Lehen esperientzia literatur itzulpenean: Franz Kafka
2005ean EIZIEk urtero antolatzen duen "Literatura Unibertsala" itzulpen-lehiaketan parte hartu eta Franz Kafkaren hainbat kontakizun euskaratzeko lana esleitu zidaten. Eta horixe izan da, hain zuzen ere, nire lehen literatur itzulpena.
Sarrera
Aldizkari honetan esperientzia horren nondik norakoak azaltzeko gonbita luzatu zidaten. Egia esan, lotsa puntu bat ere ematen zidan hasieran, ez baitaukat hainbat urtetako eskarmenturik bizkar gainean, eta, beraz, ez natorkizue alemana-euskara literatur itzulpenaren inguruko teorizatze saio bat aurkeztera. Ordea, poza ere badut —aitortu behar dut— nire esperientziaren berri emateko aukera dudalako. Lehen literatur itzulpena eta, gainera, Franz Kafka: erronka handia, baina baita ardura ikaragarria ere.
Beraz, ondoko lerroetan itzulpen-enkargu horri nola aurre egin nion kontatuko dizuet, zein izan zen jarraitu nuen bidea, eta, jakina, zein izan diren bide horretan egin ditudan aurkikuntzak.
Bide horretan emandako urratsak laburbildu beharko banitu, honako hauek lirateke:
– Egilea ezagutzea: Kafkaren ezer irakurri ez duenak ere badu egile unibertsal horren berri, edo, gutxienez, bereganatua du kafkatarra den horren kontzientzia. Baina, jakina, itzultzeak egilearen ezagutza sakonago bat eskatzen du, halabeharrez, haren sorkuntza ulertu nahi bada. Horregatik, ezer itzultzen hasi aurretik, Franz Kafkaren biografiak irakurri nituen, girotzeko bazen ere. Hala, hortik aurrera, Kafkaren ipuinak irakurtzen hasita, Europako literatur sorkuntza-gune zoragarri batean murgildu nintzen.
– Itzultzea: egilearen ingurukoak ezagututa eta itzulgaiak irakurrita, itzultzeari ekin nion, ez arazo gutxirekin, noski. Erreferentziak erabiltzearen argi-ilunak ezagutzeko aukera ere izan nuen (aurrerago azalduko dut hori, labur-labur).
– Zuzenketa-prozesua: egindako itzulpenak funtzionatu egin behar du xede-hizkuntzan, eta, zentzu horretan, argitaletxeko zuzenketa-prozesua ezin baliagarriagoa izan da; lehen esperientzia berez izan ohi den eskarmentuari gehitu zaion irakasgai paregabea.
Egilea ezagutzea
"Arranguraren eta malenkoniaren artean badago beste desberdintasun funtsezko bat. Arranguratuari lekoreko mundua hondatu zaio, malenkoniatsuari bere burua desegin zaio. Arranguratuarentzat lekoreko mundua da basamortua; arranguraren poesia da, ene ustez, T.S. Eliotena. Malenkoniatsuarentzat, berriz, bere nitasuna da ahula, bere baitan dago basamortua, eta ez da gai maitatzeko, ez lan egiteko, ez ezertarako, malenkoniak norbere buruaren desestimua baitakar; Franz Kafka, esate baterako, malenkoniatsua da." (J. Sarrionandia, Ni ez naiz hemengoa).
Goiko hori Joseba Sarrionandiak Ni ez naiz hemengoa liburuan Kafkari egiten dion aipamenetako bat da, baina ez da, jakina, bakarra. Bada, liburu berean, Kafka eta umea izeneko ipuin bat. Horretaz gain, ezin aipatu gabe utzi Izuen gordelekuetan barrena poema-liburuan Kafka eta Pragako beste idazle garaikideei eskainitako atala: Prahako orenetan.
Izan ere, une jakin batetik aurrera Europako espresionismoaren izen handien itzala jasotzen hasiko da euskal literatura; estilo eta abangoardia literarioen leiho berri bat zabaldu izan balitz bezala. Eta eragin horretan pisu handia izan du Franz Kafkak.
