Amatasuna, itzulpengintzaren eta interpretazioaren bidegurutzean
Artikulu honek akademiaren zurruntasunetik urrundu eta itzultzaile eta interprete emakume autonomoen amatasun-esperientzietan murgiltzeko aukera ematen du. Egileak, 2023. urtean haurdun dagoela dituen sentimendu eta pentsamenduetatik abiatuta, 1990eko eta 2000ko hamarkadetara eramaten du irakurlea, orduan ama izan zirenen bizipenak kontatu eta berak egun bizi dituenekin erkatzeko. Jasotako testigantzen arabera, baldintzak hobeak dira gaur egun, baina ama diren itzultzaile-interprete autonomoek aspalditik erakutsi zuten seme-alabak eta hainbeste estimatzen duten ogibidea arrakastaz uztartzeko gaitasuna.
Amatasuna ama izateko desira jaiotzen denean hasten dela esango nuke nik, eta, nire kasuan, mundu honetara seme-alabak ekartzeko grina piztuta zegoen aspaldi. Zorionez, nire desira 2023 honetan bihurtuko da egia; maiatzean, nire alaba Nikole jaioko da, eta badakit ordutik aurrera betiko aldatuko dela nire bizitza.1 Harrigarria da, ama askok esan didaten bezala, ezagutzen ez dugun pertsona bat maitatzen hasten garela gure barruan hazten ari dela dakigun unetik. Halaber, ondo dakit maitasun horrek eztanda egingo duela nire alaba ezagutzen dudan egunean.
Amatasuna mugarik eta baldintzarik gabeko maitasunaren sinonimoa dela uste badut ere, haurdunaldiaren bidaia honetan ikasi dudana da beldurrez eta ziurgabetasunez betetako garaia dela gure haurra ezagutu aurrekoa; haurdun gaudela dakigun unetik beretik pizten da gure haurra erabat zaintzeko desira, eta ezin jakin inoiz behar bezala egiten ari garen egin beharreko guztia. Emakumeon gorputza da haurraren etxea bederatzi hilabetez, eta, hortaz, gure ardura da ahalik eta gehien zaintzea etxetxo hori, osasuntsu jaio dadin. Erantzukizun hori hasiera-hasieratik igartzen dugu emakumeok, eta, horrekin batera, gure gorputzak aldaketa fisiko eta psikologiko ugari bizitzen ditu bidaia horretan.
Mundu honetara bizitza berri bat ekartzearen desira barne-barneko grina bat da, bat-batean pizten dena edo aspaldi piztuta zegoena, eta horri ekitea erabakitzen dugu. Zoragarria da haur horrengan pentsatzea, haren etorkizuna iragartzea eta haren etorrera antolatzea. Poztasunez eta ilusioz betetako une asko bizitzen ditugu ama izango garenok ama izan aurretik, eta nik, une horretan nagoenez, nire esperientzia kontatu nahiko nuke interprete autonomo gisa. Haur baten jaiotzak ekartzen dituen bestelako ziurgabetasunez gain, guk, itzultzaile eta interprete autonomook, bestelako erronka batzuei aurre egin behar diegu, gure lanbidearen bereizgarriak direla eta.
Gure lanbidearen gauzarik zoragarrienetariko bat gure arteko elkartasuna da, hau da, itzultzaile eta interprete lanetan ari garenon arteko elkarkidetasuna. Horregatik, nik hasieratik nekien nire interprete kideengana jo nezakeela aholku eske eta guztiak saiatuko zirela laguntzen amatasunaren hasierako etapa honetan.
Ni haurdun egon aurretik, beste kide asko izan dira ama, eta haien esperientzia oso lagungarria izango zaidalakoan egon naiz hasieratik. Hortaz, hasieratik jakin nahi izan dut zer-nolako esperientziak bizi izan dituzten nire kideek amatasuna eta gure lana uztartzeko eta zein erronkari aurre egin behar izan dieten.
