Euskal itzulpengintza sareko plazan: pantailen osteko gorputzak
Artikulu honen helburua sarean euskarara itzulitako testu literarioei lekua egiten dieten atariak ezagutzea da. Azterketa kualitatiboa proposatzen du, gaur egun martxan ari diren lau atariren eta hainbat urtez aritutako beste biren kudeatzaileei egindako elkarrizketetatik abiatuta. Hala, proiektuon atzeko sortzaileak nondik, nola eta zertarako ari diren aztertu nahi da: zeintzuk diren haien lan-baldintzak, motibazioak, nabaritzen dituzten hutsuneak... Bakoitzaren egoeratik eta haien arteko loturetatik abiatuta, sektorearen argazki orokor bat izan litekeena atera nahi da artikulu honetan.
Artikulu honek euskarara itzulitako testu literarioek sarean duten lekua aztertzea du xede. Horretarako, gaur egun euskararako itzulpenak maiztasunez argitaratzen dituzten atariei begiratuko diet, eta baita Internet sortu zenetik gaur egunerako historia laburrean egon diren aurrekari zenbaiti ere.
Hala, alde batetik, atzera-begirako bat egin eta euskarara itzulitako literaturaren presentziak sarean bizi izan duen bilakaera aztertzeko saiakera egingo dut, gaur egungo egoeraren diagnosi txiki baterako erremintak bildu guran. Horretarako, aztertutako atari bakoitzak bilatzen eta eskaintzen duena xehatuko dut.
Bestetik, webguneen atzetik dagoen lana azaleratzea ere bada asmoa: sareari jaten ematen dioten eskuei gorputza eta haragia ematea, eta nola eta nondik ari diren ulertzea. Bigarren atalak lehenengoak bilatzen duen diagnosi horri ekarpena egingo diolakoan planteatu da horrela ikerketa: azken batean, geure burua norbanako zein kolektibo bezala ulertu, pertsonok gara sistema literarioak aurrera egin dezan bultza egiten dugunak, eta berdin antzera gertatzen da euskaratutako literaturak sarean daukan gelaxkatxoarekin. Pantailen atzean ente lausoak ikusteko joera dugun arren, eduki hauek guztiak edonoren eskura jartzeko lanean ari diren lagunak ikusaraztea ere bada helburuetako bat.
Horretarako, hain zuzen ere, pertsona horien iritzi eta sentipenetatik abiatuko naiz artikulurako datuak osatzeko: elkarrizketak egin dizkiet sei online ataritan ari diren edo aritu diren lagunei, eta haien erantzunak erabiliko ditut errepikatzen diren patroiak, kasu deigarriak eta ondorioak biltzeko, halakorik ateratzerik bada. Esan gabe doa, beraz, balio kualitatiboa izango dela betiere azterketak eskain dezakeena.
Sei atari izan ditut aztergai:1 Armiarma, Deabruaren Eskola, Booktegi, Xerezaderen Artxiboa, Hitzen Uberan eta Elearazi. Azken biak honezkero ez daude aktibo, baina, haien eragin eta ibilbideari aipagarri iritzi, eta utzi duten aztarnari lekutxoa egin gura izan diot artikuluan. Jarraian, atariok aurkeztuko ditut, sorreraren araberako ordenan, zaharrenetik berrienera.
Aztertutako atariak
Armiarma da, aldez, euskarara itzulitako literaturako online atarietan zaharrena eta ibilbide luzeena daukana. Susa argitaletxeak abiarazi zuen, 2001ean, eta funtzionatzen jarraitzen du gaur egun ere, baita indarrez funtzionatzen ere: egunean-egunean elikatzen dute webgunea, efemerideak eta gertakari literarioen agenda biltzen baititu, eta baita sarean azaltzen doazen eduki literarioak ere (egunkarien webguneetan argitaratutako kritikak, esaterako). Atariak harpidetza-zerbitzua dauka astero literatura-pilulak jaso eta agendaren berri izan gura duenarentzat.
Euskal literaturaren alderdi ugariri erantzuten dioten ataletan dago banatuta webgunea, eta «Euskarari ekarriak» saila da itzulpengintzari dagokiona. Hainbat funtzio betetzen ditu sail horrek ere: alde batetik, euskarara itzulitako autoreen zerrenda gordetzen du, ordena alfabetikoan, bakoitzaren inguruko sarrera batekin. Bertan, besteak beste, idazle bakoitzaren zer lan euskaratu den adierazten da, eta baita itzultzailea zein izan den ere. Hori ez ezik, ordea, itzulpen asko eta asko orrialdean bertan daude irakurgai; izan ere, haietariko hainbat «Euskarari ekarriak» sailean eman dira argitara lehenengoz. Beraz, alde batetik, bilaketarako tresna bezala funtziona dezake guneak, baina baita edukiak jasotzeko leku bezala ere. Gaur-gaurkoz, 1.500 idazleren 3.896 idazlan gordetzen ditu (Armiarma, 2023).
Azpimarratzekoa da armiarma.eus-en argitaratzen diren itzulpenak webgunearekin lotura zuzenik ez duten lagunek eginak izan ohi direla: irekia da bertan argitaratzeko aukera, eta, hala, esaterako, Itzulpengintza eta Interpretazio graduko ikasleen lanak eta zaletasunez itzultzen dutenenak ere jasotzen ditu.
