Jost Gippert, euskararen sustatzaile Alemanian (Elkarrizketa)
Elena Martínez Rubio

Jost Gippert, (Winz-Niederwenigern, Alemania, 1956), Frankfurteko Goethe Unibertsitateko katedraduna Hizkuntza Zientzia Konparatuen Sailean eta Georgiako Tbilisiko Unibertsitateko honoris causa doktorea, ibilbide luzea egina da hizkuntzen ikerketaren arloan. Nekez aurkitu liteke inor, berak baino hizkuntza gehiago ezagutu eta ikertu duenik. Bere bibliografia oparoan, hizkuntzen tipologia hutsaz haratago doazen beste kultura alderdi batzuk ere jorratu ditu, hala nola ohitura zaharrak, tokian tokiko egutegi bereziak, zenbatzeko sistemak edota elezaharrak… Testu zaharren digitalizazioari begira berriz, aitzindaria dugu laurogeiko hamarkadaren hasieratik. Honezaz gain, euskararen sustatzailea izan da, eta bada, Frankfurteko Goethe Unibertsitatean.

Bere bulegoan topatu dugu Jost Gippert, antzinako liburuek, ordenagailu berriek eta Georgiatik ekarritako oroigarri bitxiek inguraturik. Frankfurteko Bockenheim campus bazterrean dagoen hiru solairuko etxe txiki eta zahar honetan, Kaukasologia saileko eskolak ematen dira... euskara eskolak barne. Izan ere, euskara-irakurletza berri bati eman zitzaion hasiera hemen 2011ko udazkenean Etxepare Institutuaren bidez, han lehendik euskara irakasten bazen ere. Ikasgeletan, Georgiako afixak Euskal Herrikoen ondoan ikusi ditugu. Zer dela-eta euskara berriro ere hizkuntza kaukasiarren artean? Ez al dute zientzialariek hizkuntza bion senidetasunaren aldeko hipotesia aspalditik erabat baztertua?

Alemanez egin diogun elkarrizketan emango digu Jost Gippertek honen guztiaren berri.

Ez dakit inor ote dagoen zuk baino hizkuntza gehiago dakienik edota zuk bezain ondo ikuspegi orokor bat eman dezakeenik hizkuntzen konparazioaren arloan. Zure bilakabide akademikoa eta bibliografia aberatsa bezain espezializatua ikusi besterik ez dago. Ezingo genituzke hemen aipatu ikertu dituzun hizkuntza horiek guztiak, desagertuak nahiz gaurkoak. Nola sortu zitzaizun hizkuntzak ikasteko grina?

Haurtzaroan hain zuzen, eskolara baino lehen, etorkinak Alemaniara etortzen hasi zirenean. Ondo dut gogoan, hiru urte-edo nuela, lehen hitz arrotzak Espainiako etorkin bati entzun nizkiola gure auzoan. Jakin-min handia piztu zidan hark. Berehala hizkuntzen arteko antzekotasunak bilatzen hasi nintzen nire kabuz eta hizkuntzak ikasten. Aitak errusierazko ikasliburu bat oparitu zidan eta errusierari ekin nion. Eskolan berriz, latina, ingelesa, frantsesa izan genituen ikasgai. Beti liluratu izan nau hizkuntzak euren artean konparatzeak, eta desberdintasunak eta balizko berdintasunen bila abiatzeak. Horixe da gure ikerketa arloan egiten duguna, hizkuntzalaritza konparatzailean alegia. Indologia, Japonologia eta Sinologia ikasi nituen gero Unibertsitatean, Indoeuropar hizkuntza-zientziaz gain. Azken honek, ezaguna denez, sanskritoa, greziera, hizkuntza iraniarrak, zeltak, eslaviarrak... eta beste hainbeste hartzen ditu barne. Indoeuroparrak ez direnak ere ikasi ditut: fino-hungariarrak bezalakoak esaterako, benetan desberdinak direnak, azkenik kaukasiar hizkuntzei ekiteko. Euskara, berriz, 1988an hasi nintzen ikasten, zu ezagutu zintudanean, Berlingo Unibertsitatean euskara mintegi bat antolatu genuen hartan.

