'Maskulinitateak' euskaraz: itzulpen-prozesu baten une (eta gogoeta) gorenak
R. W. Connell-en 'Masculinitites' lana euskaratzeko prozesua aitzakiatzat hartuta, (euskarazko) itzultzaileen lanbideari buruzko zenbait gogoeta jasotzen ditu artikulu honek, umorea baliatuta. Itzulpen-lanen inguruan egin ohi diren analisi ohikoagoetatik aldendu eta itzultzailearen bizipen eta sentsazioak ditu ardatz, beraz, lan honek; izan ere, lanbide bakoitzak badu berea, eta itzultzaileok ezusteko lekuetan aurkitu ohi dugu geure burua sarri.
«Nolakoa da itzultzaile lana?» galdetuko balidate, erantzungo nuke egunaren araberakoa dela: egun batzuetan burokrazia- lanik aspergarrienaren antza hartzen du, eta beste batzuetan, berriz, ezusteko gaupasa bat dirudi, hurrengo eguneko galdera erdi- amnesiko eta guzti (zer gertatu da?, nola bukatu genuen leku bitxi hartan?, nor da alboan dudan pertsona hau?). Itzulpen-lan luzeak direnean, gaupasa burokratiko bat bilakatzen da itzulpena, edo ajedun burokrazia, zuk nahiago duzuna. Halaxe ibili nintzen ni, hain zuzen, R. W. Connell-en Masculinities euskaratu bitartean.
Saiakera mardul bezain mamitsuari ekin nionean, ez nekien bidaia hartan zer aurkituko nuen, zeren aurka egingo nuen borroka, zer untxi-zulotatik behera eroriko nintzen, eta zeintzuk izango ziren gaupasa eder horren une gorenak. Orain, itzulpena amaitu eta liburua argitaratu zenetik denbora-tarte luze samarra igarota, bidaia hartako argazkirik garrantzitsuenak errebelatu ditzaket. Aitortu behar dut mozkorraldien osteko amnesia pixka bat ere badudala, eta ez naizela itzultzaileen analisi xehe eta fin horiek egin zalea (ez eta halakoak egiten oso trebea ere); beraz, gogoeta erdi-barregarri bat da jarraian aurkituko duzuna, itzultzaileon lanbide partikular honi dagozkion miseria posibleen sasi-analisi bat. Hona hemen Maskulinitateak euskaratzeko eginiko bidaiaren une gorenak.
Interneteko untxi-zulotik behera erori edo euskaraz termino bat asmatu nuenekoa
Edozein astegun zen bulegoan, eta Connellen liburuarekin borrokan ari nintzen ni, beste behin. Egunero 5 orrialde itzultzeko erronka ipini nion neure buruari, eta, gutxi-asko, ezarritako helburua betetzen ari nintzen. Halako batean heldu zen, ordea, «Gizonen gorputzak» deituriko atala, eta gizakiok gure gorputzaren itxura aldatzeko baliatzen ditugun tresna edo jantziei buruzko zati bat.
Bat-batean, ezusteko termino ezezagunek ezker-eskuin egin zidaten eraso: «PADDED-BRA», «COD-PIECE», «PENIS SHEATH». Lehenengo biei nahiko erraz egin nien itzuri (ja!): «bularretako betegarriduna» eta «zakil-zorroa» nahiko ongi egokitzen ziren jatorrizkora, baina… zer demontre zen «PENIS SHEATH»? «Sheath» «zorro» gisa itzul liteke, baina «zakil-zorroa» eta «penis sheath» ez dira gauza bera, ze zakilarentzako zorroa gauza bat da eta beste gauza bat da Googleko irudiek bilatzailean «penis sheath» jarrita erakutsi zidatena (zakilaren puntan jartzen den zerbait, hura luzeagoa izan dadin) eta noski irudiek erakutsi zidatena ez da zakil-luzagailu bat ze hori makinatxo bat da eta gainera Internetek esan zidan bazeudela luzagailu malguak edo zurrunak eta zergatik dakit bat-batean horrenbeste zakil-zorro, -luzagailu eta -luzatzaileez eta nola izendatuko dut «sheath» madarikatua eta… «Zertan ari zara?», galdetu zidan irribarre txikiz lankideak nire ordenagailuaren albotik kafe bila pasatu zenean. Bazuen arrazoirik barre egiteko. BDSMko gailuak saltzen dituen webgune batean nengoen, hainbat «penis sheath» gertutik aztertzen (latexezkoak, erliebedunak, laranjak, moreak…). Interneteko untxi-zulotik behera eroria nintzen, very deep.