Bigarrenik, Hitzen Uberan Euskal Idazleen Elkarteak 2009an sortutako proiektua da, eta 2021era arte egon zen martxan. Tarte horretan, Uxue Alberdi, Imanol Ubeda, Danele Sarriugarte eta Oier Guillan aritu ziren erredakzioan. Euskal literaturari lotutako elkarrizketak, albisteak eta iritzi-artikuluak partekatzen ziren, eta baita kolaboratzaileek eta komunitateko kideek sortutako lan originalak ere. Komunitateko kide izateko aukera, gainera, edonorentzat zegoen irekia. Horrez gain, literaturzaletasuna partekatzeko tokia ere bazen, idazle eta itzultzaileei irakurgaiak gomendatzeko amua botatzen baitzitzaien, besteak beste. Euskal Idazleen Elkartearen kanpora begirako jarduna eskura jartzen zuen atariak.
Itzulpengintzari dagokionez, «Amuak» izeneko atalean, erdaretan idatzitako liburuak hartzen ziren mintzagai maiz, eta, haien inguruko aurkezpen-kritika dei genezakeenarekin batera, ataltxo zenbait azaltzen ziren itzulita. Beste batzuetan, testuen edo testu-zatien itzulpenak sorkuntzen barruan agertzen ziren, hausnarketa-artikuluen barruan. Hortaz, ariketa interesgarriak aurki genitzakeen (eta aurki ditzakegu gaur egun ere, Uberanen webguneak ikusgai jarraitzen baitu) sorkuntza eta itzulpengintza uztartzeari eta, are, bien arteko mugak lausotzeari dagokionez (Hitzen Uberan, 2020a; 2020b). Horrez gain, kolaborazio gisa ere azaltzen ziren itzulpenak noizbehinka. Uberanen argitaratutako itzulpenak ez dira era antolatu edo bereizian azaltzen atarian, originalekin eta bestelako artikuluekin batera baizik. Horrek bilaketa zailtzen duen arren, interesgarria izan daiteke jatorriz euskaraz idatzitakoak eta itzulpenak nahastea eta, nolabait, berdintzea, kontuan edukita zer estigma lotu ohi zaizkien itzulpenei eta zer hutsune leporatzen euskal literaturari (Jimenez, 2021).
Xerezaderen Artxiboa 2011n sortu zuten Ana Morales eta Jasone Larrinaga itzultzaileek. Aurreko biak ez bezala, bete-betean itzulpengintzari lotuta dago atari hau; izan ere, nagusiki, euskarara itzulitako testuak audio bidez ematean datza haren jarduna (nahiz eta tarteka jatorriz euskaraz idatzitakoak ere bilakatzen dituzten audio). Hala, audioliburuen eta podcasten artean koka genezake eskaintza, testuak sarreratxoekin batera ematen dituzte eta. Askotariko lanak hartzen dituzte itzulgaitzat, eta, gainera, beste itzultzaile batzuek euskaratutakoei ere jartzen diete ahotsa batzuetan. Irakurle gonbidaturen bat edo besterekin elkarlanean ere aritu dira.
Esan genezake euskarara itzulitako testuei bestelako dimentsio bat ematen diela Xerezaderen Artxiboak. Alde batetik, ohiko euskarri idatziaren ordez, testuak entzunez jasotzeko aukera ematen digulako (zeina, berriki bizi izan dugun podcasten gorakadak adierazten duen bezala, ezin bateragarriagoa baita egungo bizi-estiloarekin), eta, bestetik, eduki literarioa sozializatzeko, gorpuzteko eta ospatzeko egitasmoak ere abiarazi izan dituztelako Moralesek eta Larrinagak: Xerezadejaia izeneko irakurraldiak, adibidez, non hainbat literaturgilek hartu izan duten parte (Xerezaderen Artxiboa, 2023).
2012an sortu zuten Garazi Arrulak eta Danele Sarriugartek Elearazi ataria, biak ere Itzulpengintza eta Interpretazio gradua amaitu berritan zeudela, eta 2015era arte elikatu zuten. Bertan, batetik, atarirako propio egindako itzulpenak partekatzen zituzten («Euskarara ekarriak» atalean), eta, bestetik, elkarrizketak, kronikak eta beste. Elkarrizketa horien bidez, lan garrantzitsua egin zuten itzultzaileak ikusarazteari eta haiei ahotsa emateari dagokionez, «Itzultzaileak mintzo» izeneko atalean batik bat. Itzulpenei dagokienez, testu asko eta askotarikoak euskaratu zituzten, izan saiakera, izan prosa, izan poesia, eta haietariko batzuk paperezko argitalpen batean bildu zituzten egitasmoari amaiera ematea erabaki zutenean (baita «Itzultzaileak mintzo» ataleko edukiak ere, bigarren liburuki batean). Arrularen eta Sarriugarteren intereseko testuak ziren, oro har, itzultzen zirenak, eta, ondorioz, ildo batzuk identifika zitezkeen: gai aldetik, esaterako, transfeminismoari, sexu-genero disidentziei eta bestelako borroka sozialei lotutako hainbat lan aurki ditzakegu, eta baita itzulpen-ikasketei lotutakoak ere (Elearazi, 2015).
