Antxeta argitaletxea:
helduentzako euskarazko komikigintzaren aitzindari
Antxeta argitaletxeak euskal komikigintzaren eta itzulpenaren alorrean egindako ekarpena argitara ateratzea da lan honen helburua; izan ere, argitaletxe horri buruz ezer gutxi aurki daiteke euskal komikigintzari buruz argitaratu diren testuliburuetan. Haren ibilbide laburrari egotzi behar zaio agian hori, baina baita euskal literatura- eta kultura-sistemaren barruan komikiak izan duen bazterreko lekuari ere. Bestalde, muga geografiko eta sinbolikoak argitaletxearen ibilbidean izandako eragina aztertu, eta ondorioak atera ditugu.
Roger Labiano eta Ladix Arrosagarai AEK-ko liberatuak izan ziren lauzpabost urtez. Behin AEK utzita, lan proiektu batean pentsatu beharra izan zuten. Gaur bezalaxe, komikizaleak ziren orduan ere, eta ikusi zuten Euskal Herrian bazela hutsune handi bat komikigintzari zegokionez: ez zegoen euskarazko komikirik helduentzat.
Haur eta gazteei zuzenduriko komikiak baziren –Asterix eta Obelix edota Tintin, esaterako–, baina, Euskal Herrian, Hegoaldean batez ere, komikiak toki gutxi zuen. Komikia haurrentzako kontua zelako ustea oso erroturik zegoen garai hartako jendartean. Arrosagaraik eta Labianok bazuten Frantziako eta Belgikako komikiaren influentzia, eta, hutsunearen aurrean, argitaletxe bat sortzea pentsatu zuten. Hala, 1987an, Antxeta argitaletxea sortu zuten bi ainhoarrek, Lapurdin. Habeko Mikek utziriko hutsunearen ostean, soilik euskal komikiari dedikaturiko argitaletxe bat sortzea erabaki zuten.
Lan honen helburua Antxeta argitaletxeari buruzko informazioa ematea da, eta, ibilbide laburra izan arren, komikizaleen artean Antxetak euskarara ekarririko lanak baliotsuak izan zirela erakustea. Horretarako, Ladix Arrosagarairekin elkartu nintzen, Ziburun, Antxetari buruzkoak jasotzeko. Iratxe Retolazaren eta Garbiñe Ubedaren testigantzak ere jaso ditut, argitaletxea puntu historiko batean kokatu ez ezik haren oihartzuna neurtu eta ezagutu ahal izateko. Ohartuko zarete azken atalean egindako aipuak luzeak direla, baina, argitaratu gabeko elkarrizketak diren heinean eta ondorio propioak ateratzeko material eta zilegitasunik ezean, bere horretan ematea erabaki dut. Bide batez, eskerrak eman nahi nizkieke, galderak erantzuteko tartea hartzeagatik.1
Itzulpenetik sorkuntzara
Argitaratzen hasteko orduko prozedura merkeena itzulpena egitea zen; izan ere, nahiko garestia zen liburu bat hutsetik sortu eta argitaratzea, are gehiago koloretan bazen, komiki berriak sortzeko beharrezkoak ziren fotolitoak bereziki garestiak zirelako. «Itzulpenen kasuan, aldiz, fotolito horiek eginak ziren jada; argitaletxe frantziarrek alokatzen edo pasatzen zizkiguten, eta inprentara bidali aurretiko pausoa testua aldatzea baino ez zen, testua kolore beltzekoa baitzen» (Arrosagarai, 2019).
Arrosagarairen hitzetan, hastapen asko bezalaxe, traketsa izan zen eurena ere. «Albumak fotokopiatu, elkarrizketen burbuilak zuritu, itzulpena egin, gainean kalko bat ezarri, eta hor idatzi». Dena beren kabuz egiten zuten, ez baitzuten dirurik inori ordaintzeko. Azken bi argitalpenetan, komikigintzan aritu nahi zuen lagun batek lagundu zien; bazuen idazteko dohaina, eta berak egin zituen errotulazio lanak. Dena eskuz egiten zuten, «etxeko mahaiaren gainean».
Asmoa ordea, itzulpenekin hasi eta sorkuntza lanak argitaratzea zen. Harremanetan ziren Harrietekin, eta HABEko Miken2 euskaraz argitaratu ezin izan ziren lanak argitaratzea zuten helburu. Hala ere, ez ziren iritsi sorkuntza lanak argitaratzera, ekonomikoki ito egin zirelako.