Hasteko, gustatuko litzaidake nire haurdunaldia nola bizi izan dudan azaltzea. Haurdunaldia da amatasunaren bidaiaren aurreneko geltokia, eta une horretatik hasten dira erronkak, lan munduari dagokionez. Zorionez, nire haurdunaldia oso haurdunaldi lasaia izan da; beti esaten da lehenbiziko hiruhilekoa dela gorabeheratsuena eta orduan agertzen direla sintomarik desatseginenak. Hala eta guztiz ere, ni zorionekoa izan naiz, eta garai horretan bizi izan dudan sintoma aipagarri bakarra logura izan da; sekula sentitu izan ez dudan logura sentitu dut haurdunaldiaren hasieran. Horri aurre egiteko eta lanean behar bezala egoteko, asko errespetatu ditut nire lo egiteko orduak, eta atseden hartzeko denbora guztia aprobetxatu dut, batzuetan zaila izan den arren. Logura gorabehera, oso zoriontsu eta energiaz beteta sentitu izan naiz ia-ia haurdunaldi osoan zehar, ziur aski hormonek lagunduta. Horregatik, lanean aritzeko gogoa izan dut haurdunaldiaren ia-ia amaierara arte.
Hain zuzen ere, lanari dagokionez, itzulpen eta interpretazio lanetan ibiltzen naiz ni autonomo gisa duela zazpi urtetik, eta horretan jarraitu dut denbora honetan ere. Egia da haurdunaldiaren zatirik handienean nire betiko lan erritmoa mantendu dudala, nire gorputzak ahalbidetu didalako eta, oro har, oso ondo egon naizelako zazpi hilabete bete arte, gutxi gorabehera. Nire esperientziaren arabera, haurdunaldi lasaia eta osasuntsua izan arren, zazpi hilabete inguru betetzean, energia asko murrizten da; nekea areagotzen da; pisutsuago gaude, eta gure barrualdean hazten ari den bizitza berriak ez dio mugitzeari uzten. Horregatik, askoz zailagoa egiten da lanegunei aurre egitea eta behar bezalako errendimendua eskaintzea.
Hala ere, eta aurretik nire lankide askok pairatu izan duten bezala, itzultzaile eta interprete autonomook badugu desabantaila bat. Argi utzi nahi dut EAEn bizi naizela eta horrenbestez EAEko langile autonomoon ezaugarri eta baldintzez jardungo dudala artikulu honetan. Hala, sektore askotako lanpostu askotan onartzen dira amatasun bajak; ez, ordea, gurean. Guk geure kabuz egin behar diogu aurre mutualitateari, orokorrean ez digutelako bajarik ematen lan arriskuagatik. Hori da, nire aburuz, oztoporik handiena haurdunaldia aurrera doan heinean; gainera, ezin dugu ahaztu badaudela emakume asko hasierako hilabeteetatik hasten direnak sintomak pairatzen eta lan egitea eragozten diela sintoma horiek. Beraz, ni oso zorionekoa izan naiz, lan egiten jarraitu ahal izan dudalako, baina auskalo zer gertatuko zatekeen hasierako hilabeteetatik neure burua lan egiteko moduan ikusi izan ez banu.
Nire kasuan, baja hartu dut 35 asteko haurdun nengoenean; ordura arte, adierazi bezala, gogotsu eta energiaz sentitu naiz lanean jarraitzeko, eta oso gustura egin dut lan.
Esan bezala, haurra jaio aurreko asteetan baja hartzeko, mutualitatearekin kudeatu behar da, eta, haurra jaiotzen denean, Gizarte Segurantzarekin izapidetu behar da amatasun prestazioa. Egun, derrigorrezkoa da amatasun baja hartzea haurra jaio osteko lehenbiziko 6 asteetan, eta, denbora hori igarotakoan, beste 10 aste aurreikusten dira, lanaldi osoan edo partzialean, norberaren erabakiaren arabera. Aurrekoaren harira, aipatu behar da autonomoen kuota murriztua ordaintzen dela ama izan osteko urtean eta, horrez gain, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza baten deialdia egin duela. Zehazki, 200 euroko dirulaguntza emango digu, hilero, 0 eta 3 urte bitarteko haurrak ditugunoi. Horrelako neurriek eragin handia dute kontziliazioan, eta, nire aburuz, erabat beharrezkoak dira jaiotza tasa hainbeste murriztu den garai hauetan.
Nire asmoa da lehenbiziko 6 aste horien ostean, apurka-apurka, lanera itzultzea, nahiz eta ez naizen itzuliko betiko erritmora. Gure lanaren berezitasunetako bat aldakortasuna izan daitekeenez, oro har, gutako gehienak beste lanpostu mota batzuetako emakumezko langileak baino lehenago itzultzen gara lanera. Hala ere, nire ustez, horrek ez du zertan desabantaila bat izan; egia da lehenago itzuli ohi garela lanera, baina gure lanak ere malgutasun handiagoa du, eta aukera daukagu gure ordutegiak apur bat doitzeko, haurrarekin gehiago egote aldera.
