terrinoni, 2012)

Argi eta garbi dago bi tresna diferente direla Eliza Katolikoaren hainbat erritutan erabiltzen diren bi horiek: intsentsua eramateko ontzia bata –nolabaiteko itsasontzi-forma izan ohi duena, eta naveta, navette, navicella nahiz ingelesezko boat eta alemanezko Schiffchen hitzetan jasoa– eta intsentsua erretzen dena eta usain gozoko kea zabaltzeko erabiltzen dena bestea –intsentsario, intsentsatzeko edo intsentsu-ontzi, OEHn agertzen denez–. Googlek, ahalegin handirik gabe, berehala ematen dizkigu bien irudiak (ikus 2. eranskina).

Kontua da Joycek oso ondo bereizten zituela biak, gaztetan katoliko sutsua izan baitzen, eta halaxe ageri da Artistaren gaztetako portretan ere, kasuan-kasuan egokia den hitza: thurible bi aldiz eta censer bizpahiru aldiz.

He had shaken the thurible only slightly like such a one,

The earth was like a swinging swaying censer.

Joycek Ulisesen oroitzen duen eszena Portretan ere ageri da. Oraingoan ez da ageri boat of incense, baina bai, ordea, boatbearer «intsentsu-ontziaren eramaile». Hor ikusten dugu 2. eranskineko irudian meza-mutil bakoitzak tresna horietako bat daramala: batak intsentsarioa eta besteak intsentsu-ontzia.

He remembered the summer evening he had been there to be dressed as boatbearer.

Intsentsuaren kaxa eramateko janztera hara joan zeneko uda arratsa. (Irene Aldasoro, 1992)

Hor goian aipatutako intsentsu arteko peregrinazio horretan, honako hauetaz ohartuko gara:

  1. Bai alemanera, bai frantsesera, bai gaztelaniara egindako lehen itzulpenetan, bi tresnak nahastu dituzte itzultzaileek, eta jatorrizkoan ageri den boat of incense (intsentsua eramateko ontzia, nabeta) intsentsario bihurtu dute.
  2. Hiru hizkuntza horietara egindako bigarren itzulpenetan (frantsesera eta alemanera) edo hirugarrenean (gaztelaniara), akatsa zuzendu dute.
  3. Gaztelaniara Valverdek 1976an eta geroago Malafrék katalanera eta 2013an Eva Almazánek eta beste hiruk galegora egindakoetan, abiapuntuko frantsesezkoa edo alemanezkoa bidelagun harturik agian, hortxe ageri da akatsa.

Garbi dago horrelako akatsek ez dutela baliogabetzen, berez eta besterik gabe, itzulpen bat, are gutxiago Ulisesen tamainakoa, baina balio lezake jainkozkotasun ez hain merezia dutenak bere lekuan jartzeko.

Eta zer lezio atera daiteke hemendik? Lehenik eta behin, Ulisesen lehenbiziko orrialdeetan holako buruhausteak sortzen dituzten hitz edo pasarteak baldin baditugu, zer ez zaigun sortuko hurrengo 700 orrietan, gainera egileak berak horrelako «tranpak» propio jarri zituela kontuan hartuta.

Ulises zuzentzea: Sisiforen lana

Hau esan nuen Igela argitaletxeak argitara emandako Ulisesen edizio berrituaren hitzaurrean:

Ulises honen lehen argitalpenaren hitzaurrean, 2015eko ekainaren 16an, adierazi nuen 2022 aldera bertsio zuzendu bat argitara emango nuela, aukera baldin banuen. Eta horra zazpi urte horiek igaro. Hona, bada, orduan agindutako argitalpen zuzendu eta emendatua.

Hitzaurre hartan bertan nioen itzulpenak bazuela abantaila bat jatorrizkoaren aldean: beti zegoela hobetzea. Eta horren esperantzan aritu naiz lanean azken hilabeteotan.