Argitaratutako lanak
Autore ezagunen lan ezagunak itzuli zituen Antxetak. Guztira, zortzi izan ziren argitaratuak, eta bete gabe utzi zituzten bildumek erakusten digute argitaletxeak bazuela argitaratzen jarraitzeko asmoa. Nolanahi ere, haize berria ekarri zuten euskararen mundura, eta bereziki Hegoaldekoon mundura. Beraz, honako zortzi lan hauek argitaratu zituzten, 1988 eta 1989 artean:
- Jan Bucquoy gidoigilearen Jaunes bildumako Errealitatearen mugetan (1988, Baiona) eta Gerard deabrua (1989, Baiona). Ez ziren sekula gaztelaniaz argitaratu.3 Glenat argitaletxeak argitaratu zituen lehenbizikoz, 1980an, eta zortzi komikiz osaturiko bilduma da. Antxetak lehen biak argitaratu zituen. Gai politiko-fantastikoa jorratzen dute, eta Daniel Jaunes detektibe gaztearen abenturak kontatzen dira. Jaunes detektibea fantasiazko bidaia batean murgilduko da: hildakoak berpiztuko dira, eta historiak denboraren joanari egingo dio desafio. Jan Bucquoyrena da gidoia; marrazkiak, berriz, Titorenak.4
- François Bourgeonen «Haizearen bidaiariak» bildumako Neska bat untzian (1988, Baiona) eta Untzi kartzela (1988, Baiona). Hura ere zortzi aleko bilduma bat zen, eta 1979an ekin zion Glenat argitaletxeak hura argitaratzeari.5 Lehen bostak gaztelaniara itzuli zituen Norma argitaletxeak, 1987tik 1988ra bitartean. Arrakasta handiko obrak izan ziren; Bourgeonen beraren esanetan, «milioi bat ale saldu ziren komikiko, eta 18 hizkuntzatara baino gehiagotara itzulia izan zen» (2015). Arrosagaraik ere honela dio: «Biziki ezagunak ziren komikiok, baita Hegoaldeko irakurleen artean ere». Komikiek Isa heroi gaztearen abenturak kontatzen dizkigute: ontzi-kartzelatik salbatuko du Hoen gaztea, eta Afrikan eta Amerikan barna bidaiatuko dute. Dokumentazio lanaren eta marrazkien kalitateaz gain, lorturiko arrakastak badu zerikusirik komikietako protagonista emakumea izatearekin. Bourgeonek bakana eta besteak bezalakoxea deskribatzen du Isa,6 sentibera baina errebeldea. Emakumeek ez ei zuten komikirik irakurtzen, eta protagonista emakumea izateak emakume irakurleak erakarri zituen (2015). Arrosagaraik ere komikiaren hautua justifikatzen du komikiko protagonista emakumea zelako: «Hautu politikoa izan zen. Oraingo feminismoaren aurrekari gisa ikus daiteke hor ematen dituen bizi filosofia eta abarrak». Orduan, Harrieten Sorgin seinalea zen emakume protagonista zuen komiki bakarrenetakoa. «Garai hartan hasi zen mugimendu feminista, eta komiki ona zen. Gainera, gu militante politikoak ginen, eta bat zetorren gure filosofiarekin».
- Coseyren (Bernard Cosendai) Jonathan bildumako Oroit hadi, Jonathan... (1988, Baiona). Guztira, 16 lanek osatzen dute Jonathan bilduma. Tintin aldizkariak publikatu zituen, 1975etik aurrera, eta, gero, album gisa plazaratu ziren, 1977tik 2003ra bitartean. Gaztelaniaz, bi ale argitaratu zituzten.7 Albumetan, Jonathan europar abenturazalearen bidaiak kontatzen dira, Himalaian eta Nepaleko mendietan. Kutsu politikoa dute; izan ere, tibetar herriaren alde agertzen dira, eta Txinako Gobernuarekiko mesfidantza agerikoa da. Arrosagaraik dio, erdi-txantxetan, euskaldunen mendizaletasunagatik ekarri zutela euskarara.
- Hugo Pratten Corto Maltese bildumako Ethiopikoak (1988, Baiona). Beharbada guztietan maitatuena da Hugo Pratten Corto Maltese. Argiak 1986an ekin zion argitaratzeari, komikiari eskainiriko TXT liburuxkan, eta Bego Montoriok ekarri zuen Corto Malteseren lehen albuma, atalka (Itsaso gazituaren balada8). Ethiopikoak argitaratutako 14 albumen artean bosgarrena da, eta album gisa euskaratu den bakarra. Literatura grafikoaren kultuko pertsonaia kontsideratua da, eta baita XX. mendeko literatura-mitoa ere. Munduaren alde batetik bestera bidaiatuko du Corto Maltese antiheroiak, askatasunaren eta fantasiaren bila.
Garai hartako komikizaleen artean, komiki frantziar-belgikarra zen guztien artean puntakoena, eta hura Euskal Herrian ezagutaraztea izan zuten helburu (Arrosagarai, 2019). Guztiak dira helduentzako abenturazko komikiak, baina ez zaie kutsu politikorik falta. Komikizaleen artean erreferentziazko autoreak zirenak itzuli zituen Antxetak. Komiki hautuek erakusten digute, batetik, komikizaleei euren erreferenteak euskaraz irakurtzeko aukera eman ziela Antxetak, euskaraz irakurtzen treba zitezen, eta, bestetik, lan esanguratsuak zirenez gero, euskaldunak komikizaletu nahi izan zituztela (Retolaza, 2019).
Frantziaren eta Espainiaren artean
Frantses kulturaren eraginez, Iparraldean jada hedatua zen komikizaletasuna helduen artean; beraz, hein batean, modu naturalean zuzendu zitzaizkien irakurle helduari. Hegoaldean, berriz, Elkar eta Erein argitaletxeek haurrentzako albumak egiten zituzten: Asterix eta Obelix, adibidez.9 Kasu horretan ez zuten ekarpenik egiteko; izan ere, helduen komikia bultzatu nahi zuten. Beren lema «literatura iruditan» zen, bazelako, Hegoaldean batez ere, Arrosagaraik dioen moduan, «komikiaren irudi hori, haurrei Olentzaroetan oparitzen zaiena, haurrek ez baitute irakurri nahi eta hauxe emango diegu». Erakutsi nahi zuten komikiak marrazkiak adierazpide dituen testu landuak direla, eta bazutela literatura maila, hizkuntzari zein narrazioari dagokienez. «Frantzian Bande Dessiné deitzen dute, eta ez dute beste termino baten beharrik, ez da ezer frogatu beharrik». Adibidez: Mitterrand presidentea, dio Arrosagaraik, euren erreferente ez izan arren, kultura-gizon aparta zen, eta behin baino gehiagotan goraipatu izan zuen Corto Maltese.
