Gaztetako Beckett bat. 'Sueño con mujeres que ni fu ni fa' itzultzearen inguruko gogoetak
Artikulua PDFn.
Artikulu honen xedea Samuel Beckett-en Dream of Fair to Middling Women eleberria gaztelaniara (Sueño con mujeres que ni fu ni fa) itzultzeko lan metodologia labur-labur azaltzea da. Itzulpena Tusquets argitaletxeak argitaratu zuen 2011n Bartzelonan. Egin, berriz, Miguel Martinez Lagek eta biok, Jose Francisco Fernandezek, egin genuen, 2010-2011ko neguan, Almeriako itsasertzeko herri batean. Baina, zer itzulpen arazo izan genituen eta zer konponbide eman erabaki genuen zehazten hasi baino lehen, eleberriaren beraren eta hura itzultzeari ekiteko genituen arrazoien inguruko sarrera txiki bat egitea komeni dela iruditu zait.
Dream of Fair to Middling Women Samuel Becketten aurreneko eleberria da, 1932an idatzia, nahiz eta, xelebrea bada ere, azkena argitaratu zena; izan ere, argitaletxe batzuei eskaini eta atzera bota ziotenez, uko egin zion idatzi berri zuen liburuari Beckettek, eta hil arte ez argitaratzeko agindu zuen. Hala, 1992an, egilea hil eta handik hiru urtera, Dublingo The Black Cat Press argitaletxeak atera zuen Becketten arrakasta handiko azkeneko testu argitaragabea. Gaztetako testu bat dugu, beraz, hizpide dugun hau, Godoten esperoanen egileari ospea eman zion estilo soil eta trinkoaren antzik batere ez duena. Dream of... eleberri hau Samuel Beckett James Joyceren lanik esperimentalenak erabat erasanda zegoen garaikoa da. Oso seguru ez bazen ere, eta hartzen ari zen bidearekin erabat konbentzitu gabe bazegoen ere (utzi ere hala egin zuen: handik gutxira), maisuaren antza izan nahi zuen Beckettek, eta kontraeleberri edo narrazio esperimentu bat sortu zuen, ordura arte eleberriaren generoa eraendu zuten arau guztiak hautsi nahian: barne batasuna, argudio garapen koherentea, pertsonaien deskribapen zehatza, ezagutzeko moduko oinarri historikoa, egileak munduarekiko duen ikuspegia azaltzea, eta abar. Beckettek bere irudimen guztia askatu zuen obra honetan: ezeren antzik gabeko pertsonak deskribatu zituen; harrigarrizko egoerak, irakurleari batere sarrerarik egin gabe aurkeztuak; beste lan batzuen puskak, ezeren lotsarik gabe txertatuak testuan; testu nahasketak, egilea bera ere korapilatzen dutenak; beste hizkuntza batzuetako esamolde eta baita orrialde osoak ere (frantsesezkoak, espainierazkoak, alemanezkoak, italierazkoak...). Alegia, opari ederra filologoentzat eta buruhauste galanta itzultzaileentzat.
Baina, buruhausteak buruhauste, itzultzaileok uste genuen derrigorra zela eleberri honen gaztelaniazko bertsio bat izatea, zeren, ezinezko hitz-joko eta zoko-moko askoko adierazpideekin batera, eleberri honekin hasi baitziren ernetzen Beckettek —gero, berrogeita hamar urtean baino gehiagoan— garatu zituen oinarri poetikoak. Hizkuntza oparotasun handi horren artean, isiltasunarekin akordatzen den Beckett bat aurkituko du irakurleak, erabat maiztuta eta askotan batere zentzurik ez duen hizkuntzaren ordezko adierazpide batzuen bila dabilena, edertasunaren, giza harremanen edota bakardadearen esanahia aztertzen. Beckettek bere helduaroan egindako lana ulertzeko nahitaez izan beharreko osagarritzat jotzen genuela, alegia, itzulpen hau egitea.