Klasikoen itzulpenak berrargitaratzeko arrazoien artean, beti aipatu izan da zaharkituak gelditzen direla, eta hori izaten da itzulpen berriak egiteko arrazoi nagusia. Gure kasuan, euskara batuaren normalizazioan egindako urratsak ere aipatu izan ditugu klasikoen itzulpenak berritzeko arrazoien artean. Baina ez dira horiek izan Ulises berritzeko arrazoi nagusiak, beste hau baizik: Ulisesen itzulpenak beti izango direla behin-behinekoak. Baita oraingo hau ere (Ulises, mendeurreneko edizioa, 5. or.).

Bai, hizkuntza handietan, klasikoen hainbat itzulpen aurkitzen ditugu beti, mendeetan zehar eginak, aurrekoak zaharkituak gelditu direla arrazoituta. Esate baterako, hainbat itzultzailek 70 aldiz ekarria omen dute ingelesera Odisea azken lau mendeetan.

Baina ba al zegoen motiborik Ulisesen euskarazko lehen bertsioa argitaratu eta «berehala» bigarrena argitaratzeko, kontuan hartuta frantsesezkoaren kasuan 70 urte igaro zirela lehenbizikotik bigarrenera eta alemanezkoarenean 50 inguru?

Badira itzultzaileak behin beren lana bukatu eta argitaratutakoan sekula gehiago irakurtzen ez dutenak. Ez da nire kasua. Aukera izan dudanean, nire itzulpenen baten berrediziorik egin behar izan bada, nahiago izan dut zuzendu, bere hartan utzi baino. Premia handiagoa aurreikusi nuen (eta gerora ikusi) Ulisesen kasuan. Hala, argitaratu aurretik eta argitaratu berritan susmoa besterik ez zena premia bihurtu zen, Ulisesen argitalpenaren mendeurrena hurbildu ahala.

Zazpi urteren buruan, bi irakurle eskuzabalen laguntzari esker, era askotako zuzenketak egiteko premia ikusi nuen, itzulpena beti hobetu daitekeela erakusten dutenak: irakurketa okerrak, irristadak, are ergatiboren bat, interpretazio eskasak, ezinbestean emandako baliokide badaezpadakoak, hitz edo zatitxoen desagerpenak, oharren eta testuaren arteko inkongruentziak…

Beraz, 2015eko edizioak bazuen zer zuzendua, eta horretan eman nuen mendeurrenaren aurreko hilabete mordoxka. Bi helburu zituen zuzenketak: okerrak zuzentzea eta badaezpadakoak hobetzea.

Hona hemen aipatu ditudan akatsen adibide batzuk:

12_taula_Well

13_taula_I am a servant

Esan bezala, bi helburu zituen zuzenketak: okerrak zuzentzea eta badaezpadakoak hobetzea.

Zertan hobetu daiteke (beti) Ulises?

  1. Hitzen esanahiaren zehaztasunean.
  2. Zentzu bikoitzen ebazpenean.
  3. Hitz-jokoei emandako irtenbide hala moduzkoetan.
  4. Eta abar.

Hona hemen adibide pare bat:

14_taula_What is home

Hasieratik iruditu zitzaidan itzulgaitza Joycek osatutako «bertso» labur hori. Gainera, Ulisesen maiz samar gertatzen denez, Odisearen imitazioan edo, 7 aldiz errepikatzen da potted meat nobelan zehar. 2015eko edizioan, beharrezkoa iruditu zitzaidan honako ohar hau eranstea:

87.2 Haragi ontziraturik gabe. Haragia ontziratu: larrua jo. «To pot one’s meat», norberaren haragia besteren ontzian sartu, euskarazko «odolkia eltzean sartu»-ren antzekoa. Ikus 14. episodioan ageri diren Ama Birjinaren letaniako hainbat aipu. Vas spirituale, vas honorabile, vas insignae devotionis: Ontzi espirituala, Ontzi agurgarria, Ontzi txit miresgarria. Ikus halaber aurrerago, 10. episodioan, adulterioaren definiziotzat ematen den esaldia: eiaculatio seminis inter vas naturale mulieris, hazi- isurketa emaztekiaren natura-ontzian, alegia.

