Itzulpenak egiteko kode irekiko eta doako laguntzak
Artikulua PDFn.
Egun, Interneten gauza asko aurkitu daiteke; ia edozer. Itzulpengintzari dagokionez ere, maila ezberdinetako laguntzak aurki daitezke, eta asko kode irekikoak eta doakoak.
Interneten bilaketak egiten hasita, mota guztietako laguntzak aurkituko ditugu, freelance bat izan, itzulpen-zerbitzu txikia izan, edota lantaldean itzultzaile asko dituen erakundea izan.
Itzulpenak egiteko, erabiltzaile horiek guztiek OLI (Ordenagailuz Lagundutako Itzulpen-tresna) bat erabiliko dute, orokorrean. Hortik aurrera, erabiltzaile bakarra izan edo lantaldean aritu, tresnari eskatuko zaiona ezberdina izan daiteke.
Duela gutxi arte, MS Worden gainean lan egiten zuen gehiengoak, OLI tresnak bertan integratzen baitziren, tresna-barra moduan. Azken urtetan, aldiz, joera hori aldatu egin da. Horrekin batera, kode irekiaren alde egiteko aukera ugaritu egin da. Horien adibide dira, besteak beste, OmegaT eta Anaphraseus. Bata eta bestearen arteko alde nabarmenena da OmegaT stand-alone edo aplikazio autonomoa dela, eta Anaphraseusek OpenOffice editorea behar duela funtzionatzeko. Hau da, OmegaTren kasuan, www.omegat.org orritik exekutagarria deskargatu, instalatu, eta erabiltzeko prest izango dugu. Aldiz, Anaphraseus deskargatzeaz gain OpenOffice ere deskargatu eta instalatu beharko dugu, Anaphraseus erabili ahal izateko.
Aipatutako bi erremintak itzulpenak modu eraginkorrean egiten lagunduko digute. Hau da, bien atzean oinarrizko helburu bera dago: egiten ditugun itzulpenak gordetzea, etorkizunean berrerabili ahal izateko. Noski, aplikazio hauek ez digute hori bakarrik eskaintzen. Askoz gehiago eskain dezakete: terminologia-koherentzia mantentzeko modua, itzulpen automatikoa modu erraz batean gure lan-tresnan erabiltzeko modua, eta abar.
Itzulpen automatikoari dagokionez, gauzak asko aldatu dira azken hamarkadan. Interneten hainbat aukera dago orain hizkuntza ezberdinen arteko itzulpen automatikoa lortzeko. Horien artean, kode irekikoa Opentrad dugu. Opentradek gure lana azkarrago egiten lagunduko digu, eta modu erraz batean txerta daiteke Wordfasten esaterako. Kode irekikoa izanik, Sourceforge deskargatu eta gure beharretara moldatzeko aukera emango ligukeen tresna da.
Bestela, badira aldatzeko aukerarik eskaintzen ez diguten itzultzaile automatikoak, baina Interneten doan erabil ditzakegunak. Horien adibide dira Eusko Jaurlaritzak aurten aurkeztutakoa, eta Google Translate.
Esan bezala, itzultzaile automatikoek lagundu egingo digute itzulpen-prozesuan, baina ondo berrikustea ezinbestekoa izango da.
Hala ere, pixka bat haratago begiratzen badugu, OLI tresna bat baino zerbait gehiago bila genezake, itzulpen-zerbitzu baten kasu, adibidez. Gaur egun, edozein itzulpen-zerbitzuk erabili dezake kudeaketako sistema bat, bere tamaina edozein dela ere. Horrelako tresna batek informazio guztia zentralizatzen lagunduko liguke: bezeroen informazioa, fakturazioa, itzulpen- tresna, memoria eta glosarioak...
Kode irekiko adibide bat GlobalSight da. Aplikazioa Sourceforge tik deskarga daiteke edo, erregistratuz gero, GlobalSight en orritik.
GlobalSight bezalako ingurune bat martxan jartzeko, baliteke informatikari baten laguntza behar izatea, edo eskuliburuak irakurtzeko pazientzia izanda, informatikaria ez den norbait ere dena prestatzeko moduan izango da.
