Itzulpengintzari buruzko azterketa historikoetarako beste ekarpen bat: HTE (Historia de la traducción en España) atari digitala
Francisco Lafarga eta Luis Pegenaute

Lan honetan, egileok zuzendutako bi atari digitalen ('Biblioteca de traducciones españolas' eta 'Historia de la traducción en España') berri ematen dugu. Lehenengoa, 2007an sortua, bete-betean funtzionatzen ari da; bigarrenak, sortu berria, Espainiako itzulpenari buruzko historia berritu bat hartuko du etorkizunean, eta ia mila sarrera izango ditu. Egileei, itzultzaileei eta atzerriko literatura itzuliari buruz 2009. urtean plazaraturiko 'Diccionario histórico de la traducción en España' liburua da gehienen jatorria. Gainera, itzulpenaren gaineko saiakera espainiarren bilduma bat izango du, Erdi Arotik ia gaur artekoa.

Itzulpena: Karlos del Olmo

Lan honetan, egileok zuzendutako bi atari digitalen inguruan (Biblioteca de traducciones españolas eta Historia de la traducción en España) egin nahi ditugunen berri ematen dugu. Lehenengoa, 2007an sortua, bete-betean funtzionatzen ari da; bigarrenak, sortu berriak, etorkizunean Espainiako itzulpenari buruzko historia berritu bat hartuko du, eta ia mila sarrera izango ditu. Egileei, itzultzaileei eta atzerriko literatura itzuliari buruz 2009. urtean plazaraturiko Diccionario histórico de la traducción en España liburua da horien gehienen jatorria. Gainera, Espainiako itzulpenaren gaineko entseguen bilduma bat izango du, Erdi Arotik ia gaur artekoa.

Itzulpengintzaren historiari buruzko Espainiako atari digitalak

Egun, Espainian, badira itzulpengintzaren historiaren inguruko zenbati atari digital.1 Hala, esaterako, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko TRADIA-1611 Ikerketa Taldeak eta Rosarioko Unibertsitate Nazionaleko CIEHUMeko «Inca Garcilaso de la Vega» Itzulpen Ikasketen Taldeak garatu dute Portal de la traducción ibérica y americana ataria. Lau jarduera ildo ditu: 1611 eta Saltana aldizkariak, El escritorio de Étienne Dolet itzulpen buletina eta Biblioteca de traductores deritzona. Hala eta guztiz ere, jarduera horietako bi (Saltana aldizkaria eta El escritorio de Étienne Dolet) ez dira ari duela zenbait urtetik hona. 2007tik, urtean-urtean, argitaratzen jarraitzen du 1611 aldizkariak, azpititulu duela Revista de Historia de la Traducción, eta Biblioteca de traductores deritzona, 2000. urtean sortua eta «didaktikarako eta ikerkuntzarako erabili ahal izango den iberiar eta amerikar itzulpenen corpus digital selektibo eta antolatu bat sortzea» xedearen jabea. Gaur egun, hamazazpi testu ditu, gaztelaniaz (Espainiakoak eta Hispanoamerikakoak), eta berrogeita bat, katalanez (XX. mendearen hasierako Biblioteca Popular L’Avenç-ek argitara emanak).

Bestalde, HISTRAD ataria Alacanteko Unibertsitateko HISTRAD ikerketa taldeari lotua da. 2006an munduratu zuten, taldearen lanak hedatzeko plataforma gisa, Espainiako eta Hispanoamerikako itzulpenaren historia erdigune izanik. Beste ikertzaile batzuek ere parte har dezakete. Orriak hainbat atal ditu: Dokumentazioa (Espainiako eta Hispanoamerikako itzulpenari buruzko zenbait lan biltzen ditu), Taldearen ikerketa ekoizpena, Itzultzaileen biografiak (Espainiakoak eta Hispanoamerikakoak: ehun eta hogeita hamar, gaur arte) eta Aurreikusitako beste batzuk (hutsik agertzen dira).

Traducción y Lenguajes Especializados ikerketa taldearen lanen emaitza da Traducciones y traductores de literatura y ensayo atari digitala).

Málagako eta Sevillako Pablo de Olavide unibertsitateetako ikertzaileek osatzen dute taldea. XIX. mendean argitaratutako literatur lanen itzulpenen bertsio digitalak eta saiakerak ikus daitezke ataritik. Sarrera ikerlan sakonak dituzte hogei bat testuk. XIX. mendean Andaluzian argitaratutako itzulpenen katalogo batera ere sar daiteke.

