'Gainbehera dator dena': Chinua Acheberen 'Things fall apart' eleberriaren itzulpena
Artikulua pdf formatuan
Aurten berrogeita hamar urte da Things Fall Apart eleberria lehenbiziko aldiz argitaratu zela. Chinua Acheberen geroagoko adierazpen hauetan laburbil daiteke zer asmo izan zuen eleberria idatzi zuenean: «gure konpromisoa Afrikaren ondare aberatsa berreskuratzea da, baita haren arrastorik txikiena ere, eta berriro marraztea afrikar historiaren lerroak, asmo txarrez eta faltsukeria lazgarriz marraztu baitituzte besteen eskuek...». Berak aitortua da, halaber, Joyce Cary irlandarraren Mister Johnson eleberriak (1939) bultzatu zuela, beste arrazoi batzuen artean, Things Fall Apart idaztera: eleberri horretako pertsonaia nagusia afrikar barregarri bat da, Johnson izenekoa, bere nagusi kolonizatzaile zuria hainbesteko mirabekeriaz gurtzen duena non pozarren onartzen baitu bere nagusiak tiroz hil dezan. 1975eko otsailean, eztabaida sutsua piztuko zuen hitzaldia eman zuen Achebek Massachusetts-eko Unibertsitatean, ondoren «An Image of Africa: Racism in Conrad's Heart of Darkness» izenburuaz argitaratu zena; hitzaldi hartan, arrazistatzat jo zuen Ilunbeen bihotzean eleberria, Joseph Conradek uko egin baitzion afrikarrak «giza adierazmena»z hornitzeari, eta hizkuntzaz ere gabetu baitzituen; Afrika «beste mundua» bezala tratatu zuen, «Europaren eta, ondorioz, zibilizazioaren antitesi bat bezala».
Gainbehera dator dena eleberrian afrikar gizarteaz marrazten den irudia, berriz, oso bestelakoa da. Ilunbeen bihotzeko basatiek gizarte konplexu eta dinamikoa osatzen dute Acheberen liburuan. Irakurlea eleberrian aurrera egin ahala ezagutuz doa iboen lehengo justizia arauak, auzi prozedurak, gizarte eta familia errituak, ezkontza ohiturak, jakiak ekoizteko eta prestatzeko prozesuak, gobernatzeko moduak, erlijio sineste eta praktikak, eta gizonek klanean gora egiteko aukerak. Afikarren irudi horrek zalantzan jartzen ditu, beraz, afrikarrak basati primitiboak direlako estereotipoak, eta agerian uzten afrikar gizarteen konplexutasunak eta aberastasunak.
Eleberri hau kulturalki hain markatua izatetik eta afrikar eta europar kulturen arteko urruntasunetik datozkio zailtasun asko itzulpenari, eta gehienbat zailtasun horiei lotuko natzaie artikulu honetan. Hala ere, ez da horregatik ahaztu behar kultura hurbileko hizkuntzen artean ere izaten direla itzulpen arazoak. Hain zuzen ere, zailtasun batzuk euskararen eta ingelesaren artean dauden desberdintasunen ondorio dira. Hizkuntza bakoitzak bere berezitasunak ditu eta bere esanahi berezia ematen du aditzera: esanahi lexikoei dagokienez hitzek beste hizkuntzetako beren baliokiderik hurbilenek izaten ez dituzten inplikazio eta asoziazioak izaten dituzte. Ingelesak eta euskarak ez dute modu berean hautematen mundua, eta, ondorioz, linguistikoki ez ezik kulturalki ere izaten dira desberdintasun handiak bi hizkuntzen artean. Kultura eta hizkuntzak hertsiki lotuak daude, hizkuntzek ez baitute bakarrean jarduten, baizik eta kulturen barruan, haien zati baitira, eta kulturak desberdinak dira elkarren artean. Kultura hizkuntzaren bitartez adierazten da eta, era berean, kulturak beraren adierazpidea den hizkuntza elikatzen du; horregatik, kultur esperientzia berriek hizkuntzaren baliabideak gehitzea izaten dute beharrezko.
Hizkuntzaren eta kulturaren arteko eragin-trukeak zaildu egiten du, beraz, hizkuntza batetik besterako itzulpena; kasu honetan, ingelesetik euskararako itzulpena. Things Fall Apart eleberriaren kasuan, ordea, arazoa are korapilatsuagoa da sorburu hizkuntzaren barruan bi kultura baitaude: ingeles kultura, ingelesa delako eleberriaren bitarteko linguistikoa, eta afrikar kultura, eleberriak iboen mundu ikuskera adierazten duelako.
Norberaren kulturakoa ez den hizkuntza batean idazteak baditu ondorio jakin batzuk. Hizkuntza baten hiztunek bigarren hizkuntza bat ikasten dutenean, beren lehen hizkuntzaren jokabide linguistikoetako batzuk transferitzeko joera izaten dute bigarren hizkuntza hori erabiltzen dutenean. Transferitze hori ohartu gabe egiten dute askotan. Herbert Igboanusi-ren arabera (2001: 55), iboak diren idazleek irakurle mota bi izan ditzakete buruan ingelesez idazten dutenean: alde batetik, ibo edo afrikar irakurleak eta, bestetik, europar irakurleak. Hortaz, beren irakurle multzo bi horietako edozeinetatik sobera ez urruntzen saiatzen dira. Europar hizkuntza —kasu honetan, ingelesa— halako eran erabiltzen dute non iboerazko esamolde eta hizkuntza baliabideak txertatzen baitituzte, nahiz eta aldi berean segurtatzen diren ingeles hizkuntzaren gramatika ez dela gehiegi desitxuratzen. Ahalegin hori kontzientea izan daiteke. Afrikar idazleek fikzioa ingelesez idazten dutenean izaten duten arazoa kultura arazoa da neurri handi batean. Gizarte baten hizkuntza bere kulturaren alderdi bat da. Afrikar idazleek ingelesera helarazi eta transferitzen dituzte afrikar indigenen kultur ñabarduretako batzuk. Hori modu eraginkorrean egin ahal izateko, jatorrizko ingelesaren egitura moldatu beharra izaten dute. Achebek dioenez (1965), fikzio idazle afrikarrek ingeles hizkuntza aldarazi behar dute afrikar testuinguruak adierazteko gauza izan dadin. Gogoeta horren ondorio den ingelesak «berria» izan behar du afrikar idazlearen esperientziaren zama eraman ahal izateko.
Gainbehera dator dena eleberria itzultzeko proiektua EIZIEk sustatutako «Literatura Unibertsala» bildumaren barruan gauzatu da[1]. Itzulpena zuzenean ingelesetik egina dago eta Things Fall Apart liburuaren Penguin Classics bildumako testua (Achebe 2001) erabili nuen horretarako[2]. Sorburu testua euskarara ekartzeko moduari buruz zalantzarik izaten nuenean eta, batik bat, sorburu testuko kultura elementuak xede testuan nola txerta nitzakeen jakiteko arrastoren bat bilatu nahi nuenean, ingelesezko testuaz gainera, frantsesezko itzulpena (Achebe 1972), katalanezkoa (Achebe 2000) eta gaztelaniazko bi (Achebe 1986 eta 1997) ere erabili nituen. Artikulu honetan, itzulpen testu horietako pasarte batzuk ezarriko ditut sorburu testuaren eta euskarazko testuaren ondoren, itzulpenean egindako hautuak hobeto azaltzeko. Pasarte horietako bakoitzaren ondoan, itzulpenari dagokion izenburua eta pasartea aurkitzen den orri zenbakia zehaztuko ditut parentesi artean.
Jatorrizko testuaz gainera, beste itzulpen batzuk kontsultatzeko modua izatea lagungarri gerta daiteke sorburu testuaren edizio batzuetan izaten diren akats eta hutsuneak agerian uzteko. Neuri, behintzat, hala gertatu zait. Pasarte batean itzulpen batzuen testua ez zetorren bat itzulpena egiteko erabili nuen ingelesezko edizioaren testuarekin (Penguin, 2001), ezta esku artean izan nuen beste edizioaren testuarekin ere (Heinemann, 2000), ingelesezko ediziook ez zekarten testu zati bat zekartelako beste itzulpen horiek. Bederatzigarren kapituluan, herrixkako jendeak uste du Okonkworen alaba, Ezinma, ogbanjea dela; hau da, espiritu gaizto baten mende erori den ume bat, hil ondoren ume gorputza utzi eta amaren sabelean sartzen dena hurrengo umearen gorputzarekin berriro jaiotzeko. Orduan, Okagbue aztia neskarengana doa aitorrarazi nahi baitio non dagoen ehortzia bere iyi-uwa; iyi-uwa delakoa ogbanjearen eta espirituen munduaren arteko lotura eratzen duen harri berezi bat da eta, harri hori aurkitu edo deuseztatzen ez bada, ogbanjea babestua dago eta, ondorioz, hil daiteke umea. Nik erabilitako edizioetan, honela hasten da aztiaren eta Ezinmaren arteko elkarrizketa:
'Where did you bury your iyi-uwa?' she asked in return. (Things Fall Apart: 59)
Baina she asked in return horrek ez du zentzurik, elkarrizketa galdera horrekin hasten delako eta aurretik ez zaiolako beste ezer galdetu. Eskura izan nituen itzulpenetan, honela eman zen pasarte hori:
—Où as-tu enterré ton iyi-uwa? avait demandé Okagbue à Ezinma. Elle avait neuf ans alors et se remettait à peine d'une grave maladie.
—Qu'est-ce qu'un iyi-uwa? Demanda-t-elle en retour. (Le monde s'effondre: 99-100)
—¿On has enterrat el teu iyi-uwa? —va preguntar Okagbue a Ezinma, que aleshores tot just tenia nou anys i s'estava recuperant d'una greu malaltia.
¿Què és un iyi-uwa? —va preguntar ella al seu torn. (Tot se'n va en orris: 86)
—¿Dónde enterraste tu iyi-uwa? —había preguntado Okagbue a Ezinma. Entonces ésta tenía nueve años y acababa de recuperarse de una grave enfermedad.
—¿Qué es iyi-uwa? -preguntó en respuesta. (Todo se derrumba: 84)
—¿Dónde enterraste tu iyi-uwa? —dijo la niña como respuesta cuando le preguntaron. (Todo se desmorona: 86)
Azkeneko itzulpen horretako testua bat dator nik esku artean neuzkan ingelesezko edizio bietako testuarekin; beste itzulpenetan, ordea, bi galdera daude eta bi pertsonaia dira, bata bestearen ondoren, galderak egiten dituztenak. Zentzu aldetik ere egokiagoak dira beste itzulpen horiek. Azkenean, nire ustez osoagoa zen pasarte hori zeukan ingelesezko edizio bat bilatu behar izan nuen eta Anchor Books argitaletxearen edizioan (1994) aurkitu nuen:
"Where did you bury your iyi-uwa?" Okagbue had asked Ezinma. She was nine then and was just recovering from a serious illness.
