Mayi Peloten 'Biharko oroitzapenak' ingelesera itzultzeaz
Zientzia-fikzioa euskaraz genero gisa argitaratzea eta irakurtzea sustatzen duen mugimendu berrian, ezinbestekoa izan da Mayi Peloten lana, baita haren lanaren inguruan azkenaldian sortu diren omenaldi eta egitasmo ugariak ere. 'Biharko oroitzapenak' lanaren nire ingeleserako itzulpena mugimendu horren parte izan zen. Artikulu honetan, Pelotek asmatutako munduak deskribatu ditut, eta mundu horiek sortzeko erabili zuen euskara (estiloa eta lexikoa) aztertu, nire itzulpen-aukerekin batera. Pelotek euskararekin zuen harremana eta nik izan dudan harremanaren artean paralelismo bat trazatuz, eta «euskaldun berri» kontzeptuaren inguruko desadostasuna aipatuz, berresten dut Pelotek hizkuntza malgu eta originala sortu zuela euskarazko etorkizun posibleak irudikatzeko.
Euskal zientzia-fikzioaren erreferentzia dugun Mayi Peloten aitorpen berri bat piztu da igaro den bosturtekoan zehar. Esan liteke euskarazko zientzia-fikzioak azkenaldian bizi izan duen generotzearen eragile bat dela Pelot 2016. urtean hil eta gero haren lanaren inguruan sortzen hasi zen aitortze-mugimendua –besteak beste, mahai-inguru, omenaldi, irakurle-talde eta berrargitalpenen bidez–. Hau da, Mayi Peloten fikzio espezialistaz (Zaldua, 1990) gain zientzia-fikzio (ZF) gisa idatzi, argitaratu eta erreseinatutako euskarazko fikzio gutxi izan dugularik, ZFaren aterkiaren azpian sartzeko prest dagoen literaturaren ugaritze txiki bat ikusten ari gara. Eta esango nuke Peloten ospe sotila dela horren lekuko garrantzitsuenetariko bat.
Peloten ZFaren aitortze-mugimendu horren parte nintzela, 2021ean, haren Biharko oroitzapenak ipuin bilduma eta eleberri laburra itzuli nituen ingelesera, ZF feminista argitaratzen duen Aqueduct Press estatubatuar argitaletxearentzat, Etxepare Institutuaren dirulaguntza baten bidez. Timmi Duchamp editorearekin hizketan, laster erabaki genuen liburua argitaletxearen Heirloom Books bildumaren barnean argitaratzea zela egokiena. Bildumaren izenak familia-jarauntsiari egiten dio erreferentzia –belaunez belaun igaro diren barazki moten haziei, hain zuzen ere–, eta gaur egungo zientzia-fikzio feministari forma eman dioten lanak biltzen ditu, gal ez daitezen, «kanonean sartzen ez diren liburuekin sarri gertatzen den bezala» (Pelot, 2022).1
Egilea eta lana
Ingelesez Memories of Tomorrow deitu genion liburuaren barnean, hiru mundu agertzen dira: lehenengoa, zeina hiru ipuinetan eta eleberri labur batean –«Miren», «Boga, boga», «Feed-back», «Telelaberintoa»– zehar garatzen baita, etorkizuneko Esqwal Herrya dugu, Byorn (gaurko Baiona) hain zuzen ere, gentrifikazio-prozesu global batean murgilduta. Etorkizun horretan, egun Hego Euskal Herria deitzen diogun lurraldean, Lemoizko zentral nuklearra abian jarri eta hutsegite baten erruz lehertu egin da, eta lurralde osoa basamortu toxiko bihurtu da. Bestalde, Espainia Iranen boterearen pean izanda, eta Frantziaren gehiengoa Hirugarren Mundu Gerraren ondorioz suntsitu denez gero, euskara da iraun duen hizkuntza bakarra Esqwal Herry horretan: hizkuntza ezinbestekoa Sigma/Zigma izeneko megakorporazioa Byornen arrakastatsua izan dadin. Tekno-thriller aireko ZF politikoaren ildoan koka daitezke istorio horiek, askotan egunerokotasunaren bidez ehunduak.