Beste adibide bat Angulemako komiki azoka da: «Sekulako arrakasta duena, kulturan sartua delako».
«Bazuen abantaila bat eta desabantaila bat komiki horien egiteak» (Arrosagarai, 2019). Abantaila zen Euskal Herriko hegoaldean jende askok ez zuela komiki haien berririk; komikizale amorratuenek ezagutuko zituzten Corto Maltese edo Bourgeon, baina jende gehienak ez. Komiki berriak ziren, «nobedadea, euskaldunak erraz zaletzeko modukoak». Desabantaila zen Iparraldeko euskaldun komikizaleek jada ezagutzen zituztela eta irakurriak zituztela frantsesez. Azken horien multzoan, komikia solidaritatez erosi zuten gutxi batzuek, baina Iparraldeko publiko potentziala ez zuten osoki ase.
«Muga psikologiko horrek bi zentzutan funtzionatzen du» (Arrosagarai, 2019). Zaila da Iparraldean sortzen den zerbait Hego Euskal Herrian ezagutaraztea, eta gauza bera alderantziz. Gainera, urteen poderioz, muga hori gero eta indartsuagoa da. Musikan ere badugu adibidea: «Francoren garaian, mugaz bestalde pasatu ziren Niko Etxart, Errobi... Baina geroztik izandako taldeek zailtasun gehiago izan dituzte Hegoaldean ezagunak egiteko”. Arrosagaraik dio Hegoaldeko produkzioa ere nekez ezagutarazten dela Iparraldean. Aukera bakarra Elkarren bidez bideak zabaltzea dela eta hura Baionan kokatzen dela. «Garazin bizi bazara edo Ziburun, Baiona urruti geratzen da».
Iratxe Retolazari mugak argitaletxeen kultura-politikan duen eraginaz galdetzean, honela erantzun zidan:
Oso-oso zaila izaten da Ipar Euskal Herriko hainbat ekarpen Hego Euskal Herriko ohiko liburu- dendetan topatzea. Are gehiago, gaur egungo liburu-denden logikan. Izan ere, lehen baziren euskal kulturan espezializaturiko liburu-denda batzuk, eta garai hartan, zubi-lan hori modu kontzienteagoan egiten zuten. Baina, liburu-denda txiki horiek desagertzean zubigintza hori ere asko zaildu da. Esate baterako, nik Marko Emedyren Azpikeria komikiaren berri kasualitate hutsez izan nuen, eta Baionara joan behar izan nintzen komikia topatzera, beste inon lortzerik ez zegoelako.
Zoritxarrez, muga administratiboa muga sinboliko bihurtzen da askotan, eta printzipioz muga beharko ez lukeen hori, euskara dugulako zubi nagusi, oztopo bihurtzen da Ipar Euskal Herriko ekimen askorentzat, ikusezin direlako Hego Euskal Herriko dinamika kulturalen testuinguruan.
Beraz, ondoriozta dezakegu, Antxeta argitaletxearen helburuetako bat komikizaletasuna piztea bazen ere, oztopo izan zutela muga geografikoa, baita horrek literatura-sisteman dakartzan ezberdintasunak ere. «Literatura iruditan» deitu zioten komikiari, mugaz bestalde balioa emateko, baina hizkuntza-hautuak eta komikia bazter-generoa izatea direla medio, ez zuen funtzionatu. Muga geografikoa ez da geografikoa soilik, psikologikoa ere bada, eta irakurleek eta biztanleriak, oro har, oso barneratua dute. Esan daiteke, gainera, muga hori geroz eta handiago egin dela urtez urte, eta zaila dela Iparraldeko produkzioa Hegoaldera iristea, eta baita alderantziz ere. Garai batean, liburu denda txikiak arduratzen ziren euskal kulturaren transferentzia gerta zedin, baina, gaur egun, badirudi liburu denda txikiak itxi eta Elkarren esku geratu dela euskal produkzioari dagokiona. Iparraldean bada komikizaletasuna, baina euskal produktuak saltzen dituen argitaletxe bakarra Elkar da, eta Baionan baino ez dago.10
Destinu petrala
Frantses sistemak enpresa sortzaileentzat ematen zituen laguntzen bidez abiatu ahal izan zuten argitaletxea, eta Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzen bidez jarraitu: saldutako 1.100 aleetatik 200 bat erosten zituen eskoletan banatzeko. Baina urtebeteren buruan dirua galtzen hasi zirela dio Arrosagaraik: «Errealitate ekonomikoak ametsak zapuztu zizkigun». Komiki bakoitzeko 1.200 ale saldu behar zituzten gastuetan sartu ahal izateko (beren soldatak kontuan hartu gabe), eta asko jota komikiko 800 edo 1.100 ale saltzera heldu ziren. «Hertsapen ekonomikoak ziren; 800 pela balio bazuen komikiak, gastuak 300 baziren, Elkarrek % 55 eramaten bazuen eta, horrez gain, zabaltzaileari ordaindu behar bazitzaion, ezer gabe gelditzen ginen». Horregatik, harpidetza sistema bat jarri zuten abian; bidaia gastuak euren gain jarri zituzten, eta, publikoari iristeko, % 10 merkatu zuten produktua. Hala eta guztiz ere, dirua galtzen hasi ziren, eta inprimategiko langileak esan zien: «Akabo, ez da posible».