Oro har, adostasuna dago lankideen artean amatasuna eta lana uztartzeak buruhausteak, nekeak eta ezinak azaleratzen dituela gaur egungo jendarteko emakumeon artean. Emakumeok egoera hori bizitzen dugu sektore guztietan, eta itzulpengintza- interpretazioan ere bai, langile gehienak autonomoak izanik hamaika malabarismo egin behar ditugulako haurra besoetan dugula lan mundura itzultzeko. Ama izatearen esperientzia bizi izan dutenek bat egiten dute ideia horrekin, baina, hori gorabehera, denek uste dute egoerak eta bizipenak gehiago dutela gozotik gazitik baino.
Itzulpengintzaren eta interpretazioaren lanbide zoragarri honetan, gehien-gehienak emakumeak gara, eta nire lankide asko izan dira ama, garai desberdinetan. Horregatik, hasieran esan bezala, ama izan aurretik, oso baliagarria iruditzen zitzaidan haien ahotik jakitea nolako esperientziak bizi izan dituzten garai desberdinetan seme-alabak izan dituzten emakume interprete autonomoek, egoera asko aldatu delako azkenengo urteotan.
Emakume itzultzaile eta interprete autonomoen esperientzia jaso aurretik, uste dut oso garrantzitsua dela nabarmentzea azkenengo urteotan aurrerapauso handiak eman direla amatasuna eta lana uztartzeko eta, bereziki, urrats garrantzitsuak egin direla gure gizartean aitatasunari dagokionez, aiten bajak nabarmen luzatu baitira. Izan ere, orain aiten baja luzeak normaltzat hartu arren, ezin dugu ahaztu 2007. urtera arte aitek bi eguneko baja baino ez zutela; gaur egun, ordea, aitatasun baimena hamasei astekoa da. Aurrekoarekin batera, noski, ezin da aipatu gabe utzi gizarteko familia motak aldatu egin direla eta horretan ere aurrera egiten ari garela jendartean. Adibidez, guraso bakarreko familiak epaitegietan aldarrikatzen ari dira, beren kasuan, 16 asteko baja eman beharrean beharrezkoa dela 32 asteko baja ematea, guraso bakarreko familiak eta, horrenbestez, haien seme-alabak ez diskriminatzeko. Horrenbestez, ikus dezakegu azkenengo urteotan hobera egin dugula lana eta familia uztartzeari dagokionez, eta hori bereziki garrantzitsua da berdintasun egoera batera heldu nahi badugu eta familietan zaintza lanak partekatzea sustatu nahi bada.
Aurrekoaren ildotik, esan dezakegu gauzak asko aldatu direla azkenengo 30 urteotan; 1990eko hamarkadaren hasieran haurrak izan zituzten emakumezko itzultzaile eta interpreteen egoera eta gaur egungoa oso desberdinak dira. Duela 30 urte, amatasun baja existitzen zen, baina autonomoen kuota ordaintzen jarraitu behar zen, eta oso gutxi kobratzen zen bajan egonda. Hau da, kobratzen zena autonomoetan altan egoteagatik ordaindu beharreko kuotaren kopuru bera zen. Beraz, argi dago garai hartako emakume autonomoek lehenbailehen hasi behar zutela lanean, soldataren beharrik baldin bazuten behintzat.
Askotan, gainera, lanera itzuli behar zuten, lana galtzeko beldurra handiagoa delako autonomoen artean soldatapekoen artean baino. Gainera, garai hartan, noski, haurtzaindegiak bazeuden, baina orduko ama interpreteek gogoratzen dute gizartean ez zela begi onekin ikusten emakume batek haurrak haurtzaindegira eramatea, emakumea eta ama izatea eta lan egitea ez baitzen gaur egun bezain normala. Hortaz, aurreiritzi asko zegoen gizartean, eta horrek presio gehigarria eragiten zuen. Sozialki kontsideratzen zen emakumearen betebeharra zela haurra zaintzea eta etxean gelditzea; horrenbestez, norberaren izaeraren arabera, oso zaila zen horri guztiari aurre egitea.
Urte haietan ama izan zirenek sentitzen dute nolabait zigortuta zegoela ama edo guraso izatea; ez zen inolako erraztasunik ematen, ez soilik laguntza ekonomikoei dagokienez. Adibide gisa, autobusetan ezin zen haur kotxerik sartu, eta gurasoak behartuta zeuden den-dena autoz edo oinez egitera.
