'Gaueko gezurrak': Itzulpena lantegi
Josu Zabaleta

Gesualdo Buffalino idazle italiarraren 'Le menzogne della notte' liburuaren itzulpenaren argitalpenetik eta argitaratu berri diren beste hainbat itzulpen literariotatik abiatuta, artikuluaren egile den itzultzaileak bere lanaren metodologia azaltzen du, bere "lantegia", eta lan horren hausnarketa egiten du. Baliteke, "jatorrizko testua – itzultzailea – orri zuria" triangelutik abiatuta, orri zuria xede-hizkuntzan jatorrizkoaren baliokide izan nahi duen testuaz betetzeko prozesuaren oinarrizko muina, hots, itzultzailearen erabakien muina, funtsean ez aldatu izana; baina ukaezina da erabaki-hartze hori inguratzen duen guztia goitik behera aldatu dela azken urte hauetan; alde batetik, informazioa, dokumentazioa eta material kontsultagarria (Internet, hiztegiak, argitalpenak) lehen baino ugariagoak eta eskuraerrazagoak direlako; eta bestetik, itzulpenaren alorrean tresna berriak agertu direlako (korpus linguistikoak osatzeko programak, kontsulta-sistemak). Itzultzaileak bere lanean erabiltzen dituen bitarteko teknikoak azaltzeaz gain, autoreak bere lanaren bi alderdi azpimarratzen ditu, berez batere berriak ez direnak: itzultzaileak inspirazio-iturri gisa erabiltzen dituen eredu linguistikoen bilaketa euskarazko tradizio literarioaren barruan, eta jatorrizkoaren beste hizkuntza batzuetako itzulpenen erabilera (adibide gisa, J. M. Machado de Assis-en 'Dom Casmurro' liburuaren frantseseko, gaztelaniako eta italierako itzulpenak proposatzen ditu, eta horiekin batera, berak euskarara egindako itzulpena); izan ere, itzultzaileak egin behar dituen testu-azterketa zorrotzak egitera ohituta dagoenarentzat, bi alderdi horiek itzultzaleak bere lanean aurkituko dituen zailtasunen gida xehea eskaintzen dute. Autoreak, era berean, Wordfast bezalako itzulpen-tresna bat erabiltzen dutenei lagungarri gerta dakizkiekeen hainbat makro proposatzen ditu.

Oharra: artikulu hau Langintza Xeheki sailean argitaratu zen lehen aldiz.

Gesualdo Bufalinoren Le menzogne della notte eleberriaren itzulpena dela-eta, eleberri hori itzultzea izan zen esperientziaz hitz egiteko eskatu zidan ItzulBaitak. Aukera bat baino gehiago nuen lanari heltzeko. Bat, klasikoa, testuari lotua: jatorrizko testuaren eta testu itzuliaren arteko alderaketa bat eginez, itzulpenaren kritikari batek egingo lukeenaren modukoa nolabait; arazo- eta irtenbide-sailkapen gisako bat, testuaren maila desberdinen arabera antolatua; "zer zailtasun izan duzu eleberri hori itzultzen?" galdetu izan balitzait bezala-edo.

Horrela adierazita barregarri samarra badirudi ere, era horretako ekarpenak interesgarriak izaten dira itzultzailearentzat, beti ematen dute zer pentsatua eta zer ikasia. Beste itzultzaileek beren itzulpenak egiteko erabiltzen dituzten irizpideak, aurkitzen dituzten oztopoak, zailtasunak, gainditu behar dituzten nekeak eta aurkitzen dituzten irtenbideak eta saihesbideak, interesgarriak ez ezik, lagungarriak ere izaten dira. Azken finean, gure artean, euskal itzultzaileen artean, era askotako testuak eta hizkuntza desberdinetatik itzultzen jardun arren, badugu denok berdintzen gaituen, leku berean jartzen gaituen faktore nagusi bat: euskara. Ez dut esan nahi euskara hizkuntza gisa, bere historiaren egoera jakin batean dagoen hizkuntza gisa baizik: normalizazio-bidean baina normalizatu gabe, baliabide gutxirekin, erabiltzen den gizartean bertan ere gutxi erabiltzen den eta euskararen gaurko egoera ezaugarritzen duten beste hainbat faktorek berebiziko eragina duten hizkuntza bat, alegia. Faktore horiek guztiak hartu behar ditu kontuan itzultzaileak, eta itzultzen ari den denbora guztian egin behar ditu horien araberako hautuak.

Itzulpenak, eta are gehiago literatura-itzulpenak, oso bizkor aldatuz doan, modek eragin handia duten eta eredu fidagarri askorik ez dagoen hizkuntza batera egiten dira gure artean. Horregatik, itzultzaile batentzat interesgarria da beti beste itzultzaileek zer iritziren arabera zer hautu egiten dituzten ahalik eta xehekien jakitea. Nire kasuan, etengabeko jarduna izaten da hau, lankideen artean etengabe darabilgun gaia, han eta hemen agertuz doazkigun itzulpen-arazoez hitz egiten dugunean mila modutan zehaztuz joaten garena, eta horrexek laguntzen digu, neurri handi batean, gure jarraibideak nondik bideratu erabakitzen.

Eskertzekoak iruditzen zaizkit era honetako ekarpenak. Eta zentzu berean eskertzekoak iruditzen zaizkit elkarri egiten dizkiogun zuzenketak eta oharrak, gutxien-gutxienez, testu beretik egin daitezkeen itzulpen desberdinen eta, horrenbestez, itzulpen-jardunbide desberdinen kontrastea bistaratzeko balio dutelako. Itzultzea den lanbide bakarti honetan —luma paperean edo behatza teklaren gainean jartzen denean, bakarrik aurkitzen da bat beti— aise gera daiteke itzultzailea kontrasterik gabe, eta hortxe du itzulpengintzak arriskurik handienetako bat, seguru asko: nork bere jardunbidea besteenekin ez alderatzean; ez ikustean mila burubide izan daitezkeela eta direla begien aurrean testu bat duzula beste hizkuntza batean haren baliokide bat idatzi behar duzunean.

