'Wilhelm Tell', Friedrich Schiller
XIX. mendeko eragin erromantikoaren ondoren, XX. mendearen lehen herenean euskarazko literaturak berpizkunde moduko bat bizi izan zuen, eta berzpizkunde hartan hartu zuen parte Iñaki Goenagak, Wilhelm Tellen itzulpenaren egileak. Garai hartan, obra klasiko latindar eta greziarren eta Europako beste hainbat literaturatako lanen itzulpen ugarik indartu eta elikatu zuten euskal literatura. Itzulpen haien asmoa euskal mugimendu politiko-kulturala bultzatzea zen, eta, horretarako, oso egokia da esku artean dugun obra: askatasunaren aldeko kantua da, askatasunaren bilaketaren aldekoa, estetikatik ekintza moralera dei egiten duen kantua. Schiller-en obra bat dator neurri handi batean mende hasiera artan Euskal Herrian garatzen ari zen berpizkunde-mugimenduaren asmoekin. Hori dela eta, jatorrizko lana euskal publikoaren beharretara moldatzen ahalegindu da itzultzailea, baita berak parte hartu zuen berpizkunde-mugimenduaren zabalkunde kulturalaren beharretara ere. Ondorioz, itzulpen funtzionala dela esan daiteke, herri xeheari mezu arrunt bat transmititzeko balio duena, berreskuratze kulturalaren alde egina.
Oharra: artikulu hau Langintza Xeheki sailean argitaratu zen lehen aldiz.
Wilhelm Tell1: Jatorrizko testuaren kokagunea: Egilea, garaia, literatura joera, estiloa, eta abar
Testuaren idazlea Friedrich Schiller aleman poeta dugu. Schiller Alemaniako Marbach herrian jaio zen 1759 urtean eta Weimar hirian hil 1805ean. Poeta, antzerkigile, historialari eta filosofo izan zen, eta Rousseau, Shakespeare, Lessing eta Klopstock idazle eta pentsalarien eragina jaso zuen.
Frantziako iraultzaren idealak bere egin zituen; alabaina, jakobinoen terrorea sortu eta iraultzak bere ametsak betetzen ez dituela ikusteak pentsarazten dio idealen lortzeko gizakia hezi beharra dagoela eta artea eta bereziki antzerkia hartu behar direla gizakien hezteko bidetzat.
Schillerek Alemaniako "Sturm und Drang" mugimenduan, hau da, erromantizismoaren aurrekari den literaturazko eta politikazko mugimenduan hartu zuen parte. Absolutismoaren pean zen Alemanian sortu zen mugimendu horrek, garai haietan indarrean zen arrazionalismoari aurre egiten dio eta sentimenduak eta emozioak goratzen ditu. Gazteen mugimendua da, garaiko autoritateen eta printzeen aurka sortua, Frantziako iraultzaren balioak gidari dituela. Askatasuna eta giza eskubideak oinarrizko balioak zaizkio mugimendu honi, bai eta ohiko balio moral burgesen errefusa ere. Ohiko bizimodu hits eta ordenatuaren ordez pasioa eta sormena dute goratzen, eta hala, mugimendu politikoaz harago, edo hori baino gehiago, literaturazko iraultza dakar.
Norbanakoaren ekintza, gauzak aldatu beharra, argi eta garbi nabaritzen dira pertsonaiengan. Askatasun egarri hori naturarekiko loturaren bila doa. Naturak ematen dio norbanakoari bere burua sumatzeko aukera, zentzuak esnatzen dizkio; emozioa eta sentsazioak kokatzen dizkio gizakiari naturak. Horrekin batera, natura sormenerako eredu da eta idazleen estiloan eragiten du: bat-batekotasuna, bizitasuna, berezitasuna dira idazterakoan bilatzen. Aurreko literatura tradizioa errefusatzeak antzerkia lantzera daramatza egile hauek, beren ideiak adierazteko egokiagoa delakoan.
Berezitasun horiek guztiak agertzen dira Schiller-en azken garaiko lan ongi ondu honetan, Wilhelm Tell obran, alegia.
Schiller-ek askatasunaren bilatzean eta gizaki gero eta osotuagoa etengabe sortaraztean oinarritu zuen bere literatura lana. Gizakiaren ahalmenak garatzearekin batera, norbanakoaren askatasuna moraltasunarekin eta gizartearen beharrekin elkar lotuko lituzkeen armoniaren bila eman zuen Schiller-ek bizitza. Egiteko horretan estetikari eman zion funtsezko zeregina, horrek gizakiaren sentsazio eta sentimenduen bulkada eta adimenduaren bulkadak elkar lotzen baititu.
Gizakia naturaren mugetan eta gogo askatasunaren jabe jartzen du; horrek gizakiaren berezitasuna den natura tasun berezko batera eramaten du, moraltasunera, alegia. Hartara oso garrantzi handia ukanen du naturak bere lanetan.
Wilhelm Tell honetan ongi ikus daiteke nola naturaren eta gizakien egoerak parekatzen dituen eta bataren bitartez bestea adierazten digun. Halatan, lehenengo agerraldian aurkezturiko egoera idilikoa, (123/23 or.) "Hohes Felsenufer des Vierwaldstätersees, Schwyz gegenüber..." paradisuaren deskribapenarekin hasi "...Es lächelt der See..." eta gertaeren hastearekin, arazoen agertzearekin batera, aldatzen da natura ingurunea: (124/24 or.) "Die Landschaft verändert sich, man hört ein dumpfes Krachen von den Bergen, Schatten von Wolken laufen über die Gegend".
Eta hala joanen da natura ingurunea gertakariekin batera, gizakien pasioekin batera: (127/27 or.) "Heftige Donnerschläge, der See rauscht auf". Ingurunea giza pasioen adierazle gertatzen da: (129/51 or.) "Eine Wiese von hohen Felsen und Wald umgeben... Im Hintergrund zeigt sich der See, über welchen anfangs ein Mondregenbogen zu sehen ist. Den Prospekt schliessen hohe Berge, hinter welchen noch höhere Eisgebirge ragen. Es ist völig Nacht auf der Szene, nur der See und die weissen Gletscher leuchten im Mondlicht...".
Musikak ere parte handia du girotze horretan; natura eta kultura lotzen dira eta artearen bitartez gizakiaren alde emozionala eta intelektuala batzen dira: (167/64 or.) "Indem sie zu drei verschiednen Seiten in gröster Ruhe abgehen, fällt das Orchester mit einem parchtvollen Schung ein, die leere Szene bleibt noch eine Zeitlang offen und zeigt das Schauspiel der aufgehenden Sonne über den Eisgebirgen.".
Natura ez da giza gertakarien kokagune hutsa; gizaki batzuk naturatik gertu azaltzen dira, naturaren babespean: (171/68 or.) "Eine eingeschlossene wilde Waldgegend, Staubbäche stürzen von den Felsen. BERTA im Jagdkleid. Gleich darauf RUDENZ." Edo naturak berak ere parte hartzen du gertakarietan: (188/84 or.) "Östliches Ufer des Vierwaldstättersees. Die seltsam gestalteten schroffen Felsen im Westen schliessen den Prospekt. Der See ist bewegt, heftiges Rauschen und Tosen, dazwischen Blitze und Donnerschläge.".
Laugarren ekitaldiko lehen agerraldian gertaturikoak agertzen digu, beste askoren artean, baina bereziki argi, nola, jauntxoak ez bezala, herritarrak naturatik gertu diren; naturari itzala gorde diote eta harekin fio dira; eta naturak bere babesa eskaintzen die eta haien bizipenak, haien pasioak ditu bere aldaketetan eta beraien alde adierazten; naturak gizakien pasioetan parte hartzen du eta gizakien askatasunaren alde egiten du; dramaren funtsezko elementua da: (189 or. eta, oro har, lehen agerraldi osoa) "Raset ihr Winde, flammt herab ihr Blitze,...".
