Itzulpengintzaren baitako nire ibilbidea
Artikulua PDFn.
Karlos adiskidearen gonbidapena dago artikulu honen hasieran, eta 1945ean Goierriko Igartubeiti baserrian jaio izana itzulpengintzarekiko nire ibilbidearenean, bertan ikasitako euskara aurrena, eta gaztelania gero, izan baitira nire lan-hizkuntza nagusiak, besteak beste. Gaztelaniarekin eroso egin nuen topo, beste baserri batzuetako nire zenbait kidek baino erosoago seguru asko, gure etxean eta inguruan zegoen giro bereziarengatik.
Oso txikitatik sentitu nuen hizkuntza-zaletasuna eta pasiotarren ikastetxean latina eta frantsesarekin batera euskara eta gaztelania aski ongi lantzeko aukera izan nuen. Neure kabuz ekin nion italiera ikasteari Signatik etorritako moja italiarren laguntzarekin, Reges izeneko bilbotar batekin ingelesa ikasteari eta alemana hasieran autodidakta bezala eta gero EUTGn eta Karlsruheko Unibertsitatean. Bitartean grekoa, esperantoa eta errusiera lardaskatzera ere iritsi nintzen. Neure burua motibatzeko penfriend direlakoez baliatzen nintzen: ingelesarekin Reeves deiturako irlandar bat eta Suomiko neska horail begi-urdin bat, errusierarekin Volodia izeneko moskutar bat, eta esperantoarekin suediar protestante batzuk (oraindik etxean daukat haiek oparitutako esperantozko Biblia).
Batxilergo-ikasketak egitean Eubako pasiotarren ikastetxean euskara sistematikoki astean hiru bat orduz ikasteko aukera izan genuen, Umandiren gramatika argitaratu berriari eta irakasleek prestatzen zizkiguten aditz-eskema eta atzizki-zerrenda ziklostilatuei esker. Aldi berean, gerra ondoko Euzko Gogoa aldizkariak eta hasi berritan zegoen "Kuliska Sorta"ko liburuak eta beste batzuk irakurtzeko aukera ere izan nuen.
Garai hartan, hamahiru edo hamalau bat urte nituela Charles Dickensen A Christmas Carol eskuratu nuen Mangold etxearen edizio oharrez hornituan eta poliki-poliki hura euskaratzeari ekin nion. Huleztaturiko koaderno beltz batean idatzi nuen itzulpena eta zenbait urtez etxez aldatzean ere gorde egin nuen, eta azkenik, urte mordo bat igaro eta gero, zenbait eguneratze egin ondoren Ereinen ikusi zuen argia Gabon kanta bat izenburuarekin. Nire lehen itzulpena izan zen.
Bestalde, ikastetxean bagenuen "euskal akademia" deitzen genion antolaera xume bat, elkarri euskaraz idazten laguntzeko, eta bertan Laiaketan izeneko aldizkaritxo bat argitaratzen genuen noizean behin, antzeko beste aldizkariekin trukatzen genuelarik. Gure lumak lantzeko zorroztarri on gertatu ziren nola akademiatxoa hala aldizkaritxoa. Idazten genituen artikulu bat baino gehiago erdi-itzulitako materialez osatua izaten zen.
Baina itzulpengintzan, era profesionalagoan, 26 bat urte nituela abiatu nintzen Bilboko Desclée de Brouwer argitaletxean, alemanetik gaztelaniara Koldo Larrañaga eta biok elkarrekin egindako itzulpen batekin: Abschied von Hochwürden (1969) (El Ocaso del Sr. Cura), Josef Othmar Zöller-ena. Gerora beste hainbat itzuli nituen frantsesetik eta ingelesetik, eskarmentua baino ausardia gehiagorekin.
Aldi berean euskarazko eskolak ere ematen nituelarik, ikastoletarako liburuak argitaratu nahian zebilen Algortako emakume-talde batekin topo egin nuen eta kataluniarren zenbait liburu euskaratzea proposatu zidaten: Lehen hitzak, lehen irudiak, Eguneroko gauzak eta Eguzki Ibiltaria izan ziren gogoan ditudanetako batzuk, ibilbide luzea egin baitzuten ikastoletako lehen urte haietan.
Geroxeago, Xabier Gereñoren CINSAn ere argitaratu nituen itzulpen batzuk; garai hartan telebistako saioengatik oso boladan zegoen Heidi (Joana Spyri) eta Sandokan (E. Salgari) adibidez.
IKER eta "Saioka"
Luis Mitxelena hizkuntzalariaren gidaritzapean, 1968an, euskararen batasunerako abiapuntua izango zen bilera hura Euskaltzaindiak Arantzazun egina zuenetik dozena erdi bat urte doi-doi igaroak zirelarik, eta batasunaren inguruko eztabaidak artean bizirik, Javi Zuloaga eta Natxo Arregi bilbotarrekin topo egin eta hiruron artean IKER taldea sortzeko aukera izan nuen. Garai hartan Algorta eta Leioako ikastoletan euskararen teknikari gisa nenbilen eta aipaturiko taldean liburuen azalpenak egiteko, haurrentzako ipuinak itzultzeko eta abarretarako hasi nintzen lanean. Laster ekin genion asmo nagusietako bat zen "Saioka" euskarazko lehen ikasliburuak sortu eta idazteari, eta lan horretan ere itzulpen lana ez zen falta izaten.
"Saioka" liburuak idazterakoan hizkuntzaren arduradun izan ginenongan izandako eraginarengatik bi izen aipatu behar dira ezinbestean: Anaitasuna aldizkariarena eta haren arima eta eragile izan zen Aita Berriatua frantziskotarrarena. Bien egoitza Bilbon zegoen, "Saioka"rena ere bertan kokatu zen eta hurbiltasun horrek gerora testugintzan erabilitako irizpideen nondik norakoa argitzeko balio du.
Itzulpenak gero eta ugariagoak baziren ere, irakasleek sarri euskaratu eta moldatu behar izaten zituzten testuak beren eskoletarako, eta itzulpengintzaren hasi-masiak ematen zitzaizkien beren trebetasuna hobetzeko irakasleei.
