'Alice in Wonderland' obraren itzulpen-unibertso miresgarria (Atal Berezia: Besterena nuen neuregana)
Iaz Alice in Wonderland lehen aldiz argitaratu zela 150 urte bete zirelako aitzakian, Lewis Carroll-en obraren historia eta harrera gogorarazten dira, eta, horrekin batera, testu kanoniko bihurtu zuten ezaugarriak azaltzen. Bigarrenik, aipaturiko obra hori mundu osoko beste hizkuntza batzuetara nola itzuli den aztertzen duten konparazio-lan nagusien berri ematen da. Liburuaren itzulpenetan egindako manipulazio ugarien adibide gisa, gaztelaniazko bertsio batean tartekatutako kapitulu apokrifo baten kasua erakusten da. Azkenik, Carroll-en obra horrek euskaraz izan dituen itzulpen eta bertsioak aletu, eta 2015ean argitaratutako itzulpenaren ezaugarriak azaltzen dira.
Sarrera
Joan den urtean, 2015ean, Lewis Carroll-en Alice in Wonderland (1865) obraren jatorrizko edizioaren 150. urteurrena bete zen. Horren harira, ospakizun ugari egin ziren mundu osoan. Esaterako, Erresuma Batuan, erakusketa eta obraren antzezpen berri bana antolatu ziren, Londresen; eta era askotako jarduerak Bath, Oxford, Clapham, Guildford, Kingston eta beste hiri askotan; Estatu Batuetan ere, ospakizun asko egin ziren New York, Texas, Dayton, San Francisco eta beste toki askotan; horretaz gain, hitzaldi, erakusketa, performance eta beste ekintza anitz egin ziren Brasilen, Errusian, Argentinan, Japonian, Portugalen... Carrollen obra unibertsala askotariko ikuspuntutatik aztertzen duten liburu eta artikulu asko ere argitaratu dira, eta liburuaren edizio berriak ere plazaratu dira, nonahi, baita Euskal Herrian ere. Hitz gutxitan, esan daiteke Alice in Wonderland obrarekiko interesa eta jakin-mina indar handiz berpiztu direla.
Obraren historia
Beste toki batzuetan azaldu dudan bezala (López, 2015), Alice's Adventures in Wonderland testu kanonikoaren jatorria Carroll-ek Alice Liddell-i 1862ko Gabonetan oparitu zion eskuizkribuan dago, urte hartako uztailaren 4an txalupa-txango batean Carroll-ek Alice-ri eta haren bi ahizpei kontatutako istorioa jasotzen baitzuen, Alice's Adventures Un-derground izenekoa.
Testu hori irakurri zuten zenbait lagunek bultzatuta, Carroll-ek argitalpen komertziala egitea erabaki zuen. Hala ere, edizio berriari begira, hainbat aldaketa garrantzitsu egin zituen jatorrizko testu hartan: aipamen pribatu batzuk kendu, eta testuaren luzera bikoiztu zuen. Konplexutasuna eta anbiguotasuna ematen zioten elementuak ere erantsi zituen; «Eroen arteko merienda» kapitulu famatua, besteak beste. Testu-ilustrazio berriak 1865ean prest zeudelarik, Carroll-ek udan plazaratu nahi izan omen zuen, Liddell ahizpekin egindako txango haren hirugarren urtemugan. Edizioa, ordea, ez zen Sir John Tenniel irudigilearen gustukoa izan, marrazkien inprimaketa txarra zela medio, eta banatutako liburuak itzularazi zituen (gero, argitaldariak, edizio akastuna Estatu Batuetara bidali, eta han jarri zuen salgai). Tenniel-en onespena jaso zuen argitalpena urte bereko abenduan plazaratu zen, azkenean.
Liburuak berehalako eta berealdiko arrakasta izan zuen, haurren zein helduen artean: bi urtean, hamahiru mila ale saldu ziren, eta Carroll-i izugarrizko ospea eman zion.