What is iyi-uwa?" she asked in return.
Ingelesezko edizioaren huts horrek eraman zuen Todo se desmoronaren itzultzailea hutsa errepikatzera eta testuaren barne logika hausten duen testu zati bat idaztera. Urte batzuk geroago, Patricia Martínek Estudio y análisis de dos traducciones de Things Fall Apart: vertientes lingüísticas y culturales izeneko tesia egin zuen ingelesezko edizioa eta gaztelaniazko bi itzulpenak elkarrekin alderatuz, eta huts berean erori zen testuari galdera bat gehitzea egotzi baitzion 1986ko itzulpenaren (Todo se derrumba) egile Fernández Santosi; hutsa, ordea, berak erabilitako ingelesezko edizioan eta Alvárez Flórezen itzulpenean zegoen. Hona hemen Patricia Martínen tesiko pasarte hori:
Como podemos apreciar, en la traducción de 1986 el traductor decide variar el fragmento añadiendo una pregunta. En el original, un brujo está preguntando a la hija de Okonkwo, Ezinma, dónde ha enterrado su iyi-uwa, respondiendo la niña con una pregunta al brujo preguntándole lo mismo. En cambio, el traductor decide añadir una pregunta directa acerca de qué es iyi-uwa formulada por la niña, mientras que pone en la boca del brujo la pregunta que en el original realiza Ezinma. (2006: 113)
Pasarte honen euskarazko itzulpena Anchor Books argitaletxearen 1994ko ediziotik egin nuen, beraz. Honako hau da:
—Non ehortzi zenuen zeure iyi-uwa? —galdetu zion Okagbuek Ezinmari. Orduan bederatzi urte zituen eta suspertzen ari zen eritasun larri baten ondoren.
—Zer da iyi-uwa? —galdetu zuen Ezinmak erantzun moduan. (Gainbehera dator dena: 109)
Beste itzulpen batzuk esku artean izatea lagungarria bada ere, itzultzaileak kontu handia ipini behar du, okerbidera ere eraman baitezakete batzuetan. Esate baterako, liburuko lehen paragrafoan kontatzen da nola Okonkwok, hemezortzi urte besterik ez zuela, lurrera egotzi zuen Amalinze Katua borrokalari handia. Paragrafo horren azken esaldia honako hau da ingelesezko testuan eta haren euskarazko itzulpenean:
It was this man that Okonkwo threw in a fight which the old men agreed was one of the fiercest since the founder of their town engaged a spirit of the wild for seven days and seven nights. (Things Fall Apart: 3)
Okonkwok gizon hori lurreratu zuen, beraz, borrokaldi batean, zeina zaharrak bat etortzen baitziren gogorrenetako bat izan zela herriaren fundatzaileak oihaneko espiritu batekin zazpi egunez eta zazpi gauez borrokan jardun zuenetik. (Gainbehera dator dena: 39)
Beste itzulpenetan honela azaldu zen pasarte hori:
Ce fut cet homme qu'Okonkwo terrassa dans une lutte dont les vieux s'accordèrent à dire que c'était une des plus acharnées depuis que le fondateur de leur ville s'était attaqué à un esprit de la brousse et l'avait affronté pendant sept jours et sept nuits. (Le Monde s'effondre: 3)
Fins que un dia Okonkwo el va tombar en una lluita que els més vells no van dubtar a considerar la més ferotge des que el fundador del poble havia retingut un esperit salvatge durant set dies i set nits. (Tot se'n va en orris: 11)
Ese era el hombre al que derribó Okonkwo en una pelea que los ancianos convenía había sido la más dura desde que el fundador de su pueblo combatió siete días y siete noches con un genio de la espesura. (Todo se derrumba: 16)
Okonkwo había derribado precisamente a aquel hombre en un combate que el viejo reconocía que había sido uno de los más fieros desde que el fundador de su poblado había luchado durante siete días y siete noches. (Todo se desmorona: 11)
Frantsesezko testuan, aditz bat (engaged) eta hari dagokion perpausa itzultzeko, bi aditz eta bi perpaus erabiltzen dira: le fondateur de leur ville s'était attaqué à un esprit de la brousse et l'avait affronté pendant sept jours et sept nuits. Katalanezko testuan, alde batetik, sorburu testuan ez dagoen zati bat gehitzen du (Fins que un dia) eta, bestetik, gaizki itzultzen du one of the fiercest zatia, la més ferotge ematen baitu. Azkeneko huts hori bera egiten da Todo se derrumba gaztelaniazko testuan: la más dura. Gaztelaniazko beste testuan, sorburu testuko the old men sintagma gaizki itzulia dago, el viejo itzuli baita.
Askotan sasi-adiskideak izaten dira itzultzailea okerbideratzen dutenak. Sasi-adiskideak deitzen zaie hizkuntza desberdinetan, erro bera edo antz handia izan arren, esanahian alde nabaria duten hitzei. Bederatzigarren kapituluko ondorengo esaldi honen itzulpen batzuetan ikus daitezke horrelako huts batzuk:
He was light in complexion and his eyes were red and fiery. (Things Fall Apart: 57)
Azal argikoa zen eta haren begiak gorri eta biziak ziren. (Gainbehera dator dena: 107)
Son teint était clair et ses yeurs rouges et flamboyants. (Le Monde s'effondre: 96)
Era de complexió lleugera i tenia los ojos enrojecidos y fieros. (Tot se'n va en orris: 84)
Tenía la piel clara y los ojos rojos y ardientes. (Todo se derrumba: 82)
Era de constitución frágil y tenía los ojos enrojecidos y fieros. (Todo se desmorona: 84)
Katalanezko testuan eta Todo se desmorona gaztelaniazkoan itzultzaileek gaizki itzuli dute complexion hitza, ziur aski katalanezko complexió hitzarekin eta gaztelaniazko complexión hitzarekin duen antzagatik, eta horren ondorioz, gaizki interpretatu dute ondoren light hitzaren esanahia.
Things Fall Apart eleberria itzultzen duenari batzuetan iruditu dakioke ez ote den itzultzen ari dagoeneko itzulpen prozesu batetik igaro den testu bat; izan ere, iboera ez den hizkuntza baten bitartez heltzen zaizkio ibo herriaren kultur elementu eta kontzeptu asko. Europar hizkuntzetan idazten duten afrikar idazleek beren afrikar esperientzietatik eta eremu indigenatik hautatzen dituzte fikzio lanen gaiak, eta Pamela J. Olabunmi Smith-ek (2001) «itzulsormena» deitzen duen prozesua erabiltzen dute horretarako. «Itzulsormena» (transcreative) terminoa «itzulpena» (translation) eta «sormena» (creation) terminoetatik eratorria da eta aditzera ematen ditu afrikar idazleek erabiltzen duten sormen prozesu eleaniztunaren funtsa eta transkripzio prozesuaren azken emaitza.
«Itzulsormenak» inplikatzen du afrikar idazleak nahitaez itzultzaileak direla: sortu ahala itzuli egiten dute. Itzultze/sortze egintzaren aldiberekotasuna kultura indigenen (mailegatzen diren gai, pentsamendu eta ideiak) eta bakoitzari dagozkion Mendebaldeko kulturen/hizkuntzen (kultura indigenak haietara bihurtzea) arteko elkarketa puntua da.
Paul F. Bandiak «Translation as Culture Transfer: Evidence from African Creative Writing» artikuluan (1993) adierazitakoaren arabera, afrikar sorkuntza lanak itzultzea «transposizio» prozesu bikoitza da: itzulpenaren lehen mailan, afrikar idazleak afrikar pentsamendua iraultzen du europar hizkuntza batera; itzulpenaren bigarren mailan, itzultzaileak europar hizkuntza batetik beste batera iraultzen du afrikar pentsamendua. Itzulpenaren lehen mailak europar hizkuntzaren afrikar aldaera bat sortzen du eta hizkuntza ez estandar deitutakoak sortzen dizkion arazoez arduratzea da itzultzailearen zeregina. Itzulpenaren bigarren mailan, hizkuntzarteko itzulpen prozesuaz gainera intersemiotikoaz ere arduratu beharra dago; izan ere, ahozko afrikar narratibaren eduki eta forma ezaugarriak funtsezkoak dira xede hizkuntza idatzian esanahia osorik irudikatzeko. Zatirik handienean, afrikar autoreak atzemanak ditu afrikar edukia eta forma, idazten duen europar hizkuntzan. Itzultzaileak afrikar eduki hori eta forma hori irauli behar ditu xede hizkuntzara.
Itzulpenaren lehen maila
Itzulpenaren lehen maila honetan, idazlea da afrikar pentsamendua ingelesera «itzultzen» duena. Mendebaldeko Afrikaren kolonizazio osteko idazle askok «indigenatu» egiten dute erabiltzen duten europar hizkuntza, adierazi nahi duten afrikar errealitatera makurrarazten baitute hizkuntza hori. Testua indigenatuz, idazlea saiatzen da testuan hizkuntz bereizkuntza agerrarazten eta afrikar kontzeptuak, pentsatzeko moduak eta hizkuntz berezitasunak aditzera ematen kolonizatzaile ohiaren hizkuntzaren bitartez. Ondorioz, hizkuntza eurofonoek beren hizkuntz eta erreferentzi egituran sartzen dituzte Mendebaldeko Afrikako hizkuntza autoktonoak.
Chantal Zabus-ek The African Palimpsest: Indigenization of Language in the West African Europhone Novel (2007) liburuan azaltzen duenez, Mendebaldeko Afrikako fikzio idazleek estrategiak landu dituzte beren testuetan europar hizkuntzen diskurtso hegemonia azpikoz gora iraultzeko; horretarako, indigenatu egiten dituzte europar hizkuntzak, eta gudu egiten dute idazte arloan hizkuntza horien aurka. Hizkuntza politika kolonialek baztertu zituzten afrikar hizkuntzak birgaitzeko ahalegina da nolabait.
Indigenatzearen lehenbiziko urratsa birlexifikatze semantikoa edo sintaktikoa da. Chinua Achebe, Ayi Kwei Armah eta Aminata Sow Fall bezalako idazleek iboeratik, fantitik eta wolofetik birlexifikatu dute, hurrenez hurren, europar exolektoa. Birlexifikatzea deskolonizatzeko estrategia bat da, baina ez da nahasi behar kalkoarekin, berau bigarren hizkuntzaren jabetze eskas edo gutxi gorabeherako baten ondorio baita. Edozein kasutan ere, ulertu beharra dago, birlexifikatzea estrategia subertsiboa izan arren, oraindik oinarritzen dela europar hizkuntza afrikar kultura adieraztera irits daitekeelako premisan. Baina testu birlexifikatuan dauden afrikar hizkuntzaren ezkutuko zantzuak ama hizkuntzaren ageriko zantzuekin ere izaten dira lehian batzuetan: «kulturalki markatutako objektu edo gertaerak deskribatzen dituzten afrikar hitzak edo esaldiak gardenki adierazi (itzuli edo birlexifikatu) ezin direnean europar testuan, idazlea «bigungarriak jartzeko» (cushioning) edo «kontestualizatzeko» (contextualizing) metodoez baliatzen da» (Zabus: 2007).