Era berean, ez zen batere normala gizonak ikustea haur kotxea eramaten, hau da, gizonek bakarrik ez zuten haurra eramaten, bikotekidearekin ez bazeuden. Salbuespenak salbuespen, emakumeek eramaten zuten haurra ia-ia beti, eta, gaurko egoerarekin alderatuta, alde nabarmenak sumatzen dituzte duela 30 urte haurrak izan zituztenek.
Autonomook «malgutasun» handiagoa dugunez, bikotekidea kontratupeko langilea bazen, ama autonomoak egin behar zituen haurrekin lotutako lan gehienak; hau da, amak eramaten zituen seme-alabak haurtzaindegira edo eskolara eta medikuarengana, besteak beste. Horrek esan nahi du bere lana atzeratu behar zuela eta, askotan, asteburuetan ere egin behar zuela lan, horrek eragiten duen zama eta nekearekin.
Bularra emateari dagokionez, 1990eko hamarkadaren hasieran, ohikoena zen hilabete batzuez ematea bularra, eta ez bizpahiru urtez, gaur egun batzuek gomendatzen duten bezala. Hala ere, orduan eta gaur egun, oro har, oso zaila izaten da edoskitzea eta autonomoen lana bateratzea.
2000ko hamarkadan ama izan ziren lankideen aburuz, oso garrantzitsua da ingurukoen laguntza; kasu batzuetan, laguntza hori bikotekidearengandik etorri izan zaie. Interpreteon lanean, badaude bolada batzuk zeinetan lan zama askoz handiagoa den. Halako sasoietan, garrantzitsua da bikotekideak (baldin eta halakorik badago) denbora gehiago igarotzea seme-alabekin, edo senideek laguntzea, interpretazio lanetara joan ahal izateko, batez ere seme-alaben lehenengo urteetan, hau da, eskolatu aurreko urteetan. Izan ere, haurrak eskolan hasi eta gero, egoera apur bat errazagoa izaten da. Aurrekoa gorabehera, bai 1990eko hamarkadan bai 2000ko hamarkadan ama izan zirenek uste dute, oro har, bazutela denbora haurren zaintzan biziki parte hartzeko, gure lanak malgutasuna ematen duelako eta, lan gutxiago dagoen boladetan, denbora asko izaten dugulako familiarekin egoteko. Gure abantailetako bat da ez dugula ordutegi finkorik, hau da, ez dugu egunero etxetik kanpo egon behar goizeko 08:00etatik 17:00ak arte, eta, horri esker, aukera daukagu haurrekin beste soldatapeko ama batzuek baino denbora gehiago igarotzeko.
Aurrekoaz gain, adierazi beharra dago interprete gehienok itzulpen lanak ere egiten ditugula, etxetik, eta etxetik lan egitea abantaila edo desabantaila izan daiteke, norberaren egoeraren eta izaeraren arabera; horregatik, lankide batzuek, bere garaian, erabaki zuten etxetik kanpo lokalen bat alokatzea, ordu zehatz batzuetan han buru-belarri lan egiteko. Beste aukera bat izan daiteke etxeko gela batean lan egitea, haurra beste norbaitek zaintzen duen bitartean. Horrela, ez gara gehiegi aldentzen eta aukera daukagu lanarekin jarraitzeko.
Lanera itzultzeko uneari dagokionez, nire lankide gehienek adierazi dute gazi-gozoa dela lan egitera itzultzearen esperientzia; hau da, gehienek ikusten dute beharrezkoa dela alderdi profesionala garatzen jarraitzea, horrek independentzia ematen digulako eta espazio pertsonalak mantentzen ditugulako, baina, aldi berean, iheslari senti gaitezke, familia etxean utzita. Lanbide guztietan bezala eta, agian, gurean bereziki, bikotekidearen edo senideen laguntza berebizikoa da; alde egiten dugunean, funtsezkoa da erabateko konfiantza sentitzea eta jakitea haurra behar bezala zainduta egongo dela. Horretarako, garrantzitsua da besteengan konfiantza izatea eta ziur alde egitea etxetik.
Lanbide honetan, adin desberdinetako emakumeok egiten dugu lan, eta nire lankide batzuk azkenengo 10 urteotan izan dira ama, gutxi gorabehera. Zorionez, egoera asko aldatu da 1990eko hamarkadatik gaur egun arte.