Bartzelonako Unibertsitateko María de las Nieves Muñiz eta Valentziako Unibertsitateko Cesáreo Calvo irakasleek zuzentzen dute Boscán proiektua, non katalogo bat aurkezten duten, 1939a baino lehen argitaratu ziren Italiako gaztelaniarako 800 itzulpenen erreferentzia baino gehiago biltzeko, literatur lanak nahiz pentsamendukoak. Erreferentzia bibliografikoak jasotzen ditu fitxa bakoitzak, 2.000 sarrerak eratutako thesaurus bati lotuta; «kontsulta orokorreko lanak», «Italiako literaturari eginiko harrerari buruzko azterketak», «itzulpenei buruzko azterlanak» eta «itzulpen zaharren edizioak» ataletan banatuta daude sarrerok.

Kataluniako esparruan, badugu TRILCAT (Itzulpen, Harrera eta Literatura Katalaneko Ikerketa Taldea) taldearen atari digitala. Pompeu Fabra, Oberta, Jaume I eta Ramon Llull unibertsitateetako ikertzaileek eratzen dute taldea. Kataluniako literaturaren eta kulturaren inguruko ulermena sakontzea da taldearen helburua, XIX. mendetik gaur egun arte, bi ardatz osagarri abiaburutzat hartuta: literaturaren arteko harremanak aztertzea eta Kataluniako idazle eta itzultzaileek kultura bitartekari gisa duten zeregina analizatzea. Hainbat datu base garatu ditu TRILCAT taldeak: hala, beste herrialdeetako literaturen eta literatura katalanaren arteko harremanak aztertzen ditu, harrera eta itzulpen ikerlanen ingurukoak, batez ere kontuan dituelarik egile, lan, korronte edo literatur mugimendu jakin baten harrera aztertzearen inguruko ekarpenak, bai eta itzultzaile katalanen itzulpenak ere, beti XIX. mendearen amaieratik 1939. urtea artekoak; batez ere liburu moduan katalanez itzulitako literatur lanen gainekoan, XIX. mendetik 2000. urtea arte argitaraturikoen katalogo bat eratu dute; gaztelaniara itzulitako literatur lanei buruzkoan, XIX. mendearen amaieratik itzulitako testuen datuak batzen ari dira; bestalde, 1939 eta 1975 bitartean aldizkako argitalpenetan agerturiko katalanezko itzulpen literarioak eta literatur katalanaren nahiz beste literaturen arteko erlazioei buruzko testuak —entseguak, erreseinak— jasotzen ditu oinarrizko iturriak jorratzen dituenak. Datu base horiez gain, taldeak sustaturiko urtekarirako sarrera ere ematen du atariak. Itzulpen, harrera eta literatura katalaneko literatura garaikideari buruzko azterlanetan espezializatutako argitalpen bat da urtekaria, eta zortzi zenbaki ditu dagoeneko.

Vigoko Unibertsitatean dago BITRAGA taldea, eta 2004. urteaz geroztik, Biblioteca da tradución galega delakoa landu du, hau da, galizieratik eta galizierara itzulitako literatur testuen katalogo bat.2 Jatorrizkoaren eta itzulpenaren erregistro bibliografikoa du katalogo horrek, izenburuari, egileari, ilustrazioari, generoari, hizkuntzei, norabideari, argitaratze datari, argitalpenari, formatuari, argitalpen motari, iturriari eta abarri buruzko informazioz hornituta. Malgua da fitxa bibliografikoak antolatzeko modua; izan ere, itzulpenera edo itzulpenetara bidaltzen du jatorrizkoaren argitaratze fitxak, eta alderantziz. Era berean, jatorrizkoaren eta itzulpenaren edo itzulpenen egileak, argitaratze urtea, generoa edo hizkuntza irizpideen arabera iragaz daitezke datuak.

Halaber, katalogo elektronikoen atalaren barruan, aipatu beharrekoa da CHTAC (Catálogo hipertextual de traducciones anónimas al castellano). Proiektu hori, hain zuzen, Alcaláko Unibertsitateko irakasle Elisa Borsarik zuzentzen du, eta XIV. mendetik XVI. mendera bitartean gaztelaniara eginiko itzulpen anonimoei buruzko informazioa dakar, Espainiako, Italiako eta Portugalgo liburutegietan oinarrituta. Borsarik (2010) argitaratutako liburua aipatzen dute katalogoan jasotako erreferentzia guztiek. Espainiako Liburutegi Nazionaleko Biblioteca digital hispánica delakoan dago eskuragarri liburua, euskarri digitalean.