2022ko zuzenketa egitean, bururatu zitzaidan haragi ontziratua jarri beharrean haragi potoratua hurbilago zegoela ingelesezko hitz-joko edo zentzu bikoitzetik: ontziratu baino hurbilago baitago potoratu aditza potor(ro), potota hitz «zatar»retatik.

Potoratu ageri da, beraz, 2022ko edizioan, ohar honekin:

87.2 Haragi potoraturik gabe?. Haragia potoratu: larrua jo (pototaratu, alegia). «To pot one’s meat», norberaren haragia besteren ontzian sartu, euskarazko «odolkia eltzean sartu»ren antzekoa. Ikus 14. episodioan ageri diren Ama Birjinaren letaniako hainbat aipu. Vas spirituale, vas honorabile, vas insignae devotionis: Ontzi espirituala, Ontzi agurgarria, Ontzi txit miresgarria. Ikus halaber aurrerago, 10. episodioan, adulterioaren definiziotzat ematen den esaldia: eiaculatio seminis inter vas naturale mulieris, hazi-isurketa emaztekiaren natura-ontzian, alegia.

Aldaketa hori eginda, aski nuen agian haragi poto(ta)raturik gabe jartzea eta oharra kentzea. Baina iruditu zitzaidan, batetik, esplizitazio hori gehiegizkoa zela, eta, bestetik, ingelesezko esapidearen zehar-adierazpena ez zela gurean oso aise harrapatuko. Beraz, aldaketatxo hori eginda, oharra pixka bat aldatuta bertan uztea erabaki nuen.

Eta hona beste aldaketa bat, aurreko testua hobetzeko asmoz egina:

15_taula_Following

Ez da erraza ulertzen «kuleroen hanka» zer den, guk ezagutu eta ezagutzen ditugunei nekez aurkituko baitiegu «hankarik». Oraingo tangak baino handixeagoak ezagutu ditugu, baina ez galtza luzeen tankerakorik (nik behintzat). Baina Ulisesen agertzen diren drawers horiek, 3. eranskineko irudian ageri denez, bazituzten «hankak», edo «zangoak», edo «zangoaldeak». Beraz, bizkaierari omenaldi eginez, pantaloi hitzera jotzea erabaki nuen, Bizkai aldeko pantaloi horiek Irlandako drawers delakoen antz handiagoa izango zutelakoan (ez dakit oraindik ere bizkaitarren batzuk kuleroei pantaloi esaten jarraituko duten), baina aspalditxoko hitz horri bide eman behar zitzaiola iruditu zitzaidan, Bloom obsesionatzen zutenak irudi horretakoetik hurbilago daudelakoan.

Bestalde, Mollyk bere monologoan 9 aldiz erabiltzen du hitz hori, eta halako batean zehazten du nolakoak dituen soinean:

16_taula_then if

Hor ere, ez da erraza ulertzen «kuleroak ireki» zer den. Beraz, XIX. mendeko eta XX. mendearen hasierako emakumeen azpiko janzkiei begirada bat emanda, egokia iruditu zitzaidan aldaketa egitea (ikus. 3. eranskina).

Horrelako beste aldaketaren batzuk egiten saiatu naiz, eta uste dut 2015ekoa baino testu franko hobea argitara eman dudala oraingoan.

Atal honen izenburuak dioenez, Sisiforen lana da Ulisesen itzultzailearena. Esan beharra dut aski pozik gelditu nintzela nire lana 2015ean argitara eman nuenean. Handik 6 urtera zuzenketarekin hasi nintzenean, iruditu zitzaidan franko hobetzeko modukoa zela orduko testua. Itzulpena beti baldin bada nolabaiteko hurbilketa, are gehiago horrelako lan bihurri baten itzulpena.