Eskolaren historiaurrea eta hasiera
Oraindik euskal itzulpenaren behar bezalako historia egiteko dagoelarik, agian ausartegia gerta liteke honako baieztapen hau, baina nire ustez, Europa eta mundu mailan oro har, azken gerrate orokorraz geroztik itzulpen-zientziaren alorrean eman den kontzientzia-hartzea eta garapena, Euskal Herrian joan den hamarkadaren azken aldean eta oraingoaren hasieran gertatu dela aitortuko nuke, eta are gehiago, euskararen bateratzearekin eta ikastoletako irakaskuntzarekin lotura estuan gainera.
Aurretik ez dira falta zenbait itzultzaile jakin eta nabarmeni buruzko aipamenak eta azterketak. Orixe itzultzaileaz hamaika laudorio eta gorespen entzun izan genuen gerrate zibilaz aurreko eta ondoko urteetan baina inoiz ez da egin euskal itzulpenerako eta itzultzaileenganako hurbiltze sistematikorik traduktologia modernoaren ikuspuntutik. Gaitzespen edo onespenezko kritika sutsuak erruz banatu izan dira gure historian baina ia beti talai subjektibo batetik eta gehienetan iruzkin inpresionista, lotura handirik gabeak, egiteko.
Baina hau ez da harritzekoa, zeren eta goraxeago esan dudanez itzulpen-zientziarako lehen urrats baldarrak aski berriak izan dira mundu mailan ere; gogora dezagun Eugene Nidak 1974an egin zuela abiaburu linguistikoen ikuspuntutik itzulpena tratatzeko ahalegina, Casagrande/Voegelin hizkuntzako lan-bikoteak 1954ean proposatu zituen itzulpen korrespondentziak askozaz sistematikoago aztertzeko metodo garrantzizkoak eta, azkenik, jadanik klasikoak diren Vinay Darbelnet eta Fedoroven lanek 1958an ikusi zuten argia.
Itzultzaileen Prestakuntzarako Ikastaldiak
1976an hasi eta 1980ko urrira bitarteko epean, hau da, Itzultzaile Eskolak bere ateak zabaldu arte, bost ikastaldi antolatu ziren Euskal Herriaren gune desberdinetan itzulpengintzaren inguruan kontzientzia sortzeko eta lehen ezagupen teorikoak eskaintzeko.
Lehendabiziko bi ikastaldiak, programaz eta irakaslez berdintsuak izan zirelarik, batera aipatzeari deritzogu egokien. Lehena 1976ko uztailean antolatu zen Arrasateko Lanbide Eskolan, CIM-AHIZKE hizkuntza-irakaskuntzarako zentroaren babespean eta hamar egunez 30 ikasleko kopurua batzea lortu zuen.
Ikastaldi teoriko eta praktiko hartako irakasleak hiru izan ginelarik, hiru sailetan banatu zen gaia:
a) Sarrera, literatur testuen itzulpena, kazetaritzako testuen itzulpena eta Orixeren itzultze-modua (X. Mendiguren).
b) Testu didaktikoen itzulpena, "Bilboko Eskola" eta hizkuntzaren finkapena, morfologia (aurrizki-atzizkiak) eta lexikologia (X. Kintana).
c) Testu teknikoen itzulpena eta analisi sintaktikoa (J.R. Etxebarria).
Ikastaldi hau berau errepikatu zen Uztaritzen Udako Euskal Unibertsitatean urte bereko udan. 1978-79 ikasturtean zehar, J.R. Etxebarriak beste ikastaldi bat eman zuen berrogei orduz Santutxun itzulpenari buruz, eta neurri handi batean aurrez Arrasaten erabilitako programaz baliatu zen eduki teoriko eta praktikoak antolatzerakoan.
Kronologiari dagokionez Santutxukoa baino lehen ospatu bazen ere aurreko hirurekin programaz homogeneotasunik ez duelako orain aipatuko dugun ikastaldia 1977ko irailean egin zen Arantzazun. Eliza Ebanjelikoak euskara batura Biblia osoa itzultzeko asmoa adierazi zuelarik katoliko eta ebanjelikoz osoturiko talde batean, lankide izan zitezkeen batzuei dei egin eta itzulpen-lana bermez burutzeko ikastaldi bat antolatu zuen.
Ikastaldi teoriko eta praktiko hartan, alde batetik sistematikoki eman zen Itzulpenaren Teoria, Biblia itzultzerakoan aurkitzen diren zailtasunak bereziki argituz, Nida-Taberren joera soziolinguistikoaren ikuspuntutik; irakaslea Prof. Doktor Hans Peter Rüger, Tubingako Unibertsitatekoa izan zen gai honetan, eta bestetik, Mendoza jauna, Bibliaren espainolezko itzulpenen arduradunak, Bibliaren Itzulpen Herritarrak gaia azaldu zuen.
1980ko udan eta Iruñean, hori berriro UEUaren esparruaren barruan, beste ikastaldi bat antolatu zen itzulpenaren alderdi teoriko, praktiko eta profesionalak jarraitzeko. UZEI eta sortzear zegoen Itzultzaile Eskola izan ziren programaren prestatzaile, hiru sail nagusitan:
a) Itzulpen-munduari buruzko informazio orokorra (historia, bibliografia, itzulpen-mota eta joerak...).
b) Euskal Itzultzaileen antolaketa profesionala (erakundea, aldizkaria, ikastaldia).
c) Jardunaldi praktikoak (testu itzulien konparaketa eta kritika).
1980-81 ikasturtean, Euskaltzaindiaren babespean, Donostian Itzultzaile Eskola sortu zen, hamarkada osoan itzultzaileak prestatu zituena.
