Mugaldean
Mikel Soto

Artikulu honetan, Mikel Sotok testu literarioen itzulpena aztertzen du editorearen ikuspegitik. Bere argitaletxean, Txalapartan, itzulpenak duen funtzioaren laburpen bat eskaintzen du artikuluaren lehen zatian, argitaletxearen katalogoko autore eta titulu garrantzitsuenen errepasoa eginez. Xehekiago aztertzen du euskararako itzulpena, katalogo editorial baten osaketan itzulpenek duten garrantzia, eta argitaletxearen eginkizunetan itzulpenak eskaintzen duen plazeraz hausnartzen du. Bigarren zatian, itzulpenean sortzen diren arazoak aipatzen ditu, besteak beste itzulpen batzuek jatorrizkoarekiko duten fideltasun eza, testuak alderatzeko zailtasunak, tarifak edota profesionalizazio-prozesua. Itzulpenak izan ohi dituen arazo komun horiek gainditzeko zenbait formula aztertzen ditu, eta, azkenik, itzulpenak kulturen arteko zubi gisa duen garrantzia azpimarratu eta instituzioek eta elkarteek itzulpena sostengatzea beharrezkoa dela gogorarazten du.

Mugako argitaletxea

Txalapartan sarritan esan ohi dugu mugaldeko argitaletxea garela. Euskararen zoritxarreko muga geografikoan dago argitaletxea, Tafallan; gure argitalpen-ildoa muga ideologikoan ibiltzen da maiz; herrialdeen eta literaturen mugak gaindituta, munduko bazter ezkutu askotatik ekarri ditugu idazleak eta idazlanak Euskal Herrira eta, munduan zehar, Euskal Herriaren kanpo muga izan da Txalaparta atzerriko irakurle eta argitaletxe ugarirentzat.

Mugaren aldeetan, sarri, itzultzaileak behar dira, batetik bestera ibiltzeko, komunikatzeko, eta horretaz aurki konturatu ziren Txalaparta eraikitzeari ekin zioten lagunak. Argitaletxearen bilduma gehienak itzulpenaren bidez hasi izan dira. Orreaga sailaren lehen liburua Luigi Bruni italiarraren ETA: Historia política de una lucha armada izan zen; Amaiur bilduman, Bobby Sands irlandarraren liburua izan zen lehena, Egun bat nire bizitzan; Axuri Beltza bildumaren hastapeneko liburua Carlos Ocampo mexikarraren Kondorea pasatzen ikusten baduzu izan zen, eta abar eta abar.

Euskal Herrian itzulpen gehien egin dituen argitaletxeetako bat da Txalaparta; euskaraz zein gaztelaniaz. Mundu osoko eta hainbat garai eta generotako idazle ezagunak eta ezezagunak itzulpenaren bidez batu dira gure katalogoan: Artur Pestana Pepetela, Sun Tzu, Mia Couto, Ngugi Wa Tiong'o, Pramoedya Ananta Toer, Gerry Adams, Zhang Yie, Noam Chomsky, Salwa Bakr, Yasar Kemal, Mumia Abu-Jamal, Malika Mokkedem, Fidel Castro, Lev Tolstoi, Eduardo Galeano, X.L. Méndez Ferrín, Osamu Dazai, James Petras, Julio Cortazar, Brendan Beham, Marcos komandanteordea, Charles Bukowsky, Denis S. Miles, Nelson Mandela, John Steinbeck, Jamaica Kincaid, Nagib Mahfuz, Rubem Fonseca, Irene Nemirovsky... zerrenda, bidegabea izateaz gain, amaigabea da.

Sarritan, itzulpenak eman digu modua atzerriko idazleek Euskal Herriari eta euskaldunoi buruz erdaretan idatzi dituztenak hemen eta munduan ezagutarazteko. Mugaren beste aldean baina gugandik hurbil zeuden idazle ugariren lanak ekarri ditugu: Luigi Bruni, Giovanni Giacopuzzi, Paul Henri Capdeville, Patrick Cassan, Johannes Urzidil, Gaetan Bernoville, Rui Pereira, George L. Steer, Eoin O'Broin, Pierre Lancre, Gilles Perrault, Raul Zelik...

Zoritxarrez, errazagoa izan da atzerritarrak etxeratzea etxekoak munduratzea baino: kanpora nahi baino gutxiago itzuli gaituzte eta, hala ere, urteen poderioz, urrats txikitxoak egin dituzte gure liburuek beste hizkuntzetan. Laura Mintegiren Nerea eta biok ingelesez, Edorta Jimenezen Baleen berbaroa italieraz, Luis Nuñezen La razón vasca katalanez eta italieraz, Iñaki de Juanaren Egunak grezieraz, Alfonso Etxegarairen Regresar a Sara italieraz, Iñaki Egañaren Mil noticias insólitas del país de los vascos frantsesez, Fernando Alonsoren ¿Por qué luchamos los vascos? katalanez, Lucio Urtubiaren La revolución por el tejado alemanez, Iker Casanova eta Paul Asensioren Argala italieraz... Eta, zorionez, beste itzulpen batzuk dauzkagu bidean zain, adibidez, Laura Mintegiren Ecce homo alemanez argitaratuko dute aurki, edo eta egile beraren Sisifo maiteminez nederlanderaz.

