Prozedura penaletan interpretatzeko eta itzultzeko eskubideari buruzko zuzentaraua: edukia, aplikazio eremua eta ondorioak
Josu Barambones (UPV/EHU)

Sarrera

Europar Batasuneko (EB) 27 estatu kideetan bideratzen diren prozedura penalak ugariagotuz doaz urtetik urtera. Europar Batasuneko hiritarren mugikortasun gero eta handiagoari esker, hala nola globalizazioari eta etorkinen etengabeko jarioari esker, gaur egungo justizia penalaren ezaugarririk nabarmenenak eleaniztasuna eta kulturaniztasuna dira.

Europako justizia penaleko sistemak egun duen erronka berri eta zail horri erantzun nahirik, 2010eko urriaren 20an Europako Parlamentuak eta Kontseiluak prozedura penaletan interpretatzeko eta itzultzeko eskubideari buruzko 2010/64/EU Zuzentaraua [1] onartu zuten. Estatu kide guztien arteko konfiantza sustatu eta akusatuek bidezko epaiketak jasotzeko eskubidea bermatzearren, Zuzentarauak estatu kide guztientzat gutxieneko arau batzuk ezartzen ditu prozedura penaletako interpretazio eta itzulpen arloan.

Prozedura penaletan pertsona susmagarrien edo akusatuen eskubide prozesalak indartzeko, Europako Kontseiluak hartzen duen lehen neurria da. Hori dela eta, hizkuntza eta kultura desberdinek parte hartzen duten prozedura penaletan jarduten duten profesional guztientzat mugarri bat dugu Zuzentarau hau. Izan ere, Zuzentarau honek estatu kide guztiak behartzen ditu estatu bakoitzeko legedian garrantzi handiko aldaketak inplementatzera prozedura penaletan erabiltzen diren interpretazio eta itzulpen zerbitzuak hornitzeko garaian.

2010/64/EU Zuzentaraua estatu kide guztietan inplementatzen laguntzeko eta inplikaturiko profesional guztiek ekarpenak egiteko asmoz, EULITA [2], Europako Lege arloko Interprete eta Itzultzaile Elkartea, TRAFUT [3] izeneko egitasmoa lantzen ari da 2011. urteaz geroztik. Egitasmoa aurrera eramateaz arduratzen den taldeak lau tailer antolatu ditu Europako Batasuneko auzitegietako interpretazio eta itzulpenaren gainean. Tailer horien hartzaileak hauek dira: Justiziako eta Atzerri Ministerioetako ordezkariak, autonomi erkidegoetako Barne eta Justizia sailak, Estatuko segurtasun indarrak, legegileak, epaileak, fiskalak, idazkari judizialak, abokatuak, Lege arloko Itzultzaile eta Interprete Elkarteak eta arlo akademikoko ordezkariak.

Orain arte bi tailer antolatu dira: lehena Ljublijanan (Eslovenia) izan zen eta azken tailerra Madrilen egin zen 2012ko martxoaren 15ean eta 16an. Bertan EIZIEko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak egon ziren.

Aurrekariak

Sortu zenetik, EBk hainbat arau, lege eta neurri onartu ditu zuzenbide penalaren alorrean. Alor honetako Itzulpengintza eta interpretazioari dagokionez, 1950. urtean Europako Kontseiluak Giza Eskubideei buruzko Europar Konbentzioa onartu zuen. Delako Konbentzioaren 6. artikuluak lehen aldiz ezarri zuen interprete baten doako laguntza izateko eskubidea bidezko epaiketak ziurtatzeko. Harrez gero, Konbentzio horren 6. artikulua mugarritzat hartu izan du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak hainbat erabakitan.

Dena dela, krimenari aurre egiteko, azken urteotan EBko estatu kideen arteko lankidetza judiziala errazten eta sustatzen aurrerapen nabarmenak gertatu diren arren, guztiarekin ere neurri gutxi hartu dira pertsona susmagarrien eta akusatuen eskubide prozesalak bermatzearren. Hori dela eta, 2004. urtean, EBk bere asmoa agertu zuen prozedura penaletako eskubide prozesal batzuen gainean Esparru-erabaki bat hartzeko. Egitasmo horretako bost artikulu lege arloko interpretazio eta itzulpengintzarekin lotuta zeuden. Halere, hainbat estatu kidek agertu zuten kontrako jarrera zela eta, EBk 2007. urtean bertan behera utzi zuen egitasmo hori.

