Tipula zuritzen: zuzenketa lanari buruzko gogoeta bat
Miren Iriarte Oyaga

Artikulu hau EIZIEk 2018ko azaroan Donostian egindako ikastaro baten kronika da. Maialen Berasategi eta Irene Arrarats Berriako zuzentzaileek emandako ikastaroa izan zen, zuzenketa lanari buruzkoa. Bertan, lan horren inguruko gogoeta bat egiten da, helburu praktikoarekin, azalduta zuzenketa lanaren nondik norakoak, zuzentzailearen profilak nolakoa izan behar duen, zuzenketa prozesu ezberdinak, etab. Irakasleek ikastaroan esan bezala, laburbilduz, argi geratzen da zuzentzailearen lanabesa hizkuntza bera dela, zuzentzaileak hori ongi jakin beharra duela eta zuzentasunaren eta komunikagarritasunaren arteko oreka bilatzea izan behar dela beti helburua.

EIZIEk antolatutako ikastaro baterako elkartu ginen 20 lagun inguru 2018ko azaroan, Donostian, Euskaltzaindiaren egoitzan. Zuzenketa-lana: tipula zuritzen, horra ikastaroaren izena, eta horra bertaratutakook bi egunez ikasiko genuena. Ikastarorako deialdiak arrakasta handia izan zuen (ezin jakin gaiak berak ala ikastaroko irakasleek erakarrita, ala biek), eta EIZIEk hiru talde osatu behar izan zituen, ikastaroaren hiru edizio: Donostian bi, 2018ko azaroan eta abenduan, eta hirugarrena Bilbon, 2019ko urtarrilean. Honako hau ikastaroaren lehendabiziko txandari dagokion kronikatxoa da.[1]

Elkartu ginen, beraz, 20 lagun inguru zuzenketa lanari buruz ikasteko, eta horixe bera izan zen ikastaroaren nondik norakoak baldintzatu zituen lehenengo ezaugarria, taldea bera nolakoa zen. Ikasleak, publikoa, itzultzaileak ginen gehienak, eguneroko lanean zuzenketan aritu bai baina oro har zuzenketa lana bigarren eginkizun genuenak. Eguneroko lanean zuzendu behar izaten ditugun testuak testu itzuliak dira, izan guk geuk itzuliak, izan beste lankide batek itzuli eta guk zuzentzekoak. Irakasleek, aldiz, euskaraz sortutako testuak izaten dituzte, gehien-gehienetan, zuzendu beharrekoak, Irene Arrarats eta Maialen Berasategi Berria egunkariko zuzentzaileak izan baikenituen irakasle bi egun horietan.

Helburua

Lanean murgildu aurretik, ikastaroaren helburu nagusia finkatzea zegokion, eta hantxe izan genuen ikasle gehienok lehenengo ezustekoa: ikastaroaren asmoa gogoeta plazaratzea omen zen, Arraratsek eta Berasategik esan bezala. Gogoeta plazaratzea. Ez al genuen ba ikastaroan izena eman testuetan zer-nola zuzendu behar genuen ikasteko? Eguneroko lanean buruhauste handienak eragiten dizkiguten zuzengaiak nola zuzendu behar ditugun ikasteko? Adibide konkretuak behar genituen, lantokira bueltatu eta lankideei esan: Aizue, hau honela eta honela zuzendu behar da.

Bada, ez, bestelakoa izan zen Donostian ikasitakoa. Zuzenketa lanari buruzko gogoeta orokor bat jaso genuen, eta, bide batez, guk geuk ere gogoeta egiteko tresnak eman zizkiguten. Eta, egia esan, itzultzailez beteriko zuzenketa lantegi batean oso egokia deritzot ikastaroaren planteamenduari, bigarren mailako eginkizuntzat hartzeko joera izaten baitugu askotan, eta ariketa honek zuzenketa lana bere osotasunean eta behar duen garrantziarekin aztertzeko aukera eman zigun. Gogoeta egitea, irakasleek esan bezala, helburu praktikoarekin betiere, zuzenketa lanetan baliagarri izanen baita zalantzarik gabe gogoeta hori.

Taldearen ezaugarriak ezagututa eta ikastaroaren helburua finkatuta, lanean hasi ginen, tipula zuritzen, zuzenketa lanaren geruzak banaka-banaka aztertzen.