Bestalde, itzulpen historia baterako informazio erabilgarriak dituzten baliabideak aurkezten ditu EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzendari eta Interpreteen Elkartea) bere web orrian. Senez aldizkaria ere badago gune horretan. Lehenik eta behin, Nor da Nor datu basea), zeinak 1.720 euskaratzaileren fitxak dituen, haietako gehienek lanen bat dutelarik plazaratuta; gainera, itzulpenen gaineko 5.000 fitxa ere jasotzen ditu. Bestalde, 1991tik 2013ra argitaraturiko artikuluak biltzen ditu «Literatur Itzulpena Hedabideetan programa» atalak, eta, aipatu datu base horretan, itzulpenik berrienen gainean aurkitu daiteke dokumentu mota hori. Azkenik, aipatu beharrekoak dira hiru itzulpen antologia, euskal itzulpengintzaren historia modernoko aitzindarien lanak biltzen dituztenez gero.

Hainbat ikerketa proiekturen lanak aditzera emateko bide moduan sortu zen Francisco Lafargak eta Luis Pegenautek zuzentzen duten HTE (Historia de la traducción en España) ataria, baina, gainera, hainbat ekimen, jatorri askotariko lan eta esparruko ikertzaileen erkidegoarentzako albiste erabilgarri biltzeko toki bihurtzeko borondatearekin, asmo ireki eta integratzaile batek gidatuta. Gaur egun, atal hauek ditu: (a) atariaren bi zuzendarien proiektu eta talde (hasi nahiz amaitu) finantzatuen emaitzen deskribapena eta aipua; (b) Espainiako itzulpenaren historiari buruzko azterketa, bibliografia aipamenak, monografien edo lan kolektiboen laburpenak eta irudiak, dela liburu moduan, dela euskarri elektronikoan kaleratuak; (c) dokumentazioa, Livius. Revista de Estudios de Traducción aldizkariak argitaratutako hamalau zenbakietara sartzeko esteka lagun. Aldizkaria Julio-César Santoyok zuzendu zuen, 1992 eta 1999 bitartean, eta Leóngo Unibertsitatean hainbat urtez izan ziren «Jornadas internacionales sobre historia de la traducción» jardunaldietako ekarpenak jaso zituen; F. Lafargak Espainiako itzulpenaren historiaz prestaturiko bibliografia bat (8.000 izenburu baino gehiago); FRANES datu basea, F. Lafargak egina, 4.000 sarrera baino gehiagoko bibliografia iruzkindu bat, aro moderno eta garaikidean kultura frantsesak Espainian izandako itzulpena eta harrera ikergai; Historia de la traducción en España (Salamanka, Ambos Mundos, 2004) lana, F. Lafarga eta L. Pegenaute ikertzaileek argitaratua, helburu zuela hurrenkera kronologikoan aurkeztea itzulpengintzaren egoera zenbait historia alditan, garaian garaiko itzulpengintzaren gaineko aipuak eta indarreko edo onarpen handiko poetikei buruzko erreferentziaz hornituta, zenbait kapitulu berezitan beste hizkuntza (katalana, galegoa, euskara) eta kultur esparru batzuetako egoerari ere erreparatzeaz batera. Atari honetan, hiru esku hartze nagusi egiteko asmoa dago: lehenik eta behin, Espainiako itzulpenaren beste historia bat sortzea; bigarrenik, F. Lafargak eta L. Pegenautek argitaratutako Diccionario histórico de la traducción en España (Madril, Gredos, 2009) digitalizatzea eta zabaltzea; hirugarrenik, Espainiako testuen corpus digital bat eratzea, itzulpenari buruzko pentsamendua jasotzekoa. Atari hori beste baten osagarri izango da: Miguel de Cervantes liburutegi birtualean ostatatutako Biblioteca de Traducciones Españolas deritzonarena, zeinaren gaineko xehetasun gehiago beherago emango ditugun.