Booktegi ataria 2017an sortu zuen izen bereko kultur elkarteak. Booktegi elkarteak baditu zenbait erakunde bazkide, Xerezaderen Artxiboa bera tartean. Batik bat, narratiba- eta poema-liburuak argitaratzen dira, hala originalak nola berrargitalpenak, eta askotarikoak jatorriari, luzerari edo gaiari dagokienez. Horrez gain, bestelako ekimenak ere bultzatzen dituzte, hala nola elkarrizKATEA (non autoreek elkar elkarrizketatzen baitute), eta antzerki-obren grabaketak eta audioliburuak ere jasotzen dituzte. Bereziki baliagarria da bestela eskuratzeko zailak liratekeen argitalpenak erraz topatzeko aukera ematen duelako; aldizkari-aleak eta argitalpen zabalagoen barruan emandako ipuinak eta testu laburrak, kasurako.
Alde batetik, Booktegik berak egiten dizkie sortzaileei edukia sortzeko proposamenak, baina, bestetik, inork bertan argitaratzekorik edukiz gero, atea irekia dago kudeatzaileekin harremanetan jartzeko. Gainera, aipatzekoa da irakurketa errazteko hainbat tresna jartzen dituela eskura webguneak; lanak .pdf, .mobi eta .epub formatuetan deskargatzeko aukera ematen du, adibidez. Liburuen atalera joanda, itzulpenak gordetzen dituen sarrera topa dezakegu: dozenaka daude irakurgai, eta klasikoak dira haietariko asko. Bada, Booktegik esku- eskura jartzen die edukien sortzaileei (itzultzaileak barne) lanak partekatzeko lekua, eta elkarren ondoan ageri dira bestela nekez bat egingo luketen argitalpenak: testu argitaragabeak, Susan eta beste argitaletxe batzuetan emandako liburuak, aldizkari literarioak… (Booktegi Kultur Elkartea, 2023).
Deabruaren Eskola aztertutako atarietan berriena da, 2020an sortu baitzuten Irati Jimenezek, Mikel Sotok eta Esteban Montoriok. Proiektuaren zuzendari artistikoa da hirugarrena, eta edukiarekin arduratzen dira beste biak, beste literaturgile batzuen laguntzaz tarteka: hainbat idazle eta itzultzailek kolaboratu dute haiekin; Edorta Jimenezek eta Bego Montoriok, esaterako, Miranderen testu argitaragabeak euskaratzeko abiarazitako egitasmoaren baitan.
Deabruaren Eskolaren lana, oinarrian, haren sortzaileek edertzat dituzten testuak partekatzean datza. Bilketa-lan handia egiten dute: batetik, euskal literaturaren historian nolabait ahaztuta geratu diren idatziak berreskuratzen dituzte, eta euskarri berri honetara ekartzen. Bestetik, erdaretako testu ederrak ere partekatzen dituzte; askotan, berek itzulita. Baina, horrez gain, lan garaikideei ere egiten diete lekua: adibidez, euskal komunikabideetan argitaratutako artikuluak jasotzen dituzte. Irizpide bakarra testuon edertasuna izan eran, aniztasun handia eskaintzen du Deabruaren Eskolaren indizeak. Gaiei zein izenei dagozkien etiketak aurki daitezke, ez bakarrik bildutako testuen autoreenak, baizik eta baita testuetan aipatzen direnenak ere: 2.000 sarreratik gora, Doctor Deseotik Ray Bradburyra eta Unai Iturriagara. Bostehun testu baino gehiago argitaratu dituzte sortu zenetik igaro diren hiru urte eskas hauetan, eta, tartean itzulpenak edo itzulpenei lotutakoak aurkitzeko, aski da bilatzailean «itzulpena» sartzea, dagokion etiketarekin topo egiteko (Deabruaren Eskola, 2023).
Behin atariak aurkeztuta, noan bildutako datuak azaltzera.
Lan-baldintzak eta motibazioa
Atariok sostengatzeko egindako lanaren eta ordain ekonomikoaren arteko loturari dagokionez, egoera asko aldatzen da, non galdetzen duzun: proiektuen erdiek egiten dute edo egin nahiko lukete lan nolabaiteko profesionalizazioaren barruan. Beste erdiek, aldiz, gogo hutsa dute gidari, eta ez dute bilatzen hori aldatzerik. Lehenengo taldean, Booktegi atariak dirulaguntzetatik lortzen du finantzaketaren erdia, eta bazkideen ekarpenetatik beste erdia. Hain zuzen ere, webgunean bertan azaltzen da donazioa egiteko aukera. Hitzen Uberan, berriz, Euskal Idazleen Elkarteak babesten zuen ekonomikoki. Armiarmaren kasuan, Susa argitaletxeko langileak ari dira, eta lanak badu argitaletxean egiten dutenarekin lotura. Inoiz eskuratu izan dituzte webgunearen barruko proiektu batzuentzako laguntzak, eta baita, urte batzuetan zehar, armiarma.eus-ek egunerokoan eskatzen duen lana sostengatzeko dirulaguntza ere. Alabaina, kolpean moztu zieten azken iturri hori, eta kanpo- sostengu ekonomiko barik egiten dute lan gaur egun.