Abiapuntuak

Maialen Berasategi eta Irene Arraratsen hitzetan, zuzenketa lana tipula zuritzea bezalakoa da, testu bat geruzaka aztertzea, kanpotik barrura, testuaren elementu orokorrenetik gauzarik konkretuenera joatea, abstraktutik konkretura, eta, lan horretarako, zenbait abiapuntu hartu behar dira kontuan.

Abiapuntu nagusia, zalantzarik gabe, zuzentzailearen lan tresna zein den jakitea da: hizkuntza bera du zuzentzaileak lanabes nagusia, eta hori da, beraz, jakin beharrekoa. Bigarrenik, hizkuntza guztietan, eta euskaran ere bai, zalantzarik gabe, bi indarren arteko lehia kontuan hartu beharko du, oreka horretan ibili beharko baitu zuzentzaileak. Hona lehiaren bi elementuak: tradizioa eta aldatu beharra. Horretan, zuzentzaileak adi egon beharko du, eta buruan eduki ahal den gutxiena aldatu beharko duela zuzenketa lanean, baina baita behar duen guztia ere. Hortxe aurkitu behar du oreka zuzentzaileak.

Lehia horri dagokionez, gure kasuan, euskarazko testuekin dihardugunon kasuan, kontuan hartu behar da, batetik, eremu askotan gertatu dela hizkuntzaren tradizioaren etena, eta, bestetik, tradizio falta dugula beste gai askotan; horrek erabat baldintzatzen du zuzentzailearen lana. Arraratsen eta Berasategiren hitzetan, zuzentzaileak tradizioaren alde egin beharko luke, gramatikak ulergarritasunaren alde egiten baitu, baina erne egon beharko du tradizioak testuari kalte egiten badio, eta orduan testuari lagun eginen dion aldaketa egin.[2]

Eta, orduan, zer da zuzentzea?

Zuzentzea zer den oro har bagenekien han elkartutako guztiok, modu batean edo bestean tokatzen baitzaigu gure eguneroko lanean hori egitea, eta beharraren gaineko gogoeta sistematikoa egina izan gabe ere egiten dugu gure lana. Ikastaroan, Arraratsen eta Berasategiren laguntzaz, zuzentzea zer den edo, batez ere, zer izan beharko lukeen ikusi genuen.

Hasteko, behar ez dena baztertzea da onena. Hau da, zer ez den zuzentzea. Zuzentzea, irakasleen hitzetan, ez da berridaztea. Hori argi geratu behar da hasieratik. Askotan, tentazioa izaten dugu testua goitik behera aldatzeko, gaizki dagoena zuzentzeaz gain gustatzen ez zaiguna ere berridazteko, eta hori oso garbi ikusten dugu, esate baterako, erakunde bateko itzulpen zerbitzu batean lan egiten dugunok, askotan testu bat itzulita edo ele bitan jasotzen dugunean, zuzentzeko edo oniritzia emateko, itzulpenaren kalitatea nolakoa den, goitik behera berriz itzultzeko tentazio handia izaten baitugu. Bada, ez, zuzentzea ez da berridaztea.

Horri lotuta, Arraratsek hasi berriaren tentazioak deiturikoak aipatu zizkigun; ekidin beharrekoak, alegia. Lehenengo tentazioa, maiz gertatzen zaiguna, zorrotzegi jokatzea da; Arraratsen hitzetan, zuzentzaileak ez luke hala jokatu beharko: benetan zuzentzeko dagoena zuzendu behar du, besterik ez. Horretarako, hizkuntzaren ikuspegi dinamikoa eduki behar du, ezagutza handia eta malgu jokatzeko gaitasuna. Zuzentzaileak ez du pentsatu behar hiztegietan ez dagoena ez dagoela ongi, hiztegietan egon gabe ere jakin behar baitu termino batzuk testuinguru edo testu mota jakin batzuetan erabiltzea zuzena ere badela; horrela, testutasuna eta komunikagarritasuna gramatikaren gainetik jarri behar da beti, eta testuari egokitu. Laburbilduz, testuaren helburua zein den argi eduki behar du, zuzenketak nondik nora joan behar duen jakiteko.