Giza dramaren askapena naturaren eskuetan da eta amaierak berriro hasierako paradisura eramanen gaitu, naturaren eta giza ekintza eta artearen elkar lanaz: (226/117 or.) "Die Musik vom Berge begleitet diese stumme Szene.".
Artea eta natura batera dira, beraz, drama honen elementu gidariak. Antzerki izanagatik ere, testu poetikoa da eta oso hizkera landua du. Hain da elementu adierazgarriz beterik testu osoa, non literaturazko jolas desberdinengatik paragrafo bera behin eta berriz aipatu beharra baita.
Prosa eta poesia elkar loturik dira etengabe; lehenengo aurkezpenean bertan azaltzen da amaiera arterainoko uztartze hori, musikatasun hori:
Lehen esaldi isolatu batez hasten da; erritmoa markatzen du eta testuaren maila gora erakusten du (genitibo klasikoaren erabilera):
"Hohes Felsenufer des Vierwaldstättersees,
Schwyz gegenüber."
Tokia kokatu duelarik, deskribapenarekin jarraitzen du. Prosaz idatzia izanik ere elementu poetikoz josirik da:
- Erritmoa
Lehen paragrafoan erritmoa grafikoki ikusteraino irits daiteke, kakotxen bidez seinalatuak baitira bertso dei genitzakeenak:
Der See macht eine Bucht ins Land, / Eine Hütte ist unweit dem Ufer, /
FISCHER-KNABE fährt sich in einem Kahn.
Erritmoa etengabe agertzen da, errepikapenen bitartez, bokal labur eta luzeen jokoaz, eta azentuaren bidez kadentziak eginez, besteak beste:
Zur Linken des Zuschauers zeigen sich die Spitzen des Haken, mit Wolken umgeben; Zur Rechten im fernen Hintergrund sieht man die Eisgebirge.
- Errima
Paragrafo horretan bertan:
Land/Kahn
- Egitura paraleloak
Der See macht..., eine Hütte ist..., FISCHER-KNABE fährt...
- Polisemia
Über den See hinweg sieht man die grünen Matten, Dörfer und Höfe von Schwyz im hellen Sonnenschein liegen.
- Tropoak
Aurreko esaldian im hellen Sonnenschein liegen metafora dugu.
- Jolas fonikoak, barruko errimak
Über den See hinweg sieht man die grünen Matten, Dörfer und Höfe.
- Hizkuntzaren goi mailako baliabideak
"...und das harmonische Geläut der Herdengloken, welches sich auch bei eröffneter Szene noch eine Zeitlang fortsetzt."
Bertsoetan are eta nabarmenago agertzen dira elementu poetiko horiek, bai eta beste hainbat:
- Pertsonifikazioa:
"Es lächelt der See, er ladet zum Bade"
Ura mintzo da:
"Lieb Knabe, bist mein!
Ich locke den Schäfer,
Ich zieh ihn herein."
Ihr Matten lebt wohl,
Ihr sonnigen Weiden!
- Errima:
Bade/Gestade, Klingen/Engel, Lust/Brust, etc.
- Hizkera kultua; antzinako datiboa; antzinako bestelako moldeak:
Es lächelt der See, er ladet zum Bade,
Der Knabe schlief ein am grünen Gestade,
Melodia areagotzen du, bai eta errima ere.
Errespetuzko antzinako moldearen erabilera:
Ihr tatet wohl, kein Mensch kann Euch drum schelten. (126. or.)
Hitzen antzinako moldea:
Und muss hier liegen, hülflos, und verzagen!
Wer ist der Mann, der hier um Hülfe fleht?
- Ordenaren alderanzketa:
Wie Flöten so süss
Egitura paraleloak sortzeko aukera ematen du eta ohiko egitura aldatuz nabarmentzen da esaldia.
Esaldiaren osagaien orden arrunta aldatuz errimak sortzen ditu ere:
Wieder / Lieder, neu / Mai
Wir fahren zu Berg, wir kommen wieder,
Wenn der Kuckuck ruft, wenn erwachen die Lieder,
Wenn mit Blumen die Erde sich kleidet neu,
Wenn die Brünnlein fliessen im lieblichen Mai
- Paralelismoa, errepikapenak:
Wie Flötten so süss,
Wie Stimmen der Engel
Wir fahren zu Berg, wir kommen wieder,
Wenn der Kuckuck ruft, wenn erwachen die Lieder,
Wenn mit Blumen die Erde sich kleidet neu,
Wenn die Brünnlein fliessen im lieblichen Mai
Da pranget kein Frühling,
Da grünet kein Reis;
- Bokal labur eta luzeen jolasa:
Wie Flötten so süss,
Wie Stimmen der Engel
Im Paradies
Azken silaba luze horren bitartez kadentzia jaitsi eta bare sentsazioa areagotzen da.
- Aditz denborak:
Es lächelt der See, er ladet zum Bade,
Der Knabe schlief ein am grünen Gestade,
Da hört er ein Klingen,
Orainaldian ari dela, lehenaldia sartzen du arte batean; pausaren sentsazioa eta datorrenarekiko aldea nabarmentzen du horrek.
- Erritmo aldaketak, bertsoen neurria:
Aurreko puntuan esandakoa areagotzeko, bertsoaren neurria aldatzen da eta erritmoa biziagotzen:
Es lächelt der See, er ladet zum Bade,
Der Knabe schlief ein am grünen Gestade,
Da hört er ein Klingen
- Lexikozko baliabideak eta esapide adierazgarriak:
Da hört er...
Mozketa are eta markatzenago. Gero berriz erabiliko du:
Da spülen die Wasser ihn...
Horrela errepikapena eta erritmo bizia sortu du.
- Juntagailuen erabilera:
Bigarren ahapaldiak dakarren erritmo aldaketa, baretasuna apurtu eta artegatasuna ekarriz, konektorearen bidez nabarmentzen du:
Und wie er erwachet...
Gainera, puntukako erritmo horren areagotzeko, hurrengo lerroa ere modu berean da antolatua:
Da spülen die Wasser...
Eta hurrengoan berriz errepikatzen da "und" juntagailua:
Und es ruft...
- Aditz pertsonen erabilera:
Egoera gertuagotik deskribatzeko bokatiboa ezartzen du, ura hizketan jarriz:
Lieb Knabe, bist mein!
Eta gero ura bere buruaz mintzo da, berriro hirugarren pertsona erabiliz mintzatu ere:
Ich locke den Schäfer,
Ich zieh ihn herein.
- Sintaxi aldaketak:
Artegatasun sentsazioa areagotzeko asmoz, zuzeneko hizkera moztua are eta moztuagoa egiteko genitiboaren amaiera jan eta modu laburtuan ematen du:
Lieb Knabe, bist mein!
Aipaturiko asmo horrez gain, bertsoaren neurria mantendu, bai eta errima lortzeko aukera ematen dio horrek:
mein / herein
- Hitzen aldaerak:
Erritmoaren beharren arabera hitzak modu batean edo bestean ematen ditu; aurreko puntuan esanikoaren antzo:
Ihr Matten lebt wohl,
Ihr sonnigen Weiden!
Der Senn muss scheiden,
Der Sommer ist hin
kantatzen du leloak hastapenean; baina kantua amaitzera doala, aldiz, erritmoa moteltzen da eta hona nola duen ematen:
Ihr Matten lebt wohl,
Ihr sonnigen Weiden!
Der Senne muss scheiden,
Der Sommer ist hin
- Bigarren pertsonako tratamendu desberdinak:
Lehen ere aipatua dut eta orain gogoratu nahi dut nola errespetuzko eta lagunarteko tratamenduak bereizten dituen, eta errespetuzko behialako moldea erabiltzen duen. Adibide bana besterik ez dut hona ekarriko:
RUODI: Mach hurtig, Jenni. Zieh die Naue ein...
WERNI: Wer verfolgt Euch denn?
