Gailur Ekaiztsuak
Emily Brontëren Gailur Ekaiztsuak nobela klasikoaren euskaratzea kari, artikulu honek Irene Aldasoro itzultzailearen jarduna kritikoki aztertzea du xede, itzulpen-konparazioa oinarri gisa harturik. Brontëren nobelaren itzulpena lan mardul eta sakona izaki, artikuluak ezin du azterketa orobat sakonik egin, eta, horrenbestez, Aldasororen itzulpenaren berezitasunik behinenak baino ez ditu aipatzen, guztiak ere itzulpena eta jatorrizko testua parez pare aztertuta. Izenburuaren itzulpenari eta euskalkien erabilerari erreparatzen zaio, besteak beste, baina azterketaren muina obraren estilo jasoa da, zeina hainbat baliabiderekin ematen baita hala jatorrizkoan nola itzulpenean.
Sarrera
Besteren itzulpenean muturra sartzeak beti du zerbait plazer ezkututik, baina batez ere nork bere intimitatean egiten duenean. Besterik da beste itzultzaileen jardunaren azpildurak bilatu eta jendaurrean bistaratzeko langintza xehean aritzea. Halakoetan, seguruagoa izan ohi da bisturia itzultzaileak berak zuzentzea, hartara nahieran justifika baitezake bere lana, barkazioa eskatzeko edo mendeku-zina egiteko irakurleei.
Gailur Ekaiztsuak nobela ez da nolanahiko obra, eta itzulpena ere ez du nolanahikoa. Literatur Itzulpenaren Euskadi Saria eman zioten 2018an, eta ez alferrik. Mimoz eta tentuz egindako itzulpena baita, jatorrizko testuaren hamaika plegu eta ahotsetara ederki moldatzen dena, neurri-neurriko eskularrua nola. Aztergai gaitza, inondik ere, Irene Aldasororen buru- barrenean bizi ez denarentzat; izan ere, itzulpena eta jatorrizkoa konparatzen hasten denak inpresioa du ezer gutxi duela komentatzeko, testu itzuliak berak baitio esan beharreko guztia. Barka, beraz, irakurle, nekez esan litezkeenak esateko ohar solte eta baldar samar hauengatik. Eta barka, noski, Irene Aldasoro, zeinaren lanak benetan merezi baitu azpildurak jendaurrean erakustea.
Gailur Ekaiztsuak
Emily Brontëk utzi zigun nobela bakarra dugu, hil baino urtebete lehenago argitaratua eta idazlearen bizialdian (30 urte doi) batere arrakastarik izan gabea. 1847 hartako kritikek liburu lakartzat jotzen dute, zenbaitek baita original eta indartsutzat ere, baina oro har kritika moralista ugari izan zituen: «Misterio hutsa da nola saia zitekeen gizaki bat halako libururik idazten bere buruaz beste egin gabe dozena bat kapitulu amaitzerako. Zitalkeria trauskilen eta naturaz kanpoko horroreen nahaste bat da [a compound of vulgar depravity and unnatural horrors]».[1] Batzuek bereziki ez-femeninotzat ere jotzen dute: «Lakarregia baita gizonentzat ere, lakarra hizkuntzaz eta kontzepzioz» (Allot, 1974, 292. or.).
Eta, galbahe moralistak gorabehera, ezin esan erabat oker zeudenik. Izan ere, tradizioak maitasun-istoriotzat saldu digun arren, Gailur Ekaiztsuak nobela latza da, eta perbertsoa. Berrogei urte eta bi pertsonaia-belaunaldi biltzen ditu, guztiak ere Yorkshire aldeko moorren paisaia mortu eta latzean girotuak. Muin-muinean maitasun ero eta galbideratu bat dauka, Heathcliffen eta Catherineren artekoa, baina amodiozko istorioa erabat aienatuta geratzen da Heathcliffen herrazko deabrutasunean. Muturreraino eramandako pasioak eta gorrotoak: nobela erromantiko peto-petoa.