Deabruaren Eskolak eta Xerezaderen Artxiboak, aldiz, sortzaileen gogoa dute lanerako oinarri, baita Elearazik ere bere garaian. Sortzaileek ez dute hori aldatzeko asmorik erakusten, gainera. Izan ere, aipatzen dute askatasuna ere ematen diela horrela aritzeak, dirulaguntzak jasotzeak betebehar zenbait baitakartza. Atariak elikatzen dituztenek soldatapeko beste lan batzuk dauzkate, eta aisialdiarekin lotzen dituzte proiektuok, gozamenarekin. Militantzia gisa ere uler liteke haien lana, kulturarekiko konpromisoa aipatzen baita: Xerezaderen Artxiboko kideek, haien lanerako motibazioaren inguruan galdetuta, aipatu dute 2011n ataria sortu zutenean euskarazko literaturaren hutsunea zegoela sarean. Horrekin ispilu egin dezake Deabruaren Eskolarenak, nolabait ere, euskaldunok gure literaturaz dugun oroimen faltari erantzutea aipatu baitute lanerako pizgarri. Eskolak, beraz, hutsune orokor bati aurre egiteko baliatuko luke sarea, eta Artxiboak, berriz, sareko hutsunea betetzea luke helburu: zein bere abiapuntutik arituagatik, euskal literatura zabalduz eta aberastuz ekarpena egiten dute biek ere.
Elearaziren kasuan, egiteko eta eragiteko gogoa zeuden erdigunean: atariaren sortzaileak Itzulpengintza gradua bukatu berritan zeudela, jarduteko grina zeukaten, baina baita itzulitako (eta sortutako) edukien bidez euskal literaturari ekarpena egitekoa. Ataria zabaldu zenerako, hasita zegoen euskal literaturan ikuspegi feministari lekua egiteko bidea, eta horri ekarpena egin zion Elearazik, besteak beste. Haria ez da eten, gainera: gaur egun badago gurean feminismoekin loturan egituratutako idazle-komunitate bat.
Horrez gain, profesionalizatzeko asmorik ez zegoela azaldu dute Elearaziko kideek, eta, hortik tiraka, Sarriugartek dio ez lukeela lana berrartuko, itzultzea baitu ogibide gaur egun, testu literarioak tartean. Bestalde, Xerezaderen Artxiboko kideak itzulpengintza administratiboan dabiltza lanean, eta podcastetarako literatura itzultzeak arnasgunea eta gozamena ematen diela diote.
Xerezaderen Artxiboak, gainera, elkarlanaren bidez egiten dio aurre nolabait diru-sarrerarik ez edukitzeak ekar dezakeen prekaritateari: Bilbo Hiria irratikoekin akordio bat egin, eta haien estudioa erabili zuten hainbat urtez, podcastak irratian argitaratzearen truke. Booktegirekin ere badute harremana: elkartearen kide izateaz gain, Artxiboaren audioak eskuragarri daude haien webgunean, eta Booktegik antolatutako ekimenetan ere hartu izan dute parte. Booktegik, gainera, Hitzen Uberanekin ere bazeukan lotura: bigarrenaren webgunean ageri dira, adibidez, elkarrizKATEA ekimeneko bideoak. Beraz, esan liteke, bakoitzaren ildoa pertsonala eta bereizia izanagatik, badagoela atarien arteko zubirik edo hartuemanik.
Maiztasunari dagokionez, egoera desberdina da ataritik atarira, eta horrek badu loturarik lan-baldintzekin. Elearazin, astean bi testu argitaratu ohi zituzten, eta erritmo bertsuan aritzen dira Deabruaren Eskolakoak ere (hala itzulpenak nola euskarazko jatorrizkoak tartean). Xerezaderen Artxiboan, berriz, argitalpenen maiztasuna ez da finkoa, eta erritmoak gorabeherak izan ditu urteen joanean. Gaur egun, podcast bakarra argitaratu ohi dute hilean, baina eman izan dituzte bi edo hiru eduki hilabete berean ere. Ildo horretatik aipatzen dute hango lagunek, hain zuzen ere, gurago dutela lana gozamenez egiteko moduko erritmoan aritu beren buruak estutzen ibili baino, eta horregatik baztertu dutela dirulaguntzen aukera. Bestalde, kontuan edukitzekoa da, testuen itzulpenaz gain, lan handia dagoela grabaketen atzean: ordubetetik gora irauten dute saio askok, eta, grabatu ostean, editatu egin behar dira, akatsak moztu eta soinuak garbitzeko eta baita musika eta efektuak sartzeko ere. Lanaren atal horretaz ere Morales eta Larrinaga arduratzen dira, eta bidean joan dira ikasten, ez baitira adituak arlo teknikoan. Hain zuzen, arazo teknikoren bat dela medio, azaldu dute grabaketa zatiak edo audio osoak galdu izan dituztela, eta hutsetik egin behar izan dituztela berriz.
Soldatapeko lanetik hurbilago kokatzen diren atarietan, aldiz, egunerokotasunez partekatzen dira edukiak: Armiarmak etengabe eguneratzen du agenda, eta sareetan partekatzen ditu euskal literaturari buruzko azken albisteak, eta Hitzen Uberanen egunero-egunero testu berriak argitaratzeko apustua egin zen. Alde horretatik eta atzera begira, atari horretan lanean aritutako Oier Guillanek pentsatzen du eguneroko dinamika horrek bestelako eduki batzuk partekatzeko saiakera oztopatu zuela, eta bidean geratu zela, batik bat, ikus-entzunezkoei leku handiagoa egitea Hitzen Uberanen.
Halako edukiak (elkarrizketak, antzerki- obren grabaketak…) ohikoak dira Booktegin. Haren argitalpen-maiztasunean alde handia dago, bestalde, dezente txikiagoa baita arestiko beste bi atariena baino. Gainera, soldatapeko langile bat dabilen arren, litekeena da aurten lanaldi erdian aritzera igaro behar izatea, diru-falta dela eta.