Gerora Martuteneko Itzultzaile Eskola izenpean ezagutu izan zena sortu eta abiarazteko eskaria hartu nuelarik Euskaltzaindiaren zuzendaritzatik, ezer baino lehenago dossier aurreproiektu gisako bat idazteari ekin nion: "Itzulpenaren Mundua eta Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola" (1980-III-28) izenburupean Euskeran argia ikusi zuen txosten luze haren bigarren atalean ordura arte itzultzaileak prestatzen egin ziren ahaleginen berri eman ondoren (Arrasate, Uztaritze eta Santutxukoak aipatzen ziren) eta aldi bertsuan orduko itzultzaileen artean burutu nuen inkestak adierazten zuenez, lanean ari ziren gehienak erabat autodidaktak eta inolako prestakuntza teorikorik gabeak zirela ikusirik, berriki sortzekoa zen eskolaren programak alderdi teoriko eta praktiko orekatuak izatea derrigorrezkoa zuela ikustera iritsi nintzen.
Nahiz eta abiaraziko genuen eskola muga ekonomiko eta pertsonal jakin batzuen barruan sortuko zela aurretiaz garbi jakin, Europan zehar sakabanaturik zeuden CIUTI erakundeko Itzultzaile eta Interprete Eskolen programak aztertzeak sendotu ninduen erabaki horretan. Gainera, ordura arte aipaturiko ikastaldietan itzultzaileak prestatzen emandako pauso herabetiek ere irakatsia zidaten kasuistika eta adibide konkretuen erabilera ezinbestekoa izan arren traduktologiaren didaktikan, oso labur geratzen dela gutxieneko orokortze eta teorizaziorik gabe, are gehiago bere buruaren eredua finkatzen ari zen gurea bezalako hizkuntza baten baitan.
Hala, aipaturiko txostenaren hirugarren atalean heldu nion etorkizuneko eskola haren programa izan zitekeena itxuratu eta gauzatzeari honako gidoiaren arabera: antolaketa-faseak, helburu nagusiak eta bereziak, ikasgaiak, irakasleak eta ikasleak eta funtzionamenduari buruzko zenbait ohar eta gogoeta.
Bi arrisku zeuden sarrerako gogoetetan aditzera ematen zenez: "alde batetik, gaizki ulerturiko efikazia edo eginkortasun berehalakoaren izenean, presakako prestakuntza lardaskatu, asistematiko eta teorizazio eskasekoa emateaz nahikotzearen tentazioa", zernahi egiten zelarik ere ordu arte ez bezalako ahalbide eta ikuspegiak itzultzaileari derrigor emango zitzaizkiola uste izanik.
Bestetik, ordea, teorizazio abstraktuegitan, bitxikeria formaletan eta xehekeria estilistikotan irakasle-ikasleak galtzearen arriskua, kasuistika eta teknika konkretuak gutxietsiz.
Gainera, lehen esan bezala, hori guztia bere burua bateratu eta finkatzen ari zen eta normalizazio soziolinguistikoaren bila zebilen hizkuntza baten baitan sortzen diren auzi eta arazo guztiak kontutan izan behar zituen prestakuntza baten markoan sartu beharra zegoen.
Eskolaren antolaketa faseak
Nazioarte mailan zeuden itzultzaile eta interprete eskolen filosofia eta programak arakatzean, berehala nabari zen "hitzaldi-interprete" (conference interpreter) edo "zinpeko interpreteen" (sworn interpreter) gero eta eskari handiagoak zenbaterainoko eragina izan zuen erakunde haien sortze eta gauzatzean. Interprete haien lana, normalean, mundu teknologiko, juridiko, eta komertzial arautu eta finkatu batean garatzen zen eta hizkuntza atergabe berriztatuz joan arren, oinarri finko, zehaztu eta homologatu samar bat aurkitzen zuen Europako hizkuntza moderno garatuen eta hiztun gehienekoetan. Gure kasua bestelakoa zen: gizarte elebidun desorekatuan eta euskararen erabilera diglosikoan aurkitzen ginen (eta gara) eta aurrena zientzia- eta jakite-alor desberdinetako hizkuntza sortzea eta finkatzea ezinbestekoa zen, bai itzulpenerako eta bai interpretaziorako, nahiz eta azken zerbitzu horretarako eskariak artean oso urriak izan euskal gizartean.
Garai berean, UZEI erakundeak argitaratu zuen "Euskara Administrazio Publikoan" deituriko idatzian ere "itzulpen arruntetarako ikastaroen" beharra aurreikusten zuen, ondoren Administrazio-itzulpenetarako ikastaro berezituak egin ahal izateko.
Beraz, Euskaltzaindiaren eskariz diseinatu zen lehen Itzultzaile Eskola hartan, jardun-eremua itzulpen arruntera, hots, itzulpen espezializatuak aurrez eskatzen duen kultura orokor mailako itzultzaileen prestakuntzara mugatu beharra argi eta garbi ikusi zen, nahiz eta maila arrunt edo orokorraren eta espezializatuaren arteko muga aski lausoa izan.
Garai hartan aurkeztu zen ereduan honela finkatu zen ikasketa-prozesua:
- Oinarrizko Itzultzaile Prestakuntza, urte 1
- Itzultzaile Prestakuntza Berezitua, 2 urte eta erdi
- Interprete Prestakuntza, 6 hilabete
Gaur egun Europan burutzen den itzulpen-lizentziaturaren iraupen bera zuen, nahiz eta gerora proiektu hau arrazoi eta eragozpen desberdinengatik lehen promozioan bi urtera eta ondokoetan hirura mugaturik geratu zen; eta interpretazio-prestakuntza emateko ez zuen bitartekorik eta modurik izan eskolak.
Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskolaren (EIOPE) helburuak
Euskara eta gaztelaniazko hizkuntza-ezaguerak eta literatura-historiak eta autoreen obrak sakonduz, testu faktual (pragmatiko) eta literarioak idatziz bi zentzutan itzultzeko gaitasun orokorra, eduki teorikoen eta ariketa praktikoen bitartez ikasleei eskuratzea zen EIOPEren helburu nagusia.
Horretarako, ondorengo azpi helburu hauek lortzea derrigorrezkotzat jotzen zen:
- Euskararen baliakizun bereziez jabearazi ikaslea.
- Euskarak gaur egun dituen mugatasunen kontzientzia zehatza harrarazi.
- Itzulpena burutzean sortzen diren zailtasun morfosintaktiko, lexikal, kultural eta estilistiko arruntenez jabearazi eta haiek gainditzeko teknikez hornitu ikaslea.