Ustekabean, nolabait?

Bai, interesa banuen nonbait, baina ordura arte euskarara hurbiltzeko aukerarik ez, nire ikasketa eta ibilbideagatik. Eta euskara horren desberdina izanda...

Noiz hasi zinen kaukasiar hizkuntzak ikasten?

Unibertsitateko ikasketak, 1977an bukatu nituen. Ondoren, Berlingo Unibertsitatean eman nituen urte batzuk irakasten, beste hiru urte Austrian... 1979an hasi nintzen kaukasiar hizkuntzak ikasten, gutxi gorabehera. Hizkuntzen azterketari begira bi alderdi dugu: batetik, alde historikoa edo genetikoa; bestetik, tipologikoa. Zentzu honetan (hau da, egitura edo tipologia aldetik) hizkuntza kaukasiarrak euskara bezain urruti daude hizkuntza indoeuroparretatik, nahiz eta aipatu dudan ikuspegi genetikotik, ezin izan den ezer frogatu bion arteko senidetasunari begira.

Badira oraindik hipotesi horretan sinesten dutenak, bai Euskal Herrian bai Kaukason, tesi hori oinarritzeko oso datu gutxi duten arren. Ezin liteke zehazki esan zenbat datu behar den halako teoria bat frogatutzat emateko, baina nire ustez, dauzkaten hitz gutxi horiek, hots, esanahi bereko edo antzeko hitz horiek, oso urriak dira. Gutxiegi. Horrela ez dago ezer frogatzerik. Noizbait bi hizkuntzok senide izan zirela sinistu nahi bagenu ere, banaketa aspaldi izango zen historikoki ikusita. Bakoitza bere aldetik garatuko zen gero, hain neurri handian, non gaur oso-oso urruti dauden elkarrengandik. Une honetan, ez dago identitate historikorik frogatzerik. Demagun sanskrito eta alemana alderatu nahi ditugula. Hor badugu hiztegiaren ehuneko berrogei bat komuna dena. Hau ez da gutxi, alderantziz, duela zazpi mila urte bananduko zirela gogora ekarrita... edo gehiago, batek daki, demagun duela hamar mila urte. Beste hizkuntza batzuk alderatzen baditugu aldiz, ehuneko askoz ere txikiago bat dute komun... noiz izango ote ziren bat euskara eta kaukasiar hizkuntzak? Duela ehun mila urte? Zaila da ezer frogatzea. Esan bezala, antzekotasun tipologikoa eta frogagarria den identitate historikoa ez dira gauza bera.

Indoeuropar hizkuntzak hizpide harturik, oso eremu zabalean barreiatu ziren hauek, azpifamiliak sortuz. Zein da hobekien aztertu den hizkuntza eskualdea?

Alderantziz erantzutearren, albaniera ez da oraindik behar bezala ikertu, adibidez. Hizkuntza honek oso eragin handia jaso du historian zehar inguruko hizkuntzetatik. Indoeuropar jatorriko ondare komunetik hondar txiki-txikia geratzen zaio. Superestratu handia du-eta. Une batean indartsu eta kulturan nagusiago den hizkuntzatik hartutako maileguek osatzen dute superestratua, hala nola euskarak latinetik mailegatutako hitzek. Albanierazko superestratu hau hortaz, inguruko hizkuntzetatik mailegatuak izan diren hitz horiek guztiek osatzen dute: erromatarren arrastoak dauzka, greziarrenak, eslaviar herrienak, turkiarrenak... Fenomeno honek mugatu egiten gaitu, eta gramatika egituretara jo behar izaten dugu ezinbestez. Hau guztia gutxi balitz, oso berandukoa da albanieraz idatziz jaso dena. Berrehun- hirurehun urte baino ez du. Antzeko zerbait gertatzen da euskaraz ere, nahiz eta honen dokumentazio idatziak bostehun bat urte izan. Albanieraz, dokumentatu gabeko oso tarte luzea dugu, zoritxarrez.

