Perla bila: hizkuntza baztertzailea Elhuyar Hiztegian
Eneko Sagarzazu Martinez

Elhuyar Hiztegia euskarazko hizkuntza-baliabide kontsultatuenen artean dago (6 milioi bisita baino gehiago izan zituen 2022an). Lan honetan, Elhuyar Hiztegiko edukia aztertu, eta hizkuntza baztertzailearen zantzuak detektatu dira. Hizkuntza baztertzailea ulertzen dugu edozein motatako diskriminazioa (generoa, sexu-orientazioa, arraza, desgaitasuna…) adierazten duen hizkuntza moduan. Azken urteotan, hizkuntza ez-sexista eta inklusiboa erabiltzeko kontzientzia asko zabaldu da gizartean, eta, hiztegiak unean uneko hizkuntzaren isla direnez, gai honen inguruko lanketa egiteko beharra sortu da. Elhuyar Hiztegiaren lehen edizioa 1996an argitaratu zen, eta, orduz geroztik milaka sarrera gehitu eta eguneratu badira ere, denboraren poderioz tinko eutsi dioten perlak aurki ditzakegu.

Sarrera

Hizkuntza ez-sexista eta inklusiboa erabiltzea pil-pilean dago. Gaiaren gaineko kontzientzia asko zabaldu da gizartean azken urteotan, eta, ondorioz, hiztunok hizkuntzaren erabilerari buruz hausnartzen ari gara une oro. Euskarak genero gramatikalik ez izatea aitzakia izan da askotan arazoa alfonbraren azpira erraztatzeko. Eta egia da euskarak ez diela aurre egin behar inguruko hizkuntzetan dituzten erronka batzuei (bikoizketak direlakoak; esaterako, bi generoetako aukerak ematea, maskulino orokorra erabili ordez). Alta, euskarak baditu berezko erronkak, generoa beste modu batzuetan markatzen delako: adizki alokutiboen (hitanoa) eta generoa duten izenen bidez (pertxenta edo matraka), adibidez. Are gehiago: ekoizpen linguistikoaren egokitasuna aztertzeko, ez da nahikoa hitzei begiratzea; erabilerari ere erreparatu behar diogu.

Lan honen abiapuntua ez da izan Elhuyar Hiztegian hizkuntza ez-sexista eta inklusiboa txertatzea, bertan aurkitu dugun hizkuntza baztertzailea moldatzea baizik. Hizkuntza baztertzailea edozein motatako diskriminazioa (generoa, arraza, desgaitasuna, sexu-orientazioa…) adierazten duen hizkuntza moduan ulertu dugu. Elhuyar Hiztegia den itsaso zabalean, denboraren poderioz tinko iraun duten perlen bila aritu gara, hiztegi berdinzaleago bat lortzeko.

Aipatuko ditugun gai gehienak hiztegian landuta daude jada, baina aldaketa guztiak ez daude online bertsioan ikusgai. Beste batzuek, aldiz, etengabeko arreta eskatuko dute, aurrerantzean hiztegiratuko diren sarrera eta adibideetan ere aintzat hartu beharrekoak baitira.1

Aurrekariak

Badira hamabost urte hizkuntza baztertzailearen gaia lantzen ari garela Elhuyarren. Garai hartan, sexismoa nabarmentzen hasia zen jada hizkuntzan: Amelia Barquínek Emakunderentzat osatutako Euskararen erabilera ez sexista gidaliburua argitaratu zuen 2008an, eta, lau urte lehenago, Forgasek De mujeres y diccionarios: evolución de lo femenino en la 22.ª edición del “DRAE” (2004). Bi txosten horiek eragin sakona izan zuten Elhuyarren jardunean, eta, biok oinarri hartuta, zenbait ekimen atera ziren aurrera.

Haietan lehena Genero Zuzentzailea da, 2010ean Emakunderekin elkarlanean landua eta Microsoft Worden osagarri modura instala zitekeena. Barquínen lanean oinarrituta, hizkuntza baztertzailea detektatu eta aukera egokienak eskaintzen zituen Genero Zuzentzaileak. Programaren bigarren bertsioa ere argitaratu zen, 2017an.

Horrez gain, Emakunderen eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesarekin, Feminismoa eta Berdintasuna hiztegiaren garapena zuzendu zuen Elhuyarrek, 2020an. Edukiak lantzeko, Euskal Herri osoko emakume adituz osatutako talde zabal bat bildu zen, eta Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordeak ere parte hartu zuen. Sailburuordetzak paperean argitaratu zuen, eta Euskalterm Euskal Terminologia Banku Publikoan ere integratuta dago.