- Euskal itzulpenaren historia kritikoki aztertzera eta balioestera bultzatu ikaslea.
- Azken urteetan euskal itzulpen dinamikoenak eta aurrerakoienak emandako urratsen berri eman ikasleari.
Beraz proposaturiko helburu hauen arabera, honako ikasgai hauek osatzen zuten EIOPEren lehen curriculuma:
- Euskal Morfosintaxia eta Lexikologia
- Euskal Literaturaren Historia
- Teoria Linguistiko Orokorra
- Itzulpenaren teoria eta testu mailakatuen itzulpen-ariketa
- Euskal itzulpenaren historia kritikoa
- Gaztelaniazko gramatika, lexikologia eta literatura-historia.
Hasiera batean EIOPEren mugatasun praktikoengatik erdal hizkuntza bakarra gaztelania izango zen, baina ondoren inguruko erdararik garrantzitsuenak (ingelesa, frantsesa) programetan sartzeko asmoa zegoen, ikasleen gaitasunaren eta eskariaren eta irakasleen baliakizunen arabera.
Hasieran aipatu dugun txostenak ondoren banan-banan aztertzen ditu ikasgai hauek eta bakoitzean landu beharreko edukien orientabide bat eskaintzen du lehenik, Eskola eratuko zuten irakasleen eta ikasleen berezitasunak aipatzeko ondoren.
Azkenik, Eskolaren erakundetzeaz, egoitzaz eta abarrez zenbait puntu zehaztu ondoren, ikasturteaz kanpoko ekintzak ere aipatzen ziren, euskal itzultzailearen prestakuntza eta profesionalizatzeak eskolaren jarduera arautu eta akademikoaz aparte beste sail batzuetan lan egitea ere eskatzen zuenez gero: UEUko Lan Jardunaldiak egitea, Itzultzaileen Buletin bat ateratzea, Itzulpenari buruzko oinarrizko testuak eta bibliografia argitaratzea, ikerketa lanak burutzea eta hurrengo urtean plan bera Bilbora hedatzea, besteak beste, zeren hasieratik beretik EIOPE euskal itzulpenaren problematika osoari, ahal zuen neurrian, erantzuten eta laguntzen ahalegintzeko asmoarekin sortu baitzen.
Historiaren gorabeherak
Orain arte aipatu dudan guztia mahai gainean zirriborratutako egitasmo soila besterik ez zen, asmo ederregi bat geroko urrats neketsu eta zenbaitetan debekatuek erakutsiko zutenez.
1980ko udazkenean ireki zituen bere ateak EIOPEk Donostiako Aurrezki-Kutxa Munizipalak behin-behinekoz utzi zizkion geletan eta 30 ikaslek osatu zuten 1980-82 urteetako lehen promozioa. Ohar daitekeenez, lehen promozio honentzat bi urte diseinatu ziren eskolak bere burua sendotu eta esperientzia hartu arte, gehiegizko iritzi baitzitzaion bat-batean proiektuari bere osotasunean heltzeari, zeuden muga ekonomiko eta materialak kontutan izanik. Bi urte horien balantzea eginez gero garbi ikusten da lehen urtearen behin-behinekotasuna eta inprobisazioa pixkanaka desagertuz joan zela bigarren urtean eta bigarren ikasturtean edukiak eta ikasmaterialak hobeki prestatu eta banatu zirela. Ahalegin honen emaitza izan ziren 83-84 ikasturterako argitara eman ziren testuak (Itzulpen teoriazko ezagupenak, Itzulgaiak: testu pragmatiko eta literarioak, Euskal Itzulpenaren Antologia I).
Ondoren, Bigarren Promozioa (1981-84), Hirugarren Promozioa (1982-1985) eta Laugarren Promozioaren (1984-87) aldiak etorri ziren Eskolaren sendotzearekin; eredu-krisiarekin eta plangintza-aldaketarekin amaitzen da. 1981etik 1987rako urte haietan Itzultzaile Eskola Euskaltzaindiaren eskuetatik Eusko Jaurlaritzarenetara aldatu zen, baina behar adinako bermerik eta etorkizunari buruzko argitasunik gabe. Ondorioz, Martuteneko Lanbide Eskolan lortuko zuen egoitza Eusko Jaurlaritzaren eskaintzaz baina ordurako gauzatua zuen eskola-proiektua ez da sendotuko diru-laguntzak LH 2aren moduluen araberakoak eskaintzen zaizkiolarik eta aurrez diseinaturik zegoen Eskola-proiektuak arazo ekonomiko larriak pairatzen hasiko da, gobernu aldaketa bat tarteko den bitartean. Egoera hori nolabait gerora konponduko zen uste ustelak Eskolaren proiektu garatu bat aurrera eramatera adoretu zituen zuzendaritza eta irakasleak, baina, azkenean, Administrazioarekin tirandura eta arazo ugari izan ondoren, hasierako promozioak prestatu zituen planak desegin eta urteroko plan xume eta apalago batzuk egitera behartu zuten Eskola. Hasieran arazo ekonomikoa zen hark, titulazio bat ikasleentzat lortzeak ageri zituen eragozpen akademikoekin elkartzeak, beste bide batzuetatik aurrera jotzea gomendatu zuten.
Senez aldizkariaren l. zenbakian (1984) Koro Navarrok, garai hartan Eskolako Irakasle eta Ikasketa-buru zenak, ia bost urteko esperientziaren balioespen bat eginez dio:
"gure (Eskolaren) lana baldintzatzen duten faktore soziolinguistikoak azpimarratu behar direla uste dugu:
- Itzulpen-teoriak eta praktikaren ezagutza sistematizatu eta didaktizatu batek zeresan eta garrantzi handia du gaur eguneko euskara eta euskal kulturaren egoeran eta berauen garapenean, komunikabideei eta irakaskuntzari dagokienean batik bat.
- Hala eta guztiz ere, lanpostu gutxi daude itzultzaile profesionalentzat eta dagoeneko jende gazte samarrez beteak gehientsuenak.