Indoeuropar hizkuntza horietako bakoitzaren barruan, zenbat egotzi behar zaion substratu ezezagun zaharrari ongi finkatu al da?

Bai, nahiz eta batzuetan, iberiar penintsulan kasu, toki-izen aurrerromatarrak, edo patronimikoak edo banako hitz batzuk baino ez ditugun eskura. Hauek iberiarrak edo zelta-iberiarrak izan daitezke, edo baliteke guztiz ezezagunak zaizkigun beste hizkuntza batzuetakoak izatea ere. Latinismoak, noski, superestratukoak dira eta corpusaren beste alorretan topatzen dira.

Hala eta guztiz zera esan dezakegu: substratu ezezagunekoak diren askoz ere hitz gehiago aurkitzen dugula hizkuntza germaniarretan, hizkuntza eslaviarretan baino. Jatorri iluneko hitzez ari gara, hots, indoeuropar familiako kide diren aldetik argitu ezin dugun jatorri bateko hitzez. Berdin gertatzen da armenieraz, grezieraz, latinez... Hauetan, Mediterraneoko hizkuntza ezezagun aurrerromatarrek utzi zuten beren arrastoa eta frogatu gabeko osagai asko ditugu oraindik.

Italiar penintsulan, hizkuntza desagertu handi bat ezagutzen dugu, bederen: etruskoa, hain zuzen. Etruskoak frogatu daitezkeen aztarnak utzi zizkion latinari. Ez pentsa asko direnik ere. Laburbilduz, ikertutako hizkuntza indoeuropar guzti-guztiotan hitz asko eta asko dauzkagu oraindik jatorri ezezagunekoak direnak, bai.

Uste al duzu hizkuntzalariek ahozko ondareari, dialekto edo idatzi gabeko tokian tokiko hizkerei zor zaien garrantzia eman dietela hizkuntzak ikertzeko orduan? Ez al daude idatzitakoari lotuegi? Ezin al dira hiztun horien hizkera arkaikoan hitz zaharragoak topatu eta substratuari buruz baliagarriak diren ondorioak atera?

Argi dago idazketa agertzen den unetik dialektoak berdindu edo hondoratu egiten direla. Hala gertatu zen Antzinako Grezian ere. Atenasko greko estandarra agertu bezain laster, tokian tokiko hizkeraz idazteari utzi zitzaion. Fenomeno arrunta dugu hau. Guk, berriz, konparaketak egiten ditugunean, dokumentu zaharretara jo behar izaten dugu; betiere forma zaharrenen bila. Ez lukeelako inongo zentzurik hizkuntzak, gaur diren bezalaxe, alderatzeak. Horregatik bilatzen ditugu forma idatzi zaharrak. Erdi Aroko alemana sanskrito zaharraren aldean ipintzen dugu, inola ere ez gaurko aleman estandarra edo batua Indiako hizkuntza moderno baten aldean. Irango hizkuntzetan ere, bide batez esanda, gauza asko dago egiteke.

Gaurko Frantziak hartzen duen eremu geografikoa ongi aztertu al da? Frantsesa ez diren hizkuntzez gain, hizkuntza zahar ezezagunen arrastoak patois delakoetan bilatu litezke, esaterako?

Dialektoak, oro har, desagertzen ari dira. Alemanian berdin gertatu da. Frantziako Errepublikak eraman duen politikarengatik ia ez dago patois zaharrik, aldagai berriak agertu badira ere. Errazago litzateke Kanadako kolonietara joatea eta bertan gorde den frantses zaharra aztertzea. Dena den, nahiko ongi ikertua izan da galoen substratua frantses hizkuntzaren barruan. Erromanisten belaunaldi asko aritu da-eta hortaz. Argi dago bertako substratu zelta, iberiar penintsulako substratu zelta baino aberatsagoa dela. Euskal substratua aztertzeari dagokionez bestalde, Okzitanian eta Katalunian gehiago bilatu beharko genuke.

Zure ibilbidean mugarri izan den beste gai batera aldatuz: laurogeiko hamarkadako lehen urteetan digitalizatzen hastearen beharraz konturatu zinen. Aitzindari izan zinen zeregin horretan, hizkuntzen arloan.