Espainiako itzulpenaren historia helmuga

Nahiz eta Espainiako itzulpenaren historia aztertzeak oso bibliografia ondare garrantzitsua sortu duela esan beharra dagoen, oraindik gutxi dira ikuspegi orokorra ematen duten lanak; izan ere, oso gai zehatzak lantzen dituzte gehienek: itzulpen bat, itzultzaile bat edo atzerriko egile itzuli bat. Oro har, oso urri dira literaturaren historia tradizioz zatitu izan den aldi handiak zehatz-mehatz aztertzen dituzten liburu erako lanak. Hala eta guztiz ere, baditugu Erdi Aroari buruzko zenbait ale: Toledoko Itzultzaileen Eskola (Sangrador Gil 1974; Samsó 1976; Foz 1998); Gaztelako itzulpena (Alvar 2010); xv. eta XVI. mendeen arteko itzulpena; Gaztelako itzulpena (Alvar 2010); XIV. eta XV. mendeetako itzulpena (Martínez Romero & Recio 2001); 1400 eta 1550 arteko itzulpena (Russell 1985). Aro oso horretako itzulpenaz, III. mendetik XV. mendera bitartekoaz, Santoyoren monografia (2009) nabarmendu beharra dago, bai eta bolumen kolektibo bat ere: Delpy, Funes & Zubillaga (2009). Erdi Aroko itzulpengintzaren inguruko pentsamenduari buruzko antologiak ere baditugu: adibidez, Cartagena (2009), Santoyo (2011) eta González Rolán & López Fonseca (2014). Errenazimentuari eta Urrezko Mendeei buruzko panoramika osoa falta dugu, liburu moduan, nahiz eta Russell-en lanak (1985) lehen aldiaren zati bat hartzen duen (gorago aipatu dugu). XVIII. mendeaz, Europako antzerkiak Espainian duen presentziari buruzko azterlan batzuk ditugu (Lafarga 1997), bai eta itzulpenaren inguruan garatutako pentsamenduari buruzkoren bat ere (García Garrosa & Lafarga 2004), eta, gainera, baita mende hori eta hurrengoaren zati bat, 1750 eta 1830 bitartekoa, azterkatzen dituzten ikerketa batzuk ere (Lafarga 1999; Lafarga, Palacios & Saura 2002). XIX. mendeari gagozkiola, zenbait liburu arduratu dira itzulpenaren inguruko pentsamenduaz (Lafarga, Fillière, García Garrosa & Zaro 2016), egile-itzultzaileez (Lafarga & Pegenaute 2015, 2016); aro erromantiko eta errealistako itzultzaileez (Lafarga & Pegenaute 2006); 1835 eta 1919 bitarteko literatura eta saiakera itzuliez (Zaro 2007) edo mende osoko zenbait alderdi puntualen inguruko panoramez (Zaro 2008). XX. mendeari dagokionez, argia ikusi dute Zilarrezko Aroko itzulpengintzari buruzko zenbait alek (Vega 1998, Pegenaute 2001, Romero López 2016, Lafarga 2017 y 2018), 1950 eta 1990 bitarteko Britainiako antzerkiaren inguruko batek (Merino 1994), 1909tik 1939ra arteko poesia itzulpenaren inguruko batek (Gallego Roca 1996), 1918 eta 1936 arteko narratiba itzulpengintzako batek (Ballestero 2007) eta frankismoaren garaiko itzulpengintzaren inguruko bik (Rabadam 2000, Meseguer 2015).