Apal baina pozik diogu gure ustez mugalari lan duina egin dugula; gure herria aberastu dugula baterako eta besterako literatura-estraperlo horren bidez.

Itzultzearen plazeraz

Argitaletxe txiki guztietan bezala, denetarik egitea tokatzen zaidan arren, nire editore lan nagusian, euskarazko bildumen arduradun gisa, beste herrialdeetako lankideek ez dauzkaten hainbat plazer eta abantaila dauzkat; Euskal Herriko beste editore askok bezala, esango nuke. Ia dena dago euskarara ekartzeko. Gaur egun mundu osoko liburu dendetan dauden idazle garaikide eta puntakoenen artean ia edozein hauta dezakegu euskaratzeko: John Irving, Paul Auster, Hanif Kureishi, Albert Sánchez Piñol... Horrez gain, literatura unibertsaleko edozein klasiko daukagu eskura gurera ekartzeko; Donatien Sade, J.R.R. Tolkien, Oscar Wilde... Azkenik, gurean ezezagunak izanagatik ere apartak diren idazleak ere hor dauzkagu, zain: François Xenakis, Ellen Kuzwayo, Germano Almeida, João Ubaldo Ribeiro eta beste hainbat. Txalapartaren ibilbidearen parte diren itzulpen horiek guztiak ikaragarri gozatu ditut, irakurle eta editore gisa.

Ez da kontu ederra itzulpen bat bestearen gainetik jartzea baina, itzultzaileen artean egonik, adibide honekin erraz ulertuko dituzuelakoan nago plazeraren gozatua zenbatekoa izan litekeen. George Orwellen 1984 liburua editatzea izan da lanean gertatu zaidan gauzarik ederrenetakoa. Poztasun nerabez ekin nion Oskar Aranak egindako itzulpenari, ni zoriontsu egiteko baldintza guztiak zeuzkalako: nire liburu kuttunetakoa da 1984; Oskarrek egindako itzulpena itzela zen; ingeles apur bat badakit; bilbearen ezinbesteko osagaia da lengoaia, hizketa berria... Testuekin gozatu eta sufritu duzuenok aise ikusiko duzue editore batentzat horrelako lan bat zer-nolako miraria izan daitekeen.

Argitaraturik aurkitu ditugun gure liburuak

Argitaletxe baten bizitzan itzulpengintzak badu alde eraikitzaile ukaezina. Argitaletxearen adierazpena den katalogoa zure neurrira eraikitzeko aukera ematen dizu. Zure literatur esparruan ez dauden baina egotea nahiko zenukeen lanak zurera ekarri ahal izatea, munduari egindako oihua da.

Txalapartaren mugaldea lerro eta angelu zuzenez marraztu nahi izan dutenen aurrean, gure katalogoa haizatu izan dugu beti bandera erraldoi eta koloretsu gisa. Apurka-apurka eta konturatzeke, katalogo askotarikoa osatu dugu eta, aitortzea barregarria den arren, inguruko lagunak ohartu ziren horretaz gu ohartu aurretik. Adibide soil gisa, Argentinako Capital Intelectual argitaletxeak Narradoras de orillas lejanas bildumari ekin nahi izan zionean, Txalapartaren katalogoan zeuden emakumeekin osatu zuen bilduma osoa.

Euskal Herrian egiten dugun bezala, zapalduak, bazterreko ahotsak, heterodoxoak, borrokalariak, berritzaileak nahi izan ditugulako Txalapartan, eta itzulpena horretarako aliatu ezin hobea izan da betidanik. Hastapenean aipatzen nuen adibide sorta hori eta hortik kanpo daudenak ekarri nahi izan ditugu, merezi zuelakoan, gurekin lortu duten feed-backa ingurura zabaltzeko. Ozen esan ahal izateko: hauek dira argitaraturik aurkitu ditugun gure liburuak.

Hondamendien antologia

Baina, orain arteko guztia, noski, itzulpengintzaren alde polita da, beste gabe. Kulturen arteko zubi papera eta betiko topiko ederrak. Baina, editore batek itzulpengintzari buruz hitz egin behar baldin badu, batez ere zailtasunei buruz hitz egin behar du. Izan ere, itzultzea garestia da, zaila da, nekeza da. Sarri irakurri izan ditut orriotan itzultzaileen neke eta poz txikiak, eta zentzuzkoak jo ditut guztiak. Pentsatzen dut orriotara deitu banauzue, nire pozak eta nekeak ekartzeko izan dela.