Handik bi minutura, lauzpabost lankidek inguratzen zuten nire ordenagailua, denak ere nire gaupasa burokratikora batuta. Bidaiak askoz ederragoak dira konpainian, eta, egia esan, ezinbestekoak izan ziren haien laguntza eta barre-algarak, azkenean euskaraz termino premiazko hori sor zedin: «zakil luzakina». Gazte hiltzen banaiz, horixe utzi diot euskarari: zakila luzeagoa izan dadin zakilaren puntan jartzen den silikonazko tramankulu bat izendatzeko terminoa. Bikain. Euskaltzaindiaren deiaren zain egongo naiz.
Berrirakurketa amaigabea eta autosabotajea nola eten: deitu lagun bati
Gorago aipatutakoa bezalako beste hamaika abenturatxo bizi izan nituen Maskulinitateak itzultzeko bidaian. Oraindik ere harrigarria iruditzen zait lan luze hori itzuli izana, eta, are gehiago, amaitzeko gai izana.
Jakingo duzuenez, itzultzen amaitu ostean dator, akaso, lanik gogorrena. Lana atzera irakurri behar da, behin eta berriz edo, kobratuko duzun kuotaren arabera, behin bederen. Berrirakurketa horiek gaupasaren biharamuneko errepasoa bezalakoak dira: parte batzuetan, uste zenuen baino erridikulu txikiagoa egin duzu; beste zati batzuetan, ez duzu ezertxo ere ulertu eta hanka sartu duzu zeharo; eta badaude beste atal batzuk etorkizuneko zu horren esku utzi dituzunak, hark konpon dezan katramila itzel hori.
Komeni da itzultzaileak prozesu hori bakarrik egitea lehenengo, baina, gaupasa basatien antzera, lehenengo errepasoa egin ostean, nork bere burua autosuntsitu eta autosaboteatu ordez, askoz hobea da norbere zalantza eta miserien testiguekin partekatzea itzulpena: lagun onekin. Lagun on batek beti hartuko du zure itzulpena beste begirada batekin, eta esango dizu, «tira, tira, ez da horrenbesterako izan»; «haren eta bere guztiak ondo jarrita daude, lasai», edo «esaldiek zentzua dute, ez hasi dena hankaz gora jartzen eta segi lotara». Horrela baino ezin da amaitu argitaratu eta zure izenarekin sinatuta joango den itzulpen bat: beste norbaitek zure autosabotajea bridatzen duenean.
Who am I to judge? Itzultzaileen moral ikusezina
Ez dut gogoan Itzulpengintzako graduan inoiz aipatu zigutenik morala. Itzulpenaren deontologia akaso aipatuko ziguten: izan fidelak testuaren edukiari, ez aldatu tonua, ez du hori esaten, beste hau esaten du. Maskulinitateak itzultzerakoan ez nuen zalantza moralik izan, egia esan. Bat nator idazlearen abiapuntuarekin eta liburuaren klase- eta genero-ikuspegiarekin; akaso bukaera pixka bat hankamotz geratzen da irtenbide ukigarriak proposatzeari dagokionez, baina who am I to judge? Galdera horixe egin nion neure buruari, eta orduan jabetu nintzen ni banintzela nor.