Elhuyarren euskara-gaztelania hiztegiaren lehen edizioa 1996an argitaratu zen, eta gaur egunera arte beste hiru edizio argitaratu dira: 2000koa, 2006koa eta 2013koa. Lehen edizioaren garaian, hiztegiaren edizio bakoitza eguneratu egiten zen, eta hurrengo edizioa argitaratu arte dena berrikusteko denbora izaten zen. Baina, 1999. urtean, hiztegia Interneten eskuragarri jarri zenetik, Elhuyarren hiztegigintza goitik behera aldatu zen, eta, orain, lexikografia modernoaren erritmo frenetikoak ez du aukerarik ematen atzera begiratzeko. Online dagoenetik, milaka sarrera gehitu dira, baina zaila izaten da denbora eta baliabideak izatea dagoena eguneratzeko. Horregatik, 1996an sortutako sarrera batzuk, perlak balira bezala, nakar-geruzak eratzen aritu dira ia 30 urtez.

Testuinguru horretan, Elhuyar Hiztegian argi ikusi zen landu beharreko gaia zela; izan ere, gizartea eta hiztunon kontzientzia aldatuz doazen neurrian, hiztegiak ere islatu behar ditu aldaketa horiek. Nolanahi ere, hiztegien egitekoa ez da gustuko ez ditugun hitzak eta erabilerak ezkutatzea, baizik eta hizkuntzaren errealitate garaikidea deskribatzea. Horregatik, hizkuntza baztertzaileak ere badu bere lekua hiztegian, eta izango du, handik ezabatzeak ez baitu ekarriko ez hitza hiztunen ahotik desagertzea, ez gizartea berdinzaleagoa izatea. Hiztegia kontsultarako baliabide bat den heinean, hizkuntza baztertzailearen berri ere eman behar dio erabiltzaileari, betiere behar bezala markatuta, aurrerago azalduko dugun moduan.

Metodologia

Lan hau egiteko erabili dugun metodologia hiru zatitan banatuta dago. Lehenik, ahalik eta modu sistematikoenean jarduteko, lau arlo nagusitan banatu dugu lana, eta, atal bakoitzean, hizkuntza baztertzailea detektatzeko irizpideak ezarri ditugu. Ondoren, glosario tematiko bana osatu dugu arlo bakoitzerako, baztertzaileak izan daitezkeen hitzak jasotzen dituena; hala, errazago detekta daiteke adibideetan erabilitako hizkuntza baztertzailea. Azkenik, detektatutako hizkuntza baztertzaile hori lantzeko irizpide nagusiak zehaztu ditugu arlo bakoitzerako.

Beste alde batetik, generoari buruz hitz egitean, sexu-/genero-sistema binarioa hartu dugu kontuan batez ere, orain arteko hiztegian ez baita beste ikuspunturik izan.

Sexismoa eta androzentrismoa

Hauxe izan da gai mamitsuena, eta lan gehien eskatu duena. Gai honetako irizpideak ezartzeko, batez ere EHUren Euskararen erabilera inklusiboa (2018) eta Barquínen Euskararen erabilera ez sexista (2008) azterlanetan oinarritu da gure lana. Nahiz eta azken hori 2008koa izan, pentsatzen dugu lanik osatuena izaten jarraitzen duela. Sarreretan, erabilera-markak erantsi ditugu hala zegokien kasuetan. Adibideetan, berriz, desegokiak moldatu egin ditugu, edo kendu, eta berriak gehitu.

Honako gai hauek jarri nahi izan ditugu erdigunean:

  • Familia-loturak: emakumezkoz eta gizonezkoez osatutako ohiko ahaidetasun-bikoteak detektatu eta berrikusi behar dira; izan ere, zenbait kasutan, maskulinoari zegokiona bakarrik zen hiztegi-sarrera (adibidez, aitontasun bazegoen, baina horren baliokide femeninoa falta zen, amontasun).
  • Erabilera asimetrikoa: bi generoak adierazteko baliokidetzat hartzen diren hitz-bikote batzuek ez dute esanahi bera maskulinoan eta femeninoan. Oro har, emakumeei dagozkienek «esanahi mugatuagoa edo konnotazio peioratiboagoak dauzkate» (Barquín, 2008). Esaterako, bulartsu, gizonezkoen kasuan, «ausarta» esanahiarekin erabili ohi da, eta, emakumeen kasuan, «bular handiak dituena» izendatzeko.
  • Estereotipoak: gizonen eta emakumeen irudi ahalik eta orekatuena eta estereotiporik gabekoa erakutsi behar dute hiztegiko adibideek; hortaz, saihestekoak dira emakumeak ahul/biktima/sexu-objektu/ama sakrifikatu gisa irudikatzen dituzten adibideak, baita gizonak indartsu/andrekoi/garaile/heroi gisa irudikatzen dituztenak ere.
  • Lanbideak: tradizioz gizonezkoek/emakumezkoek bete izan dituzten ogibideak berrikusi ditugu (gizonak: mekanikariak, enpresariak, zirujauak…; emakumeak: idazkariak, garbitzaileak, zaintzaileak…), eta, posible den kasuetan, oreka bat bilatzen saiatu. Gainera, gaztelaniaren kasuan, badira emakumea senarraren lanbidea aintzat hartuta izendatzen duten hiztegi-sarrerak; adibidez, regenta dugu regentearen emaztea adierazteko.

LGTBIfobia

LGTBIQ+ kolektiboko pertsonenganako gaitzespena, mespretxua eta jarrera diskriminatzaileak ere aztertu ditugu. Batetik, zenbait sarreratan erabilerari buruzko oharrak gehitzeko beharra ikusi dugu; bestetik, aproposa iruditu zaigu nazioartean erabiltzen diren zenbait maileguzko hitz gehitzea (queer). Irizpideak eratzeko, sexismoan erabili ditugun baliabide berak erabili ditugu, askotan sexismoa eta LGTBIfobia batera lantzen direlako. Iturri horiez gain, La primavera rosa: identidad cultural y derechos humanos LGBTI en el mundo (2018) erabili dugu, hainbat hiztegitako LGTBIQ+ lexikoaren tratamenduari buruz hitz egiten baitu. Horiek horrela, puntu hauetan jarri dugu fokua:

  • Bikote eta familiei dagokienez, ez dago irudikapen-eredu bakar edo idealik. Badira bi ama edo bi aitako familiak, guraso bakarrekoak, eta abar.
  • Sexu- eta genero-identitate jakin batzuei lotutako estereotipo eta karakterizazio diskriminatzaileak ez jasotzen saiatu behar dugu (adibidez, identitate bat promiskuitatearekin edo ilegaltasunarekin lotzea); horrekin batera, transfobia eta homofobia islatzen eta sustatzen duten adibide eta esamoldeak saihestu behar ditugu.

Arrazakeria eta migrazioa

Arrazakeriaren eta migrazioaren inguruan, zantzu xenofoboa izan dezaketen hitzak detektatu ditugu, eta dagokien kasuetan gaitzespen hori adierazten duten markak gehitu. Halakoak topatzeko, beste hizkuntza batzuetako lanei erreparatu diegu, hala nola Survival International gobernuz kanpoko erakundearen glosarioa. Bestalde, Berriaren estilo-liburuan migrazioari buruz aurkitu ditugun irizpide hauek ere aintzat hartu ditugu:

  • Migratzaileek ez dute talde homogeneorik osatzen; hortaz, orokortzerik ez.
  • Migrazio, migratzaile eta migratu hitzak erabiltzea gomendatzen da.
  • Hizkera xenofoboa saihestuko dugu.

Kapazitismoa

Kapazitismo hitzak desgaitasuna duten pertsonen aurkako diskriminazioa esan nahi du (ingelesezko ableism hitzaren bide beretik eratu da). 2019an, NBEk estrategia bat garatu zuen, desgaitasuna duten pertsonek jasaten dituzten trabak ikusarazi eta haien gizarteratzea errazteko helburuarekin: Disability-Inclusive Language Guidelines (2019). Gida horretan, besteak beste, komunikazioaren eta hizkuntzaren garrantzia aipatzen da. Esan beharra dago txosten bera hizkuntza askotara moldatu dela, eta, segur aski, hasieran ingeleserako diseinatuko zela. Horregatik, ez da guztiz moldatzen euskararen beharretara; hala ere, hango edukietan oinarrituta, guk zeregin hauetan jarri dugu indarra:

  • Etiketak eta estereotipoak saihestu: desgaitasunak bizitzaren eta giza aniztasunaren parte dira; hortaz, alde batera utziko ditugu tonu dramatiko edo sentsazionalistak. Desgaitasuna duten pertsonen lorpenak ez ditugu ezohiko gertaera gisa goraipatu behar.
  • Adibideetan, eufemismo gutxiesgarriak eta esamolde kapazitistak saihestuko ditugu, hala nola dibertsitate funtzionala, gorrarena egin, dar palos de ciego