Haurdunaldiari dagokionez, hasieran aipatu dudan bezala, nire lankideek eta nik neuk alde nabarmenak sumatu ditugu enpresetan soldatapean lan egiten duten emakumeen eta gure artean, hau da, autonomo gisa lan egiten dugunon artean. Gure inguruko gehienek baja luzea hartu izan dute haurdun egon direnean; hain zuzen ere, gutxi gorabehera, baja hartu izan dute 4 edo 5 hilabeteko zeudenean edo, kasu batzuetan, lehenago, eta guk, aldiz, ez diogu lan egiteari uzten haurdunaldia oso aurreratuta egon arte.
Gure haurdunaldi aktibo hauetan, ez diogu bidaiatzeari uzten, eguneroko kontua delako hori gure lanbidean. Askotan, bidaiatzen jarraitzen dugu kezkatuta gaudelako eta ez dakigulako lana galduko ote dugun; laburbilduz, beldur gara, ez dakigulako gure bezeroak hor egongo diren amatasun bajatik bueltatzean.
Badaude gure artean baja lehenago hartzea erabaki dutenak, eta, orokorrean, atseden handiagoa izan dute; sumatu dute osasuntsuagoa dela, haurdun gaudenean, lasai egotea –adibidez, uzkurdura goiztiarrik ez edukitzeko–. Osasun mentala ere berebizikoa da amaren zein haurraren osasunerako, eta, gero, erditu ostean, atseden hartu izanak asko laguntzen du egoera berriari aurre egiten.
Haurdunaldiaren ostean eta baja noiz hartzen dugun gorabehera, emakume gehienek adierazi dute haurra jaio osteko unea dela zailena, ospitaletik atera eta etxera iristekoa. Zehazki, orduan ohartzen gara gure bizitza goitik behera aldatu dela ordu gutxi batzuetan eta jada ez daukala atzera- bueltarik. Ospitaletik etxera bueltatzean, ohartzen zara gizaki txiki bat duzula zure ardurapean betiko.
Aurretik adierazi bezala, gaur egun, 16 asteko amatasun baja dago ezarrita, baina gutako gehienok gutxieneko baja hartzen dugu. Hau da, emakumezko itzultzaile eta interprete gehienok soilik derrigorrezko aldian hartzen dugu lanaldi osoko baja; gaur egun, 6 astekoa. Beraz, maiz, oso goiz itzultzen gara autonomook lanera, oraindik haurrari bularra ematen ari garela. Badago aukera 16 astez baja osoa hartzeko, baina, horretarako, noski, egonkortasun ekonomikoa behar da aurretiaz, garai horretaz lasai gozatzeko. Aukera bat da, adibidez, haurdunaldia baino lehen aurreztea edo bikotekidearekin edo senideekin antolatzea, diru sarrera gutxiago egongo diren une horretara egokitzeko.
Egia da, hala ere, 16 aste horiek, baja osoa edo erdia hartzen den gorabehera, gutxi direla, haurtxoak 4 hilabete baino ez dituelako lanera itzultzen garenean. Hala ere, aurretik aipatu dudan bezala, badugu laguntza bat autonomook: ama izan eta hurrengo urtean, kuota osoa ordaindu beharrean, tarifa berezia ezartzen digute, ezin baikara lanean normaltasunez hasi, haurtxo txikia etxean dugunean.
Orokorrean, zaila da neurtzea noiz den unerik egokiena lanera itzultzeko; asko bidaiatzen dugu, ez dugu ordutegi finkorik, eta errutinarik ere ez. Horregatik, zaila da haurra egoera berri horretara ohitzea, eta, horrez gain, noski, kontziliaziora begira, garrantzitsua da familia-antolakuntza ona edukitzea, bikotekideak edo senideek haurra zaindu ahal izan dezaten gu lanera goazenean.
Haurrak bularra baino hartzen ez duenean eta biberoirik nahi ez duenean, amak behartuta ikusten du bere burua haurrarekin denbora gehiago pasatzera. Horrenbestez, askok erabaki izan dute norbaitek laguntzea lanera eta txanden arteko atsedenetan ateratzea, haurrarekin egoteko eta horrela bularra eman ahal izateko. Aukera on bat izan daiteke, hasieran, lan laburrak egitea, apurka-apurka, bai ama, bai haurra egokitzeko.