Handik urte batzuetara, Carroll-ek istorioaren jarraipena idatzi zuen, eta 1872an argitaratu: Through the Looking-Glass, and What Alice Found There. Bigarren atal horretan, ispilua zeharkatzearekin batera, dena-alderantziz-gertatzen-den-munduan sartzen da Alice. Abenturak, oraingoan, xake-partida bateko piezekin gertatzen dira nagusiki (aurreko istorioko antagonista karta-sortako Erregina Bihotza zen). Hala ere, Carroll-ek ez bide zuen egin nahi izan inolako aipamen erlijiosorik, eta begiramen osoz jokatu zuen bere testuetan. Antza denez, horrexegatik agertzen dira bigarren liburu horretan xakeko pieza guztiak alfila izan ezik (ingelesez, bishop).
Azkenik, herrialde miresgarriko abenturak klasiko bihurtu zirela ikusirik, handik urte batzuetara, haur txikientzako egokitzapen bat egitea pentsatzen hasi zen Carroll. Hala agertzen da jasota idazlearen egunkarian 1885eko martxoaren 29an, beste egitasmo askoren artean: «Alizia haurrentzat, zeinarentzat Tenniel jauna hogei irudi koloreztatzen ari den». Asmoa, funtsean, bertsio kanonikoaren egokitzapen erraztua egitea zen, «0 eta 5 urte bitarteko haurrentzat», formatu handiagoan eta koloretako irudiez lagunduta. Azkenean, The Nursery Alice argitaratu zen, 1889an, Carroll-ek 57 urte zituela.
Harrera eta kanonikotasunaren arrazoiak
Zenbait eredu narratibo konbinatzearen bidez haurrentzat zein irakurle helduentzat erakargarri egitea da Alice in Wonderland obraren arrakastaren giltza. Honela azaltzen du Zohar Shavit ikertzaileak (1986: 66):
Texts that synchronically (yet dynamically, not statically) maintain an ambivalent status in the literary polysystem. These texts belong simultaneously to more than one system and consequently are read differently (though concurrently), by at least two groups of readers. Those groups of readers diverge in their expectations, as well as in their norms and habits of reading. Hence their realization of the same text will be greatly different.
Horrelako testu anbibalenteak sortzeko, gutxienez bi eredu narratibo konbinatu behar dira: bata, ohikoa, haurra erakartzeko baliatzen dena; bestea, berriz, sofistikatuagoa, eta askotan parodiatua agertzen dena, irakurle helduak erakartzeko (Shavit, 1986: 68). Hizpide dugun egileak horretarako erabiltzen duen adibideetariko bat, hain zuzen ere, Carroll-en Alice in Wonderland da, baliabide zuhur horiek tarteko testu kanoniko bihurtuta (Shavit, 1986: 80):
Historically, it is not its position as a totally new and previously unknown model that makes the text a masterpiece or warrants its consideration as a turning point, but rather it is the manipulation of models already existing in the system that earns status for the text (...) In the case of Alice, it was the ambivalent character of the text that liberated Carroll from the limitations imposed on children's literature (particularly on children's fantasy) and gave him the freedom to produce a text based on a different model of fantasy.
Hala, Carroll-en idazlanean, garaiko literaturako hiru eredu konbinatzen dira. Haietariko bi, haur-literaturatik hartuak dira: abentura-kontakizuna eta fantasia. Bi eredu horiei eredu sofistikatuagoa erantsi zien: nonsense delakoa, 1846az geroztik E. Lear-ek famatua Book of Nonsense obraren bitartez. Gainera, Carroll-ek esplizituki jo zuen ordura arteko haur-literaturan nahitaezkoa zen moraltasunaren aurka, alderdi hori jorratzen zuten hainbat poema parodiatuz. Ume irakurleek ez zuten inolako arazorik lehen bi ereduen araberako istorioa ulertu eta onartzeko, eta, gainera, barre egiten zuten buruz hain ondo ikasitako poemak parodiatuta ikustean. Helduek, berriz, eraikuntzaren konplexutasuna atsegin zuten, eta moraltasun eza baimentzen.