Pelotek asmatutako bigarren mundua, «Plist plast» ipuin luzekoa, Berreus planeta da, Basik eta Kobol izeneko planeten artean banatzen dena, eta haren ekuatorean, urez eta sumendiz betetako lurralde batean, Basiken eta Kobolen menderatzearen eta estraktibismoaren aurkako borrokan irauten dute berreustarrek. Etorkizun urrunean kokatuta, ipuinak berreustar iraultzaile baten ihesaldiaren eta ezkutatzearen istorioa kontatzen du, Berreusen askatasunaren aldeko banakako eta auzoko ahaleginek inguraturik. Bai istorio honetan, bai azken eta hirugarren planetan kokatutako istorioan, nabaria da Pelotek Bradburyren estetikarekin daukan zorra, berak aitortu bezala. Hirugarren planetak, «Harremana» novelettekoak, Daleth du izena, eta ZFko space opera generoari Pelotek egindako omenaldi literal batetik sortua da. Star Warsen moldeko lanak biltzen dira space opera generoan, baina Pelotek beste geruza bat gehitzen dio istorioari, Wagnerrek eskandinaviar mitologian oinarrituta idatzi zituen operetako pertsonaia eta tropoak hartuz eta espazioan kokatuz. Wotan izeneko gizon boteretsu eta espazio-bidaiariaren ikuspuntutik, hamaika mundu arrotz eta bitxi deskubrituko ditugu, bilduma osoan aurkitu daitekeen estilo poetikoenaz gauzatuak.
Egilea, itzultzailea eta hizkuntza
Bildumak argi uzten du Mayi Pelotek hizkuntzarekin daukan harreman jolasti eta irekia. Mundu berriak sortzeko erabiltzen duen irudimena euskara erabiltzeko eta moldatzeko bere era berezira ere hedatzen da. Euskararen bitartez, Euskal Herriaren eta Euskal Herritik haratago dauden munduen etorkizunari itxura ematen dio, eta horretan datza haren originaltasunaren alde bat. Baina ez hori bakarrik –eta hau da benetan berezia iruditzen zaidana–, baizik eta euskara ere euskararen bitartez moldatzen du, neologismo anitz asmatuz (horietaz arituko naiz gero), eta estilo eliptiko eta malgu batez hizkuntzaren ertzak zabalduz. Horretaz aritu zen Itxaro Bordarekin eta Josu Landarekin izandako elkarrizketa batean (Borda & Landa, 1986):
—Zientzia fikzioa idazteko, euskera tresna efikaza da ala moldatu behar da; hitzak asmatu eta. Nola egiten duzu zuk?
—Dena den, hitzak asmatu behar dira. Euskaraz samurra da, hitzak errezki lotzen edo zatikatzen baitira. Prolema zera da, ulergarria izatea eta nola jakin irakurleak ulertzen duen. Gaurko egunean hitz egokia atxeman behar da, zeina poemetan zailena dela uste dudan. Ez da euskaraz beste mintzairetan baino zailagoa, ingelesez, grekaz, alemanieraz bezain erreza da.
Pelotengandik gertu sumatzen dut neure burua haren elkarrizketak irakurtzean. Ez bakarrik berarekin guztiz bat natorrelako euskara espekulazio tresna gisa ikustean. Berari gertatu zitzaion bezala, Bradbury irakurtzean ohartu nintzen ni ZFaren indar poetikoaz, eta handik urte batzuetara Le Guinen idazkera gardenak berretsi zidan hori. Berari bezala, euskaldun berria deitu diezadakete niri ere –izan ere, neure buruari oraindik holaxe deitzen diot–, ofizialki hiru urte nituelarik ikastetxean eta senide batzuekin euskaraz egiten hasi nintzen arren. «Euskaldun zahar / euskaldun berri» ardatzaren funtsa zalantzan jartzen da, gero eta gehiago, eta arrazoi sendoengatik, gainera. Bordarekin izandako beste elkarrizketa batean, honela zioen Pelotek: «Hogeita hemezortzi urte ditut, eta hogeita hiru urtetan euskaraz ikasi nuen: egin kalkuluak, ez naiz hain berria. Zahartzen ari naizen euskalduna naiz...» (Borda, 1985). Nire kasuan, ingelesezko ZFtik etorrita, euskarazko ZFn murgiltzean berreskuratu nuen euskara, denbora luzean euskaraz egin barik eman eta gero. Mayi Pelot (eta haren lana deskubritu nahi izan zuen Zarauzko ZF kuir-feminista taldea) erabakigarria izan zen prozesu horretan.