Jon Mirande izango zen lehena idazle txekiarraren ipuinak itzultzen, baina atzetik etorri ziren Xabier Kintana, Rufino Iraola eta Antton Garikano ere; horiek guztiak itzulgai gisa inspiratu zituen Kafkak, baina, lehen esan moduan, espresionismoaren iturritik edaten hasi zen euskal idazleen belaunaldi oso batean ere izan zuen eraginik.
Gaur egun badirudi guztiz errotuta daukagula Kafkaren presentzia, eta oharkabean sortu dugu, guk ere, egoera bat kafkatarra dela esatean, adjektibo berri bat, gure hizkuntza literatur kutsuz janzten dugularik.
Ni neu ere, horretan nengoen, alegia, kafkatarra zentzugabea, iluna eta aldrebesa den egoera bat dela. Itzulpena egiteko garaia iritsi zitzaidanean, ordea, egilea bera ezagutzea izan zen lehen urratsa; Europa erdialdeko literatura-loraldi hartako bidean barna murgilarazi zidan urratsa izan zen, inondik ere.
Franz Kafka 1883ko uztailaren 3an jaio zen Pragan eta 1924ko ekainaren 3an hil, Vienan. Beraz, eta autorea bere testuinguru historikoan kokatu behar badugu, pentsatu behar dugu Txekia austrohungariar inperioaren zati zela, eta, sistema zentralizatu horren barnean, aleman hizkuntza eta kultura ziren nagusi.
Horregatik, txekiarra izanagatik ere, Kafkak alemanez idatzi zuen, etxean alemanez hitz egiten zuen, eta ikasketak eta lanbidea ere hizkuntza horretan bideratu zituen. Edonola ere, Kafkak txekiera ere menderatzen zuen. Garai hartako Pragako beste hainbat familien moduan, Kafkatarrak judutarrak ziren. Horrek eragin handia izango zuen egilearen bizitzan, hebreera ikasteari ere ekin omen zion.
Zuzenbide ikasketak burututa, aseguru-bulego batean hasi zen lanean. Dena den, Kafkaren pasioa beti izan zen literatura. Ezintasuna eta pasioa nahasten zitzaizkion literaturarekiko harremanean; nolabaiteko maitemina sentitzen zuela esan liteke, ezinegona eragiten dion, baina, hala ere, maitatzeari utz ezin diezaiokeen maitale sutsuaren moduan.
Gauez idazten zuen gehienetan, egunez aseguru-bulegoan lan egin, arratsaldez lo, eta iluntzean berriro hasten zen lanean.
Etxekoengandik ez zuen bere pasio horrekiko ulermenik jaso. Aitak inposatu nahi zion eredu patriarkala eramanezina zitzaion. Izatez, bere aitarekin izan zuen harreman zail horren isla ere aipatu izan da Kafkaren lanen interpretazioa egiterakoan.
Emakumeekin eduki zituen harremanak ere ez zitzaizkion oso arrakastatsuak suertatu. Ziurgabetasun erabateko batek inguratzen zuen haietakoren batekin konpromisoren bat hartzeko unea iristen zenean.
Izan ere, Kafkak bizi izan zituen beldur eta ziurtasun-falta guztien atzean literaturari emana zion bizitza sutsu baina, aldi berean, ikaratia dago. Literatura egiteko bizi nahi zuen, eta, beraz, bere bizitzan sar zitekeen beste ezeri ez zion konpromisorik txikiena ere eskaini nahi. Literatura zuen arma, eta arma horren atzean babesten zen.
Ordea, eta hau azpimarratu beharra dago, ez dugu pentsatu behar Kafkaren ingurunean dena iluna eta goibela zenik. Umorea eta ironia aurkitzen ditugu bere idazkietan, kontraesanak eta errealak ez diren egoerak ere barra-barra, eta horiek guztiak irudikatu zituen burua, iluna ez ezik, argia ere bazen.
Bere ipuinetan hainbatetan errepikatzen diren gaiak, honako hauek:
– Deskribapen zehatzak: guztia deskribatzen du xehe-xehe, baina, batez ere, pertsonaien keinuak eta jarrerak. Irakurlea eszenaren aurrean jartzea lortzen du, bertatik bertara balego bezala sentiarazten dio.