Lanera itzultzean haurrari bularra ematen jarraitzeko, berebizikoa da senideen babesa, bai bikotekidearen babesa (halakorik baldin badago), bai hurbileko beste senideen babesa. Kabinan lanean gaudenean, beste norbaitek zaindu beharko du haurra, gu bularra ematera atera arte. Bularra ematea edo ez hautu pertsonala da, noski; hala ere, bularra ematea erabakitzekotan eta lan egitera «goiz» itzuli behar badugu, ezinbestekoa da senideek laguntzea. Egia da lankideen laguntza eta babesa ere ezinbestekoak direla horrelako egoeretan, eta, oro har, lankide guztiek sentitu dute elkartasun handia. Kabinakide gehienak ama izan dira aspaldi, orain dela gutxi, edo ama izateko desira dute etorkizunean, eta horrek asko laguntzen du. Ulertzen dute egoera, haietako asko egoera berean egon izan direlako beste une batzuetan, eta lankideek lasaitasun hori helaraztea ere berebizikoa da, oso une zaurgarria delako amatasunaren hasiera.
Alde horretatik, gaur egun, baliteke aukera on bat izatea urrutiko lan gehiago hartzea. Pandemiaren hasieratik, urrutiko interpretazioak egiten hasi gara interpreteak; pandemia garaian, aukera bakarra zen lanean jarraitzeko, eta, gaur egun, normaltasunera itzuli garenetik, jarraitzen dugu lanen bat urrutiko interpretazio plataformen bidez egiten. Beraz, etxean bertan bagaude, errazagoa da haurra zaintzea atsedenetan, eta, gainera, etxetik lan egitean, ez dugu inora bidaiatu behar. Horretarako, noski, garrantzitsua da isolatutako gela bat edukitzea etxean eta hurbilekoen laguntza jasotzea, interpretazio txandetan behar bezala lan egiteko eta inork ez molestatzeko.
Kontziliazioari dagokionez, oro har, denok uste dugu, gutxienez, beste bi esku behar direla egunerokotasunari aurre egiteko. Hau da, haurra hazi ahala, garrantzitsua da haurra txandaka zaintzea, otorduen antolakuntza egokia ezartzea eta etxea atontzeko lanak banatzea, haurra zaintzearen eta lan egitearen ondoriozko zama larririk ez jasateko.
Orokorrean, nire lankideen aburuz, haurrak 6 hilabete dituenetik aurrera, egoera apur bat errazagoa da, bularrarekiko menpekotasuna apur bat murriztu eta beste elikagai batzuk jaten hasten delako. Hala ere, haur batzuek, beste elikagai batzuk jan arren, ez diote bularra hartzeari uzten, eta, berriro ere, amak egoera horretara egokitu behar du, zaintza lanarekin uztartze aldera. Hilabeteak aurrera joan ahala, bularraren premia murrizten da, eta, horri esker, une batetik aurrera, ez da hain beharrezkoa izaten haurra lanera eramatea. Orduan, independentzia gehiago lortzen du amak lanari dagokionez.
Senideen laguntzaz gain, egia da beste aukera bat izan daitekeela, bikotekideak ere lan egiten badu, haurra haurtzaindegira bidaltzea. Hala eta guztiz ere, gure kasuan, askok ez dute beharrezkotzat ikusi; guk ez dugu zertan beti egunero lan egin. Badaude lan askoko sasoi batzuk, baina, orokorrean, astean egun libre batzuk izaten ditugu beti, eta, gainera, egun batzuetan goizez edo arratsaldez egiten dugu lan soilik. Baliteke egun askotan libre egotea goizez edo arratsaldez eta lanaldi erdi bat baino ez egitea.
Beraz, haur eskolara bidaltzeko premia ez da hain nabaria. Kasu honetan ere, hautu pertsonala da haur eskolara bidaltzea edo ez, baina egia da, gure kasuan, askotan, astean zehar egun batzuk behintzat igarotzen ditugula etxean eta, horrela, guk zain dezakegula zuzenean haurra. Noski, lan egin beharreko egunetan, norbaiten laguntza behar da.
Aurreko guztiaren ildotik, argi dago, emakumezko itzultzaile eta interprete ama gehienek esan didaten bezala, haurrak hazi ahala egoera errazten dela; seme-alabak handitzen dira eta independentzia gehiago daukate. Hortaz, apurka-apurka, konturatu gabe, amarekiko eta, oro har, gurasoekiko menpekotasuna murrizten da, eta horrek gure lana eta familia zaintza uztartzea errazten du.