Geroago, 2009. urtean, suediar presidentziaren pean, EBk beste egitasmo bat erredaktatu zuen. Egitasmoak, prozedura penaletan pertsona susmagarri eta akusatuen eskubideak indartzeko, gutxieneko neurri batzuk proposatzen zituen estatu kideen arteko konfidantza edo uste ona hobetu eta areagotzeko. Esparru-erabakia 2009. urtean onartu zuten estatu kideek, baina Lisboako Ituna 2009ko abenduaren 1ean indarrean sartu zenez, Europako Parlamentuak ez zuen astirik izan erabakia berresteko. Nolanahi ere den, egitasmo horrek marrazten zuen errepide mapa mugarritzat jo behar da, izan ere EBren historian zehar lehen aldiz 27 estatu kideak bat etorri ziren adieraztean neurri batzuk hartu behar zirela susmagarrien eta akusatuen eskubide prozesalak bermatzeko.

Horiek horrela, beharrezkoa izan zen Zuzentarauaren zirriborro berri bati ekitea eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluaren gehiengo kualifikatuak onestea. Azkenik, 2010eko urrian, EBk prozedura penaletan interpretatzeko eta itzultzeko eskubideari buruzko Zuzentaraua onartu eta 2010eko urriaren 26an argitaratu zuen aldizkari ofizialean.

Ezaugarri nagusiak

3.1. Zuzentarauaren aplikazio eremua

2010/64/EU Zuzentarauak gutxieneko arau edo neurri batzuk ezartzen dizkie EBko estatu kide guztiei prozedura penaletan interpretatzeko eta itzultzeko eskubideari dagokionez, bai eta europar atxiloketa-agindu bat betearazteko prozedurei dagokienez ere. Horrela, EBren barruan lankidetza judizialak berdintasunez eta zuzentasunez funtzionatzea bermatu nahi da, hartara auzi penaletan hartutako erabakiak estatu kide guztiek onar ditzaten. Halaber, Zuzentarauak gizabanakoen eskubideak areago babestu nahi ditu eta horretarako bidezko epaiketak izateko eta defentsarako eskubidea bermatzeko gutxieneko arau batzuk garatzen ditu.

Zuzentarauak aitortzen dituen eskubideen aplikazio-aldiari dagokionez, hots, eskubideok noiztik noiz arte aplikatu behar diren, ulertu behar da eskubideak indarrean sartzen hasten direla estatu kide bateko agintari judizial eskudunak dagokion pertsonari delitu bat egiteagatik susmagarria edo akusatua dela jakinarazten dionetik, jakinarazpen ofizial baten bidez edo bestela, harik eta prozedura amaitzen den arte. "Prozedura amaitzea" esaten denean, hau ulertu behar da, hots: "harik eta pertsona horrek delitua egin duen ala ez erabakitzen den arte"; hortaz, epaia ematen den arte eta, hala badagokio, edozein apelazio errekurtso ebazten den arte. Beraz, Zuzentaraua ez zaio aplikatuko prozedura penaletako exekuzio-aldiari.

Arau-hauste txikien kasuan, ordea, zigorrak auzitegia ez den baina arlo penalean eskumena duten beste agintari batzuek ezartzen badituzte (errepide kontrol bat egiten ari den poliziaren kasuan, berbarako), orduan interpretatzeko eta itzultzeko eskubidea bakar-bakarrik aplikatuko da arau-hauste horiek sorraraz ditzaketen helegiteen ondorioz auzitegiaren aurrean abiatu daitezkeen prozesuetan.

3.2. Interpretatzeko eskubidea

Zuzentarauaren bigarren artikuluaren lehen atalaren eredura, estatu kideek ziurtatu beharko dute ikerketak egiten dituzten agintarien aurrean edo agintari judizialen aurrean burutzen diren prozesuetan (poliziaren galdeketak eta auzitegien aurrean egin beharreko edozein agerraldi edo auzialdi barne), prozedura penaletako hizkuntza ulertu edo hitz egiten ez duten pertsona susmagarriek edo akusatuek interprete baten zerbitzua jasoko dutela, inolako atzerapenik gabe jaso ere.