Bestalde, atari guztietan Booktegik baino ez du ohikotasunez lanean ari den lagun bakarra atzetik: beste guztietan, bi edo hiru ari dira (nahiz eta elkarlanak egoten diren denetan ere). Zehazki, bi lagun zebiltzan Elearazin eta bi lagun dabiltza Xerezaderen Artxiboan, eta hiru Deabruaren Eskolan eta Armiarman. Hitzen Uberaneko erredakziotik lau lagun igaro baziren ere, han ere bi aritu ziren lanean aldiro.
Harrera eta bilakaera
Atari bakoitzak kanpora begira duen egoera hizpide hartuta, guztiek adierazi dute emeki hartu dituztela irakurleek eta nabaritzen dutela beren lanaren aitortza. Deabruaren Eskolak, berriena izanik, komunikabideen interesa piztu du proiektuari hasiera eman zitzaionetik. Armiarmaren lanari ere garrantzi handia ematen zaio (hain zuzen ere, beste atari batzuetako kideek ere balio handiko proiektutzat jotzen dute), eta Susa argitaletxearekiko estimua eragin du halako proiektu bat sortu eta sostengatzeak.
Zenbakiei begiratuta, Booktegik 3.500 bisitari inguru jasotzen ditu hilabetean. Horrez gain, sare sozialen bidez ere sozializatzen dituzte edukiak atariok, eta milaka jarraitzaile batzen dituzte: Armiarmak 4.500 jarraitzailetik gora ditu Twitterren; Booktegik, ia 2.000; Hitzen Uberanek, ia 3.000 (2021ean proiektua itxi zenetik kontua elikatu ez den arren). Xerezaderen Artxiboak, aitzitik, Mastodon erabiltzearen aldeko apustua egin du orain gutxi. Eta, beste alde batetik, sari bidez ere jaso dute eskertza proiektuek: 2019ko Blogetan! sarietan, Kultura kategoriako saria eman zion Xerezaderen Artxiboari Azkue Fundazioak.
Proiektu bakoitzaren egoerak izan duen bilakaerari dagokionez, diru-sarreren itzalean ari direnei buruhausteak ekarri dizkie arlo ekonomikoak, ez baitaude finkatuta, eta, oro har, ez dira proiektuari eman nahi zaion indarra sostengatzeko aski handiak ere (lehen aipatutako Booktegiren kasua, esaterako). Aisialdirako proiektu gisa bizi dutenek, aldiz, edukiak sortzeko denborarekin eta energiarekin bateratu behar dituzte beren baldintza pertsonalak: zaintza-lanak aipatu dituzte Xerezaderen Artxibokoek. Deabruaren Eskolako hiru kideek bulego- orduetatik kanpo egiten dute ataria elikatzeak eskatzen duen lana. Ildo beretik, Elearaziren itxiera ekarri zuten arrazoietako bat Arrula eta Sarriugarte soldatapeko lanean hasi izana da.
Horrez gain, arlo pertsonalean bizi izandako gorabeherek ere eragin dute atarien jardunean: izan ere, emozioek badute pisurik militantziak eta gogoak bultzatutako lanei eskain diezaiekegun energian. Alde horretatik, harritzekoa eta txalotzekoa da borondatezko lanean oinarritutako proiektuok urte luzetan martxari eutsi izana, gorabeherak gorabehera.
Sektorearen bilakaerari begiratuta, armiarma.eus-en sortzaileak izan ziren lehenak ikusten sarea tresna aproposa izan zitekeela euskarara itzulitako literatura denon eskura jarri eta hura zabaltzeko. Ildo horretan jauzi handia egin dela ikusten dute: aktibismotik profesionalizaziora mugitu da sektorea. Hori bermea izan daitekeen arren kalitateari dagokionez, bidean geratu dira aberastasun zenbait. Duela urte batzuk, ohikoagoa zen norbanakoek eta taldeek blogak eta webguneak elikatzea aisialdirako jarduera gisa, non, hein handienean, norberak erabakitzen zuen edukiak nola eta nondik eman. Gaur egun, baina, sare sozialek hartu duten indarrarekin, esparru horretan mugitzen da norbanakoek Interneten partekatutako eduki gehiena. Webguneak, berriz, korporatiboak izan ohi dira egun, inpertsonalak, eta, hargatik, ildo zurrunago bati jarraitzen diote.
Podcasten mundua, aitzitik, izugarri zabaldu da azken urteotan, baita gurean ere. Podcast asko eta askotarikoak sortu dira euskaraz, eta haietariko hainbatek dute literaturarekin lotura: Xerezaderen Artxiboa da oraindik ere helburu nagusitzat testu literarioak ematea duen bakarra, baina, horrez gain, irakurgaietatik abiatutako solasaldiak eskaintzen dituzte ULUKAk eta Ahots Planetak, bakoitzak bere formatu bereizian. Bi lagunek era independentean bideratutako proiektua da lehenengoa, eta Euskal Idazleen Elkarteak bultzatzen du bigarrena, Azkue Fundazioarekin elkarlanean. Eta, horrez gain, fikzioak dramatizatzen dituzten podcastak ere badira: ETBpodkast-en Artxipelagoa, kasurako. Halako formatuak literaturari hurbiltzen zaizkio maiz.