Horregatik iruditzen zait sanoa eta interesgarria norbere itzulpenezko burubideak komunikatzea eta kontatzea. Izatez, zuzenketaren antz handia du, gainera, komunikazio horrek. Hain zuzen ere, lehen esan ditudan itzulpenezko arazo eta zalantzak adierazteak, egindako aukerak arrazoitzea esan nahi baitu, eta aukera bat egiteak beste aukera bat 2 arbuiatzea esan nahi du, aldi berean, hau da, arrazoi batzuk izatea aukera baten alde eta bestearen kontra. Zuzenketak egiten duen gauza bera.

Itzulpena lantegi

Oraingo honetan, ordea, neure esperientziaz hitz egiteko eskatzen zaidalarik, nahiago izan dut beste bide bat hartu, beste aztergai bat eskaini: itzulpen-prozesua bera, itzulpen-lana antolatzeko modua: zer baliabide erabiltzen dudan, nola erabiltzen ditudan baliabide horiek eta zertan laguntzen didaten. Edo galdera moduan adierazita: aldaketarik izan da —funtsezko aldaketarik behintzat— itzulpen-prozesuan azkeneko urte hauetan?

Nire esperientzia eskatu zait, eta nire esperientzia azalduko dut, itzulpenean hartutako erabakien arrazoiak azaldu beharko banitu ere nire esperientzia azalduko nukeen bezala.

Ni arkatzez hasi nintzen itzultzen. Arkatzez, eta paperean ia eskuineko aldearen erdia hartzen zuen bazter zuri bat utziz, zuzenketetarako lekua izan zedin. Eta mahai gainean atril handi bat, geroz eta handiagoa, hiztegi berriak argitaratu ahala, haientzat lekua izan zedin; Plazido Mujikarena erdi-erdian, itzulpen gehienak era batera edo bestera gaztelaniatik igarotzen zirelako. Leizarragak ere halakoxe zerbait egingo zuen, Plazido Mujikarik gabe.

Gauza asko aldatu dira harrezkero. Funtsezkoa, itzulpen-unea bera, ez zen aldatuko. Zalantzaz diot, zeren itzulpen-unea bera —garunean, nonbait, xede-hizkuntzako testua, testu zatia, sortzen den misteriozko une hori— nola eratzen den, zerk baldintzatzen duen zehazki, eta zerk eragiten duen, ez baitaki inork. Baina itzulpena lehendabizi eta, gero, haren zuzenketa posible egiten duten faktoreak ezagunagoak dira: itzulpena —pasarte ñimiñoenaren itzulpena— egin baino lehen metatzen den irizpide pila eta, haren ondorenean, jatorrizko testuaren ulermenaren eta itzulitako testuaren ulermenaren konparazioan oinarrituta egiten diren eta zuzenketetarako baliatzen diren irizpide pilak, horiek bai, ezagunagoak dira, eta ez dira askorik aldatu, seguru asko, harrezkero. Itzulpen-jardunaren mamia, muina, ez dut uste aldatu denik. Nire lankide batek esaten duen bezala: "Niretzat itzulpena oso gauza soila da beti: jatorrizko testua, zu eta paper zuria". Hori ez da aldatu. Itzultzaileak jatorrizko testua irakurriz hartaz egiten duen interpretazioan oinarrituta, itzulpenaren erabiltzaileak kontuan hartuta, eta haien hizkuntzan duen gaitasunaz baliatuta, bere iritzian jatorrizkoaren ahalik eta baliokideena izango den testu bat osatzen du.

Gainerakoan, ordea, aldaketa handiak gertatu direla ezin da ukatu.

Itzultzaileak bere lana egiteko gaur egun eskura dituen baliabideak ezin konpara daitezke orain dela urte gutxi zituenekin; antzik ere ez dute. Ez naiz ari itzulpen automatikoez eta halakoez; literatura-itzulpenaz baizik. Literatura-itzulpenean ere, muin-muineko jarduera aldatu ez bada ere, arras aldatu dira gainerako gauzak. Baliabide informatikoek aldatu dute, batez ere, egoera.

Oso kontuan hartu beharko litzateke hori. Zertan eta zenbateraino aldatu dira itzulpen-prozedurak? Ez nago seguru. Gai honi buruz hitz egiten denean, badirudi bi muturren artean mugitzen direla jarrerak: batzuen iritzian, badirudi itzulpena goitik behera, erabat aldatu duela informatikak, mirariak espero dira informatikatik; beste batzuen iritzian, itzulpeneko ohiko prozedurak bizkortu baizik ez ditu egin. Itzulpen erdiautomatikoa-edo dei genezakeena, itzulpen automatikoaren eta memorietan oinarritutako itzulpenaren arteko konbinazio batetik abiatuta garatzen ari diren tresna berriak datozenean, baliteke arrazoi gehiago izatea itzulpenaren munduan gauzak aldatu direla esateko. Baina, orduan ere, itzulpenaren muinaren muina ez da aldatuko, "jatorrizko testua, paper zuria (edo dagoeneko zirriborratua) eta ni" hor egongo gara, lehenengo aukeraren zuzenketak egiteko besterik ez bada ere.

Muinak muin eta mamiak mami, ezin uka daiteke itzulpen-prozesuaren inguruan gauza asko aldatu direla, baina susmoa dut aldaketa horiek gertatu ez balitz bezala jarraitzen dugula oraindik ere itzulpenaz hitz egiten. Itzulpenean hartutako erabakiei begiratzen diegu; jatorrizko testuaren eta testu itzuliaren alderaketan zentratzen gara gehienbat. Ez nago seguru, baina itzultzaile-ikasketak ere, neurri handi batean behintzat, gai horietan zentratuta daudela iruditzen zait. Ez dut ukatuko puska handi batean hala izan behar ez duenik, jatorrizko testuaren eta testu itzuliaren arteko egokitasunari begiratu behar baitzaio batez ere, azken finean.

Baina testu itzulia produzitzeko prozesuari gehixeago begiratu beharko litzaiokeela iruditzen zait. Merezi du. Azken-azkenean, lantegi bati dagokionez, handik ateratzen den produktua epaitzen den bezala, baina haren ekoizpenean lantegiaren tresneriak eta lantegiaren antolamenduak berebiziko eragina duten bezala, halaxe gertatu behar luke itzulpenean ere: itzulpen-lantegia zaindu beharko litzateke, eta hartan inbertitu. Konparazioa jarraitzea zilegi badut, esango nuke lantegira sartu zen lehengai-puska produktuaren zein puskatan dagoen bilatzen aritzen garela sarritxo, eraldaketa-prozesuari eta horretarako baliabideei behar adina begiratu gabe.

