Netflixeko euskarazko azpidatzien segmentazioa eta hizkuntza-kalitatea
Josu Barambones Zubiria

Artikulu honetan, Netflix plataformak eskaintzen dituen euskarazko azpitituluen hizkuntza-kalitatea aztertu da, bost itzultzailek azpidatzitako bederatzi testu kontuan hartuta. Hala, testu guztietan ikusitako hizkuntza-akatsak identifikatu eta sailkatu dira. Azterketak erakusten digu testu guztietan badaudela behin eta berriz errepikatzen diren akatsak. Beraz, esan daiteke arazo sistemiko baten aurrean gaudela, eta geure buruari galdetu beharko genioke zer irizpideri jarraitzen dion Netflixek azpitituluen enkarguak esleitzeko orduan. Azkenik, ondorio gisa, euskarazko azpitituluen kalitatea hobetzeko, beharrezkoa da itzulpenen kontrola eta berrikuspena ezartzea.

Sarrera

Teknologiak gure egungo bizitzaren parte dira. Teknologiaz baliatzen gara, baina, aldi berean, teknologia gutaz baliatzen da. Agustin-Lacruzek dioen moduan (2021, 1), «pantailak epidermis sozial berri bat bihurtu dira, subjektu bakoitzaren mugak eta harremanen lurraldea definitzen dituen bigarren azal bat». Pantailen zurrunbiloaren erdian harrapatuta bizi gara, eta, horren ondorioz, pantailek gure bizitzaren arlo guztietan dute eragina, eta bereziki gure aisialdian.

Ikus-entzunezko sektorearen kasuan, digitalizazioa mundu osoan ezartzea eta zabaltzea erabakigarria izan da eskariaren araberako bideo-zerbitzuak garatzeko (Video on Demand, ingelesez, eta, hemendik aurrera, VOD). Telebistak eta Internetek bat egitearen ondorioz, ikus-entzunezko produktuak ikusteko eredu berri bat sortu da, interaktiboagoa eta pertsonalizatuagoa.

Milurteko honen hasieran, herritar askoren bizimodua, eta, bereziki, herritar horien aisialdia, ez da ulertzen VOD plataformarik gabe. Izan ere, Espainiako Kultura Ministerioaren Encuesta de hábitos culturales de España 2021-22 izeneko ikerlanaren arabera (Kultura eta Kirol Ministerioa, 2022, 59), aztertutako biztanleriaren hamarretik seik, hots, % 59,4k, eduki kulturalak eskaintzen dituzten plataforma digitalen harpidetzak ditu etxean. Filmen edo telesailen harpidetzak % 52,8k ditu, eta telebista-kanalen plataformena % 26,3k. Euskadiren kasuan, kopurua % 34,5eraino jaisten da; eta Nafarroan, berriz, % 57,1era igotzen da (ibid., 380 or.). Plataforma horietako bezeroen % 53 asteko egun guztietan sartzen da plataformaren batean, eta eguneko batez besteko kontsumo-denbora ordubete eta hiru ordu bitartekoa izaten da. Hala ere, plataformek eskainitako produktu horiek ikusteko denbora oraindik ere telebista konbentzionalaren datuen azpitik dago, telebista konbentzionalaren kasuan batez beste ia lau ordu (220 minutu) kontsumitzen baititu pertsona bakoitzak.

Ildo beretik, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz egin berri duen ikerketak ere egiaztatzen ditu datu horiek (UEMA, 2022). Gune soziolinguistiko euskaldunenetan, 11.571 inkesta egin zituzten 9 eta 17 urte bitarteko herritarren ikus-entzunezkoen kontsumoa ezagutzearren, eta, UEMAko herrietako gazteen artean, VOD plataformei dagokienez, Netflix da nagusi: hamarretik seik aitortzen du plataforma hori erabiltzen duela, hots, gazteen % 62k ikusten du. Amazon Prime Videoren erabilera, ordea, % 33koa da, eta Movistar Plusena % 20koa. Gainerako plataformak % 10eko langatik behera daude: Disney+ % 12k ikusten du, HBO % 7,9k eta Filmin % 1,1ek.