Bestalde, fantasiaren eta abenturaren arteko konbinaketan, anbiguotasunari eusten dio Carroll-ek. Errealitatearen eta fantasiaren arteko mugak lausotu egiten ditu. Hasierako pasartean, adibidez, untxi zuria ikusten duenean, Alice nekatuta eta erdi-lo dago, baina ez guztiz loak hartuta (Alice-ri berari ere bitxia iruditzen zaio halako untxi zuri bat ikusi izana). Gauzak areago lausotzeko, amaieran ere ez dago garbi gertatutakoa amets baten ondorioa izan den ala ez; aitzitik, Alice-ren ahizpak berriro amesten du istorio osoa, eta haren egiazkotasuna azpimarratzen. Teknika sofistikatu horren bidez, Carroll-ek ezbaian jartzen du ametsaren eta errealitatearen arteko aldea. Shavit-en hitzetan (1986: 85):
If a dream can be dreamed about, as if it were real, conversely, reality can be described as if it were a dream. The two dimensions exist equally and are equally real.
Horrelako konplexutasunez jabetuta, helduek ere onartu ez ezik, biziki txalotu zuten Alice in Wonderland, eta kanonikotasun-mailara igo.
Esan gabe doa, konplexutasun horiek gehienak desagertu egin ziren The Nursery Alice ume txiki-txikientzako egokitzapenean...
Obraren itzulpenen azterketak
Alice's Adventures in Wonderland obraren itzulpenen lehen azterketa nagusia Warren Weaver (1894-1978) itzulpen automatikoaren aitzindariaren eskutik etorri zen. Alice in Many Tongues liburuan (1964), 47 hizkuntzatarako itzulpenak dokumentatu eta aztertzen ditu, tokian tokiko kolaboratzaileen laguntzaz. Lehen kapituluetan egileari eta obrari buruzko hainbat datu eskaini ondoren, itzulpen goiztiarrak hartzen ditu hizpide 4. kapituluan, hau da, Carroll bizi zela argitaratu zirenak: alemana, frantsesa, suediarra, italiarra, nederlandarra, danimarkarra eta errusiarra. Hurrengo kapituluan («The flood of translations»), berriz, gainerako itzulpenen berri ematen du Weaver-ek. Honaino, liburuaren itzulpenen historia.
Seigarren kapitulua da, zalantzarik gabe, Weaver-en liburuko interesgarriena. «How can Alice be translated» titulupean, obraren ezaugarri jakin batzuk aztertzea proposatzen du: hitz-jokoak, nonsensea edo zentzugabea bideratzeko hitzak, logikak gidatutako txisteak, eta twists of meaning edo esanahi bihurrituak. Horretarako, azterbide bitxi bat ere proposatzen du: 7. kapituluko («A mad tea-party») pasarte bat aztertzea, aurreko ezaugarriak biltzen baititu, nola eta back-translations edo atzeraitzulpenen bidez. Weaver-en kolaboratzaileek pasarte hori ingeleseratu egin behar zuten nork bere hizkuntzatik, literalki eta jatorrizko testuari begiratu gabe. Horixe da hamalau kolaboratzailek beste hainbeste hizkuntzatatik egin zuten lana, Weaver-ek bere azterketarako oinarri gisa erabili zuena. Hauek izan ziren aztertutako hamalau itzulpenak: alemana, frantsesa, suediarra, italiarra, daniarra, errusiarra, japoniarra, txinatarra, hebrearra, hungariarra, espainiarra (gaztelaniaz, zehazten du), poloniarra, pidgin delakoa eta swahilia. Hurrena, arestian aipatutako ezaugarriak itzulpen haietariko bakoitzean nola eman ziren aztertu eta itzulpen egokia izan zen ala ez (eta zergatik) adierazten du Weaver-ek. Bistan denez, aplikatutako azterbidea guztiz preskriptiboa izan zen; itzulpenak nolakoa izan behar duen aurreiritzitik abiatua, alegia. Gainera, atzeraitzulpenaren metodologia, berez makina bidezko itzulpengintza lantzeko sortua, guztiz anglozentrista da, eta (kalitatea bermatu gabeko) bigarren eskuko testuak baliatzen ditu azterketarako.