Itzulpenari erreparatzeko, ezin Brontëren idazkera aipatu gabe utzi. Eleberri osoan hainbat estilo eta erregistro gurutzatzen dituen arren (gehienbat pertsonaien mintzaldietan), oro har nahiko molde jasoan dago idatzia, are hanpurusean ere; zenbaitek —tartean Somerset Maugham idazleak— baldartzat jo dute erregistroa goratzeko idazmolde hori. Maughamek berak bere Ten Novels and Their Authors lanean dioenez, Gailur Ekaiztsuak «gaizki idatzia» dago, «estilo hanpatu eta pedante» batean. Hala ere, aitortzen dio baliorik idazmolde horri:
Badago nolabaiteko pathos bat apaiz-alaba hau [Brontë] hain errime saiatzean dotorezia hanpatuz idazten […] batek ez luke nahi Gailur Ekaiztsuak grazia handiagoz idatzia izaterik; ez zatekeen nobela hobea izango hobeki idatzia egonagatik. […] hortaz, hizkuntzaren estilizazio trakets honek badu zerbait goratu egiten duena, bitxiki, istorioaren pasio bortitza.
(Maugham, 1954)
Onartu beharra dago, baina, idazmolde jaso hori gorabehera, Brontëk hainbat erregistro eta estilo erabiltzen dituela nobela osoan, gehienbat pertsonaiak karakterizatze aldera. Batetik, bi narratzaile homodiegetikoek mintzamolde arras desberdinak dituzte, eta, hala, ahots bereiziz gidatzen dute kontaera. Bestetik, pertsonaia bakoitzaren mintzaldiak kontuz ezaugarrituta daude pertsonaiaren beraren arabera; hor dugu, adibidez, Joseph pertsonaia, zeinaren hizkera dezente aldentzen den ingeles estandarretik Yorkshire aldeko azentu baterantz —berariaz erreparatuko diogu aurrerago—; eta Heathcliff, protagonistetako bat, zeina, eskuarki zuzentasunez eta tarteka dotoreziaz ere mintzatuagatik, zakarra eta maldiziozalea baita:
‘And you, worthless —’ […] There you are, at your idle tricks again? The rest of them do earn their bread —you live on my charity! Put your trash away, and find something to do. You shall pay me for the plague of having you eternally in my sight, do yo hear, damnable jade? (21. or.)
—Eta zu, ezertarako ez den… […] Hor zaude, trikimailu alfer horietan orain ere! Besteek beren ogia irabazten dute; zu, berriz, nire karitatetik bizi zara! Utzi zabor hori, eta bilatu egitekoren bat. Ordaindu beharko didazu zu sekula guztian nire begien aurrean eduki beharraren zigorra; aditzen duzu, sorgin madarikatu horrek? (57. or.)
Izenburua
Liburu honek azalean bertan darama itzultzailearentzako lehen buruhaustea: Wuthering Heights, euskal herritarrok Cumbres borrascosas edo Les Hauts de Hurlevent [2] gisa ezagutuko genuena nagusiki. Kontua da Brontëk nobelaren hasiera-hasieran ekartzen duela izenburua lerroen artera, eta joko polit bezain —itzultzailearentzat— malapartatu bat egiten:
Wuthering Heights is the name of Mr Heathcliff’s dwelling, ‘Wuthering’ being a significant provincial adjective, descriptive of the atmospheric tumult to which its station is exposed in stormy weather. (2. or.)
Wuthering Heights (Gailur Ekaiztsuak) du izena Heathcliff jaunaren egoitzak, “Wuthering” delarik probintziako adjektibo adierazgarri bat, etxea dagoen tokiak ekaitzaldietan jasaten duen inarrosaldi atmosferikoa deskribatzen duena. (20. or.)