Aldaketak

Aldaketak sarreretan

Hiztegi-sarrerei dagokienez, lehenik eta behin, erabilera zein den aztertu dugu, eta hizkuntza inklusiboaren ikuspegitik onargarriak ez diren hitz, esanahi eta esamoldeei oharrak edo erabilera-markak erantsi dizkiegu. Esan beharra dugu sarreretan aldaketa egiteko momentuan ez dagoela subjektibotasuna saihesterik. Hala ere, guk proposatutako aldaketek Elhuyarreko hiztegigintza taldearen oniritzia jaso dute. Taula honetan, aldez aurretik aipatutako irizpideetan oinarrituta euskarazko eta gaztelaniazko ataletan erantsi ditugun erabilera-markak bildu ditugu:

Taula_marka semantikoak
1. taula. Marka semantikoak.

Aipatzeko moduko adibidea iruditzen zaigu etxekoandreka azpisarreraren kasua, adibidez. Ez da horren ohikoa izaten hiztegian definizioak aurkitzea, baina, kasu honetan, definizioa aldatzea proposatu genuen, irudietan ikusten den moduan.

etxekoandreka.png
1. irudia. 'Etxekoandreka' azpisarrera Elhuyar Hiztegian.

etxekoandreka aldatua.png

Era berean, gizonei eta emakumeei dagozkien hiztegi-sarreren arteko simetriarekin jokatu nahian, oraintsu arte genero bakarrarekin erabiltzen ziren, eta hedapena izan duten sarrerak eta adierak gehitu ditugu. Adibidez, plazagizon sarreraren pareko femeninoa ez zen sarrera euskarazko hiztegietan; gizartearen bilakaerarekin batera, corpusetan ere hitzaren femeninozko agerpenak ugaritu dira, eta plazandre sarrera berria sortu dugu hiztegian:

Plazandre.PNG
2. irudia. 'Plazandre' sarrera Elhuyar Hiztegian.

Aldaketak adibideetan

Adibideetan ere argi agertzen zaizkigu aipatutako irizpideak betetzen dituzten hamaika kasu. Alde batetik, gaur egun desegokiak edo zalantzazkoak izan daitezkeen adibideak moldatzen aritu gara. Halakoak ordezteko momentuan, hiztegirako adibideak euskarazko corpusetatik erauzi eta hautatu dira, eta, hortaz, gizartearen unean uneko hizkuntzaren erabileraren isla dira. Batez ere, sarreraren esanahiarekin zerikusirik ez duten adibide desegokiak aldatu ditugu. Adibidez, itsaski:

itsaski.png
3. irudia. 'Itsaski' sarrera Elhuyar Hiztegian.

itsaski aldatua.png

Bestetik, emakumezkoen ikusgarritasuna neurtzen saiatu gara. Gure hipotesia zera zen: hiztegiko adibideetan maskulinoaren erabilera zabalagoa da, eta, hori baieztatzeko, azterketa bat egin genuen. Horretarako, gizonei erreferentzia egiten dieten hitzak hautatu, eta haien baliokide femeninoekin alderatu genituen. Euskararen kasuan, bien arteko aldea ez da oso agerikoa; halere, gizonezkoen presentzia (% 54) emakumezkoena (% 46) baino handiagoa da. Gaztelaniazko adibideetan, aldiz, nabarmenagoa da aldea; gizonezkoei erreferentzia egiten dieten adibideak % 65 dira, eta emakumeei dagozkienak, % 35. Esan beharra dago datuetan maskulino pluralak kendu ditugula, erabilera generiko moduan hartu ditugulako (ez dugu padres kontuan hartu bientzat erabil daitekeelako, adibidez). Eta, hala ere, emakumeari erreferentzia egiten diotenak gutxiagotan agertzen dira.

generoaren erabilera euskaraz.PNG
4. irudia. Generoaren erabilera euskaraz.

generoaren erabilera gaztelaniaz.PNG
5. irudia. Generoaren erabilera gaztelaniaz.

Hitanoaren kasuan ere, tokaren eta nokaren arteko desoreka dago. Aldaketak egiteko, desoreka hori kontuan hartu dugu, eta gizonen adibideak emakumeenekin ordeztu ditugu. Estrategia horren bidez, jokabide, jarrera eta egiturek eragiten dituzten desabantaila-egoerak orekatu nahi izan ditugu. Gizonek eta emakumeek normalean betetzen ez dituzten roletan jartzean, rol berriak sortzea bilatzen dugu. Egia esan, desoreka handiagoa espero genuen erabileran; sorpresa ona izan da.