Bai, laurogeiko hamarkadaren erdialdea baino lehen ia ezinezkoa zen digitalizazioaz pentsatzea. Guri orduan avestiera hiztegi bat egitea bururatu zitzaigun. Avestiera Irango hizkuntza zaharrena da. Eta nik zera esan nuen hasieratik: ez zuela inongo zentzurik hiztegiak lehengo moduan egiten jarraitzeak. Fitxak eskuz egin beharrean, hitz bat non agertzen den adierazteko papertxoen gainean etiketak eta ohartxoak ipini ordez..., digitalizatzen hasteko proposamena egin nuen, hiztegigintzan funtzio automatiko horiez baliatu ahal izateko.

Nirea oso ikuspegi berritzailea zen garai hartan, antza, eta proposamena atzera bota zidaten; inork ez zidan sinistu. Sonja Gippert, nire emaztea, hizkuntzalaria da ere, eta berarekin batera aurrera jarraitzea erabaki nuen. Ordenagailu bat gure kabuz erosi behar izan genuen orduan, unibertsitatean ordenagailurik utziko ez zigutela ikusirik.

Orduan alfabeto desberdintasunengatik ere izaten ziren oraindik arazo handiak informatikan. Guk apustu hori egin eta hiruzpalau urte eman genuen avestiera testu bat osatzen.

Horrelakoak ordenagailuak lagunduta egingarriak zirela ikusi zenean, lankide batzuk bildu ginen 1987an, aurrerantzean elkarrekin lan egiteko xedeaz. Zertarako ibiliko ginen bakoitza bere aldetik digitalizatzen? Gure lana denon eskuragarri jartzea zen kontua, indarrak alferrik ez galtzeko. Horrela sortu zen, hain zuzen, gaur oraindik gorpuzten darraien Titus izeneko gure proiektu digitala. Dagoen datu-base handiena da, indoeuropar testuei dagokienez.

Testu indoeuroparrekin hasi, inguruko hizkuntzetara jo gero eta azkenik kaukasiar hizkuntzei ere ekin genien. Urteekin batera, laurogeiko hamarkadaren bukaeran alegia, mundu osoan zehar hasi ziren burutzen gurea bezalako proiektuak, hizkuntza desberdinei begira. Gaur datu horiek guztiak bateratzeko sare bat besterik ez da behar, eta sare hori badugu, honezkero.

Bai, hasieratik egon nintzen sinistuta handik hamar urtetara arrunta izango zen zerbait egiten hasia nintzela. Nire aurreikuspen hau bete egin zen, bete ere.

Bitartean, banako hizkuntza batzuk erabat digitalizatuta dauzkagu, lehen urratsa avestiera izan zen, esan bezala, bitartean vediar edo sanskrito zaharraren hiztegia, hogei bider gehiago dena avestierazkoa baino... Ameriketan grekoa eta latinaren inguruan dihardute, adibidez. Behin digitalizatzea burutuz gero, dauden beste aukerak ikertu behar izaten dira informazio osagarria eransteko, hitzak xedatu edo definitzeko, bilaketak egiteko... Eta hizkuntzen gramatikak desberdinak direnez, bide bat bilatu behar izaten zaio hizkuntza bakoitzari ordenagailuaren hizkerara moldatzeko, bilaketa bereziak bideragarriak izan daitezen. Hau ez da erraza izaten.

Hizkuntzen ikerketaren ildotik, zer egin beharko litzateke euskararen inguruan aztertzen jarraitzeko? Zeintzuk dira hutsuneak, zure ustez?

Oinarri metodologiak landu eta segurtatu beharko lirateke sistematikoki, esan nahi baita hizkuntzen konparaketari dagozkion metodoak erabiliz. Duela bi mila urte egingo zen euskara berrosatu beharko genuke, hau da, erromatarrek eragina izan baino lehenagoko euskara hura. Latinezko elementu horiek hizkuntzatik kanporatuz batetik; baina gauzak nola eta zertan aldatu diren jakiteko elementu horiek lagungarri izango zaizkigula ahaztu gabe, bestetik. Hortaz, latinetik datozen elementuak zein egiturak, latinetik ez datozenekin konparatu beharko genituzke.