Afrikar hitz edo esaldi bati «bigungarriak» jartzen zaizkio esplikazio hitz edo esaldi bat gehitzen zaionean xede hizkuntzan. Kontzeptua testuaren barruan itzultzen da, beraz. Hona hemen Chinua Acheberen eleberriko adibide bat:
His own hut, or obi, stood immediately behind the only gate in the red walls. (Things Fall Apart: 11)
Haren etxola, edo obia, horma gorrietan irekitako sarbide bakarraren ondo-ondoan zegoen. (Gainbehera dator dena: 49)
Obi mailegu bat da, familia buruaren etxea edo gonbidatuak hartzen dituen etxearen zatia esan nahi duena. Ingelesezko kalkoak afrikar hitzaren irudikapen lauso bat ematen du, ezaugarririk orokorrenak; ez du xehetasun handirik ematen. Nahiz eta metodo honek, muturretara eramaten bada, testuaren esanahia murritz dezakeen, eraginkorra da kulturalki nahasgarri den erabilera saihesteko eta glosategi luzeegiak eta oinaldeko oharrak erabili beharrik ez izateko. Adibide asko daude eleberri osoan:
The elders, or ndichie, met to hear a report of Okonkwo's mission. (Things Fall Apart: 51)
Zaharrak, edo ndichieak, Okonkworen misioaren kronika entzuteko bildu ziren. (Gainbehera dator dena: 48)
He even remembered how he had laughed when Ikemefuna told him that the proper name for a corn-cob with only a few scattered grains was eze-agadi-nwayi, or the teeth of an old woman. (Things Fall Apart: 26)
Gogoan zuen baita ere nolako barreak egin zituen, Ikemefunak kontatu zionean ale gutxiko artaburuaren izen egokia eze-agadi-nwayi zela, atsoaren hortzak alegia. (Gainbehera dator dena: 68)
On her arms were red and yellow bangles, and on her waist four or five rows of jigida, or waist-beads. (Things Fall Apart: 51)
Besoetan besoko gorri eta horiak zeuzkan eta gerrian lau edo bost jigida erreskada, gerriko girgileria. (Gainbehera dator dena: 100)
None of them was a man of title. They were mostly the kind of people that were called efulefu, worthless, empty men. The imagery of an efulefu in the language of the clan was a man who sold his matchet and wore the sheath to battle. (Things Fall Apart: 105)
Inor ez zen tituluduna. Batik bat efulefu deitzen zuten pertsona klasekoak ziren, gizon geldo ezdeusak. Klanaren hizkuntzan, efulefu baten irudikapena gizon bat izaten zen, aihotza saldu eta gudura zorro hutsarekin zihoana. (Gainbehera dator dena: 166)
Azalpena ematen denean, esaldi baten luzera har dezake:
This man told him that the child was an ogbanje, one of those wicked children who, when they died, entered their mother's wombs to be born again. (Things Fall Apart: 57)
Gizon horrek esan zion haurra ogbanje bat zela, hil ondoren berriz jaiotzeko beren amaren sabelera itzultzen ziren haur gaizto haietariko bat. (Gainbehera dator dena: 106)
Ogbanje terminoak «etorri eta joan» egiten dena esan nahi du hitzez hitz. Mitologia sinesteek eta tradiziozko jakituriak oso markatua dagoen terminoa da. Achebe ohartua zegoen, terminoaren esplikazio itzulpenik egiten bazuen, ez ziola laguntza handirik emango iboa ez den irakurleari. Hortaz, terminoaren ondoren, testuaren barruko esplikazio bat prestatu zuen, iboar eta, ondorioz, afrikar mitologiaren gai konplexu honi buruzko zenbait argibide ematen hasi besterik egingo ez duena.
Kasuren batean, kalkoa eta azalpena, biak ematen dira:
It came from the direction of the ilo, the village playground. Every village had its own ilo which was as old as the village itself and where all the great ceremonies and dances took place. (Things Fall Apart: 31)
Iloa edo herrixkako zelaia zegoen aldetik zetorren. Herrixka bakoitzak bazuen bere iloa, herria bera bezain zaharra, zeinetan egiten baitziren zeremonia eta dantza garrantzitsu guztiak. (Gainbehera dator dena: 75)
Kontestualizatzeko teknikan, berriz, afrikar hitzak deskodetu daitezkeen eremu semantiko baten barruan sartzen dira. Inguruko hitz edo pasarteetan ematen diren azalpenak aski izaten dira, itzulpenik gabe, ulergarri gertatzeko. Hitz indigena aura batez inguratzen da, irakurlea iragarpen joko halako batean sartzen duten testuinguru eremuak ematen dira hitz indigenaren inguruan. Hitzak duen esanahiaren inguruko espekulazioak definizioa eman arte irauten du. Besteak beste, honako adibide hauek aurki daitezke Gainbehera dator dena eleberrian:
Even as a little boy he had resented his father's failure and weakness, and even now he still remembered how he had suffered when a playmate had told him that his father was agbala. That was how Okonkwo first came to know that agbala was not only another name for a woman, it could also mean a man who had taken no title. (Things Fall Apart: 11)
Mutil koskorra zenean ere, aitaren porrota eta ahulezia gaitzituak zitzaizkion, eta orain ere gogoan zuen nola mindu zen jolaskide batek aita agbala zela esan zionean. Horrela jakin zuen, lehenengoz, agbala emakume esateko beste izen bat baino zerbait gehiago zela, titulurik eskuratu gabeko gizona ere adieraz zezakeela. (Gainbehera dator dena: 49)
You carve a piece of wood — like that one (he pointed at the rafters from which Akunna's carved Ikenga hung), and you call it a god'. (Things Fall Apart: 131)
Zur puska bat zizelkatzen duzue, halako bat —Akunnaren Ikenga zizelkatua esekita zegoen habeak seinalatu zituen—, eta jainko esaten diozue. (Gainbehera dator dena: 200)
Hala ere, beste kasu batzuetan ez da inolako azalpenik ematen:
For many market weeks nothing else happened. They have a big market in Abame on every other Afo day and, as you know, the whole clan gathers there. (Things Fall Apart: 102)
Merkatu aste asko igaro ziren ezer gertatu gabe. Afo egun bitik batean merkatu handia izaten dute Abamen, eta, dakizuen bezala, han biltzen da klan osoa. (Gainbehera dator dena: 162)He could hear in his mind's ear the blood-stirring and intricate rhythms of the ekwe and the udu and the ogene, and he could hear his own flute weaving in and out of them, decorating them with a colourful and plaintive tune. (Things Fall Apart: 5)
Bere gogoan entzun zitzakeen ekwe, udu eta ogeneen erritmo zirraragarri eta katramilatuak, eta entzun zezakeen, halaber, nola bere txirularen soinua erritmo horiekin bilbatu eta doinu koloretsu eta auhenezko batez apaintzen zituen. (Gainbehera dator dena: 42)
It is iba said Okonkwo as he took his matchet and went into the bush to collect the leaves and grasses and barks of trees that went into making the medicine for iba. (Things Fall Apart: 5)
—Iba da —esan zuen Okonkwok, eta, aihotza harturik, basora joan zen ibaren sendagaia egiteko behar ziren hosto, belar eta zuhaitz azalak biltzera. (Gainbehera dator dena: 105)
Teknika biak afrikar kultura bere berezitasun etno-linguistikoan adierazte ideologikoari lotuak daude. Afrikar eleberriaren europar hizkuntzak «besterentzeko» ahalegin horretan, estrategia erradikalagoa da glosei, bigungarriei eta kontestualizatzeei uko egitea. Orduan, irakurlea testuaren kultur zeruertzez arduratzera behartua dago, lortu nahi badu eleberria bere osotasunean ulertzea.
Itzulpenaren bigarren maila
Gorago aipatu dudanez, itzulpenaren lehen mailan, idazlea da afrikar pentsamendua ingelesera «itzultzen» duena. Bigarren maila honetan, berriz, itzultzailea da afrikar idazleak ingelesera «itzulia» beste europar hizkuntza batera itzultzen duena. Itzultzaileak, beraz, ingelesez idatzitako testu bat itzuli behar du euskarara lehenik; baina hizkuntza eta kultura elkarri lotuak daudela onartzen badugu, ingeles hizkuntzari atxikitako ingeles kultura ere itzuli beharra du. Orobat, afrikar idazleak ingelesera ekarritako afrikar kultura ere itzuli behar du; baina afrikar idazleak erabilitako ingelesa afrikar kulturaz zamatua ez ezik afrikar hitzez, atsotitzez, mitoez, hizkuntza erritmoez, kontzeptuez betea ere badago. Kanpoko kultura batek hain markatua dagoen eleberri bat itzultzearen arazoetako batzuk kultura erreferenteak dira.
Kultura erreferenteak
Kultura erreferenteak testu elementu batzuk dira, hitzezkoak nahiz ez-hitzezkoak, sorburu kultura batean kultura zama batez edo konotazio berezi batzuez hornituak daudenak eta beste kultura batera aldatzean transferentziarik ez edo sorburukoaren desberdina den transferentzia eragin dezaketenak.
