Leonard Cohenen abestien integrazioa Espainiako kulturan Xabier Leteren itzulpenen bidez
Alejandro Ros-Abaurrea

Itzulpengintzak funtsezko garrantzia izan du Leonard Cohenen abestiek Espainiako herri-kulturan izan duten harreran. Hamarkadaz hamarkada, Kanadako musikariaren lana integratzeko bitarteko sendoenetako bat bilakatu da, eta kulturen arteko zubi-lana egin du jatorrizko zein xedezko hizkuntza- eta kultura-sistemen artean. 'Leonard Cohen_ESP (1972-2019)' corpusa abiapuntu hartuta, artikulu honek Cohenen abesti euskaratuen ikuspegi orokorra eskaintzen du. Orobat, Xabier Leteren «Suzanne» eta «Bird on the Wire (Txoriak kaiolan)» itzulpenen azterketa deskribatzaile-konparatiboa ere jasotzen du, behatutako itzulpen-teknikek interes bereziko aztergai bihurtzen baitituzte.

Leonard Cohen Espainiako kulturan

Leonard Cohenen eta Espainiako kulturaren arteko lotura artista kanadarra oraindik 15 urteko gaztea zenean eratu zen. Kasualitatez, Montrealgo bigarren eskuko liburu-denda batean liburuak begiratzen ari zela, Federico García Lorcaren antologia poetiko baten itzulpena iritsi zitzaion eskuetara. «Granadako literatoaren bertsoak irakurtzen dituenean zurbildu egiten da mutikoa: Por el arco de Elvira / quiero ver pasar / para saber tu nombre / y ponme a llorar», kontatzen du Tébarrek (2010: 1. paragrafoa). Hala ezagutu zuen Lorcaren lana, zeinak bere nortasun artistikoa deskubritzea ahalbidetu baitzion. Hain zuzen ere, hainbestekoa zen poeta granadarrarekiko sentitzen zuen mirespena, non lehen alabari Lorca Cohen izena jartzea erabaki baitzuen. «Zer esan dezaket nire bizitzako une batean nire izaera zein pentsaera errotik aldatu zituen gizonari buruz?» (Romero, 1974: 19), aitortu zuen zenbait urteren ostean Constantino Romerorekin Vibraciones aldizkarirako izandako elkarrizketa batean, Espainian egin zuen lehen emanaldiaren harira. Espainiako kultura Cohenen nortasun artistikoaren sorburu eta genesi izan zen; izan ere, bere ahotsa Lorcarengan aurkitzeaz gain, gitarra espainiarrari eta flamenkoari esker topatu zuen bere lehen kantuak sortzeko mantenugai musikala (Manzano, 2012: 24).

Sarritan kontatu du xeheki Cohenek nola ezagutu zuen bere lehen gitarra-irakasle –eta bakarra– izan zen espainiarra. 1960ko hamarkadaren hasieran, Leonard, gazterik, amarekin Montrealen partekatzen zuen etxebizitzan zegoen. Eraikinaren atzealdeak muga egiten zuen tenis-pistaz hornituriko Murray Hill parkearekin, eta gazte ugari joaten ziren bertara. Parke hartan paseatzen zebilen batean, haurtzaroko oroitzapen eta bizipenak ohoratzen ari zela, Cohenek mutil bat entzun zuen gitarra-akorde batzuk zarrastatzen, gazte batzuk txundituta aurrean zituelarik. Hemeretzi urteko ijito zirats hark «Montrealgo espainiarra» ezizena jaso zuen (Manzano, 2012: 90). «Haren jotzeko moduak bazuen liluratu ninduen zerbait. Nik berak bezala jo nahi nuen, baina banekien ez nintzela inoiz gai izango» (Cohen, 2011: 15. paragrafoa), onartu zuen 2011n, Letretako Asturiasko Printzea saria jaso zuenean. Entzule haiekin bat egin, eta, isiltasun-maila egokia lortu bezain laster, gitarra beraren erara jotzen irakasteko erregutu zion. Prezioa finkatu, eta biharamunean elkartzekotan geratu ziren, Cohenen amaren etxean, zeina parkeko leku hartatik ikus baitzitekeen.

Cohenek jaso zituen lehen hiru eskolei esker, sei akorde tremoloduneko progresioarekin ohitu zen, hots, flamenko-abesti askoren oinarri harmonikoarekin. Baina gitarra-jotzailea ez zen laugarren eskolara azaldu. Harrituta, Cohenek telefonoz deitu zuen espainiarra bizi zen Bowdy House ostatura, Montrealen, eta jakinarazi zioten musikariak bere buruaz beste egin zuela. «Ez dakit arazo pertsonalak edota ikaslearen aurrerapen eskasa arrazoi, baina, hala balitz, ez dut uste ni hain ikasle kaskarra nintzenik!», esan zuen txantxetan Cohenek berak geroago (Manzano, 2012: 90).

Montrealgo musikari eta poetaren sormena piztea sakonki dago erlazionatuta Espainiako kulturarekin. Era berean, joan den mendeko 60ko hamarkadaren hasieratik, haren musika- obraren eragina gailendu da oro har Espainiako kultura-sisteman eta, bereziki, itzulitako kulturan; eta, horri esker, hamarkadetan zehar iraun duen noranzko biko sormen-fluxua sortu da.