Euskararen kasuan, kontsumo horrek badu eraginik hizkuntzaren erabileran eta hiztunen gaitasunean. Horregatik, funtsezkoa da euskararen presentzia sustatzea plataforma horietan, euskararen kalitatea bermatzearekin batera sustatu ere. Bereziki kontuan hartzen badugu ikasle gehienek VOD plataformak ikusten dituztela eta telebista apenas ikusten dutela. Hortaz, plataforma horietako edukiak euskaraz ere helarazi behar zaizkie euskaldunei, azpidatzita zein bikoiztuta, euskaldunen eskubideak babesteko eta hemengo ikus-entzunezko industria bultzatzeko.

Plataforma horien erabateko arrakasta eta zabalkundea aintzat harturik, ikerlan honen xede nagusia VOD plataforma batean –Netflixen, hain justu ere– pantailaratzen diren euskarazko azpidatzien hizkuntza-kalitatea aztertzea da. Aldi berean, euskarazko azpidatzien segmentazioari ere erreparatuko diot, segmentazioa modu egokian egitea noraezekoa baita azpidatziak erraz eta eroso irakurtzeko.

VOD plataformak

Espainian, ordainpeko telebista 2014. urtean sortu zen, hedabideetako enpresak zerbitzu hori eskaintzen hastearekin batera. Urtebete beranduago, 2015eko urrian, Netflix1 ere hasi zen bere zerbitzuak eskaintzen. Geroxeago etorri ziren HBO (2016) eta Amazon Prime Video (2017). Gaur egun, hauek dira Espainian ikusgai dauden VOD plataforma nagusiak: Netflix, Amazon Prime Video, HBO, Movistar+Lite, Filmin eta Disney+.

Neflix 1997an sortu zen, AEBn, 900 titulurekin, posta bidez DVDak alokatzeko harpidetza- zerbitzu gisa, etxetik egindako erosketaren erosotasuna eta denda digital baten eraginkortasuna uztartzeko asmoz. Espainian, 2022an, 9,6 milioi erabiltzailek ordaindu zuten Netflixek eskainitako zerbitzuengatik (Barlovento Comunicación, 46). Horrela, Estatu Batuetako plataforma hori Espainian harpidedun gehien dituen lehen ordainketa-operadorea da. Atzetik jarraitzen diote Amazon Prime Videok, 6,6 milioirekin, eta Movistar+ Litek, 3,713 milioirekin. HBOk 3,6 milioi ditu, Disney+-ek 3,200 milioi eta Filminek 400 mila baino ez.

Datuoi erreparaturik, argi dago Netflixek lidergoari eusten jakin duela. Arrakasta horren arrazoiak askotarikoak dira, baina nik bi hauek azpimarratu nahi ditut: batetik, eskaintzen duen katalogoaren zabala, bereziki jatorrizko edukiena, bai eta ikusleekiko leialtasuna eta etengabeko berrikuntzarako estrategia ere (esaterako, Black Mirror: Bandersnatch filmean, ikusleek berek hautatu ahal izan zituzten bukaerak).

VOD plataformen gorakada azkenaldiko iraultzarik handienetako bat izan da ikus- entzunezko itzulpenaren sektorean. Lan-eskaintzak izugarri egin du gora, eta esango nuke horrekin batera ikus-entzunezko itzulpenak urrezko aro halako bat bizi izan duela. Espainiako estatuan, plataforma horietako lauk ematen diete itzultzaileei lanaren zatirik handiena: Netflix, Amazon Prime Video, HBO eta Movistar+Lite.

Duela gutxi arte, ordea, plataforma horien euskarazko eskaintza hutsaren hurrengoa zen ia. Guztiarekin ere, Espainiako ikus-entzunezko lege berriaren bosgarren xedapen gehigarriaren arabera (BOE, 2022), telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuetan hizkuntza-aniztasuna eta autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialen presentzia sustatzearren, zerbitzuaren emaileek bermatuko dute autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan bikoiztutako edo azpititulatutako ikus-entzunezko edukiak katalogoetan sartzea. Hortaz, lege berriak produkzio- igoera nabari-nabaria ekarri du euskarazko bikoizketaren eta azpidazketaren arlora, bereziki azpidazketari dagokionez, nahiz eta oraindik euskarazko katalogoa oso txikia den.