Wilhelm Tell itzulpenaren kokagunea: testuaren hautapena, hizkeraren hautapena, itzulpenaren garaia, garaiko berezitasunak, jatorrizkoarekiko lotura eta desberdintasunak
Testuaren hautapenak berak Alemanian bizi izan zen erromantizismoaren biziberritze gogoa erakusten du. Itzultzailea Iñaki Goenaga dugu, 1905.ean jaioa. Hogeigarren eta hogeita hamargarren urteetako mugimendu euskaltzalean parte hartu zuen Zaitegi, Lauaxeta eta Andima Ibiñagabeitiaren adiskide eta Orixeren ikasle izan zen honek; Wilhelm Tell antzerki lanaren itzulpen hau, hain zuzen ere, garai haietan egina du eta garai hartako berezitasunez joa da.
Itzulpena 1934. urtetik 1935. urtera bitartean itzuli eta argitaratu zuen epeka, zazpi emanalditan, Aitzolek zuzentzen zuen Yakintza aldizkarian.
Iñaki Goenaga buru-belarri ari zen Euskal Pizkundean, hau da, Alemaniako "Sturm und Drang" mugimenduaren (aldeak alde) antzeko joera naturazale eta abertzaleak zerabiltzan mugimendu euskaltzalean. Hartara, Suitzaren askatasunaren goraipamen den testu hori ongi egokitzen zitzaion Euskal Herrian errepublika garai haietan bizi zutenari.
Guztiarekin ere, Alemaniako "Sturm und Drang" mugimenduaren barnean Schiller-ek idatzi Wilhelm Tell horren gainean arestian seinalaturiko esanahi eta balio estilistikoei begiratuz, itzultzaileak eginiko hainbat hautapeni buruzko zenbait ohar egin daiteke:
1. Hizkeraren hautapena:
Garaiko euskaltzaleen artean nagusi zen joerari jarraiki egin zuen, herri xehearen euskara jatorraren alde, baina baita euskara garbiaren alde. Horrek ekartzen du, alde batetik, alemanezko jatorrizko testura baino euskal hizkera arruntean erabili ohi diren esamolde jatorretara jotzea, eta halatan jatorrizkoaren estilo poetiko zahar kutsuko eta gora dena, itzulpenean apaldu eta arruntago bihurtzen du.
Erromantizismoaren ezaugarrietako bat dugu herri hizkera erabiltzea eta Euskal Pizkundean hartzen da ideia hori. Halatan, itzultzailea hizkera bizia erabiltzen saiatzen da.
Alabaina, Euskal Pizkundean bada beste joera berezia, Schiller-en hizkeratik aldentzen dena, alegia, joera garbizale berritzailea, Schiller-ek hizkuntzaren tradizio zaharrera jotzen baitu eta gure itzultzaileak, ordea (bizi zuen euskal mugimenduaren oldean) neologismoen bitartez hizkera berria sortzen du.
Garai hartako itzulpen anitzen joera da, ez soilik itzultzaile honen hautu berea, jatorrizko testuak hemengo egoerara egokitzea; kasu honetan egokitze lan hori errazten du jatorrizko egoera, neurri handi batean, antzekoa izateak. Jatorrizko testuaren inguruneak, erreferenteek euskal munduan leku handia dukete, hau da, euskal landa inguruneak baditu testuan azaltzen diren egoerak azaltzeko antzeko erreferenteak (ikus Simon eta Juda deunen egunaren aipua 1. agerraldian, 28. or./128. or., bai eta Jainkoaren aipu anitzak ere). Dena den, halako berdintasunak gertatzen ez direnean, euskal tradizioari atxikitzen zaio; euskal erreferentea du lehenesten (ikus bertako 11. puntua eta "itsasadar" edota "iz-adar" aipuak).
Euskara jatorraren hautapenak itzulpen testua aise irakurtzen, erraz korritzen laguntzen badu ere, alderantzizkoa esan behar dugu hizkeraren beste hautapenaz, alegia, euskara garbiarenaz, testua arras kargatzen baitu eta irakurlea —eta zer esanik ez ikusle edo entzulea— tronparazten eta trabuka eramaten. Horrenbeste trabukarazi ere, non testuaren amaieran hitz zerrenda eman behar baitu, jendeak neologismoak uler eta ziur aski ikas ere, ikas ditzan. Herriaren hizkera hartu nahi dute, baina, aldi berean, herriari hizketan erakutsi nahi diote; herriaren kultura maila igo, betiere herrialde idiliko baten ideiari jarraiki, dena aratz eta burujabe, besteengandiko kutsadurarik gabea.
Horrekin loturik den garaiko euskaltzaleen hizkeraren beste joera aditz trinkoa erabiltzea da; horrek testuari maila goragoko itxura ematen dio:
BERTA: So reich ich diesem Jüngling meine Rechte; Die freie Schweizerin dem freiem Mann!
RUDENZ: Und frei erklär ich alle meine Knechte.
BERTE: Ongi da! Nik nere eskubideak gazte honi damaizkiot; nik suizotar askatu onek, nere eskua gazte aske oni damaiot.
RUDENZ: Eta nik, nere menpeko guziei askatasuna damaiet. (117. or./226. or.)
2. Izenen trataera
Irizpide desberdinen arabera tratatu ditu izenak eta batzuetan jatorrizko eran gorde; hala egindakoen artean nabarien ageri dena liburuaren izenburua bera da: Wilhelm Tell; bada beste asko ere: Werner Stauffacher, Konrad Hunn, Itel Reding, Friesshardt, Leuthold, esate baterako; bestetan euskalduntzen edo erdi euskalduntzen ditu (Jon Auf Der mauer, Hofe-tar Jorke, Gertrude, Edubige, Bruneck-ko Berte, Hermengarde, Matilde, Isabel, Hildegarde, Gualter, Gulielma, eta abar). Jentilizioak egokitzen ditu.
Kargu edo titulu modukoak ere euskaratu ohi ditu:
KUNZ: Der Altlandammann auch..."/Gure aspaldiko Ibar-Jauna ere..." (85. or./188. or.) euskaraz ez diren tituluak asmatzen ditu maiz, euskarak falta dituenak asmatzeko joerari horretan ere jarraiki.
3. Hitanoa erabiltzea:
Hautapen honek egiten du testua euskaldun arrunt eskolatu gabeentzat (izan ere, garaiko gehien-gehienak edo hobeki esanik, ia denak) ulerterrazago. Testuaren maila apalagoa bihurtzen du ere horrela:
RUODI: Ihr habt ein schön Geläute, Meister Hirt.
RUODI: Zintzarri-dulundi ederra duk, artzai!
WERNI: Und schmuckes Vieh - Ist's Euer eigenes, Landsmann?
WERNI: Beitalde mardula ere... Eurea al duk, adiskide? (25. or./125. or.)
4. Euskal ohituretako elementuak erabiltzen ditu:
Lehen esan bezala, jatorrizkoaren erreferentea euskal erreferenteekin ordezkatzen du, etengabeko egokitzapenean. Testua hemen erabiltzeko nahi du eta hemengo jendeak ulertzeko moduko erreferente ezagunak eskaintzen dizkio. Horrek erruz aldatzen du testuaren tonua. Jatorrizkoaren amaieran, gertakari guztiak bilduz honako hau dakarrenean:
Indem die Musik von neuem rasch einfällt, fällt der Vorhang
Itzulpenak honako hau digu eskaintzen:
Tanboliña berriro; biribilketa bizi bat jotzen du.) ZAPIA BERA (117. or./226. or.)
Jatorrizkoan naturaren mugimendu ziklikoei estu loturiko giza drama baten amaiera zena desitxuratzen da horrela kostunbrismoaren aldera.
Beste behin, jatorrizko Die Musik vom Berge zena itzulpenean danbolin-soinua bihurtzen du.
5. Euskararen ohiko modulazioen aldera egiten du:
TELL: Ist es getan, wird's auch zur Rede kommen
Egina, ta orduan jakina. (89. or./194. or.)
Aurreko jokamoldeak bezala, oraingo horrek ere jatortasuna ematen dio euskal testuari, jatorrizko testuaren estilotik aldenduz.
Hitanoaz mintzatzean eman den adibidean agertzen den "adiskide" hori ere euskarazko herri hizkeraren alde eginiko hautua du, zeren jatorrian "Landsmann" baitakar.