Eta hobetze-lana sekula ez dela amaitzen (edo, Slotek oharrei buruz dioena parafraseatuz, «potentzialki amaiezina dela») erakusteko, pentsa dezagun nola osatua dagoen 14. episodioa («Eguzkiaren behiak») eta 32 autore eta joeren imitazio edo parodia omen dagoela bertan, Don Giffordek bere ohar-liburutzarrean eta Frank Budgenek eta Joycek berak bere gutun batzuetan diotenaren arabera.23 Beste lan pixka bat badago, beraz, 32 parodia modu horien parekoak euskarara ekartzeko modua bilatu nahi duenarentzat. Nire 2015eko bertsioan, 9 idazmolderen paretsukoak-edo osatzen saiatu nintzen, aski eta sobera izango zelakoan. 2022ko bertsioan ez dut funtsezko aldaketarik egin, eta grafiaren koherentziari erreparatu diot pixka bat, baina Januskok eta Giffordek identifikatu dituzten 32 mintzamolde horien pareko parodiak egin nahi dituenak badu non saiatua.

Ulises eta Odisea

Eta, gehiegi luzatzen ari den jardun hau bukatzeko, itzul gaitezen abiapuntura; Odiseara, alegia.

Joycek honako hau idatzi zion bere izeba Josephineri, 1921ean, Ulysses irakurtzea zaila zela-eta kexatu zitzaionean: «Ulises irakurri behar baduzu, hobe duzu aurretik Homeroren Odisearen prosazko itzulpen bat eskuratu edo liburutegiren batetik maileguan hartzea».

Linatiren edo Stuart Gilberten eskemei begiratuz gero (Ulises, 785.-787. or), laster jabetuko gara paralelismoez (Odiseako zein heroi edo pertsonaia dagokion Ulyssesko halako edo halako pertsonaiari, Odiseako zein pasarteri dagokion Ulyssesko episodio bakoitza) edo beste hainbat parekotasunez: Irlanda irla bat da, Itaka bezala; itsasoak garrantzi izugarria du, bai Grezian eta bai Irlandan; ibaiek ere leku handia dute bi herrialdeetan. Xehetasun gehiago nahi dituenak euskarazko Ulisesen edizioaren oharren atalean aurki ditzake.

Hala ere, nahitaezkoa al da Odisearen ezagutza sakona Ulysses itzultzeko? Zertan da baliagarria itzultzailearentzat Odisea irakurtzea? Nire ustez, ez dio inolako kalterik egingo Homeroren maisulan hori ondo ezagutzeak edo itzulpenari ekin aurretik –edo horretan ari den bitartean– irakurtzeak. Zertarako den baliagarria? Bereziki, Ulisesen planteamendu orokorra ulertzeko, ez hainbeste testua itzultzeko. Alde horretatik, beste nonbait aurkitu beharko du laguntza, edo baliabideak.

Esan beharra dago Ulises, edukiari dagokionez, Odisea alderantzikatua dela. Izan ere, Homeroren maisulana Peneloperen fideltasunaren gorazarrea da, besteak beste, eta Ulisesen, berriz, justu alderantzizkoa aurkituko dugu: senarrari adarrak jarri dizkion emakumearen monologo paregabea.

Joycek egiten duen alderantzikatze hori ez dagokio edukiari bakarrik, baizik eta epikaren beraren planteamendu osoari eta baita beste zenbait alderdi formali ere. Pixka bat zehaztearren, esan dezagun Ulises heroiaren ezaugarri nagusia «maltzurkeria» dela (trebetasuna, jirabuelta askoko gizona izatea, baliabide ugarikoa eta jukutria-asmatzaile berdingabea). Horiek dira heroiaren ezaugarriak, eta haren balentriarik handiena Troia mendean hartzeko zurezko zaldiaren trikimailua asmatu, prestatu eta burutu izana. Eta zein da Leopold Bloomen «maltzurkeriarik» aipagarriena? Maitale bat bereganatzeko darabilen ezkutuko gutun-trukea (!). Horretara mugatzen da haren epika guztia. Bloomen zuhurtzia eta buru-argitasuna –Ulisesena bezala– nobela osoan nabarmentzen dira; ez, ordea, inolako epikarik haren jokabidean. («Menturazaleen sasoia amaitu den... / baina non dira heroeak» Etiopian agertu baino berrogeita hamar urte lehenago emana zion Joycek sastada hilgarria heroikotasunari).