Hala, itzulpenari ekiteko abiaburu ona zen Dream of... eleberriaren gaztelaniazko bertsioaren arduradunak Nobel irlandarraren jarraitzaile sutsuak izatea. Miguel Martinez Lagek 2008ko itzulpen sari nazionala irabazi zuen, eta lehen ere murgildua zen Becketten unibertsoan, bikain asko itzulita A vueltas quietas, Carta alemana eta Rumbo a Peor, horren ezagunak ez diren Beckett-en beste lan batzuez gainera. Nik, berriz, urte dezente neramatzan Samuel Becketten lan goiztiarra aztertzen, eta artikulu batzuk argitaratuak nituen Dream of... eleberriaren, Beckett eta Joyceren eta Becketten aurreneko kontakizun liburuaren gainean, More Pricks than Kicks (1934), esku artean genuen eleberritik ateratako bi zati handi dituen lanaren gainean, alegia. Nolabaiteko ezagupen bat bagenuen, beraz, Dream of... eleberriaren osaeran izandako inguruabar eta testuinguruarena. Ezagupen horiek izateak ez zuen lehen esan ditugun ezaugarriak dituen lan batean arrakasta izatea bermatzen; baina, 30. hamarraldiko Beckett haren gaineko ezagupen sakonik izan gabe, seguru zen huts egitea. Horrela, gure lantegian argi egiteko, hor genuen Samuel Becketten kontuetan munduan den aditu handienetako bat den John Pilling-en A Companion to Dream of Fair to Middling Women (2004) liburua ere. Eta, beste maila batean bada ere, Beckettek berak garai hartan idatzi zuen Beckett's Dream Notebook (1999) ohar koadernoa ere erabili genuen, aurreneko liburu haren osagarri den koadernoa. John Pilling, izan ere, Reading-eko Unibertsitateko irakasle izan zen erretiroa hartu arte, eta izugarrizko artikulu akademiko pila idatzi du Becketten gainean. Neronek ere ezagutu nuen Pilling irakaslea, 2005ean Readingen izan nintzenean, Internacional Beckett Foundationen ikerketa aldi bat egiten, eta hasiera-hasieratik eman zigun, ilusio handiz eman ere, bere laguntza, telefonoz edo posta elektronikoz erantzunez gure galderei. Iruditzen zait, ondotxo iruditu ere, John Pillingen A Companion... lan funtsezkoa izan ez bagenu, gure lana ez zela osoa izango, lausoa baizik, eta, gauza askotan, hutsegiteak izango zituela. Esan dezagun, bestalde, Dream of Fair to Middling Women-en gure itzulpen hau besterik ez dela, orain arte, laguntza horrekin egindakorik, zeren aurrekoak (japonierara, alemanera eta nederlanderara egindakoak) Pillingen A Companion... argitaratu baino lehen egindakoak dira.
Aitzin ohar hauek bukatu baino lehen, esan nahi nuke gure itzulpena elkarren artean egina dela, biok ondoan jarrita beti, bi itzultzailek abiaburuko testu bat beste hizkuntza batera elkarrekin bihurtutako lan bat. Ez dago zatirik batek bakarrik egindakorik. Bi buru une eta toki berean helburu bakar bat ailegatu nahian arituta egiten zen han aurrera, batzuetan arin eta beste batzuetan oso nekez.
Dream of... gaztelaniara itzultzeko lanaren gainean egin beharreko aurreneko iruzkin orokorra jarreraren gaineko iruzkina da. Era honetako eleberri bati —esperimentala, irakurleari batere kontzesiorik egiten ez diona— itzulpen ausart bat zegokion, segurtasun sarerik gabe egindakoa. Testuak beldurgabea izatea eskatzen zuen, ausartegia, ia; beraz, testuak berak zuen ausardiari jarrera oldarkor batekin laguntzea erabaki genuen itzultzaileok hasiera-hasieratik. Zuhurtziaz eta defentsan egindako itzulpenaren emaitza oso testu astuna eta kargatua izango zen irakurtzeko. Hala, bertsio berrian ere igarri egin behar zen 26 urteko Beckett hura, bere buruari eta munduari izugarrizko amorrazioa ziona, gazte goi-harro bat, munduan arrasto bat uzteko idazten zuena, nahiz eta artean ez zekien zer arrasto klase utzi nahi zuen. Hori dela eta, pauso bat aurrera eman orduko hartu behar ziren erabakiak hartzekoan, normalaz kanpokoa zein, huraxe hartzea erabakitzen genuen, Beckett hizkuntzaren sasitzan aihotzarekin irekitzen ari zen bideari jarraitzearren. Hala, konparazio