Weaver-enaren tamainako hurrengo azterketa 2015ean argitaratu zen, hiru liburukitan, Jon Lindseth-en eta Alan Tannenbaum-en zuzendaritzapean: Alice in a World of Wonderlands. The Translations of Lewis Carroll's Masterpiece. Azterketa horrek Weaver-ena aitortzen du, iturri gisa ez ezik, metodologiaren aldetik ere. Izan ere, hartan erabilitako atzeraitzulpenen bidezko prozedurari eusten dio, baina askoz ere corpus zabalago bat erabiliz: 174 hizkuntza aztertzen ditu; haien artean, eskozieraren bederatzi dialekto, sei hizkuntza zelta, Espainiako zazpi hizkuntza (gotikoa barne), Pazifikoko bost uhartetako hizkuntzak, Indiako hamabi hizkuntza, Afrikako zortzi hizkuntza, hainbat hizkuntza ez-natural edo asmatuak (Blissymbols, esperantoa, Lingua franca nova, Lingwa de Planeta, Lojban, Neo, Sambahsa eta Volapük), eta abar. Guztira, 2.600 orrialde baino gehiagoko lana da.
Lehen liburukian, itzulpenen deskribapen eta azterketak biltzen dira, tokian tokiko adituek eginak. Bigarrenean, atzeraitzulpen guztiak jasotzen dira, baina ez da haien interpretaziorik egiten; izan ere, itzulpen-estudioen perspektiba asko aldatu da, eta, gaur egun, azterketa deskriptiboak hobesten dira. Hirugarren liburukian, azkenik, 9.000tik gorako edizio eta berrinprimaketa dokumentatzen dira.
Manipulazio berezi baten historia
Aurreko obretan aztertutako itzulpenetako estrategien artean, ezabaketa da nagusi, hau da, zailtasunik eskaintzen duten testu-segmentuak besterik gabe ezabatzea –noiz poemak, noiz hitz-jokoak, noiz kapitulu osoren bat–. Horrexegatik gertatzen da deigarria kontrako kasua, gehiketa; areago, kapitulu oso bat gehitzen denean, pertsonaia berriak eta guzti. Horixe da jarraian laburtuko dugun itzulpenaren historia.
López Guix-ek azaltzen duenez (2016), Bartzelonako Mateu argitaletxeak itzulpen berezi bat plazaratu zuen, 1952an. Itzultzailea Rafael Ballester Escalas (1916-1993) izan zen, Bartzelonako Unibertsitateko historia-irakasle bat; eta irudigilea, Salvador Fariñas. Itzulpena ez da egokitzapen bat, itzulpen zehatz eta ondo eraman bat baizik. Gaztelaniaz argitaratutako bigarren itzulpen osoa da (lehena Juan Gutiérrez Gili itzultzailearena izan zen, 1927an argitaratua). Hala ere, une jakin batean, jatorrizkoaren 5. eta 6. kapituluen artean, 6. kapitulu aizun bat tartekatu zuen: «Historia de un perfecto Caballo». Zaldi dotore ongi hezi baten inguruko atala da, non, hain zuzen ere, Eton-en jasotako heziketa onaz harrotzen baita zaldia. Izan ere, kapitulua heziketaren garrantziaz ari da; betiere, Carroll-en tonu jostariari jarraikiz, eta uneoro jatorrizkoaren itzulpena delako itxurak eginez. Ikasitako irakasgaietariko bat «Fonética superior» delakoa da:
––¿Y qué es eso de fonética superior?––preguntó Alicia, con la boca abierta.
––Es la ciencia relacionada con las palabras «queso», «Cheedwick», «Keats» y «keen», que son las palabras que más le cuesta pronunciar a un caballo.
––Pues usted las pronuncia correctamente ––dijo Alicia.
––La primera vez, sí ––dijo el Caballo––. Pero cuando pruebo dos veces seguidas, sobre todo en la palabra «Cheed-wick», se me escapa un estrepitoso relincho.
Eton-go zaldi xelebreak ikasitako beste irakasgai bat, kapituluaren amaiera aldean aipatzen dena, «Musica afónica» da:
––¿La música afónica? ¡Oh! Éste es un capítulo muy interesante de nuestras enseñanzas. Has de saber que la música afónica que nosotros aprendemos es una música sin sonidos, o mejor dicho, haciendo caso omiso de ellos, como si no existieran.
––Entonces, si su música no tiene sonidos, ¿qué queda de ella?
––El ritmo, es decir, el compás. El compás es lo más interesante de todo.