Formari dagokion beste alderdi bat ere aipatu behar da hemen: epiteto homerikoarena. Bai Iliadan eta bai Odisean jainko-jainkosek, heroiek eta izaki pertsonifikatuek atxikia izaten duten adjektibo bat da, izenari ezaugarri bereizgarria ematen diona. Barra-barra aurkitzen ditugu holakoak Homeroren epopeietan. Esan daiteke, jainko-jainkosen edo heroien deskribapenaren ordez, hori dela haiek izendatzeko modua, izenari beti «deitura» edo «goitizen» bat erantsi beharko balitzaio bezala. Hala, Zeus «egidaduna» edo «egida-eramailea» dugu; Akiles, «hanka-arina»; Ulises, «maltzurra»; Penelope, «txit zuhurra»; Menelao, «ile-horia». Edo Egunsentia «hatz gorrixkaduna» zen (hori izaten zen Iliada itzultzen hastean aurkitzen genuen adibiderik ezagunena). Baina deitura horiek pilatu ere egin daitezke, eta, horrela, Ulises «Zeusen-jatorriko-Laertesen seme-baliabide ugarikoa» bihurtuko zaigu. Aski dugu Ulisesko Ziklopearen episodiora jotzea (12.a) eta tabernazuloko txoko batean dagoen pertsonaia («Herritarra»; Ziklopea, alegia) nola dagoen deskribatua ikustea, ohartzeko noraino eramana dagoen Joyceren parodia (315. or.).

Izakia harri handi baten gainean zegoen eserita, dorre borobil baten oinean: heroi bizkar-zabal bat zen, bular-azkar zango-sendo begi-xalo ile-gorri orizta-ugari bizar-nahasi aho-zabal sudur-zapal buru-luze ahots-sakon oin-huts esku-nabar zango-iletsu musu-gorri beso-zaildua.

Estilo berezi hori, antza, berezko bihurtu zitzaion Joyceri, zeren ikusi dugu lehentxeago zer idatzi zion F. Bugden adiskideari gutun batean Molly Bloomi buruz: «emakume zeharo sanoa bete-betekoa amorala ernalgarria ez-fidagarria erakargarria azkarra mugatua zuhurra soraioa iruditzen zait niri».

Eta, Ziklopeaz ari garela, gogora dezagun Ulisesen maltzurkeria handienetako bat, bere burua Inor-ez izendatzea, baliagarri izan zitzaiola munstro hartaz libratzeko. Esan daiteke Ulisesen ezaugarrietako batek, hitz-jokoen ugaritasunak, hori izan zuela aurrekari nabarmena. Hori, eta Shakespeareren hitz-jokorako zaletasuna, ez baitzen makala.

Ez da alferrikakoa izango gogoraraztea Odisearen oihartzunak hasi lehenbiziko episodiotik eta azkenekoraino aurkituko ditugula Ulisesen (betiere pertsonaien jarioari egokiturik). Lehenbiziko episodioan, berehala harritzen gaitu epi oínopa ponton («itsaso ardo-kolorean») edo ómphalos («zilborra») aurkitzeak. Baina Odisean bertan ere halaxe agertzen da, lehen episodioan (eta gero beste hainbat aldiz). Eta esango nuke Molly izena bera ere grekerazko moly (Hermesek Ulisesi ematen dion belar magikoa) hitzarekin lotua dela, segur aski.

Beraz, Odisearen oihartzunak behin eta berriz agertuko zaizkigu Ulisesen.

Dena dela, Ulisesen eta Odisearen arteko konparaketak saiakera luze baterako gaia ematen du, eta, irakurlea gehiegi ez nekatzearren, hemen utziko dugu, oraingoz.

Bukatzeko edo

Ulisesen mendeurreneko berrargitalpenari egindako oharrean, esan nuen Ulisesen itzultzailearen sufrikarioak ez zirela amaitzen itzulpena bukatzearekin batera. Sisifo bezala kondenatua dela behin eta berriz harritzarra mendi-gailurrera igo eta hura mendian behera eroritakoan berriro gorantz bultzaka abiatzera. Eta gehitzen nuen horren arrazoia zela: «Ulisesen itzulpenak beti izango direla behin-behinekoak. Baita hau ere».

