Atal Berezia: Besterena nuen neuregana - Aurkezpena
Itzulpenaren eta literatur ikerlanen arteko harremanak jorratzen ditu EHUko iker talde batek atal berezi honetan, gehigarri moduan antolatuta, gero eta garrantzizkoago eta ikusgarritasun handiagokoa baita alor hori. Ezin ukatuzkoa da nazioan nazioko edo tokian tokiko literaturak garatzean harreman dialektiko halako bat sortzen dela sormenezko eta itzulpen bidezko literaturen artean, bai eta literatur kritikak, orain artekoan, beregainki, sormenezkoari erreparatu diola ere. Baina hori bezain egia handia da gero eta areago kontsideratzen ari direla literatur sistemen barne antolamendutik globalizatzeraino doazen bideak eta moduak. Mota horretako ikerlanek bestelako dimentsio bat hartzen dute hegemoniko ez diren hizkuntza eta kulturen literatur ekoizpenari gagozkiola.
Atal berezi hau plazaratu dugu aurtengo Senez aldizkarian itzulpenaren eta literatur ikerlanen arteko harremanak jorratzeko asmoz, gero eta garrantzizkoago eta ikusgarritasun handiagokoa baita alor hori. Ezin ukatuzkoa da nazioan nazioko edo tokian tokiko literaturak garatzean harreman dialektiko halako bat sortzen dela sormenezko eta itzulpen bidezko literaturen artean, bai eta literatur kritikak, orain artekoan, beregainki, sormenezkoari erreparatu diola ere. Baina hori bezain egia handia da gero eta areago kontsideratzen ari direla literatur sistemen barne antolamendutik globalizatzeraino doazen bideak eta moduak. Halako ikerlanek bestelako dimentsio bat hartzen dute hegemoniko ez diren hizkuntza eta kulturen literatur ekoizpenari gagozkiola, zertan esanik ez.
Hermes Salceda-ren arabera, «itzulpena irakurketa baten idazketa da», eta, kontuan izanez gero kritika literarioaren eginkizunetako bat testuak irakurtzen eta ulertzen laguntzeko bidaide izatean datzala, harrigarri samarra gertatzen da ikustea zenbateraino bizi diren elkarren ondoan elkarren albiste handirik izan gabe. Objektuak partekatzen dituzte, baina oso bestelako begirakuneak izaten dituzte.
Literatura (sormenezkoa nahiz itzulia) kritikarik gabe ere bizi liteke. Kritikak, berriz, bizimodu txarra duke jorratu beharreko lehengairik gabe (Borges zenak, beharbada, literatur kritikari ideal bat irudika zezakeen, kritika bakarrean liburu guztien gainean —izandakoak, direnak eta izango direnak— argi egiteko gauza dena, are idazleen edo liburuen beharrik ez izateraino ere). Halere, elkarren beharrekoak dira kritika eta sormena (itzulpena), sinbiosian jardun behar izaten dute, batez ere ikusita itzulpengintzaren herria ez dela eremu homogeneo bat: itzultzaileak, argitaratzaileak, idazleak, ikasleak, irakasleak, kritikariak eta ikertzaileak hainbat auzotan edo baserritan bizi izaten dira, eta, askotan, ez dute elkar hartzen ia ezertan ere; auzolan gaitza izaten dute. Erdigunea ez ezik, zenbait aldiri ere baditu herri horrek: argitaletxeak, unibertsitatea, ikastetxeak, profesionalen elkarteak, hedabideak, irakurleak, dendak, irakurle klubak…
Errelatoez berba egitea puri-purian dago; alegia, historia bera (?) kontatzea ikuspegi eta modu elkarren ezberdinez. Eta, literatur kritikak literaturaren historia eraikitzeko lehengaian lagundu nahi badu, errelato- aniztasun horretan ezinbestean jaso beharko du literatura itzuliaren gainekoa ere. Kritikariak testuaren gaineko galdera egokia egiten asmatu behar du… bai eta erantzun bat baino gehiago izan daitekeela onartu ere (itzultzaileak ongi ohi daki jatorrizko esaldia ordaintzeko modu on eta egoki bat baino gehiago egongo dela…). Gauza da, neurri batean, kanonak finkatzeko nahian, kritika totalitario ere bihur daitekeela, eta, sarri ere sarri, testu itzulia ez dela izaten totalitarismoaren laguna.
Kritikak jakinduria sortzen du; itzulpengintzak, oroz gain, praktika, jatorrizkoa emateko trebezia eta senezko jokabide batzuk, mudakorrak haiek denboraren joanean. Kritikak, aldez edo moldez, testua historia bihurtzen du; itzulpenak, aitzitik, etorkizun berriak, unibertso paraleloak eransten dizkio jatorrizkoari, bidea ebakitzen die irakurketa modu berriei, kritikak halako maiteak dituen taxonomietatik urrun. Itzulpenari testua interesatzen zaio alderdi dinamiko batetik, efektu estetikoak sortzen dituen aldetik: kritikariak dena delako efektuaren zergatikoa jakin nahiko du, efektu hori sortzeko modua interesatuko zaio itzultzaileari, xede testuan birsortzeko orientabidea bilatuko du. Eta, eremu horretan, oso interesgarri gerta daiteke kritikariaren eta itzultzailearen arteko elkarrekikotasuna. Kritikaren interesekoa da jatorrizko testuaren zentzua (bakarra ote?) finkatzea edo zehazten jakitea; itzultzailearen interesa, kontrara, jatorrizko testu literarioaren anbiguotasunei diren-direnean eustearen bidetik eta desafiotik joango da.