Bestalde, prozeduren zuzentasuna babesteko beharrezkoa den kasuetan, bigarren artikuluaren bigarren atalak xedatzen du estatu kideek doako interpretazio zerbitzuak eskaini beharko dituztela bezeroaren eta abokatuaren arteko komunikazioetan.

Bi kasu horietan estatu kideek beharrezkoak diren mekanismoak egokitu beharko dituzte interpretazioa ezinbestekoa den ala ez erabakitzeko.

Orobat, lehen eta bigarren atalen araberako interpretazio eskubidea entzumen edota mintzamen arazoak dituzten pertsonei ere ezarriko zaie.

Azkenik, aipagarria da seigarren atalak "urrutiko interpretazio"rako aukera ere eskaintzen duela. Interprete baten berehalako laguntza izateko, bideokonferentzia, telefono edo internet bezalako komunikazio teknologiak baliatu daitezke, betiere interprete baten presentzia fisikoa baitezpadakoa ez bada prozeduren zuzentasuna bermatzeko.

3.3. Itzultzeko eskubidea

3 (1) artikuluak xedatzen du estatu kideek ziurtatuko dutela prozedura penaletako hizkuntza ulertzen ez duten pertsona susmagarriek edo akusatuek funtsezkoak diren agiri guztien idatzizko itzulpena jasoko dutela arrazoizko epe baten barruan, era horretara beren defentsarako eskubideaz baliatu daitezen eta prozeduren zuzentasuna babesteko. Itzuli beharreko agirien izaerari dagokionez, pertsona susmagarriei egiten zaien aipamenak garbi uzten du eskubide honek epaiketaren aurreko aldiari ere eragiten diola. Hirugarren artikuluaren 3. atalak funtsezko agiri hauek aipatzen ditu:

  • Pertsona bati askatasuna kentzen dion erabakia
  • Akusazio idazkia
  • Epaia

Halere, badira bi xedapen funtsezko agiriak itzultzeko eskubidea mugatzen dutenak: 3 (4) eta 3 (7) artikuluak. 3 (4) artikuluaren argitan, ez dago inolako beharrik pertsona susmagarriei edo akusatuei euren kontrako kasuaren berri izateko garrantzitsuak ez diren funtsezko agirietako pasarteak itzultzeko. Eta 3 (7) artikuluaren arabera, funtsezko agirien ahozko itzulpena edo ahozko laburpena ere egin daiteke idatzizko itzulpen baten ordez, betiere prozedura penaletako zuzentasunari kalte egiten ez bazaio. Praktika honek asko arindu dezake epaitegietako eguneroko lana: luze jo dezakeen itzulpen baten ordez, ahozko itzulpena bertatik bertara egitea mesedegarria izan daiteke pertsona susmagarrientzat edo akusatuentzat. Horretaz gain, azken aukera honek itzulpen kostuak izugarri merkeagotuko ditu.

Azkenik, estatu kideetako agintari eskudunek kasuz kasu erabakiko dute zein agiri diren funtsezkoak, goian aipatu berri ditugunez gain, bai eta zein agiri zatika itzul daitezkeen ere.

3.4. Interpretazio eta itzulpen kostuak

Bosgarren artikuluak dio estatu kideek beren gain hartuko dituztela susmagarriei edo akusatuei eskainitako interpretazio eta itzulpen zerbitzuek sorraraz ditzaketen kostu guztiak, prozedura penalak izan dezakeen emaitza aintzat hartu gabe.

3.5. Interpretazio eta itzulpenaren kalitatea

Estatu kideek ziurtatu beharko dute interpretazio eta itzulpenaren kalitatea aski eta nahikoa izango dela inplikatutako pertsona guztiek egozten zaizkien kargu guztien berri izan dezaten, hartara defentsarako eskubidea eraz eta zentzuz erabili ahal izateko.

