Itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri
Artikulu honetan itzulpengintzari buruzko bi erreseina bildu dira.
LUNA ALONSO, Ana; FERNÁNDEZ RODRÍGUEZ, Áurea; GALANES SANTOS, Iolanda; MONTERO KÜPPER, Silvia (arg.). Literaturas extranjeras y desarrollo cultural. Hacia un cambio de paradigma en la traducción literaria gallega, Berna: Peter Lang, 2015. ISBN: 978-3-0343-1487-9
Iruzkina: Elizabete Manterola Agirrezabalaga
Galiziako kultur garapenean itzulpenak izan duen garrantzia azpimarratzea du helburu nagusi liburuak, eta gertutik aztertzen ditu testuingurua bera, itzulpen jarduerak 1980tik gaur arte izan duen bilakaera, itzuliriko lanek izan duten harrera zein itzultzaileen eta argitaratzaileen zeregina kultur normalizazioaren barnean. Horretaz gain, literatur genero nagusiei (HGL, poesia eta antzerkia) ere erreparatu diete egileek, atal banatan.
Vigoko Unibertsitateko BITRAGA taldeko kideak dira liburuaren sinatzaileak, eta galiziar literatura eta itzulpena dituzte ikergai nagusi. 2012an bilduma berean argitaratu zuten Traducción de una cultura emergente. La literatura gallega contemporánea en el exterior liburuaren osagarri dugu honakoa (ikus liburu haren erreseina Senezen 44. zenbakian). Izan ere, kanporako itzulpena izan zuten aztergai nagusi liburu hartan, eta galizierarako itzulpena hartu dute mintzagai honako honetan. Luna Alonsok eta Fernández Rodríguezek dioten moduan, kultura bat sendotzeko, ezinbestekoa da bai nazioarteko kultur trukerako sarbidea izatea, bai norberaren produktuak agertoki horretan kokatzea (10. or). Hori dela eta, bi norabidetako literatur trukeak xeheki aztertu behar dira, kultura baten egoera gertutik ezagutzeko. BITRAGA katalogoan1 bilduriko itzulpen datuak baliatu dituzte, bi liburuetan, azterketa xeheak egiteko, eta irakurleak galiziar literaturaren itzulpenaren ikuspegi osatua jasoko du bi aleak irakurrita.
Azken 30 urteetan galizierarako itzulpen produkzioa nolakoa izan den erreparatuta, argi ikusten da mugimendu eta aldaketa ugariko garaiak izan direla. Diktadura osteko urteetan onarturiko Lei de normalización linguística gallegak bultzada handia eman zion galizierazko produkzioari, eta itzulpena ezinbesteko tresna izan zen 80ko hamarkadan, errepertorioa handitzeko. Kapital sinbolikoa pilatzea zen ordura arteko itzulpenen helburua, hau da, literatur beharrei erantzutea baino gehiago, hizkuntza beraren prestigioa zen lehentasun. Fase filolóxica hura atzean utzita, itzulpenaren bitartez produkzioa handitzea zen helburua, ko-ofizialtasunak ekarririko kultur beharrizanei aurre egiteko. Hori horrela izanik, klasiko unibertsalak etxekotzeari ekin zitzaion, eta LIJ lanek indar handia hartu zuten. Esan liteke azterturiko garaia fase komertzialean edo ekoizpena handitzeko garaian koka litekeela (Galanes, 51 or.). Liburuaren ataletan nabarmen ikus daitekeen moduan, literatura galiziarrean, garrantzitsua izan da azken hamarkadetan gizartearen egungo beharretara egokitzen joatea, eta berrikuntzaren aldeko apustuak egokiak, eraginkorrak eta arrakastatsuak izan dira. Horren erakusle dira jatorrizko kultura eta hizkuntza kopurua zabaltzea eta haiekiko harremanean lan egitea, galizieraturiko lanen genero eta azpigeneroen ugaritasuna, itzultzaileen profesionalizazioa edo argitaratzaile berri eta espezializatuen agerpena.
Liburuak erakusten digu galiziar kultura gai dela XXI. mendeko munduko literaturan literatura hegemonikoz inguraturiko literatura gutxitu batek izan ditzakeen erronkei aurre egiteko. Egungo irakurlearen nahietara egokituriko testu generoak ekarriz (Nobel saridunen lanak, best-sellerrak eta egungo puntako autoreen lanak), esaterako. Azpimarragarria da, gainera, galizierarako itzulpen horiek inguruko hizkuntzekin (gaztelania edo portugesa) plazaratzeko egiten den ahalegina ez ezik, jatorrizko lanen segidan argitaratzeko ahalegina ere. Espainiako enpresa handiekin lehiatu behar diren argitaldari txikiek apustu apurtzaileagoak egiten dituztela ere erakusten digu Luna Alonsok (101. or).