Ez zuten harremanik izan Hegoaldeko argitaletxeekin. Prentsarekin izan zuten harremana, Argiarekin batez ere: publizitatea egin zieten. Eginen, behin proiektua bertan behera gelditu ostean, sekula argitaratu gabeko album baten bi plantxa publikatu zituzten, atalka.
Durangon ere izan ziren, bi aldiz, azoka klasikoan. «Eta, horretaz gaindi, denbora haietan ere, bi urtez saiatu ginen maiatzean euskara hutsean argitaratutako lanen azoka alternatibo bat egiten, eta han izan ginen; baina azokak ez zuen funtzionatu, gelditu zuen bere bidea».11
Elikadura-bide bat izatearen garrantzia azpimarratzen du Arrosagaraik:
Gertatzen da euskaldunen kopurua txikia dela, euskal irakurleena are txikiagoa, eta horien artean komikia irakurtzen dutenak oso gutxi direla; eta, publikatu ahal izateko, jaten ematen dizun hori ziurtatu beharra dago... Gu hasi ginen gure ametsetik, eta ametsek ez dute jaten ematen, rock and rollak ere ez du ematen... Arazoa zen dena hartan zentratu genuela.
Hala ere, gero saiatu ziren beste aktibitate batzuk ere egiten, «eta hau [Iparraldea] biziki eremu turistikoa denez», bisitariek erositako postalekin lortu zuten beren zorra hiru bat urtez ordaintzea. Agian, postalekin hasi izan balira edo beste lan ekonomikoki errentagarriago batzuekin, hortik ateratako irabazekin aurrera egin ahalko luketela gehitzen du Arrosagaraik: «Pentsatzen dut Astiberrik, Harrietek eta horiek behar dutela erdaraz publikatu dirua ateratzeko eta gero euskarazko produktuetan inbertitzeko. Elkarrek eskola-liburuekin atxikitzen du hori; kristoren merkatua da».
Hizkuntza arazo bihurtzen denean
Ladix Arrosagaraik eta Roger Labianok itzuli zituzten argitaratutako komiki guztiak. AEK-ko irakasle izanak ziren biak, eta Arrosagaraik garaiko Zeruko Argian, Maiatz aldizkarian edota Oh! Euzkadin idazten zuen, noizbehinka. Hala ere, ez zuten itzultzaile eskarmenturik, eta «ausardiaz» ekin zioten proiektuari.
«Euskalkian ez, batuan idatzi genuen». Euskalkian idatzirik zegoela ondorioztatu nuenean, hala erantzun zidan Arrosagaraik. Argia astekariko Josu Landak, Iñaki Uriak eta gainerako lagunek ere hori esaten omen zieten, euskalkian idazten zutela. «Kontua da hamar hitzetik bi edo hiru zirela zinez Iparraldekoak, baina jendeak bi edo hiru horiek ikusita erraten zuen hori euskalkia zela. Aditza, deklinabidea eta bestelakoak batuaren legeak errespetatuz erabili genituen. Hala ere, esan bezala, hiztegi aldetik bazuen Iparraldeko hizkeraren ukitua, iduriz gehiegi ere. Guretzat ez zen gehiegi, baina Hegoaldeko irakurlearentzat pentsatzen dut traba bat izan zela. Guk hori ez genuen aski aurreikusi». Hautu literarioa izan zen; estandarrean idaztea gipuzkeraz idaztea zatekeen, eta pentsatu zuten hango hiztegia ikusgarri egiteko modu bat zela Euskal Herri mailan, baina «handiustea izan zen».
Esan bezala, kritikak jaso zituzten hasieran, eta azken komikietan ahaleginak egin zituzten estandarrera hurbiltzeko. Grafiaren kalitatea ere hobetu omen zen. Dena dela, planteamendu ekonomikoari eta iraunkortasunari erreparaturik, Arrosagaraik dio hobe zuketela gipuzkeraz idatzi: «Ereinek edo Elkarrek argitaratu izan balitu, agian funtzionatuko zuketen».
Retolaza ere bat dator Arrosagarairen iritzi horrekin, eta berak dio akaso bi alderdik zaildu zutela egitasmoaren arrakasta:
Batetik, kontuan hartu behar da euskara batua 1968. urtean hasi zela egituratzen, eta Hego Euskal Herriko hezkuntza-sisteman (batez ere EAEkoan) 1980ko hamarkadan errotu zela euskara batua, edo errotze-prozesua abian jarri zela. Testuinguru horretan, 1980ko hamarkadan euskara batu hertsi batean idatzitako testuak hobetsi ziren hezkuntzan, oro har. Bestalde, 1980ko hamarkadan ere, EAEko hezkuntza-sistema indartzearekin batera, eskolarako irakaskuntza-materiala sustatu zuten argitaletxeek ere hartu zuten indarra. Antxetaren ekarpena EAEko hezkuntza-sistema horretatik at garatu zen, hizkuntza-irizpideei begira, eta argitaletxe-egiturari begira. Baina, zorionez, logika horretatik kanpo aritzeak ahalbidetu zuen komikien itzulpengintzan ekarpen hori egitea.
Bestetik, EAEn indarrean jarri zen 1982ko Euskararen Legea (eta Nafarroako Gobernuan beste bide bat izan zuen Euskararen Legeak, ezaguna denez), eta, lege hori egituratzerakoan, kultura-kudeaketan zein hezkuntza-kudeaketan EAE soilik indartzen zuten egitura zenbait jarri ziren abian, eta, ondorioz, EAEko ekarpenak ikusgarri egin zituzten, baita Euskal Herriko beste ekarpenak ikusezinago egin ere.