Leonard Cohenen lana Espainiako kulturan integratu eta iragazkortzearen adibide nabarmenak azken hamarkadetan artistari antolatu zaizkion omenaldiak dira, non haren abestien itzulpen zein bertsioak izan diren nagusi. Lehenbizikoa 2005eko maiatzean antolatu zen, Confesiones de Margot aldizkari aragoiarrak artistari omenaldi diskografikoa egitea erabaki baitzuen 13. fanzinean. Coheni buruzko elkarrizketa eta artikuluez gain, omenaldi-disko bat ere argitaratu zuen aldizkariak, non hainbat artista nazionalek musikagilearen abesti ezagunenetako batzuen bertsioak –haietako asko espainierara itzuliak– sortu zituzten, hala nola Picoreren «El futuro» bertsioa, Los Chulisen «En el alambre» edo Nixonen «Suzanne» («The Future», «Bird on the Wire» eta «Suzanne» abestien bertsioak, hurrenez hurren).

Urtebete geroago, 2006ko udan, Alberto Manzanok (poeta eta Leonard Cohenen lagun eta itzultzaile ofiziala1) lau kontzertu2 antolatu zituen, Espainian, eta, beste behin, hainbat artistak Cohenen abestien bertsioak egin zituzten haren omenez (Manzano, 2010). Aipatzekoak dira Luz Casal eta «Baila conmigo (hasta el final del amor)», Kiko Veneno eta «Pájaro en el cable», Pasión Vega eta «No hay cura para el amor», Mayte Martín eta «Oye, esta no es manera de decir adiós», Son de la Frontera eta «Yo quise dejarte», eta Javier Colis eta «Esta noche estaré bien» artista-abesti kolaborazioak. Kontzertu horiek hainbesteko interesa piztu zuten, ezen beste hiru kontzertu antolatu baitziren, Els Hostalets de Balenyán, Sant Cugat del Vallèsen eta Lleidan, 2007ko urtarrilaren 12an, 13an eta 14an (Manzano, 2010). Azkenik, proiektua CD eta DVD formatuan jaso zen, Acordes con Leonard Cohen/According to Leonard Cohen (Manzano, McCormick eta Mas, 2007) izenburupean, lau hizkuntzatan interpretatutako abestiekin (katalana, espainiera, euskara eta ingelesa), bai artista nazionalenak, bai nazioarteko artistenak.

Hamar urte geroago, Flamencohen musika-tributua antolatu zen, non berriz ere letren itzulpena kulturen oinarri eta lotura izan zen. Alberto Manzanok ekoitzi zuen, SGAE Fundazioarekin batera, eta, bertan, Mayte Martín, Argentina, Duquende, Son de la Frontera, Rocío Segura, Sandra Carrasco eta Silvia Pérez Cruz artistek omenaldia egin zioten su sakratuaren kantariari, cante jondoko mestizajerik garbiena Leonard Cohenen ukitu poetikoarekin nahastuz (Universidad de Oviedo, 2020: 2. paragrafoa). Ikuskizuna 2017ko uztailean estreinatu zen, Huescan ospatzen den Pirineos Sur jaialdiaren programazioaren barruan, eta zazpi data gehitu ziren: Málaga, Sevilla, Salamanca, Madril (bi emanaldi), Algeciras eta, azkenik, Chiclana de la Frontera (Oviedoko Unibertsitatea, 2020: 4. paragrafoa).

Azkenik, Leonard Cohenen musika-obra berrienari egindako gorazarreen adibide da Canciones desde la azotea (Ortiz Pérez de Ayala eta Mediodía Martín, 2020) ekoizpena, Movistar+ ordainpeko plataforma espainiarrak 2020. urtearen amaieran kaleratu zuen lau kapituludun programa-dokumentala. Emanaldi orok garai guztietako musikari ospetsuenetako bat izan zuen ardatz, eta, bereziki, musikari eta konpositore horiek Espainiako kultura-sisteman izan duten eragina. Kapitulu bakoitzean, aditu nazionalak elkarrizketatzen dira, eta musikari nazionalek omendutako artistaren kantu entzutetsuenen bertsioak interpretatzen dituzte.

Lehenengo hiru kapituluak estreinatu ostean, 2020ko azaroaren 7an –haren heriotzaren laugarren urteurrenarekin batera–, programa-dokumental horren laugarren eta azken kapitulua eman zuten, Leonard Cohenen omenez. Oraingoan, Vega abeslari eta musikagilea arduratu zen musikariaren lau abesti enblematikoenei ahotsa jartzeaz; hala, «Suzanne» interpretatu zuen Christina Rosenvingerekin batera, «Hallelujah» Mäburekin, «Take this Waltz» Marazurekin, eta «Chelsea Hotel» Xosé Manuel Budiñorekin.