Gailur Ekaiztsuak, beraz, beste ezer baino lehen, toponimoa da: oikonimoa, edo etxe-izena. Are gehiago: etxe-izen berezi bat da, baita ingelesez ere, narratzaileak emandako azalpenarekin argi geratzen baita espero duela irakurleak —ingelesezko irakurle jatorrizkoak ere— ez jakitea zer esan nahi duen wuthering hitzak. Hortaz, jatorrizkoan ere, hitza ez da batere gardena. Merriam-Webster hiztegiaren arabera, hauxe da wuther aditz iragangaitzaren definizioa: «to blow with a dull and roaring sound». Ingalaterrako marka dialektal eta guzti. Beraz, hitza bere horretan itzultzea ez da aski, narratzailearen azalpenak zentzurik ez galtzeko moduan itzuli beharko bailitzateke. Idealki, joko poliedriko arantzatsu hori euskarari emateko, itzultzaileak wutheringen pareko hitz bat bilatu beharko zukeen, zeinak esanahiari eusten dion eta aldi berean oikonimo ez-garden gisara funtzionatzen duen. Horrez gain, baina, kontuan hartzekoa da Wuthering Heights edo Gailur Ekaiztsuak etxearen izenetik askoz harago doala, eta kasik nobela osoaren metonimia bat dela, bertan biltzen baitira istorioa, pertsonaiak, girotzea, Brontëren idazmolde ekaiztsua… Karga sinboliko hori guztia erantsi behar zaie bi hitzoi.
Ez da erronka makala, beraz, ezinezkoa ez esateagatik. Ikus dezagun, halakoetan egin ohi den legez, nola jokatu duten gure erdaretako itzultzaileek:
Wuthering Heights (Les Hauts de Hurle-Vent), tel est le nom de l’habitation de Mr. Heathcliff: «wuthering» est un provincialisme qui rend d’une façon expressive le tumulte de l’atmosphère auquel sa situation expose cette demeure en temps d’ouragan. (9.-10. or.)
Cumbres Borrascosas es el nombre de la finca del señor Heathcliff. Se trata de una denominación de toponimia local y el adjetivo “borrascosas” alude significativamente a las perturbaciones atmosféricas a que por su situación se ve sometida cuando el tiempo se pone de tormenta. (6. or.]
Zuhurtasunaren bidetik, Aldasorok Frédéric Delebecqueren erabaki bera hartzen du: zuzen eta garbi itzuli du Gailur Ekaiztsuak, baina pasarte horretan jatorrizkoari eutsita, hartara narratzailearen esplikazioa ez porrokatzeko. Ez da aukerarik dotoreena, baina bai osoena, eta erabat ulertzekoa itzultzaile gisa. Alabaina, literaturaren aldetik, beldur naiz ez ote den gehitxo bermatzen narratzailearen azalpen horretan, eta ez ote duen narratzailea bere mugetatik harago luzatzen. Izan ere, hitzak erantsi zaizkio narratzailearen jardunari; alegia, nolabait manipulatuta geratu da testuaren edukia bera, eta zalantza dut horrek ez ote duen narratzailearen ahotsa kaskartzen eta itzultzailea gehiegi bistaratzen. Hipotesiaren erreinuan mintzo naiz, baina ez dakit noraino merezi zuen ingelesezko izena eranstea, osagarri gisa bada ere, ikusita nola, gaztelaniazko itzulpenean, Carmen Martín Gaiteri ez zitzaion lekuz kanpo geratu borrascosas hori, wuthering baino askoz ere ohikoagoa izan arren. Nolanahi ere, erabaki zuhurra da, eta, pasarte apur bat zalantzazko hau gorabehera, nobela osoan ederki funtzionatzen du Gailur Ekaiztsuak izenburuak.
Euskalkiak literatura itzulian
Ikusita euskalkien auziak zer-nolako grinak pizten dituen gurean, itzultzaile batentzat erabaki ausarta da estandarra aldaera geografiko batera makurtzea jatorrizkoaren aldaera horiek emateko. Gure belaunaldiak ondo gogoan du nola Iñaki Mendigurenek bizkaiera batuan (edo batu bizkaitarrean, nondik begiratzen zaion) hitz eginarazi zion Hagrid pertsonaiari Harry Potter liburuetan. Erabaki ausarta, inondik ere, eta kritika ugari jaso zituena; horren erakusgarri dugu Egunkariaren Bizkaia gehigarriko lerroburu zorrotz bat, 2002ko maiatzaren 12koa. Filmaz ari da, baina Mendigureni zuzendua dago argi eta garbi: «Harry Potter filmaren euskarazko bertsinoan agertzen dan pertsonaia baldar bakarrak bizkaieraz egiten dau».