Azken batean, zuzentzaileak bidea zabaldu egin behar du, testuaren helburuari begira lana hobetuko duten aukerak eskaini, eta, horretarako, egokitzen jakin behar du, testuak bere helburua betetzen duela segurtatu. Irakasleek esan bezala, zuzentzaileak enpatia eduki behar du bi aldeetara, hau da, irakurlearen lekuan jartzen jakin behar du, baina baita egilearen lekuan ere, eta oreka hori bilatu. Argi eduki behar du zer den benetan huts egitea, eta horri heldu.

Euskara zuzentzen

Zuzentzailearen lanabesa hizkuntza bera bada, guk euskara dugu gure lan tresna, eta gure hizkuntzaren ezaugarri eta testuinguru zehatzek ere baldintzatzen dute zuzentzaileon lana. Euskaraz sortutako edo euskarara ekarritako testuak zuzentzea tokatzen zaigu, eta euskarazko diskurtsoak baditu arazo propioak. Horiei heldu behar die zuzentzaileak.

Esate baterako, prosa egiteko modua bera ongi finkatu gabe dugu oraindik, eta horrek ahalegin berezia eskatzen dio zuzentzaileari erabakiak hartzean, ezin baitugu ahaztu itzultzea bezala zuzentzea ere etengabe erabakiak hartzea dela.

Hiztegi kontuek ere buruhausteak ekartzen dizkigute; terminologia, askotan, ez dago erabat finkatua, eta horrek lan handia eskatzen du, eta aukera baten edo bestearen alde egin behar izatea. Termino jakin baterako baliokide egokiaren bila denbora luzea eman dezake zuzentzaileak, baina, gure errealitatean, askotan eguneroko lanarekin ere nahikoa izaten dugu zer eta gero orduak emateko termino baterako baliokide egokienaren bila. Gure irakasleen kasuan, gainera, kazetaritzaz ari gara, eta, han, lan-erritmoa ezinago bizkorra da; egunero sortzen dira gai berriak eta horren berri emateko termino berrien beharrak, eta hor zuzentzaileak fin ibili behar du denbora laburrean aukera egokiena aurkitzeko.

Kazetaritza lanak zuzentzeko orduan, erregistroak ere bereziki kontrolatu behar ditu zuzentzaileak, ikastaroan ikusi bezala ez baita gauza bera Urkulluri edo El Drogasi egindako elkarrizketa bat zuzentzea, esate baterako. Eta, kazetaritza lanak bezala, beste edozein arlotako testuek ere beren berezitasunak dituzte, eta zuzentzaileak zer testu motarekin ari den jakin behar du, eta hori kontrolatu. Administrazioko testuek administrazio hizkera ongi jakitea eskatzen diote zuzentzaileari; publizitate testuek bestelako ezagumenduak ere eskatzen dituzte;[3] literaturak ere beste zuzenketa mota bat eskatzen du, eta, horregatik, zuzentzaileak ikuspegi globala eta jarrera malgua eduki behar du bere lanean.

Azkenik, eta gure hizkuntzari buruz ari garelarik, tentuz jokatu behar du zuzentzaileak euskara batuaren ikuspegi murriztailearekin; hor ere komeni da hizkuntzaren eta testugintzaren helburuen ikuspegi zabala edukitzea. Arraratsek esan bezala, «batuaren bidea murriztu dugu, eta gero kexatu gara». Alegia: hiztunok, oro har, batua erabiltzean, murriztu egin dugu euskara, berezko dituen baliabide asko ukatuta, eta gero gu geu kexatu egin gara euskara murriztu horrek ez digulako aukerarik ematen testu asko idazteko. Azken batean, zuzentzaileak hizkuntzaren bidea zabaldu behar du, ez estutzeko.

Hasi aurretik, gauzak argi

Lanerako tresna ongi ezagututa, zuzentzaileak bere irizpideak finkatu behar ditu lanean hasi aurretik: zer testu motarekin ari den, zein diren testu horien helburuak, noraino sartuko duen eskua, eta abar. Eta irizpideak zertarako? Bada, komunikazio egokia bermatzeko, eta horrek ez du esan nahi beti gramatika zuzena bilatu behar duenik, testuaren arabera jokatu beharko baitu (esate baterako, gramatikaren zuzentasunak ez du garrantzi bera izanen administrazio testu bat zuzentzean edo antzerki lan bat atontzean).