Eleberri honetako kultura marka edo erreferente asko ekologia arlokoak dira. Eleberria geografia eremu jakin batean dago kokatua, eta ingurune fisikoa oso bereizgarria da. Ondorioz, haizeen, landarediaren, faunaren eta geografiaren esparruetakoak diren kultura markek tokiko kolorea eta adierazkortasuna ematen dizkiote eleberriari. Elementu horietako asko ezezagunak dira xede hizkuntzaren kulturan. Ondoren bakarren batzuk aipatuko ditut. Adibideetan, sorburu testuko eta euskarazko testuko pasarteez gainera, frantsesezko, katalanezko eta gaztelaniazko bi testuetako pasarteak aipatuko ditut, hurrenkera horretan. Parentesi artean, testuari dagokion edizioko izenburua eta pasartea agertzen den orria zehaztuko dira.
harmattan. Harmattan haizea ipar-ekialdetik edo ekialdetik jotzen duen haize lehorra da Mendebaldeko Afrikan. Saharatik Gineako golkora joan ohi da eta hautsa eraman ohi du. Bereziki, azaroaren amaieratik martxoaren erdialdera bitartean jotzen du. Sei aldiz agertzen da eleberriaren lehen zatian. Lehenengo agerpenean, harmattan izena ageri da, beste azalpenik gabe:
That was many years ago, twenty years or more, and during this time Okonkwo's fame had grown like a bush-fire in the harmattan. (Things Fall Apart: 3)
Urte asko ziren hori gertatu zela, hogei urte edo gehiago, eta harrezkero gehiago hazi zen Okonkworen ospea, hala nola basoko sua harmattanarekin. (Gainbehera dator dena: 39)
...) comme un feu de brousse sous l'harmattan. (Le monde s'effondre: 10)
...) com un foc empès per l'aire sec del harmattan. (Tot se'n va en orris: 11)
...) como un incendio en el bosque cuando sopla el harmatán. (Todo se desmorona: 12)
...) como un fuego de sábana durante el harmattan. (Todo se derrumba: 15)
Euskaraz letra zuzenez eman nuen, ingelesez bezala, eta hitz arrunt gisa deklinaturik. Frantses eta katalan bertsioetan eta gaztelaniazko bertsioetako batean letra zuzena erabili da; gaztelaniazko bertsio horretan transkripziora jo da: harmatán. Gaztelaniazko beste bertsioan, letra etzana erabili da, nahiz eta hitzaren hurrengo agerpenetan letra zuzena erabili den. Katalan bertsioaren kasuan, jatorrizko testuan ez dagoen zerbait gehitu du (l'aire sec del), nahiz eta informazio hori bi paragrafo beherago arte ez zen eman jatorrizkoan:
And it not was not too hot either, because the cold and dry harmattan wind was blowing down from the north. Some years the harmattan was very severe and a dense haze hung on the atmosphere. (Things Fall Apart: 4)
Eta bero handiegirik ere ez zuen egiten, harmattan haize hotz eta lehorrak jotzen baitzuen iparraldetik. Urte batzuetan, harmattan haizea oso gogorra izaten zen eta gandu trinko bat zabaltzen zen atmosferan. (Gainbehera dator dena: 40-41)
Euskarazko testu itzulietan, erreferentzia bat baino ez dut aurkitu. Iñaki Iñurrietak James George Frazer-en Urrezko Abarra liburuari egindako itzulpenean, honela idatzi zuen:
Berari leporatzen zaio euria emateko edo gordetzeko ahalmena, eta haizeen jauna da, baitaHarmattan delakoarena ere, barrualdetik jotzen duen haize lehor beroarena.
Landarediari dagokionez, izen guztiak letra zuzenez idaztea izan da irizpide nagusia, izena jatorriz indigena izan arren.
Iroko. «Iroko» (Chlorophora excelsa) Afrikako arbola mota bat da, 50 m-ko garaiera izan dezakeena. Bertsio guztietan letra zuzenez idatzi da eta euskarazkoan ere halaxe idatzi dut.
udala. «Udala» (Chrysophyllum albidum) letra etzanez idatzi da katalanezko eta Todo se desmorona itzulpenetan, eta letra zuzenez beste guztietan. Aurreko kasuan bezala letra zuzenez idatzi dut.
silk-cotton tree. «Silk-cotton» tree delakoa (Ceiba pentandra) «cotonier» itzuli da frantsesez, «ceiba» katalanez, «ceiba» gaztelaniaz (1997) eta «bómbax» gaztelaniaz (1986). Kasu guztiotan letra zuzenez idatzi da. Euskaraz, kapok itzuli dut. Bombax generoko zuhaitz handi tropikala (Bombax eta Ceiba generokoa) da, hazien inguruan fruitu kapsularrak dituena bixar leunekin. Acheberen eleberrian, kapok zuhaitza gurtu egiten da oraindik jaio ez diren ume onen espirituak dauzkalako: «Haien atzean, kapok zuhaitz handi eta zaharra zegoen, zeina sakratua baitzen. Zuhaitz horretan haur onen espirituak bizi ziren, noiz jaioko zain. Egun normaletan, haurdun gelditu nahi zuten emakume gazteak esertzen ziren haren abaroan».
plantain. «Plantain» delakoa (Musa paradisiaca) banana familiaren (Musaceae) landarea da, banana arruntari (M. sapientum) estu lotua dagoena. Erreta jaten da.
On the third day he asked his second wife, Ekwefi, to roast some plantains for him. (Things Fall Apart: 46)
Hirugarren egunean, banana batzuk erretzeko eskatu zion bere bigarren emazte Ekwefiri. (Gainbehera dator dena: 93)
Le troisième jour, il demanda à sa seconde femme, Ekwefi, de lui rôtir des bananes à cuire. (Le monde s'effondre: 79)
El tercer dia va demanar a la seva segona dona, Ekwefi, que li rostís uns quants plàtans. (Tot se'n va en orris: 79)
El tercer día pidió a su segunda esposa, Ekwefi, que le asase unos plátanos. (Todo se desmorona: 69)
El tercer día pidió a Ekwefi, su segunda esposa, que le asara unos plátanos. (Todo se derrumba: 68)
Euskaltermek «banana» ematen du Musa paradisiaca adierazteko. Beraz, «banana» idatzi dut, nahiz eta beste aukera bat zen, frantsesaren ildotik («bananes à cuire»), «erretzeko banana» idaztea. Hala ere, aukera hori baztertu nuen testuinguruak berak argitzen duelako erretzekoak direla, eta bitan ageriko zelako «erretzeko» hitza.
alligator pepper. «Alligator pepper» delakoa (Aframomum melegueta) Afrikako zuhaixka baten fruitu marroi txiki bat da; zuhaixka horren hazi idorrak piperbeltz beltzaren antzekoak dira; offea ere esaten zaio. Haziak xehatu eta kola intxaurrekin nahastu daitezke bisitarien ongietorri erritualean. Beste itzulpenetan honela itzuli da:
alligator pepper (Things Fall Apart: 5); piment d'alligator (Le monde s'effondre: 12); pebre de cocodril (Tot se'n va en orris: 13); pimienta de cocodrilo (Todo se desmorona: 13); cubeba (Todo se derrumba: 17).
Euskaraz, 'Malegueta piperbeltz' tzuli nuen Elhuyarreko Alfontso Mujikaren argibideei jarraiturik eta Wikipedia entziklopediaren definizio honetan oinarriturik:
Aframomum melegueta is a species in the ginger family, Zingiberaceae. It is commonly known as Guinea pepper, Melegueta pepper, alligator pepper and Guinea grains. Grains of paradise, a West African spice that gives a pungent, peppery flavor, is obtained from this plant. It is a herbaceous perennial plant native to swampy habitats along the West African coast. Its trumpet-shaped, purple flowers develop into 5 to 7 cm long pods containing numerous small, reddish-brown seeds.
coco-yam. Taro landarearen (Colocasia esculenta) tuberkulua da, esfera formakoa, jateko on dena; tropikoetan hazten da eta patatak bezala jaten da, irin bihurtzeko ehotzen da, orea egiteko prestatzen da edo garagardoa egiteko hartzitzen da. Hemen, taro biribila (emakumezkoen uzta) ñame luzanga (gizonezkoen uzta) ez bezalako tuberkulua da.
At last Sky was moved to pity, and he gave to Vulture rain wrapped in leaves of coco-yam. (Things Fall Apart: 39)
Azkenean, Zerua errukitu eta euria eman zion Saiari taro hostoetan bildurik. (Gainbehera dator dena: 84)
...) enveloppée dans des feuilles d'igname. (Le monde s'effondre: 69)
(...) embolicada en fulles de malanga. (Tot se'n va en orris: 60)
...) envuelta en hojas de malanga. (Todo se desmorona: 60)
...) envuelta en hojas de coco-ñame. (Todo se derrumba: 59)
kola nut. Ingelesez kola nut esaten zaiona kolaren hazia da. Kola Afrikako zuhaitz mota bat da. Haziak kafeina du eta estraktu bat ateratzen da hartatik; bizitasuna irudikatzen du eta gonbidatuei adeitasunezko ahamentzat eskaintzen zaie abegi egiteko, sarritan Melegueta piperbeltzarekin batera. Alfontso Mujikaren (Elhuyar) arabera, Cola nitida eta Cola acuminata espezieak dira. Honela ageri dira testuetan:
kola nut (Things Fall Apart: 5); noix de cola (Le monde s'effondre: 12); nou de cola (Tot se'n va en orris: 13); nuez de cola (Todo se desmorona: 13); nuez de cola (Todo se derrumba: 17).
Alfontso Mujikak adierazi zidanez, Botanika hiztegian «hur» hautatu zuten nuez de coco, nuez de areca, nuez de burí, nuez de nipa eta nuez moscada adierazteko, eta, ondorioz, «kola-hur» ageri da Euskaltermen, nahiz eta gero «intxaur muskatua» eman. Euskarara itzulitako literatura lan batzuetan, berriz, «kola-intxaur» hautatu zen ondoren ikus daitekeen bezala:
Buruzagi bakoitzak sei ñame ekartzen ditu, eta palma-hostoen abarrak moztu eta bere ate aurrean ipintzen ditu, hiru ñame erre eta kola-intxaur batzuk eta arraina jiratzen ditu. (FRAZER J. G., Urrezko Abarra II, Itz.: Iñaki Iñurrieta)
[...] eta beste imajina bat ikusi genuen, kola-intxaurrez betetako saskikada bat zeukana aurrean, orduan nik kola-intxaur haietako bat hartu nuen [...]. (TUTUOLA A. [1993], Mozkor bat sasirik sasi, Itz.: Maria Garikano. Iruñea, Pamiela)
Azkenean, literaturan hartutako bidetik jotzea erabaki nuen eta «kola intxaur» eman nuen.
sisal. Kaktus landare mota bat da (Agave sisalana), hosto handi, mamitsu eta arantzadunak dituena. Harluxet hiztegiak «agabe» ematen du agabazeoen familiako eta Agave generoko landareen izen arruntaren ordain gisa. Apaingarri modura landatzen dira.
He had tried to protect them from the smouldering earth by making rings of thick sisal leaves around them. (Things Fall Apart: 18. or.)
Aihenok lur goritik babesten saiatua zen, haien inguruan agabe hosto lodizko hesiak ezarriz. (Gainbehera dator dena: 58)
ll avait essayé de les protéger contre la terre incandescente en les entourant d'épaisses feuilles de sisal. (Le monde s'effondre: 33)
Va intentar protegir-los de la terra roent col·locant-hi cercles de fulles gruixudes d'atzavara al vontant. (Tot se'n va en orris: 30)
Había intentado protegerlos de la tierra ardiente poniéndoles alrededor aros de gruesas hojas de sisal. (Todo se desmorona: 29)
Había tratado de protegerlos de la tierra ardiente haciendo círculos de gruesas hojas de sisal en torno a ellos. (Todo se derrumba: 32)
«Sisal» Mexikoko Yucatángo portu baten izena da, handik esportatzen baitzen landare horretatik arropa egiteko ateratzen zen zuntza.