6. irudia. Hitanoaren erabilera generoaren arabera.

  • Gizon/hombre hitzaren erabilera espezifikoa

Tradizioan eta literatura idatzian, gizon eta hombre hitzak erabili izan dira gizonak bakarrik izendatzeko (erabilera espezifikoa) eta baita gizonak eta emakumeak izendatzeko ere (erabilera generikoa). Hiztegiko adibideei dagokienez, gizon hitza erabilera espezifikora mugatzea erabaki genuen Elhuyarren; hortaz, hitz horren agerpen guztiak errepasatu, eta erabilera generikoak moldatu ditugu.

  • Estereotipoak

Estereotipoei dagokienez, aztertu nahi izan dugu nola islatzen diren hiztegiko adibideetan emakumezkoei eta gizonezkoei tradizioz egotzitako rolak. Adibide askoren arabera, emakumea biktima, otzana eta esanekoa da; gizona, berriz, ausarta, oldarkorra eta mozkorra. Gizonen adibideek maiztasun handia izan duten arren, emakumeen estereotipoak askoz gehiagotan aurkitu ditugu, bikoitza baino gehiagotan. Esaterako, lisatu sarreran:

 

Lisatu.png
7. irudia. 'Lisatu' sarrera Elhuyar Hiztegian.
Lisatu aldatua.png

  • LGTBIfobia, arrazakeria eta migrazioa

LGTBIfobiari, arrazakeriari eta migrazioari lotutako kasuak ez ziren oso ugariak adibideetan. Halere, desegokiak iruditu zaizkigun adibide batzuk aldatu ditugu. Adibidez, negro sarreran, bi aldiz agertzen zen pertsona beltzak musikari onak direla; estereotipo aski ezagun bat. 

Negro.png
8. irudia. 'Negro' sarrera Elhuyar Hiztegian.

  • Kapazitismoa

Beste gaiak baino errotuago dago desgaitasuna gure gizartean, edo behintzat hori interpreta daiteke aurkitu dugun adibide-kopuruaren arabera. Zaila egin zaigu aldaketak egiteko nahikoa arrazoi topatzea, izendapenak behin bakarrik agertzen direlako gehienetan, eta sarreran bertan izaten dira. NBEk ematen dizkigun irizpideetan esaten digute pertsona beti aurretik jarri behar dugula (desgaitasuna duen pertsona, esaterako), baina horrek markaren bat eskatzen al digu desgaitasunak deskribatzeko dauden sarrera guztietan? Azkenean, irizpidea bera ere eztabaidagarria denez, gai hau ez dugu gehiago jorratu.

Arlo guztien artean, denetara, 400 aldaketa inguru izan dira, eta gehienak ikusgai daude online bertsioan ere.

Ondorioak

Orain dela 6 hilabete egin genuen lehen lanaren entrega, eta beste ikuspuntu batetik ikus dezakegu orain. Hiztegiaren erdia aztertu genuen, eta beste erdia gelditzen da egiteko. Baina, Elhuyarrek hiztegiaren beste erdia aztertzeko aukera eman didanez, GRALean aipatu nituen hobekuntza batzuk aplikatzeko parada izango dut, baita garai hartan imajinatzen ez nituenak ere.

Adibidez, esaldiak lematizatzeak ekarriko lituzkeen onurak aipatu genituen aurreko lanean: Excel dokumentu soil baten gainean egin genuen lan, eta bilaketak egiteko aukerak nahiko murritzak dira. Corpus lematizatuetan, berriz, hitz bakoitzaren edozein forma bere lemari lotua izaten da (adibidez, aditzetan: infinitibora). Lematizatzaile bat lortu dugu, eta bigarren erdiko adibide guztiak lema horien bidez bila ditzakegu.

Uste dugu 2022an lan honen ziklikotasunari buruz esan genuena arazoa dela oraindik (Sagarzazu, 2022) :

Gai kritiko batzuetan terminoak iraungitze datarekin erabiltzen dira. Zenbat aldiz aldatu dira, esate baterako, termino “egokiak” desgaitasunaren gaian: ezindutik elbarrira, gaitasun desberdinetara, eta egun erabiltzen dugun desgaitura. Eufemismo eta tabuaren arteko jazarpen lan zikliko baten aurrean gaude […] Aurreikusten dugu guk egindako lan hau ere ziklikoa izango dela. Ez dakigu esaten bost edo hamar urtero errepikatu beharko den orain egindako eguneratzea, baina epe batzuk finkatu beharko dira etorkizunean.