Bukatzeko, gustatuko litzaidake kontu garrantzitsu bat aipatzea. Hasieran adierazi dudan bezala, egungo gizartean, iraganean baino askoz familia mota gehiago dago; gaur egun, inoiz baino ohikoagoa da guraso bakarreko familiak, banandutako gurasoek osatutako familiak eta sexu bereko bikotekideek eratutako familiak ikustea. Aniztasun hori ere islatzen da gurean, eta, egoera pertsonalaren arabera, bakoitzak gauza batzuk edo beste batzuk hartu behar ditu kontuan familia eta lana uztartze aldera.
Kasu honetan, banandutako emakumezko ama itzultzaile eta interprete baten egoera jaso nahiko nuke, lekukotza garrantzitsua delako eta ondo islatzen duelako zer-nolako egoerei aurre egin behar zaien bananduta zaudenean.
Banatzen garenean eta haur txikiak ditugunean, argi dago ezin ditugula etxean bakarrik utzi eskolara joan aurretik. Norbaitek lagundu behar die gosaria hartzen eta eskolara joaten. Horrek eragin handia dauka gurea bezalako lanbide batean, maiz edo ia-ia beti ordu jakin batean egon behar dugulako interpretazioa egingo den lekuan eta, gainera, askotan, interpretazio lan hori gure bizitokitik apur bat urrun dagoen lekuren batean egiten delako. Esaterako, gerta liteke aste batean 3 egunez joan behar izatea Euskadiko beste hiri batera eta goiz atera behar izatea etxetik, haurrak eskolara sartu aurretik. Hori hala denean eta bikotekiderik ez dagoenean, guraso bakarra garenean edo bananduta gaudenean, zaila da egoera kudeatzea.
Horrenbestez, horrelako egoeretan laguntza nahitaez behar denez, zailtasunak handiak dira; batzuetan, lanei ezetz esan beharra dago, ordutegiak bateraezinak direlako seme-alaben zaintzarekin. Banandutakoen kasuan, haurrak zaintzeko akordioaren arabera, baliteke aste batzuetan haurrak aitarekin edo bikotekide ohiarekin egotea edo gurekin egotea aste osoan; hortaz, batzuetan, beharrezkoa izaten da lanei ezetz esatea, aste horretan haiekin egon ahal izateko. Gurekin daudenean, pertsona bat kontrata daiteke, baina ekonomikoki oso zaila da, pertsona horrek beti egon behar duelako lan egiteko prest, ordutegi malgutasun itzelarekin. Horrez gain, ez da oso bideragarria soldata bakarrarekin, soldataren zati handi bat ordaindu beharko litzaiokeelako pertsona horri eskuragarri egoteko eta haurrak behar den guztietan zaintzeko. Hori ekonomikoki nahiko zaila denez, beste aukera bakarra aitona-amonengana edo beste senideren batengana jotzea da; hurbil bizi badira eta prest badaude haurrak zaintzeko, noski. Hala ere, pertsona horiek lagundu ezin dutenean, antolakuntza oso zaila da, eta neke mentala izugarria izan daiteke.
Aurreko guztia gorabehera, abantaila batzuk egon daitezke; batzuetan, lan gutxi daukagunean, aukera daukagu haurrekin gehiago egoteko, malgutasuna dugu gaixotzen direnean zaintzeko, baina hori, batez ere, goi denboralditik kanpo egin daiteke. Goi denboraldia denean eta interpretazio lanak etengabe suertatzen direnean, gehienak gure bizitokitik kanpo, oso zaila da guraso bakarreko familia antolatzea kanpoko laguntzarekin ez bada. Oso ondo neurtu behar da noiz lan egin eta noiz ez; asteburu batzuetan, lana ateratzen da eta norberak aztertu behar du lana hartzeak merezi duen ala ez. Orokorrean, ondorio gisa, esan genezake bikotekidea izateko dagoela antolatuta gizartea; gure lanbidean, laguntza handia behar da, eta, ordutegiak erregularrak ez direnez, oso zaila da laguntza kanpoan bilatzea, hau da, oso zaila da haurrak zaintzeko pertsona bat kontratatzea, ezin baitzaio pertsona horri ordutegi finkorik eskaini. Aitzitik, bulegoko ordutegia izanez gero, jakin dezakegu noiz behar dugun pertsona bat haurrak zaintzeko; gure kasuan, ordea, normalean, familia sarera jo behar da laguntza eske.