Liburuaren hastapena xeheago aztertuz
Orain artean itzulpenari buruz emaniko balorazio orokorraren erakusgarri eta adibide gisara, liburuaren pasarte txikia aukeratu eta itzulpenaren maila desberdinetan itzultzaileak emaniko baliokidetzen azterketa zehatzagoa egiten saiatu naiz, horretarako testu berari hainbat aldetatik begiratuz.
Hastapeneko zatia aukeratu dut, molde desberdin asko biltzen baitu; dena den, zati horretan ageri ez eta testu osoaren tonua ematen seinalagarri iruditzen zitzaidan pare bat adibide liburuaren beste pasarteetatik ere atera dut.
Pertsonaien izendatzearekin hasten da liburua (antzerki lana da eta), baina "Antzez-lagunak" zerrendari buruz lehen mintzatua naizenez, hura errepikatu gabe, zuzenean lehen ekitaldiaren lehen agerraldia aztertuko dut.
1. Testuaren antolamendua, egiturazko elementuak
Jatorrizko testuak hasiera beretik erakusten du izaera poetikoa eta erritmoak duen garrantzia (23. or./123. or.):
ERSTER AUFZUG
ERSTE SZENE
Hohes Felsenufer des Vierwaldstättersees,
Schwyz gegenüber.
Der See macht eine Bucht ins Land, eine Hütte ist unweit dem Ufer, FISHERKNABE fährt...
...bei eröffneter Szene noch eine Zeitlang fortsetzt.
Euskarazko bertsioak antolamendu hori aldatzen du. Horrek ezabatzen du jatorrizkoaren eite poetikoa, jatorrizkoaren erritmo markatze hori, alegia, baina zeinuen maila aztertzerakoan aipatuko dudan bezala, euskarazko bertsioan bestelako pareak sortu ditu, "aldia" osagaia erabiliz:
I EKITALDIA
LENENGO AGERRALDIA
"Schwitz-I aurrez-aurre "Lau-Erki aintzirako" ertzean arkaitz zutiak ageri dira. Aintzirak lar barnean...
...soinu biek luzaro diraute"
Bertsoak, berriz, bertsotan ematen saiatu da, bai eta saiatu ere jatorrizkoaren luze-laburrera ahal beste egokitzen. Errima birsortzeko ahaleginak ere egin ditu:
Es lächelt der See, er ladet zum Bade,
Der Knabe schlief ein am grünen Gestade
Da hört er ein Klingen,
Wie Flöten so süss,
Wie Stimmen der Engel
Im Paradies.
Aintzirak irriz igerira daragi.
Aintzirertz ezean mutillak lo dagi:
soñutxo bat dator
txirulots lez goxo,
aingeruen kantak
zerun orren antzo.
Pertsonaien eta egoeren aurkezpenetan parentesiak erabili ditu itzultzaileak; horrek etenago egiten du testua, eta jatorrizkoan garrantzizko eta agerian diren informazioak bigarren planora gordetzen ditu (25. or/125. or):
WERNI: ich kenn ihn, 's ist der Baumgart von Alzellen.
Konrad Baumgarten atemlos hereinstürzend.
BAUMGARTEN: Um Gottes willen, Fährmann, Euren Kahn..."
WERNI: Ezagun diat, Alzelle-ko Baumgarten duk. (Konrad Baumgarten Arnas-estuka ta eriotsuar eltzen da.)
BAUMGARTEN: Jainko-arren!...Zure ontzia... txalupalari!
Dena den, ez du beti horrela jokatzen eta itzulpenaren beste pasarteren bat edo bestean jatorrizkoaren pareko moldea erabiltzen du (27. or/127. or.):
TELL mit der Armbrust.
Tell arranbelakin.
Puntuazioa ere aldatu du, batzuetan hizkuntzak hala eskatuta:
Es lächelt der See, er ladet zum Bade
Aintzirak irriz igerira daragi (Euskarazko esaldi horri ezin kakotxa jarri);
Baina besteetan bere kabuz:
Es lächelt der See, er ladet zum Bade,
Der Knabe schlief ein am grünen Gestade
Da hört er ein Klingen,
Wie Flöten so süss,
Wie Stimmen der Engel
Im Paradies.
Aintzirak irriz igerira daragi.
Aintzirertz ezean mutillak lo dagi:
soñutxo bat dator
txirulots lez...
Jarri duen lehen puntua hizkuntzaren gramatikak eskatuta dela esan liteke, nahiz eta bertsoz idaztean puntuazioa libreago gertatzen den. Dena den, horrela gertatzen da itzultzaileak aukeratu duen esaldiaren gramatikaren barruan, baina hautatu duen esaldia ez da hauta zezakeen bakarra. Gero jarri dituen bi puntuek, aldiz, ez dute jatorrizkoarekiko inongo lotura; hurrengo bertsoan, berriz, ez du jatorrizkoan zen kakotxa eman.
Parentesiei buruz egin dudan aipuan emaniko adibidean ikus daiteke puntuazioaren erabilera librearen beste adibide bat:
BAUMGARTEN: Um Gottes willen, Fährmann, Euren Kahn
BAUMGARTEN: Jainko-arren! Zure ontzia... txalupalari!
Arnasestuka datorrenaren informazioa jaso du eta adierazi nahi duela dirudi. Horrek azaltzen du nola itzultzailea jatorrizko testua antzeztua izateko itzultzen ari den; pentsa liteke testua baino gidoia duela ikusten, eta hortik letorke testu mintzatua ez dena akotazio moduan ematea, lehen esan dugun bezala, parentesi artean, antzeztu behar duenarentzako informazio iturri gisa soilik, jatorrizko testuan duen balioa kontuan hartu gabe. Aipatu azken kasu horretan, aldiz, testu mintzatura ekarri eta puntuazioaz eman du akotazioaren informazioa, antzezpena laguntzearren.
Batzuetan puntuazioaren aldatu beharra, egin dituen beste aldaketen ondorioz sortzen zaio:
HIRTE auf dem BERGE: Variation des Kuhreihens
ARTZAIA (menditik; "Bei-Lerroa"ren aldakuntza):
Adibide horretan beste berezitasun bat ageri da ere, alegia, jatorrizko "Kuhreie" hitzaren ordez eman duen kalkoa bi kakotxen artean ematen du itzultzaileak, berezia dela adierazteko edo. Uraren mintzoari ere kakotxak jartzen dizkio.
Jatorrizko tipografia, aldiz, berdin ematen du (Azal dezadan orain artean neronek jarri ditudala letra etzanetan, hala jatorrizko obraren nola itzulpen testuaren aipu guztiak, neure testutik bereizteko asmoz, baina oraingo pasarte honetan, aldiz, liburuek berek dakarte, tarteka, letra etzana eta halatan, haien tipografia bere horretan gorde dut oraingo honetan eta obretatik ateratako testuak bereizteko, belxkoz eman ditut eta elementu seinalatuak azpimarraz nabarmendu):
FISCHERKNABE singt im Kahn:
Melodie des Kuhreihens
Es lächelt der See...
ARRANTZALE-MUTILLA (ontziskan abeslari; "Bei-Lerroa"ren eresia):
Aintzirak irriz igerira daragi.
2. Hizkuntza zeinuen mailako baliokidetza:
ERSTER / ERSTE: I / LENENGO
Bi zeinu desberdin erabili ditu, eta hala eginik, jatorrizkoan den errepikapena ezabatu da. Horrek areagotzen du hasierako antolamenduaren aldaketak dakarren erritmo lausotzeari buruz esan duguna.
"Ekitaldia/Agerraldia" pareetan, berriz, jatorrizkoan ez den errepikapena sortzen da; horrek nolabaiteko konpentsazioa dakarkio.
Felsenufer: ertzean arkaitz zutiak...
Alemanaren hitz osaketarako joerak lexia bakarrean eman duenak euskaraz modulazioa ekarri du.
Vierwaldstättersee: "Lau-Erki aintzira"
Kalkoa erabili du, eta kakotxen artean eman, berezia dela erakustearren.