Hizkuntzen arteko trukean desoreka dagoela ere argi erakusten digute liburu honetako ekarpenek. Inportazio eta esportazio datuak ez datoz bat kultura hartzaile eta emaileei dagokienez, eta, kasu batzuetan, elkarrizketa baten ordez bakarrizketa bat besterik ez dago; noranzko bakarreko emaria, alegia. Rábade Villarrek dioen moduan, literatur harreman transnazionalak gutxitan izaten dira noranzko anitzekoak, edo gutxitan ageri dira elkarrekiko eraginean. Inportazioa Europako hizkuntza hegemonikoetatik egiten da batez ere (gaztelania, ingelesa, frantsesa); esportazioa, aldiz, estatuko hizkuntzetara.
Liburuak argi erakusten du itzulpen fluxuen azterketa behar-beharrezkoa dela indarrean dauden kultur politiken ekarpenak eta indarguneak nabarmentzeko, bai eta haien hutsuneak identifikatzeko ere. Itzulpenak kultur produkzioan duen pisua neurtzea guztiz beharrezkoa da. Izan ere, itzulpenaren bidez, nazioarteko plazan kokatzen da literatura (eta kultura) gutxitu bat, eta beste hainbat literatur sistemekin harremanetan jartzen. Azken batean, literatura gutxitu batek aldaketa politiko, sozial zein ekonomikoen eraginez bizi duen egoera desorekatuari aurre egiteko mekanismo garrantzitsua dugu itzulpena.
Literaturaren garapena eta itzulgaien hautaketa batera doaz, eta interesgarria da ikustea sistemaren barruan nork hautatu dituen itzulgaiak, nork duen kanona sortzeko ardura, inportazioa planifikatua izan den ala ez, etab. Eskaintza editoriala aberasten da literatur sistema aberastu ahala. Vilavedrak dioen moduan, «A mayor competencia [lectora del público gallego], mayor exigencia de calidad y variedad» (139. or). Eta hortik ondorioztatzen da, baita ere, urratsak egiten ari direla literatur sistema osasuntsu baten bila. Literatur sistemaren eta itzulpengintzaren osasun onaren adierazletzat ere jotzen ditu Vilavedrak berritzulpenak. Itzultzaileen profesionalizazioari esker literatur sistema heldu batek garai bakoitzean behar duen itzulpena eskaintzea esan nahi du horrek.
Literatura gutxitu batek kanonizazio estrategiak definitzeko duen beharra eta eginiko ibilbidea erakusten dizkigu lan honek, baita planifikazio kultural egoki baten beharra bistaratu ere. Normalizazio linguistikotik normalizazio kulturalerako bidean dagoen kultura bat omen galiziarra. Galanes Santosek eta Montero Küpperrek dioten moduan, normaltasun eta normalizazio kulturala hitzetik hortzera ageri da liburuan, nahiz eta oso ondo jakin ez nola definitu. Bi nozio horiek unibokotasunik ez dutela ere onartzen dute. Eta egin duten azterketaren oinarrian dauden galderak ekartzen dituzte gogora; besteak beste: zenbat eta zer testu izan behar ditu kultura batek egoera autonomo batera iristeko? Zein dira itzuli beharreko oinarrizko lanak normaltasun kulturala lortzeko? Normaltasunaz hitz egin behar al da beste sistema batzuek hartzen dituzten testu berak inportatzean? Zer kultura hartu behar dira eredu gisa lanak hautatzerakoan? Hausnarketarako abiapuntu egokiak iruditzen zaizkigu, euskal literatur sisteman bertan egiteko modukoak inondik ere.
Esango nuke irakurgai ezin egokiagoa dela Galiziako literatur eta itzulpen errealitatera gerturatzeko. Euskal literaturaren errealitatea gogoan, berriz, zer pentsatua eta zer hausnartua ere ematen du liburuak
SÁNCHEZ NIETO, M. T. et al. Metodología y aplicaciones en la investigación e interpretación con corpus, Valladolideko Unibertsitatea, 2015. ISBN: 978-84-8448-823-1
Iruzkina: Karlos del Olmo
Aipagarri da argitalpen hau, lehenik eta behin, euskarri digitalez plazaratu dutelako (DVD), barruan daramatzalarik Los estudios de traducción e interpretación basados en corpus: de lo local a lo global izeneko I. Hermēneus mahai ingurura aurkezturiko lanak (parekideek aztertuak) eta eranskin multimedia —osoko hitzaldi eta ponentzia gehienak—. Argitalpenaren bitartez, bi jazoera bateratu nahi izan dituzte: ohiko argitalpen zientifikoa eta hura mamitzen lagundu duen zientzialarien bilkura bera.