– Erreala dena naturaz gaindikoa edo bitxia denarekin nahasten du; hala, hainbatetan ageri zaizkigu animaliak pertsonaia nagusi gisa, pertsona arrunten keinu eta jarrerak bereganatuta; eta, bestalde, animalien gisara portatzen diren pertsonak ere agertzen zaizkigu...
– Izan ere, kontraesanak dira nagusi, nola diskurtsoaren bitartez nola hizkuntzaren erabileraren bitartez. Horrela, modu batera hasten dena bestera amaitzen da, ezustean. Eta amets moduko aldaketa horiexek dira, aldi berean, Kafkaren narraziogintzaren ezinbesteko ezaugarri.
Erreferentziak
Erreferentziak oso lagungarriak izan daitezke, baina, jakina, ez zaie itsu-itsuan jarraitu behar, lagun faltsu edo ustelak ere gerta daitezkeelako, eta, beraz, gure itzulpena ere okerra izan daiteke.
Ez da, beraz, gauza berria, ustez fidagarriak diren baina, egiatan, okerrak diren erreferentziei kasu egiteagatik itzulpena ere okerra atera izana.
Kafkaren lanetan bada adibide argi bat; Vor dem Gesetz edo Legearen aurrean ipuinarekin gertatzen da. Ipuin hori Jon Mirandek itzuli zuen lehenik, eta 1954an eman zuen argitara Euzko Gogoan. Xabier Kintanak 1995ean argitaratu zuen ipuin beraren itzulpena Ipuinak izeneko bilduma batean. Ordea, bi bertsioak aski desberdinak dira, eta ez soilik erabiltzen duten hizkuntza edo idazkera ri dagokionez; edukian ere badira desberdintasun nabarmenak.
Hona hemen adibide bat, aipatutako Vor dem Gesetz ipuinetik Mirandek nahiz Kintanak emandako itzulpenena:
"Von Saal zu Saal stehen aber Türhüter, einer mächtiger als der andere. Schon den Anblick des dritten kann ich einmal ich mehr ertargen."
"Aretoz areto, berriz, beste atezainak badituk, bata bestea baino ahaltsuago. Jada hirugarrenaren begiratzea, nihauk ere ezin jasan diezakeiat". (Jon Mirande)
"Aretotik aretora badituk, halaber, atezainak, zein zein baino ahaltsuagoa. Eta hirugarren atezaina hain ikaragarria denez, nik neuk ezin diat haren itxura jasan". (Xabier Kintana)
"Er wird kindisch, und, da er in dem jahrelangen Studium des Türhüters auch die Flöhe in seinem Pelzkragen erkannt hat, bittet er auch die Flöhe, ihm zu helfen und den Türhüter umzustimmen."
"Haurtzen da, eta, urrthe luzeotan athezaina azterrturik, hunen larruzko lephokoan bizi diren khukusoek ere ezagutu baititu, khukusoak ere othoizten ditu lagunt dezatela eta athezainaren gogoa haren aldera bigurrt dezatela." (Jon Mirande)
"Haurtzarora itzultzen da, eta atezainari urtetan egin dion behaketa luzean haren larruzko idunekoaren arkakusoak ezagutzeraino heldu denez gero, arkakusoei ere otoi egiten die laguntzeko, atezaina komentzi dezaten." (Xabier Kintana)
Miranderen itzulpena gehiago lotzen zaio jatorrizko testuak esaten duenari. Ez dakigu erreferentziarik erabili zuen ala ez, baina edukiaren aldeko akats nabarmenik behintzat ez zaio nabari. Kintanarenean ordea, badira edukiaren aldeko akatsak, beharbada alemanezko testua ongi ez ulertzeagatik sortuak, beharbada, erreferentzia oker bati jarraiki egindakoak.
Jakina, egia da, erreferentziarik ezean, galduta ere aurki zaitezkeela; zer esanik ez Kafka bezalako egile bat itzultzerakoan. Esaldi luze eta korapilatsuez gain, esanahia bera ere, zenbaitetan, ez baita garbi gelditzen.