Eta, era horretako kritikak gorabehera, batek pentsa lezake euskalkietara lerratzeko bulkada hori ez ote den, euskalki jakin batzuk gutxiesteko intentzioa bainoago, euskara batua oraindik erabat errotu gabe ote daukagun sintoma. Gogoeta-lerro horrek luzaz gainditzen ditu artikulu honen mugak, baina ezin uka, nolanahi den, halako itzulgaiei euskalkien kolorea eranstea aukera ederra dela, labainkorra izanagatik, estandarraz besteko mintzaldion aniztasunari eusteko eta ez, adibidez gaztelaniaz egin ohi duten bezala, homogeneizatzera jotzeko.
Oraingo honetan, Irene Aldasorok ere bide horiek urratu ditu, eta Goierri aldeko hizketa- moldeetara hurbildu ditu Joseph pertsonaiaren elkarrizketak:
T’ maister nobbut just barueid, and Sabbath nut oe’red, und t’sahnd uh’t gospel still i’ yer lugs, and yah darr be laiking! shame on ye! sit ye dahn, ill childer! they’s good books eneugh if ye’ll read’em: sit ye dahn, and think uh yer sowls! (14. or.)
Nausia lurperatu berri; domekea amaitu be, ta ebanjelioko hitzek oandio belarritan dituzuela, jolas eiten atrebitzen zate? Lotsagabeak! Eseri hor, umegorriok! Baa hemen nahikoa liburu on leitu nahi izan ezkeo; eseri, eta pentsatu zuen ariman! (44. or.)
Euskalkiaren ezaugarriak ez daude nolanahi aukeratuak; nabaria da Aldasoro eredu estandarretik abiatu dela, eta batutik euskalkiranzko bidea egin duela —egia da, bestalde, euskalkiaren talka bizkaieraren kasuan baino txikiagoa dela, gipuzkera gertuago baitago estandarretik—. Batutik kanpoko ezaugarri gehienak fonetikoak dira: bokalen arteko kontsonante ahostunen ezabatzeak (bada > baa, nagusia > nausia), silaba pretonikoen elipsiak (eta > ta, gabe >be) …
Errepara diezaiogun orain Carmen Martín Gaiteren gaztelaniazko itzulpenari ere, zeina eredu estandarretik aldendu gabe saiatu zen Josephen mintzaldiak ematen:
Aw wonder hagh yah can faishion tuh stand thear i’ idleness un war, when all on ‘em’s goan aght! Bud yah’re a nowt, and it’s noa use talking —wah’ll niver mend uh yer ill ways; bud, goa raight tuh t’divil, like yer mother afore ye! (10. or.)
Ez tait nola molda zaitezkeen hor alperkeriin eo zerbait okerragoon eoteko, danak kanpoa junda diila! Ezertaako etzea, ordea, ta alferrik da eze esatea. Etzea inoiz zentzatuko, eta deabruna jungo zea zuzeneen, aurretik zue ama jun tzan bezela! (35. or.)
No me explico cómo es usted capaz de estarse ahí todo el día mano sobre mano, calentándose tan tranquila mientras trajinan los demás. Pero de qué sirve decirle nada a un ser inútil que nunca será capaz de corregir sus resabios. ¡Tenga por seguro que se irá de patitas al infierno, lo mismo que su madre! (19. or.)
Efektua erabat desberdina da: nabari da Martín Gaite saiatu dela ahozko erregistro informal zahar batera hurbiltzen (mano sobre mano, trajinar, resabio, de patitas al infierno), baina, jatorrizkoan eskuarki fonetikan gertatzen diren berezitasunak morfologiara eta —batez ere— lexikora eramanez, Martín Gaiteren hautuak okerrago eusten dio denboraren joanari (1984an eman zen argitara). Gaur egun irakurrita, gehiago dirudi pertsonaia xelebre eta refranero baten mintzaldia.
Efektu hori da, hain justu, guztiaren giltzarria; izan ere, hizkera hori ez da apeta soila, eta ematen duen efektua pertsonaiaren karakterizazioaren parte da. Beraz, ezin da aise saihestu, ezta edonola konpondu ere. Joseph nekazari zakar eta petraldu bat da, beti errietan dabilena, ozpinduta, ingurukoei kargu hartzen eta Bibliaren pasarte ilunak errezitatzen. Pertsonaia gisa apenas duen garapenik, baina oso dago karakterizatuta, hain justu ere Gailur Ekaiztsuen girotzearen parte delako.