Txalapartak itzultzen du eta itzultzen jarraituko du, horretarako bokazioa duelako, sinesmen irmoa. Mugan bizi garenez, inork baino arrazoi gehiago daukagulako mugak ezabatzeko. Ez esperientzia gozoa delako. Izan ere, mota guztietako esperientzia txarrak izan ditugu: pasarteak faltan zituzten liburuak argitaratu ditugu, itzultzaileekin haserretu gara, itzultzaileak gurekin haserretu dira, alfabeto ezezagunen karaktereak aldrebes erreproduzitu ditugu, diru kontuengatik diskutitu dugu, epe kontuengatik muturtu, maula egin digute, argitaratu ez diren eta argitaratuko ez diren itzulpenak daude Txalapartako apaletan... Hondamendien antologia txiki bat badugu.

Galdategietatik atera eta liburugintzan esperientzia militante soila zuten editore hasiberrientzat zabala eta arrotza zen itzulpenaren itsasoa eta, urteetan, aurrez egindako itzulpenez gain, "badut lagun bat", "nik badakit" eta mota horretako hainbat bihotz oneko eskaintza egon ziren eta egon badaude. Penaz eta lotsaz aitortu behar dugu Txalapartaren katalogoan itzulpen kaxkarrak egon badaudela; itzultzaile amateur eta profesionalenak. Baina baita erakusteko moduko maisulanak ere; itzultzaile amateur eta profesionalenak. Oraindik ere hanka sartzen jarraitzen dugun arren, urteekin ikasi dugu laginak eskatzen, itzulpen osoak baloratzen, iritziak eskatzen... guztiontzat desatseginak izaten diren ezustekoak saihesten, hitz batean.

Alderik amateurrena, segur asko, diruarena izango da oraindik. Esan bezala, edizio munduan itzulpengintza bokazioa da, ustea, politika, printzipioa, jarrera. Gure inguruan, behintzat, oso gutxitan izan daiteke beste ezer. Hori dela eta, editore gehienok ordaintzaile eskasak gara. Itzulpenak argitaratzeko ohikoena den bideetako bat plazer —eta ego— hutsarena da. "Egile hau maite dut, itzuliko banu, argitaratuko zenukete?". "Liburu hau itzuli dut, argitaratuko duzue?". Hein batean, beraz, itzultzaileena da gure katalogoaren aberastasuna, sekula behar bezainbeste eskertzen ez duguna.

Normalean, itzultzaileak egin duen lanarentzat bidezko ez den tarifa bat adostu, eta liburua argitaratuta ikustearen pozarekin ordaindu, horixe egin izan dugu. Aurretik egindako aitorpenen ildotik, penaz eta lotsaz aitortu behar dugu Txalapartaren katalogoan gaizki eta oso gaizki ordaindutako itzulpenak badaudela.

Zoritxarrez, itzultzaileak administrazioaren arauak edo makina-erremintaren argibideak itzuli behar ditu bizitzeko eta gustuko dituen literatura-lanak gozatzeko. Zorionez, batzuetan, nahi baino gutxiagotan, aurkitu izan ditugu horrelakoak gainditzeko bideak. Gehienetan, diru laguntzen bidez, ezinbestekoak baitira horiek itzulpengintzarako. Besteetan, aliantzen bidez eta, batez ere, gure aliantza nagusiaren bidez, gure harpidedun finko eta leialen bidez. Gure herrian tamainagatik eta gure ohitura politiko eta kultural penagarriagatik, ezinezkoak dira horrelako aliantzak baina, mugaren beste aldean, Txalapartak sortu edo aurkitu ditu horretarako espazioa eta bidaideak. Txalapartarekin batera Editores Independientes taldea osatzen duten Mexikoko ERA, Txileko LOM eta Uruguaiko TRILCE argitaletxeekin egindako elkarlanak itzulpen ugari egiteko aukera eman digu. Horrez gain, Editores Independientesen bidez Txalaparta sortzaile duen Alliance Internationale des Éditeurs Indépendants taldeak ere mota horretako elkarlanak ditu helburu. Ezinezkoa ez esateagatik oso-oso zaila delako itzulpengintzaren kostu guztiak argitaletxe baten esku uztea. Itzultzaileek, argitaletxeek, administrazio eta erakundeek egin behar diete aurre horiei guztiei, itzulpengintzan sinesmen irmoa badute, behintzat.

Mugarik ez

Nazioarteko erakundeek —UNESCOk, batez ere—, estatuek eta tokian tokiko administrazioek sarri zubi lan horren aldeko sutsu direla erakutsi dute baina, nahi baino sarriago, ezer gutxi egin dute horren alde, eta beren burua aurretik planteatzen genuen kate horretatik atera dute. Berriz sartzeko, behetik gorako eskaria egon behar du, irakurleetatik hasi eta sektoreko elkarteek artikulatua. Artikulu hasieran esan bezala, ezinbestekoa bezain ederra delako muga etengabe pasatzea edo, hobe, muga ezabatzea.