Hasiera batean erreferentziarik gabe itzultzen hasi banintzen ere, berehala ohartu nintzen, beste hizkuntzetan nola itzulia izan den jakitea oso lagungarri izan daitekeela. Dena den, eta, lehen esan moduan, argi ibili beharra dago, eta erreferentziak erreferentzia huts gisa erabili, okerrak ez errepikatzearren.
"Wenn ich einem schönen Mädchen begegne und sie bitte: "Sei so gut, komm mit mir" und sie stumm vorübergeht, so meint sie damit:"
"Cuando encuentro una hermosa joven y le ruego: Tenga la bondad de acompañarme y ella pasa sin contestar, su silencio quiere decir esto:"
"Neska eder bat topatu eta honela erregutzen diodanean: Porta zaitez eta etorri nirekin, eta neska erantzun gabe pasatzen denean, berez, honako hau esan nahi du:"
Goiko adibidean, gaztelaniazko bertsioan dotoreegi ematen du itzultzaileak gonbidapenaren itzulpena. Gaztelaniazko erreferentziari jarraituta, beraz, euskaraz ere dotoreegi itzultzeko arriskua genuke, jatorrizkoak, berez, halako doinurik ez duenean; eta, hori, azken batean, eduki-akats gisa ere har daiteke.
Beraz, beste hizkuntzetara egindako itzulpenak erreferentzia gisa hartzea oso lagungarria da, betiere tentuz jokatu behar dela kontuan hartuta.
Beste hizkuntzetara egindako itzulpen hutsak baino, beste hizkuntzetara egindako itzulpenen edizio kritikoak kontsultatzea oso baliagarria dela iruditzen zait. Kafkaren kasuan, adibidez, bada katalanek gaztelaniaz ateratako edizio kritiko bat, Jordi Lloveten gidaritzapean, eta, bertan, kontakizunez gain, hainbat xehetasunen inguruko azalpenak eransten dituzte atzealdean gehitutako eranskinean. Eta azalpen horiek izugarri interesgarriak dira egilearen literaturgintzan sakondu nahi duen edonorentzat.
Beraz, esango nuke, erreferentzietara jo aurretik bi aldiz pentsatu behar dela, gutxienik, zein erreferentzia hartu erabaki baino lehen.
Itzulpena eta erabakiak hartzea
Itzulpen hau egiterakoan, oro har, bi motatako arazoekin egin dut topo. Batetik, jatorrizko testua xede hizkuntzan emateko ohiko zailtasunak daude, alegia, sorburu hizkuntzan erabilitako egituretatik urrundu behar izatea sorburu hizkuntzan "funtzionatzen" duen modu batean adierazi ahal izateko.
Bestetik, ordea, egilearen beraren hizkera eta estiloa daude. Lehen esan moduan, Kafkaren testuetan deskribapen xeheak dira nagusi, eta, bestalde, etengabeko ironia eta kontraesana sorraraztea helburu duen diskurtso aldrebesa aurkitzen dugu.
Jakina, bi motatako zailtasunak elkar loturik daude, hein batean, jatorrizko hizkuntzak sorrarazi dizkidan arazoak, hain zuzen ere, egilea Kafka izateagatik etorri baitira, eta, beraz, idazkera kafkatarra euskaratzea ez delako lan makala.
Edonola ere, hona hemen adibide kafkatar batzuk:
Mendeko Perpausak
Perpaus nagusian tartekatzen diren erlatibozko perpausak oso luzeak izan daitezke alemanez, eta Kafkak gauzak xeheki deskribatzeko zeukan zaletasuna kontuan hartuta, esan beharrik ez dago perpaus amaigabeak topatu ditudala:
"Endlich gegen 10 Uhr abends kam ich mit einem mir von früher her nur flüchtig bekannten Mann, der sich mir diesmal unversehens wieder angeschlossen und mich zwei Stunden lang in den Gassen herumgezogen hatte, vor dem herrschaftlichen Hause an, in das ich zu einer Gesellschaft geladen war."