Hortaz, zirkulu bat osatuko banu bezala sentitu dut euskaratik ingelesera Mayi Peloten zientzia-fikzioa itzultzea. Testuan murgildu ahala, ia hitzez hitz ipuinak bihitu ahala, askatasun-ariketa itzela aurkitu dut Peloten fikzioan. Askatasunez itzultzeko baimena emango balit bezala landu dut nire testua, jaiotzatikoak ez zaizkidan bi hizkuntzaren artean saltoka, han-hemen esanahiak desestaltzen, opakutasuna igartzen zidaten hitzen poesia aprobetxatzen, mundua ikusteko era horretan sumatzen, baita dudan etxe sendoa eraikitzen ere. Hitzak sortzeko Peloten trebetasuna maiz aipatu da beraren lanari buruz aritzean, eta, are gehiago, haren euskaldunberritasun horrekin lotu izan da. Ana Moralesek hala jaso zuen, AnsibleFesten Itxaro Bordak esandakoaren bidez: «Agian horregatik jo zuen zientzia-fikziora, beharbada horregatik idatz zitzakeen fantasia kutsuko istorioak (euskaldun zaharrek baino errazkiago). Izan ere, duela 30 urte esaten zen euskara metaliko edo tekniko hura –batua– zientzia-fikziozko euskara bat zela, orduan bazuen bere zientzia-fikzio kutsua» (Morales, 2018). Hiztegigintzan aritua, eta latinean eta grezieran aditua, Pelot bere garaikideak erabiltzen ari ziren euskararen aldean bestelako eredu baten bila zebilen, Bordaren arabera. Euskara hori aurkitu zuen berezkoa sortzean, zeinean beraren munduek oinarria eduki zezaketen.
Peloten neologismoak
Peloten neologismoekin lan egitean, hiru motatan banatu nituen. Mota bakoitzaren deskribapen eta adibideak emango ditut segidan, nire itzulpenak gehituta:
1. Pelot idazten ari zen garaian asmatu gabe zeuden teknologiak izendatzeko neologismoak:
- Arroltzmatiko (lurretik 50 cm-ra airatzen den ibilgailu gurpilgabea): ovamobile itzuli nuen.
- Eskutel (eskumuturrean erabiltzen den irrati antzeko komunikagailua): handphone itzuli nuen.
- Entzunkariak (belarrietan sartu eta pantailan dagoen irakasleari entzuteko gailuak): aurals erabili nuen.
- Telikastola (banako ikasgeladun eskola, zeinean ikasleek 3D bideoen bidez ikasten duten, isolaturik. Ezaguna egiten zaizue?): birtualtasunari erreferentzia eginez, V-school itzultzea erabaki nuen.
- Ardihuntz (ardiaren eta ahuntzaren arteko hibridoa, esnea ematen duena): beste bezero batentzat Etiopiako nekazaritzari buruzko txostenak zuzentzetik ezagutzen nuen shoat hitza, ingelesezko sheep eta goat hitzen fusioa, bi abere moten abeltzaintza bateratuari buruz aritzeko erabiltzen dena. Aukera ezin hobea iruditu zitzaidan.