Espainiako itzulpenaren historia osoari buruzko ikuspegi orokorrei dagokienez, are eskasagoak dira. Aipatzekoak dira Van Hoof-en (1998) eta Pym-en (1998) lan labur-laburrak, artikulu modukoak, panoramaren oso bertsio laburtua dakartenak. Liburu formatuko lehen azterketa osoa —nahiz eta laburra, 80 orrialde besterik ez zuen eta— Sánchez Monterok (1998) idatzi zuen, italieraz. Bestalde, Pym-en aleak (2000) hamabi kasu ikerlan aurkezten ditu, itzulpenaren (ez bereziki Espainiakoa) historia hispanikoari buruz, Toledoko Itzultzaile Eskolaren garaia deritzonetik Bartzelonako Joko Olinpikoetan gauzaturiko itzulpengintzara artekoa, helburu duelarik egilearen hipotesi bat egiaztatzea; alegia, itzultzaileak «kultura artekotasun profesionaletako» kideak direla, sorburu edo helmugako testuinguru espezifikoetan kokatzeko moduko banakoak baino areago. Ruiz Casanovak argitaratu zuen lehen ikuspegi osoa izandakoa, Aproximación a una historia de la traducción en España (2009), bost kapitulu (Erdi Aroa, Urrezko Mendeak, XVIII., XIX. eta XX. mendeak) luzetan banatua. Gainera, Espainiako literaturaren historian itzulpenari aitortutako eginkizunari buruzko beste sarrera kapitulu bat ere bazuen. Garaian garaiko hizkuntza eta literatura aniztasunari buruzko azterketa bat dakar kapitulu bakoitzak. Ensayo de una historia de la traducción en España (2018) delakoan berrikusi eta eguneratu zuen egileak harako liburukote hura. Bestalde, liburu moduan bigarren eta azken ekarpen osoa izan den horretan, lehen aipatutako Lafargaren eta Pegenauteren Historia de la traducción en España (2004) izenekoan, hainbat aro, kultura eta hizkuntzatako (gaztelania, katalana, euskara eta galiziera) espezialista multzo txiki bat izan zuten, Erdi Arotik gaur arteko ikuspegi panoramiko osoak hainbat kapitulu luzetan eskaintzeko.

Espainiatik kanpo, beste testuinguru geografiko batzuetan, bakoitzak bere itzulpen historia osorik berrikusi du. Hala, adibidez, oso garrantzitsuak dira The Oxford History of Literary Translation in English deritzonaren ekarpenak —dagoeneko, lau liburuki plazaratu ditu (hainbat egile 2005-)— eta Histoire des traductions en langue française (Chevrel & Masson 2012-), hiru aletan argitara emana. Proposamen horiei jarraikiz, Espainiako itzulpena denboraren harian sakon aztertzeko asmoa dugu, nahiz eta gaztelaniara mugatuko dugun, kontuan izanda katalanera eta galegora egindako itzulpenak Pompeu Fabra unibertsitateko TRILCAT (Grup d’Estudis de traducció, recepció i literatura catalana) ikerketa taldeak nahiz Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko GETCC (Grup d’Estudis de la traducció catalana contemporània) taldeak eta Vigoko Unibertsitateko GETCC (Grup d’Estudis de la traducció catalana contemporània) taldeak jorratzen dituztela. Sarbide askea izango du Historia de la traducción en España horrek izen bereko atarian (lehen aipatu dugu).

Espainian latinez eta gaztelaniaz Erdi Arotik eginiko itzulpengintzaren historia osoa garatzea da asmoa, arreta jarrita, batez ere, itzulpen literarioan, baina bai eta itzulpen espezializatuan ere (juridikoa, administratiboa, ekonomikoa, zientifikoa, teknikoa, erlijiosoa, politikoa eta filosofikoa) nahiz itzulpen modalitate berrietan ere (komiki edo ikus-entzunezkoenak), eta beste zenbait esparrutan, hala nola itzultzaileei laguntzeko tresnetan (baliabide lexikografikoak eta dokumentalak), itzulpenak hedatzeko bideetan, hizkuntza ikastean itzulpenak duen eginkizunean, itzultzaileen estatus sozial aldakorrean, itzulpenaren inguruan sortutako pentsamenduan, zentsuraren edo erbestearen arazoetan eta abarretan. Ekarpen espezifiko eta argitaragabeak izango dira lanok, gaiari buruzko bibliografiarik kanonikoena darabiltenak, baina, era berean, ikerketan aurrerapen zientifikoren bat dakartenak. Nahikoa hedapena eta xehetasuna izango dituen obra bat prestatzea bermatzen du lan kopuruaren handiak, hala, etorkizunean, Espainiako itzulpenaren historiarekin zerikusia duten gaien gaineko zeinahi azterlanetan nahitaezko erreferentzia izan ahal izateko. Aurreikusita dago kapituluak dibulgazioaren eta espezializazioaren arteko erdibidean geratzea; horrela, erakusketaren soiltasunak ez du eragotziko garaiari, itzulpenei eta itzultzaileei buruzko erreferentzia bibliografikoak eta datu zehatzak sartzerik. Espainiako itzulpenaren historia orokor hori prestatzeko, ehun bat adituk esku hartuko dute, beste hainbesteko kapitulu kopuru batez arduratzeko. Bost multzo handitan egituratuko da obra, kronologikoki Erdi Aroan, Urrezko Mendeetan, XVIII., XIX. eta XX.-XXI. mendeetan sailkatuta.