Plataforma horiek eskaintzen dituzten euskarazko edukiei dagokienez, Zer Non Ikusi webgunean ikusgai dago plataforma digitaletan dauden euskarazko edukien katalogoa. 2023ko urtarrilaren bukaeran2 egin nuen kontsultaren arabera, hauek dira plataformetan dauden euskarazko audioak (jatorrizkoak nahiz bikoiztutakoak) eta azpidazketak:

1_taula_VOD

Metodologia

Ikerlan honek izaera deskriptiboa du oroz gain, eta albait objektiboena izan nahi du. Halere, datuok ondorio batzuk ateratzeko hizpidea emango didate, datuen hoztasunetik eta zurruntasunetik harago joatearren. Izan ere, nire helburu nagusia hau baino ez da: aztertu ditudan lau telesailen eta filmaren itzultzaileen lanaren kalitatea aztertzea.

Metodologia diseinatzeko garaian, irizpide hauek ezarri ditut: VOD plataforma guztien artean, Netflix plataformako edukiak aztertzea, gehien ikusten den plataforma denez gero, eta, beraz, adierazgarritasun-mailarik altuena duen plataforma delako. Artikuluaren luze-laburra kontuan hartuta, lau telesailetako bina atal eta film bat hautatzearekin nahikoa nuen (bost itzultzailek azpidatziak dira). Hautaturiko testuak pertsona batek baino gehiagok azpidatziak izatea interesatzen zitzaidan, modu horretara jakin baitaiteke ea hautemandako fenomenoak ohikoak diren Netflixerako azpidazten duten euskal itzultzaileen artean. Horiek horrela, ikerlan honek aukera emango dit errepikatzen diren eta itzultzaile bati baino gehiagori egotzi ahal zaizkien itzulpen-jokaerak ezagutzeko. Azken finean, zenbat eta itzultzaile (eta testu) gehiago arakatu, orduan eta handiagoa izango da fenomeno horien ordezkagarritasun maila. Guztira, bada, zortzi atal, telesail bakoitzeko bi, eta film luze bat aztertu ditut. Guztien iraupena 522 minutukoa, hau da, zortzi ordu eta 42 minutu.

Azkenik, esan nahi nuke, hizkuntzalaria ez naizen aldetik, fenomenoak sailkatzeko orduan eta haietako bakoitzaren azalpena emateko garaian ez dudala askorik luzatu nahi izan azalpen gramatikalak ematen. Bakar-bakarrik oinarrizkoenak begitandu zaizkidanak idatzi ditut, baina gramatikaren leizean arakatu barik. Gramatika arakatu nahi duenak badauka gurean non miatu.

Filmografia

Hona aztertu ditudan lau telesailen eta filmaren zertzelada nagusiak eta bakoitzaren fitxa teknikoa:

Anatomy of a Scandal

Sophie Whitehousek, James Whitehouse parlamentari britainiarraren emazteak, jakin du senarrak amodiozko afera bat izan duela bere laguntzaile Olivia Lyttonekin. Albistea argitara eman da, eta berri horrek senar-emazteen bizitza hankaz gora jarriko du. Gauzak areago okertzeko, Olivia Lyttonek James Whitehousek bortxatu izana salatu eta auzitara eramango du.

2_taula_Anatomy

Tauletan, honela agertuko dira telesail honen erreferentziak:

  • Lehen atala: [SCD_1]
  • Bigarren atala: [SCD_2]

Dahmer – Monster: The Jeffrey Dahmer Story

Telesail hau Jeffrey Dahmerren bizitzari buruzkoa da, eta kontatzen du nola bihurtu zen Estatu Batuetako serieko hiltzaile ospetsuenetako bat. Poliziaren gaitasunik ezari esker, Milwaukeeko hiltzaile honek hainbat hilketa burutu zituen, 1978 eta 1991 bitartean.

3_taula_Dahmer

Tauletan, honela agertuko dira telesail honen erreferentziak:

  • Lehen atala: [DAH_1]
  • Bigarren atala: [DAH_2]

Kaleidoscope

Eskarmentu handiko lapur batek eta haren taldeak inoizko lapurretarik handiena prestatu dute, 7.000 milioi dolar irabazteko. Baina traizioak, zikoizkeriak eta diru-goseak arriskuan jarriko dute tentu handiz prestatu duten plana.