"Azkenean, gaueko hamarretan iritsi nintzen gonbidatu ninduen lagunartea bilduta zegoen etxe dotore haren aurrera, lehendik ia-ia ezagutu ere egiten ez nuen gizon harekin iritsi ere, bi ordu luze haietan kaleetan zehar ibiliz nigandik banandu ez zena."
Kontraesanak
Kontraesan mordoa dago Kafkaren idazkietan. Banakako esaldietan ez ezik, diskurtso osoan, oro har, kontraesana da nagusi. Bereziki nabarmena da hori Gosearen artista ipuin-bilduma osatzen duten istorioetan. Ia-ia bakarrizketa direla ere esan genezake, irakurlea erotzeraino eramaten duten diskurtsoak, betiere pertsonen egoera jakin bati buruzko edo beren izaerari buruzko ingurumarietan kateatzen zaituzten hizketa etengabea. Hona hemen adibide batzuk:
"Manche seiner Aussprüche möchte man oft wiederholen, allerdings nur manche, denn in seiner Gesamtheit krankt er doch wieder an allzu großer Leichtigkeit. Er ist wie einer, der bewundernswert abspringt, schwalbengleich die Luft teilt, dann aber doch trostlos im öden Staube endet, ein Nichts."
"Batek askotan nahiko lituzke bere esaeretako batzuk errepikatu, baina batzuk bakarrik, bere osotasunean gehiegizko arinkerian erortzen baita berriz ere. Jauzi miresgarri bat egin, enararen moduan airea zulatu, baina gero errukarriki hauts hutsean amaitzen duen norbait bezalakoa da, Ezer Ez bat." (miresmenetik gaitzespenera egiten du hemen jauzi)
"Mein neunter Sohn ist sehr elegant und hat den für Frauen bestimmten süβen blick. So süß, dass er bei Gelegenheit sogar mich verführen kann, der ich doch weiß, dass förmlich ein nasser Schwamm genügt, um allen diesen überirdischen Glanz wegzuwischen."
"Bederatzigarren semea oso dotorea da eta emakumeek gustuko duten begirada gozoa dauka. Hain da gozoa, zenbaitetan ni neu ere lilura bainazake, baldin badakit ere, belaki busti bat baino ez dela behar haren distira estralurtarra ezabatzeko." (hemen ere ezereztu egiten du hasiera batetik semeari aitortzen zion dotorezia)
"Hohe Herren von der Akademie: Sie erweisen mir dir Ehre, mich aufzufordern, der Akademie einen Bericht über mein äffisches Vorleben einzureichen. In diesem Sinne kann ich leider der Aufforderung nicht nachkommen. (...) In eingeschränktesten Sinn aber kann ich doch vielleicht Ihre Anfrage beantworten und ich tue es sogar mit großer Freude."
"Akademiako jaun txit gorenak: ohore handia da niretzat akademiari nire aurreko tximino-bizitzari buruzko txosten bat aurkezteko gonbita jaso izana. Zentzu horretan, zoritxarrez, ezin erantzun diezaioket gonbitari. (...) Ordea, zentzu oso mugatu batean, baliteke zuen eskaerari erantzun ahal izatea."
Aditzondoak
Aditzondoek pisu handia dute alemanez. Partikula gisa kokatzen dira perpausetan, eta horiek itzultzeak buruhauste bat baino gehiago ekarri ohi du.
Ez da artikulu honen helburua aditzondoen itzulpenaren inguruko azterketa bat egitea, eta, beraz, ez naiz teorizatzen saiatuko, benetan interesgarria eta baliagarria litzatekeela uste badut ere, horretarako azterketa eta hausnarketa sakonagoa egin beharko bailitzateke.
Ordea, ezin aipatu gabe utzi hemen, Kafkaren itzulpenaren nondik norakoak azaltzen ari naizen honetan, aditzondoekin zer-nola jokatu dudan.