Horrexegatik, itzulpena lantegi gisa geroz eta gehiago ikusi beharko genukeela iruditzen zaidalako, azaldu nahi dut hemen nire itzulpen-lantegia, nire itzulpen-prozesua edo azkenaldi honetan egin ditudan zenbait literatura-itzulpenetan erabili dudana. Beste askok bezala, ahal dudana egiten dut nik ere, baina aitortu behar dut tresnaz hornitzen eta tresnak hobetzen ahalegintxo bat egin dudala, eta horixe nahi dut eskaini, nahi duenak hobekuntzak egiteko erabil dezan.

Ez naiz mugatuko, beraz, Gesualdo Bufalinoren Le menzogne della notte eleberriaren itzulpenera, azalpenak emateko adibide gisa gehienbat itzulpen hori hartuko dudan arren. Itzulpen bakoitzak bere baldintzak ditu; ez dago denentzat balio duen lan-antolamendu berdin bat, eta baliabideak ere itzulpen bakoitzera egokitu behar dira. Horregatik, beste itzulpen batzuk ere aipatuko ditut, hasi Guy de Maupassanten Fantasiazko ipuinak-etik eta Bufalinorenaren ondoren egin dudan Machado de Assisen On Casmurro eleberriaren itzulpeneraino. Literatura-lan bat itzultzeko hartzen dudanetik itzulpena bukatzen dudanerainokoak deskribatzen ahaleginduko naiz, horretan erabiltzen ditudan baliabiderik hedatuenak edo ezagunenak bazterturik, noski (ez du zentzurik Xuxen erabiltzen dudala-eta hari buruz jarduteak, adibidez).

a. Autoreari eta obrari buruzko informazioa bilatzea

Lehenengo egitekoa itzuli beharreko testua berriro irakurtzea izaten da, bistan denez, askotan lehendik irakurria izaten baita. Beste zenbaitetan ez, itzulpena enkarguz egina denean, gehienbat. Horrekin batera, ordea, itzuli beharreko testua egoki interpretatzen lagunduko diguten beste irakurketa batzuk nahitaezkoak izaten dira.

Lehenik eta behin testuaren egilearen beste testu batzuk. Idazle baten obra baten hurbileneko testuingurua idazle haren beste obrak dira. Haiek ematen dute, maizenik, obra osorik eta obraren pasarte asko eta asko interpretatzeko giltza. Le menzogne della notte ez da berdin interpretatzen G. Bufalinoren beste obrak irakurri gabe. Eleberri autonomoa da, eta zilegi da haren beste lanen erreferentziarik gabe interpretatzea, eta zalantzarik ez dago, orobat, irakurle bakoitzak bere gisara interpretatuko duela, bere oroimenaren arabera, bere konnotazioak ezarriko dizkiola, ez dituela jarriko Bufalinok jarri nahi izan zituen guztiak, eta zilegi dela hori ere. Baina Bufalinoren beraren irakurketara hurbildu nahi badugu, haren lanak irakurri beharko ditugu; haietan aurkituko ditugu Bufalinoren gai nagusiak, haren obran etengabe errepikatzen diren gaiak eta, itzultzaile garen aldetik gehien interesatzen zaiguna, haren idaz-moldeak.

Horrez gainera, mesedegarri izango da jatorrizko testuaren egilearen mundua, haren irakurketak, haren erreferentzia-mundua ezagutzea. Horretan lagungarriak izan dira itzuli behar den obrari edo haren idazleari buruzko kritika-lanak ere.

Le menzogne della notte eleberriaren itzulpenerako, adibidez, lagungarriak izan nituen Ella Imbalzanoren Di cenere e d'oro. Gesualdo Bufalino eta Francesca Caputo eta besteren Gesualdo Bufalino e la scrittura felice liburuak, eta batez ere itzulpena egiteko erabili nuen jatorrizko liburuan (Tascabili Bompiani, Milano, 2001) Nunzio Zagok idatzitako sarrera eta testuari egindako oharrak. Horiek izan ez banitu ez nituzkeen atzemango Bufalinok italiar literaturako beste autore batzuen idazkietatik eta operetatik ia hitzez hitz hartzen dituen pasarteak, adibidez. Bufalino oso zalea zen horrela jokatzera; badakit zehar-aipamen horiek atzeman ezinezkoak direla itzulpenean, aipamen horien jatorrizko testuak euskaraz ez daudelako, hasteko; zalantza handiak ditut italiar irakurle arruntak ere atzematen ote dituen (horrexegatik esan ditudan ohar horiek nik erabili dudan argitalpenean; eta Bufalinoren testuen joko-konplexutasuna haren kritikari guztiek aipatzen dute). Baina Bufalinok berak oharrik gabe argitaratu zuen liburua, oharrik gabe ere interpretatu daitekeelako, eta horrek egiten du zilegi itzulpenean ere oharrik ez jartzea.

Machado de Assisen On Casmurro itzultzeko, adibidez, Helen Caldwell-en The Brazilian Othello of Machado de Assis: A Study of Dom Casmurro eta Richard Grahamen Machado de Assis: Reflections on a Brazilian Master Writer liburuak eta Interneten argitaratuta dauden hainbat lan irakurri ditut.

Aipatzen ari naizen lan eta irakurgai hauek lagungarriak izanagatik, hala ere, ikuspegi orokor samar batetik eginak izan ohi dira, ikuspegi filologiko batetik eginak, kritika-lan gehienak bezala, eta horixe eskaintzen diote itzultzaileari, bere lanerako, testuaren ulerpenerako ikuspegi zabal bat. Kritika gisa ongi egon daitezke, eta batzuk oso ongi daude, baina ez dira itzultzaileak gehien behar dituenak. Itzulpenaren eta filologiaren edo literatura-kritikaren ikuspegiak ez dira ezinbestez ezkontzen, gauza desberdinak dira.