Literatur ikerlanen ikuspegitik, itzulpena idazketaren teoria eta praktika halako bat da: ez du literaturaz teorizatzea helburu itzultzaileak, baina irakurketaren praktika bat behar du, testuan gertatzen diren idazte eragiketen berri emango badu. Idazteko praktikan ere jardun behar du itzultzaileak, irakurtzean hauteman dituen egiturak birsortu ahal izateko.
Zer eman diezaiokete elkarri kritikariek eta itzultzaileek? Literatur teoriak itzultzaileari esan diezaioke zer berezitasun duen testu idazkuntza jakin batek. Hortaz, jakinduria filologikoa baino gehiago, irakurketa prozedura batzuk eman diezazkioke, testu bakoitzaren idazketa prozedura berezietara hurbiltzeko lagungarri. Itzultzaileak, ordainez, testua irakurketa berrietara eramango du, dinamikotasuna erantsiko dio testuari; kritikak, dena dela haren joera, testua finkatzea izaten baitu helburu nagusi, zelan edo halan.
Ezin ukatuzkoa da literatur ikasketek eta kritikek beti begiratu izan diotela halako mespretxu aire batez itzulpenari, praktika subsidiariotzat jota, lehenari bigarrenaren
ustezko itzulpen akatsen katalogo bihurtzea. Baina elkarlan ederra egin dezakete literatur kritikariek eta itzultzaileek, elkarri testu literarioa hobeto ulertzeko jakinduriak emanda, testu baten estiloak sortzen dituen itzulpen zailtasunek bide berriak eman dizkioketelako kritikariei, eta kritikak azterturiko eta sailkaturiko estilo ezaugarriek nabarmen erraz diezaiokete eginkizuna itzultzaileari.
Azkeneko urteotan, Meschonnic-ek eta Steiner-ek ebakitako bidetik, eta Itamar Even-Zohar-en polisistemaren teoriari esker, itzulpenari bestela begiratzen hasi zaio kritika. Adibidez, Even Zoharrek itzulpengintzari buruz egindako ikerketen arabera, kulturen barneko arauen ondorio izan daitezke jatorrizko testuen eta itzulitakoen arteko aldeak. Hala, itzulpengintza ikasketa filologikoetan bazterreko arlo izatetik harreman interkulturalen ikerketarako gune muntadunak izatera igaro da. Itzulpena errenta da sistema literarioen funtzionamendua eta bilakabidea aztertzeko jokoan.
Ondorio soziopolitikoak ere baditu ikerlerro horrek: kultur praktikak planifikatzearen ingurukoak —itzulpen politika ere barruan dela—. Hala, bestelako garrantzia hartzen du gutxiengoek eta gehiengoek errekurtso kulturalak kontrolatzeko elkarren aurka duten borrokak, bai eta erdigune eta periferia direnen arteko erlazio arazoek ere.
Ildo horretatik, ikerketaren xedea ez litzateke testua, produktu kulturaltzat hartuta, baizik eta osagai kultural jakin horien ekoizpena baldintzatzen duten kultur eredu dinamikoak. Guztiarekin ere, oraindik nagusi izaten da sorburu kulturatik xede kulturara doan ikuspegia, eta ez alderantzikoa; bestela esanda, itzulpenek kultura hartzaileak nola aberasten dituzten hartzen dute aintzat batez ere ikertzaileek. Itzulerako bidea ez da hain ohikoa, baina iraultza moduko bat sor lezake itzulpena sorburu kulturako irakurbideak berritu eta aberasteko baliabidetzat hartzen duen teoriak. Itzulpen kritika molde berri bat litzateke hori, eta itzulpenaren epaiketa zorrotza egitetik jatorrizkoaren eta itzuliaren arteko distantzian jatorrizko testuaren alde ezkutuak ageriago jartzera pasa liteke. Horren kasu paradigmatiko bat genuke polisistema frantsesarena: berbeta horretara itzulitako literatura errusiarrak ospea erantsi zion jatorrizkoari, bai eta beste hizkuntzetara itzulia izateko bidean jarri ere. Aldi berean, polisistema frantsesa aberatsago bihurtu zen.
Hortaz, ikergai berriak sor daitezke: testua aukeratzeko metodoa; itzultzailearen editoreak edo mezenak aukeraketa horretan izan duen eginkizuna; itzultzaileak testu itzulian erabilitako irizpideak, eta xede sistemak testu itzuliari eginiko harrera. Onartuz gero testuak ez daudela hutsean zintzilik edo isolaturik eta badagoela mugakizun testual eta estratestual balbe bat —bestela esanda, badirela itzuliaren erabakiak nolabait baldintzatzen dituzten manipulazio prozesu batzuk—, oso bestelako ikuspegia zabaltzen da itzultzaileen eta kritikarien edo ikertzaileen arteko elkarlanerako. Koldo Mitxelenak esan bezala, «besterena nuen neuregana».
Hona hemen EHUko ikertalde bateko kideek ekarritako alea. Segidarik izango duen ala ez, hara hor ikertzaileei eta itzultzaileei jotzen diegun erronka.
Atal berezi honetan artikulu hauek argitaratu dira:
- Itzuliz idatzi (Juan Kruz Igerabide)
- Manuel Rivasen lana itzultzen (Jon Kortazar)
- Alice in Wonderland obraren itzulpen-unibertso miresgarria (Jose Manuel López Gaseni)