Rafael Ballester-en itzulpenak eragin handia izan zuen gaztelaniaren eremuan (Espainian ez ezik, Hegoamerikan ere), Aliziaren harreraren aldetik; izan ere, hogeita hamabi edizio eta laurogeita sei berrinprimaketa izan zituen, lehen aldiz argitaratu zenetik XX. mendearen amaiera arte.
Kapitulu berriaren jatorriari buruz López Guix-ek emandako aukeren artean, batetik, Jonathan Swift-en Gulliver's travels obrako laugarren kapituluan agertzen diren Houyhnhnms zaldi jakintsuak aipatzen dira lehenbizi; hala ere, Ballester Shakespeare-ren zale handia zela jakinik, beste hipotesi baten alde egiten du: Henry V antzezlanean (Ballester-ek berak 1952. urtean berean itzuli eta argitaratua), garaipena Ingalaterrari emango zion guduaren aurreko gauean, Frantziako delfinaren, Orleans-eko dukearen eta Frantziako kondestablearen arteko elkarrizketan aipatzen den zaldi dotore bat, Alicia en el país de las maravillas itzulpeneko ezaugarri berberak dituena.
Carroll-en obraren euskal bertsioak
Aliziak euskaraz egin duen ibilbideari dagokionez, hamar bertsio dokumentatu dira. Gehienak Carroll-en obraren bertsio laburtuak dira. Lehena, Alizia gauza miragarrien munduan (ca. 1968), 12 orrialdekoa, Imanol Berriatuak euskaratu zuen, bizkaieraz; hurrengoa, Alizia (1974), Jose Mari Satrustegiren eskutik etorri zen: Abadia de Montserrat argitaletxeko komiki bat; hirugarrena, Alizia herrialde harrigarrian (1979), Cruz Mujikak egin zuen, Hordago argitaletxeko Tximista sailean; hurrengo urtean, 16 orrialdeko liburuxka bat argitaratu zen, itzultzailearen izenik gabe: Alizia herrialde miresgarrian (1980). Obraren lehen bertsio osoa 1989an argitaratu zen, Pamielan: Aliceren abenturak lurralde miresgarrian, Manu López Gasenik euskaratua, eta itzulpen horrek beste edizio bat izan zuen, 1992an, Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena bigarren partearekin batera. Alizia herrialde harrigarrian (1991), 46 orrialdeko komikia, Joseba Berriotxoak sinatuta argitaratu zen. Hiria argitaletxeak Alizia lurralde harrigarrian (2000) plazaratu zuen, 1979ko edizioaren testu berarekin. Alizia lurralde miresgarrian EITBk egindako animazio film bat da (2003), 49 minutukoa. Azkenik, Aliziaren abenturak herrialde miresgarrian (2015) euskarazko bigarren itzulpen osoa da, López Gasenik berriz ere Pamielan argitaratua.
Aliziaren abenturak herrialde miresgarrian (2015) itzulpenaren ezaugarriak
Esana dago 1989ko itzulpena dezente arroztua izan zela; Toury-ren terminologia erabiliz (1980), egokitzapenaren muturrean kokatua zegoen, eta, horrenbestez, sorburu-testuaren ezaugarri guztiak moldaketa handirik gabe agertzen ziren euskal itzulpenean. Horrek testu zaila eragin zuen irakurlearen begietara, nahiz eta tarteka azalpenen bat ematen zen, oin-oharren bidez.
Haren aldean, 2015eko itzulpena askoz funtzionalagoa egin nahi izan zen, orekatuagoa. Helburu horrekin, baliabide lexiko, sintaktiko eta kultural komunikatiboagoak erabili ziren, jatorrizko testuaren konplexutasunak saihestu gabe.
Adibidez, izenek euskal forma hartu zuten: Alizia (Alice), Mixa (Dinah), Sandi (Bill), Maritxu (Mary)... Bestelako egokitzapenak ere egin ziren; esaterako, «A caucus-race and a long tale» kapituluaren izena «Lasterketa eroa eta buztan-ipuin luzea» bihurtu zen, eta «A mad tea-party» kapituluarena, berriz, «Erotzeko moduko askaria».
Hain zuzen ere, malko-putzuan busti-busti egin eta gero, lasterketa eroko pertsonaiek lehorgarri gisa erabiltzen duten historia-irakasgaia ere egokitu zen. Jatorrizkoan normandiarren inbasioari buruzko pasartea zena etxekotu egin zen, eta musulmanak Nafarroan ibili ziren garaiko kontakizun batek ordeztu zuen.
