Txillardegiren omenez
Karlos del Olmo

Aurkezpena

Karlos del Olmo

EIZIE elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen Jose Luis Alvarez Enparantza 2002. urtean, baita plazaratu ere Txillardegik berak aukeraturiko itzulgai zatia eta dagokion itzulpena elkarteak apailaturiko Itzulpen Antologia bilduman. Itzultzaile bati egin dakiokeen omenaldirik onena hark itzuliriko zer edo zer plazara ekartzea delakoan, EIZIEren omenaldi xume moduan ekarri dugu aldizkarira bilduma horretako testua -bizirik zegoela itzultzaileak berak hura hautatu zuelako, hain zuzen ere-, familiaren izenean Joseba Alvarez semeak idatziriko sarrera erantsita.

Itzulpen Antologia III liburuaren aurkezpenean Lurdes Auzmendik dioenez, "belaunaldi oparoa izan da itzulpenaren ikuspegitik ere 1930 urteen inguruan jaiotakoena; (...) bakoitza bere lan esparrutik euskararen aldeko langile etengabeak izan dira. Arantzazun 1968an euskara batuaren aldeko bidea hartu ondoren, orduan 40 urteren bueltan zebilen belaunaldiko antologia honetan biltzen ditugun guztiak igo ziren gurdi hartara, eta beraietako asko Euskaltzaindian bertan kargu pisuzkoak izatera ailegatu dira urteen joanean.

(...)

Azken batean, euskara alor guztietara hedatzen hasteko orduan, erabilera soziala bermatuko bazen, alor gehienetan gure hizkuntzak behar zituen baliabideak lantzen, edo zeuden baliabideak behar berrietara egokitzen hasi zen belaunaldia da hau, horretarako erabili zuen tresnetako bat itzulpena izan zelarik".

Txillardegik Antologiarako Albert Memmiren Kolonizatuaren ezagugarria liburutik aukeraturiko pasarte itzulia ekarri dugu orriotara, ukitu edo eguneratu gabe.

_________________________________________________

Izar berri bat Muitzako zeru bidean

Joseba Alvarez

Familiaren izenean, milesker Txillardegiri Senez aldizkarian eskainitako tartearengatik. Ez da inoiz erraza izaten hil berria den lagun baten inguruan ezer idaztea, eta zer esanik ez lagun hori norberaren aita bada. Duela egun gutxi berari eginiko elkarrizketa batean bere ahotsa entzuteak harri bihurtu zizkidan hesteak, hil zenez geroztik bi hilabete pasa diren arren, doluan murgilduta gabiltzan seinale argia. Berak utzitako hutsunearen tamainaz oraindik jabetzen ez garela konturatzen hasiak gara. Eta ni ezin ninteke kexa, kartzelatik atera eta azken bi urteak berarekin pasa ditudalako, bere ondoan. Nolabait esatearren, agurtzeko aukera izan dut. Tamalez, espetxean dauden beste euskal preso politiko askok aukera hori ere ez du izan urte luzeotan.

Baina sentipen pertsonala alde batera utzita, euskarak, euskal kulturak, Ezker Abertzaleak eta Euskal Herriak egun bizi duen egoerak argi eta garbi erakusten du bai Txillardegik eta baita beste milaka euskal herritarrek urte luze hauetan eginiko lana eta borroka ez dela alferrikakoa izan. Eta, nire ustez, eginiko ekarpen nagusia, euskal pentsaera politiko, sozial eta kulturala modernizatzea izan zen. EAJren nazionalismo historikoa, euskaldun fededun delakoa, baztertu eta abertzaletasunaren edukia berritzea, alegia: Euskal Herria euskalduna, laikoa, ezkertiarra, arrazakeriaren aurkakoa eta integratzailea, internazionalista, solidarioa... ETAren sorrera, euskara batuarena edota literatur mailako eraldaketa ezin dira ulertu gorago aipatu dugun iraultza kulturala kontutan hartu gabe.

Gure herria gerra ondorengo zulo beltzean zegoela, Euskal Herrian argi txiki bat piztu zuten haietariko bat izan zen Txillardegi, eta hil aurretik, argi txiki hura gure lurra argitzen eta elikatzen duen eguzki indartsua nola bihurtu den ikusteko aukera izan zuen. Amestutako Euskal Herri aske, euskaldun eta ezkertiarra ikusteko denborarik ez zion eman, baina gure herriak harturiko norabideaz ez zuen inolako zalantzarik.

Euskal Estaturik gabe euskarak etorkizunik ez zuela zekielako eta euskararik gabeko Euskal Herririk ez dagoelako, abertzaleen arteko elkarlanari sekulako garrantzia eman izan zion bizitza osoan. Ildo horretan, EHBai, Bildu eta ondorengo Amaiurren sorrera pozez eta esperantzaz bizi izan zituen. Horren froga argiena da, joan den urteko urriaz geroztik eta hil zen arte, behin bakarrik atera zela etxetik, azaroaren 20an, hain zuzen, hauteskunde orokorretara aurkezten zen Amaiur koalizioari bere bozka emateko...

Ilunpetan jaio zenak, argipean utzi gaitu. Ez dugu ahaztuko. Milesker.

(2012ko martxoan)