Hizkera karakterizazio negatibo horren parte bada —eta nolabaiteko klase-hierarkia baten isla, ezin uka—, eta itzultzaileak hizkuntza-aldaera hori ezinbestean adierazi behar badu —gurean aldaera geografiko baten bidez—, bada, hautaturiko aldaera geografikoa nolabait loturik geratzen da, ezinbestean, karakterizazio negatibo horri. Uste dut Harry Potterrekin piztu ziren kritikek ere horretan zutela oinarria. Alabaina, ez genuke ahaztu behar pertsonaien karakterizazioa idazleak egina dela, ez itzultzaileak, eta azken horren egitekoa idazlearen lana ahalik eta osoen eta koloretsuen ekartzea dela. Eta, nire iritziz, euskalkiak era honetan erabiltzeak kolore polita ematen dio testuari.
Estiloa eta erregistroa
Nobelak, esan bezala, bi narratzaile nagusi ditu: Lockwood jauna, istorioaren abiaburua, zeinak bere egunerokoan idazten duen Gailur Ekaiztsuetan gertatuen berri, eta Nelly etxezaina, zeinak etxaldearen azken 40 urteko historia kontatzen dion Lockwoodi. Bi narratzaileon ahotsak aski desberdinak dira, eta merezi du aztertzea zer ezaugarri orokor dituzten hala narrazioetan nola mintzaldietan.
Lehen narratzailea: Lockwood jauna
Lehenbiziko narratzaileak oso estilo arranditsu eta jasoa dauka; perpausak korapilatu eta luzatzeko joera du, batez ere elkarrizketetan, deixia barra-barra erabiliz, eta tartekiak ere, franko. Idazmolde horrek badu zentzurik; urruntasuna transmititzen digu, eta istorioan —berak narraturiko zatian— Lockwood etengabe arrotz sentitzen dela ematen digu aditzera. Outsider bat baita, Gailur Ekaiztsuetako istorio ilunaren eta irakurleen arteko bitartekaria. Ikus ditzagun haren narrazio-moldearen adibide batzuk:
There was such anguish in the gush of grief that accompanied this raving, that my compassion made me overlook its folly, and I drew off, half angry to have listened at all, and vexed at having related my ridiculous nightmare, since it produced that agony; though why, was beyond my comprehension. (20. or.)
Halako larrimina erakusten zuen eldarnio hartan lehertu den nahigabeak, ezen zentzugabekeria hari ez ikusi egitera eraman bainau errukiak, eta aldendu egin naiz, erdi haserre hura batere entzun izanaz, eta gaitziturik nire amesgaizto barregarria kontatu izanaz, halako oinazea eragin duenez, nahiz eta zergatia nire ulermenetik kanpo egon. (55. or.)
Itzultzeko orduan, badirudi Aldasoro oro har irizpide nagusi bati atxiki zaiola bi narratzaileekin; orpoz orpo —edo albait gertuen— jarraitzea perpausen jatorrizko egitura sintaktiko orokorrari, jariorik eten gabe. Horretarako, atzerakarga saihestera jotzen du, hartara tartekiak eta aposizioak ere lasai eransteko:
I, who had determined to hold myself independent of all social intercourse, and thanked my stars that, at length, I had lighted on a spot where it was next to impracticable —I, weak wretch, after maintaining till dusk a struggle with low spirits and solitude, was finally compelled to strike my colours; and, under pretence of gaining information concerning the necessities of my establishment, I desired Mrs Dean, when she brought in supper, to sit down while I ate it; hoping sincerely she would prove a regular gossip, and either rouse me to animation or lull me to sleep by her talk. (22. or.)
Ni, gizarte-harreman orotatik aparte egoteko erabakia hartu, eta, azkenean, halakorik izatea ia ezinezkoa den toki batean suertatu naizelako nire izarrari eskerrak eman dizkiodan hau, ni, koitadu herabe hau, adorerik ezarekin eta bakardadearekin ilunabarra ere borrokan jardun eta gero, bandera beheratu beharrean gertatu naiz; eta leku berrian kokatzearen beharkizunei buruzko informazioa eskuratzeko aitzakiarekin, Dean andreari eskatu diot, afaria ekarri didanean, esertzeko nirekin nik afaldu bitartean, bene-benetan itxaroz berritsu petoa suertatuko ahal zaidala emakumea, eta haren solasak dela animoa suspertuko didala, dela lotarako urrumatuko nauela. (60. or.)