Beraz, literatura itzuliaren lekuari dagokionez, Xerezaderen Artxiboa da oraindik ere hura sortu eta eduki zentral gisa ematen duen bakarra, baina solasaldi literarioetan oinarritutako beste biek ere hartzen dituzte itzulpenak hizpide, tarteka. Proportzioan, Ahots Planeta nabarmentzen da, haren atalen erdiak abiatzen baitira euskarara itzulitako liburuetatik. ULUKA podcastean, berriz, euskaratu gabeko liburu erdaldunen inguruan egiten dute berba maiz (itzulpenak ohikoak dira, baina ez hainbeste euskararakoak).
Horrez gain, azpimarratzekoa da bi podcast horiek feminismoarekin duten harremana: bi emakumek sortua da ULUKA, eta ikuspegi feministatik aritzen da. Beste alde batetik, Ahots Planetaren helburu nagusia emakumezko ahotsei erdigunea ematea da, eta, ondorioz, hautatutako liburu guztiak emakumeek idatziak dira. Biek ere hartu dituzte hizpide feminismoetatik sortutako liburuak edo mugimenduaren barruan erreferentzialak direnak. Batik bat, ohiko podcast plataformetan daude entzungai saio horiek guztiak.
Amaierak eta argazki orokor bat
Gaur egungo irudi orokorrari begiratuta, badirudi zabaltzen joan dela euskal literatura itzuliak sarean daukan lekua, horri bide ematen dioten atariak sortu baitira azken hamarkadan, eta aurretik datozen batzuek funtzionatzen jarraitzen baitute. Edonola ere, ukaezina da eskukada bat baino ez direla martxan ari direnak, eta horrek, ezinbestean, hauskortasuna ematen diola ekosistemari. Are gehiago handitu daiteke irudipena webguneen atzeko sortzaileen baldintzei begiratzen badiegu: atariaren jardunari esker hura kudeatzen duten langileen soldata ordaintzeko aski ateratzen duen bakarra Booktegi da, eta horretarako ere zailtasun handiak ditu. Lan boluntarioa berdin baliotsua izan daiteke, zalantza barik, baina egungo gizarteak exijitzen dizkigun erritmoekin bateraezina izatera hel daiteke. Gaitza da gogo hutsetik ateratako proiektuei luzaro eustea, norbere aldartea aldatzen baitoa eta, harekin batera, bizi-baldintzek gogoari men egiteko uzten duten tarteak ere gorabeherak izan baititzake. Hala gertatu zen Elearazirekin: militantzia kultural hutsetik egindako lana sostengaezina bilakatu zen. Egileek adierazi dutenez, bestela litzateke, seguruenik, ataritik diru-iturri bat ateratzerik izan balute.
Bestalde, fase baten amaiera gisa bizi izan zuten sortzaileek Elearaziren itxiera. Denbora beste gauza batzuei bideratzeko unea ei zen, aldatzekoa, eta ez zuten galeratzat hartu. Horretan eragina eduki zuen, nekeak neke, itxiera bera ondo egiteko lana hartzeak: EIZIEn gorde zuten egindako guztiaren artxiboa, eta crowdfunding bidez finantzatutako argitalpen bi atera zituzten, aurreko urteetako lanean oinarritutako aukeraketa batekin. Ondorioz, gaur-gaurkoz ere edonor sar daiteke elearazi.eus estekapean gordetako atarian, eta egindako lana jaso. Itzulpengintza eta Interpretazio graduko ikasleei egitasmo erreferentzial moduan aurkezten zaie Elearazi.
Era berean, uberan.eus estekan topa dezakegu Hitzen Uberan, eta martxan jarraitzen zuenean bezalaxe jaso ditzakegu emandako eduki guztiak. Hortaz, biek ere euskal kulturari eta literatura itzuliari ekarpena egitera bideratutako indarrak izan du jarraipenik, irauten du nolabait.
Azken ondorio zenbait
Gaitza da neurtzea euskal literaturak sarean daukan lekua proportzionala ote denetz haren tamainarekiko, edo euskal kulturak berak sarean duen lekuarekiko. Are gehiago, noski, literatura itzuliak. Horretan ari diren atari nagusiak aztertzea izan du helburu lan honek. Artikuluaren irisgarritasunetik urrun dago diagnosirik egin ahal izatea, hori ezinezkoa baita euskal literaturak oro har sarean daukan lekuaren inguruko daturik eduki gabe. Etorkizunerako ikergai interesgarriak izan daitezke aipatutakoak. Bien bitartean, ondorio partzialak baino ez daitezke atera, sektore txikia eta heterogeneoa baita eta bakoitzak bere eran egiten baitu bidea.
Aztertutako proiektuetatik lau daude martxan gaur egun: Armiarma, Booktegi, Deabruaren Eskola eta Xerezaderen Artxiboa. Inondik ere, kopuru txikia da, nahiz eta lan handia egiten duten laurek: Armiarmak eguneroko lan konstantean, Booktegik sortzaileak xaxatzen eta galdutako lanak berreskuratzen, Deabruaren Eskolak askotariko harribitxiak hautatzen, eta Xerezaderen Artxiboak hautatu, itzuli eta ahotsa jartzeko prozesu luzeari eusten.
Duen tamainarako, askotarikoa da mundutxo hau, eta badauzka bere ertzak: atariek elkar osatzen dute, bakoitzak bai baititu bere-bereak dituen ezaugarriak eta tankera askotako edukien eskaintzak. Bestalde, horrek pisu handia jartzen du bakoitzaren gain, bakarraren itxierak galera handia lekarkeelako.