Orain arte aipatutako tresnak itzulpenak egiten laguntzeko direla esan daiteke. Baina, itzultzaile batentzat badaude bestelako tresna lagungarriak ere. Adibidez, Interneten aurkitu dezakegun pakete interesgarri bat PortableCAT da. Jaume I Unibertsitateak eskaintzen duen master baterako materialen artean sortu zen, eta guztion esku dago Interneten. PortableCAT software libreko hainbat tresna biltzen dituen ingurune eramangarria da: nabigatzailea, testu-editorea, irudi-editorea, terminologia erauzteko tresna, OLI tresna, eta abar. 500 MB inguru hartzen dituenez, USB pintxo batean ere gurekin eraman eta erabili ahal izango dugu, arazorik gabe.
ASuite aplikazioari esker, PortableCAT nahi dugun moduan konfiguratu ahal izango dugu. Menuan agertzen den zerrenda antolatzeko aukera eskaintzen zaigu, aplikazioa sistemarekin batera piztekoa, interfazearen hizkuntza aukeratzea izango dugu, eta beste hainbat pertsonalizazio egiteko modua izango dugu.
Gorago esan bezala, PortableCAT paketeak gauza asko egiten lagunduko digu. Itzuli behar dugun materiala trinkotuta bidali digutela? 7-Zip Portable programarekin erauzi ahal izango dugu, fitxategien jatorrizko formatua ikusteko. Gure betiko tresnekin itzuli ondoren, berriz trinkotu, eta emailez bidali ahal izango dugu.
Oraindik ere handiegia dela materiala emailez bidaltzeko? Ba, fitxategiak FileZilla programaren bidez bidali ahal izango ditugu, FTP bidez (File Transfer Protocol delakoa erabiliz). Horretarako, zerbitzariren bateko helbidea eman beharko digute, non utzi jakiteko, eta erabiltzaile eta pasahitz bat beharko ditugu, segurtasuna bermatzeko.
Baina, goazen ordenean. Menuan ikusten ditugun aukerak jarraitzen baditugu, programa hauek aurkitzen ditugu:
Ant Renamer Portable
Programa honekin karpeta edo fitxategi multzo bati izena aldatu ahal izango diogu, klik gutxi batzuekin. Adibidez, itzuli behar dugun materialak karpeta eta azpikarpeta asko baditu, eta jatorrizko materialaren kopia bat egin badugu, baliteke izenetan xxxren kopia geratzea izen guztietan. Edo, jatorrizko fitxategiek sorburu-hizkuntzaren kodea bazuten izenean, eta itzulpena egin ondoren izenean xede-hizkuntzaren kodea azaltzea nahi badugu, programa honekin erraza izango dugu.
KeePass Portable
Pasahitzak antolatu eta gordetzeko balio du. Modu honetan, erabiltzen ditugun pasahitzak datu-base seguru batean egongo dira biltegiratuta, eta datu-base horri jartzen diogun pasahitza gogoratu beharko dugu soilik.
Sumatra PDF Portable
Sumatra PDF Portable PDFak irekitzeko kode irekiko programa da. Gainera, interfazea euskaraz erabil daiteke.
Mozilla Firefox, Portable Edition
Nabigatzaile ezagunaren bertsio eramangarria ere PortableCAT paketearen barruan aurkitzen dugu.
FileZilla Portable
Gorago aipatu bezala, FileZilla programa tamaina handiko fitxategiak FTP bidez bidaltzeko erabiliko dugu.
Ditto Portable
Inoiz faltan bota duzu kopi-pega egiterakoan aukera gehiago behar zenituela? Edo Ktrl- C egin ondoren, pegatu aurretik berriz ere Ktrl-C egin eta aurreko hautapena galdu? Ditto Portable programari esker, hori ez da arazoa izango, kopiatzeko egiten ditugun hautapenak gogoratzen joango baita. Gainera, testuaz gain, irudiak ere gorde ahal izango ditugu, nahi dugunean gure dokumentuetan sartzeko (logo bat, esaterako).