4_taula_Kaleidoscope

Tauletan, honela agertuko dira telesail honen erreferentziak:

  • Lehen atala: [KAL_1]
  • Bigarren atala: [KAL_2]

The Pale Blue Eye

1830ean eta Estatu Batuetako West Point akademia militarrean girotutako istorioa. Augustus Landor detektibearen laguntza eskatu dute West Pointen gertatu diren hilketa misteriotsu batzuk argitzeko. Landorri akademiako kadete gazte batek lagunduko dio: Edgar Allan Poek.

5_taula_The Pale

Tauletan, honela agertuko da film honen erreferentzia: [PBE]

Wednesday

Telesail hau naturaz gaindiko misteriozko komedia satirikoa da, Wednesday Addams eta Nevermore ikastetxea ardatz dituena. Nevermore ikastetxean, Wednesday bere botere psikikoak menderatzen eta gurasoak nahasi zituen misterioa argitzen saiatuko da. Aldi berean, herrian hainbat hilketa misteriotsu eta odoltsu gertatuko dira.

6_taula_Wednesday

Tauletan, honela agertuko dira telesail honen erreferentziak:

  • Lehen atala: [WED_1]
  • Bigarren atala: [WED_2]

Azpidazteko konbentzioak

Barambonesek eta Zabalondok (2006, 144) dioten moduan, azpidazteko konbentzioei dagokienez ez dago lege zorrotzik, eta enpresa batetik bestera zertxobait aldatzen dira. Azpidazteko arau eta konbentzioak horixe dira, konbentzio.

Azpidatzien formatua eta segmentazioa

Azpidazketa arruntean, azpidatzi bat lerro batekoa edo, gehienez ere, bikoa izaten da. Normalean, pantailaren behealdean eta erdian jarrita kokatzen dira, salbu eta pantailan beste testurik agertzen denean. Orduan, pantailaren goiko aldean paratu ohi dira, beheko aldean edo erdialdean agertzen den testua ez tapatzearren.

Bi lerroko azpidatzien kasuan, eta luzera desberdinekoak direnean, beti egokiagoa da goiko azpidatzia behekoa baino laburragoa izatea. Bi arrazoirengatik: lehenik, testuak gutxiago zikinduko duelako pantaila, eta, bigarrenik, begiak erosoago irakurtzen dituelako horrela antolatutako azpidatziak. Hona segmentazio egokiaren adibide pare bat:

7_taula_I forgot

Aztertu ditudan testuetan, ordea, ez da beti konbentzio hori errespetatzen, eta, gehienetan, lehen lerroa bigarrena baino luzeagoa izaten da. Sarritan, esan beharra dago, euskararen egituragatik beragatik zaila izaten da konbentzio hori errespetatzea, baina batzuetan nahikoa da esaldien ordena aldatzea edo osagairen bat birformulatzea, konbentzioari men egiteko. Honatx:

8_taula_Judyk

Segmentazioa dela eta, mezuaren irakurgarritasuna eta ulermena errazte aldera, sintagma baten erdian lerro-mozketak egitea saihestu beharko litzateke. Azken finean, testua zatikatzen dugunean, unitate gramatikalak errespetatu behar dira. Segmentazioa informazio-unitate logiko eta osoak aintzat harturik egin behar da. Ahal dela, bada, irizpide hau erabiliko dugu beti: ideia bat, azpidatzi bat. Horrela egitera, hau da, azpidatziak zentzuzko unitate logikoetan segmentatzen baditugu, ikusleek errazago eta eraginkorrago prozesatuko dituzte azpitituluak.

Horiek horrela, arau hauek bete behar dira (Barambones eta Zabalondo, 2006, 149-150):

  1. Galdegaia eta aditza lerro berean jarri behar dira.
  2. Aditz sintagma osoa lerro berean ematea komeni da.
  3. Izen sintagma ere lerro berean eman behar da, ahal dela.
  4. eta eta baina lerroz aldatzeko baliatu.
  5. ez eta ere partikulak, eragiten dioten atalaren lerro berean.