Itzulpenaz ari garela, blogak ere izan daitezke horretan ari direnei ikusgarritasuna eta agentzia emateko tresna. Itzultzaileek eurek sortutako webgune batean, izan ere, haien esku egongo da zer eta nola itzuli erabakitzea, paperean ari garenean jokoan sartzen diren faktore estraliterarioak alde batera utzita. Hala gertatzen da, esaterako, Xerezaderen Artxiboarekin, lehen aipatu bezala gozamena bilatzen baitute literatura itzultzerakoan eta, hortaz, gustuko itzulgaiak hautatzen baitituzte. Elearazik ere, haren sortzaileen interesei jarraitzen zien heinean, bazeukan argitalpen ildo moduko bat. Papererako itzultzen ari garenean, muga ukaezina da merkatua, nolabaiteko errentagarritasuna behar izaten baitu argitalpenak. Hala, itzultzaileak nekez hauta dezake askatasun osoz zertan jardun. Formatu elektronikoak, ordea, doan eskaintzen ditu itzulpenak irakurleei helarazteko baliabideak, eta horrek jarduna nahieran bideratzeko aukera ematen die itzultzaileei.
Ikusgarritasunaren alderdiari tiraka, itzulpengintzan ari diren pertsonek berek kudeatutako webguneek lehen lerroan jartzen dituzte itzultzaileak. Martxan dauden lau atarietan ageri da itzultzailearen izena testu bakoitzaren ondoan (paperean, aldiz, askotan ibili behar izaten da bat hegal artean itzultzailearen bila). Elearazik beste urrats bat egiten zuen horretan, itzultzaileei elkarrizketak egiten baitzizkieten, eta Sarriugarteren eta Arrularen hausnarketak ere ematen ziren tarteka. Hala, gutxitan egiten den zerbait egin, eta, ikusgarritasunaz harago, ahotsa ematen zieten itzultzaileei. Hitzen Uberanek ere egiten zion lekua horri han-hemen, kasu honetan ere itzultzaileak elkarrizketatuz. Bi atari horiek itxita, bada, aipagarria da horretarako tokiaren galera.
Hortik tiraka, 31 eskutik egitasmoak ere merezi du aipamenik: euskararen erabilerari buruz gogoetatu eta eztabaidatzeko bloga da, EIZIEk bultzatua eta euskal itzultzaileek taldean elikatua. Ez du itzulpenik ematen, eta horregatik ez da aintzat hartu ikerketa honetarako, baina bi arrazoirengatik da azpimarratzekoa: batetik, elkarrizketarako eta eztabaidatzeko lekua ematen dielako itzultzaileei, eta, bestetik, 2012tik 2016ra aktibo egon eta jarduna eten ostean berriz ekin diolako bideari. Alde horretatik, Internetek eskaintzen duen malgutasunaren erakusgarri da: norberak erregula dezake jarduna, eta baliatzeko moduko askatasuna dakar horrek. Gainera, harpidetza-zerbitzuekin, interesa daukanak zuzenean jaso dezake atari bat eguneratu delako jakinarazpena, adi egoteko beharrik gabe. Bloga, bada, formatu eroso eta erraza da, eta tamalgarria litzateke, lehen aipatu bezala, sare sozialek haren lekua hartuko balute.
Sare sozialek erraztasunak ematen dituzte askotariko edukiak partekatzeko, agerikoa denez, eta, hein handi batean, zabalkunderako bide sinplea emateak eragin du, seguruenik, haien arrakasta. Bestalde, kasu honetan, erraztasunak arintasuna ekarri du berekin, hitzaren zentzu bietan: sare sozialetan harrera ona izan ohi duten edukiak azkar kontsumitzekoak eta azaleko samarrak izan ohi dira. Horrek literaturak oro har eskatzen dizkigun erritmoekin talka egiten du bete-betean, eta behartzen gaitu, gainera, testuak moztu eta murriztera, kontsumo azkarrekoak izan daitezen. Ohikoa da liburu bateko esaldi bat edo bi aurkitzea sare sozialetako post bilakatuta, edo poema laburren bat, bestela. Eta horrek, adibidez, esaldiok gordetzen dituen lana ezagutzera emateko balio dezakeen arren, ezin du inondik inora literaturaren lekua hartu edo hura ordezkatu. Hala balitz, batetik, literatura guztiz mugatu batez ariko ginateke hizketan, luzera eta formatu aldetik, baina baita eduki aldetik ere, askotariko zentsurek hartzen baitituzte sareak eta, bestela ere, gai jakin batzuek funtzionatzen baitute sarean (boladaka aldatzen doazen arren). Bestetik, testuingururik gabe jasotzen ditugu testu horiek: poema gehienak beregainak izan litezkeen arren, alde izugarria dago hura poema-liburu batean jaso, edo literaturatik urrun dauden eta bakoitzak jarraitutakoek eta algoritmoek erabakitako edukiekin tartekatuta jaso. Alde horretatik, webguneek jolas interesgarria proposatzen dute, haietan ere askotan testu zatiak partekatzen badira ere propio eraikitzen zaielako testuinguru bat, edo jakina eta tentuz sortutakoa den testuinguru batean ematen direlako. Deabruaren Eskolaren kasuan, adibidez, literaturaren edertasuna eta balioa azaleratzea bilatzen duen webgune bat dela jakinik, polita da askotariko jatorrietako lanak elkarren ondoan ikustea, lanok lotzen dituen edertasunak har ditzakeen formez jabetzeko. Edo, bestela, Xerezaderen Artxiboak eskaintzen dizkigun podcastetan, azal gisa balio duen irudi bat gehitzen zaie testuei, eta, audioan bertan, baita sarrera bat ere. Eta, oroz gaindi, ahotsa ematen zaie lanoi. Beste bizitza- dimentsio bat har dezake literaturak modu horietan.