Horrezaz gain, badugu gauzen egoera ezagun bat, duela bostehun urteko testu idatziei esker. Izan diren aldaketak aztertzea da kontua, zer aldatu den testu horietatik hona euskalkiei begira. Hau guztia ez da behar bezain sistematikoki egin.

Aditz forma zaharrak berrosatzera helduko bagina, hauen bilakabide fonetikoa ongi ezagutuko bagenu, hau da, fonemak elkarrengandik urruntzearen fenomenoa, edo alderantziz, fonemek bat egitearena, euskara zaharraren irudi hobea izango genuke konparaketak egiteko orduan. Baliteke duela bi mila urte banakako osagaiak argiago izatea gaur baino. Hainbat ez baitira honezkero ondo bereizten, aipatutako bilakabide fonetiko horrengatik.

Mitxelenak Fonética Histórica Vasca izeneko liburuan egin zuena?

Bai, baina lan handia dago egiteke. Berrosatze hori litzateke oinarri metodologiko bakarra konparaketak egiteko unean. Ez da zentzuzkoa gaurko osagaiak alderatu nahi izatea, berdin euskalkienak edo batuarenak. Edozein modutan edo ausaz aukeratutako hitzak elkarren ondoan ipintzea ez baita bide zientifikoa. Lan hori egin eta gero izango gara gai hizkuntzak alderatzeko, kidetasunak bilatzeko, berdin ipar Afrikakoetan zein kaukasiarretan. Izan ere, beti dugu hor galdera hori, ea euskararen senide-hizkuntza guztiak desagertu ote diren. Theo Venemann irakasleak teoria bitxi bat du: noizbait hemen, Alemanian, euskara egin zela. Baina betiko hutsa egiten du: euskara, edo duela bi edo lau mila urteko hizkuntza hura nolakoa izango zen aztertzen hasi baino lehenago, gaurko edozein hitz hartu eta konparaketak egiten hasten dela.

Milaka urte igaro dira euskaldun haiek hona helduko zirenetik... Zenbat eta ulergarriagoa den forma bat, hainbat eta gutxiago fidatzen naizen ni, horrenbeste mila urte tartean izanda formak erabat desitxuratzen direlako. Adibide bat ematearren: sanskritoz sutra hitzetik (testua edo haria esan nahi du), Maldibietan u hitz labur-laburra besterik ez da geratu, erro beretik eratorria. Horretxegatik ez dut konparaketa erraz horietan sinesten, metodorik gabe egiten direlako.

Zer esan daiteke hizkuntzen aldatzeko abiaduraz?

Faktore askorekin du zerikusia. Badira forma zaharrei irmo eusten dieten hizkuntzak, beste batzuk berriz, arin-arin aldatzen dira. Arrazoiak ugari ohi dira, kulturalak eta bizimoduari lotuak ere bai: hiri handietako hiztunek aldatzeko joera handiagoa dute, beste kontuetan ere gertatzen den bezala. Nekazariek berriz, hobeto, gordetzen dituzte ohiturak. Hiztun gutxiko hizkuntzak ere, kontserbatzailegoak izaten dira. Inguruarekiko harremana beste faktore bat izan daiteke aldakuntzari erreparatzeko orduan. Finlandierarena harrigarria da oso, harreman ugari izan baitu Baltikoko hizkuntzekin, bai eta germaniar eta eslaviarrekin. Era berean, hizkuntza germaniarretan baino hitz zaharragoak topa ditzakegu egungo finlandieraz. Hau da, behin hitza mailegatuz gero, hitz horiek ez dira asko aldatu, finlandiarren kulturagatik-edo.

Ikerlan bat baduzu dado-joko turkiar-persiar batean erabiltzen diren zenbakiei buruz. Bertan diozunez, hizkuntza-zientzia historikoak argi frogatu du oinarrizko zenbakiak hizkuntza baten estratu zaharrenekoak direla. Beraz, zenbakiak bereziki lagungarriak edo baliagarriak dira ikerketa konparatzaileetan?