Hona hemen goiko konbentzioak aintzat hartzen ez dituzten adibide batzuk. Belztuta ageri dira lerro berean joan behar luketen sintagmak:

9_taula_Im telling you_desegokia

Hizkuntza-kalitatea

Atal honetan, azpidatzietan hauteman dudan hizkuntza-kalitateaz hitz egingo dut. Hizkuntza- kalitateak zerikusi zuzena du erabileremu bakoitzean egokia den hizkuntza-eredua erabiltzearekin. Azpidazketa idaztea den heinean, testuek erabilera estandar zaindua erabili behar dute, eta gramatikaltasuna errespetatu. Gramatika-akatsak, bada, baztertuak daude eremu honetatik. Orobat, batek espero dezake azpidatzitako testuek Euskaltzaindiak batasunerako emandako arauak beteko dituztela. Estiloarekin lotuago dauden kontuak aztertzea, ordea, ikerlan honetatik kanpo geratu dira.

Akats asko eta era askotarikoak topatu ditut aztertu ditudan telesailetan eta filmean. Horiek guztiak sailkatu, eta, ikerlanaren luze-laburra kontuan hartuta, multzo bakoitzeko adibide batzuk baino ez ditut erakutsiko.

Ortografia

Ortografiarekin lotutako akatsak dira begiak lehenik hautematen dituenak, baina, aldi berean, konpontzen errazenak dira, nahikoa izaten baita beste begi batzuek gure testuari begiratu bat ematea. Ez bide dirudi Netflixen kasuan beste begi horiek funtzionatu dutenik, ziur asko euskarazko testuek ez dutelako izan zuzentzailerik. Belztuta eman ditut ortografia-akatsak.

10_taula_Im telling you_itzulpena

Ortotipografia

  • Zenbaki kardinalen erabilera

Eguneroko erabileran, ohikoa izaten da milatik gorako zenbakietan zifrak hirunaka multzokatu eta puntuz bereiztea. Halere, nazioarteko arauek esaten dute punturik ez erabiltzeko eta horren ordez hutsune bat uzteko, bereziki testu jasoetan. Bestalde, Netflixeko estilo-gidaren arabera, bost digituko zenbakiak hutsune bat utzita idatzi behar dira, hots: 
50 000. Normalean, jarduera profesionaletan, bezeroari egin behar zaio kasu, eta hala jokatu dute itzultzaileek:

11_taula_I love

  • Zenbaki ordinalak

Zenbaki ordinalak puntuarekin idazten badira, puntua baino ez da erabili behar. Beraz, idazkera hau ez da zuzena:

12_taula_VICTIM

  • Orduak

Zifretan ematen direnean, konbentzioak esaten du minutuei singular-marka eransten zaiela. Kasu honetan, bigarren ordua gaizki idatzita dago:

13_taula_1_00

Ergatiboa

Harrigarria da ikustea nola batzuetan aditz iragangaitzei ere –egon eta etorri aditzei, kasu baterako– ezartzen zaien ergatibo-marka, berez aditz iragankorren subjektuak eraman behar baitu. Eta are harrigarriagoa da egiaztatzea akats hori nola errepikatzen den aztertutako ikus- entzunezko produktu guztietan:

14_taula_This story

Beste aditz batzuk, aldiz, iragangaitzak zein iragankorrak izan daitezke, eta kasuan kasu hartuko dute kasu-marka bat edo beste bat. Da nahiz du aditz-erregimenak onartzen dituzten aditzen artean, jarri eta fidatu aditzak ditugu. Ondorengo kasu bietan da motako aditzak diren arren, ergatiboaren marka ezarri zaie:

15_taula_I guess

Saiatu aditza ere, normalean, iragangaitza izaten da, salbu eta «saiakuntza egin» esanahia duenean. Beraz, beheko kasu honetan ez du ergatibo-markarik hartu behar:

16_taula_The frog

Gauza bera borrokatu aditzarekin, da sailekoa baita:

17_taula_Me and the floor

Euskara hizkuntza ergatiboa da, eta hizkuntzalari guztien ustez ergatibotasuna da euskararen bereizgarri nagusia. Beraz, eta salbuespenak salbuespen, aditz iragankor bat dagoenean, subjektuak ergatiboaren marka morfologiko hori eramaten du, nahitaez eraman behar ere. Adibide hauetan, urrezko araua ez da errespetatzen:

18_taula_Uh James

Aditz-sistema okerrak

Asko dira aditz-erregimen okerrak erabiltzen dituzten esaldiak. Lehen multzoan sartu ditut nor-nork erregimeneko aditz-sistema erabili beharrean nor-nori-nork erregimena erabiltzen dutenak. Hona haietako batzuk:

19_taula_I would

Bestalde, badira nor-nori-nork aditz-sistema erabili beharrean nor-nork aditz-erregimenekoa erabiltzen dutenak:

20_taula_I ll support you

Orobat aurkitzen dira nor-nori motako aditz-sistema erabili ordez nor-nori-nork motakoak erabiltzen dituzten adibide bakan batzuk. Hona hemen haietako bat:

21_taula_Point is

Aldatu aditzak bi aditz-erregimen onartzen ditu: du eta da. «Ideia» edota «iritzi» izenekin, biak onartzen ditu (ideia aldatu dut, ideiaz aldatu naiz), baina, instrumentala baliatzen badugu, orduan da aditz-erregimena erabili behar da:

22_taula_You re gonna

Jolastu aditza nor sailekoa da, ez nor-nork sailekoa:

23_taula_I ve been playing

Iraganeko baldintza hipotetikoa erabili da beheko adibide honetan, alegiazko ahalera erabili beharrean:

24_taula_I m failing

Ari izan aditzak, salbuespenezko kasu bakan batzuetan izan ezik, hala nola eguraldiaz ari garenean, edo ekialdeko erabilera zenbaitetan, ez du nork sintagmarik onartzen. Aditz iragangaitza da, eta, beraz, subjektuak ez du ergatiboaren kasu-markarik hartzen.

25_taula_Police

Komunztadura

Lehen adibide honetan, komunztadura egiteko orduan, izenak aintzat hartu beharrean, perpausa hartu du kontuan itzultzaileak, oker hartu ere:

26_taula_Oh you and your

Oraingoan, ordea, lehen izen-sintagma plurala da eta bigarrena singularra; beraz, komunztadura pluralean egin behar dute:

27_taula_So this vault

Beste kasu honetan, pertsona eta aditz-laguntzailea ez datoz bat:

28_taula_He s certainly

eta juntagailuaren bidez egiten diren juntadurek aditza pluraleko komunztadura egitera behartzen dute, ez singularrekoa:

29_taula_I need a tri wing

Partitiboa

Partitiboari dagokionez ere, erabilera okerrak daude azpidatzietan.

30_taula_There wouldn t

Kasu hauek bitxiak dira oso: lehen kasuan, adjektiboari eransten zaiolako, eta, bigarrenik, partitiboa nekez izan daitekeelako subjektua:

31_taula_I never said

Deklinabidea

Kasu-atzizkiak gaizki erabiltzen dira askotan, ez baita aintzat hartzen hitzen forma gordina, hau da, izena bere horretan, hiztegietan agertzen den bezalaxe, eta, horren ondorioz, kasu-atzizki okerrak topatzen ditugu. Beste batzuetan –instrumentalaren kasuan, esaterako–, kasu-marka ez-estandarra (-etaz) erabiltzen da.

32_taula_I m honoured

Mugagabea

Beti komeni da izen-sintagma mugagabea eta mugatua ondo bereiztea, adierazi nahi duguna ondo uler dezaten azpidatzitako testuak irakurtzeko lana hartzen dutenek.

33_taula_I got it in

Ahaleraren erabilera okerra

Ingelesez, ahalera erabiltzen da, besteak beste, zerbait adeitasunez eta era formal batean eskatzen denean. Euskaraz, geroaldia baliatu ohi dugu.

34_taula_Or you could

«Elkar» izenordain elkarkaria

Egia da ahozko hizkeran eta, bereziki, lagunarteko hizkeran, askotan entzuten direla nor-nork aditz-sistemaren ordez nor sistemarekin osaturiko esaldiak. Halere, idatzizko euskara jasoan, nor-nork erregimeneko aditz-sintagma hobetsi behar da.

35_taula_How long

Egitura bihurkariak edo erreflexiboak

Honelako egituretan erabiltzen den aditza du erregistrokoa da. Da erregimeneko aditz-sistema erabiltzea ez da zuzena.