Leonard Cohenen lanak Espainiako kultura herrikoian izan zuen garrantzia dela eta, Letretako Asturiasko Printzea saria jaso zuen 2011n, «mundu osoko hiru belaunalditan eragina izan duen literatura-obrarengatik, non sortutako iruditeria sentimentalean balio aldaezineko poesiak eta musikak bat egiten duten» (Asturiasko Printzesa Fundazioa, 2011). Onarpen-hitzaldian, Cohenek berak nabarmendu zuen Espainiako kulturak eragin sakona izan duela bere obran: «Nire lanean, nire obran topatu duzuen on guztiak hemen du jatorria. Nire kantetan zein poesian aurkitu duzuen guztia lur honek inspiratu du» (Cohen, 2011: 23. paragrafoa).

Cohenen abestien katalogazioa

Leonard Cohenen musika-lana Espainiako herri-kulturan integratzeko prozesuaren ikuspegi orokorra lortzeko xedez, Leonard Cohen_ESP (1972-2019)3 katalogoa osatu zen. Katalogoak espainierara, euskarara, galizierara eta katalanera itzulitako abestiak biltzen ditu. Itzulpengintza-ikasketa deskriptiboen4 eta corpus bidezko itzulpen-teoriaren zein metodologiaren oinarrietatik abiatuta, Cohenen abestien itzulpenen katalogo bateratua deskribatu eta aztertu zen. Bertan, sarrera bakoitza itzulpen bati dagokio, eta itzulitakoaren hedapenari buruz hainbat komunikabidetan argitaratutako informazioa ere jasotzen da. 

1. taula.png
1. taula. Erregistro-adibidea: Xabier Leteren «Suzanne» itzulpena 'Leonard Cohen_ESP (1972-2019)' katalogoan.

Katalogoa osatzen duten itzulpenak identifikatu eta hautatzeko, hainbat informazio-iturritara jo zen, hala nola: theleonardcohenfiles.com –datu-baseak, haren musika- eta literatura-argitalpenei buruzko informazioa, bai eta A thousand covers deep: Leonard Cohen covered by other artists katalogoa ere (mundu osoko artistek Leonard Cohenen musika-errepertorioan oinarritutako abestien bertsioak biltzea helburu duen katalogo zabala) biltzen dituen web-orria– eta cohencentric.com webgunea. Liburu-formatuan argitaratutako abestietarako, honako iturri hauek baliatu ziren: Espainian argitaratutako liburuen datu-basea (ISBN), REBIUN eta CCBIP katalogoak, eta EIZIE elkartearen Nor da Nor bilatzailea.

Leonard Cohen_ESP (1972-2019) katalogoaren analisia

Ikerketa honek Leonard Cohen_ESP (1972-2019) katalogoaren bilduman du abiapuntua. Katalogo horretan, 522 sarrera biltzen dira, Leonard Cohenek sortu eta interpretatutako 156 abesti originalen ustezko itzulpenei buruzkoak, bai estudioko hamabost albumetan5 jasotakoak, bai artistak zuzenean soilik interpretatutakoak.6

Jasotako datuak aztertuta, argiki hiru hedabide identifikatu ahal izan dira: testu musikatuak, argitalpen inprimatuak eta emisioetako zein ikus-entzunezko produktuetako azpitituluak. 1. grafikoak erregistratutako sarrera kopurua jasotzen du, hedabidearen arabera.

1. grafikoa.jpg
1. grafikoa. Katalogoaren sarrera kopurua hedabidearen arabera.

Bildutako datuen arabera, argitalpen inprimatuak dira Cohenen abestien ustezko itzulpenak Espainiako kulturan zabaltzeko bitarteko erabiliena (sarrera guztien % 67,6); ondoren, testu musikatuak (% 27,6), eta, azkenik, azpitituluak (% 4,8).

Era berean, katalogoaren analisiari esker, Cohenen musika-obraren itzulpenek Espainiako kulturan duten presentziaren mapa osa daiteke, xede-hizkuntzaren7 arabera.

2. grafikoak hizkuntza bakoitzeko sarrera kopurua islatzen du.

2. grafikoa.jpg
2. grafikoa. Katalogoko sarrera kopurua xede-hizkuntzaren arabera.

Espainiera da tradizio handieneko xede-hizkuntza; ondoren, katalana eta euskara; eta, azkenik, galiziera. Era berean, katalogoko hizkuntzen presentziari buruzko ikuspegi zehatzagoa lortzeko xedez, hiru hedabideetan oinarrituz ere egin daiteke hizkuntzen araberako banaketa (ikus 3., 4. eta 5. grafikoak).

3. grafikoa.jpg
3. grafikoa. Argitalpen inprimatuen xede-hizkuntza.

4. grafikoa.jpg
4. grafikoa. Testu musikatuen xede-hizkuntza.

5. grafikoa.jpg
5. grafikoa. Azpitituluen xede-hizkuntza.

3., 4. eta 5. grafikoetan bildutako datuek berretsi egiten dute katalogoan zehar ikusten den joera orokorra; hau da, hiru hedabideetan espainiera dela itzulpen-hizkuntza ohikoena. Testu musikatua da hizkuntza guztietan sarrerak dituen hedabide bakarra; argitalpen inprimatuen eta azpitituluen kasuan, berriz, espainieraz zein euskaraz eta espainieraz zein katalanez bakarrik sortu dira sarrerak, hurrenez hurren.