Hori gutxi balitz, gorde dugun informazioa sailkatu ahal izango dugu, azkarrago aurkitzeko.
Texter Portable
Aplikazio hau ere oso praktikoa izan daiteke, askotan idazten dugun zerbait automatizatzeko. Adibidez, gure helbidea askotan idatzi behar badugu, helb eta tabuladorea sakatzean gure helbide osoarekin ordezkatzeko agindua eman diezaiokegu.
Notepad++ Portable
Ohar-blokaren antzeko programa da, baina askoz aukera gehiago ematen dizkigu Notepad++ek. HTMLak editatzeko modu erosoa eskaintzen digu, edo kodeketa arazoren bat badugu (adibidez, tildeak ez direla ikusten eta testua sinbolo arraroez bete bazaigu) kodeketa-bihurketak ere egin ahal izango ditugu.
GIMP Portable
Irudiak editatzeko software libreko aplikazioa da. Gimp programaren bidez, irudiei tamaina edo formatua aldatu ahal izango diegu. Horrez gain, koloreak ordezkatzeko aukera izango dugu, edo testua txertatzeko.
OpenOffice.org
Aurkezpen gutxi behar du ofimatika pakete ezagun honek. Bere bertsio eramangarriak aurkituko ditugu PortableCATen. Hauekin testu-dokumentuak, kalkulu-orriak, datu-baseak eta aurkezpenak prestatuko ditugu.
GoldenDict Portable
Ordenagailuan ditugun baliabideetan edota online hiztegietan bilaketak egiteko hiztegi-kudeatzailea da. Interfazetik konfigurazioa osatuko dugu, adibidez, euskarazko Wikipedian bilaketak egiteko, edota online hiztegietara jotzeko.
Language Tool
Estilo- eta gramatika-zuzentzailea eskaintzen dituen aplikazioa. Momentuz, ordea, ez du euskara eskaintzen hautatu daitezkeen hizkuntzen artean.
TextSTAT
Corpusak sortu eta ustiatzeko aplikazioa da. Dokumentuak edota HTMLak kargatu, eta hitz-zerrendak atera ahal izango ditugu maiztasunaren arabera ordenatuta, edota testuinguru- bilaketak egin ahal izango ditugu. Gure testuetan terminologia bilatzeko erabil liteke, adibidez.
LexTerm
LexTerm programak terminologia-erauzketak egiteko balio du. Oinarrian corpus elebakarrak edo paraleloak onartzen ditu. Estatistikan oinarritutako sistema da eta corpus paraleloa ematen badiogu, terminotzat hartzen dituen hautagaien ordaina ere bilatzen saiatzen da.
Bihurketa- eta egiaztatze-tresnak (Conversion and validation tools) atalean:
TMX to tabbed
Aplikazio honen izenak dioen bezala, TMX formatua duen itzulpen-memoria bat emanda, testu tabulatua bihurtuko du, hau da, iturburu-testua, tabuladorea, xede-testua, tabuladorea eta intro, itzulpen-unitate bakoitzeko.
TMX Maker
Kasu honetan kontrakoa egingo dugu. Helburua TMX formatudun itzulpen-memoria sortzea izango da, eta abiapuntua testu tabulatua (aurreko puntuan aipatutakoa) edo Excel taula bat. Programa exekutatzen dugunean, bihurtu nahi dugun fitxategia aukeratzeko eskatuko digu, eta baita iturburu- eta xede-hizkuntzak hautatzeko ere. Bestalde, egilea eta, nahi izanez gero, ohar bat ere gehitu ahal izango dugu. Pantailatxoan agertzen zaizkigun pausuak jarraituz gero, emaitza TMX fitxategi bat izango da.
XLIFF Checker
Programa honekin gure XLIFF (XML Localization Interchange File Format) fitxategien gramatika ondo dagoen konprobatuko dugu. Hau da, XLIFF DTD (Document Type Definition) gramatikarekin alderatuko du.
TMX Validator
XLIFF Checker programaren antzera, TMX fitxategien egitura egiaztatzeko balio du.