Schwyz: Schwitz
Jatorrizko izena egokitu du.
Bucht : Itsasadarra
Esanahia lerratu zaio. Hemen lehen erreferenteen gainean aipatu duguna bereziki agertzen zaigu. Euskal Herrian ez dugu Suitzan bezalako aintzira handirik, baina bai itsasoa. "Itsasadarra" erabiliz (eta besteetan "iz-adarra") esanahia lerratzen da eta gertakaria bere lekuan kokatzea zailtzen digu. Jatorrizkoan margolan baten moduko paisaia zehatza dena, itzulpenean ez da erraz ikusten.
Haken: Hacken
Ortografia aldatu dio, baina harrigarriki, ez euskarara egokitzeko, baizik eta ziurrenik ingeles moldea erabiliz.
Kuhreihe: Bei Lerroa
Kantuaren izena euskaratu du; izenaren kalkoa. Jatorrizko izena utzi balu Suitzar kutsua emanen ziokeen, baina argi da itzultzaileak Euskal Herrira egokitu nahi duela gertakaria, hemengo egoerarako balio dezan. Antzerki eraginkorra nahi du egin eta jatorrizko testuak jatorrizko herrialdean ukan duen eragina hemen ere sortu nahi du; halatan, elementu guztiak egokitzen saiatzen da. Gainera purismoaren garaian da egina itzulpena eta mugimendu horrek kalkorako joera handia ekarri zion euskalgintzari.
Grafiari dagokionean, esan behar da itzulpenak, "Kuhreie" itzultzen duen lehen aldiz "Behi Lerroa" dakarrela, eta gainerakoetan "Behi-Lerroa" Ez dakit garai haietan "xuxen" bezalako zuzentzaile baten faltan itzultzailea konturatu ez delako hala beste arrazoiren bat ote zerabilen.
Herdenglocken: artaldeen
Denotatua hedatu du (metonimia), joareak aipatu ordez joareak daramatzatenak aipatuz.
Harmonische: zoliak
Denotatuaren deskribapena ez da jatorrizkoaren berdina. (zoli: izond.3. Hotsez eta soinuez mintzatuz, ozena, eta berezk., maiztasun handikoa, hotsen eskalan goian dagoena.in Ibon Sarasola: "Hauta Lanerako Euskal Hiztegia")
Geläut: dulun-dulun
Hitz onomatopeikoa aukeratu du. Horrek, aurreko denotazio faltsuarekin batera, jatorrizkoaz bestelako giroa erakusten du.
Grünen Matten: Belardi ezeak
Beste metonimia. "Berde" baino adierazkorragoa da; halere, euskaraz erraz lotzen da belar ezea berde kolorearekin; freskotasunaren adierazia gaineratua edo areagotua da. Testuaren beste lekuetan galtzen den intentsitatea konpentsatzeko balio lezake.
Eine Bucht ins Land: lar barnean iz-adarra
Jatorrizkoan baino indar handiagoko hitza itzulpenean. Bestalde, hemen ageri da lehengo Itsasadarra, beste modu batean. Galdu du itsasoaren kutsu lehen egoki ez zen hura, baino ulertzeko zailago da.
Kahn: Ontzi / ontziska
Bi eratara itzultzen du; bigarrenean zehatzago izan beharra sumatzen du, nonbait, mutilaren egoera adierazten ari delako edo.
Liegen: ageri dira
Jatorrizkoaren balio metaforikoa erabat galdu da itzulpenak egin transposizioaz.
Zeigen sich/sieht man: -----------
Aditzaren elipsia. Euskarak oso ohikoa du, monotonia ekiditearren. Lehenengo elipsia aurrekoan erabili duen aditza (ageri dira) berriz ez errepikatzearren erabiliko zuen. Dena den, behin errepikatua du jadanik eta horrek testu itzuliaren estiloa markatzen du.
Fernen Hintergrund: guztiz urrun
Alemanerazko "Hintergrund" euskaraz ematerakoan baliokide zehatzik ez da eta, oraingoan transposizio hau egin du.
Eisgebirge: elur-mendiak
Alemanak hitz konposiziorako duen joera euskarak ere badu, nolabait ere, eta erraza izan ohi da baliokideak aurkitzea, grafia gora-behera.
Welches: Puntua eta beste esaldia
Lehen aipatu dugu jatorrizko hitzak duen estilo adierazia. Euskarak askoz joera handiagoa du esaldi laburragoetarako, parataxirako, eta egoki izan zitekeen egin duen aukera, baina betiere galduriko adierazia beste nonbait konpentsatuz gero; ez du hala egiten eta euskara laino, erraz eta apalean mantentzen da beti. Dena den, hemen bertan ere balia zezakeen molde kulturen bat jatorrizkoaren kutsua gordetzearren, baina euskararen estilo arrunta du aukeratu, ordea.
Eine Zeitlang: luzaro
Esanahia lerratu da. Itzulpenaren denbora jatorrizkoarena baino luzeagoa da.
Ladet: daragi
Esanahia lerratu da; eragitea ez da bakarrik gonbidatzea; behartze zentzua ere badu. Alabaina, aditzaren forma trinkoa erabiltzea ("daragi","dagi") kultu eta zerbait zaharkitua izanik, balio lezake lehen "welches" hitzaren itzulpenean galduriko kutsu kultu eta zaharkitua hemen errekuperatzeko; gainera, esaldi honetan bertan "zum Bade" dugu, datibo zaharra, alegia.
Dena den, errima aurkitu beharrak konpromisoak egitea eskatu du eta beste mailetan zerbait galtzea. Hemen halaxe ikusten da, errima nagusitu dela, alegia.
Klingen: soñutxo
Hitz lausoagoa hautatu du itzulpenean, eta galdurikoaren ordainez "-txo" atzizki txikigarria baliatu du.
Flöten: txirulots
Hemen, aldiz, jatorrizkoan baino esplizitazio maila handiagoa da itzulpenean.
Paradies: zeru
Hemen ere ordezko bat eman du, paradisua zeru bihurtu baitu.
Spülen: zipriztinka
Urak bularra zipriztindu baino zerbait gehiago egiten du jatorrizkoan; indarra galdu du.
Brust: bulartxo
Atzizki txikigarria gaineratu dio.
Lieb Knabe: umetxo
"lieb" zentzua emateko atzizki txikigarria erabili du. Horrez gain, jatorrizko "Knabe" "ume" du bihurtu; ordezkapena egin du, ziur aski xera zentzua areagotzeko, atzizkia aski ez zelakoan edo.
Locken: lilluraz
Aditza aditzondo bihurtu eta esanahiaren zati bat besterik ez du eman, erakartzearen adierazpena gerorako utziz ("dakart").
Schäfer: lo dana
Ordezkapena. Erreferente bera ikuspuntu desberdinetik ikusirik. Itzultzailearen gehikuntza.
Herein: urpera
Esplizitazioa.
3. Enuntziatuaren mailako baliokidetza:
Hohes Felsenufer des Vierwaldstättersees,
Schwyz gegenüber.
Schwitz-i aurrez aurre "Lau-Erki aintzirako" ertzean arkaitz zutiak ageri dira.
Jatorrizkoaren aditz eliptikoa esplizitu egin da itzulpenean; subjektua jatorrizkoan aintziraren ertza zen, eta itzulpenean, berriz, harkaitzak. Osagaien segida ordena aldatu da guztiz.
Der See macht eine Bucht ins Land, Eine Hütte ist unweit dem Ufer, FISCHER-KNABE fährt sich in einem Kahn.
Aintzirak lar barnean iz-adarra egiten du; ur ertzetik urrera, txabola; arrantzale-mutilla ontzian dijoa.