Diccionario histórico de la traducción en España

2009an, F. Lafargak eta L. Pegenautek Diccionario histórico de la traducción en España argitaratu zuten, Gredos-en. Obra entziklopediko horren 800 sarrerak 400 adituk prestatu zituzten, testuinguru igorleei buruzko artikuluak (literatura nazionalak eta atzerriko egileak) nahiz testuinguru hartzaileak (itzultzaileak eta itzulpenaren teoria eta teoriarekin lotutako alderdiak) tartekatuta.3 Hiztegi horrek, literatur itzulpena azpimarratzen bazuen ere, beste barietate batzuei buruzko sarrerak ere aurkeztu zituen. Lafargak eta Pegenautek 2004. urtean plazaraturikoak bezala, Estatuko hizkuntzazko eta kulturazko errealitate aniztunari arreta berezia eman zion liburu horrek. Sarrerak berrikusi, eguneratu eta euskarri digitalean aurkeztea da asmoa, beste berrehun sarrera gehiago erantsita, eta, horretarako, harremanetan jarri gara erredaktore gehiagorekin. Funtsean, sarrera zaharrak egunean jartzeko, 2009tik argitaratutako itzulpenen berri eman beharko dute, bai eta bibliografia gaurkotu eta edukiak berrikusi ere. Historia de la traducción en España delakoaren kapituluei lotuta egongo dira sarrera horiek guztiak, hiperesteka bidez.

Itzulpenaren gaineko pentsamenduari buruzko Espainiako testuen corpus digitala eratzea

Itzulpenari buruz Espainian —edo Espainiako egileek— sorturiko pentsamendua bildu gura dugu, Erdi Arotik 1975a artekoa. Horretarako, oso lagungarriak izango dira gai honi buruz argitaratutako antologiak, hala nola Santoyo (1987), Catelli & Gargatagli (1998) García Garrosa & Lafarga (2004), Dasilva (2006), Toro Santos eta Cancelo López (2008), Cartagena (2009), González Rolán & López Fonseca (2014) eta Lafarga, Fillière, García Garrosa & Zaro (2016), nahiz eta testuak beste jatorri batzuetatik ere eskuratuko ditugun.

Biblioteca de Traducciones Españolas

Nahiz eta HTE ez den beste orrialde batean ostatatuta dagoen, 2007an Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes fundazioarekin eginiko hitzarmenari esker sortu zen Biblioteca de Traducciones Españolas (BITRES) ataria, eta, hasi-masietatik, F. Lafargak eta L. Pegenautek zuzendutako hainbat ikerketa proiekturi eta ekintza osagarriri lotuta egon da. Atariak ikertzaileei eta mota guztietako irakurleei eskura jarri nahi die, oro har, interes motaren bat izateagatik berreskuratzea merezi duten itzulpenen multzo bat, berez duten kalitateagatik, argitaratu zirenean lortutako eraginagatik, plazaratu zituztenean irakurleen artean izandako arrakastagatik, atzerriko egile jakin baten lehen bertsio itzulia izateagatik edo gaur egun gogoratzea merezi duen beste edozein arrazoi dela kausa. Gaur egun, 102 lan ditu atariak, 72 itzultzaileri dagozkienak, antologiak salbu. Ataria beste itzulpen eta azterlan batzuekin elikatzen jarraitzeko asmoa dugu, Espainiako kulturan dagoen irteerako kultur aniztasunaren adierazgarria izateko, ikuspegi historikoa eta hautatutako testuek garai desberdinekin dituzten lotura ahazteke, gure ikuspegitik ezinbesteko kontrapuntu baitira itzulpenaren lehenaldia eta bilakaera historikoa hobeto jakiteko.