Lockwoodek estilo hanpurus horri eusten dio mintzaldietan ere; are, esango nuke itzultzaileak narrazioan baino maizago erabiltzen dituela ezen, harik eta eta halako baliabide prepositiboak. Halaber, aditz-deixi ugari erabiltzen ditu, bere buruari erreferentzia egite aldera:
Yet, I’ll venture to say, that, surrounded by your family, and with your amiable lady as the presiding genius over you home and heart… (8. or.)
Hala ere, ausartuko nintzateke esatera ezen, familia inguruan duzularik, eta zure emazte atsegina etxeko eta bihotzeko jeinu babesle duzularik… (32. or.)
Lockwood jauna naiz; zure maizter berria, jauna. Iritsi eta hainbat arinen etortzeko ohorea egin diot neure buruari, adierazi nahi baitizut espero dudala ez zintuela gogaitaraziko Birigarro Gurutzeko Etxaldea hartzeko erakutsi dudan setak. Atzo entzun nuen erabili dituzula asmoak… (19. or.)
Eguraldi makurra! —esan nuen nik—. Beldur naiz, Heathcliff andrea, ateak ez ote dituen pagatu beharko zuen zerbitzarien arta astitsuaren ondorioak. (29. or.)
Bigarren narratzailea: Dean andrea
Ellen Dean edo Nelly dugu narratzaile nobelaren parterik handienean. Etxezain aritzen da Gailur Ekaiztsuetan, eta, hortaz, espero izatekoa da haren estiloa ez izatea Lockwood hiritarrarena bezain hanpatua, eta gertuago egotea ahozkotik —ahoz ari zaio-eta kontatzen Lockwood jaunari—. Eta, hala den arren, Deanek batzuetan gehiegi jasotzen eta hanpatzen du diskurtsoa. Somerset Maughamek hori salatzen dio Emily Brontëri, nobela gaizki idatzia dagoelako kritikaren barruan:
Elkarrizketako estiloa egokia litzateke; Emilyk [Brontëk] inongo gizakik ezingo lukeen bezala hitz eginarazten dio. Hona hemen pasarte tipiko bat: «Hari buruzko arrangura guztiak leuntzen saiatu nintzen, behin eta berriro errepikatuz ezen konfiantzari traizio egite hura, baldin eta halako deitura gordinik merezi bazuen, azkena izango zela». […] Izugarri handiustea da haren diskurtsoa.
(Maugham, 1954)
Hala eta guztiz ere, ezin uka daiteke Ellenen estiloa oro har arinagoa dela Lockwoodena baino, lotuagoa elkarrizketari eta ahozkoari, baita narrazioan ere:
Hura zen, eta oraindik ere hala izango da seguruenera, inoiz Biblia arakatzen ibili den santu-usteko fariseu aspergarriena, zertarako eta bedeinkazioak bere aldera biltzeko eta madarikazioak hurkoari jaurtitzeko. (27. or.)
Pasarte jaso samarrak, dena den, ez dira gutxi:
—Zure aita ikustera etorri naiz, Hareton —erantsi nuen, haren egintzagatik antzemanez ezen Nelly, emakume hura haren oroimenean bizirik bazegoen behinik behin, ez zuela nirekin identifikatzen. (165. or.)
Estiloa ez da Lockwoodena bezain hanpatua, baina batzuetan hark bezala kiribiltzen ditu perpausak. Iruditzen zait itzultzaileak desberdin erabili dituela baliabide prepositiboak Lockwoodekin eta Nellyrekin; bi-bietan nabarmen arintzen dute testua, batez ere sintaxia katramilatzen delarik, baina nago Lockwoodengan funtzio estetiko bat ere badutela, diskurtso orokorraren edergarri, eta Nellyrengan, berriz, erabat funtzionalak direla, tresna hutsak sintaxiaren egitura hautsi gabe irakurlea ez galtzeko.