Zuzentzaileak euskarazko euskara bermatu behar du, zuzengaia ez dadin egon jatorrizkoari (itzulpenen kasuetan) edo erdarei lerratuegia. Helburua zehazteko orduan, zuzentzaileak, egoerarik onenean, hartzailea zein den hartuko du kontuan, eta horren arabera jokatu. Egoerarik txarrenean, aldiz, bezeroak zer nahi duen, eta hori bete beharko du.

Laburbilduz, zuzentzaileak testu biziak eta bizigarriak osatzen direla bermatu beharko du, oro har, eta idazleari bere helburuarekin lagundu, helburu hori zeinahi den ere.

Eta, hori guztia kasu zehatzetara ekarrita, Berasategik eta Arraratsek aipatu bezala, hona hemen testu jakin bat zuzentzen hasteko ezar daitezkeen irizpide jakin batzuk:

  1. Zuzenketa talde lanean egiten bada, langile bat baino gehiago biltzen dituen itzulpen edo hizkuntza zerbitzu batean ari bada, zuzentzaile guztiek irizpide bertsuak bete behar dituzte. Irizpideak bateratu egin behar dira, testu guztietan beharrezkoa den koherentzia mantentzeko.
  2. Zuzentzaileak ongi finkatu eta ezagutu behar du erabiliko duen materiala: estilo liburuak (EIMA, BERRIA, IVAP…), Euskaltzaindiaren materialak (EGLU, arauak, gomendioak, Euskara Batuaren Eskuliburua), etab.
  3. Arauez eta zuzentasunaz gaindi ere jakin beharko du zuzentzaileak nola jokatu. Adibidez, zer egin Hiztegi Batuan garai batean hobetsitakoekin? Zer egin bedeinkaziorik ez duten aukera zilegiekin?
  4. Azkenik, zuzentzaileak ereduak bilatu beharko ditu, bere lanean lagunduko dioten aurrekariak. Testuak eta idazleak izan behar ditu inspirazio, gaiaren arabera, egilearen arabera, eta abar.

Nolako zuzentzailea?

Hori guztia ikusita, Berasategik eta Arraratsek zuzentzailearen soslaiak, oro har, nolakoa izan behar duen azaldu zuten. Hartara, zuzentzailea, zenbat eta gehiago jakin gai askori buruz, orduan eta hobeki ariko da, baina kontuz, gehiegi jakitea ere batzuetan kaltegarri izan daiteke, gerta baitaiteke jartzen ez duena ere ulertzea, edo hainbeste ez dakitenen mailan jartzeko ezintasuna izatea. Oreka aurkitzen jakitea dugu, beraz, berriz ere, zuzentzailearen gaitasun nagusietako bat.

Zuzentzaileak eboluzioan egon behar du beti; ona da aldatzea, eta, horretan, hizkuntzarekin batera joan behar du, hizkuntza ez baita estatikoa. Mundua aldatzen da, eta zuzentzaileak ere erne egon behar du aldaketa horien aurrean. Zuzentzaileak testuaren alde zuzendu behar du, konfiantza eduki beti testuan, susmo txarrik ez hartu; Arraratsek esan bezala, zuzenketa lana ez baita sorgin ehiza.

Zuzentzaileak idazlearen laguntzaile izan behar du; bideak zabaldu behar dizkio, trebatu, pistak eman. Komeni da idazleari konfiantza ematea lankide bilakatzeko, aholkulari aritu; batzuetan, besterik gabe aukera gehiago ematea da zuzentzailearen lana, eta, horretarako, ikuspegi orohartzailea eduki behar du alderdi askotan. Testuaren osotasunari begiratu behar dio, eta, aldi berean, hizkuntzaren egoeraren ikuspegi globala eduki.