Ekologiaren barruan sartutako kultura erreferenteez gainera, badira beste batzuk kultura materialaren barruan sar daitezkeenak.
foo-foo. Ñame birrindua da, janari gehienekin batera jaten dena. Beste itzulpenetan honela itzuli da:
foo-foo (Things Fall Apart: 27); fofo (Le monde s'effondre:); fu-fu (Tot se'n va en orris: 44); fufú (Todo se desmorona: 44); fu-fú (Todo se derrumba: 44).
Heinemann argitaletxearen 2000ko edizioari erantsitako «Testuan erabilitako hitz eta esapideen glosategia»n fufu ere ematen da foo-fooren aldaeratzat. Euskarazko testuan naturalizaziora jo nuen: fu-fu eman nuen (69. or.), letra etzanez eta hitz arrunt gisa deklinaturik, hala zegokionean (fu-fua).
Gizarte kulturaren barruan sartzen dira, berriz, ondoren datozenak.
bride-price. Afrikako toki askotan, ezkontzak hitzartzen direnean, ondasun material iraunkorrak, zerbitzuak edo biak eskualdatzen dira ezkongaien familien kide jakin batzuen artean. Orokorrean, ezkongaietako baten edo bien gizarte estatusaren araberakoak izaten dira prestazio horien garrantzia eta osaera. Halako prestazioak izaten diren gizarteetan, eskualdaketa horiek balio juridikoa ematen diote ezkontzari, eta haiek ez emateak baliogabetzea ekar dezake.
«Glossaire de la parenté»n (Barry eta beste batzuk 2000) ageri den bezala, prestazio horietako batzuk dotea eta emaztegai-prezioa dira. Glosategi horretan honela daude definituak:
Dotea (dot - dowry): emazte gazteak bere taldetik edo bere aitarengandik ondasun materialetan jasotzen dituen ezkontza prestazioak. Gehienetan eutsi egiten dio haien jabetasunari, baina bakanago ondasunon gozamenari. Dotea jarauntsiaren aurrerapentzat hartzen da batzuetan.
Emaztegai-prezioa (prix de la fiancée - bride price - bridewealth): suhiak edo haren taldeak emaztearen aitari ematen dizkion ezkontza prestazioak. Emakumearen taldeari bere kide baten galeragatik emandako ordaintzat jotzen dituzte autore askok. Prestazio horiek direla medio, senarrak eskubide batzuk bereganatzen ditu bere emakumearen gainean (lana, sexu batzea, kasu batzuetan seme-alabak bere leinuan atxikitzea, etab.); hala ere, ez da heltzen esklabotza kasuen pareko pertsona jabetza izatera.
Azkeneko prestazio horiek izendatzeko, Basden-ek (1966: 227), dowryz («dotea») hitz egiten du baina ohartarazten du hitz hori Mendebaldeko Afrikan ematen zaion zentzuaz ulertu behar dela, hau da, senargaiak emazteagatik ordaindu beharreko dirua dela. Ondoren gehitzen duenez, bride price («emaztegai-prezioa») ere proposatu da baina iboek iche oji nne na nna deitzen dute («amari eta aitari opariak eskaintzea»). Bere ustez, earnest money («erresak») da interpretaziorik zuzenena.
Edozein kasutan ere, kontzeptu biak ondo bereizi behar dira eta senargaiak ordaindu beharreko dirua adierazi nahi denean kontuan izan behar da dote hitzak oso bestelakoa esanahia duela europar hizkuntza eta kulturetan, eta interpretazio okerrera eraman dezakeela. Izan ere, protagonistak ez dira berdinak: dotea emaztegaiaren familiak ematen du; emaztegai-prezioa, berriz, senarrak edo haren senitartekoek ematen dute.
Afrikar etnia bakoitzak bere terminoa du ezkontzara batzen diren ondasun guztiak izendatzeko. Ondorioz, guztiek ezagutzen dituzte haren balioa eta esanahia. Europar hizkuntza eta kulturetan termino egokia bilatu denean afrikar terminologia sorta handia itzultzeko, hautatu diren esapide asko desegokiak dira edo okerrera daramate. Kontsultatu nituen itzulpenetan, bide bi ageri ziren nagusiki, kalkoa edo egokipena, jarraian ikusten den bezala:
She did not marry him because he was too poor to pay her bride-price. (Things Fall Apart: 47)
Ez zen Okonkworekin ezkondu, gizona behartsuegia zelako bere emaztegai-prezioa ordaintzeko. (Gainbehera dator dena: 72)
ll ne l'épousa pas alors parce qu'il était trop pauvre pour payer sa dot. (Le monde s'effondre: 53)
Aleshores Ekwefi no s'hi va casar perquè Okonkwo era massa pobre per pagar el preu que demanaven els pares d'ella. (Tot se'n va en orris: 46) (preu de la núvia: 71)
No se casó con él porque era demasiado pobre entonces para pagar el precio de la novia. (Todo se desmorona: 46)
No se casó con él entonces porque Okonkwo era demasiado pobre para pagar su dote. (Todo se derrumba: 47)
Katalanezko itzulpenean nozioaren azalpen bat egiten da (el preu que demanaven els pares d'ella) eleberrian kontzeptu hau lehenbiziko aldiz agertzen den pasarte honetan, baina hortik aurrera preu de la núvia esapidea erabiltzen da. Gainerako kasuetan, lehen aipatu dudan bezala, kalkora edo egokipenera jotzen da. Lehen aipatutako arrazoiengatik ez dut uste zuzena denik egokipenaz baliatzea, «dote» hitzak beste adiera bat baitu gure artean; horregatik emaztegai-prezio kalkora jo nuen.
inyanga. Erakuskeria edo arrandia egitea da.Inyanga, berez, nganga ibo hitzetik eratorritako hitza da. Bandiaren arabera (1996), pidgin hitza da, ingelesezko esaldian tokiko kolorea emateko sartu dena eta eleberrian identitate eta elkartasun eginkizun pragmalinguistikoa betetzen duena. Achebek eleberriaren afrikar izaera nabarmendu nahi du:
Achebek erakusten du nola inyanga bezalako hitz indigena baten erabilerak batasunera biltzen duen herrixka bateko komunitatea. Hitzak herrixkaren eguneroko bizimoduaz informatzen du irakurlea. Jendeak partekatzen ditu jakinduria komun bat, sinesmen sistema komun bat eta identitatearen eta talde baten kide izateko sentimendua ematen dion tradizio bat. (Bandia 1996: 149)
Okunoyek eta Obedunmik (2003), berriz, ibo hiztzat jotzen dute. Itzulpenetan honela ageri da:
The fact was that Obiageli had been making inyanga with her pot. (Things Fall Apart: 32)
Egiaz, Obiageli inyanga egiten jarduna zen pegarrarekin. (Gainbehera dator dena: 76)
En réalité, Obiageli avait fait inyanga avec son pot. (Le monde s'effondre: 58)
El cas és que Obiageli havia estat fent inyanga amb la seva gerra. (Tot se'n va en orris: 50)
La verdad era que Obiageli había estado haciendo inyanga con el cántaro. (Todo se desmorona: 50)
La verdad era que Obiageli había estado haciendo inyanga con su recipiente. (Todo se derrumba: 51)
Beste kultura erreferente batzuk hizkuntzari lotuago daude.
the sons of men. Zazpigarren kapituluan, Nwoyek gogora ekartzen du bere amak kontatzen zion istorioa, nola Lurrak eta Zeruak liskar bat izan zuten eta Zeruak zazpi urtez atxiki zuen euria. Saia bidali zuten Zeruaren bihotza samurtu zezan «gizonen semeeen» oinazeari buruzko abesti batekin. Ingelesezko testuko the sons of the men sintagmari baztergarria iritzita, itzultzaileren batek sexu bazterkeria saihesteko hautua egin du, ondoren ikus daitekeen bezala:
At last Vulture was sent to plead with Sky, and to soften his heart with a song of the suffering of the sons of men. (Things Fall Apart: 39)
Azkenean, Saia bidali zuten Zeruari otoi egitera eta haren bihotza samurtzera gizonen semeen oinazeari buruzko abesti batekin. (Gainbehera dator dena: 84)
A la fin, on envoya le Vautour plaider avec le Ciel et attendrir son cur avec un chant qui disait les souffrances des fils des hommes. (Le monde s'effondre: 69)
Al final es va enviar el Voltor per suplicar al Cel i estovar-li el cor amb una cançó sobre el sofriment de la humanitat. (Tot se'n va en orris: 60)
Por último se envió a Buitre a suplicar al Cielo, y a ablandar su corazón con un canto sobre los sufrimientos de los hijos de los hombres. (Todo se desmorona: 60)
Por fin se envió a Buitre a exhortar a Cielo y a ablandarle el corazón con una canción sobre los sufrimientos de los hijos de los hombres. (Todo se derrumba: 59)
Katalanezko itzulpenean, ordaintzat la humanitat emanez saihestu nahi izan da genero bereizketa. Itzulpen horrek ez du kontuan hartzen iboen gizarte antolaketa patrilineala dela. Okonkworen amaren aldetiko osaba Uchenduk liburuaren pasarte batean (157. or.) gogoratzen duenez, «Denok dakigu familia burua gizona dela eta emazteek haren esanak betetzen dituztela. Haurra aitarena eta haren familiarena da eta ez amarena eta haren familiarena. Gizona bere aitaren lurraldekoa da eta ez bere amaren lurraldekoa». Izan ere, iboak aitetatik semeetara doazen ondorengo lerroen arabera antolatuak daude. Azkenik, ez da ahaztu behar oso denbora gutxira arte mendebaldeko kristau testu zaharretan ere gizonen semeak erabili dela «gizakiak» adierazteko, eta hori hala egin dela bai ingelesez bai euskaraz (Duvoisin, Uriarte, Arxu...).
Kasu batzuetan, ezagun-ezagun da esamolde batzuk ingelesera hitzez hitz itzulitako ibo esamoldeak dira. Hona hemen haietako batzuk:
twenty an ten years. Iboen zenbatzeko sistemak ez du zenbaki bakar bat thirty («hogeita hamar») adierazteko; Achebek, beraz, hitzez hitz itzultzen du ingelesera iboen esapidea, eta twenty and ten ematen du. Euskararen zenbatze sistemak ere zenbaki bi gehitzen ditu, iboeran bezala, eta «hogeita hamar» egiten du («hogei eta hamar»). Zaila da, beraz, iboeraren berezitasun hori euskaraz nabarmentzen. «Hogei eta hamar» esapidea erabiltzea zen aukeretako bat, baina gehienez ere itzultzaileari ortografia-huts bat itzuri zitzaiola pentsatuko zuen irakurleak. Azkenean, berezitasun hori eman gabe utzi nuen.