Bai, zenbakiak oso zaharrak izaten dira hizkuntza guztietan. Hizkuntza batek zenbakiak mailegatzea ez da batere ohikoa, ez behintzat bat edo bitik hamar artekoak. Funtsezko arrazoi bat egon behar da zenbaki zaharrak mailegatuen bidez ordezkatzeko. Hizkuntza guztiek daukate beren zenbatzeko sistema eta behin bat izanez gero, zertarako aldatu? Zenbatu nahi den gauza bera ere mailegatu ez baldin bada. Esaterako: ardien hazkuntza auzoengandik ikasi edo bereganatu dutenek, baliteke ardiak zenbatzeko auzokoen zenbakiak erabiltzea, baina horretarako bakarrik. Fenomeno hau zenbait hizkuntzatan ikus daiteke. Batzuetan, bi sistema paralelo ditugu batera. Japonen adibidez, bi sistema erabat desberdin dute, txinatarra eta japoniarra.

Zenbakiak, oro har, oso egonkorrak dira. Oinarrizko zenbakiei buruz ari gara. Bestalde, zenbait kulturek kopuru handiak zenbatzeko zenbakirik ez daukate, bertan kopuru handitan kontatu litekeen ezer ez dagoelako. Beraz, zenbakiek bizimodu eta tokian tokiko beharrekin zerikusia dutela esan dezakegu.

Zenbakiak gotorleku kontserbatzaile bat direla jakinik, zenbakietara jotzen dugu guk baliagarri zaigun beste ezer ez dugunean topatzen, zenbakiek konparaketak egiteko abiapuntu on bat eskaini dezaketelakoan. Elkarrengandik urrun-urrun zeuden hizkuntza indoeuroparrak aztertu izan ditut nik, ia antzeko ezer ez zutenak, zenbakietan ezaugarri morfologiko jakin batzuk aurkituz halere.

Sistema hogeitarra hamartarra baino zaharragoa al da?

Ez du beti zertan izan. Indoeuropar hizkuntzek hamartarra zuten duela 7.000 urte, hau ez da gutxi. Baina zenbait hizkuntza indoeuroparrek hogeitarra bereganatu zuten. Substratuarengatik, segur aski. Hizkuntza zeltak kasu, gaurko frantsesean arrastoa utzi dutenak. Danieraz ere badago hogeitar sistema. Zer fenomeno dugu hemen? Sistema hogeitarraren hondar horiek direla-eta, badirudi hogeitar sistema Atlantikoko kostaldean egon zela zabaldua. Beraz, litekeena da bertan hogeitarra erabili izana, indoeuroparrak iritsi baino lehen. Eta, segur aski, euskara edo euskarekin zerikusia zuten hizkuntzak egingo zirela bertan.

Edonola ere, denetarik dugu munduan zenbakiei dagokienez. Batzuk hamartar sistematik hogeitarrera aldatu, beste batzuk ordea alderantzizko bidea egin dute. Kaukason denetarik dago, egon ere. Nire ustez, bi sistemak dira naturalak: azken batez, hamar atzamar dugu, eta atzekoz aldera ere erabil ditzakegu behin hamar zenbatuz gero, hogeiraino iristeko. Bada oraindik horrela egiten duenik, atzamarrak erabiliz. Seitar edo hamabitar sistemak ere ez dira ahaztu behar, sistema honek atzamarrekin zerikusirik ez badu ere, egutegiarekin baizik. Alemanez dozena bat esaten da maiz oraindik, hamabi esan beharrean. Kontatzeko eran ilargiaren aldiak ditugu hemen abiapuntu, eta urteak dauzkan hilabeteak. Ondorioz, zera baieztatu daiteke: eskuarki sistema hamartarrak beste sistemak bazterreratzen joan direla. Esan beharra dago, euskarak oso ondo gordea duela bere sistema. Beste hizkuntzetan, eragin desberdinenei zor zaizkien askoz nahasketa eta konbinaketa gehiago topa daitezke.

Ergatibitatea ere hor dago oso-osorik, ezta?