Ubedak hizkuntza hautua ulertu edo toleratuko zukeen masa kritiko baten faltari egiten dio erreferentzia:
Literatura irakurtzen ohituta geundenok eta euskararen unibertsoan sinesten genuenok ez genion inolako oztoporik aurkitu, hitzen bat edo beste hiztegian aurkitu beharra ez bada. Baina zenbat ginen profil horretara hurbiltzen ginenak? Zenbat ginen literaturan jantziak, hizkuntzaren aberastasuna txalotzen genuenak eta gainera komikizaleak? Oso gutxi. Eta, gainera, kontuan har Hegoaldean komikiak AEBetako tradizioari jarraitzen ziola batez ere, ez frankofonoari.
AEK-ko irakasle izana den heinean, euskaltegian goi-mailetan komikiok erabili zituztela ere gehitzen du Ubedak, eta argudiatzen du hizkera ez dela oztopo izaten ulertzeko gogoa dagoenean. Bukatzeko, euskal irakurleen ulergarritasun eskasa aipatzen du; haren arabera, euskara batua alde askotatik hanka-motz zaigu, eta, Arrosagaraik eta Labianok egitasmoa gipuzkeraz egin balute ere, bidean beste traba batzuk aurkituko lituzkete:
Antxetak gipuzkeraz edo batu giputzez egin izan balu, Hegoaldean gehixeago salduko zukeen agian, baina Iparraldean epelak entzun beharko zituzketen. Badirudi gauzek bi bertsio behar dituztela, bata Hegoaldekoentzat eta bestea Iparraldekoentzat (agian beste bat bizkaieraz). Tristea da, baina euskara batuak bide luzea urratu beharko du oraindik.
Komiki hizkuntzaren bilakaera
Hizkuntza jasoegia erabiltzea egotzi izan zaie komiki batzuei, edo euskalkietatik gertuegi egotea, bestela. Ubedari eta Retolazari galdetu nien ea komiki-hizkuntzaren garapenik izan den azken urteetan, Antxetaz geroztik, eta honela erantzun zidaten, hurrenez hurren:
Ez dago euskal komiki-hizkuntzarik. Zorionez. Komikiak hizkera asko islatu behar lituzke, formalak eta ez hain formalak, jasoak eta guztiz ordinarioak, tokian tokikoak eta estandarragoak, ahal diren guztiak. Beretzat propio bat sortzeak ez du zentzurik. Komiki batzuek hizkera jasoa eskatzen dute eta beste batzuek ez. Areago, gerta liteke komiki berean pertsonaia bati hizkera jasoak (euskara batu formalak) bikain ematea (demagun, Administrazioko buru bati, Iruñeko Udaleko alkateari) eta beste pertsonaia batek hizkera kalekoagoa behar izatea (Maravillas gaztetxeko okupa batek, adibidez), edota politikari bati euskañol baldarrak ongi ematea, Aurrera egiteko, ausardia beharko da, eta zurruntasunak, aurreiritziak eta maniak alde batera utzi. Baina, zoritxarrez, herri honetan oso kritikazaleak gara, eta norberarena ez dena gutxiesteko joera dugu. Tamalez.
Komiki-hizkera garatu da euskaraz, eta horretan ere prentsako komikiek ekarpen handia egin dute. Adibidez, Zakilixut komiki-zintak komiki-hizkera taxutzen lagundu du (onomatopeiak, metafora bisualak…). Globoetako eta kartutxoetako hizkuntzari dagokionez, badira eredu ugari. Zuk esan bezala, batzuek euskara batu hertsiaren alde egin dute; beste batzuek euskalkiaren alde; eta badira hizkuntza propioa sortu dutenak komiki jakin batzuetan. Eredua edozein izanik ere, Bego Montoriok argi adierazi izan duen moduan, ahozkotasunaren kutsu berezia duen komiki-hizkuntza hori garatu da euskaraz, nork bere hautu linguistikoa egin badu ere (egituretan, baliabide jakinetan…). Hautu linguistikoa (batua, euskalkia, hizkera asmatua…) bada hautu estetiko bat ere, eta komiki bakoitzaren estetikak eskatzen du hizkuntza-eredu jakin bat, estetika hori irudikatuko duena.
Sormen lanetan garatu da batez ere komiki hizkuntza. Antton Olariaga zein Asisko Urmeneta komikigileek jolas egiten dute hizkuntzarekin une oro, eta horrek, pixkana, euskal komiki hizkuntzari buruz jarduteko zilegitasuna ematen du. Sormen lanetan, agian errazago egingo zaigu hautu bat edo beste hartzea, gure komikia ezagutzen dugun errealitate batean oinarrituta badago batez ere: Maravillas gaztetxeko okupa batek edo politikari batek ezberdin hitz egiten dute euskaraz. Itzultzerakoan ordea, hautu horiek esan daiteke arriskutsuagoak direla, kanpoko errealitateak edo errealitate guztiz hipotetikoetako pertsonaiak euskaraz mintzatzen jartzen baititugu; gerta daiteke huts egitea edota, Antxetari gertatu bezala, hizkuntzak ikusgarritasun handiegia eskuratzea, irakurleek hura baztertzeraino.