Arrazoi asko aipa litezke horretarako, baina, hasteko, jatorrizkoa bera mende oso batez «zuzentzen» aritu baziren Joyce bera (eta hainbat bultzagile hura bizi zelarik) eta hainbat aditu gaur arte, eta horretan ere erabateko adostasunik ez badago, zer esan testuaren interpretazioez?

Betidanik pentsatu dut itzulpenak (nireak behintzat) beti hobetu daitezkeela, eta uste dut garbi samar ikusi dugula Ulisesenak (edozein hizkuntzatakoak) hobetzeko modukoak direla gehien-gehienak. Horrez gain, azaldu ditut 2015eko edizioan ageri ziren zenbait akats eta etsi-etsian emandako hainbait irtenbide, eta zuzendu edo hobetu ahal izan ditudala (batzuk) 2022koan.

Ea, ba, 2015eko eta 2022ko edizioak Joyceren heriotzaren mendeurrenerako (2041) agortuak diren, eta beste edizio berritu baterako aukera dudan/dugun/duzun/duzuen/dagoen. Hala biz.


1. eranskina. Meza beltza

1_irudia_Meza-beltza
2_irudia_Black_mass

2. eranskina. Intsentsarioa eta intsentsu-ontzia

3_irudia_intsentsu
4_irudia_intsentsu2

3. eranskina. Pantaloiak

5_irudia_drawerlx

6_irudia_drawerlx2

 

7_irudia_drawenc1

8_irudia_drawenc3

 

BIBLIOGRAFIA

Jatorrizkoa eta Joyceren beste lanak

JOYCE, James (1986). Ulysses. The corrected text. Hans Walter Gabler, Londres: Bodley Head.

——— (1993). Ulysses. Edited with an introduction by Jeri Johnson, Oxford: Oxford University Press.

——— (2012). Ulysses. Based on the 1939 Odyssey Press Edition, with annotations by Sam Slote, Richmond: Alma Classics.

——— (2012). Ulysses. Remastered by Robert Grogan, Co. Mayo (Ireland): Music Ireland Publications.

JOYCE, James (1914). Dubliners, Londres: Grant Richards Ltd. Publishers.

——— (1916). A Portrait of the Artist as a Young Man, New York: B. W. Huebsch.

Itzulpenak

JOYCE, James (1992). Artistaren gaztetako portreta [itzul. Irene Aldasoro], Euba: Ibaizabal.

——— (1999). Dublindarrak [itzul. Irene Aldasoro], Irun: Alberdania.

——— (2015). Ulises [itzul. Xabier Olarra], Iruñea: Igela.

——— (2022). Ulises. Mendeurreneko edizioa [itzul. Xabier Olarra], Iruñea: Igela.

——— (1945). Ulises [itzul. José Salas Subirat], Buenos Aires: Santiago Rueda Editor.

——— (1976). Ulises [itzul. José María Valverde], Bartzelona: Lumen.

——— (1999). Ulises [itzul. Francisco García Tortosa eta María Luisa Venegas Lagüens], Madril: Cátedra.

——— (2015). Ulises [itzul. Marcelo Zabaloy], Buenos Aires: El Cuenco de Plata.

——— (2017). Ulises. Traducción, introducción y notas de Rolando Costa Picazo, Buenos Aires: Edhasa.

——— (2022). Ulises [itzul. Carlos Manzano], Bartzelona: Navona Editorial.

——— (1929). Ulysse. Traduction intégrale par Auguste Morel, assisté de Stuart Gilbert entièrement revue par Valery Larbaud et líauteur, Paris: Gallimard.

——— (2004) Ulysse. Nouvelle traduction sous la direction de Jacques Aubert, Paris: Gallimard.

——— (1927). Ulysses [itzul. Georg Goyert], Basel: Rhein-Verlag (1930ean berritua).

——— (1975). Ulysses [itzul. Hans Wollschläger], Frankfurt/M: Suhrkamp.

——— (1960). Ulisse. [itzul. Giulio De Angelis], Segrate: Mondadori.