Italiar literaturaren itzulpenak baditu, hala ere, beti kontuan hartu behar diren gai batzuk. Bat, itzultzaileari lan handia ematen diona: italiar dialektoen erabilera. Itzultzaile batek gaur egungo italiar literaturako lan bat itzuli behar duenean, nahitaez erantzun behar dio galdera honi: nola jokatzen du autore honek dialektoei dagokienez? Italierak badu, izan ere, gai honi dagokionez, beste literatura batzuetatik aise ulertzen ez den ezaugarri bat. Italieraren batasuna, besterik badirudi ere, ez dago burututa; bada eredu bat guztiz zabaltzen ari dena, batez ere administrazioan eta komunikabide nagusietan (telebistetan batez ere) erabiltzen dena, eta eguneroko erabileran ere zabaltzen ari dena. Baina eredu hori ez dago Frantziako edo Espainiako Akademiekin aldera daitekeen erakunde batek berretsirik.

Gaur egun bertan ere eztabaida handiak izaten dira italiar idazleen artean beren lanetako hizkuntza-ereduari buruz, italiar "batuari" buruz batez ere. Nahiko jarrera definituak eta aski elkarren kontrakoak daude gai honi buruz. Eztabaida sonatu bat 1950-60 arteko "la nuova questione della lingua" inguruan sortu zena izan zen, Pasolinik, Italo Calvinok, Moraviak, Gaddak eta beste askok parte hartu zutena. Baina oraindik erabaki gabe dagoen gaia da.

Joera desberdinak daude: autore bakoitzak bere irizpideen arabera erabiltzen ditu dialektoak. Ez dira gauza bera Pasoliniren joera (Pasolinik dialekto asko landu zituen, eta ongi definitutako jarrera politikoa zuen dialektoei buruz), Carlo Emilio Gaddarena (Quer pasticciaccio brutto de via Merulana-n darabilen "pasticcio"-a) edo, gaur egun, Andrea Camilleri batena, adibidez.

Siziliar idazleek are arrozoi indartsuagoak dituzte gai honetan ere berezi izateko, siziliar dialektoa italiar "estandarraren" aski desberdina delako, eta tradizio idatzi bat baduelako, gainera. Siziliar idazle askok siziliar dialektoa eta italiar estandarra, biak erabili dituzte beren idazlanetan (Verga, Capuana, Pirandello eta abar).

Egoera horrek eta joera horiek neke handia ematen diote itzultzaileari, eta berebiziko jakintza eskatzen diote italiar dialektoez, dialektoak estandarrarekin nahasita datozenean, batez ere. Azkenaldi honetan lan interesgarriak ari dira argitaratzen gai honi buruz, itzultzailearentzat argigarriak. Batzuk aipatzeagatik: Annunziata Falco: *I riflessi letterari dell'Unità d'Italia nella narrativa siciliana; Giovanni Caprara: Variación lingüística y traducción: Andrea Camilleri en castellano, Málaga, 2007; Caterina Briguglia: El reto de la traducción: la transferencia del puzzle lingüístico de Andrea Camilleri al castellano y al catalán. Un. Pompeu Fabra, 2006; Caterina Briguglia: La traducción de la variación lingüística en el catalán literario contemporáneo. Las traducciones de Pasolini, Gadda y Camillero*. Un. Pompeu Fabra, 2007.

Nola moldatu zer den dialektoz idatzia eta estandarrez zer dagoen argitzeko? Azkenean A. Camillerik berak, umorez, telebistako solas batean egindako komentario batek eman zidan irtenbidea. Idazteko makinaz idazten omen zituen bere lanak, baina argitaratzeko zuzenketak ezin bukatuzkoak izaten omen ziren. Ordenagailu bat oparitu omen zioten, baina ordenagailuak ere eragozpenak jartzen omen zizkion: dena gorriz azpimarratzen omen zion, harik eta "bere" informatika-adituak (nork "bere" abokatua edo psikiatra izaten duen bezala, nork "bere" informatika-aditua behar baitu) programari zerbait aldatu eta harrezkero ezer gorriz azpimarratzen ez dion arte. Ortografia-zuzentzailea, noski. Itzulpeneko jatorrizko testua italierazko testu bezala definitzen bada, eta idatzi ahala zuzentzeko agintzen bazaio, italiera estandarra ez den guztia gorriz azpimarratzen du, eta hala jakin daiteke, gutxi gorabehera, zer den estandarra eta zer ez.

Nik metodo hori erabili nuen. Erraza eta lagungarria.

b. Corpusak

Ahal dudan guztietan, itzuli behar dudan testuaren egile beraren ahal ditudan testu guztiez corpus bat osatu ohi dut, itzulpenerako kontsultagai gisa erabiltzeko. Hiztegiek beren mugak dituzte, alde batetik, eta idazleak nahitaez errepikatu egiten ditu bere baliabideak (bere hiztegia, eta abar). Azkenean, idazle baten testuen corpusean haren hizkuntza-erabilera agertzen da. Corpus hori corpus-ustiaketarako baliabide egoki batez erabiliz gero, oso tresna baliagarria bihurtzen da; corpus bateko konkordantziak (hitzak beren testuinguruetan) corpus hartako hiztegia dira, ia-ia. Azken finean itzulpen-memoriez baliatzen diren baliabide informatikoek ere horixe bera egiten dute: itzulpenaren testu-corpus bat sortu, itzulpena egin ahala, unean uneko azterketak egin ahal izateko; eta horrexegatik eskaintzen dituzte itzulpen-memorian aurkitzen diren konkordantziak.

Kasu batzuetan oso erraz eskuratzen dira testuak: Maupassanten, Pirandelloren eta Machado de Assisen idazki gehienak daude eskuragarri Interneten, esate baterako. Horien corpusak egiteak ez du lan handirik eskatzen. Beste batzuetan ez da hain erraza izaten, eta eskaneatze-saio luzeak egin behar izaten dira testu multzo fidagarri samar bat edukitzeko.

Baliabide informatiko aski daude, merkeak edo doakoak, corpus horiez bizkor eta arin baliatu ahal izateko, bai Mac-erako, bai Windowserako bai Linuxerako. Buruz aipatuz: Conc, Concordance, WordSmith, Microconcord, FreeTextBrowser, Monoconc, Paraconc, Analysis, AntConc, Corpus Presenter eta abar. Zuzenean konkordantziak ateratzeko baliabideak ez diren arren, datu-baseak erabiltzeko sistemak ere baliagarriak eta bizkorrak izaten dira; badaude, adibidez, Sqlite-n oinarritutako baliabideak (Sqlite doakoa da), oso bizkorrak direnak, edo AskSam, adibidez. Testu soil handiak erabil ditzaketen programak ere erabil daitezke honetarako: Ultraedit (Windows) eta TextWangler (Mac) bururatzen zaizkit, bigarrena behintzat doakoa). Beste era bateko baliabide bat, baina honetarako erabil daitekeena, eta doakoa, Inforapid da. Nahi izanez gero Wordfast bera ere erabil daiteke konkordantziak ateratzeko, tranpatxo bat eginez: egindako itzulpenaren konkordantziak ateratzen dituen bezala, itzulpena hutsik duten memoriak osatuz gero, jatorrizko testuaren konkordantziak eskaintzeko programa bizkor samarra bihurtuko litzateke.