Astro-gurutzaketa12
Farmazia Beltza argitaletxe berriak Zerocalcareren13 komikia ekarri zuen iaz euskarara, Hondamuinean izenburupean. Normalean gertatu ohi denaren kontrara, frantsesezkoarekin batera eta gaztelaniazkoa baino lehenago argitaratu zuten komikia. Salbuespena da Zerocalcareren kasua «euskal liburuaren zeruan», eta, Garbiñe Ubedak, Koldo Izagirrek eta David Zapirainek batera eginiko liburu aurkezpenean, Ubedak adierazi zuen horrelako kasu bat gerta zedin astroak gurutzatu behar zirela. Nik galdetu nion ea zer osagai ziren beharrezko halako zerbait gerta zedin, zein ziren baldintza ideal horiek:
Adierazi nahi nuen, mota horretako komiki bat euskarara kalitatez ekartzeko, karanbola ikaragarri batek gertatu behar duela: batetik, komikizale porrokatu bat behar duzu, komikia euskarara itzuli, argitaratu eta merkaturatzeko arriskuak hartuko dituena. Jakinik egileari ordaindu egin behar zaiola, produkzio gastuak handiak direla eta ez dela kopuru handirik salduko. Alegia, oso litekeena dela dirua galtzea.
Bestetik, itzulpen lana egingo duen idazle on bat behar da. Idazlea diot, mota horretako komikiak ezin direlako besterik gabe itzuli. Euskaraz erregistro asko falta ditugulako, kaleko eta lagunarteko hizkerak landu gabeak ditugulako paperean, ez dagoelako estandarrik, molde idatzia zurrunegia delako eta, beraz, testuak sortu egin behar direlako, itzuli baino gehiago.
Gero, behar da egileak edo haren managerrak eta argitaletxeak nahi izatea eta eskubideak garestiegi ez saltzea. Enpatia apur bat izatea euskararekin.
Eta, hori gertatu eta gero, behar da sekulako ahalegina egin, lana promozionatzeko, liburutegietara iristeko, hedatzeko; behar dira banatzaileekin tratuak, liburutegietan espazio nabarmena… Lan titanikoa da.
Beraz, Ubedaren esanetan, hiru lirateke arrakastarako beharrezko osagaiak: alde batetik, dirua galtzeko prest dagoen komikizale amorratu bat, euskara existitzen dela badakien argitaletxe enpatiko bat eta jendarte baten ahalegin neurrigabea jendeak komikia eros dezan.
Hipotesien bide beretik egindako beste galdera bat izan zen ea posible litzatekeen Antxeta bezalako argitaletxe bat gaur egun, euskal komikia ardatz izango lukeena. Biek erantzun zidaten borondatezko lanarekin baino ez zela posible halako ekimen bat aurrera ateratzea. Izan ere, komikiak errentagarri egiteko, asko saldu behar da, eta, asko saltzeko, hizkuntza hegemonikoa erabili behar. Retolazak dio halako argitaletxe bat izatekotan ezingo lukeela ohiko enpresa baten egitura eduki, bazkideekin egituraturiko elkarte bat edota kooperatiba txiki bat behar lukeela izan.
Komikigintzaren loraldia?
Gregorio Murok 2018ko Durangoko Azokan Argiak eginiko erreportajean esan bezala, 1980ko hamarkada izan zen komikiaren urrezko aroa, eta oraingoa, platinozkoa (Muro, 2017). Ez da erraza jakiten non hasten eta bukatzen den aro bat, baina egia da hori adierazten duten zantzu batzuk badirela: Astiberri nahiko era sistematikoan ari da 2014tik komikiak euskaratzen, literaturgile ospetsu zenbaitek komikiaren edo nobela grafikoaren14 aldeko apustua egin dute (adibidez, Eider Rodriguezen eta Julen Ribasen Santa Familia komikia, Harkaitz Canoren eta Maite Gurrutxagaren Tigre batekin bizi poema ilustratua), Tupust15 komiki antologia feminista... Zantzu edo adibideen aurrean, komikiaren «aro berri» hau zer eta nola jazo den jakin nahian, hiru alderdi azpimarratzen ditu Retolazak. Batetik, Xabiroi aldizkariak egindako indarrak, bi zentzutan: alde batetik, Ipurbeltz aldizkaritik ezberdinduz, «gazteentzako komikiaren alde egin du, helduentzako komikitik hurbil, eta, modu horretara, irakurle gazte eta helduengan eragina izan du»; eta, bestetik, komiki-egileen eta komikizaleen sarea indartu du, «belaunaldien arteko harremanak ere sustatuz, eta ekimen kolektiboak antolatuz»; azkenik, Euskal Herriko beste komiki-eragile batzuekin ere sareak egin ditu. Komiki-sarea indartzeak euskal kulturan komikiak ikusgarritasuna eskuratzea ekarri du. Bigarrenik, liburu digitalen kulturak eta maileguen kulturak argitaletxeek liburu-objektuari garrantzi handiagoa ematea ekarri du. Liburuek balio artistikoa eskuratu dute, digitalak eskaini ezin dituen formatuak birpentsatzea ekarri du. Hirugarrenik, euskal kulturan «diziplinarteko begiradari garrantzi handiagoa eman zaio azkenaldian, eta hitzak beste adierazpide artistiko batzuekin izan dituen harremanei erreparatu zaie», beste garai batzuetan baino gehiago.
Ubedak gazteei begirako ahalegina ikusten du. Gazteek ikus-entzunezko lanak kontsumitzeko joera dute, eta komikia, oro har, errazago pasatzen delako ustea dago. Gainerako hizkuntzetan, behintzat, hala gertatzen da, «baina euskaraz lotura ez da horren sinplea, batez ere euskararen egoeragatik eta hizkera edo erregistro faltagatik». Bestalde, «Eusko Jaurlaritza dirulaguntzak ematen hasi da», eta horrek eragin handia du, dirulaguntzak aski oparoak direlako.