——— (1995). Ulisse. [itzul. Bona Flecchia], Florentzia: Shakespeare and Company.

——— (2012). Ulisse. [itzul. Enrico Terrinoni & Carlo Bigazzi], Erroma: Newton Compton.

——— (2013). Ulisse. [itzul. Gianni Celati], Torino: Einaudi.

——— (2020). Ulisse. [itzul. Mario Biondi], Milan: La nave di Teseo.

Lagungarriak

BOWEN, Zack R. (1974). Musical Allusions in the Works of James Joyce, Albany (New York): State University of New York Press.

BUDGEN, Frank (1934). James Joyce and the Making of Ulysses, Londres: Grayson & Grayson.

ELLMANN, Richard (1959). James Joyce, New York: Oxford University Press.

——— (1992). Selected Letters of James James Joyce, Londres: Faber and Faber.

GARDNER, Martin (1985). «The Puzzles in Ulysses», Semiotica 57 (3-4), 317-330. or.

GIFFORD, Don (1967). Notes for Joyce: “Dubliners” and ìA Portrait of the Artist as a Young Manî, New York: Dutton.

GIFFORD, Don & SEIDMAN, Robert J. (1974). Ulysses Annotated, Oakland: University of California Press.

GILBERT, Stuart (1930). James Joyceís Ulysses: A Study, Londres: Faber and Faber.——— (1957). Letters of James Joyce, Vol. I., New York: Viking Press.

JANUSKO, Robert (1983). The Sources and Structures of James Joyceís ìOxenî, Ann Arbor (Michigan): UMI Research Press.

MADDOX, Brenda (1989). Nora: A Biography of Nora Joyce, Londres: Minerva.

——— (2000). Nora: The Real Life of Molly Bloom. Boston: Houghton Mifflin.

PARTRIDGE, ERIC (1937). A Dictionary of Slang and Unconventional English, Londres: Routledge.

SAINTSBURY, George (1912). History of English Prose Rhythm, Londres: MacMillan and Co.

SLOTE, Sam & MAMIGONIAN, Marc A. & TURNER, John (2022). Annotations to James Joyce’s Ulysses, Oxford: Oxford University Press.

THORNTON, Weldon (1982). Allusions in Ulysses, Chapel Hill: University of North Carolina Press.

Gehigarriak

ARESTI, Gabriel (1983). T.S. Eliot euskaraz, Donostia: Hordago.

ATXAGA, Bernardo (1978). Etiopia, Bilbao: Pott liburutegia.

BRADLEY, John. Survival Irish words collected from John Bradley. (Kontsulta: 2022-12-01)

BROOK ALEXANDER, John (1991). Is there Gaelic on you?: Joyceís use of Irish Gaelic, Hiberno- English, and Anglo-Irish in A Portrait of the Artist as a Young Man and Ulysses, Chapel Hill: University of North Carolina Press.

COLEMAN, Clan. Irish English & the rest. (Kontsulta: 2022-12-01)

HOMERO (1951). Odisea [itzul. Luis Segalà i Estalella], Buenos Aires: Espasa Calpe.

HOMERO (1985). Odisea [itzul. Santi Onaindia], Donostia: Euskerazaintza.

IZAGIRRE, Koldo (1976). Zergatik bai, Donostia: Haranburu.

JOYCE, P. W. (1910). English As We Speak It in Ireland, Londres & Dublin: Longmans, Green & M. H. Gill & Son. (Kontsulta: 2022-12-01).

LÁZARO, Luis Alberto & MORALES LADRÓN, Marisol (1994). «Técnicas narrativas en James Joyce y Luis Martín-Santos: Estudio comparativo de “Ulysses” y “Tiempo de Silencio”» in Joyce en España (I), A Coruña: Universidade da Coruña. (Kontsulta: 2022-12-01).

SARASOLA, Ibon (1975). Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza, Donostia: Kriselu.

URKIZU, Patri (1975). Sekulorun sekulotan, Donostia: Kriselu.

PETERSEN, Lucas (2016). El traductor de Ulises, Buenos Aires: Sudamericana.