Baina orain badugu eskura garai hartan pentsaezina zitzaigun konponbide bat: automatizazioa. Hizkuntzaren prozesamenduaren arloak (NLP, ingelesez) informatika, adimen artifiziala eta hizkuntzalaritza uztartzen ditu, eta hizkuntzaren bidez pertsonen eta makinen arteko komunikazioa lortzea du helburu. Garapen handia izan du azken urteotan, eta testua sailkatzeko oso erabilgarria da. Gure lana, azken finean, hizkuntza baztertzaile edo ez-baztertzaile moduan sailkatzea izan da (asko laburtzen badugu behintzat). Eta horixe bera da programa horiek entrenatzeko eskatzen diguten informazio bakarra. Beraz, ziklikotasunari aurre egin diezaiokegu testua baztertzaile edo ez-baztertzaile moduan sailkatzen duen (eta nekatzen ez den) tresna baten bitartez. Lehen iragazki moduan joka dezake, eta, beraz, etorkizuneko lanak hortik bideratzea pentsatu dugu.

Beste alde batetik, lana osatzeko, arlo gehiago har daitezke kontuan. Hasiera batean egin genuen planteamenduan, adinkeria ere beste gaiekin batera sartu genuen. Osasunaren Mundu Erakundeak honela definitzen du adinkeria: «Adin-arrazoiengatik adin handiko pertsonei eragindako diskriminazioa, aldeen edo norbanakoen aurka haien adinean oinarrituta gauzatzen den diskriminazioa». Baina euskaraz dagoen material-eskasia dela-eta ez dugu lanean sartu. Hizkuntzan duen isla aztertzen hasiak dira beste mintzaira batzuetan, ingelesetik hasita (gehienetan bezala), baita lehen gidalerro batzuk ezartzen ere; baina euskaran daukan isla ez da askorik landu orain arte, eta beste hizkuntzetako gidak ez dira euskararen ezaugarrietara moldatzen. Halere, interesgarria izango litzateke adinkeria etorkizunean lantzea, euskarazko materiala gehiago landu ahala.

Bukatzeko, hitzen axola azpimarratu nahi dugu. Hitzek garrantzia dute. Hizkuntzak hiztunen munduaren ulermenean eragiten duela pentsatu edo ez, ukaezina da hitzak mintzeko edo laguntzeko erabil daitezkeela. Ikusgarritasunak ere modu berean jokatzen du. Talde gutxituak (edo perlak) oholtzetara ateratzen ez baditugu, arrotzak egingo zaizkigu plazaratzen direnean.

Eskerrak eman nahi dizkiot Elhuyarri, eta batez ere Klara Ceberiori, lana egiteko aukera emateagatik, baita nire tutore izan den Eli Manterolari ere, besteak beste horren zuzenketa finak egin eta norabidea zuzentzeagatik.

Bibliografia

Barquín, Amelia, 2008, Euskararen erabilera ez sexista. Gasteiz, Emakunde, ISBN 978-84-89630-13-0.

Berria, 2013, Estilo liburua: kode deontologikoa.

De la torre espinosa, M., 2018, La primavera rosa: Identidad cultural y derechos humanos LGBTI en el mundo. Editorial UOC.

Fernández casete, June, 2018, Euskararen erabilera inklusiboa, UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza eta Pikara Magazine (arg.).

Lledó cunill, Eulàlia; M.a Ángeles Calero fdez eta Esther Forgas berdet. De mujeres y diccionarios. Evolución de lo femenino en la 22.a edición del DRAE. Madril: Emakumearen Institutua, Lan eta Gizarte Gaien Ministerioa, 2004.

Nazio batuen erakundea, 2019, Disability-Inclusive Language Guidelines.

Sagarzazu, Eneko, 2022, «Hizkuntza baztertzailearen detekzioa Elhuyar Hiztegian». Itzulpengintza eta Interpretazio Graduko Amaierako Lana. Euskal Herriko Unibertsitatea.

Survival international, (d. g.). Terminología—Survival International. (2022ko apirilaren 27an berreskuratua.


1. 2022ko ekainean Eli Manterola irakaslearen tutoretzapean UPV/EHUn aurkeztu genuen GRALaren egokitzapen bat da lan hau. Gehiago jakin nahi izanez gero, ikus bibliografia: Sagarzazu, 2022.