Aintzirak lar barnean iz-adarra egiten du;
Euskararen gramatikak eskatuta, ergatiboaren, inesiboaren eta nominatiboaren markak azaltzen dira, jatorrizko artikulu eta preposizioen ordez. Euskaraz ezinbestekoak direnez, ez ditut beti aipatuko, baina hemen ergatiboa erabiltzeak, hitza hasieran gordetzearekin batera, jatorrizkoan duen subjektu adierazpena areagotzen du.
ur ertzetik urrera, txabola;
Jatorrizkoaren aditza desagertu da. Subjektuari lehen tokitik azkenera eraman izanak kendu dion indarra halaxe ematen dio berriz. Hemen ere jatorrizko artikulu eta datibo kasuaren ordez, euskarak ablatibo eta adlatiboa eskatzen ditu, baina ez da hori lege finkoa, baizik eta hemen eginiko modulazioa.
arrantzale-mutilla ontzian dijoa.
Jatorrizkoan mutila izen propio gisa agertzen da; euskaraz izen arrunta da, inolako berezitasunik gabe. Jatorrizko "einem Kahn" artikulua euskaraz galtzen da, euskararen ohiturari jarraiki (nahiz eta gaur egun gero eta gehiago entzuten den gaztelaniazko moldearen kalkoa) Garai haietan eta itzultzailea euskara jatorrean saiatzen ari delarik, arrunt da erabat.
Paragrafoa osorik harturik, jatorrizkoan den parataxia gordetzen da itzulpenean ere.
Über den See hinweg sieht man die grünen Matten, Dörfer und Höfe von Schwyz im hellen Sonnenschein liegen.
Urrutiago belardi ezeak, erriskak eta Schwitz-ko baserriak eguzki argi izpitan ageri dira.
Über den See hinweg
Urrutiago bihurtu da, modulazio baten bidez.
Aditza azken tokian jarririk, jatorrizko esaldi irekia itxi da, baserriak soilik baitira, itzulpenean "Schwitz-ko".
Zur Linken des Zuschauers zeigen sich die Spitzen des Haken, mit Wolken umgeben; zur Rechten im fernen Hintergrund sieht man die Eisgebirge.
Ikuslearen ezkerrera, Hacken-go gandorrak lañoz bildurik. Eskubira, guztiz urrun, elur-mendiak.
Aditzen elipsiak. Euskarak aditzaren elipsirako joera handia du, batez ere laguntzailearen elipsirako; aditzen modu inpertsonala, aldiz, ez da arrunta euskaraz.
Alemanezko artikuluak eta preposizioen ordainez euskarazko deklinabidea ageri da (leku-genitiboa, instrumentala, adlatiboa).
im fernen Hintergrund / guztiz urrun
Izenlagun gehi izenaz osaturiko egitura bi adberbio bihurtu dira.
Noch ehe der Vorhang aufgeht, hört man den Kuhreihen und das harmonische Geläut der Herdenglocken, welches sich auch bei eröffneter Szene noch eine Zeitlang fortsetzt.
Agertoiala jaso baño len, "Bei Lerroa" eta artaldeen dulun-dulun zoliak entzuten dira. Antzokia agertu ta gerora ere, soñu oiek luzaro diraute.
Jatorrizko egitura hipotaktikoa parataktiko bihurtu da itzulpenean. Euskarazko ohiko egitura sortu du, jatorrizkoan kutsu kultua zuen mintzaldia arruntago batez ordezkatuz.
Noch ehe der Vorhang aufgeht / Agertoiala jaso baño len
Modulazioa; ikuspuntua aldatzen da, aldatzen da subjektua ("der Vorhang"/euskaraz eliptikoa), aditza (aufgehen / jaso).
Transposizioa:
Noch ehe... / baño len
eröffneter Szene / Antzokia agertu
Modulazioa; ikuspuntua aldatzen da.
...auch bei eröffneter Szene noch eine Zeitlang fortsetzt./Antzokia agertu ta gerora ere...
Transposizioa: jatorrizko egitura partizipiozkoa denborazko adberbiala bihurtu da (aditz laguntzailea eliptiko delarik).
Fischerknabe singt im Kahn:
Melodie des Kuhreihens
ARRANTZALE-MUTILLA (ontziskan abeslari; "Bei-Lerroa"ren eresia):
Ikus puntuazioari buruzko atalean erranikoa.
Es lächelt der See, er ladet zum Bade, / Aintzirak irriz igerira daragi.
Bi esaldiak batera bildu ditu, lehenengo aditza adizlagun bihurtuz. Jatorrizkoaren osagaien ordena ohikoa da eta itzulpenean ere gorde da ohiko ordena, nahiz eta egin duen elipsiak jatorrizko testuaren eta itzulpenaren arteko erkaketarako aukera gutxi uzten duen.
Der Knabe schlief ein am grünen Gestade / Aintzirertz ezean mutillak lo dagi:
Itzulpenaren osagaien segida ordenak mutila lo izateari ematen dio garrantzia. Aintzira esaldiaren hastapenean jartzeak, aldiz, konpentsatzen du.
Da hört er ein Klingen, / soñutxo bat dator
Jatorrizko Adl.+aditza+subj.+art.+izena / itzulpenean: izena+zenbatzailea+aditza. Horrek mezuaren mailan aztertu beharreko arazoa sortu du.
Wie Flöten so süss, / txirulots lez goxo,
Jatorrizko ordena markatua da eta itzulpenekoa arruntagoa.
Wie Stimmen der Engel / aingeruen kantak
Erkaketa desagertu da, hurrengo lerrora pasatuz.
Im Paradies. / zerun orren antzo
Jatorrizkoak aurreko bertsoan egin eta itzulpenak ematen ez zuen erkaketa hemen errekuperatzen da.
Jatorrizko Adl.+art.+izena / itzulpenean: izena+erak.+adl.
4. Mezuaren mailako baliokidetza:
Schwyz gegenüber.
Schwitz-i aurrez aurre "Lau-Erki aintzirako" ertzean arkaitz zutiak ageri dira.
Mezuan zertxobait lerratu da itzulpena, harkaitzak nabarmentzen baititu, egoera orokorraren kaltetan.
Der See macht eine Bucht ins Land, Eine Hütte ist unweit dem Ufer, FISCHER-KNABE fährt sich in einem Kahn.
Aintzirak lar barnean iz-adarra egiten du; ur ertzetik urrera, txabola; arrantzale-mutilla ontzian dijoa.
Lehen esaldian ematen den informazioa ez da argia; kontraesana sortzen da "iz-adarra" eta "lar barnean" artean.(Ikus 2. puntuan: Bucht : Itsasadarra )
Über den See hinweg sieht man die grünen Matten, Dörfer und Höfe von Schwyz im hellen Sonnenschein liegen.
Urrutiago belardi ezeak, erriskak eta Schwitz-ko baserriak eguzki argi izpitan ageri dira.
Jatorrizkoaren mezua urritu da: itzulpenean soilik baserriak dira Schwitzekoak eta aintziraren erreferentziarik ez da, jatorrizkoan lehen planoan ageri arren (azalpenaren lehen planoa eta esaldiaren hasieran baita. Gainera zentzu metaforikoa galdu da (ikus: liegen).
Zur Linken des Zuschauers zeigen sich die Spitzen des Haken, mit Wolken umgeben; zur Rechten im fernen Hintergrund sieht man die Eisgebirge.
Ikuslearen ezkerrera, Hacken-go gandorrak lañoz bildurik. Eskubira, guztiz urrun, elur-mendiak.
Zur Linken / zur Rechten / ezkerrera, Eskubira
Hizkuntzen ohiturei jarraiki egin beharreko modulazioak dira. Jatorrizko testuan haien artean den paralelismoa gorde du itzulpenak.
Noch ehe der Vorhang aufgeht, hört man den Kuhreihen und das harmonische Geläut der Herdenglocken, welches sich auch bei eröffneter Szene noch eine Zeitlang fortsetzt.
Agertoiala jaso baño len, "Bei Lerroa" eta artaldeen dulun-dulun zoliak entzuten dira. Antzokia agertu ta gerora ere, soñu oiek luzaro diraute.