baterako, "Strom", "tromenta" bihurtzen zen (ikus gaztelaniazko bertsioko 41. orrialdea); "Belacqua laffed and laffed", "Belacqua no paraba de soltar carcajodas" (53); "Snotgasp of reliefhilarity", "Exclamoción de aliviohilario" (87); "vomitdribble of littérateur deaddrunk", "vomichorro de littérateur completebrio" (87-88) eta "a bitch-melba", "helado de meloputón" (91). Lan honetan horrelako adibide asko dago. Horrelakoekin, forma lexiko zaharkituak edo bitxiak bilatu ez eze, neologismoak sortu ere egin zituen Beckettek berak, hitzak bihurrituz, elkarrekin nahastuz eta zituztenik eta konnotaziorik xelebreenak bilatuz. Beckett gazteak hizkuntzarekin darabilen jokabide ganberro hori ikusirik, itzultzaileek ere, ahal zen eran, haren jokoari jarraitzea erabaki genuen, gaztelaniaz ere efektu berdintsua izan zedin saiatuz, egileak ingelesean sortu nahi zuen probokazio berbera lortu nahian. Efektuak, izan ere, esaldi eta paragrafo osoekin jarraitzen du; pertsonaia nagusietako baten, Smeraldina-Rima delakoaren, deskribapen honetan, konparazio baterako: "Her eyes were wanton, they rolled and stravagued, they were laskivious and lickerish, the brokers of her zeal, basilisk eyes, the fowlers and hooks of Amourrr, burning glasses" – "Su mirada era lasciva; giraba y rondaba luxuriosa y golossamente; sus ojos eran agentes de su celo, ojos de basilisco, cazadores y garras del Amorrr, lentes ardientes" (68). Iruditu zitzaigun inportantea zela lotsagabe tonu bat hartu eta hari eustea eleberri guztian; zeren, berriz esatea bada ere, horren testu konplikatu batean, beste era batera egiteak oso testu trinko eta aspergarria izatea ekarriko zuen. Bazegoen Becketten testua bufoikeria bihurtzeko arriskua ere, jakina; baina, John Pilling-en A Companion... eta antzeko izen oneko iturri batzuetara jo eta erabaki bakoitza hartu baino lehen hausnarketa patxadaz egin ondoren, ez zen horretarako arrisku handirik geratzen. Bestalde, berriketak eta pisu handiagoko kontzeptuak apartatu ere egin beharra zegoen. Izan ere, Beckettek liburu honetan sortutako hitz asko hizkuntzarekin egindako bihurrikeriatzat jo daitezke ("beerbibbing" – "cervezolencia", 93); baina, beste batzuek, "wombtomb"ek, esate baterako (uterotumba), egileak munduarekiko zuen ideia bat biltzen dute, eta kontuz ibili beharra zegoen, beharrik gabe gehitxo puztu gabe.
Beste arazo handi bat beste hizkuntza batzuetako hitz mordo handiak ematen zuen, eleberrian han-hemen barreiatuta zenak. Batzuk esaldi eginak edo garrantzia handirik gabeko iruzkinak dira, baina beste asko Danteren Jainko antzerkia eta antzeko literatura lanetatik hartutako zatiak dira, latinezko egileen esaerak edota egile txikiagoen obrak. Beste hizkuntza horietako hitzena konpondu beharreko arazo bat zen, baina hori baino lehenagokoa zen literatur aipu horiekin zer egin erabakitzea. James Knowlson-ek egindako Becketten biografian jartzen duen bezala, nekez esan daiteke plagioa egin denik horrelakoetan, hau da, ez dago pentsatzerik Beckettek berak egindakotzat pasatu nahiko zituenik beste egile horien zatiak; izan ere, irakurle jantzi samar batek berehala antzemango zien zati horietako batzuei edo zati askori, eta, idatzitako hizkuntzan utzita, ez zegoen jatorria ezkutatzeko asmorik. Hori baino gehiago, Beckettek eleberria puskatzeko zuen planteamendu orokorraren barruko beste elementu bat da: Beckettek jo eta txikitu nahi zituen arauetako bat —asko txikitu nahi zituen— egilearen batasunarena zen; alegia, gizabanako bat, autonomoa eta gauza dena, eta bere lana prozesu guztiaren erantzule erabatekoa izanez idazten duena. Zati horiek sartuta, literatura modernoaren mito handietako bat puskatzen ari da Beckett: buru bat, sortzen duena, bere materiala erabat kontrolatzen duena eta bere fikziozko unibertsoa jainko txiki bat izango balitz bezala antolatu eta taxutzen duena.