Izan ere, Lockwoodek nagusiki elkarrizketetan erabiltzen ditu baliabide prepositibo horiek, aditz-deixiarekin batera, eta Nellyk, aldiz, narrazioan bakarrik. Horrek asko desberdintzen ditu biak, elkarrizketetan Nellyren erregistroa askoz ere egokituagoa baita:
—Mina! —oihu egin nuen haserre—. Hil ez bada, inozo geratuko da! Ene! Ez dakit nola ez den ama hilobitik altxatzen nola darabilzun ikustera. Fedegabe bat baino okerragoa zara: zeure odol eta haragikoa modu horretan tratatu! (118. or.)
Akaburako
Gailur Ekaiztsuak itzulpen-lan mardula da, eta iruzkin solteok ez dira lan horren ezaugarrien lagin txiki bat besterik. Azterketa honetatik kanpo geratu dira erreferentzia kulturalen itzulpenak, oin-oharrak, Ingalaterrako folkloreari dagozkion hainbat hitzen euskaratzeak eta beste hainbat gai interesgarri. Izan ere, itzulpen oparo honek baditu beste hamaika ertz, ezinbestean kontuan hartu beharrekoak inoiz itzulpen osoa begi zorrotzagoz aztertzekotan. Halarik ere, uste dut iruzkin xumeok lagungarri direla itzulpenari traza hartzeko eta gogoeta egiteko berezitasun horien inguruan; izan ere, Gailur Ekaiztsuak bezalako klasiko bat euskaratzeak dakartzan arazoak, buruhausteak eta gorabeherak finean ez dira edozein itzulpen-lanetan aurki ditzakegunen oso bestelakoak, guztiak ere nola edo hala lotzen baitzaizkie gure hizkuntzaren hertsadurei eta txikitasunei.
Hitz beste egin aurretik, baina, gogoeta gisa iradoki nahi nuke inpresioa dudala ezen azken boladako hainbat itzulpenek —tartean, noski, Gailur Ekaiztsuak honek— fintasun bereziz atzitzen dutela orain arte euskaraz nekez irakurtzen genuen idazkera puztu bat, erregistro jaso oso partikular bat, anglosaxoi-tankerakoa esango nuke, gure inguruko erdara latindarretako estilo puztuaren arrunt desberdina; Kazuo Ishiguroren Egunaren hondarrak, esaterako, horren adibide iruditzen zait. Baliteke inpresio hori oso okerra izatea, eta, ez bainaiz gogoeta areago zehazteko gauza, isiltzea izango dut onena, Irene Aldasororen itzulpen bikain honen eta orobat gure hizkuntzaren garaipenak diren itzulpen guztien gorazarrean.
Bibliografia
Gailur Ekaiztsuak
Brontë, Emily (2017). Gailur Ekaiztsuak, Literatura Unibertsala bilduma: Erein eta Igela.
——— (1992). Wuthering Heights, Londres: Wordsworth Editions.
——— (1984). Cumbres Borrascosas, Bartzelona: Editorial Bruguera.
——— (1931). Les Hauts de Hurle-Vent (Wuthering Heights), Bibliothèque électronique du Québec.
Besteak
Allot, Miriam Farris (ed.) (1974), The Brontës: The Critical Heritage. New York: Routledge.
Bloom, Harold (ed.) (2008). Bloom’s guides: Emily Brontë’s Wuthering Heights. New York: Bloom’s Literary Criticism. [azken kontsulta: 2019-04-09]
Maugham, Somerset (1954). Ten Novels and their Authors, London: Heinemant.
Oharrak:
1. Kritika hori Graham’s Lady Magazinen kaleratu zen, 1848an. Aipua The Telegrapheko «How Wuthering Heights caused a critical stir when first published in 1847» artikulutik aterea da; artikulu horretan, nobela kaleratu zen garaiko kritika gehiagoren aipuak ere badaude.
2. Gailur Ekaiztsuak liburuak makina bat itzulpen izan ditu frantsesez, guztiak ere izenburu desberdinarekin, eta alferrik litzateke guztiak kontuan hartzea. Lan honek Frédérique Delebecque itzultzailearen bertsioa hartu du erreferentziatzat (ikus bibliografia).