Horretarako, 5 (1) artikuluaren arabera, estatu kideek neurri jakin batzuk hartu beharko dituzte eskaintzen diren interpretazio eta itzulpen zerbitzuek 2 (8) eta 3 (9) artikuluek eskatzen duten kalitate maila erdiesteko. 2 (8) eta 3 (9) artikuluek eskatzen dute pertsona susmagarriek edo akusatuek leporatzen zaizkien kargu guztien berri izan behar dutela, era horretara gai izan daitezen euren defentsarako eskubidea erabiltzeko.

Kalitatea dela eta Zuzentarauak dio interpretazioak "kalitate nahikoa" izan behar duela eta itzultzaile-interpreteek "behar bezala kualifikatuta" egon beharko dutela. Baina nola interpretatu bi termino horiek? Badirudi logikoena dela pentsatzea, gure testuingurua aintzat hartuta, itzultzaile-interprete judizialek unibertsitate mailako ikasketak izan beharko dituztela. Unibertsitate mailako kualifikazioa eskatzea oinarrizko abiapuntua litzateke erakunde ofizialetan orain lanean ari direnen eta aurerrantzean lan egingo dutenen lan egoera hobetu eta behin betiko homologatzeko.

Nolanahi ere, pertsona susmagarriek edo akusatuek eskubidea izango dute jaso duten interpretazioaren edo itzulpenaren kalitatea dela eta, erreklamazioak aurkezteko, zerbitzuaren kalitatea ez bada nahikoa prozesuaren berdintasuna ziurtatzeko.

3.6. Erregistroa

Interpretazio eta itzulpenaren egokitasuna sustatzeko eta inplikatutakoek zerbitzu hauek eraginkortasunez jasotzeko, estatu kideek gaitutako itzultzaile eta interprete independenteen erregistro bat ezarri beharko dute. Behin erregistroa osaturik dagoenean, lege aholkulari eta eskudun agintarien eskura jarriko da.

Beren legediarekin bat etorririk, estatu kideek erregistroaren bidezko prozedura erabiliko dute organo eskudunari jakinarazteko inplikatutako pertsonek:

  • Interprete baten laguntzaz deklaratu duten ala ez, edo galdekatuak izan diren;
  • Funtsezko agirien itzulpen bat edo ahozko laburpen bat jaso duten;
  • Agiriak itzultzeko eskubideari uko egin dioten.

3.7. Transposizioa

9 (1) artikuluarekin bat etorririk, 2013ko urriaren 27a baino lehen estatu kideek abiarazi beharko dituzte Zuzentarau hau betetzeko beharrezkoak diren lege, arau eta administrazio xedapen guztiak. Beraz, Zuzentarauaren xedapena betetzeko inplementazio epea bukatzen denean, estatuaren barneko lege eta arauak egokitu ez dituzten estatu kideei urraketa-prozedura bat ireki ahalko zaie, Europako Justizia Auzitegiak ezar ditzakeen zigorrak eta betearazpen-neurriak barne.

3.8. Espainiako kasua

Interpretazioaren eta itzulpenaren egokitasuna bultzatzeko eta interpretazio eta itzulpen zerbitzuak eraginkortasunez erabiltzeko, 5 (2) artikuluak dio estatu kideak saiatu egingo direla gaitutako itzultzaile eta interprete independenteen erregistro bat ezartzen. Dakigunez, gaur egun ez dago halako erregistrorik Espainian. Espainiako Atzerri Ministerioak zinpeko interprete eta itzultzaileen erregistro bat dauka, baina erregistro horren helburuak desberdinak dira.

Madrilen egin ziren jardunaldietan Atzerri Ministerioko ordezkariak zalantzan jarri zuen erregistro horren egokitasuna Zuzentarauak ezarritako betekizunak erdiesteko. Arazoa galdera honetan datza: Zuzentarauaren argitan zinpeko itzultzaile-interpreteak "behar bezala kualifikatuak" daudela ulertu behar al da? Kontuan hartuta zinpeko itzultzaile-interpreteen habilitaziorako hainbat irizpide erabili izan direla azken urteotan, batek galde dezake ea Zuzentarauaren xedeetarako proba berezirik egin beharko litzatekeen itzultzaile bat "behar bezala kualifikatua" dagoela zehazteko, eta, kasu horretan, zeini dagokion halako probak egitea.