Maupassanten Fantasiazko ipuinak itzultzeko, adibidez —itzulpen bat egiteko testu corpusak erabili nituen lehendabiziko aldia aipatzeagatik—, FreeTextBrowser erabili nuen, milioika orrialdeko testuak Mac xahar batean oso bizkor erabiltzen zituen eta testu horietako konkordantziak eta hurbiltasunezko gertaerak aise eta bizkor eskaintzen zituen doako baliabide harrigarri bat. Benetan esan behar dut asko erraztu zidala itzulpena, Maupassanten hiztegiari buruz irakurrita nituen hainbat gauza gezurtatu zizkidala eta Maupassanten idazteko moduari buruz gauza asko argitu zizkidala, orobat.

Nolanahi ere, bada beste corpus zabal bat, denok eskura duguna: Internet. Eskura ditugun hiztegietan begiratu, ahal diren azterketa guztiak egin, eta denak huts egiten duenean, Internetera jotzen dugu ("dugu" diot, zeren gehienok egiten dugula iruditzen baitzait). Eta horrek ere huts egiten du zenbait kasutan: Bufalinok, adibidez, asko jokatzen du hizkuntzarekin eta kontzeptuekin (ezaguna da Bufalinoren oximoron-zaletasuna, adibidez), hizkuntza-erregistroekin, hiztegi oparotasunarekin, erabiltzen dituen erregistroen bitxitasunarekin; gertatu izan zait izen+adjektibo bat Interneten bilatu eta bat bera ere ez aurkitzea, edo hitz jakin bat eskura ditudan hiztegi guztietan begiratu eta ez aurkitzea, eta Interneten ere erreferentzia banaka batzuk baizik ez egotea.

c. Euskarazko ereduak bilatu

Aspalditik ohitura dut, literatura-itzulpenen bat egin behar dudanean —bestela ere bai—, hartara ongi egokituko den euskarazko literatura klasikoko testuren batzuk irakurri eta lantzeko. Egia esateko, era horretako testuak lantzeko arrazoi nagusia ez da izaten euskal literatura klasikoan une horretan egin behar dudan itzulpenerako prosa-eredu bat bilatu nahia. Askotan, izan ere, ez da batere erraza izaten baldintza horiek betetzen dituen testuren bat aurkitzea, haren imitazioa egiteko-edo. Beste era bateko gogoetek eramaten naute horretara: hizkuntza batetik bestera itzultzen jarduteak arrisku handia du, nire iritzian, itzultzaileak bere hizkuntzan duen konpetentzia bihurrikatzeko; arrisku horretatik ihes egiteko, itzultzaileari mesede handia egiten dio, nik uste, halako hizkuntza-aszesiko ariketa gisako batzuk egiteak. Mila bider salatu izan zaio itzulpenari erdarakada-iturri izatea (edo "ezagun du gaztelaniaz pentsatzen duela" hura), eta egia da itzultzaileak duela, inork izatekotan, arrisku hori. Arrisku horri ihes egiteko, beraz, euskal literatura klasikoko zenbait pasartetan oinarritutako saio berezi batzuk diseinatuta ditut eta egiten ditut aldian behin, hizkuntzazko aszesi hori egiteko, neure "etorria" azkartzeko; eredu egoki samarrak iruditzen zaizkidan batzuk hartu eta haiekin ariketa metodologiko batzuk egiten ditut: zatiak buruz ikasi, esaldien ordena itzulikatu eta hizkuntza-ekonomiazko esperimentuak egin. Maupassant itzultzeko, Agirre Asteasukoa eta Gerriko erabili nituen. Bufalino itzultzeko, Gerriko, Iztueta, Bago-Agirre eta Marzelino Soroaren pasarte batzuk erabili nituen, besteren artean. Horrek laguntzen didan ala ez, ezin dut ziur esan; baina baietz sinetsi nahi nuke.

Gaur egun, zorionez, oso aukera zabala dugu euskal klasikoak aurkitzeko: www.armiarma.com.

d. Hiztegi bilaketa

Hiztegien gaiak ez du sekreturik: ahal diren guztiak eduki behar dira, eta ahalik eta bizkorren kontsultatzeko moduan. Zenbat eta gehiago eduki, zenbat eta fidagarriagoak izan, zenbat eta kontsulta-sistema bizkorragoa erabili, orduan eta gehiago begiratzen dira. Ondorioa ez da izaten itzulpena egiteko denbora gehiago behar izatea, hiztegiak gehiago arakatzea baizik.

Italieratik, portugesetik, frantsesetik euskararako hiztegi asko ez ditugunez, hizkuntza horietatik gaztelaniarako hiztegiez baliatu behar izaten dugu askotan. Eta oso maiz gertatzen zait, orobat, gaztelaniazko sinonimoetan ere begiratu beharra, gero sinonimoen euskarazko ordainak aurkitzeko.

Gehien erabili ditudanak aipatuko ditut:

Italieratik itzultzeko Amador, Laura Tam, De Mauro, Zanichelli, Zingarelli, Trecani, Devoto-Oliren hiztegiak erabili ditut; Interneteko Sinonimi master ere bai. Kasu honetan bereziki, ikuspegi historikoa oso kontuan eduki behar nuenez (Bufalinoren eleberriaren istorioa Napoliko borbondarren erreinaldiaren garaian kokatzen baita), oso lagungarriak izan ditut Zanichellik argitaratutako Tommaseo-Bellini hiztegia eta Accademia della Cruscaren Lessicografia della Crusca in rete (Interneten).

Frantsesetik, P. Xarritonen hiztegiaz gainez, Larouse, Le Petit Robert, Le Grand Robert eta Littré.