Leonard Cohen_ESP (972-2019) katalogoko euskarazko itzulpenak

2. taulak Leonard Cohen_ESP (1972-2019) katalogoan erregistratutako euskarazko itzulpen guztiak jasotzen ditu:

2. taula.png
2. taula. 'Leonard Cohen_ESP (1972-2019)' katalogoko euskarazko itzulpenak.

Katalogoak euskarazko bederatzi itzulpen biltzen ditu 31 urteko epean: Oh! Euzkadi (anonimoa, 1980) aldizkariaren laugarren alean «The stranger song» argitaratu zenetik Senez aldizkariaren 41. alean (Egia, 2011) «Suzanne» eta «Bird on the wire (Txoriak kaiolan)» argitaratu ziren arte. Itzulpenak bost itzultzailek egin dituzte (anonimoa, Aitor Arana, Irati Jimenez, Jabier Muguruza eta Xabier Lete), eta sei xede-argitalpenen bidez zabaldu dira (Abestitzak eta poema kantatuak, Acordes con Leonard Cohen, Hotsizki, Oh! Euzkadi, Nabarra eta Senez). Halaber, ondoriozta daiteke Cohenen musika-ekoizpenaren euskarazko itzulpenak bi hedabideren bidez gizarteratu direla xede-kulturan (ikus 6. grafikoa): argitalpen inprimatuak (% 88,9) eta testu musikatuak (% 11,1). Aitzitik, ezinezkoa suertatu da azpititulu erako itzulpenik aurkitzea.

6. grafikoa.jpg
6. grafikoa. Cohenen euskarazko itzulpenak hedabidearen arabera.

Behin Leonard Cohen_ESP (1972-2019) katalogotik aztertu nahi diren itzulpenak aukeratuta, jatorrizko testuekin alderatu ondoren aurkitutako itzulpen-fenomenoak aztertu dira, ikuspegi deskribatzaile-konparatiboa oinarri. Itzulpen-fenomenoak mugatu eta sailkatzerakoan, Nidak (1964) proposatzen dituen hiru kategoria orokorrak hartu dira kontuan (aldaketak, ezabapenak eta gehikuntzak). Horrez gain, Molina eta Hurtado Albirren (2002) eta Pajares- Infanteren (2010) proposamenak kontsultatu ondoren, baliokidetasun-eza kategoria gehitzea erabaki da jatorrizko bertsioaren eduki semantikoa islatzen ez duten itzulpenetarako. Orobat, hainbat azpikategoria zedarritu dira, azpiko itzulpen-teknikak zehatzago deskribatzeko xedez.

Artikulu honen luzera-mugaren kausaz, ezinezkoa izan da euskarazko bederatzi itzulpenen azterketa deskribatzaile-konparatiboa txertatzea. Beraz, bi izan dira azterketa Xabier Leteren itzulpenetara mugatzearen arrazoi nagusiak. Lehenik eta behin, Leonard Cohen_ESP (1972-2019) katalogoan euskarazko itzulpen gehien erregistratu dituen itzultzailea da. Gainera, haren itzulpenak, argitalpen inprimatu gisa hedatu diren arren, testu musikatu gisa hedatutako itzulpenen ezaugarri bereizgarriak izateagatik nabarmentzen dira (adibidez, jatorrizko konposizioaren erritmoari edota silaba kopuruari eustea),8 eta horrek interes bereziko aztergai bihurtzen ditu.

Xabier Lete Leonard Cohenen lanaren itzultzaile

Xabier Lete (1944-2010) euskal poeta eta kantautoreak Ez dok Amairu kolektiboko kide gisa hasi zuen bere ibilbide musikala (Martin-Etxebeste, 2020: 226). Era berean, oso gaztetatik hasi zen poesia lantzen: 24 urte besterik ez zuela argitaratu zuen bere lehen poema-liburua Egunetik egunera orduen gurpilean (Lete, 1968). 2006an, Abestitzak eta poema kantatuak kaleratu zuen, egilearen beraren hitzetan «Xabier Letek kantatu dituen eta kantatu dizkioten abestien hitzak, abestitzak eta kantatutako poema kantatuak» (Lete, 2006) biltzen dituen liburua. Lan horretan, Leonard Cohenen lanaren bi itzulpen jasotzen dira: «Suzanne» (Cohen, 1967) eta «Bird on the Wire» (Cohen, 1969). Horrez gain, aipatzekoa da bi abestien euskarazko itzulpenek bost urte geroago berriz ikusi zutela argia, Senez aldizkariaren 41. alean, euskal kantari eta poetaren itzultzaile-lanaren inguruan diharduen artikulu batean (Egia, 2011).

Xabier Leteren «Suzanne» abestiaren itzulpena

Lehenik eta behin, «Suzanne» kantaren itzulpenen azterketa deskribatzaile-konparatiboak islatzen du bi testuak berdinak direla. Halaber, itzulpen-fenomenoei dagokienez, aldaketa baliatu da gehien (% 52,3); gero, ezabapenak (% 43); ondoren, gehikuntzak (% 3,7), eta, azkenik, baliokidetasun-eza (% 1).

7. grafikoa.jpg
7. grafikoa. Xabier Leteren «Suzanne» abestiaren itzulpen-kategorien maiztasuna.