Kaukason badira hiru ergatibitate mota edo sistema gutxienez, hirurak oro desberdinak. Ergatibitatea izateak ez du zertan euskararen senidea esan nahi, alabaina, munduko beste hizkuntza batzuk ere ergatiboak baitira; Europan, dena den, euskara eta kaukasiar hizkuntzak bakarrik. Ergatibitatea asko mudatzen eta eraldatzen da denborarekin batera, inguruko hizkuntzen eraginen arabera. Hizkuntza batzuk ergatibo bihurtu dira historian zehar, beste batzuk ergatiboa galdu duten bitartean. Honi buruz, denetarik ikusia eta frogatua izan da, irudikatu litezken tarteko fase guztiak barne. Ezohikoa da, ordea, nola eutsi dion euskarak ergatibitateari, hizkuntza ez ergatiboek inguratuta bizi izan den arren. Hor dago gakoa eta honek ere argi erakusten digu euskararen zahartasuna.

Eta bizidunak eta bizigabeak bereizteko sistemaz zer diozu?

Lehentasunik ez du hizkuntza baten sistemaren barruan. Ez da gai nagusi bat, garrantzitsua bada ere. Mapa tipologiko bat egin nahi badugu, denetarik topatuko dugu, edota arrazionalak direnen eta ez direnen arteko banaketak, edo animaliak eta besteak... Funtsezko bereizketa bizigabeen eta bizidunen artekoa izaten da, hurrengo mailan bizidunen artean emakumezkoak eta gizonezkoak bereizten direlarik. Alor honetan ugari dira aukerak eta mailakatze desberdinak, tokien arabera.

Euskara-alemana hiztegia egiten ari nintzela, behin eta berriz egin nuen topo elkarren antza zuten onomatopeiekin. Zein toki hartzen dute onomatopeiek hizkuntzak konparatzeko ikerlanetan?

Hizkuntza guztiek dauzkate onomatopeiak, eta denek sortzen eta birsortzen dituzte etengabe onomatopeia berriak. Komikiei erreparatzea baino ez dago. Behin eta berriro agertzen dira forma berriak, entzundako hots edo egindako keinu bat adierazteko. Onomatopeia hizkuntza bakoitzaren fonema-multzoei dago lotua. Txiki-txikitatik barneratzen da hau, haurtzaroan. Fonema ezagun horietan oinarritzen gara hotsak imitatu nahian. Horiexek dira ditugun baliabideak eta mugak ere. Ama-hizkuntzak ematen dizkigu fonema jakin horiek, munduan askok ama-hizkuntza bat baino gehiago dutela ahaztu gabe. Hego Afrikako hizkuntza batzuk oso hots bereziak dituzte, klaska bat alegia. Guk ere badakigu hots hori mingainaz egiten. Halere ez genituzke hots horiek horretarako erabiliko. Hego afrikarrek bai ordea; horietaz baliatzen dira, ama-hizkuntzaren barruan dituztelako.

Onomatopeiak, bilakaerari begira jarrita, hizkuntzaren corpusaren parte bihurtzen dira noizbait, hizkuntzaren beraren zati bihurtu edo hizkuntzarekin batera eraldaketak jasaten hasten direlarik. Eta hizkuntzak bereganatzen dituen unetik aurrera, onomatopeiak izateari uzten diote. Onomatopeiak ez dira zertan zaharrago izan. Areago, behin hizkuntzaren corpusekoak direnean, aldaketak jasotzen hasten dira... hainbeste, non hiztunek ez dituzten onomatopeiatzat jotzen. Orduan, beste onomatopeia berri batzuk sortzen hasiko dira hiztunak, entzundakoa argiago edo zuzenago adierazi nahian. Ondorioz, onomatopeiak zaharrak izan daitezke, baina ez nahi eta nahi ez. Ez dira erro bat eta ez dugu hizkuntzaren substratutzat jotzeko arrazoirik.