36_taula_But ask

«Eta gero» egitura

Euskaltzaindiaren Hiztegiak dio gero partizipioaren ondotik erabili behar dela halako egituretan, ez izenaren ondotik. Hortaz, *biltzarra eta gero egitura ez da zuzena. Egia da, halere, ahoz gero eta gehiago entzuten direla era horretako egiturak.

37_taula_I broke

«Ohi» partikula

Ezezko perpausetan, aditz-laguntzailearen edo aditz trinkoaren ezkerrean jartzen da ohi, hau da, ez + ohi + aditz-laguntzailea/aditz trinkoa. Orobat erabil daiteke aditz-laguntzailearen atzetik, hau da, aditzaren (aditza partizipio burutuan edota burutugabean) ondo-ondoan: aditza + ohi + ez + aditz-laguntzailea (adibidez, sekula entzun ohi ez dena). Azkenik, aditz-laguntzailearen atzetik ere erabili izan da (ez zaie gertatu ohi). Baina izen-sintagmaren ondoan eta aditzaren aurretik ez da erabiltzen:

38_taula_I don t get around

-(e)laren atzizki okerra izenak gobernaturiko perpaus osagarrietan

Izenek gobernatzen dituzten perpaus osagarrietan, -(e)lako edo -(e)n atzizkiak erabiltzen dira, eta ez *-(e)laren:

39_taula_I was inclining

Miszelanea

Atal honetan sartu ditut sailkatzen zailak diren beste fenomeno batzuk, hala nola itzulpen okerrak, egitura ulergaitzak, eta abar.

40_taula_After the Green Knight

Ondorioak

Euskarazko azpidazketa ezezaguna gertatuko zaio jende askori, orain dela gutxi arte oso jarduera bakana izan baita euskarazko itzulpengintzaren sistemaren barruan. Ikus-entzunezkoen lege berriari esker, ordea, VOD plataformak hasiak dira euskarazko azpidatziak eta, neurri apalagoan, bikoizketak ere eskaintzen. Plataforma horiei esker, baiezta daiteke gaur egun euskarazko azpidazketak loraldi halako bat bizi duela. Hori dela eta, interesgarria begitandu zitzaidan plataforma horietako batean –Netflixen, hain zuzen– euskarazko azpidatzien osasun linguistikoa aztertzea. Plataforma horretako bezeroa edo kontsumitzailea naizen aldetik, filmen bat edo telesailen bat euskarazko azpidatziak aktibatuta ikusi izan dudanean, zapore mingots batekin bukatu dut gehienetan, irakurtzen nituen azpidatzien hizkuntza-kalitatea ez zelako nik espero bezalakoa. Horrek akuilatu ninduen Netflixek eskaintzen dituen euskarazko azpidatziak sakonago eta zabalago aztertzera, ea nire hasierako inpresioak inpresio bat besterik ez ziren ala inolako oinarririk ba ote zuten egiaztatzearren.

Euskararekin lan egiten dudanez, euskarazko eskaintzaren kantitatea bainoago kalitatea dut kezkabide. Azpidatzien hizkuntza-kalitatea aztertzerakoan ez naiz ibili euskara perfektu eta makulagabe baten bila, baina ispilu bat behar nuen azterketa linguistikoa egiteko. Ispilu hori euskara batua izan da, eta oroz gain hiztunen idatzizko erabilera landuak ezarritako arau eta konbentzioak. Eta, euskarazko azpidatziak ispilu horren aurrean paratu ditudanean, arau eta konbentzio gehienek herren egiten dutela ohartu naiz. Esango nuke gramatikaren erabateko kolapso baten aurrean gaudela, eta kolapso hori oso zabalduta dagoela aztertu ditudan testuetan. Bost itzultzaileren azpidazketa aztertu eta gero, ondorio gisa esan dezaket guztien azpidatzietan errepikatzen direla akats berak, sistematikoki errepikatu ere. Akats horiek euskararen oinarrizko arauak bortxatzen dituzte, eta uste dut egoera honen berri eman beharra zegoela, konpontzeko mekanismoak abian jar ditzaten horretarako ahalmena edo gaitasuna dutenek. Arazoa sistemikoa da, bost itzultzaileak gaizki aritu baitira. Nabarmena da ez dela berrikusketarik egiten, eta egoera honek funtsezko bi galdera hauek botatzera narama: lehenik, nola esleitzen ditu Netflixek enkarguak?; eta, bigarrenik, ez dago inolako galbaherik itzulpena itzultzaile bati edo beste bati enkargatzeko orduan?