Itzultzaile garen aldetik, ez genuen testua otzandu eta duen jiterik kendu nahi. Beste hizkuntza batzuetako hitzak eta aipuak testuaren gorputz zatiak ziren, eta, beraz, zeuden bezalaxe eutsi behar zitzaien. Hala, idatzitako hizkuntzan uztea erabaki genuen, eta ohar zerrenda bat jartzea liburuaren bukaeran hitz horien itzulpenekin, ulertzeko behar den informazioa baino gehiago eman gabe eta kontuz ibilita, bestalde, Dream of Fair to Middling Womenen gaztelaniazko bertsioa edizio kritiko bat bihurtu gabe; eleberri bat baita, gozatzeko eleberri bat. Baten batek esango du Dream of Fair to Middling Women irakurtzea plazer konplikatu samarra dela, eta arrazoi asko izango lituzke arrazoibide horri eusteko, baina badakigu plazer guzti-guztiak ere ez direla samurrak izaten. Edozein moduz ere, guk ez genuen testuan eskurik sartu nahi, ezta irakurtzekoan oso zaila gertatzerik ere; beraz, ahalik eta oharrik gutxien sartu behar ziren (eta hala ere 239 badira!) eta, testuinguruagatik esanahia bistan zegoenean —askotan—, itzuli gabe utzi. Hala, narratio recta, cockney, ciel, oleum ricini, évidemment, Jungfräulein eta antzeko beste adierazpide batzuek ez dute ezeren azalpenik itzulitako testuan. Beste esamolde batzuk, ordea (Gottesfreund, villeggiatura, narquois edo procella, esate baterako), zenbaki bat gain-indizean jarrita ageri dira, liburuaren azkenean den oharra begiratzera eramaten duen zenbakia jarrita. Egileen aipuak moldatzeko, batzuetan gaztelaniazko bertsio klasiko batzuk bilatu genituen, eta haiek txertatu genituen testuan; beste batzuetan, berriz, laguntzaile batzuei eskatu genien gaztelaniara behar bezala itzultzen laguntzeko (esker ona adierazteko atalean aitortu genien haiei eman ziguten laguntza).
Ezohiko eleberri hau itzultzeko izandako zailtasunen azken alderdia askotan izan genuen zentzua harrapatu ezina izan zen. Beste edozein lanetan itzultzaileen trebetasun faltari botako geniokeen alderdi hori, testuaren muinari berari zegokion ezaugarri bat zen han, Beckettek eleberri tradizionalari egindako erasoaren elementu bat gehiago. Izan ere, John Pillingek ere idatzia du Beckett gazteak askotan ez zekiela zer esan nahi zuen zenbait paragrafotan: nahastu egiten da, esaldi korapilatsuetan katigatu, ez si eta ez no pilatzen dituen hitzetan galdu eta irtenbiderik aurkitu ez gero. Panorama horren aurrean, sarerik gabe salto egin beste biderik ez zaio gelditzen itzultzaileari, ez saiatzea ezer argitzen, ez aldatzea testurik eta egilearekin batera buruz behera murgiltzea, ezeren norabiderik gabe eta erabat marraskatuta ateratzeko etsipena hartuta. Hala ere, zenbaitetan bai, saiatu ginen sonoritate berezi bati eusten, esapide berezi bat bilatzen, korritzen zuena, eta baita ezinezko arrazoibideei jarraitu eta halako gozamen bat izaten ere. Saihestezina bada, esaten genuen geure artean, eror dadila irakurlea ere zurrunbilo horretara, txoratu dadila diskurtsoaren labirintoetan eta utz diezaiola bere buruari hitzen mozkorkeria gozoarekin zorabiatzen.
Dream of Fair to Middling Women eleberria gaztelaniara itzultzea bete-beteko bizipena izan da, emozio handikoa, jostagarria eta, zenbaitetan, zailtasunez betea ere bai. Batzuetan geu ere konturatzen ginen amildegiaren ertz-ertzean genbiltzala, baina ez ginen hori ezkutatzen saiatzen; izan ere, espero genuen irakurleak inoiz ere ez pentsatzea arriskutik libre zenik.