Hala eta guztiz ere, esku-hartzerik nabarmenenak poema eta kanta parodiatuetan egin ziren. Hona hemen egindako aldaketen zerrenda.
Bigarren kapituluko How doth the little crocodile poeman, Aliziari hitzak ez zaizkio behar bezala ateratzen, eta, euskal bertsiorako, Hegoak ebaki banizkio kantuaren bertsio aldrebes samarra paratu zen. Bosgarren kapituluan, berriz, You are old, Father William poema didaktikoak eta beraren parodiak aitaren eta semearen arteko elkarrizketa dute ardatz. Horren ordez, Haika mutil abestiko elkarrizketa parodiatua jarri zen. Seigarren kapituluan, hainbat pertsonaia sukaldean dabiltzala, Dukesak sehaska-kantu bat abesten dio kumeari. Jatorrizko poemak Goxotasunez mintza zaitezte zuen izena, baina Dukesak kontrakoa egiten du kantuaren parodian. 2015eko itzulpenean, Haurtxo polita sehaska-kanta ezaguna parodiatu zen. Zazpigarren kapituluan, Kapelagileak Twinkle, twinkle, little star aipatzen du. Erreginak eskainitako kontzertu batean kantatu behar zuen, baina oso gaizki atera zitzaion, eta erregina izugarri haserretu zitzaion. Oraingoan, Hator, hator kantaren bertsio aldatua erabili zen. Hamargarren kapituluan, Otarrain-dantza beste kantu baten konpasean egiten da. Carroll-ek armiarmaren eta euliaren arteko elkarrizketa gai duen kanta bat parodiatzen du, merlenkaren eta barraskiloaren artekoa bihurtuz. López Gaseniren bertsioan, Marijane Minaberry-ren Xerri Kuttin otsoaren eta txerriaren arteko elkarrizketa darabilen poemarekin Oskorrik egin zuen bertsioa egokitu zen itsas egoera horretara. Kapitulu horretan bertan, nagitasunari buruzko poema bat parodiatzen da, otarrainari buruz mintzatzeko, eta, hizpide dugun itzulpenean, Gero Axularren obraren titulu luzea erabili zen, helburu berarekin. Azkenik, hamabigarren kapituluan, izenordain pertsonal ugari erabiltzen dituen poema nahasgarri bat irakurtzen du Untxi Zuriak, eta, hori ordezteko, Carroll-en poemaren antzeko bat egin zen, Xarmagarria zara, eder eta gazte poema herrikoiaren lehen ahapalditik abiatuta.
Amaitzeko
Honaino, Lewis Carroll-en idazlan ezagunenaren inguruko hainbat jakingarri eta pasadizo. Esan bezala, 150. urteurrenak aukera bikaina eskaini du Aliziaren mundu miresgarrian areago sakontzeko eta obraren beraren garrantzia eta gaurkotasuna azpimarratzeko, literatura unibertsalaren klasiko handi bat den aldetik.
Bibliografia
Lindseth, J. eta Tannenbaum, A. (ed.) (2015). Alice in a World of Wonderlands. The Translations of Lewis Carroll's Masterpiece (3 liburuki). New Castle, Delaware: Oak Knoll Press.
López Gaseni, M. (2015). «Gibel solasa», in Carroll, Lewis. Alizia herrialde miresgarrian. Iruñea: Pamiela.
López Guix, G. (2015). «La traducción cuántica: Alicia en el país de las maravillas», Vasos comunicantes, 46, 9-18.
––––– (2016). «De Azincourt a Eton y más allá: la Alicia en el país de las maravillas de Rafael Ballester Escalas y sus secuelas», Pasavento. Revista de estudios hispánicos, III, 2.
Shavit, Z. (1986). Poetics of Children's Literature. Athens/London: The University of Georgia Press.
Toury, G. (1980). In Search of a Theory of Translation. Tel Aviv: Tel Aviv University.
Weaver, W. (1964). Alice in Many Tongues. The Translations of Alice in Wonderland. Madison: The University of Wisconsin Press.