Lehenengo eta behin, itzulpen-prozesuaren katean itzultzailearen lana ikuskatuko duten zuzentzaileak beharrezkoak dira, baina beldur naiz Netflixen kasuan katebegi horrek herren egiten duela. Ondo dago euskarazko edukiak eskaintzea, baina eduki horien hizkuntza-kalitatea zaindu beharra dago, gero eta ikusle gehiagok goza dezan jatorrizko ikus-entzunezko produktuak euskarazko azpidatziekin ikusten.

Kalitatea ziurtatze aldera eta itzulpen-zerbitzuetako kalitate-arauari jarraikiz, beharrezkoa da itzulpen-prozesuaren emaitza itzultzailearenak ez diren beste begi batzuek berrikustea, emaitza albait bikainena izan dadin. Itzulpen-jarduera orok bi fase izan behar ditu: itzulpen-fasea eta berrikuspen-fasea. Itzulpen-faseak bakarrik ez du –egindako azterketak hori baieztatu dit behintzat– kalitatea bermatzen. VOD plataformetan euskararen presentzia areagotzea ondo dago, baina presentzia horrek kalitatearen eskutik etorri behar du, bezerook kalitate-labela izango duten euskarazko azpidatziak ikustea eskatzen dugulako. Azken finean, kalitatea bermatzen ez bada, ikusleek ez dituzte euskarazko azpidatziak ikusiko, eta aukeran nahiago izango dute ingelesezko edo gaztelaniazko azpidatziak aktibatu.

Etorkizunari begira, interesgarria litzateke aztertzea itzultzaileek zer-nolako baldintzatan egin behar duten azpidazketa-lana, baldintza horiek, bereziki lana entregatzeko epe estuek eta ordainsari kaskarrek, badutelako eraginik amaierako emaitzan.

BIBLIOGRAFIA

Agustín-lacruz, Carmen eta Gómez-díaz, Raquel (2021). «En el laberinto de las plataformas VOD: Un estudio comparativo de Netflix, Amazon Prime Video, HBO, Movistar+ Lite, Filmin y Disney+», Cuadernos de Documentación Multimedia, 32, e72919. (Kontsulta: 2023-03-6).

Barlovento comunicación (2022). «Análisis de la industria televisiva-audiovisual 2022», Barlovento Comunicación. (Kontsulta: 2023-02-22).

Barambones, Josu eta Zabalondo, Beatriz (2006). Ikus-entzunezko itzulpena, Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea.

Euskaltzaindia (2018). Euskara batuaren eskuliburua, Bilbo: Euskaltzaindia, 4. argitaraldia.

Euskara institutua, ehu, «Hizkuntza ergatiboa», Sareko Euskal Gramatika (SEG), (Kontsulta: 2023-03-10).

Kultura eta kirol ministerioa (2022). «Encuesta de hábitos y prácticas culturales 2021-2022». (Kontsulta: 2023-03-02).

13/2022 legea, uztailaren 7koa, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzkoa. (Kontsulta: 2023-01-27).

Uema (2022). «Ikus-entzunezkoen kontsumoa udalerri euskaldunetan». (Kontsulta: 2023-03-02).

Zer non ikusi. (Kontsulta: 2023-01-22).


1. Netflix bi izenez osaturiko laburdura bat da: net, hots, «sarea», eta flix, flicksetik, hau da, «filmak», hizkera kolokialean.

2. Maiatzaren bukaeran, Zer Non Ikusi webgunean, 17 euskarazko audio eta 106 eduki zeuden Netflixen euskarazko azpidatziekin. Gaur egun, Netflixek 6.700 titulu baino gehiago ditu eskuragarri Espainian, eta haietatik 3.500 baino gehiago filmak dira. Beraz, euskaraz badago zer bikoizturik eta zer azpidatzirik.