Hizkuntza zeinuen maila aztertzean aipatu lez, onomatopeiak erruz markatzen du soinua zein den, baina aldi berean, soinuak zoliak direla dio, eta esanahi hori ez dator bat jatorrizkoak dioenarekin; gainera armoniaren informazioa garrantzizkoa izan eta galdu da. Denboraren neurria ere ez da zehazki emana, luzeagoa baita itzulpenean jatorrizkoan baino. Jatorrizkoak ez bezalako mezua ematen du, beraz. Horrez guztiaz gain, hizkera arruntagoa da itzulpenean; ez du jatorrizkoaren kutsu kultua gordetzen.
Es lächelt der See, er ladet zum Bade, / Aintzirak irriz igerira daragi.
Itzulpeneko mezuak bortxa gehiago azaltzen du (eragin); jatorrizkoa atseginagoa da (lachen, laden).
Der Knabe schlief ein am grünen Gestade / Aintzirertz ezean mutillak lo dagi:
Jatorrizkoan subjektua nabariagoa da, hasieran egonik; itzulpenean loa da nabarmendu, nahiz eta mutila ergatiboan agertzeak presentzia areagotzen dio. Hizkuntzen ohiturazko ordenak eta errima beharrak agintzen dute esaldi horretan.
Da hört er ein Klingen,/ soñutxo bat dator
Jatorrizkoak mugimenduaren zentzua, aldaketaren adierazpena, argiago azaltzen du (Da...) eta nolako soinua den ere zehatzago du esaten (Klinge/soñutxo).
Wie Flöten so süss, / txirulots lez goxo,
Wie Stimmen der Engel / aingeruen kantak
Jatorrizkoaren paralelismoa desagertu da, musika, erritmoa, hautsiz. Itzulpenak erkaketa bat egiten du, baina bigarren bertsoa airean geratzen zaio, azken bertsora eramaten baitu bigarren konparazioaren amaia. Jatorrizkoaren barneko errimak ere ez du baliokiderik itzulpenean.
Im Paradies. / zerun orren antzo
Jatorrizkoan berebiziko garrantzia hartzen du amaiera horrek: paradisuak laburbiltzen du gatazka hasi aurretiko egoeraren deskribapena; itzulpenak ez du, ordea, informazio hori ematen. Erritmoan kadentzia bat da bertso horretan, zikloari amaia emanez, borobilduz, eta itzulpenak, ordea, txirulotsarekin lotzen du berriro azken bertso hori, errimaren bidez, eta halatan, borobiltze eta laburbiltze efektua alde batera uzten du.
5. Situazio deskribapenaren mailako baliokidetza:
Hohes Felsenufer des Vierwaldstättersees,
Schwyz gegenüber.
Schwitz-i aurrez aurre "Lau-Erki aintzirako" ertzean arkaitz zutiak ageri dira.
Jatorrizkoak ikusmira zabalez azaltzen du paisaia; hasiera beretik (Hohes Felsenufer...) indarra adierazten duen paisaia modu geldoan (ez du aditzik erabiltzen) du ematen, horrela pausa adieraziz. Bakea eta indarra adierazten dira. Gerora etorriko denerako prestatu gaitu hasiera beretik, indar horiek jokoan hasiko baitira. Itzulpenak, aldiz, elementu jakin batzuk (harkaitzak) nabarmentzen ditu eta, lehen-lehenik, lekua non den du esaten.
Der See macht eine Bucht ins Land, Eine Hütte ist unweit dem Ufer, FISCHER-KNABE fährt sich in einem Kahn.
Deskribapena xehetasunetan sartzen hasten da (eine Bucht, eine Hütte) eta horrekin batera mugimendua (fährt sich...). Paisaia esnatzen doa, poliki (Der See macht..., FISCHER-KNABE fährt sich in einem Kahn).
Aintzirak lar barnean iz-adarra egiten du; ur ertzetik urrera, txabola; arrantzale-mutilla ontzian dijoa.
Itzulpenak ez du esnatze prozesu hori gordetzen; elementuak solte dira; ez dute osotasunik sortzen.
Über den See hinweg sieht man die grünen Matten, Dörfer und Höfe von Schwyz im hellen Sonnenschein liegen.
Urrutiago belardi ezeak, erriskak eta Schwitz-ko baserriak eguzki argi izpitan ageri dira.
Jatorrizko deskribapenean, film batean bezala, planoa atzeraka doa, aurrekotik abiatuta (Über den See...), berriro ikusmira zabalduz: Lurretik zeruraino doa... eta berriro behera (liegen).
Itzulpenak osotasuna galdu du berriro ere; berriro elementu solteak azaldu dizkigu.
Zur Linken des Zuschauers zeigen sich die Spitzen des Haken, mit Wolken umgeben; zur Rechten im fernen Hintergrund sieht man die Eisgebirge.
Ikuslearen ezkerrera, Hacken-go gandorrak lañoz bildurik. Eskubira, guztiz urrun, elur-mendiak.
Jatorrizkoaren deskribapenak ikuslea paisaiara lotu du; gauzak kokatzen doaz; aldeak, aurkariak agertuko direla iragartzen zaigu (Zur Linken...Zur Rechten...). Goi mailetaraino eta urrutiraino doa begirada (die Spitzen...Wolken, Eisgebirge...fernen Hintergrund...).
Itzulpenak mantendu du jatorrizkoaren oreka eta antzeko egoera aurkeztu du.
Noch ehe der Vorhang aufgeht, hört man den Kuhreihen und das harmonische Geläut der Herdenglocken, welches sich auch bei eröffneter Szene noch eine Zeitlang fortsetzt.
Agertoiala jaso baño len, "Bei Lerroa" eta artaldeen dulun-dulun zoliak entzuten dira. Antzokia agertu ta gerora ere, soñu oiek luzaro diraute.
Jatorrizkoan, ikusiari soinua lotzen zaio: guztiz osatua da egoera. Armonia erabatekoa da. Soinuak, baina, mugimendua iragartzen digu. Abiatua da istorioa.
Itzulpenak ez du prozesua adierazten; esaldiek oreka falta dute eta informazioa trinkoegi eta modu moztuegian ematen du; armonia falta dute eta armonia informaziotik ere kentzen du: Gainera soinuak luzaro iraunarazirik —zoliak izanik, gainera— aurretik erakutsitako egoerarekiko lotura baino zerbait nabarmenago bihurtzen ditu.
Es lächelt der See, er ladet zum Bade,
Der Knabe schlief ein am grünen Gestade
Da hört er ein Klingen,
Wie Flöten so süss,
Wie Stimmen der Engel
Im Paradies.
Aintzirak irriz igerira daragi.
Aintzirertz ezean mutillak lo dagi:
soñutxo bat dator
txirulots lez goxo,
aingeruen kantak
zerun orren antzo.
Jatorrizko testuan, alaitasuna, bizipoza, bakea, pausa dira agertzen lehen bi bertsoetan; hirugarrenak (Da...) mugimendua dakar, baina mugimendua bera baino berorren iragarpena da, soinuz egina, betiere atseginean mantenduz. Azken hitzak laburbiltzen du egoera (Paradies).
Itzulpenak ez du jatorrizkoaren armonia gordetzen; errima lortzen saiatzen da eta gainerakoa desorekatzen zaio.
Und wie er erwachet in seliger Lust,
Da spülen die Wasser ihn um die Brust,
Und es ruft aus den Tiefen:
Lieb Knabe, bist mein!
Ich locke den Schäfer,
Ich zieh ihn herein.
Atsegin zoriontsuz esnatu daneko,
bulartxoan ura zipristinka dauko.
Urpetik zioten:
"Umetxo, i, neretzat!
lo dana, lilluraz
Urpera nik dakart.
Jatorrizkoan, naturaren indarren aurkezpena, esnatze bortitz eta atsegina (seliger Lust... spülen... Brust... es ruft...Tiefen... Ich zieh ihn herein) azaltzen da; naturak gertakizunetan ukanen duen zeregin garrantzizkoaren adierazgarri itxaropentsua da pasarte hau.
Itzulpenak zertxobait jaitsi du jatorrizkoaren indarra (zipriztinka, umetxo, zioten).