His name was Uchendu, and it was he who had received Okonkwo's mother twenty and ten years before when she had been brought home from Umuofia to be buried with her people. (Things Fall Apart: 95)
Uchendu zuen izena, eta bera izan zen hogeita hamar urte lehenago Okonkworen ama hartu zuena Umuofiatik etxera ekarri zutenean bere jendearekin lur emateko. (Gainbehera dator dena: 153)
(...) vingt et dix ans (...). (Le monde s'effondre: 157)
(...) deu o vint anys (...). (Tot se'n va en orris: 131)
(...) veinte y diez años (...). (Todo se desmorona: 133)
(...) veinte y diez años (...). (Todo se derrumba: 127)
Beste itzulpenetan arazorik gabe jaso da iboen zenbatze sistemaren berezitasun hori; ez, ordea, katalanezko itzulpenean: juntagailu hautakari batez lotu ditu deu eta vint zenbakiak, eta beste zerbait adierazi du.
Gizon zuriaren gorputza, agur egiten dizut. Egwugwuak espiritu maskaratuak dira. Klaneko buruzagiek erritu jakin batzuetan maskara jarri eta espirituen ordez mintzatzen dira. Egwugwuak zeharka mintzatzen dira, espiritu hilezkorren hizkuntza formal bat erabiliz. Hizkuntza formal hori batzuetan ez da ulerterraza izaten Umuofiako herritarrentzat: hamargarren kapituluan, esaterako, Aru oyim de de de dei! diote, «agur adiskide baten gorputz fisikoari» esan nahi duena eta hogeita bigarren kapituluan Smith jaunari zuzendutako hitzen («Gizon zuriaren gorputza, agur egiten dizut») antza duena.
Badira hitz batzuk, atsotitzez gainera, autoreak ahozko literaturarekin duen zorra erakusten dutenak. Esaterako, «burdinazko zaldia» esaten zaio gizon zuriak, itxuraz galdu zenean, zerabilen bizikletari. Birlexifikatzeko prozesuak berrikuntza semantikora eramaten du, neologismora edo adiera zabalkuntzara jotzen baita afrikar hizkuntzan oinarriturik. Beste kasu bat «Zuek guztiok» da, Dortokak aukeratzen duen izena; baita «soka» ere, sugeari esateko erabiltzen den hitza. Kasu batzuetan, iboen metaforak erabiltzen dituzte, hala nola «zeruko ur intxaurrak», txingorra esateko.
Igboanusik azaldutakoaren arabera (2001: 65), irudiak informazio mota berezi batzuk adierazteko sartzen dira elkarrizketan eta narrazioan. Hizketaren baliabideak diren aldetik, irudiek esanahi berezi batzuk adierazten dituzte, hiztun komunitatearen testuinguru sozio-kulturaletatik eratorriak. Irudien esanahiak maila bi hauetan izan daitezke interpretatuak: literala eta metaforikoa. Esanahi literala hitz esanahiaren eta esaldi esanahiaren arteko konbinazio batetik ateratzen da. Esanahi metaforikoa, berriz, hizkuntzaz kanpoko faktore batzuk kontuan hartuz ondorioztatzen da; hizkuntzaz kanpoko faktore horiek ustekizunak, testuinguru sozio-kulturalak eta hiztunen jarrera izaten dira, adibidez, eta esaldiaren esanahi orokorrean izan dezakete eragina. Ingelesez idazten duten ibo idazleek iboen kultura indigenetatik hartzen dituzte askotan irudiak (bereziki metafora eta similen bitartez), eta ingelesean txertatzen dituzte itzulpenaren bidez. Irudiak, atsotitzak bezala, iboen literatura estrategiaren alderdi garrantzitsuak dira. Atsotitzak, hala ere, adierazpen ezagunak dira, hiztunari aukera ematen diotenak bere asmamena, jakinduria eta hizkuntza manipulatzeko gaitasun berezkoa erakusteko; irudiek, berriz, konparazio irudimentsuak erabiltzen dituzte esanahi bat adierazteko. Hona hemen eleberriko adibide batzuk:
That was many years ago, twenty years or more, and during this time Okonkwo's fame had grown like a bush-fire in the harmattan. (Things Fall Apart: 3)
Urte asko ziren hori gertatu zela, hogei urte edo gehiago, eta harrezkero gehiago hazi zen Okonkworen ospea, hala nola basoko sua harmattanarekin. (Gainbehera dator dena: 39)
(...) comme un feu de brousse sous l'harmattan. (Le monde s'effondre: 10)
(...) com un foc empès per l'aire sec del harmattan. (Tot se'n va en orris: 11)
(...) como un incendio en el bosque cuando sopla el harmatán. (Todo se desmorona: 12)
(...) como un fuego de sábana durante el harmattan. (Todo se derrumba: 15:)
«Basoko sua harmattanarekin» similak Okonkworen ospea arin hedatu zela adierazten du. Katalanezko itzulpenak ingelesezko bush hitza itzuli gabe utzi du.
Ahoa-betetzen-duen-okela-idorra naiz / Egur-sortarik-gabe-erretzen-duen-sua naiz. Gaizkiaren Basoa ahalguztiduna dela iradokitzen duten esaldi bi dira. «Oso arriskutsua naiz» izango litzateke haien baliokidea.
Atsotitzak
Chinua Achebek iboeraren esamoldeak simulatzen dituen afrikar estiloko hizkera bat diseinatu du. Horregatik, hitzen aukeraketaz eta haiek antolatzeko modu bereziaz gainera, atsotitz, metafora eta similak erabiltzen ditu oparo, gertakizunei eta pertsonaien bilakaerari dagokien giro kulturala deskribatzeko. Ingelesez idazten duten iboen artean ohikoa da ibo kulturako atsotitzak ingelesera itzultzea. Atsotitzok iboen pentsamendu ereduari eta estiloari jarraitzen dieten adierazpen laburrak dira, ingelesez emanak. Idazleok beren lanetan erabiltzen dituzten atsotitzen ugaritasuna iboen ahozko tradizioaren eraginaren ondorio da alde batetik, eta atsotitzen garrantzi literarioaren ondorio bestetik. Eleberriaren lehen kapituluan honela dio kontatzaileak:
Having spoken plainly so far, Okoye said the next half a dozen sentences in proverbs. Among the Ibo the art of conversation is regarded very highly, and proverbs are the palm-oil with which words are eaten. (Things Fall Apart: 5-6)
Ordura arte garbi hitz egin bazuen ere, hurrengo dozena erdi esaldiak atsotitz gisa bota zituen Okoyek. Iboek begiramen handia izaten diote solasteko arteari, eta atsotitzak hitzen gozagarri eransten den palma olioaren parekoak izaten dira haientzat. (Gainbehera dator dena: 42)
Hainbestetan aipatua izan den esaldi horrek erakustera ematen du zein estimu handitan duten iboek atsotitzen erabilera. Atsotitzak ideiak argitzeko eta entzuleei zirrara eragiteko erabiltzen dira. Adierazpen filosofiko eta moralak dira, hitz gutxitan sintetizatuak, komunitatearen sinesteei eta filosofiari eusten dietenak. Era berean, pertsonaien nortasuna adierazi eta erakusten dute. Azkenik, hiztuna etnia talde baten kidea dela adierazi eta talde horrekin identifikatzen dute.
Atsotitzak dituzten testuak itzultzen direnean, askotan itzulpen komunikatiboaren aldeko hautua egiten da. Egoera jakin batean sorburu testuak sorburu hizkuntzako esamolde estandar bat erabiltzen duenean egoera horretarako, itzultzaileak xede hizkuntzako esamolde estandar bat erabil dezake eta horrela xede kulturako egoera baliokide bat eman xede testuan. Itzulpen estrategia horren helburua da sorburu testuak bere irakurleengan sortzen duen eragin bera sortzea xede testuaren irakurleengan. Itzulpen mota hori atsotitz, esapide, klixe eta antzekoekin erabiltzen da eta autore askok gaitzetsi egiten dute halako esamoldeetarako hitzez hitzeko itzulpena erabiltzea. Hala eta guztiz ere, eleberri honetako atsotitzak hitzez hitz itzultzen saiatu naiz, itzulpen komunikatiboarekin galdu egingo litzatekeelako Achebek sortu nahi izan zuen efektu estilistikoa. Itzulpen komunikatiboak ez bezala, itzulpen semantikoak jatorrizko testuaren giroa eta tonua birsortzen ditu. Kontuan izan behar da, gainera, Achebek berak erabili zuela estrategia hori iboerazko atsotitzak ingelesera itzuli zituenean, kalkora jo baitzituen, ibo hizkuntzaren egitura linguistikoa eta hizketa ereduak oinarri harturik. Ibo atsotitza ingelesetik beste hizkuntza batera itzultzen denean itzulpen komunikatiboa erabiliko balitz, iruzur egingo litzaioke Achebek ibo atsotitzak ingelesez emateko hautatutako estrategiari.
Gainbehera dator dena eleberriaren itzulpenean hartu nuen irizpidea bat dator, bestalde, Catherine Sumner-Paulin-ek «Traduction et culture: quelques proverbes africains traduits» (1995: 554) artikuluan afrikar atsotitzak itzultzeko proposatzen duenarekin. Afrikar atsotitz batzuen azterketatik abiaturik, urrutiko kulturen hizkuntzekin (adib. afrikar tradizioak eta zurien mundua) lan egiten duten itzultzaileek aurre egin beharreko arazo linguistiko eta soziolinguistikoak azpimarratzen ditu. Atsotitzen itzulpena literalagoa izatea gomendatzen du kulturalki urrutikoak diren komunitateen identitatea errespetatzeko. Hona hemen atsotitzetako batzuk:
When the moon is shining the cripple becomes hungry for a walk. (Things Fall Apart: 8)
Ilargiak distira egiten duenean, elbarriari ere ematen dio paseatzeko gogoak. (Gainbehera dator dena: 46)
Ilargi-argiak babesa emateko ahala duela sinesten dela ematen du aditzera atsotitz honek, eta iboek iluntasunari dioten beldurrarekin egiten du kontrastea.