Zer gertatuko litzateke nire balioen (eta bizi-baldintzen) guztiz kontrakoa den testu bat iritsiko balitz nire eskuartera (eta ez naiz turismo gehiago behar ez duten herri turistikoetan turismoa sustatzeko administrazioek prestatzen dituzten plan turistikoei buruz ari)? Edo pentsamoldea lantzeko nire moduekin bat ez datorren lan bat itzuli beharko banu? Ezkerreko saiakera-idazle batek darabilen tonu despektibo edo/eta matxiruloarekin ados ez banengo, adibidez? Badu aukerarik itzultzaileak ezer aldatzeko? Badu horretarako eskubiderik? Eta, testua bere horretan itzuliko balu ere, ondo ikusia legoke berak itzulitako lana kritikatzea itzultzaileak gero, demagun, liburuaren aurkezpenean? Hortxe utziko dizkizuet galderak, nik erantzun bila jarraitzen baitut.
Ni naiz enbaxadore: liburu bat itzultzeak aditu bihurtzen ote zaitu?
ETBren headquartersetako makillaje-gelan nengoen, bost makillatzailerekin. Jakineko Lorea Agirrerekin joana nintzen Hitzokei saiora, liburua aurkeztera. Nire ondoan, Teleberriko norbait guapa-guapa jartzen ari ziren. Izugarri gustatzen zait jendeak aurpegia ukitzea. Eskatu nion mesedez begiak ez pintatzeko, ez baititut sekula pintatzen, eta ez nuen Mihiluze programan atera nintzeneko pasteltxo itxura izan nahi. Ezpainak bakarrik pintatu zizkidan, gorri-gorri. Hau da itzultzaileon powera, hau.
Logikoa iruditzen zait itzultzaileak liburua han eta hemen aurkeztea (Durangon, adibidez), baina uler beza jendeak: liburu bat itzultzeak esan nahi du liburu hori askotan irakurri duzula, ez beste ezer. Ez zara gai horren inguruko adituak baino adituagoa, eta ez duzu zertan gai horren inguruko jakintza zabalik izan. Ez zara gai horren ordezkaria, ezta enbaxadorea ere. Zu langile bat zara, lan bat egiteko eskatu dizute, lan horren truk ordainsaria jaso duzu eta listo. Itzultzaile batzuek agian lotura estua dute gaiarekin eta horregatik itzuli dute liburu hori, baina ez du zertan. Euskarazko itzultzaileoi bakarrik gertatzen ote zaigu hau?
Edonola ere, ETBko fokuen pean aurkitu nuen neure burua esaldi potoloegiak botatzen, maskulinitate-ereduez iritzi pertsonala ematen eta irakurketa sasi-soziologikoak egiten. Ez da ezer gertatzen, gaia interesatzen zait eta ez dut uste hanka sartu nuenik, baina noraino heldu behar litzateke gai honekiko dudan inplikazioa eta jakintza?
Itzultzaile feministaren maldizioa: nola esan duzu deitzen dela itzuli duzun liburua…?
Azkenerako utzi dut gogoeta goren hau, bidaia amaituagatik oraindik ere gertatzen zaidalako. Inguruko gizonei liburu hau itzuli nuela aipatzen diedanean, interpelatuta sentitzen dira asko, eta bi erreakzioren testigu izaten naiz: batzuek ez ikusiarena egiten diote gaiari, haiekin zerikusirik ez balu bezala eta liburua usoen ugalketari buruzkoa balitz bezala, baina beste batzuk beren buruak justifikatzen hasten dira. Eta ez dakit zer nahiago dudan.
Ni itzultzailea naiz, ulertzen? Ez naiz coacha, ezta zure lagun egonarritsu bat ere. Ni itzultzaile feminista naiz, eta, erreferentzia eske baldin bazatoz, pozarren aipatuko dizkizut hamaika liburu, baina ez eskatu askoz gehiago. Nahiko lan hartu nuen liburua erdi-ondo-edo itzultzen, eta nire ekarpena horixe da: Maskulinitateak euskaraz irakur dezakezu orain.
Jakinekoek liburu hori itzultzea erabaki zutenean, gizonak interpelatzea zen asmoa, feminismoaren barruan gizonen aferei heltzen zien libururik ez zegoela zioten aho horiek bazkatzea eta maskulinitatearen gaia lantzen diharduten ekimenak elikatzea. Horretarako balio izan badu bidaia luze honek, pozik geratuko naiz.