6. Komunikazio helburuaren mailako baliokidetza:
Hohes Felsenufer des Vierwaldstättersees, Schwyz gegenüber.
Schwitz-i aurrez aurre "Lau-Erki aintzirako" ertzean arkaitz zutiak ageri dira.
Naturaren handitasuna, bakea eta indarra adierazten dira jatorrizko testuan. Gerora etorriko denerako prestatu nahi gaitu idazleak hasiera beretik, indar horiek jokoan hasiko baitira.
Itzulpena, aldiz, elementu jakin batzuk izendatzera mugatzen da.
Der See macht eine Bucht ins Land, Eine Hütte ist unweit dem Ufer, FISCHER-KNABE fährt sich in einem Kahn.
Aintzirak lar barnean iz-adarra egiten du; ur ertzetik urrera, txabola; arrantzale-mutilla ontzian dijoa.
Jatorrizkoan, obertura baten lehen mugimendu geldoan gara. Elementuak egitura paralelozko hiru esalditan kokatzen hasi eta dramaren ildoa poliki marratzen du, arrantzalearen bitartez.
Itzulpenak, ordea, deskripzioa eskaintzen digu, baina hizkuntzaren jolasa gorde gabe.
Über den See hinweg sieht man die grünen Matten, Dörfer und Höfe von Schwyz im hellen Sonnenschein liegen.
Urrutiago belardi ezeak, erriskak eta Schwitz-ko baserriak eguzki argi izpitan ageri dira.
Orkestra osoa ari da orain jotzen; lehen mugimenduaren une gorena da. Argi betea, pausa, bakea, zoriona; irudia zabaldu da; sakonera hartu du.
Itzulpena elementuen aipatze hutsera mugatzen da.
Zur Linken des Zuschauers zeigen sich die Spitzen des Haken, mit Wolken umgeben; zur Rechten im fernen Hintergrund sieht man die Eisgebirge.
Ikuslearen ezkerrera, Hacken-go gandorrak lañoz bildurik. Eskubira, guztiz urrun, elur-mendiak.
Gatazkaren aurkezpena; paisaia, azalduko zaigun dramaren adierazlea da. Arazoak, iluna, ekaitza, sentimendu gorak bizituko ditugula zaigu aurreratzen, urrunera eramanen gaituztela, eta gora, oso gora, pasio gori eta gorenetara, leku argi, aratz... eta hotzetara.
Itzulpenak labur azaldu du datorkiguna.
Noch ehe der Vorhang aufgeht, hört man den Kuhreihen und das harmonische Geläut der Herdenglocken, welches sich auch bei eröffneter Szene noch eine Zeitlang fortsetzt.
Agertoiala jaso baño len, "Bei Lerroa" eta artaldeen dulun-dulun zoliak entzuten dira. Antzokia agertu ta gerora ere, soñu oiek luzaro diraute.
Hasierako armonia bete-betean azaldu eta ekintzari hasiera emateko pasartea da jatorrizkoan.
Itzulpenak honakoan ere ez dio jatorrizkoari jarraitu, ez du hasierako armoniaren indarra bildu eta gertakizunerako abiapuntu egin.
Es lächelt der See, er ladet zum Bade,
Der Knabe schlief ein am grünen Gestade
Da hört er ein Klingen,
Wie Flöten so süss,
Wie Stimmen der Engel
Im Paradies.
Aintzirak irriz igerira daragi.
Aintzirertz ezean mutillak lo dagi:
soñutxo bat dator
txirulots lez goxo,
aingeruen kantak
zerun orren antzo.
Alaitasuna eta bakea; gizakia eta natura bat datoz.
Itzulpenak errimari ematen dio garrantzia eta euskaraz ere errima lortzen saiatzen da.
Und wie er erwachet in seliger Lust,
Da spülen die Wasser ihn um die Brust,
Und es ruft aus den Tiefen:
Lieb Knabe, bist mein!
Ich locke den Schäfer,
Ich zieh ihn herein.
Atsegin zoriontsuz esnatu daneko,
bulartxoan ura zipristinka dauko.
Urpetik zioten:
"Umetxo, i, neretzat!
lo dana, lilluraz
Urpera nik dakart.
Naturaren indarren aurkezpena, esnatze bortitz eta atsegina; idazleak naturarengan duen konfiantza erakusten du.
Itzulpenak zertxobait jaitsi du jatorrizkoaren indarra.
Azken buruan
Horraino hastapeneko zatiaren azterketa xehea. Horrekin jarraitu gabe, gehiegi ez nadin luza, esan dezadan labur hurrengo pasartean artzainak zorionaren amaiera eta arazoen sorrera iragarriko dituela. Gero burrunbak, ekaitzak, hodei itzalak, hasten dira... eta naturarekin batera gizakiak ere bai... indarren borrokak amaitu eta berriro natura eta gizakien arteko elkarlanak zorionera ekartzen gaituzten arte. Itzuli osoa egin du naturaren gurpilak, gizakiak berarekin eramanez.
Orain artean azalduriko adibideak oro har itzulpenean etengabe egin ohi denaren adierazpen eta adibide gisa ekarri ditut; han-hemenka bilatuz gero modu horretako beste horrenbeste azaltzen dira; argigarrienak, adierazgarrienak aukeratzen saiatu naiz, itzulpen lanaren nondik norakoa azaltzearren, baina ez den-denak zerrendatzen.
Orain artean han-hemen esandakoa laburbilduz esan daiteke, oro har, itzuli zeneko garaiari loturiko itzulpena dela. Alde batetik erraz irakur edo entzun daitekeena eta beste alde batetik garbizalekeriaz oztopaturik dena, baina jatorrizkoaren estiloari gutxi begiratzen diona; nahikoa zaio gertakizuna, istorioa euskaraz eman eta askatasunaren, naturaren, herritartasunaren eta moraltasunaren goraipamena egitea, betiere orduko euskal girora egokituz. Poesia eta dramatikotasuna galtzen dira, kostunbrismoaren alderako.
Euskal kultura eta ohiturak goratzeko testua da itzulpena, askatasunaren goraipamena egiteko.
Herritarren aldeko joera azaltzen du, jatorrizkoak bezala, bai eta hark bezala, hizkera bizia erabiltzen; ez du, alabaina, berdin egiten hizkera kultuarekin eta molde zaharrekin, nahiz eta aditz trinkoak erabiltzeak hizkera kultuaren kutsua ematen dion.
Errima ere euskal ohituretan errotua denez eta Euskal Pizkundean garrantzizkoa zenez, itzultzailea saiatzen da errima ematen.
Etengabeko egokitzapenez, bertako testua egin nahi du itzultzaileak eta jatorrizkoaren berezitasun asko bazter uzten du; jatorrizko testuan diren berezko elementuak maiz ezabatzen ditu. Adibide baterako, alemanezko jatorrizko testuak ohiko ordenaren alderanzketak egiten ditu maiz, baina itzulpenak ez du halakorik ageri. Paralelismoak eta errepikapenak ere ez ditu ematen, ez eta erritmo aldaketak, errespetuzko tratamenduak edo aditz denboren jolasak. Hitzen aldaerak, aldiz, erabiltzen ditu jatorrizko idazleak bezainbat. Beti euskara lantzeko eta euskal kultura hedatzeko balio zaionari ematen dio lehentasuna, jatorrizkoari begiramen gehiegi erakutsi gabe. Testua erabiltzeko da, euskal mugimendua zabaltzeko eta horren mesedetan egina dela igartzen zaio.
Esan daiteke, beraz, funtzionaltasunean oinarrituriko itzulpena dela, jatorrizkoa aitzakia harturik, itzulpena egin zen garaiko hemengo egoerari erantzun nahiz egina. Jatorrizkoaren literatura balioei baino mezu politiko moralari begiratzenago egina da, jendeen kontzientzien pizgarri izan zedin.
Oharra
1. Euskaratzailea: Iñaki Goenaga. Inazio Mujika Iraolak paratutako edizioa. EIZIEk argitaratua. 2004. urtea, Donostia.