ZINGG, Gisela (2005). «Hiberno-English in Joyce’s Ulysses», SPELL 17, 195.-206. or. (Kontsulta: 2022-12-01).


1. 2022an Langintza Xehekin argitaratu genuen artikuluaren bertsio laburtua da honako hau.

2. Hans Walter Gabler, James Joyce (1986). Ulysses. The corrected text, Londres: Bodley Head

3. Berriki argitara eman ditu testutik bereizitako ohar-liburu batean: Annotations to James Joyce’s Ulysses. Sam Slote, Marc A. Mamigonian eta John Turner, Oxford, 2022. 12.000tik gora ohar.

4. Richard Ellmann, James Joyce, New York: Oxford University Press, 1959.

5.Joyce, James. Letters of James Joyce. I. lib., arg.. Stuart Gilbert. New York: Viking Press, 1957. Selected Letters of James James Joyce, arg. Richard Ellmann. Faber and Faber, 1992.

6.The Dirty Letters of James Joyce to Nora, New York: Mariner Books, 2000.

7. Badira adituen artean bi termino horien artean bereizketa egiten dutenak, hala nola soliloquio eta monólogo (interior) bereizten dutenak. Hemen, sinonimo gisa erabili ditut, hiru bakarrizketa horien kasuan. Argibide gehiago nahi duenak jo beza, adibidez, hona: Luis Alberto Lázaro eta Marisol Morales Ladrón, Técnicas narrativas en James Joyce y Luis Martín-Santos: «Estudio comparativo de Ulysses y Tiempo de Silencio», A Coruña: A Coruñako Unibertsitatea, 1994.

8. Ibon Sarasola, Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza, Kriselu, 1975.

9. Ikus: «Emakumeak bere buruari nola» artikulua. Edo horrekin aski ez duenak jo dezala Xabier Alberdiren artikulu honetara: «Hitanoa non eta nork erabiltzen duen» (Euskera aldizkaria, Leioa, 1994-10-04).

10. Frank Budgen, James Joyce and the Making of Ulysses, Londres: Grayson & Grayson, 1934.

11. Amaia Apalauza, «The Word for World is Forestetik Oihan hitzean munduara: itzultzaile bat zientzia-fikzioaren oihanean», Langintza Xeheki, EIZIE, 2021 eta Senez 53, EIZIE, 2022.

12. George Saintsbury, History of English Prose Rhythm, Macmillan: Londres, 1912.

13. Robert Janusko, The Sources and Structures of James Joyce’s «Oxen», UMI Research Press: Ann Arbor, Michigan, 1983.

14. Batzuentzat, ingelesaren dialekto bat da Irlandako ingelesa. Ikus, esate baterako, P. W. Joyceren English As We Speak It in Ireland (www.gutenberg.org).

15. Gisela Zingg, Hiberno-English in Joyce’s Ulysses, in SPELL, 17, 201. or.

16. Joyce’s Ulysses Notesheets in the British Museum, Charlottesville: University Press of Virginia, 1972.

17. Poemari buruzko argibide gehiago nahi dituenak hemen aurki dezake. Richard Head, The Canting Academy, or Devils Cabinet Opened, 1673.

18. Ikus,Ene Jainko Eidol Zaharra, Lur!, Elkar, 1982, 54. or.

19. Ich bin der Fleisch der stets bejaht (Joycek bere aleman badaezpadakoan emana). Stuart Gilbert, Letters of James Joyce, 1: 170.

20. Patri Urkizu, Sekulorun sekulotan, Kriseilu, 1975.

21. Koldo Izagirre, Zergatik bai, Haranburu, 1976.

22. RAEren definizioa hau baita: adjetivo · nombre masculino y femenino. Que era partidario de Isabel II bajo la regencia de su madre María Cristina de Borbón, contra el pretendiente don Carlos, en el segundo tercio del siglo XIX español.

23. Patrick Hastings, The Guide to James Joyce's Ulysses, Baltimore: Johns Hopkins University Press, 2022. Hemen ikus daitezke 32ak.