LF Aligner
Lehendik eginda ditugun itzulpenetatik itzulpen-memoriak sortzen lagunduko digu LF Aligner programak. Irudian ikus daitekeen bezala, fitxategi mota ezberdinak onartzen ditu:
Prozesuaren emaitza TMX formatudun itzulpen-memoria izango da.
Okapi Tools
Rainbow
Lokalizazioarekin lotutako hainbat eragiketa egiten lagunduko digu Rainbow aplikazioak: kodeketa-bihurketak, terminologia-erauzketak, kalitate-kontrolak, ordezkapen masiboak, itzulpen automatikoa...
Ratel
Segmentazio-arauak sortu edota editatzeko aplikazioa da. SRX (Segmentation Rules eXchange) formatu estandarra erabiltzen du. Egun hainbat tresnak erabiltzen du SRX estandarra, eta hauen bidez gure testua segmentatzeko modua pertsonaliza dezakegu. Esaterako, GlobalSight edo Rainbow aplikazioetan erabil daitezke.
CheckMate
Itzulpen-memorien kalitate-kontrola egiten lagunduko digu CheckMate programak. Fitxategi mota ezberdinak onartzen ditu: TMX, XLIFF, PO, TTX... Automatikoki egiten dituen eragiketen artean, hauek ditugu: itzulpenik gabeko segmentuak detektatzea, segmentu hutsak aurkitzea, iturburu- eta xede-testu bera duten unitateak bilatzea, xedea iturburua baino askoz luzeagoa duten unitateak zerrendatzea, kodeketa arazoak erakustea, eta abar.
OmegaT
Artikuluaren hasieran aipatu bezala, OmegaT programak itzulpenak egiteko ingurune bat eskaintzen digu. Bertan itzulpen-proiektuak sortuko ditugu, eta glosarioak edota itzultzaile automatikoak lotu ahal izango ditugu, laguntzak ingurunean integratuz.
WinMerge Portable
Fitxategiak edota karpetak alderatzeko erabil dezakegu WinMerge. Tresna honi esker, izen bera duten dokumentuen arteko aldeak non dauden jakin ahal izango dugu, edo karpeta ezberdinetan fitxategiak alderatu. Nahi izanez gero, fitxategi baten bertsio ezberdinak ere bateratu ahal izango ditugu.
Diffpdf Portable
Programa honen izenak adierazten duen bezala, PDF fitxategien arteko ezberdintasunak detektatzeko balio du.
Simple Invoices
Tresna honek bezero, lankide eta produktu/zerbitzuen fitxak kudeatzen lagunduko digu eta, horrez gain, fakturak modu erosoan sortu ahal izango ditugu. Hainbat txosten atera daitezke aplikazio honi esker: salmentak bezeroko, urte jakin bateko salmenten guztizkoa, aurrekontuen zerrenda, ordainketak, etab.
Task Coach Portable
Proiektuak edota atazak kudeatzeko programa da. Hasiera eta bukaera data ezarri, aurrekontua lotu, abisuak konfiguratu, eta askoz gehiago egin ahal izango dugu aplikazio honi esker. Datuak inportatu eta esportatzeko aukera ere eskaintzen duenez, informazioa berrerabiltzeko modua izango dugu.
Momentuz, hau da PortableCAT paketearen barruan aurkitzen dugun azken tresna. Baina, zeinek daki, hemendik tarte batera akaso bertsio berriak aterako dira software librearen garapenean dabiltzan profesionalei esker.
Dena den, orain arte eskaintzen diguten guzti honekin ez dugu aitzakiarik teknologiak gure mesederako erabiltzen ez hasteko. Dagoeneko kostua ez da aitzakia, eta artikulu honetan irakurri ahal izan duzun bezala, gure eguneroko lanaren alor askotan laguntza ematen diguten tresnak hor daude, Interneten, gure zain: itzulpen-inguruneak, itzultzaile automatikoak, terminologia kudeatzeko aplikazioak, formatu bihurketak egiteko tresnak, editoreak, itzulpen- memoriak sortzekoak, fakturaziorako lagungarriak... denetik aurki dezakegu gure eskura.