Atsotitz batzuek sarrera hitz batzuk izaten dituzte aurretik testua kontestualizatzeko; sarrera hitzok «zaharrek ziotenez», «gure jendeak dioenez» bezalakoak dira:
As the elders said, if one finger brought oil it soiled the others. (Things Fall Apart: 91)
Zaharrek ziotenez, hatz batek oliorik badauka, lohitu egingo ditu besteak. (Gainbehera dator dena: 150)
As our people say, a man who pays respect to the great paves the way for his own greatness. (Things Fall Apart: 15)
Gure jendeak dioenez, handiari ohore egiten dion gizonak bere handitasunerako bidea prestatzen du. (Gainbehera dator dena: 54)
Batzuetan, ondoko esaldian azaltzen da zer esan nahi duen; adibidez, kasu honetan:
As the elders said, if a child washed his hands he could eat with kings. Okonkwo had clearly washed his hands and so he ate with kings and elders. (Things Fall Apart: 6-7)
Zaharrek ziotenez, ume batek eskuak garbitzen bazituen, erregeekin jan zezakeen. Argi zegoen Okonkwok garbituak zituela eskuak, eta horregatik errege eta zaharrekin jaten zuen. (Gainbehera dator dena: 44)
Zentzua gizakiaren eta animaliaren arteko antzekotasun eta konparazio inplizituaren bidez higitzea (metafora zoomorfikoa) ohiko prozedura da atsotitz itzulietan. Sorburu hizkuntzan sinbolikoa dena zuzenean higitzen da xede hizkuntzara, nahiz eta batzuetan ulertzeko zailtasunak sor daitezkeen.
Let the kite perch and let the eagle perch too. If one says no to the other, let his wing break.' (Things Fall Apart: 15)
Pausa dadila mirua, eta pausa dadila arranoa ere. Batak besteari ezetz badiotso, hauts dakiola hegoa. (Gainbehera dator dena: 54)
Gizon lehiakor eta aurkariak inplizituki alderatzen dira miruarekin eta arranoarekin.
Metafora zoomorfiko batzuk hezkuntzari edo amatasun-aitatasunari lotuak daude:
'As our people say, "When mother-cow is chewing grass its young ones watch its mouth." Maduka has been watching your mouth.' (Things Fall Apart: 51)
Gure jendeak dioenez, «Behi amak belarra jaten duenean, txahalek ez dute haren muturra bistatik galtzen». Madukak ez dik hire muturra bistatik galtzen. (Gainbehera dator dena: 100)
Pidgina
Nigeriar pidgina ingelesean oinarritutako pidgin edo kreole hizkuntza da, Nigerian zehar hizkuntza franko moduko bat bezala hitz egiten dena. Askotan ez da kreoletzat hartzen haren hiztunik gehienek ez dutelako ama hizkuntza, ume askok aski goiz ikasi arren. Haren super-estratua ingelesa da eta yorubera, iboera eta hausa dira sub-estratu hizkuntza nagusiak.
Ihemere-ren arabera (2006: 297), Nigeriako pidgina bigarren hizkuntza dutenak 75 milioi inguru dira, eta lehen hizkuntza dutenak 3tik 5 milioira bitartean egongo dira. Kopuru bata nahiz bestea bizkor ari dira hazten, hizkuntza hau gazteen artean baitago zabalduen; izan ere, gazteak populazio osoaren gehiengoa dira, 133 milioi inguru. Nigeriar pidgina Mendebaldeko Afrikako beste herrialde batzuetan ere mintzatzen da, hala nola Ghanan eta Kamerunen.
Nigerian guztira 250 tribu inguru daudenez, badira aldaketa asko talde etnikoek hitz egiten duten pidgin moten artean. Halaz guztiz, aldaketa horiek gorabehera, federazioko eskualde, etnia, hizkuntz eta erlijio talde guztien kideek erabiltzen dute eta hori Nigeriako beste hizkuntzetatik bereizten duen ezaugarri bat da. Nigeriar pidgina nigeriar ingeles estandarretik bereizten duena beste zerbait da: edozein talde sozio-ekonomikoren kideek hitz egiten dute; ingeles estandarra gutxieneko gaitasun batez hitz egiten dutela adieraz dezaketenak, berriz, urte askoz hezkuntza formala jaso dutenak baino ez dira.
Nigeriar pidginaren ezagupenen bat izatea ezinbestekoa ari da bilakatzen Nigeriako gaiak ulertzeko eta Nigerian komunikazio praktikoa izateko. Nahiz eta nigeriar pidgina, alderdi askotatik, aukerarik logikoena den, Ihemere-ren iritziz, nazio hizkuntza izateko, aitorpen txikia egiten diote Nigeriako hizkuntza politikaren arduradunek. Nigeriar pidginarekiko jarrera ofiziala negatiboa da oraindik ere.
Pidginaren barruan ere mailakatze halako bat egin daiteke (Adler 1977): mutur batean, «pidgin gutxieneko» bat dago, europarren eta haien otseinen artean erabiltzen dena; bestean, batzuen kasuan egiazko kreolea izatera iritsi dena. Hiri handien hazkundearekin garrantzitsu bilakatu da. Hiri handiotan, afrikarren eta europarren artean ez ezik hizkuntza desberdineko afrikarren artean ere erabiltzen dute elkarrekin komunikatzeko. Hiri horiek Nigeriako tribuen arragoa bilakatu dira eta hirietako biztanlerik gehienak elebidunak dira. Nigeriako hirietako biztanleen belaunaldi berriek ez dituzte bakarrik beren hizkuntzak eta pidgina erabiltzen, baizik eta gero eta gehiago ingelesez ere hitz egiten dute gehienek. Hala ere, nigeriar pidgina oso garrantzitsua da eta ahaleginak egiten ari dira idatzira ere igarotzeko, baina zailtasun handiak daude nigeriar pidginak ez duelako forma estandar batu bat eta, ondorioz, ezta zabal onartutako ortografiarik ere. Komunitate bakar baten barruan ere desberdintasun handiak izaten dira pidginaren ahoskeran: gazteek eta jende ikasiagoak beste modu batean hitz egiten dute, zaharragoek eta ikasigabeek ez bezala.
Hamabosgarren mendean Europako ontziak etorri aurretik eta are musulmanak hamahirugarren mendean heldu aurretik ere, baziren mende batzuk Nigeriak merkataritza jarduera indartsua garatua zuela hiri handietan. Hizkuntza desberdinez mintzatzen diren nigeriarrek harreman estuan egon ziren elkarrekin ehundaka urtez. Elebitasuna eta eleaniztasuna araua izan da beti, salbuespena baino gehiago, Nigeriako tokirik gehienetan (Faraclas 1996: 2). Horregatik oso litekeena da nigeriar hizkuntzen pidgin bertsioak zabal erabili izana alderdi askotan. Esaterako, hausa pidgina oraindik ere erabiltzen dute hausera ama hizkuntza ez dutenek Txad lakuaren inguruko merkatuetan, eta iboeraren pidgin bertsio bat hitz egiten da gaur egun Nigerren deltako merkatuetan.
Faraclasen arabera (1996: 3), baliteke itsasertzean europarrak etorri baino lehenago hitz egiten zen nigeriar hizkuntza baten edo batzuen pidgin bertsioetatik garatu izana nigeriar pidgina. Europar merkataritzaren garrantziaren ondorioz, nigeriar hitzen ordez europar hitzak erabiltzen hasi ziren komunikazioa errazteko. Portugaldarrak iristen lehenak izan zirenez, portugesetik eratorritako hitz batzuk hartu ziren, baina britainiarrek Nigerian beren boterea sendotu zutenetik, ingeles hitz gehiago sartu ziren. Britainiarren kolonialismoarekin batera, europar hezkuntza ere etorri zen misiolarien eskutik; misiolari horietako asko Sierra Leonako kreole hiztunak ziren (gehienak esklabo ohiak edo «sorterriratutako» esklaboen ondorengoak).
Chinua Acheberen eleberri batzuk hirietan daude kokatuak, eta protagonistek pidgin hitz eta esapide asko erabiltzen dituzte. Gainbehera dator dena eleberrian, berriz, landa eremuko herrixka batean gertatzen da istorioa, eta eleberriaren hasieran, artean ere iritsi gabe daude europarrak herrixka edo eskualde horretara. Ondorioz, pidgin hitz banaka batzuk baino ez dira ageri eleberri osoan. Pidgin hitz horien presentziak erakusten du istorioa gertatzen zen urteetan pidgin moduko bat hasia zela zabaltzen, eta pidginaren zabalpenak aurre hartzen ziola europarren presentziari. Eleberri honetan azaltzen diren pidgin hitzak tie-tie, kotma eta sah dira. Bandiaren arabera (1996), inyanga ere pidgin hitza da.
tie-tie. Mahats aihena da, soka moduan erabiltzen dena; pidgin hitza da, to tie ingeles aditzetik eratorria. Kasu honetan ikusten da ondoen nola ingeles hitzen presentziak aurre hartzen dien britainiarrei Umuofian. Achebek esanahia argitzen du aurretik ingelesezko hitz baliokidea juntagailu batez lotuz.
There were little holes from one side to the other in the upper levels of the wall, and through these Okonkwo passed the rope, or tie-tie, to the boys and they passed it round the wooden stays and then back to him; (Things Fall Apart: 40)
Hormaren goialdean baziren zulo txiki batzuk aldez alde irekiak, eta Okonkwok zulootatik pasatzen zien mutilei soka, edo tie-tiea, eta haiek hesoholen inguruan pasarazi eta itzuli egiten zioten; (Gainbehera dator dena: 86)
ll y avait de petits trous qui traversaient de part en part la partie supérieure du mur et Okonkwuo y faisait passer la corde, ou tie-tie, aux garçons qui, à leur tour, la passaient autour des étais de bois, puis la lui redonaient. (Le monde s'effondre: 70)
A la part alta del mur, hi havia uns petits forats per on Okonkwo passava als nois una corda, o tie-tie, i ells la lligaven als puntals i la hi tornaven a passar a l'altra banda; (Tot se'n va en orris: 62)
El muro tenía agujeros pequeños que lo atravesaban de lado a lado por la parte de arriba y Okonkwo pasaba por ellos la cuerda, o tie-tie, a los chicos y ellos se la devolvían; (Todo se desmorona: 62)
En la parte alta del muro había agujeritos que lo traspasaban de un lado al otro, y por esos agujeritos Okonkwo pasaba la cuerda, o tie-tie, a los muchachos, que la enrollaban en torno a los postes de madera, y luego se la volvían a pasar a él, (Todo se derrumba: 61)
Itzulpen guztietan, bere hartan erabili da pidgin hitza, eta letra etzanez idatzi da, sorburu testuan bezala.
Ngozi O. Ozulu-k (1992: 372) onartzen du pidgina itzultzea arazo bat dela itzultzaileentzat, eta idazleek berek ere arazoak izaten dituztela pidgina beren lanetan sartzeko. Chinua Acheberen No Longer At Ease eleberriaren frantses itzulpenaz egiten duen azterketan, Things Fall Apart eleberriaren frantses itzulpena aipatzen du eta tie-tie hitza bere hartan utzi izana kritikatzen dio Michel Ligny itzultzaileari. Ozuluk interpretatzen du itzultzaileak ez zuela hitz hori itzuli ziurrenik ez zekielako pidgin hitza dela. Hala ere, ez du argitzen zein den ingelesezko pidgin hitz horri Mendebaldeko Afrikan dagokion frantses ordain baliokidea.