Aipatzekoa da, bigarrenik, «Pana y terciopelo en la literatura vasca traducida y no traducida. Aspectos lingüístico-estilísticos resultantes de la comparación de dos corpus» artikulua dakarrelako, Senez aldizkaria kanpatzen duen EIZIE elkarteko kide Isabel Etxeberriak idatzia. Ez da, ordea, Euskal Herritik aurkezturiko artikulu bakarra; hara hor Gidor Bilbaok eta Jesus Mari Makazagak izkiriaturiko «EHUskaratuak: un corpus de traducciones académicas en una lengua minoritaria».
Bi artikuluok atal ezberdinetan sailkatu dituzte: Etxeberriarena La caracterización de la lengua traducida izeneko I. atalean; Bilbao eta Makazagarena, IV. sailean, Compilación y clasificación de recursos izenekoan.
Estudios de interpretación y la rama aplicada de los estudios traductológicos basados en corpus dugu bigarren saila, eta Corpus y estudios aplicados, hirugarrena.
Diru laguntza bati esker gauzatu dituzte argitalpena eta Hermēneus mahai-ingurua bera, Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak emanda, eta, liburu elektronikoa eta hitzaldien bideoak DVD formatuan jasota, ikertzaileen irudia hurbiltzeaz gain, beste helburu bat lortu nahi dute: jakinduria bi modutan zabaldu dutela egiaztatu ahal izatea ikertzaileek ebaluazio agentzia eskudunean.
Bilbaok eta Makazagak, EHUskaratuak corpus eleaniztuna aurkezteaz gain, euskarak EHUn izan duen bilakabidea aztertzen ere dute, bai eta Euskal Herriko corpus publikoak zerrendatu ere. Oso zerrenda baliagarria da, nahiz eta aitzindarietako bat ahazten duen; hain suertez, EIZIE elkarteak 2001. urtean CD-ROM moduan plazaraturiko Itzulpenen Korpus Hiztegia, hainbat erakundetako testuekin osatua: 156.000 esaldi eta paragrafo zituen, gaztelaniaz eta euskaraz banan-banan parekatuta. Berariaz diseinaturiko tresna batek konkordantziak bilatzen zituen: hitz multzo bat (hitz bakarra edo gehiago) agertzen zen esaldiak edo paragrafoak.
Aurrera aurretik, aipatu beharrekoa da CC Atribuzioa - Ez komertziala - Lan Eratorririk Gabe (by-nc-nd) lizentziapean eman dituztela argitara iruzkin darabilgun argitalpeneko banako testuak zein liburu multimedia; alegia, ez dutela baimentzen jatorrizko lanaren erabilera komertzialik, ezta lan eratorriak sortzerik ere, baina ez dutela galarazten lan osoa eta hura osatzen duten zati guztiak nahi beste hedatzea.
Isabel Etxeberriaren artikuluaz den bezainbatean, esan dezagun master amaierako lana izan zela artikuluaren jatorria eta bi alor interesgarri jorratzen dituela (horretan dihardu doktore tesian ere): euskal literatura itzulia (eta itzuli gabea, prefosta) eta corpusak.
Batez ere Ereduzko Prosa Gaur corpusa erabili zuen, honako hauek ondorioztatzeko: a) lexikoaren aniztasunaren eta aberastasunaren aldetik, antz-antzekoak dira testu itzuliak eta sormenezkoak, b) zehaztasun semantikoari gagozkiola, zehaztasun eta ñabardura handiagoak agertzen dira testu itzulietan, c) euskararen erabilera bereizgarrien eremuan, itzulitakoen eta sormenezkoen artean ez da agertzen alde handirik, eta d) hizkuntza estandarizatzearekin erlazionaturiko erabilera linguistikoen gaiari helduta, ondorioak ez bide dira oso baliagarri ondorioak lortzearen ikuspegitik, gutxiegi agertzen direlako. Eta, guztiarekin ere, haien txikitasunean, itzuliek hobeto betetzen dituzte arauak.
Bestela esanda, testu itzuliek hobeto betetzen dute araua; zehatzagoak dira, eta, euskararen berezigarriei gagozkiela, goi mailako hizkuntz gaitasuna erakusten dute.
1. BITRAGA (Bibliotreca da Traducion Galega) erdaretatik galizierara itzuliriko eta galizieratik erdaraturiko literatur lanen biltokia da, eta 1980tik gaur egunera arteko datuak biltzen ditu. Honako helbide honetan kontsultatu daiteke katalogoa.