Beraz ez dugu uste Itzultzaile Eskolak urtero profesional kopuru jakin bat (hogeiren bat pertsona urteko) merkaturatuko dituen irakastegi soil eta konbentzionala izan behar duenik. Aitzitik, langune desberdinetan barreiatu beharko lituzke bere indarrak, eta itzulpenarekin zerikusia duen guztiaren zentro dinamizatzaile izan beharko luke. Honek suposatzen du: a) Eskola ez dela mugatu behar goizetako kurtsoak egitera; b) bestelako lan motak ere bere gain hartu behar dituela. Honen ondorioz matrikulatze-epea bi urtez behin irekitzea erabaki zen, horrela asti gehiago sor zedin laneko profesionalak birprestatzeko, itzulpen-teoria eta praktikaren ikerketa aurrera eramateko eta aldizkaria eta argitalpenak bultzatzeko".
Lehenago esan denez, Eskolaren Proiektu garatua (bost irakasle eta hiru ikasturteko promozioena, ingelesa barne zuela eta interpretazioa lantzeko azpiegituraren bila zebilena) bertan behera geratu zen, zeren Eskolak aspaldidanik arrastaka zekarren zorra arintzeko gaztelania eta linguistika, euskara eta ingelesa irakasten zuten irakasleak alde egin beharrean aurkitu baitziren eta Eskolan geratu ziren bi irakasleak (itzulpen-teoria eta -praktika irakasten zutenak) beste proiektu bat diseinatu eta gauzatu beharrean, Eskola erabat desagertzea nahi izan ezik behintzat.
Birprestatze-ikastaldiak
Gorago aipatu denez, lanean ari ziren profesionalengandik atergabe Eskolara iristen ziren eskariei erantzunez, aste burutako ikastaldi bereziak sortu zituen maila ezberdinetan sailkatuak eta urte batean baita arratseko eta aste barruko ikastaldiak ere. Saio hauetan goizeko ikasturte arautuetan ematen zenaren laburpen bat ematen zen teoria eta praktika modu orekatu batean uztartuz, eta beraietako ikasleekin sortzen zen harreman eta eztabaida oso fruitukorra gertatzen zenbait kasutan irakasleen teorizazioak eta eguneroko praktikan sortzen zen kasuistika eta arazoen artean zubigintza egiten laguntzen zutelako. Ikastaldi hauen bitartez gaur egun administrazioan, komunikabideetan eta beste alor batzuetan lanean ari diren itzultzaile askorengana iristea, traduktologiaren berri ematea eta gerora EIZIE sortzeko beharrezko izan den legamia itzultzaile-orean sarraraztea lortu delakoan gaude. Jarduera honetan laguntza handiko gertatu da gorago aipatu den eta Eskolak sortu zuen Senez Itzulpen eta Terminologiazko aldizkaria argitaratzea ere, bera izan baita euskal itzultzaileen artean itzulpen arazoak, bibliografia eta kontzientzia profesionala hedatzen ahalegindu den bitarteko bakarra.
Idazkuntza eta Itzulpen Ikasturteak
Azken bi urteetan (1988 eta 1989) goizero lau orduz bi irakaslerekin Eskolak banatu ziren eta irakaskuntzak goiko izenburu horri erantzun nahi zion, nahiz eta itzulpenari zegokion alderdiak pisu espezifiko handiagoa izan idazkuntza soilarenak baino.
Itzultzailea funtsean "irakurle ona eta idazle ona" delakoan oinarriturik, alde batetik, eta lanpostu askotan itzultzaile profesionalak adina testu-idazleak ere behar direlakotik abiatuz, bestetik, ikasturtearen lehen hiruhilekoa hizkuntza-eredua, erretorika-estilistika, kazetaritza, diskurtsoaren analisia eta abar bezalako gaiak lantzetik hasten zen.
Hizkuntza arrotzei zegokienez, ingeles eta frantsesezko testuetatik zuzenean itzulpenak burutzeko gaitasuna zuten ikasleekin astero zuzenketa-mintegiak antolatu ziren.
Ondorengo bi hiruhilekoetan itzulpen-teoria eta -praktika soilera mugatu zen irakaskuntza, nahiz eta aurretik ere zenbait testu itzultzen eta konparatzen arituak izan ikasleak. Hizkuntza eta idazkuntzari buruzko sarreraren ondoren, ikasturtearen gainerako zatian testu pragmatiko eta literario mailakatuak itzultzeak eta zuzentzeak hartzen zuen denborarik gehiena.
Itzulpen-teoriari zegokionez, Eskolak aurreko urteetan zehar osatu zuen liburutegi bereziari esker, azken hamarkadetan mundu mailan nabarmendu ziren traduktologia-eskola desberdinei buruzko informazioa banatzea izaten zen helburua. Horretarako sarrera historiko bat egitetik hasten zen: historiaurreko interpretazioa, protohistoria, greko-erromatarrak, Bibliaren itzulpengintza, erdi aroko itzulpengintza, errenazimentua eta itzulpenaren berrikuntza, "Les belles infidèles" eta klasizismoa, erromantizismoa, XX. mendea eta Euskal Herriko itzulpengintza gai nagusi zirelarik.
Itzulpen-teoriari zegokionez, oinarrizko alderdiak eta itzultzailea prestatzeko gaiak jorratu ondoren, bereziki XX. mendearen azken hamarkadetan nagusitu ziren traduktologo eta eskolen berri laburra ematen zen, besteak beste, Kloepfer, Levy, Jumpelt, Vinay-Darbelnet, Seleskovitch, Catford, Nida-Taber, Kade, Neubert, Reiss, Koller, Vermeer, Fedorov, Komissarov, Ljudskanov eta abarren ekarpen nagusiak aipatuz.
Sistematizazio-ahalegin bat eginez, itzulpen-zientziaren objektua, egitekoak eta egitura, itzulpen-definizioak eta ereduak, eta azkenik, itzulgarritasuna eta itzultze-prozedura gaiak ere lantzen ziren. Azken gai honetan, itzulgarritasuna ikuspuntu filosofiko eta linguistikotik aztertu eta itzulezintasunaren kritika eta itzulgarritasunaren oinarritzea egin ondoren, itzulpen-korrespondentzien sailera jotzen zen, puntu honetan hizkuntzalaritza kontrastiboaren eremuan sartuz. Ondoren, dimentsio konnotatibo eta estilistikoak, hizkuntza-jokoak eta forma literario eta estetikoen itzulpenaren gaiarekin ematen zitzaion amaiera gaiari.