Antxeta helduentzako euskarazko komikigintzaren aitzindari: ondorioak
Lehen ondorioa zera da, Antxeta helduentzako euskarazko komikigintzan aitzindari izan zela. Helduentzako komikia diodanean, bestelako izaera instrumentalik ez duen komikiari buruz ari naiz. Izan ere, Habeko mik aldizkaria eta Ikusager argitaletxea aurretik izan zituen, baina komiki horiek, kalitate onekoak baziren ere, helburu didaktikoa izan zuten sorburu.
Beste ondorio bat da Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria muga geografiko eta sinboliko batek banatzen dituela eta horrek zuzenean eragiten duela argitaletxe batek egin beharreko hautuetan. Bi literatura-sistema daude, eta, ondorioz, bi aldeetako irakurleek ez dituzte ezaugarri berdinak. Horren aurrean, Antxetak bi hautu egin zituen: batetik, Frantziako estatuan zein nazioartean ospetsuak ziren autoreen komikiak itzuli zituzten; eta, bestetik, euskara batua izan arren, Iparraldeko hizkerara hurbiltzen zen euskaran idatzi zituzten komikiok.
Hego Euskal Herriko irakurlea erakartzea zuen helburu lehenengo hautuak; izan ere, «sekulako» komikiak ziren, eta hemengo irakurle gehienek ez zituzten ezagutzen. Ipar Euskal Herriko irakurleek, ordea, ezagutzen zituzten, frantsesez irakurriak zituztelako jada, eta komikia erosi zutenek «solidaritatez» erosi zuten nagusiki. Bigarrengo hautuak, hizkuntza-hautuak, Hegoaldeko irakurle potentzialen multzoa murriztu zuen; Ubedak dioen bezala (2019), «literaturan jantziak, hizkuntzaren aberastasuna txalotzen zutenak eta, gainera, komikizaleak» ziren. Beraz, ondoriozta dezakegu bi literatura-sistemaren artean kokatzen den argitaletxe baten hautuak traba edo onura izan daitezkeela hizkuntza berean mintzo diren irakurleentzat.
Aurrez aipatutakoarekin lotura eginda atera daitekeen beste ondorio bat honako hau da: Euskal Herriko lurraldeen arteko transmisioa gero eta zurrunagoa da. Horretan zerikusia du gaur egungo liburu-denden logikak. Esate baterako, Ipar Euskal Herrian, euskal kulturan espezializatutako argitaletxeen desagertzeak eta euskal produkzioa Baionako Elkar Megadendara murriztuta egoteak ikusezin egiten ditu hainbat eta hainbat ekimen.
Bukatzeko, euskarazko beste zenbait ekimenen antzera, Arrosagaraik eta Labianok bi urtez aurrera eraman zuten proiektua militantzia eta boluntario lanari zor zaio. Ez zen ekonomikoki proiektu sostengagarria izan, eta elikadura-bide bat ziurtatzea falta izan zitzaion, gaur egun euskaraz argitaratzen dabiltzan argitaletxe gehienen antzera. Beraz, esan dezakegu, posible izatekotan, ohiko enpresa egituratik kanpo baino ez lukeela funtzionatuko euskarazko komiki-argitaletxe batek, kooperatiba edo bazkide bidez antolaturiko elkarte batean behar lukeela.
Erreferentziak
Elkarrizketak
Arrosagarai, Ladix (2019): aurrez aurreko elkarrizketa Esti Unanuerekin. 2019-04-04, Ziburu.
Retolaza, Iratxe (2019): posta bidezko elkarrizketa Esti Unanuerekin. 2019-05-10.
Ubeda, Garbiñe (2019): posta bidezko elkarrizketa Esti Unanuerekin. 2019-05-07.
Testuliburuak eta hedabideetako elkarrizketak
Bourgeon, François (2015): « François Bourgeon (“Les Passagers du vent” / “Le Cycle de Cyann)”: “ Je n’ai jamais perdu de vue le côté ludique de mon métier ” ». ACTUABD (Jean Sébastien Chabannesen elkarrizketa). (2019ko maiatzaren 8an berreskuratua).
Muñoz, Josune (2014): «Emakumeek beste sentsibilitate bat eman diote komikigintzari». Argia (Ainara Arratibelen elkarrizketa). (2019ko maiatzaren 14an berreskuratua).
Muro, Gregorio (2017): «Euskal komikigintza, borbor». 7K (Amaia Ereñagaren elkarrizketa). (2019ko maiatzaren 16an kontsultatua).
——— (2018): «Giza harremanek hunkitzen dute irakurlea, pertsonaia interesgarriek». Berria (Mikel Lizarralderen elkarrizketa). (2019ko maiatzaren 30ean berreskuratua).
Retolaza, Iratxe (2017): Komikigintza eta euskal literaturaren esparrua: euskal komikiaren historia literario baterantz. In: Kortazar, Jon (zuz.) (2017): Egungo euskal komikiaren historia. Euskal Herriko Unibertsitatea. 15-178.
Ubeda, Garbiñe (2018): «Komikia leku bila, hitza nagusi den kulturan». Argia (Gorka Bereziartuaren elkarrizketa). (2019ko maiatzaren 15ean berreskuratua).
Zerocalcare (2018): Hondamuinean. Itzultzailea: Koldo Izagirre. Farmazia beltza.
Komikiak
Bucquoy, Jan (1989): Errealitatearen mugetan. Jaunes bilduma. Itzultzailea: Ladix Arrosagarai. Baiona: Antxeta argitaletxea.