Portugesetik Michaelis, Dicionário Aurélio-Século XXI da Língua Portuguesa, Dicionario eletrônico Houaiss.

Gaztelaniatik euskarara I. Sarasolaren Zehazki eta Arauemailea, Elhuyarrena. Euskaraz Orotariko Euskal Hiztegia; orain, hala ere, Interneten argitaratu delarik, eta azalpenak indexatuta dituelarik, azalpenen barruan ere egin daitezke bilaketak —geldi samar bada ere—, eta askoz ere emankorragoa izango dela uste dut.

Hiztegi hauetako batzuek badute alderdi historikoa ere, hitz bakoitzaren historia labur batekin. Zenbait kasutan interesgarria izaten da.

e. Beste itzulpenak: hexaplak

San Jeronimo Origenesen Hexaplez baliatu zen Bibliako Testamentu Zaharraren itzulpena egiteko. Origenesek Bibliaren hebreerazko testua sei zutabetan paratu zuen, testuaren exegesia egiteko: lehenengoan hebreerazko testua hebreeraz kopiatu zuen, bigarrenean hebreerazko testua letra grekotara bihurtua, hirugarrenean Aquilaren itzulpena; laugarrenean Simakorena, bosgarrenean Origenesek LXXen bertsiotik egindako itzulpena, eta seigarrenean Teodozionena. Hala San Jeronimok baliabide ezin hobea zuen itzultzerakoan testuen exegesia egiteko.

Umberto Ecok Decir casi lo mismo liburuan esperientzia bera edo antzekoa aipatzen du, bere testuen itzultzaileak elkarrekin lan egiten jarriz. Günter Grassek bere testuen itzultzaileen arteko bilerak egiten omen ditu.

Ni ere, poliki-poliki hexapla-sistema erabiltzen hasi naiz, hexa izateraino inoiz iritsi ez banaiz ere. Eman dezagun tetrapla-raino iritsi naizela.

Itzultzaileak badaki esaldi bakoitza itzultzeko erabaki sail luze bat hartu behar izaten dela, esaldi bakoitzak dituen edo izan litzakeen katramilak askatzeko, horretarako irizpide sail batean oinarriturik. Itzulpenean ez dira agertzen itzultzaileak azken erabakia hartu aurretik buruan erabili dituen beste aukera guztiak, horixe esan nahi baitu, izan ere, aukeratzeak: aukera batzuk ontzat eman eta besteak baztertzea. Itzulitako esaldi bakoitza aztertuz, ez da zaila izaten itzultzaileak izan dituen burubideei buruzko hipotesiak egitea: zer aukera zituen eta ez dituen ontzat eman. Hipotesi horiek egiteko are oinarri hobea izaten da esaldi edo paragrafo beraren itzulpen bat baino gehiago —hizkuntza berera edo hizkuntza desberdinetara— aztertzen baldin bada.

Hau argitzeko adibide gisa, Machado de Assisen Dom Casmurroren lehenengo kapituluko lehenengo paragrafoa ipiniko dut, lan hori izan baita Literatura Unibertsala bilduman argitaratu dudan azkena, eta adibideak hurbilen dauzkadana.

Jatorrizkoa:

Uma noite destas, vindo da cidade para o Engenho Novo, encontrei num trem da Central um rapaz aqui do bairro, que eu conheço de vista e de chapéu. Cumprimentou-me, sentou-se ao pé de mim, falou da lua e dos ministros, e acabou recitando-me versos. A viagem era curta, e os versos pode ser que não fossem inteiramente maus. Sucedeu, porém, que, como eu estava cansado, fechei os olhos três ou quatro vezes; tanto bastou para que ele interrompesse a leitura e metesse os versos no bolso.

Gaztelania (Don Casmurro. Itzulpena: Pablo del Barco):

Una noche de estas, viniendo de la ciudad al Engenho Novo encontré en el tren de la Central a un muchacho de aquí del barrio, al que conozco de vista y de sombrero. Me saludó, se sentó a mi lado, habló de la luna y de los ministros, y acabó recitándome versos. El viaje era corto y puede que los versos no fueran del todo malos, Ocurrió, sin embargo que, como estaba cansado, cerré los ojos tres o cuatro veces; fue suficiente para que él interrumpiera la lectura y pusiera los versos en el bolso.

Italiera (Dom Casmurro. Itzulpena: Gianluca Manzi e Léa Nachbin):

Una sera, tornando dal centro verso Engenho Novo, incontrai sul treno della Central un geiovane del quartiere, che conoscevo appena di vista e, come dire, di capello. Mi salutò, si sedette vicino a me, parlò della luna e dei politici, e finì col recitarmi poesia. Il tragitto era breve, e forse i versi non erano del tutto cattivi. Acadde, però, che, essendo stanco, chiusi gli occhi tre o quattro volte; questo bastò perché eggli interrompese la lettura e si rrimettese i versi in tasca.

Frantsesa (Dom Casmurro et les yeux de ressac. Itzulpena: Anne-Marie Quint):

Un de ces derniers soirs, comme je revenais de la ville à Engenho Novo, je rencontrai, dans le train qui part de la Gare Centrale, un jeune homme de mon quartier, que je connais de vue et qui ôte son chapeau quand il me croise. Il me salua, s'assit auprès de moi, me parla de la lune et des ministres, et finit par me réciter des vers. Le voyage était bref, et peut-être les vers n'étaient-ils pas tout à fait mauvais. Néanmoins, comme j'étais fatigué, il m'arriva de fermer les yeux trois ou quatre fois ; il n'en fallut pas plus pour qu'il interrompît sa lecture et rentrât ses vers dans sa poche.

Euskara:

Gauotako batean, hiritik Engenho Novora nentorrela, ikustez eta kapela-agurrez ezagutzen nuen hemengo, auzoko mutil bat topatu nuen Zentraleko tren batean. Agurtu ninduen, ondoan eseri zitzaidan, ilargiaz eta ministroez hitz egin zuen, eta bertsoak errezitatzen hasi zitzaidan azkenean. Bidaia laburra zen, eta baliteke bertsoak guztiz txarrak ez izatea ere. Baina, nekatuta bainengoen, hiruzpalau aldiz begiak itxi zitzaizkidan, nonbait; horixe aski izan zen mutil hark irakurketa eten eta bertsoak poltsan sar zitzan.