Prozesu honetan guztian, bai idazkuntzari eta bai traduktologiari dagokienez, garrantzi berezia ematen zitzaion ikaslearen eta bibliografiaren artean zubia egiteari; izan ere, gaztelania eta euskaraz aparte beste hizkuntzaren bateko testuak irakurtzeko aukerarik ez duenak informazio mugatu samarrarekin gelditzeko arriskua baitu. Itzultzaile Eskolak, une hartan zuzenean edo zeharka traduktologiarekin zerikusi estua zuten ehunen bat obra eta aldizkari zeuzkan bere liburutegian eta titulu-kopuru handiegia ez bada ere gai honetan gero eta handiagoa den bibliografiaren hedadurarako, traduktologo ingeles, frantses, alemaniar, espainiar eta sobietar garrantzitsuenei buruzko informazioa bazuen, eta Babel, Meta, Contrastes, Cuadernos de Traducción eta abar ere hartzen zituen. Halaber, euskarazko eta hizkuntza nagusienetako hiztegi kopuru garrantzitsua izatea lortu zuen azken boladan eta une hartan banatzen ari zen irakaskuntzaren premiak duinki asetzeko eran zegoela esan daiteke.
Azken ondorio gisa, azken hamar urteotako esperientziaren argi-ilunen berri ematen hasiz gero, lehenengo eta behin hasiera batean amets egindako gailur eta sakonera guztiak ez lortu izana aipatzetik hasi beharko genuke. Baina itzulpenaren didaktika egunean-egunean hainbeste urtez irakasten ari izanak "linguistizismo" eta "filologismo" antzuegiak gainditzeko eta berauek sarritan ikaslearen buruetan ezarri dituzten eskema zurrunegiak malgutzeko estilistika funtzionala, diskurtsoaren analisia eta hizkuntz erabileraren atergabeko azterketa eta balorazioa zeinen ezinbestekoak diren ikustea jotzen dut ekarpen nagusientzat.
Linguistika kontrastiboaren bidetik, euskara eta beste hizkuntzen arteko ikerketa gehienak egiteke daude -Vinay-Darbelenet ingelesaren eta frantsesaren artean, edo Malblanc-ek frantsesaren eta alemanaren artean egindakoak datozkit burura-, eta inguruko erdara nagusien eta euskararen arteko hiztegirik eta gramatikarik ez izateak asko zailtzen zuen euskal itzultzailearen prestakuntza ez ezik haien eguneroko lana ere. Bestalde, euskarazko gramatika eta hiztegi arauemaile erabat burutuak ez izatea ere eragozpen handia izan zen -eta da- gure lanean.
Baina eskasiak eta eragozpen guztiak gorabehera, eta komunikabideetako euskarak, onean zein txarrean, daraman abiadura zorabiagarriarekin, ikasle eta profesional multzo bati gogoetagaia eta lanerako abiapuntu batzuk ezartzeko modua izan dugulakoan nago. Eta azken finean, horixe da edozein eskolak bere buruari opa liezaiokeena: eskolarik hoberena den eguneroko lana burutuz, atergabe bere burua birprestatuz eta birmoldatuz aurrera joateko gaitasuna izateko lehen urratsak ematen laguntzea.
IVAP eta Gasteizko Itzultzaile Eskola
Ez naiz ni egokiena hasierako urte haietan Martuteneko Itzultzaile Eskolaren inguruan sortu ziren zailtasun eta bikoizte (hirukoizte)-prozesuak behar bezala aztertu eta balioesteko. Horregatik, gertaera haiek aipatu behar eta Andoni Sarriegik 2009an Senez aldizkari honetan "Idazmakinetatik itzulpen memorietara" izenburupean idatzitako pasarte bat eskaintzen dut:
"Bertako zuzendari izan zen Xabier Mendigurenek ongi azaltzen duenez, 1976tik 1980rako lau urteetan ildo horretako bost ikastaro Euskal Herrian zehar antolatu ondoren, 1980ko urrian sortu zen Euskaltzaindiaren ardurapean. Ondo eta indarrean hasi zen Eskola hura eta emaitzak ere eman zituen, baina eman zitzakeenak ematera iristerako lehia sortu zioten Administrazio-beharren izenean eta 1986an HAEEk ALAIE (Administrazio Lanerako Itzulpen Eskola) izenekoa sortu zuen Gasteizen eta baita IZO (Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala) ere. Beste hainbatetan bezala, Autonomiako Agintaritzek eskua sartzean gertatu izan den legez, -AEK/HABE, Egunkaria/Atera ez zen egunkari-proiektua, etab.- berriki Iñaki Zabaletak idatzi duen legez, hor ere, administrazioko eta zuzenbideko gaiak aitzakiatzat hartuta, «bat bitan banatu zen», edo hobeto esanda bigarrena sortu botere ofizialak sortu zuen, eta areago, «bat hirutan ere banatu zen», Derion ere antolatu baitzituen Labayruk Itzulpen-ikastaroak 1986an udako ikastaroetan eta, gero, 1989tik aurrera, baita ikastaro iraunkorrak ere. Eskolaren beharra denek aitortzen zuten bazter guztietan baina Eskola Ofizial on eta iraunkor orokor bat sortu eta garatu ordez (Euskaltzaindiak sortua izan zitekeena), joeren, gustuen, lagunen, «etsaien» eta beste interes batzuen arabera, itzultzaile-eskolak sortuz joan ziren, azkenean denak itxi behar izateko gainera gerora gertatu zen moduan. Egia da Unibertsitateek, lehen esan bezala, lehenik masterrak eta gero Lizentziatura ere jarri dituztela, baina nire iritziz une hartan zegoen indarrak metatzeko beharrak ez zuen barreiaketa hura eskatzen; boteredunek, ordea, halaxe egin zuten kosta ahala kosta. Martutenekoaren balioez eta gabeziez nahiz goraldiaz eta beheraldiaz informazio oparoa aurki daiteke 1990ean hainbat itzultzailek argitaratutako artikuluetan." (A. Sarriegi)
Goian deskribatzen den egoera horrek zer onura ekarri zuen balioesten sartu gabe esan daiteke urte haietan hamaika buruhauste eta neke sortu zitzaizkiola Martuteneko Eskolari, eta zalantzarik gabe esan daiteke, gauzak zeharo bestela egin zitezkeela partaide guztien onerako eta, batez ere, tarteko ziren ikasleen mesederako.