2. Pelot idazten ari zen garaian asmatuak ziren baina euskarazko terminorik ez zeukaten teknologiak izendatzeko neologismoak: oso kasu berezia aurkitu nuen berigan hitzean. Nik dakidala, Pelotek asmatu zuen, gaur egun «igogailu» deitzen diogun gailurako. Be- hori «behera» hitzarekin ziurgabetasunez lotu arren, -igan zatia argi zegoen. Kasu horietan, ingelesezko hitz onartua erabili nuen, Peloten asmoa teknologia arruntarentzat euskarazko hitza sortzea zelako, eta ez arroztasuna adieraztea.
3. Azkenik, baditugu adibide bakar batzuk 1980ko hamarkadan existitzen ziren hitz teknikoenak, bereziki informatikarekin lotuak. Ordenagailuen testuinguruan lingua franca den ingelesa erabili beharrean, euskarazko hitz arruntak eman zituen Pelotek hitz horien ordain. Ez nintzen berehala horretaz ohartu. Adibidez, etorkizun hurbilean kokatutako istorioetan, pertsonaiek ordenagailuaren teklatua (klabera) erabiltzen dute datuak sartu eta bilatzeko. Horretarako, Lot/buka tekla (atzola) sakatzen dute. Lot hitza «lotu» ekintzarekin erlazionatu nuen. Buka, bestetik, «moztu» edo «itzali» esanahiekin. Handik, on/off kontzeptura iritsi nintzen. Artikulu hau prestatzean eta «Telelaberintoa» berrirakurtzean konturatu nintzen On/Off botoia baino gehiago, Enter teklaren funtziotik gertuago dagoela Lot/bukaren erabilera. Zorionez, Peloten pentsaera islatu nahian, Link/Break erabili nuen itzulpenean.
Halako kontuetarako, Itxaro Bordaren laguntza baliotsua izan nuen, eta, «Plist plast» ipuinaren kasuan, Ana Moralesena ere bai, 2019an egin nuen ipuin horren gaztelerazko itzulpena zuzendu baitzuen. Zalantzak argitzen zizkidan bitartean, Bordak kontatu zidan 1980ko hamarkadan ez zegoela oraindik euskarazko hiztegi teknikorik. Beraz, Pelot euskarazko hitzak elkartzeko atseginaz baliatu zen, ez gailu berriak asmatzeko bakarrik, baizik eta baita ingelesetik euskarara sartzen ari ziren hitz guztien aurrean aukera interesgarriak emateko ere. Hots, euskarazko etorkizun bat euskaraz irudikatzeko.
Nire aburuz, horixe da Peloten ekarpen nagusietako bat: euskararen zalutasuna erabili izana etorkizun posibleak marrazteko; ezagutzen dugunari zapore, usain, itxura berriak emateko. Ez zituen beti etorkizun desiragarriak irudikatu, baina mundu desiragarriak badaude Peloten istorioetan, baita etorkizun desiragarriekin amets egiten duten mundu liluragarriak ere. Pelotek, zientzia-fikzioaren indar poetiko hori jaso, eta bere ahots originalaren bidez erabat eraldatuta jariarazi zuen, euskararen barnean aske.
Erreferentzia bibliografikoak
Borda, Itxaro (1985). «Mayi Peloten “Biharko oroitzapenak…”», Argia.
Borda, Itxaro & Josu LANDA (1986). «Mayi Pelotekin solasean: “Gure planeta mendurarendako ezagunegia delako idazten dut zientzia fikzioa”» Susa 19.
Morales, Ana (2018) «ANSIBLEFEST 2018: Hamaika mundu sortzeko jaio gara I», etzi.pm. (Kontsulta: 2023-3-20).
Pelot, Mayi (2022). Memories of Tomorrow [itzul. Arrate Hidalgo], Seattle: Aqueduct Press.
Zaldua, Iban (1990). «Zenbait gogoeta zientzia-fikzioaren inguruan», Hegats 32, Donostia: Euskal Idazleen Elkartea, 75. or.
1. «[A]s works that do not make it into the canon so often are» (nire itzulpena).