Tie-tie hitzaren esanahia Achebek berak argitzen du bigungarriak jartzeko teknikaren bidez. Hortaz, nire irizpidea, frantses itzultzaileena eta kontsultatu ditudan beste itzultzaileena bezala, hitza bere hartan uztea izan da. Euskaraz, gainera, ezin daiteke egin Ozuluk frantses itzulpenerako proposatzen duena: ingelesak eta frantsesak pidgintzat hartzen diren aldaerak dituzte Afrikan, eta aldaera horietan bila daitezke afrikar hitz baliokideak. Euskaraz, ordea, ez dago horrelako aukerarik.
Eleberriko hiru pidgin hitz horiek ez dute beste helbururik, nire ustez, ingeles pidginaren aldaera bat zabaltzen hasia zela agerraraztea baizik. Acheberen beste eleberri batzuk itzultzeko, berriz, beste estrategia bat erabili behar da. Hurrengo eleberrietan gertakizuna oraintsuagoko denboretan eta hiri inguruneetan kokatua dago eta pidginaren presentzia askoz ere ugariagoa da, ez da hitz solteetara murrizten.
kotma. Agente judiziala da; britainiarrek beren legeak betearazteko kontratatutako afrikarrak dira. Kotma court eta messenger hitzetatik eratorritako pidgin hitza da. Hitz hori lehenbizikoz agertu baino lerro gutxi batzuk gorago aipatuak ditu Achebek court messengers direlakoak, eta azaldua du, halaber, zein diren. Testuinguruak ematen du, beraz, pidgin hitz honen esanahiaren berri. Honela ageri da sorburu testuan eta itzulpenetan:
They were called kotma, and because of their ash-coloured shorts they earned the additional name of Ashy-Buttocks. (Things Fall Apart, 127. or.)
Kotma deitzen zieten eta hauts koloreko beren galtza motzengatik Hauts-ipurdi izengoitia hartu zuten. (Gainbehera dator dena, 196. or.)
On les appelait kotma, et à cause de leurs shorts couleur de cendre, il méritèrent le nom supplémentaire de Fesses-Cendrées. (Le monde s'effondre, 211. or.)
Els anomenaven kotma, i com que portaven uns pantalonets grisos, encara es van guanyar el segon sobrenom de «culs de cendra». (Tot se'n va en orris, 174. or.)
Les llamaban kotma y se ganaron el mote adicional de «traseros cenicientos» por el color de sus pantalones cortos. (Todo se desmorona, 62. or.)
Los llamaban kotma y como llevaban pantalones cortos de color gris claro, también los llamaban Culos de Ceniza. (Todo se derrumba, 168. or.)
Itzulpen guztietan, bere horretan erabili da pidgin hitza, eta, sorburu testuan bezala, letra etzanez idatzi, gaztelaniazko itzulpen bietan izan ezik. Euskaraz letra etzanez idatzi dut.
sah. «Jauna» esan nahi du pidgin hitz honek. Sorburu testuan eta haren itzulpenetan honela agertzen da:
'Yes, sah', the messenger said, saluting. (Things Fall Apart, 151. or.)
—Bai, sah —esan zuen agenteak, agur eginez. (Gainbehera dator dena, 225. or.)
—Oui, sah, dit le messager en saluant. (Le monde s'effondre, 253. or.)
—Sí, senyor —va dir el delegat, saludant. (Tot se'n va en orris, 207. or.)
—Sí, señor —dijo el agente, saludando. (Todo se desmorona, 209. or.)
—Sí, señó —dijo el hujier con un saludo. (Todo se derrumba, 198. or.)
Xede testuetan hiru prozedura erabili dira. Frantses testuak bere hartan utzi du pidgin hitza, letra etzanez idatzirik. Katalanezko testuan eta gaztelaniazko testuetako batean (Todo se desmorona) hitzaren esanahia itzuli da, besterik gabe. Azkenik, gaztelaniazko beste testuan (Todo se derrumba), hitzaren esanahia emateaz gainera, itzultzaileak hitza desitxuratu du, pidginak ingelesaren gainean egiten duen efektua birsortu nahian.
Euskaraz, bere hartan utzi dut hitza, letra etzanez idatzirik eta oinaldean ohar bat erantsirik. Liburu osoan, oinaldeko ohar hori baino ez dut ezarri. Autoreak hitz indigenak oinaldeko oharrez argitzeari uko egiteko hautua egin zuen bere eleberrian. Izan ere, pidgin hitzez gainera iboerazko hitz asko erabiltzen ditu eleberri osoan, eta bigungarriak jartzeko eta kontestualizatzeko teknikak erabiltzen ditu haien esanahia adierazteko, itzulpenaren lehen mailari buruzko atalean azaldu dudan bezala.
Nigeriarrek ah ahoskatzen dute r esaten dutenean. Ondorioz, mastah ahoskatzen dute master barik, sah esaten dute sir barik, eta expaht expert barik. Beste bi pidgin hitzetan ez bezala, Achebek letra zuzenez idazten du eta hortik eta hitzaren esanahia azaltzeko estrategiarik erabili ez izanetik ondoriozta daiteke sah pidgin hitzaren esanahia nahikoa ezaguna dela ingeles irakurleen artean.
BIBLIOGRAFIA
ACHEBE, Ch. (1965), «English and the African Writer», in Transition 18: 27-30.
———. (1972), Le monde s'effondre. Itz.: Michel Ligny. Paris, Présence Africaine.
———. (1991), Kitto dena!. Itz.: J. A. Mujika. Donostia, Elkarlanean (John Bayk Heinemann Guided Readers bildumarako egin zuen ingeles errazeko bertsioaren itzulpena da, Irakurmendi sailean argitaratua).
———. (1986), Todo se derrumba. Itz.: Fernández Santos. Madril, Alfaguara.
———. (1994), Things Fall Apart, New York, Anchor Books.
———. (1997), Todo se desmorona. Itz.: Alvárez Flórez. Bartzelona, Ediciones del Bronce.
———. (2000), Tot se'n va en orris. Itz.: Bernat Puig i Tobella, Bartzelona, Edicions 62.
———. (2000), Things Fall Apart, Londres, Heinemann.
———. (2001), Things Fall Apart, Londres, Penguin.
———. (2007), Gainbehera dator dena . Itz.: Alberto Martínez de la Cuadra. Alberdania-Elkar.
ADLER, M. K. (1977) Pidgins, Creoles and Lingua Francas: A sociolinguistic Study, Hamburgo, Buske Verlag.
BANDIA, P. F. (1993), «Translation as Culture Transfer: Evidence from African Creative Writing», in Traduction, Terminologie, Rédaction 6.2: 55-77. Paris. Interneten.
BANDIA, P. F. (1996), «Code-switching and code-mixing in African creative writing: some insights for translation studies», in Traduction, Terminologie, Rédaction, 9 (1): 139-153. Paris. Interneten.
BARRY, L. S., BONTE, P., GOVOROFF, N., JAMARD, J. L., MATHIEU, N. C., PORQUERES I GENÉ, E., D'ONOFRIO, S., WILGAUX, J., ZEMPLÉNI, A. eta ZONABEND, F. (2000), «Glossaire», in L'Homme, 154-155, Question de parenté. Interneten.
BASDEN, G. T. (1966), Niger Ibos (a Description of the Primitive Life, Customs and Animistic Beliefs, Etc of the Ibo People of Nigeria By One Who, for 35 Years, Enjoyed the Privilege of the Intimate Confidence and Friendship), London, Frank Cass.
CHUA, J. eta PAVLOS, S. (2001), CliffsNotes Things Fall Apart. New York, Wiley Publishing.
FARACLAS, N. G. (1996), Nigerian Pidgin. London, Routledge.
FINE, A. eta LEDUC, C. (1998), «La dot, anthropologie et histoire. Cité des Athéniens, VIe-IVe siècle/Pays de Sault (Pyrénées audoises), fin XVIIIe siècle-1940», in Clio, 7/1998, Femmes, dots et patrimoines, Interneten.
FRAZER J. G., Urrezko Abarra II, Itz.: Iñaki Iñurrieta.
IGBOANUSI, H. (2001), «The Igbo Tradition in the Nigerian Novel» in African Study Monographs 22 (2): 53-72. Interneten.
IHEMERE, K. U. (2006), «A Basic Description and Analytic Treatment of Noun Clauses in Nigerian Pidgin» Nordic Journal of African Studies 15 (3): 296-313. Interneten.
MARTÍN MATAS, P. (2006), Estudio y análisis de dos traducciones de Things Fall Apart: vertientes lingüísticas y culturales. Doktore gradua lortzeko tesia. Madril, Universidad Pontificia de Comillas.
OKUNOYE, N. eta OBEDUNMI, A. (2003), «Different story, different strategy: a comparative study of Achebe's style(s) in A Man Of The People and Anthills of the Savannah», in Studia Anglica Posnaniensia 39: 289-301.
OZULU, N. O. (1992), «Problems of Translating Nigerian Authors: The Case of Chinua Achebe's No Longer at Ease», in Meta 37, 2: 370-374. Interneten.
SMITH, P. J. O. (2001), «Making Words Sing and Dance: Sense, Style and Sound in Yoruba Prose Translation», in Meta 46, 4: 744-751. Interneten.
SUMNER-PAULIN, C. (1995) «Traduction et culture: quelques proverbes africains traduits», in Meta 34, 4: 703-710. Interneten.
TUTUOLA, A. (1993), Mozkor bat sasirik sasi, Itz.: Maria Garikano. Iruñea, Pamiela.
ZABUS, Ch. (2007), The African Palimpsest: Indigenization of Language in the West African Europhone Novel. Amsterdam, Atlanta, Rodopi.
Oharrak
1. Aipatu beharra dago aurretik ere bazela Chinua Acheberen eleberri honen bertsio bat euskaraz, 1991n argitaratua. 1974an, John Bayk Thing Fall Apart liburuaren bertsio bat egin zuen ingeles errazean Heinemann Guided Readers bildumarako. J.A. Mujikak ingelesezko bertsio hori euskaratu zuen eta Kitto dena! izenburuaz argitaratu zen Elkarlanean-en, Irakumendi sailean. Gainbehera dator dena eleberria itzultzeko, halere, ez nuen bertsio laburtu hori kontuan hartu.
2. Esku artean beste edizio bat ere izan nuen, Heinemann argitaletxearena (Achebe 2000); edizio horretatik, sarrera gisa erantsitako testuak erabili nituen, beste testu batzuen artean, Gainbehera dator dena liburuaren sarrera idazteko. Simon Gikandiren "Chinua Achebe and the Invention of African Literature" eta Don Ohadikeren "Igbo Culture and History" dira Heinemann edizioko testuok. Ivonne historia eta kultura testuingurua hobeto ulertu nahi duenak Ohadikeren sarreran aurkituko ditu argibide asko.