Erregistratutako itzulpen-fenomenoak ez datoz bat –ez kopuruari, ez izaerari dagokienez– argitalpen inprimatuetan biltzen diren itzulpenetakoekin; izan ere, argitalpen inprimatuetan jatorrizko zentzua ematea lehenestea da joera, eta normalean ez dira kontuan hartzen testu musikatuen berezko ezaugarriak, hala nola erritmoa edota errima. 3. eta 4. tauletan, Leteren laneko itzulpen-fenomeno bereizgarrienetako batzuk agertzen dira: aldaketak eta ezabapenak.

3. taula.png
3. taula. Xabier Leteren «Suzanne» abestiaren itzulpen-fenomenoak (I).

«Suzanne» kantaren itzulpenaren 36. bertsoan (Lete, 2006; Egia, 2011), «now» aditzondoa ezabatu da, eta hurrengo bertsoan txertatu. Era berean, aldaketa gramatikal bat ikus daiteke aditz-forman (indikatiboko orainalditik partizipiora). 37. bertsoan, «now» aditzondoaren transferentzia interbertsala ikus daiteke, aurreko bertsoan agertzen baitzen aditzondoa. Gainera, transposizioa darabil Letek, aditz bat («lead») izen («gidatzaile») bihurtuz. Azkenik, «to the river» preposizio-osagarria kendu du, eta hurrengo bertsoan txertatu. 38. bertsoaren berezitasuna da, hain zuzen ere, aurreko bertsoan ezabatu den informazioaren transferentzia interbertsala, jatorrizko bertsoaren eduki semantikoa erabat ezabatu baita. Antzeko fenomeno bat gertatzen da 39. bertsoan, ingelesezko testuaren karga semantikoa ez baita islatzen euskarazko itzulpenetan. Hala ere, «wearing rags» terminoaren transferentzia interbertsala agertzen da, jatorriz aurreko bertsoari dagokiona. Itzulpen hori bariaziotzat har daiteke, «wearing rags» «arlote» bilakatzen baita.

Dirudienez, 36.-39. bertsoetako itzulpen-fenomenoek jatorrizko konposizioaren erritmoa berdintzeko nahiari erantzuten diote. Horrela, aldaketak eta ezabapenak erabiliz, bere itzulpenaren 37. zein 39. bertsoen eta jatorrizko bertsoen silaba kopuruak bat etortzea lortzen du Letek. Gainerako bi bertsoen kasuan (36.a eta 38.a), erritmoa jatorrizko testuarekin bat ez badator ere, aldaketak oso txikiak dira (silaba bat edo bi).

4. taula.png
4. taula. Xabier Leteren «Suzanne» abestiaren itzulpen fenomenoak (II).

Halaber, aipagarria da erregistratutako ezabapenen ehuneko handi bat murrizketa partziala itzulpen-fenomenoaren kategorian sartzen dela. 4. taulan jasotakoaren antzera, badirudi azpikategoria horretako fenomenoek, berriz ere, testu musikatuen itzulpenari dagozkion silaba- zenbaketaren mugei erantzuten dietela. Ikus daitekeenez, jatorrizko 52. bertsoa, «For she’s touched your perfect body», «Gorputza ukitu baitu» itzuli da. «Your» edutezko adjektiboa eta «perfect» adjektibo kalifikatzailea ezabatzearen ondorioz, itzulitako bertsioak eta Cohenen jatorrizko bertsioak antzeko silaba kopurua dute (7 silaba itzulpenak eta 8 jatorrizko bertsioak); hori lortzea zailagoa izango zatekeen itzulpenak karga semantiko osoa mantendu izan balu. Antzeko fenomenoa gertatzen da 53. bertsoaren itzulpenean; «her» edutezko adjektiboa ezabatuz, eta «mind» «izpiritu» bihurtuz, Letek jatorrizko testuak eta itzulpenak antzeko silaba kopurua izatea lortzen du (4 silaba itzulpenak eta 3 jatorrizko bertsoak).

Xabier Leteren «Bird on the wire» abestiaren itzulpena

Berriz ere, «Bird on the Wire» kantaren itzulpenen alderaketak islatzen du bi testuak berdinak direla. Halaber, abestiaren itzulpenari dagokionez, euskarazko itzulpenaren azterketa deskribatzaile- konparatiboak agerian uzten du itzulpen-fenomeno hauek baliatu direla gehien: baliokidetasun- eza (% 34,8), aldaketak eta ezabapenak (% 26,1 bakoitza), eta, azkenik, gehikuntzak (% 13).

8. grafikoa.jpg
8. grafikoa. Xabier Leteren «Bird on the Wire (Txoriak kaiolan)» abestiko itzulpen-kategorien maiztasuna.

Horrela, xede-testu hauek Leonard Cohen_ESP (1972-2019) katalogoko beste testu musikatu batzuen antzekoak dira; izan ere, azterketa deskribatzaile-konparatiboak agerian uzten du jatorrizko konposizioaren melodia eta, hortaz, erritmoa, zentzuari gailendu zaiola.

5. taula.png
5. taula. Xabier Leteren «Bird on the wire (Txoriak kaiolan)» abestiko itzulpen-fenomenoak (I).