Hala eta guztiz ere, Miguel de Cervantes liburutegi birtualaren orientazio akademikoari erantzunez, itzulpenen gordailu soila baino zerbait gehiago izan nahi du BITRES ekimenak, itzulpen horiek interesgarriak edo baliagarriak badira ere. Hori dela eta, «Dokumentazioa» izeneko atal bat aurreikusi dugu, Historia de la traducción en España (Lafarga & Pegenaute 2004) barruan duela, gai horri buruzko bibliografia orokor bat lagun. «Funtsezko edukiak» deritzon atala izango da atariaren osagai nagusia. Sail horretan, itzulitako egile bakoitzaren izenaren azpian, erreferentzia eta dagokion lotura egongo dira, bai digitalizatutako obrari dagokiona, bai atarian sartzeko bereziki idatzitako azterketa bereziari doakiona. Atal hori osatzeko, «Itzultzaileak» izenekoa —non atariko itzulpenen egileen gaineko aipamen bio-bibliografiko labur bat sartzen den—, eta «Kolaboratzaileak» delakoa, berariazko azterlanen erredaktoreen berri ematekoa, horien laguntzarik gabe ezingo baitzen ataria eraiki.

BITRES eta HTE atari digitalak garatuta, Espainian historian izan diren itzulpen eta itzultzaileei buruzko hainbat baliabide jarri nahi ditugu adituen eskura, sarbide askean, itzulpenari buruzko Espainiako diskurtsoa berreraikitzen laguntzeaz eta ahalik eta bibliografia sorta zabalena eskaintzeaz gain informazio hori guztia modu azkar, erraz eta integratuan eskuratzeko plataforma elektronikoek eskaintzen dituzten abantailak erabiliz.

Erreferentzia bibliografikoak

Alvar, Carlos (2010). Traducciones y traductores: materiales para una historia de la traducción en Castilla durante la Edad Media, Alcalá de Henares: Centro de Estudios Cervantinos.

Ballestero, Alberto (2007). Traducción y traductores de entreguerras (1918–1936), Iruñea: Eunate.

Borsari, Elena (2010). Catálogo de traducciones anónimas al castellano de los siglos XIV al XVI en bibliotecas de España, Italia y Portugal, Madril: Biblioteca Nacional.

Cartagena, Nelson (2009). La contribución de España a la teoría de la traducción. Introducción al estudio y antología de textos de los siglos XIV y XV, Madril-Frankfurt: Iberoamericana- Vervuert.

Catelli, Nora & Marieta Gargatagli (1998). El tabaco que fumaba Plinio. Escenas de la traducción en España y América: relatos, leyes y reflexiones sobre los otros, Bartzelona: Ediciones del Serbal.

Chevrel, Yves & Jean-Yves Masson (coord.) (2012-). Histoire des traductions en langue française, Lagrasse: Verdier. 3 ale.

Dasilva, Xosé Manuel (2006). Babel ibérico. Antología de textos críticos sobre la literatura portuguesa traducida en España, Vigo: Universidade de Vigo.

Delpy, María Silvia, Leonardo Funes & Carina Zubillaga (eds.) (2009). Estudios sobre la traducción en la Edad Media, Buenos Aires: Universidad de Buenos Aires.

Foz, Clara (1998). Le Traducteur, l’Église et le Roi, Ottawa: Presses de l’Université d’Ottawa.

Gallego Roca, Miguel (1996). Poesía importada. Traducción poética y renovación literaria en España (1909-1936), Almería: Universidad de Almería.

García Garrosa, Mª Jesús & Francisco Lafarga (2004). El discurso sobre la traducción en la España del siglo XVIII: estudio y antología, Kassel: Reichenberger.

González Rolán, Tomás & Antonio López Fonseca (2014). Traduccción y elementos paratextuales: los prólogos a las versiones castellanas de los textos latinos en el siglo XV. Introducción general, edición y estudio, Madril: Escolar y Mayo.

Hainbat egile, The Oxford History of Literary Translation in English, Oxford: Oxford University Press. 4 ale.

Lafarga, Francisco (ed.) (1997). El teatro europeo en la España del siglo XVIII, Lleida: Universitat de Lleida.

——— (1999). La traducción en España (1750-1830). Lengua, literatura, cultura, Lleida: Universitat de Lleida.

——— (2017). La traducción fragmentaria: su lugar en antologías y revistas (1898-1936), Madril: Escolar y Mayo.

——— (2018). Creación y traducción en España (1898-1936): protagonistas de una historia, Kassel: Reichenberger.

Lafarga, Francisco & Luis Pegenaute (ed.) (2004). Historia de la traducción en España, Madril: Ambos Mundos.

——— (2006). Traducción y traductores, del Romanticismo al Realismo, Berna: Peter Lang.

——— (2009a). Diccionario histórico de la traducción en España, Madril: Gredos.