Ondorio nahikotxo atera ditut nire lankideekin izandako elkarrizketetatik, guztiak oso baliagarriak laster helduko zaidan etapa berriari heltzeko. Oro har eta lanbide gehienetan gertatzen den bezala, gaur egungo egoera errazagoa den arren, lana eta amatasuna bateratzea ez da erronka makala. Hala ere, egia da gure lanbidea grinazkoa dela eta amatasuna ere grinazkoa dela; beraz, horrek bidea errazten du, pasioz egiten direlako bi lan horiek aldi berean, askotan senti daitekeen gehiegizko nekea gorabehera –ama guztiek dioten bezala–, seme-alaben maitasunak konpentsatzen baitu.
Nik askotan pentsatu dudan gauza bat baieztatu didate nire lankideek: oso zaila da deskonektatzea haurrak zaintzen ditugunean. Hau da, oso zaila izaten da lan mundua erabat ahaztea, hilabete batzuetan bada ere, eta zaintzan zentratzea. Gehienek uste dute lortu dutela, baina, haien hitzetan, beti dute interferentzia hori, ezin dutelako ziurtasunez jakin beren lekua hor egongo den itzultzean. Psikologikoki ezin da deskonektatu, eta deskonektatzeko ezintasun hori, noski, lotuta dago lanaren beraren aldakortasunarekin, baita lanari diogun maitasunarekin ere. Asko gustatzen zaigu gure lana; sufritu eta gozatzen dugu kabinan. Gure lanak estimulatzen gaitu, eta, zaintzan murgilduta gaudenean, haren falta sumatzen da. Itzultzaile eta interprete askok adierazi didate haurra jaio eta hilabete batzuetara gogo itzela sentitu izan dutela lanera itzultzeko; zehazki, gogoa izan dute etxeko girotik apur bat ateratzeko, beren aurreko bizitza pertsonala berreskuratzeko eta lanak ematen digun «askatasun» hori lortzeko, betiere haurraren premiak lehenetsiz.
Aurreko guztiaz gain, ama itzultzaile eta interprete autonomo gehienen aburuz, oraindik ere, aurrerapauso handiak eman ditugun arren, gauza asko daude aldatzeko eta berdintzeko egungo jendartean, erabateko berdintasunera heltzeko eta, horrenbestez, berdintasun hori gure lanaren eta familia zaintzaren kontziliazioan islatzeko.
Kanpotik, pentsa daiteke gure bizitza oso malgua dela, baina ondo dakigu teorikoa dela malgutasun hori. Interpretazio edo itzulpen lan bat onartzen dugunean, lotuta gaude, eta nahitaez egin behar dugu. Esaterako, interpretazio lan bat onartzen dugunean, lanera joan behar dugu, eta ezin gara berandu agertu. Gainera, batzuetan, lan laburrak direnean, bakarrik egiten dugu lan kabinan, eta gure zerbitzua nahitaezkoa da dagokion bilera behar bezala garatzeko. Ama garenean, horrelako egoeretan, baliteke bezperan seme-alabak gaixotzea eta aukerarik ez izatea zerbitzua bertan behera uzteko, beste lan batzuetan bezala.
Zailtasunak zailtasun, lankide gehienek helarazi didate pasio itzela, bai haurrak zaintzeari dagokionez, bai gure lanbideari dagokionez. Oso pozgarria da ikustea nire inguruan badaudela emakumezko itzultzaile eta interprete autonomo ugari, garai desberdinetan ama izan direnak eta lanbidean jarraitu dutenak, egunero gaindituz mila oztopo eta zailtasun, seme-alabak zaintzeko eta maite dugun ogibidean jarduteko. Badakit nire bizitzaren hurrengo etapa zoragarria bezain desafiatzailea izango dela, baina bidea askoz errazagoa izango da ondoan ditudan emakumezko erreferenteekin. Nire lankide batek dioen bezala, amatasuna gure super-botereak ikustea da, aurretik ezinezkotzat jotzen genituen gauzak egiteko gai garela erakusten digulako amatasunak.
Amaitzeko, eskerrik asko nire lankide guztiei, amatasunaren bidaia honetan lagungarriak izango zaizkidan iruzkin guztiak nirekin partekatzeagatik, eta, noski, eskerrik asko nire alaba Nikoleri, berak inspiratu nauelako eta bera izango delako ama bihurtuko nauena.
1. 2023ko apirilean idatzia da artikulu hau, eta, Senez argitaratzerako, jaioa izango da haurra.