5. taulako 7.-10. eta 17.-20. bertsoek osatzen dituzte B atalaren9 funtzioa betetzen duten lehenengo eta bigarren bertso-multzoak. Jatorrizko bertsioan, atal horietako bakoitzeko bertsoak aldatzen dira, eta fenomeno hori ez dator bat atal mota horien forma arketipikoarekin.10 Hala ere, Leteren itzulpena jatorrizko konposiziotik urrun dago, errepikapena baitarabil berak, hau da, musika-genero horren baliabide bereizgarri bat. Hori dela eta, Letek, lehenengo B atala osatzen duten lau bertsoak leloaren testu-kargatzat erabiltzea erabaki, eta gainerako ataletan errepikatzen ditu. Horiek dira, hain zuzen, itzultzailearen lizentzia artistikoen11 adibide.

Bertso horiei esker, «Bird on the wire (Txoriak kaiolan)» (Lete, 2006; Egia, 2011) lanean, beste itzulpen-fenomeno batzuk hauteman ditzakegu. 8. bertsoaren itzulpenean, ikus daiteke «just» aditzondoa kendu, eta «oraindik» aditzondoa gehitu duela. Era berean, Letek birritan aldatu du jatorrizko bertsoa, bariazioen bidez: alde batetik, «I hope that» «nahiko nuke» bihurtuz eta bestetik, «let go by» «ahaztu» itzuliz. Azkenik, 10. bertsoaren itzulpena baliokidetasun- eztzat har daiteke, jatorrizkoaren kontrakoa adierazten baitu: ingelesezko abestian zehazten denaren arabera, inoiz ez zaio desleial izan bertsoa eskainitako pertsonari, eta «Bird on the Wire (Txoriak kaiolan)» (Lete, 2006; Egia, 2011) bertsioan, berriz, «zurekin leial nahi izan nuen» itzuli da, leial izateko borondatea baina, aldi berean, ezintasuna adieraziz. Beste behin ere, badirudi jatorrizko konposizioaren murrizketa erritmikoek eragina izan dutela itzulpen- erabakietan, bertso guztiek ingelesezko bertsioaren silaba kopuru bera baitute.

6. taula.png
6. taula. Xabier Leteren «Bird on the wire (Txoriak kaiolan)» abestiaren itzulpen-fenomenoak (II).

Hala ere, «Bird on the wire (Txoriak kaiolan)» (Lete, 2006; Egia, 2011) lanaren 11. eta 12. bertsoen itzulpenak agerian uzten du, hizkuntza-edukiari dagokionez, transferentzia interbertsalak egin direla jatorrizkoarekin alderatuz. Baliabide hori behin eta berriz erabili ohi da musika-itzulpenetan, argitalpen inprimatuen bidez zabaldutakoetan ez bezala. Gainera, Leteren itzulpeneko 11. bertsoan (zeina jatorrizkoaren 12. bertsoarekin bat baitator) murrizketa partzial bat ikusten da «with his horn» ezabatzean. Era berean, «urduri» hitza gehitu da. Bestalde, 12. bertsoan (zeina ingelesezko 11. bertsoarekin bat baitator), izena numeroz aldatu da, «baby» hitza «haurrak» itzulita. Horrez gain, «stillborn»en itzulpena ez da ageri xede-testuan, eta, horren ordez, haurrak «beldurrez» daudela deskribatzen da, zeina berriz ere lizentzia artistikotzat har bailiteke.

Itzulitako bertsoen erritmoa jatorrizko bertsioaren erritmoarekin bat ez badator ere, silaba- zenbaketan ikusten diren aldaketa txikiek adierazten dute, beste behin, 11. eta 12. bertsoetan ikusten diren itzulpen-fenomenoek jatorrizko konposizioaren erritmoa lortzeko nahiari erantzuten diotela.

Ondorioak

Lehenik eta behin, Espainiako herri-kulturak Leonard Cohenen musika-ekoizpenari egin dion harrera itzulpengintzak markatu du hasiera-hasieratik, eta Kanadako poeta eta musikariaren lana jasotzeko bide iraunkorrenetako bat izan da. Itzulpenik gabe, poetak ez zuen ahots propiorik lortuko Lorcaren obran, eta ahots hori bestelakoa izango zatekeen gitarra flamenkorik gabe. Cohenen lana Espainiako musika-kulturan integratzea ez zatekeen posible izango katalanezko, espainierazko, euskarazko eta galizierazko bertsioengatik ez balitz, eta gauza bera esan liteke poetaren eta Espainiako kulturaren arteko uztarketa bereziaz ere. Espainiako kultura Cohenen alfa eta omega izan da. Haren omenezko kontzertu zein diskoek, haren obran oinarritutako bertsioak sortu zituzten musikarien ekarpenekin batera, kantari kanadarrari gorazarre egiteko balio izan zuten. 2011n Letretako Asturiasko Printzea saria jaso izanak ekarri zuen esker ona beste froga bat izan zen Cohenen ahotsa eta gitarra etxera aspaldi iritsi zirela adierazteko.

Gainera, TRALIMA/ITZULIK ikerketa-taldeak garatutako metodologian oinarrituta lan egitea tresna erabakigarria izan da Leonard Cohenen lan itzuliek Espainiako herri-kulturan duten presentzia deskribatu ahal izateko. Halaber, Leonard Cohen_ESP (1972-2019) katalogoa osatu eta aztertu ondoren, zera ondorioztatu ahal izan da: argitalpen inprimatua da hedabide ohikoena, eta gaztelania, berriz, usadio handieneko xede-hizkuntza.