Tipularen geruzak

Iritsi da, beraz, tipularen geruzak zerrendatzeko unea, irakasleen hitzetan zuzentzaileak tipula osatzen duten geruza guztietan sartu behar baitu eskua, hau da, geruzak hizkuntza bera osatzen duten alderdi guztietan. Orokortasunetatik abiatuta, deontologia aipatu zuten lehenik eta behin irakasleek. Haien hitzetan, zuzentzaileak, berez, ez luke deontologian sartu behar, baina, batzuetan, eta zer lantaldetan ari den, beharrezkoa (edo lagungarria) izan daiteke. Esate baterako, gure irakasleek Berria egunkarian egiten dute lan, eta kazeta horrek bere deontologia propioa du; horren adibide bat dugu Euskal Herria izenaren erabilera. Berez zuzentzailearen lana ez bada ere, komeni da idazlea ohartaraztea dena delako entitatearen deontologia urratzen duen zerbait aurkitzen badu testuan.

Tipulan barnera eginez, testu bakoitzean zer hizkuntza eredu erabili behar den jakin behar du zuzentzaileak, eta horren arabera zuzendu; joskera eta estilistika ongi jakin, eta horietan ere eskua sartu, behar izanez gero. Fraseologia ere ongi zaindu beharrekoa da; idiomatikoa zer den, alegia (esate baterako, gramatikalki zuzenak izanda ere, erabat baztertzekoak dira aldaketak eman dira, mutila bota du eta halako esaldi ez idiomatikoak).

Testutasuna dugu tipularen hurrengo geruza, eta han sartzen dira koherentzia, kohesioa eta testuari batasuna ematen dioten gainerako elementuak. Hiztegia ere ongi begiratzekoa da, eta gramatika, jakina, baina argi utzi zuten irakasleek horrek ez duela izan behar zuzentzailearen kezka nagusia; zuzentzaileak ez du gramatikak itsututa lan egin behar. Azkenik, ortotipografia eta onomastika ere kontrolatu beharrekoak dira testu batean.

Eta, horraino iritsita, zera pentsatu zuen kronikagile honek: «Ados, baina hori zuzentzaileon mundu ideala baino ez da». Irakasleek ere erreparatu zioten, eta argi utzi zuten eguneroko lanean denborak agintzen duela gehienetan eta hori guztia sakon aztertzea ia ezinezko bilakatzen dela. Horregatik komeni da, Arraratsek eta Berasategik gomendatu bezala, geruzaka joatea, orokorretik zehatzenera, txikikerietan ez galtzeko eta testuaren osotasuna bermatzeko.

Zuzenketa motak

Zuzenketa lanaren gogoetan aurrera, irakasleek hiru zuzenketa mota aipatu zizkiguten: idazlearen araberako zuzenketa, testuaren araberako zuzenketa eta lan prozesuaren araberako zuzenketa.

Idazlearen araberako zuzenketa

Batzuetan, komeni da testuaren egileari erreparatzea, pistaren bat ematen ahal baitu zuzenketa lana nola egin erabakitzeko. Idazleak, askotan, estilo borondate bat dauka testua idaztean, baina kontuan hartu behar da estilo guztiak onak edo egokiak diren ala ez.

Aukera dagoenean, oso lagungarria da zuzentzaileak idazlearen estiloari eta zuzenketari dagokionez zer nahiago duen jakitea, egilearen asmoaren eta zuzentasunaren arteko oreka bilatze horretan. Horren erakusgarri, Xabier Mendigurenek aldizkari honen 27. zenbakian idatzitako artikulu batean jasotakoa aipatu zuten irakasleek:

Esan beharrik ez dago, bestalde, editoreak egiten dituen aldaketetan idazlearen adostasuna behar duela; hala ere, horrek ez du esan nahi koma bat jartzen duen aldiko galdetu behar dionik. Zehatzago esanda: idazleen arabera, batzuek milimetroraino kontrolatu nahi izaten dute testua, eta beste batzuek konfiantza zabala eskaintzen diote editoreari, bere ustez aldatu beharrekoa lasai alda dezan. Batzuekin eta besteekin ezberdin jokatu behar da: itsukeria litzateke lehenengo motakoei ezer esan gabe zerbait ukitzea, eta gogaikarria litzateke bigarren motakoei zirtzilkeria bakoitzaz galdezka joatea. Beraz, tipologia zabal hori kontuan hartuta, bataz bestekoa eginda adieraziko dut zer kontsultatzen den eta zer ez. Lehen azaldu dudan continuum hura hona ekarrita, zenbat eta edukiari lotuagoa egon kontu bat, orduan eta beharrezkoagoa da egilearekin hitz egitea. Ezin da inoiz aldatu mamiari, egiturari, pertsonaiei edo mezuari dagokien ezer idazlearen baimenik gabe; beste muturrean, ortotipografiazko kontuak bete beharreko konbentziotzat jotzen ditugu eta ez ditugu inoiz kontsultatzen. Tartean geratzen dira estiloa, jatortasuna, gramatika eta ortografia. Horietan idazlearen ezaugarrien eta zuzenketarako daukan gogoaren arabera erabakiko dugu zer kontsultatu eta zer ez, kontuan harturik betiere azken hitza idazlearena dela, eta hark eman behar diola oniritzia inprimategira bidaliko den testuari.[4]