Gainera, kontuan hartu behar da Espainiako Atzerri Ministerioaren erregistroaz gain, hainbat autonomi erkidegok beren erregistro propioak sortu dituztela [4]. Hortaz, Espainiako autonomi erkidegoetako eskumenak errespetatu behar direnez, ez dago argi eskumen hau autonomi erkidegoei bakarrik dagokien edo eskumen hau estatuaren eta autonomi erkidegoen artean kudeatu behar den. Halaber, ez dago batere argi autonomi erkidego bateko erregistroan dagoen itzultzaile-interprete batek bere zerbitzuak bakarrik erregistraturik dagoen erkidegoan eskaini ahalko dituen edo erkidego guztietan erregistratu beharko duen.

Ikusten denez, oraindik puntu ilun asko daude Zuzentarau honen inguruan. Kontuan hartzen badugu Espainiako Gobernua oraindik ez dela hasi Zuzentaraua Espainiako estatutan inplementatzeko neurriak aztertzen, ez dirudi garaiz iritsiko denik Zuzentaraua indarrean sartuko den egunera, are gehiago ikusita Zuzentarauak eskatutako neurrietako batzuek Espainiako Parlamentuaren onespena beharko dutela.

Zalantzarik ez dago prozedura penaletan interpretatzeko eta itzultzeko eskubideari buruz EBko Kontseiluak eta Parlamentuak onartu duten Zuzentaraua aurrerapauso garrantzitsua dela interprete eta itzultzaileen lana aitortzeko bidean pertsonen funtsezko eskubideen bermatzaileak diren aldetik. Orain estatu kide guztiek, Espainiak barne, beren legedi barruan txertatu behar dute Zuzentarauak xedaturikoa. Prozesu hau behar bezala mamitzen bada, Zuzentaraua zedarri sendoa izango da interprete-itzultzaileen figurari zor zaiona aitortzeko. Orobat espero izatekoa da arlo honetan diharduten interprete-itzultzaileen lan baldintzak hobetzeko ere baliagarria izatea.

Prozesuaren arrakasta bermatzeko eta itzultzaile-interpreteen erregistroa sortu eta kudeatzeko hartzen den erabakia edozein delarik ere, desiragarria litzateke Espainiako Gobernuak eta agintari judizialek kontuan hartzea arlo judizialean jarduten duten adituen eta itzultzaile-interpreteen elkarteetako ahotsa. Unea iritsi da agintari judizialek eta Justiziako Administrazioak interpretazio eta itzulpen juridikoaren egoeraz sentsibilizatu eta interprete-itzultzaileen lan baldintzak berriz planteatzeko.

Erreferentziak

2010/64/UE Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2010eko urriaren 20koa, prozedura penaletan interpretatzeko eta itzultzeko eskubideari buruzkoa, (ingelesezko bertsioa); (gaztelaniazko bertsioa).

Crass, Steven and De Matteis, Luca, The Directive on the Right to Interpretation and Translation in Criminal Proceedings, [2012-03-22an kontsultatua].

EULITA (European Legal and Translators Association):

TRAFUT, Training for the future izeneko egitasmoaren berri.

[1] Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 288. artikuluaren arabera, Zuzentarauek behartu egingo dute zuzentzen zaizkion estatu kideak erdietsi beharreko emaitzari dagokionez, baina estatuko agintarien esku utziko dira Zuzentaraua inplementatzeko modua eta baliabideak.

[2] Ikus. http://www.eulita.eu/

[3] TRAFUT, "Training for the Future" , hau da, "etorkizunerako prestatzen".

[4] Euskararen kasuan 2011ko ekainaren 8an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian euskarazko zinpeko itzultzaile zein interprete lanetarako habilitazioa lortu dutenen erregistroa arautzen duen agindua. Geroago, itzultzaile eta interpreteen habilitaziorako probak egin eta habilitazioa lortu duten itzultzaile-interpreteen zerrendak argitara eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Zerrendak webgune honetan daude ikusgai.