——— (1989): Gerard deabrua. Jaunes bilduma. Itzultzailea: Ladix Arrosagarai. Baiona: Antxeta argitaletxea.
Burgeon, François (1988): Neska bat untzian. Haizearen bidaiariak bilduma. Itzultzailea: Ladix Arrosagarai. Baiona: Antxeta argitaletxea.
——— (1988): Untzi kartzela. Haizearen bidaiariak bilduma. Itzultzailea: Ladix Arrosagarai. Baiona: Antxeta argitaletxea.
Cosenday, Bernard (1988): Oroit hadi, Jonathan... Jonathan bilduma. Itzultzailea: Ladix Arrosagarai. Baiona: Antxeta argitaletxea.
Pratt, Hugo (1988): Ethiopikoak. Corto Maltese bilduma. Itzultzailea: Ladix Arrosagarai. Baiona: Antxeta argitaletxea.
1. Lan hau 2019an egindako Gradu Amaierako Lanaren zati bat da. Lanaren lehenengo atalean, euskarazko helduentzako komikigintzaren historiaren laburpen bat egin nuen, Antxeta argitaletxea marko horretan kokatzeko. Artikulu honetan, Antxetari buruzkoak kontatzera mugatu naiz.
2. HABEko Mikek aurrekontuak agortuak zituen, eta Harrietek Glénat, Dargaud eta Humanoïdes Associés argitaletxearekin argitaratu zituen Frantzian ospea lortu zuten lanak (Arrosagarai, 2019).
3. Bucqoyren beste zenbait liburu itzuli zituzten gaztelaniara: Cimoc (1986), Zona 84 (1988), Totem el comix (1988), La vida sexual de Tintín (1992) eta Erotika (1993). Ikus www.tebeosfera.com/ webgunea.
4. Tiburcio de la Llave (1957, Toledo) Frantziako marrazkilari ezagunenetako bat da. 30 lan baino gehiago publikatu ditu. Haren marrazkiak argiak eta zehatzak dira, eta ukitu errealista dute.
5. Lehen bostak 1979 eta 1984 artean argitaratu zituen Glenat argitaletxeak. Bigarren seriea berriz, hiru komikik osatua, 2009 eta 2018 artean argitaratu zen, 12 bis eta Delcourt argitaletxeen eskutik.
6. « Personnage atypique cependant ordinaire, sensible mais révolté, Isa a su séduire lecteurs comme lectrices. Peu de femmes, en ces temps, lisaient de la BD. J’ai eu la chance d’accrocher beaucoup de lectrices. Dès les premières années, rien qu’en langue française, “ Les Passagers du vent ” se sont vendus à plus d’un million d’exemplaires par titre. Rien n’explique cela. Disons alors qu’ils ont rencontré leur public. Cette explication me suffit ». (Bourgeon, 2015)
7. Distrinovel S.A argitaletxeak, 1981ean, bi izenburu argitaratu zituen: Pies descalzos sobre los rododendros eta La cuna de Bodhisittava. Ediciones R.O-k lehen alea argitaratu zuen, 1981ean: Acuérdate, Jonathan.
8. Una ballata del mare salato, 1967.
9. Hegoaldean ez zen haurrentzako komiki-argitaletxerik. Gero etorri ziren Xirrista eta Kometa.
10. 2019ko ekainaren 1ean, Ziburuko lehenengo liburu eta disko azoka egin zen. Stand bat jarri zuten euskal komikiari dedikatua. Han elkartu ziren, besteak beste, Adur Larrea, Harriet, Xabiroi egiten dutenak eta Dani Fano. Helburua komikizaleei euskaraz ere produzitzen dela erakustea zen, baita produzitzen den hori kalitatezkoa eta interesgarria dela ere.
11. Durangoko Euskarazko Liburu eta Disko Azoka 1986an eta 1987an egin zen.
12. «Komikizaleoi oso gutxitan gertatzen zaigu gustuko ditugun autoreak gure hizkuntzan irakurtzeko aukera izatea, eta, horregatik, autore interesgarri bat plazaratzen den bakoitzean, eta hura, beste behin ere, frantsesez, edo gaztelaniaz, edo ingelesez, edo beste edozein erdaratan irakurri behar izaten dugun bakoitzean, beti galdera bat eta berbera etortzen zaigu burura: ze astro-gurutzaketa gertatu behar da hemen gu besteen pare jarri ahal izateko eta gure hizkuntzan halako deskubrimenduak egin ahal izateko?». (Ubeda, 2018)
13. Michele Rech komikigile italiarraren izen artistikoa.
14. Nobela grafikoa terminoa abenturazko, umorezko eta super heroien gaia lantzen duten komikiez gain beste genero batzuk txertatzearekin hasi zen erabiltzen, komikiaren tradiziozko eredutik aldentzen zirenei erreferentzia egiteko hain zuzen ere. Hala ere, baten baino gehiagoren susmoa da komiki orori nobela grafikoa deitzea merkatu-estrategia bat baino ez dela; izan ere, badirudi komikia liburuaren antza hartzen hasi denean egin dela ikusgarri merkatuan. Antonio Altarribak dio «nobela grafiko oro dela komiki baina komiki oro ez dela nobela grafiko» (Altarriba, 2017).
15. «Komikia gizonek sortutako ekoizpen kultural bat izan da, eta prestakuntza ere haiei eman zaie. Emakumeek egindako komikiei ez zitzaien baliorik ematen; aurreiritzi handiak zeuden horien inguruan. Hori aldatzen ari da, pixkanaka». (Josune Muñoz, 2014)