Esaldi zatiak banan-banan aztertzen badira, berehalaxe ikusten dira zenbait arazo eta erabaki edo irtenbide desberdin itzulpen horien artean:

- Jatorrizkoaren hasiera, Uma noite destas, esaldiaren hasieran dago itzulpen guztietan, baina italierazko itzulpenean destas ez da zehazten. Frantsesezko testuak derniers informazio-gehigarria txertatu du. Eztabaida daiteke erabaki horiek pertinenteak diren ala ez, itzulpenak jatorrizkoan garrantzia duen ezer aldatzen duten ala ez. Baina aldaketa begi-bistan dago.

- vindo da cidade pasarteari dagokionez, italierazko itzulpenean dal centro jartzen du. Engenho Novo "um bairro de classe média e média-baixa, da zona norte da cidade do Rio de Janeiro" da gaur egun (Wikipedia). Eleberria kokatzen den garaian arrabaletan zegoen. Eta badu zentzua centro itzultzeak, città itzultzeak informazio hori zehazten ez badu.

- encontrar aditzak "topo egin" du lehenengo adiera, gaztelaniazko testuan agertzen den encontrék ez bezala.

- trem da Central arazorik gabe itzuli da testu guztietan, frantsesean salbu, hartan, gero itzulpen osoan zehar bezala, zehaztapenak egiteko joera nabari baita: dans le train qui part de la Gare Centrale. Jorge Coli idazleak honela galdetzen du, ordea, O Que é Arte liburuan: "Todos os leitores brasileiros -ou mesmo estrangeiros, caso o livro seja traduzido-saberão o que é o Engenho Novo? Trem da Central, que hoje associamos a um meio de transporte proletário, insuficiente e mal conservado, terá a mesma significação na frase?". Argi dago zati horrek ez dakartzala oroitzapen berak behinolako eta gaurko irakurlearentzat, eta are gutxiago itzulpenaren irakurlearentzat.

- um rapaz aqui do bairro pasarteak, lehen ikusi batean inolako arazorik eman beharko ez balu ere, jatorrizko testuan ageri den aqui zehaztapena gaztelaniazko itzultzaileak baizik ez du ematen bere horretan. Frantses itzultzaileak mon quartier zehazten du. Italierazko itzulpenean del quartiere jartzen du, mugaturik, beraz, nire itzulpenean bezalaxe.

- que eu conheço de vista e de chapéu da esaldi honetan arazo gehien ematen duen pasartea. Conhecer de chapéu esapidea ez da agertzen hiztegietan. Interneten ere gutxi agertzen da. Adierazten duen irudia aise jasotzen da, baina euskaraz ere ez dugu horren gisako esapiderik. Hala, pasarte honen itzulpenean ageri dira aukerarik zabalenak. Gaztelaniaz conozco de vista y de sombrero dio; ez zait iruditzen jatorrizko testuak aditzera ematen duen keinua gogorarazten duenik. Italiar itzulpenak appena bat zehaztu ondoren, irakurleari gogoratzeko gonbita bat egiten dio, come dire, eta hala che conoscevo appena di vista e, come dire, di capello itzultzen du. Frantses itzultzaileak azalpen deskriptiboagoa ematen du: que je connais de vue et qui ôte son chapeau quand il me croise. Ez du esaten protagonistak ere kapela jasotzen zuen ala ez. Euskal itzultzaileak... ahal duena egiten du, ohi bezala; baina, hori bai, aurrekoek hartu dituzten erabakiei buruz gogoeta labur bat egin ondoren. Nolanahi ere, ekar daiteke hona lehen aipatu dudan Jorge Coli idazleak honi buruz egiten duen gogoeta: "Além disso, quantos de nós compreendemos sem confusão o que é o "conhecer de chapéu", isto é, a relação cerimoniosa, mas cordial, entre duas pessoas, traduzida pelo gesto cortés de saudação que consiste em soerguer ligeiramente o chapéu, hoje, que homens não usam chapéu?"

Eta hori lehendabiziko esaldia hartuta. Esaldi bakoitzaren azterketak itzulpenaren teoria osoa berrikusteko balioko luke. Mila gogoeta egin daitezke eta egiten dira esaldi bakoitza itzultzerakoan, ezin daitezke denak jaso.

Aise izan liteke tentazioa itzulpen hauetan hizkuntza bakoitzak dituen baliabideen arteko jokoa argitzen dela: gaztelaniak honela jokatzen du, italierak horrela, euskarak beste era honetan... Askotan entzuten dira horrelakoak. Hobeto zehaztu behar litzateke; nire iritzian diskurtsoa une jakin batera arte antolatu den moduak baldintzatzen du, hizkuntzak baldintzatzen duenaz gainera. Har daiteke aipatu dudan paragrafoko azkeneko esaldia, esan dudana hobeto ulertzeko.

- Jatorrizko testuan tanto bastou para que ele interrompesse a leitura e metesse os versos no bolso dakarren lekuan, euskarazkoan horixe aski izan zen mutil hark irakurketa eten eta bertsoak poltsan sar zitzan itzultzen da. Gainerako itzulpenetan él, eggli, il jartzen dute.

Bistan da izenordainetan generorik ez duen hizkuntza batean anafora-kateak eman behar duen zehaztapen mailara iristeko irtenbide bat dela mutil hark zehaztapena. Hark edo berak lausoegi iruditzen zitzaidan, aurreko esaldiko subjektuarekin bat ez zetorrelarik batez ere. Bestela, horixe aski izan zuen itzuliko nukeen, agian.

Pasarte baten itzulpena modu batean egiteko arrazoia hizkuntzaren egiturak hartara behartzen gaituelako hori ez da erabateko egia izaten, alegia. Testua eraikitzean hartuz joan diren erabakiek ere hizkuntzak adina hertsatzen gaituzte.

Bistan dago, aurreko pasarte hauek ikusita, ez dagoela literatura-lan baten azterketa kritikorik, itzulpen desberdinen era honetako esaldiz esaldikako alderaketak eskain dezakeen bezalako informazioa eskainiko duenik, itzulpenerako pertinentea izango den horrelako informazioa eskainiko duenik, bederen.

Badirudi, lehen ikusian, prozedura honek ikaragarri luzatu behar lukeela itzulpen-lana, testu batetik bestera bila eta azterka ibili behar horrek ez duela inoiz bukatu behar. Bi ohar egin behar dira, ordea.