Era berean, azken urteetan kulturak komunikabideetan duen lekua murrizten ari dela ikusten dute sortzaileek. Kulturari ematen zaion espazioa azalekoa izaten da, eta patroi zenbaiti jarraitzen dio. Hala, asko dira kanpo geratzen diren adierazpenak eta artistak. Horri erantzuteko aukera eman dezakete blogek eta webguneek, eta Hitzen Uberanek egin zuen horretarako saiakera, hain zuzen ere, esperimentaziorako tartea hartuz eta, batez ere, ohiko komunikabideetan lekurik egiten ez zaien sortzaileei bultzada emanez.
Halako espazioen faltan, hain zuzen, sortzaileen esku geratzen da beren lanari sare sozialen bidez zabalkundea ematea. Sareotan, ordea, nahitaez lotzen dira sorkuntza-lana eta bakoitzaren bizitza eta profil pertsonala, halako moduz non sortzaileak maiz senti daitezkeen beren burua saltzera behartuak. Izan ere, sare sozialetako presentzia gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da sistema literarioaren barruko arrakastari begira. Horrek, itzulpenarekin lotura zuzenik ez badu ere, literatura-sistema osoari eragiten dio, eta kontuz ibiltzeko moduko kontua da, gaur egungo joerak ikusita.
Laburbilduz, euskal literaturaren txikitasunak isla agerikoa du sarean ere, eta, gainontzeko esparruetan bezala edo are gehiago, asko du lan militantetik, dena ez bada. Edonola ere, tartean irabazi ekonomiko gutxi egon arren, martxan diren atariek eskaintza ederra biltzen dute euskal literaturari eta euskarara itzulitako testuei dagokienez. Interesgarria da, batez ere, halako espazioetan testu literarioek sortzen edo ematen dituztenen ahotsekin duten hurbiltasuna, haien azalpen edo gogoetekin batera agertzen baitira maiz. Kalitate aldetik, lan profesionala eskaintzen dute proiektuek askotan; harrera beroa egin ohi zaie, eta sortzaileek sentitzen dute balioa ematen zaiola haien lanari. Hain zuzen ere, Xerezaderen Artxibokoek faltan sumatzen duten bakarra entzuleen feedback handiagoa ei da. Emateko besteren faltan, aitortza eta eskertza zuzenak badira eskaintzeko moduko zerbait, sarea den metropoli superpopulatu eta basan, gure literaturari ekarpena egiteko lanean ari direnentzat, gogotik eta gogoz, eta baita gogorik ez dutenean ere, horretan sinesten dutelako. Lan xume honek horretan aletxo bat jarriko duelakoan, segi beza euskal literatura itzuliak dimentsio orotan bideak zabaltzen, eta, gurean norberak tiratu ezik gutxi emango zaigulakoan, segi dezagun.
Erreferentziak
Armiarma. (2023, martxoak 13). Euskarari ekarriak. 2023ko martxoaren 13an berreskuratua.
Booktegi kultur elkartea. (2023, martxoa). Booktegi - Euskal literatura denon eskura. Booktegi. 2023ko martxoaren 13an berreskuratua.
Deabruaren eskola. (2023, martxoak 14). Deabruaren eskola | Lehorrez euskalduna, itsasoz zalduna. 2023ko martxoaren 14an berreskuratua.
Elearazi. (2015, martxoak 11). Zabal bideak eta aireak gure hizkuntzak har dezan arnas | elearazi. 2023ko martxoaren 13an berreskuratua.
Hitzen uberan. (2020a, apirilak 28). Uberan - Euskal Idazleen Elkartea - Poema bat eta hiru dantza… eder? 2023ko martxoaren 13an berreskuratua.
———. (2020b, uztailak 29). Uberan - Euskal Idazleen Elkartea - Aurtengo literatur amuak. 2023ko martxoaren 13an berreskuratua.
Jimenez, Irati (2021). Begiak zabalduko zaizkizue: literaturari buruzko elkarrizketa bat. Aduna: Elkar.
Xerezaderen artxiboa. (2023, urtarrilak 2). Xerezaderen Artxiboa: entzuteko literatura. 2023ko martxoaren 13an berreskuratua.
1. Galdekatzeko atariak aurkitzeko egindako bilaketa sinple samarra izan da: nik neuk ezagutzen nituenei literatura munduan ari diren lagunek proposatutakoak batu dizkiet, betiere kontuan izanik ikerketak ezin izango zuela hedapen handiko lanik hartu, luzera- eta denbora-mugak direla eta. Bestalde, elkarrizketa asko egitearen gainetik bakoitzaren egoeran sakontzea lehenetsi dut. Egindako bilaketen eta inguruko aditu eta arituekiko eztabaidetan kontrastatutakotik ondorioztatu dut sei eragile hauek aproposak zirela euskal literatura itzuliak sarean daukan komunitatea ordezkatzeko. Horretarako, batez ere, haien ibilbidea, presentzia eta edukiak partekatzeko maiztasuna eduki ditut kontuan.