EIZIE elkartea eta Senez aldizkaria
Helburu jakin batzuk lortzeko sortu zen EIZIE 1987. urtean, eta horiexen inguruan lan egiten jarraitzen du, gaur egun ere:
- itzulpengintzaren informazioa bildu eta zabaldu,
- itzultzaileek itzultzaileentzat sorturiko Senez aldizkaria argitaratu,
- gure aurrekoen lan sarritan eskerga aitortu, berreskuratu eta zabaldu,
- itzultzaileen prestakuntzarako saioak antolatu edo sustatu,
- literatura unibertsalaren ondarea euskarari ekartzeko bilduma bat sortu eta kudeatu,
- profesionalen lan-baldintzei kasu egin,
- itzultzailearen ikusgaitasuna landu
- itzulpengintza sustatu
- itzulpengintzak euskarari egiten dion ekarpenaz jabetzeko saioak antolatu,
- ...
Asmo horiek betetzeko xedez, hainbat jarduera antolatzen ditu urtero: ikastaroak, jardunaldiak, biltzarrak eta abar, eta horretaz gain, zenbait argitalpen ere plazaratzen ditu; Senez itzulpen-aldizkaria, besteak beste, iaz bere 42. zkia argitaratu zuelarik.
Testu itzulien bilduma nagusiak
Aipatu berri dugun elkartearen baitatik edo ingurutik hats luzeko eta euskal prosa lantzeko eragin garrantzitsua izan duten bi proiektu ere sortu ziren: "Literatura Unibertsala" eta "Pentsamenduaren Klasikoak", Igela, Gaiak, Erein eta abar ahaztu gabe.
Lehen pausoak eman eta antzeko asmoarekin egindako itzulpenak sortu, Gipuzkoako Diputazioan Xabier Lete kultura-sailburu zela sortu ziren. Liburu sorta bat euskaratu zen jatorrizko testuetatik baina argitaratze-fasea behar bezala lotu ez zelako, proiektua ez zen portu onera iritsi bere osotasunean.
Baina esperientzia hark hurrengo saioa hobeki prestatzeko eskarmentua eman zuen. Mundu-literaturako idazlerik onenetako batzuen lanak euskaraz irakurri ahal izateko sortu zen "Literatura Unibertsala" izeneko bilduma 1989. urtean, EIZIEren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren arteko lankidetza-hitzarmenaren bitartez.
Lehen aroan (1990-2002), 100 liburu itzuli ziren, eta Ibaizabal argitaletxeak kaleratu zituen liburuak. Bigarren aroan (2002-2010), berriz, beste 52 liburu kaleratu zituzten Elkar eta Alberdania etxeek, lankidetzan. Argitalpen-lehiaketa publikoz hautatu ziren argitaletxe horiek. 2011. urtean abiarazi zen hirugarren aroa.
Bilduma horretarako itzuli nahi diren obren zerrenda bat plazaratzen du Elkarteak urtero, eta lehiaketa publikoa antolatzen ondoren. 2010ean, ordea, eten egin ziren esleipen horiek. Izan ere, bilduma sustatzeko ahalegin berezia egin zuen EIZIEk orduan, eta hurrengo arorako bidea prestatu. Ikusirik bildumako lehen 100 izenburuak agorturik daudela eta liburu dendetan eskuraezinak direla, liburu horiek berrargitaratzeko plangintza diseinatu zuen EIZIEk. Abiatzeko, 20 izenburuko sorta hautatu da datozen bost urteotan berrargitaratzeko.
Ia parez pare garai hartako BBVren partaidetza nagusiarekin eta hiru kutxak, eta UPV/EHU eta Deustuko Unibertsitatea tarteko zirela "Pentsamenduaren Klasikoak" bilduma abian jartzea lortu zen.
Itzulpen-masterrak eta Itzulpen Fakultatea
Martuteneko Itzultzaile Eskolaren jarduerak amaitu eta aspaldidanik eskatzen zen Itzulpen eta Interpretazio Fakultatea sortu bitartean Gasteizko eta Deustuko Unibertsitateko Itzulpen Masterrak abiarazi ziren. Nik neuk urte pare batez parte hartu nuen haietan eta aukera egokiak izan ziren kultura eta prestakuntza on samarreko ikasle andana bat itzulpengintzara hurbilarazteko.
"Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi nahi zuten ikasleak 2000-2001 ikasturtean matrikulatu ahal izan ziren lehenengoz Euskal Herriko Unibertsitatean, baina horretarako lanak oso atzetik zetozen. 1998ko apirilaren 30ean onartu zituen EHUko Gobernu Batzarrak (unibertsitateko aginte- maila goreneko batzarrak) Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak, Gasteizko Filologia eta Geografia-Historia Fakultateari lotuta agertzen zituen Titulazio-mapa, eta urte horretan bertan onartu zuen EHUko Gizarte Kontseiluak ere. Bigarren urrats horren ondorioz, ofizialki eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari lizentzia hori abiarazteko baimena; lehentasun maila bat baino gehiago ziren titulazio-mapa horretan, eta 1 lehentasunarekin zegoen guri dagokiguna". Hala dio Gidor Bilbao Telletxeak 2006an Senez aldizkariaren 30. zenbakian idatzitako "Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean" artikuluan. Bertan irakur daitezke ildo hartatik emandako pausoen berri eta gaur esan dezakegu urte luzeetan eskatutako hura errealitate bihurtu dela.