Bestalde, testuaren egilearen araberako zuzenketaz ari garenez, badira kontuan hartu beharreko beste egoera batzuk. Esate baterako, testuaren egilea bakarra den ala lan kolektiboa den (bigarren kasu horretan, bereziki erreparatu beharko zaio koherentziari), autozuzenketa lanean ari garen, eta abar.

Irakasleek ikastaroan esan bezala, Berriako zuzentzaileen kasuan, egilea nor den jakiteak aukera ematen die testu jakin horrekin denbora gehiago edo gutxiago ematea erabakitzeko. Erlojuaren kontra lan egiten denean, kalitate bermea ematen dieten egileen testuak azkarrago pasatzen dira zuzentzaileen eskuetatik, eta denbora gehiago ematen dute ezagutzen ez duten edo ez hain fin idazten duten egileen lanekin.

Testuaren araberako zuzenketa

Oso kontuan hartu beharreko elementua da zer testu motaren aurrean gauden. Itzultzerakoan edo idazterakoan testu literario edo administrazioko bat sortzea gauza bera ez den bezala, zuzentzerakoan ere ezberdin jokatu behar da. Zuzentzailea non ari den (administrazioan, argitaletxe batean, egunkari batean, bere kabuz…), gerta daiteke zuzendu beharreko testu gehienak genero jakin batekoak izatea, baina, hala ere, beti komeni da zuzentzaileak kontuan hartzea zer generoren aurrean dagoen, ez baita gauza bera testu pragmatiko bat, literarioa, publizitatekoa edo administraziokoa.

Esate baterako, literatur testu baten aurrean dagoenean, zuzentzaileak jakin behar du literatura lizentzien esparrua dela eta, oro har, zailagoa izan daitekeela zuzentzea. Hor, oso lagungarri gerta daiteke idazlearekin harreman zuzena edukitzea (beti ez da posible, halere).

Testu pragmatikoetan, bestalde, mezua izaten da nagusi, ez forma, nahiz eta forma ere esanguratsua izan daitekeen batzuetan. Genero horretako testuetan, garrantzitsua da, besteak beste, erredundantziak ekiditea eta hizkuntza ekonomia kontuan hartzea. Irakasleek beren eguneroko lanean aurkitu ohi dituzten erredundantzietako batzuk aipatu zituzten: mahai bueltaren inguruan, hildakoaren gorpua, lehen aldiz estreinatu… Hortaz, kasu horretan, inportantea da lastoa kentzea, testua soiltzea, dotoreago egiteko.

Batek galdetu dezake: testuari kalterik egiten ez badio, zertarako kendu? Bada, Arraratsek erantzuna eman zigun galdera horretarako: Kalterik ez, agian, baina gu ari gara testua hobetu nahian.

Generoaz gain, badira baita ere testu motari loturiko beste elementu batzuk, zuzentzaileak kontuan hartu beharrekoak. Zer erregistrotan ari den jakin behar du zuzentzaileak, eta, adibidez, kazetaritza testu batean, elkarrizketatuak «Bakea putakeria bat da» esan badu, esan du; ez da aldatu behar ez erregistroa, ezta hizkera ere (adibidez, euskalkiak).

Testua jatorrizkoa den ala itzulpen bat den ere garrantzitsua izanen da zuzenketari heltzerakoan. Berria egunkariaren kasuan, irakasleek esan dute askatasun handiagoa hartzen dutela elkarrizketa edo aipu itzuliak zuzentzeko; jatorriz euskaraz emandako aipuetan, hizlariak hala esan badu, hala esan du, eta ahal den neurrian mantendu behar da hori. Beste hizkuntza batean jasotako elkarrizketa eta aipuetan, aldiz, malgutasunez jokatu behar du zuzentzaileak bere lanean, eta askatasun handiagoa hartu.