——— (2009b). «Itzulpenak Espainian izan duen historia eratzen: molde historikoko hiztegi entziklopedikoa egitea», Senez. Itzulpen aldizkaria 37, 221-229.

——— (2015). Creación y traducción en la España del siglo XIX, Berna: Peter Lang.

——— (2016). Autores traductores en la España del siglo XIX, Kassel: Reichenberger.

Lafarga, Francisco, Carole Fillière, María Jesús García Garrosa & Juan Jesús Zaro (2016). Pensar la traducción en la España del siglo XIX, Madril: Escolar y Mayo.

Lafarga, Francisco, Concepción Palacios & Alfonso Saura (ed.) (2002). Neoclásicos y románticos ante la traducción, Murtzia: Universidad de Murcia.

Luna, Ana (2016). «Herramientas telemáticas para investigar en traducción literaria». In I. Galanes et al. (ed.). La traducción literaria: nuevas investigaciones, Granada: Comares. 31-52.

Martínez Romero, Tomás & Roxana Recio (ed.) (2001). Essays on Medieval Translation in the Iberian Peninsula, Castelló: Universitat Jaume I.

Merino, Raquel (1994). Traducción, tradición y manipulación: teatro inglés en España, 1950–1990, León: Universidad de León.

Meseguer, Purificación (2015). Sobre la traducción de libros al servicio del franquismo: sexo, política y religión, Berna: Peter Lang.

Montero Kupper, Silvia. «Parámetros e funcionalidade do Catálogo de Tradución Galega». In E. Gallén, F. Lafarga & L. Pegenaute (ed.). Traducción y autotraducción en las literaturas ibéricas, Berna: Peter Lang. 175-192,

Pegenaute, Luis (ed.) (2001). La traducción en la Edad de Plata, Bartzelona: PPU.

Pym, Anthony (2000). Negotiating the Frontier: Translators and Intercultures in Hispanic History, Manchester: St. Jerome.

Rabadán, Rosa (ed.) (2000). Traducción y censura inglés–español: 19391985. Estudio preliminar, León: Universidad de León.

Recio, Roxana (ed.) (1995). La traducción en España, siglos XIV–XVI, León: Universidad de León.

Romero López, Dolores (ed.) (2016). Retratos de traductoras en la Edad de Plata, Madril: Escolar y Mayo.

Ruiz Casanova, José Francisco (2000). Aproximación a una historia de la traducción en España, Madril: Cátedra.

——— (2018). Ensayo de una historia de la traducción en España, Madril: Cátedra.

Russell, Peter (1985). Traducciones y traductores en la Península Ibérica (1400-1550), Bellaterra: Universitat Autònoma de Barcelona.

Samsó, Julio et al. (1996). La Escuela de traductores de Toledo, Toledo: Diputación Provincial de Toledo.

Sangrador Gil, José (1974). Los colaboradores judíos en la Escuela de Traductores de Toledo, Washington: The Catholic University of America.

Santoyo, Julio-César (1987). Teoría y crítica de la traducción: antología, Bellaterra: Universitat Autònoma de Barcelona.

——— (2009). La traducción medieval en la Península Ibérica, siglos III–XV, León: Universidad de León.

Toro Santos, Antonio de & Pablo Cancelo López (2008). Teoría y práctica de la traducción en la prensa periódica española (1900-1965), Soria: Universidad de Valladolid (Vertere. Monográficos de la revista Hermenēus 10).

Vega, Miguel Ángel (ed.) (1998). La traducción en torno al 98. VII Encuentros Complutenses en torno a la Traducción, Madril: Universidad Complutense de Madrid.

Zaro, Juan Jesús (ed.). 2008. Diez estudios sobre la traducción en la España del siglo XIX, Granada: Atrio.

——— 2007. Traductores y traducciones de literatura y ensayo (1835–1919), Granada: Comares.


Oharrak

* FFI201-63748 - PMINECO-EGEF ikerketa proiektuaren esparruan egin dugu lan hau. Kataluniako Generalitateak aitortutako CRET–Grup de Recerca Consolidat sobre Estudis de Traducció i Multiculturalitat ikerketa taldeko kideak dira egileak.

  1. Ikuspegi zabalago bat izateko literatura itzulpena ikertzeko tresna telematikoez, ikus Luna (2016).
  2. Ikus Montero Kupper (2010) eta Luna (2016: 41-52).
  3. Ikus Lafarga & Pegenaute (2009b).