Gure kasuan, Leonard Cohenen musika-lanaren euskarazko itzulpenei dagokienez, Leonard Cohen_ESP (1972-2019) katalogotik hainbat ondorio atera ahal izan dira. Lehenik eta behin, euskara maiztasun txikieneko xede-hizkuntzetako bat da (9 itzulpen), eta galizierazko itzulpen- kopurua (7) baino ez du gainditzen. Bestalde, bildutako bederatzi itzulpenak bi hedabideren bidez bakarrik zabaldu dira: argitalpen inprimatu gisa (8) eta testu musikatu gisa (1).

Azkenik, argitalpen inprimatuen bidez hedatutako itzulpenen artean ohikoa ez den usadio bat azaleratu du Xabier Leteren itzulpenen azterketa deskriptibo-konparatiboak. Izan ere, badirudi jatorrizko konposizioen erritmoari eusteko erabakiari erantzuten diola «Suzanne» (Lete, 2006; Egia, 2011) eta «Bird on the wire (Txoriak kaiolan)» (Lete, 2006; Egia, 2011) lanetako silaben bateragarritasun-maila handiak. Itzultzailearen erabaki kontziente horren ondorioz, testu musikatu gisa zabaldutako lanen itzulpen-teknika bereizgarri asko baliatzen dira (aldaketak, ezabapenak eta baliokidetasun-ezak), denak ere ezohikoak argitalpen inprimatuetako itzulpenetan.

Bibliografia eta diskografia

Anonimoa (1980). «The stranger song», Oh! Euzkadi 4.

Arana, Aitor (1985). «Adizu, hau ez da agur esateko era», Hotsizki 1.

Asturiasko printzesa fundazioa (2011). «Leonard Cohen. Premio Príncipe de Asturias de las Letras 2011: Acta del jurado», Premio Príncipe de Asturias de las Letras 2011.

Cohen, Leonard (1967). Songs of Leonard Cohen [CD], New York: Columbia Records.

——— (1969). Songs from a Room [CD], New York: Columbia Records.

——— (1971). Songs of Love and Hate [CD], New York: Columbia Records.

——— (1973). Live Songs [CD], New York: Columbia Records.

——— (1974). New Skin for the Old Ceremony [CD], New York: Columbia Records.

——— (1977). Death of a Ladies’ Man [CD], New York: Columbia Records.

——— (1979). Recent Songs [CD], New York: Columbia Records.

——— (1984). Various positions [CD], New York: Columbia Records.

——— (1988). I’m your Man [CD], New York: Columbia Records.

——— (1992). The Future [CD], New York: Columbia Records.

——— (2001). Ten New Songs [CD], New York: Columbia Records.

——— (2004). Dear Heather [CD], New York: Columbia Records.

——— (2011). «Leonard Cohen. Premio Príncipe de Asturias de las Letras 2011: Discurso», Fundación Princesa de Asturias.

——— (2012). Old Ideas [CD], New York: Columbia Records.

——— (2014). Popular Problems [CD], New York: Columbia Records.

——— (2016). You Want it Darker [CD], New York: Columbia Records.

——— (2019). Thanks for the Dance [CD], New York: Columbia Records.

Confesiones de margot (2005). Disparen a Cohen [CD], Zaragoza: Discos en tu ausencia.

Egia, Gotzon (2011). «Xabier Lete, itzultzaile», Senez 41.

Jimenez, Irati (2011). «Abestien dorrea», Nabarra 121.

——— (2011). «Hallelujah», Nabarra 121.

Latham, Alison (2008). Diccionario enciclopédico de la música, Mexiko Hiria: Fondo de Cultura Económica de México.

Lete, Xabier (1968). Egunetik egunera orduen gurpilean, Bilbo: Cinsa.

——— (2006). Abestitzak eta poema kantatuak, Donostia: Elkarlanean.

Manzano, Alberto, McCormick, Kevin eta Mas, Javier (2007). Acordes con Leonard Cohen/According to Leonard Cohen [CD eta DVD], Bartzelona: DiscMedi.

Manzano, Alberto (2010). Leonard Cohen en España, Bartzelona: Quarentena Ediciones.

——— (2012). Leonard Cohen: Lorca, el flamenco y el judío errante, Bartzelona: Alfabia.

Manzano, Alberto, Merino álvarez, Raquel eta Ros-abaurrea, Alejandro (2019). Charla-coloquio con Alberto Manzano. Leonard Cohen en la cultura popular traducida al español: la tradución de canciones y poemas.

Martin-etxebeste, Jon (2020). «La influencia de la oralidad en las canciones de Xabier Lete», RILCE: Revista de filología hispánica 36-4, Iruñea: Nafarroako Unibertsitatea, 1.457.-1.476. or.

Merino álvarez, Raquel (2017). «Traducción y censura: investigaciones sobre la cultura traducida inglés-español (1938-1985)», Represura : revista de historia contemporánea española en torno a la represión y la censura aplicadas al libro 2, Madril: Alcaláko Unibertsitatea, 139.-163. or.