Batetik, esaldi askok ez dute horrelako azterketarik eskatzen; ez dago esaldi guzti-guztiak aztertu beharrik; esaldi arazotsuak eta katramilatsuak aztertzen dira batez ere.

Eta, bestetik, prozedura horrek oinarrian eskatzen dituen pauso asko automatizatu egin daitezke. Nik aspalditik itzulpen-memoriez baliatzeko sistemaren bat erabiliz egiten ditut itzulpen guztiak (labur-laburrak salbu), Wordfast erabiliz ia beti, baita literatura-itzulpenak ere. Alde on asko ikusten dizkiot jokaera horri, esaldi bat bera ere ez ahaztea, besteren artean.

Horretarako, literatura-lanen bat itzultzeko batez ere, jatorrizko testua eskaneatu egiten dut lehendabiziko gauza, eta harekin batera eskura ditudan gainerako itzulpenak ere bai.

Behin testu horiek zuzendu eta MS Word dokumentuetan edukiz gero, aise antola daiteke lana, Wordfasten makro batzuk aldatuz edo osatuz (Next Segment makroa osatuz batez ere) Wordek berak egin dezan lan guztia: hurrengo itzulgaira joanez batera, beste itzulpenen dokumentuetara joan, hurrengo esaldia aukeratu, koloreztatu (gero aise bereizteko) eta itzultzen ari garen dokumentura ekartzeko. Behar diren makroen azalpenak, ordea, leku gehiegitxo hartuko luke hemen.

Honela geratuko litzateke, beraz, gutxi gorabehera itzultzeko esaldia, Wordfastek ohi duen bezala:

Uma noite destas, vindo da cidade para o Engenho Novo, encontrei num trem da Central um rapaz aqui do bairro, que eu conheço de vista e de chapéu.

Gauotako batean, hiritik Una noche de estas, viniendo de la ciudad al Engenho Novo encontré en el tren de la Central a un muchacho de aquí del barrio, al que conozco de vista y de sombrero. Una sera, tornando dal centro verso Engenho Novo, incontrai sul treno della Central un geiovane del quartiere, che conoscevo appena di vista e, come dire, di capello. Un de ces derniers soirs, comme je revenais de la ville à Engenho Novo, je rencontrai, dans le train qui part de la Gare Centrale, un jeune homme de mon quartier, que je connais de vue et qui ôte son chapeau quand il me croise.

Azken buruan

Horixe da galdera: azken buruan, zer? Itzulpenak egiteko erabiltzen ditudan prozeduren ikuspegi arin bat eskaini ondoren, berriro hizpidea eman didan testura itzulita, Gesualdo Bufalinoren Le menzogne della notte eleberriaren itzulpenera itzulita, erantzun gabe dago oraindik galdera: azken buruan zer? Ez baitute prozedurek justifikatzen itzulpena, itzulpenaren egokitasunak baizik.

Itzulpenak frustrazioa eragiten du beti, itzultzaileak ongi dakien bezala, itzultzailea delako inon den irakurlerik zorrotzena, irakurketarik xeheena egiten duena (azken finean, jatorrizko testuaren irakurketari dagozkio nire itzulpen-prozeduran erabiltzen ditudan prozesu gehienak) eta hark dakielako beste inork baino hobeto zenbat galdu den, jatorrizko testutik testu itzulirako bidean, zenbat aldentzen den itzulpena jatorrizko testutik.

Gesualdo Bufalinoren Le menzogne della notte eleberriaren itzulpena nire bizitzan itzuli behar izan dudan itzulpenik konplexuen eta zailenetako bat izan dela, aitortu beharra dut. Alde batetik, lehen ere esan bezala, Gesualdo Bufalinoren Le menzogne della notte eleberriak antolatzen duen intertestualitate zabalaren ordaina euskarara ekartzea ez zegoen nire esku, ez delako aski, gainera, idazleak berak intertestualitate hori sortu nahi izatea; irakurleak ere jarri egin behar du bere aldetik; intertestualitate hori gauzatu ahal izan dadin, erreferentziak hurbil aurkitzea da beste baldintza bat. Eta horretan amore eman beste erremediorik ez zait geratzen; ez dut esperantza handirik Bufalinok bere testuan jartzen dituen hainbat eta hainbat aipamen ezkutu euskarazko testuaren irakurleak atzemateko.

Ez nago seguru, ezta ere, Bufalinoren hizkuntza-jolasak ongi harrapatu ditudanik. Nire italierazko prestaera mugatua delako, batetik. Eta, bestetik, ohartu naizenetan ere, gauza asko sakrifikatu egin behar izan ditudalako. Lexiko-jokoek euskaraz berdinik ez badute, ez dute. Bufalinoren lexikoaren eta zenbait sintaxi-jokoren arkaizismoa, hobetoxe eman ditudala uste (espero) dut.

Susmoa dut Bufalinok bere testuan egiten dituen hizkuntzazko joko eta jolas askok badutela beste eginkizun bat ere: irakurlea gidatzea, irakurlearen irakurketaren doinua eta konpasa markatzea: Crescendo, Diminuendo, Piano, Staccato, Amabile, Cantabile, Con moto, azkeneko Da caporaino iristeko (eleberria irakurri ondoren, berriro, beste ikuspegi batekin, hasieratik hasteko gonbitarekin). Behin Gasteizko Filologia Fakultatean itzulpen honi buruz hitz eginez esan nuen bezala: "Bufalinok nahita gerarazten du irakurlea, astiro joan dadin, gelditu dadin han eta hemen, sintaxi-bihurgune baten bueltan epiteto baten edertasunari begira gera dadin; haren itzulpenean jartzen sartu ditudan bihurgune eta aldapa guztiekin, ez al diot irakurleari kulata erreko, eta paisaiari begira gelditzera behartu ordez, kapota jaso eta motorretik kea nola ateratzen den begira, mekanikariaren zain geratzera behartuko? Beldur naiz".

Nolanahi ere, kontsolabidea geratzen zait betiere: okerrago egongo litzateke itzulita ez balego... eta italiar irakasle batek esan zidan bezala, "lantegi" hitzari beste zentzu bat emanez: "Bufalino itzultzen? Lantegi ederra hartu duzu".