Azkenik esan dezadan, Bilbao jaunak bere artikuluan zioenez, matrikulatu ahal izateko, ez zela aski sarrera-proba gainditzea, 10 ikasle onartzen baitziren urtean, eta 15-20k gainditu ohi baitzuten sarrera-proba. Ikasle haien kasuan, bigarren ziklora sartzeko bidea ematen zien titulazioko batez besteko nota da 10 horien zerrenda egiteko erabiltzen zena. Oso titulazio desberdinetako ikasleak hartu ziren bide hartatik, baina esan liteke Filologietakoak, Zuzenbidekoak eta Turismo ikasitakoak izaten zirela gehienak. Multzo berezi bat izan ziren, lehenengo urtean, Martuteneko Eskolan ikasitakoak, eta haientzat baliokidetza bereziak egitea erabaki zuen ikastegiak. Oro har ikasle onak izaten ziren bigarren zikloan sartzen zirenak, heldutasun-mailak ematen duen abantailaz hornituak; ikasten ari zirenean aldi berean lanean aritu beharra izaten zen arazo nagusia, eskola-ordutegiak oso zailak baitziren bi jarduerak bateragarri egiteko.
Hurrengo urteetako bilakaeraz Gidor Bilbaok berak dioena ere aipagarria da, zeren eta haren iritziak aldatu behar handirik ez dutela uste baitut: "Titulu berriaren egituraz ezer ez dakigun arren, zentzuzkoa litzateke pentsatzea ez dela oso desberdina izango 2006ko otsailean argitaratu zirenen aldean. Argitaraturiko jarraibideetan (Hizkuntza eta Literatura Modernoak gradu-tituluan edo Historiako gradu-tituluan, adibidez) 240 kredituko gradu-tituluak iragartzen dira; oinarrizko formazio akademikoa dira horietako 180 kreditu, eta gainerako 60 kredituetan formazio gehigarria eskainiko da, lan akademikoen edo praktiken bidez. Egitura horrekin, pentsatzekoa da ikasketa-plan berrietan ere lau urte beharko dituela ikasleak gradua eskuratzeko, baina lehenengo 180 kredituak ere aski izango dira graduondoko ikasketei ekiteko, edo, unibertsitateak hala erabakiz gero, bere titulu bat emateko.
Graduondoko ikasketek orain dutena baino are garrantzi handiagoa hartuko dute, ziurrenik, eta hor erakutsi beharko du unibertsitate bakoitzak besteen aldean eskaintza interesgarria egiteko duen gaitasuna".
Amaitze aldera
Artikulua itxi aurretik bi hitz esan nahiko nituzke itzulpengintzak bere inguruan sortutako dinamismoaz eta hizkuntzaren kalitate-bilaketaz.
LIM-LIBI, EHULKU, GIFAMI, IVAP aldizkaria, ZIO... zuzenean, eta Hezkuntza Saileko EIMA-IABen argitalpenak, J. Garziaren Joskera lantegi eta laster agertzekoa den Puntuazioa, P. Esnalen Antolatzaileak eta Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa... zeharka erakuskari egokiak dira kezka eta ardura horretaz jabetzeko. Huts egiteko beldurrik gabe esan dezaket itzulpengintzaren arragoa izan dutela ia guztiek eta beste hainbeste ikastarok beren abialekua. Bestalde, Elhuyar eta EIZIEk askotan eskuz esku eman dituzten ikastaroek (Wordfast, Anaphraseus...) ere eragin nabaria izan dute itzultzaileen lana arintzen eta kalitatez hobetzen ere. Horren guztiaren islak behin baino gehiagotan ageri dira azken urteotako Senez aldizkariaren orrialdeetan. Begi-bistakoa da itzulpengintza gurean bizi-bizirik dagoela, beste edozein hizkuntzakoaren pareko homologazio-maila lortu duela eta ekarpen bikaina egin diola gure azken urteotako prosari, nola itzulitakoari hala jatorrizkoari, EIZIE elkartearen gidaritzapean.
Eta, azkenik, ez dut artikulu hau itxi nahi azken aldi honetan HUHEZIko Garabide Proiektuan Erdialdeko Amerika eta Hego Amerikako (Abia Yala) herri desberdinetako hizkuntza gutxituetako ordezkariekin egiten den lana aipatu gabe; gero eta nabarmenago ikusi ahal izan da itzulpengintzak zenbaterainoko garrantzia duen orain arte gutxi idatzitako hizkuntzen garatze-prozesuan eta. Horretan euskaldunok, beste herri batzuek bezala, ekarpen interesgarria egin dezakegu bide horretan garai eta modu desberdinetan egindako urratsen berri emanez, Euskaltzaindiaren gidaritzapean sortu zen Martuteneko Itzultzaileren eta ondorengo Itzulpen eta Interpretazio Fakultatearen ildotik.
P.S.
Berriki Txillardegi zendu delarik, eta azken orduko omenaldi moduko bat eginez, ez nuke amaitu nahi lantxo hau euskal azentuaz eta fonologiaz hark egindako ekarpena aipatu gabe; izan ere, idatziaren eta mintzatuaren arteko zubigintza lehenbailehen garatzea ezinbesteko zaigu, "Esatearen ederra" hitzaldian Julia Marin Arteagak gogorarazi digunez:
"1993an sortu zen (batzordea). Lanean hasi zen komunikabideetako eta irakaskuntzako zenbait arduradunekin, eta lankidetza horren emaitza izan zen 1998an kaleratu zuen 87. araua: Euskara Batuaren Ahoskera Zaindua (EBAZ) izeneko txostena."
1998an desagertu egin zen.
Urte batzuk geroago, 2009an, 158. gomendioa kaleratu zuen: Kanpoko leku-izenak euskaraz ahoskatzeko irizpideak.
Euskaltzaindiaren webgunean begiratzen baduzue, Iker egitasmoaren barruan, Fonetika eta Fonologia esparruan dio: "Arian-arian Akademiari aurkezten zaizkion premiei erantzutea da lantalde suntsikor honen zeregina".
Ez dakit arian-arian aurkezten zaizkion premiei erantzuten dien lantalde suntsikor batek atarramentu onik ekarriko ote digun.
Eskerrak orain Mintzola (ere) badaukagun, behintzat...".
Honaino Julia Marinen hitzak; gera bedi kexu gisako hori etorkizunean lanak burutzeko ezinbesteko akuilu bezala.