Bada beste buruhauste handi bat kazetaritza lanetako zuzentzaileei batez ere eragiten diena. Zer egin ahozko testuekin? Nola jaso idatziz? Zer egin, adibidez, hitz ordenarekin? Horretan, berriz ere, oreka eta zuzentasuna aurkitu beharko ditu zuzentzaileak.

Lan prozesuaren araberako zuzenketa

Esan bezala, batzuetan, egoerak baldintzatzen du zuzentzailearen lana, eta, aurreko guztia kontuan hartu beharrean, denbora-espazio aldagaiari heldu beharko dio. Denborak agintzen duenean, eta zuzendu beharreko guztia zuzentzeko denbora nahikorik ez dagoenean, zuzentzaileak hierarkia bat ezar dezake, eta erabaki zer zuzendu eta zeri eman lehentasuna zuzentzerakoan. Egunkari baten kasuan, aukera bat izan daiteke bistan dagoena zuzentzea lehendabizi, irakurleak errazago irakurtzen duena (titularrak, azpititularrak, argazki oinak…).

Hierarkiari erreparatu beharrean, bada beste aukera bat: hasi eta denbora agortu arte zuzendu. Baina hori ez da komeni, irakasleen hitzetan, gerta bailiteke erdia zuzenduta uztea eta beste erdia ez, eta erabateko desoreka sortzea testuaren kalitatean.

Desoreka hori ekiditeko beste modu bat testua diagonalean irakurtzea da, baina hor adi ibili beharko du zuzentzaileak, garrantzi handiko akatsak zuzendu gabe ez uzteko.

Azken hitza: subjektutasuna

Zuzentzaile baten eskuetatik pasatu behar izan dugun idazle eta itzultzaileoi askotan gertatu izan zaigu pentsatzea zuzenketa lan subjektiboa dela, zuzenketetan, askotan, zuzentzailearen apetak agintzen duela. Ba ez. Ez dago matematikaren zehaztasunik, baina ez da kontu inpresionista bat, ofizio bat da, esan du Arraratsek. Testu batean zerbait aldatzea, lana ongi eginez gero, ez da kapritxoa; matematikaren zehaztasunera iristea ezinezkoa da, baina hain zuzen ere horregatik malgu jokatu behar du zuzentzaileak; aldatu duena zergatik aldatu duen azaltzeko gai izan behar du, eta negoziatu. Zuzentzaileak proposatu behar du, eta idazleak onartu (edo ez).

Amaitzeko, G. Bernard Shawren aipu bat ekarri ziguten irakasleek, berriz ere ikasleok etxera eraman nahi genuenaren kontrakoa: Urrezko araua da urrezko araurik ez dagoela.

Beraz, testu bat zuzentzera jarrita, ezagut dezagun ahalik eta hobekien gure lan tresna (hizkuntza) eta joka dezagun malgutasunez, testuaren alde eta haren helburua beteta, eta konfiantzaz.


Oharrak:

1. Artikulu hau idatzi ondotik jakin dugu laugarren edizio bat ere izanen duela ikastaroak, 2019ko ekainean, Bilbon.

2. Adibidez: Zapatero gelditu da Zapatero. Esaldi hori aukeratu zuen kazetari batek Rodríguez Zapatero Espainiako presidente ohia aliaturik gabe geratzen ari zela kontatzen zuen berriaren titular gisa, eta hala jaso zuten zuzentzaileek. Kasu honetan, tradizioari jarraituz osatutako esaldiak (zapatero gelditu = tantorik gabe gelditu karta jokoan) ez zuen testuaren alde egiten ulergarritasuna zalantzan zegoelako, eta zuzentzaileek aldatu behar izan zuten.

3. Publizitate testuei buruz gehiago jakiteko, ikus Inma Errea, 2016, «Itzulsortzaile lantegia, edo nola kidetu euskaraz publizitatea eta itzulpengintza», Senez 47.

4. Xabier Mendiguren Elizegi, 2004, «Zuzenketa literarioaz», Senez 27.