Beste gai bat da noski, zein den giza hizkuntzaren beraren jatorria, ea hasieran halako zaratak egingo ote ziren hizkuntza bat taxutu baino lehen. Hau ez da alabaina, gure arloaren ikergaia. Bada, onomatopeiak hizkuntzaren sistema fonologikoari buruz ematen dizkigu argibideak. Entzuten duguna eta ama-hizkuntzak eskaintzen digunaren arteko harremana dago hor. Onomatopeiak eraldatu egiten dira historikoki, gure hizkuntzaren muga fonetiko horien barruan den arren, esan bezala. Ondo dator umeek hotsak nola imitatzen edo berrematen dituzten ikustea, umeek ez baitute garatua sistema fonologiko kontzienterik.

Edonola ere, euskaraz eta alemanez topatu dituzun onomatopeia horien zerrenda bat egiteko esango nizuke, eta balizko antzekotasun horiek sistematikoki aztertzeko.

Zertarako balio ote du hizkuntzak alderatzeak?

Zertarako? Ikasketa hauen bidez gizadiaren behar bat ase nahi dugula, hizkuntzen inguruan gehiago jakin-nahi naturala alegia. Oso behar egokia eta ulergarria. Hizkuntzak entzun eta antzekotasunez edo desberdintasunez ohartu bezain laster galderak egiten dizkiogu geure buruari... Eta guk, erantzun bat eman behar diegu galdera horiei, ezta?

Bat nator. Baina erantzunak ez du dirurik ekarriko berekin, ezta? Alemaniako unibertsitatean eta bertako ikerkuntzan eragin handia izan duen Boloniako berrikuntzen ikuspegi pragmatikotik begiratuta.

Ez, milioika euro zerga emango duen industriarik ez da sortuko horren bidez. Filosofia bera ere behera doa. Filosofia helburu praktikoari lotzen ez zaion diziplina baten eredurik onena da. Baina filosofoak ere gaur behartuta daude, euren zeregina helburu pragmatiko batekin uztartzeko.

Eta zer ari zara ikertzen orain?

Egia esan behar dizut: burokraziak eta administrazioak denboraren ehuneko laurogei kentzen dit. Hau da Unibertsitatean jasan dugun beste aldaketa kaltegarri bat. Askotan gauez egin behar izaten ditut ikerlanak. Zure galderari erantzunez, palinpsesto batzuk irakurgarri jarri berriak ditugu baliabide modernoei esker. Lan polita, baina zaila ere bai. Duela gutxi argitara eman ditugun V-VII. Mendeko eskuizkribuok oso hondatuta zeuden. Sinain aurkitu ziren, eta georgieraz gehiago jakiteko baliotsuak izango zaizkigu, oro har. Argitalpenaren bidez, orain arte ezezaguna zen hizkuntza kaukasiar bat eman dugu ezagutzera. Kaukasiar albaniera du izena. Lan ikaragarria izan da, ez baitziren ezagunak ez hizkuntza ez alfabetoa. Eskerrak beste abiapuntu batzuk genituela. Ia hamar urte eman dugu horrekin. Hizkuntza hori gaur egiten ez bada ere, bere familiakoa den bat bizirik dugu. Dena den, hau ez zaigu lagungarri izan, oso urruti dagoelako eskuizkribu horietako hizkuntzatik. Zalantzarik gabe, antzinako agirien alorrean gauza polit asko dago oraindik topatzeko eta egiteko. Ea egunen batean euskarazko testu zahar gehiagoren aurkikuntzarik egiten den...

_____________________

Jost Gipperten datu biografiko batzuk:

1956an jaioa Alemanian.

Japanologia, Sinologia, Hizkuntza Zientzia Konparatibo eta Indogermanistikaren ikasketak Marburgen eta Berlinen.

Viena, Berlin, Salzburg, eta Bamberg-ko unibertsitateko irakasle izandakoa.

Egun, Frankfurteko Goethe Universität-eko katedraduna Hizkuntza Zientzia Enpirikoen Sailean.

Georgiako Zientzien Akademiako kidea. Tbilisiko Unibertsitateko honoris causa doktorea.

Titus izeneko datu-basearen sortzailea eta egun Loewe-Digital Humanities proiektuaren arduraduna.