Molina, Lucía eta Hurtado, Amparo (2002). «Translation Techniques Revisited: A Dynamic and Functionalist Approach», Meta 47-4, Montréal: Les Presses de l’Université de Montréal, 498.-512. or.

Nida, Eugene A. (1964). Toward a Science of Translating with Special Reference to Principles and Procedures Involved in Bible Translating, Leiden: E.J.Brill.

Ortiz pérez de ayala, Teresa eta Mediodía martín, Ruth (ek.) (2020). «Canciones desde la azotea: Leonard Cohen» [dokumentala], Movistar+.

Oviedoko unibertsitatea (2020). Flamencohen.

Pajares-infante, Eterio (2010). «De los métodos de evaluación de obras literarias: El método de valoración negativa», Lengua, traducción, recepción, en honor de Julio César Santoyo, Leon: Universidad de León, 497.-519. or.

Romero, Constantino (1974). «Leonard Cohen: palabras y silencios», Vibraciones 2.

Tébar, Eduardo (2010). «Lorca y Cohen: la conexión granadina», EFE EME, Diario de actualidad musical.

Toury, Gideon (2014). Los Estudios Descriptivos de Traducción y más allá. Metodología de la investigación en Estudios de Traducción [itzul. Rosa Rabadán eta Raquel Merino Álvarez], Madril: Cátedra.


1. 1980. urtean lehen aldiz topatu zirenean, Cohenek eta Manzanok bide eman zioten 2016an poeta kanadarra hil arte iraun zuen adiskidetasunari. Denboraren poderioz, Cohenek berak erabaki zuen Manzanok soilik izango zuela bere obra espainierara itzultzeko «eskubide zein bikaintasun-bermea» (Manzano, Merino-Álvarez eta Ros-Abaurrea, 2019).

2. Sant Feliu de Guixols, Jimena de la Frontera, Lorca eta Santa Cruz de Tenerife (Manzano, 2010).

3. Leonard Cohen_ESP (1972-2019) katalogoak euskarri fisikoen bidez hedaturiko itzulpenak biltzen ditu soilik.

4. TRALIMA/ITZULIK ikerketa-taldeak Espainiako itzulpenen historia berreraikitzean oinarritutako ikerketak egin ditu. XX. eta XXI. mendeetan ikus-entzunezko komunikabideetan zein inprimatutako lanetan zabaldutako kulturaren kartografia egiteko amankomuneko oinarri teorikoa (itzulpengintzako ikasketa deskriptiboak, hain zuzen ere) duen protokolo metodologikoari jarraitzen zaio (Toury, 2004). Itzulpen- katalogoen bilketatik abiatuta (genero, aro edo hizkuntza-konbinazioaren arabera), bildutako informazioa aztertzen da, eta, horri esker, informatizatutako corpusak lerrokatzeko eta tratatzeko tresnen bidez aztertzen diren testu-corpus esanguratsuak ezarri eta aukeratu daitezke (Merino-Álvarez, 2017).

5. Songs of Leonard Cohen (Cohen, 1967); Songs from a Room (Cohen, 1969); Songs of Love and Hate (Cohen, 1971); New Skin for the Old Ceremony (Cohen, 1974); Death of a Ladies’ Man (Cohen, 1977); Recent Songs (Cohen, 1979); Various Positions (Cohen, 1984); I’m Your Man (Cohen, 1988); The Future (Cohen, 1992); Ten New Songs (Cohen, 2001); Dear Heather (Cohen, 2004); Old Ideas (Cohen, 2012); Popular Problems (Cohen, 2014); You Want It Darker (Cohen, 2016) eta Thanks for the Dance (Cohen, 2019).

6. Adibidez, «Priests», «Do I have to dance all night» edo «Storeroom».

7. Azpimarratzekoa da, ustezko itzulpena kontzeptuarekin lan egin dela kontuan hartuta, Espainiako artisten itzulpen musikatu potentzial guztiak barne hartzen dituela katalogoak, nahiz eta, azkenean, haietako batzuek jatorrizko letrak darabiltzaten. Testu musikatu horiek xede-testuen azterketan deskribatu edota alderatzen ez diren arren, garrantzitsua da gure musika-kulturan duten agerpena biltzea, Cohenek artista zein musikari espainiarrengan izan duen influentzia- sarearen berri ematen baitute.

8. Leonard Cohen_ESP (1972-2019) katalogoa osatzen duten itzulpen guztien analisiari esker, frogatu ahal izan da argitalpen inprimatu gisa hedatutako itzulpenek jatorrizko kantaren zentzua lehenesten dutela; ondorioz, ez dute kontuan hartzen melodiaren erritmoa edota silaba kopurua.

9. B atala: abestiaren leloa.

10. Lathamek (2008: 1259) honela definitzen du B atala edo leloa: «Poesian sortutako terminoa, testuko esaldi errepikakor bati dagokiona eta musikan hainbat eratan aplika daitekeena: kantan errepikatzen den testua biltzen duen atal bati egiten dio erreferentzia, eta, normalki haren musika errepikatzen da».

11. Baliokidetasun-eza kategorian biltzen den itzulpen-teknika.