Lehen esan bezala, zenbait aditzondok esanahi bat baino gehiago izan dezake. Esate baterako, nur aditzondoak "soilik" esanahia har dezake, baina egoera bat edo esandako zerbait azpimarratzeko funtzioa ere bete dezake:
"[...]durch fortwährend abbiegende Korridore, durch ein leeres Zimmer mit einem verlassenen Schreibtisch mühselig suchen, bis er sich tatsächlich, da er diesen Weg nur ein- oder zweimal und immer in größerer Gesellschaft gegangen war, ganz und gar verirrt hatte."
"[...]etengabe batera eta bestera egiten zuten korridoreetan barrena, eta idazmahai bat bere horretan utzita zegoen gela huts batetik iraganik, harik eta, azkenean, erabat galdu zen arte, bide hori behin edo bitan baino ez baitzuen egin, eta beti pertsona gehiagorekin batera."
"Gotteswillen, ich habe ja ganz meinen Koffer vergessen! " "Wo ist er denn?" "Oben auf dem Deck, ein Bekannter gibt acht auf ihn. Wie heißt er nur?"
"—Jainkoarren, nire maleta erabat ahaztu dut eta!
—Non dago ba?
—Goian, itsasontziaren bizkarrean, ezagun bat ari da zaintzen; baina, nola izena zuen?"
Dena den, esanahi bera gordeta ere, konturatu naiz, euskaraz, aditzondo hori bera beti automatikoki ordezkatuko duen baliokiderik ezean, modu bat baino gehiagotan eman daitekeela, betiere testuinguruaren eta perpausaren esanahiaren arabera. Eta hala behar duela uste dut, gainera; alegia, egongo da aditzondook itzultzeko modu sistematiko bat, gehiegi pentsatu gabe, horietako bat agertu eta nola itzuli esango ligukeena, baina literaturaz ari gara, beraz, sorburu testuaren esanahia eta erritmoa jaso, testutik urrundu, eta hori bera euskaraz ematen saiatu naiz, euskaraz izan ditzakegun baliabideak erabilita.
Esate baterako, freilich aditzondoa jakina, noski adierazteko erabiltzen da perpausean, baina pasarte guztietan ezin aplika dezakegu baliokidetasun hori automatikoki:
"Freilich, sein menschlicher Verkehr war eingeschränkt, nur manchmal kletterte auf der Strickleiter ein Turnerkollege zu ihm hinauf, dann saßen sie beide auf dem Trapez, lehnten rechts und links an den Haltestricken und plauderten[...]"
"Jakina, gizakiekiko hartu-emana mugatua zuen, noizean behin baino ez zitzaion igotzen akrobata-kideren bat sokazko eskaileratan gora; orduan, trapezioan esertzen ziren biak, bata eskuinaldeko sokan bermatuta eta, bestea, ezkerraldekoan, eta berriketan aritzen ziren;"
"[...] in den alten Zeiten unseres Volkes gab es Gesang; Sagen erzählen davon und sogar Lieder sind erhalten, die freilich niemand mehr singen kann."
"garai batean, gure herrian bazen kantua; kondairek horren berri ematen digute eta kantu batzuk ere gorde dira, inor gehiagok kantatu ezin dituenak, noski."
"Sprang dann einer über die Fensterbrüstung und meldete, die anderen seien schon vor dem Haus, so stand ich freilich seufzend auf."
"Orduan norbaitek leiho-koskaren gainetik salto egin eta gainerakoak dagoeneko etxetik kanpo zirela esaten bazuen, zutitu egiten nintzen, hasperenka." (adibide honetan hurrenkerarekin jokatu dut, "jakina" edo "noski" jartzeak testuak berez duen lirikotasuna ezabatuko bailuke)
Zuzenketa-prozesua
Ezin amai nezake nire lehen literatur itzulpeneko esperientzia hau kontatzeaz zuzenketa-prozesuak izan duen garrantzia aipatu gabe.
Esan gabe doa bi begik ikusi eta atzematen dutena baino askoz gehiago ikusi eta atzematen dutela lauk, seik, zortzik... zenbat buru hainbat aburu, esango du baten batek, eta, beharbada, nahasgarri ere gerta daitekeela, batek irtenbide bat eta beste batek beste bat eman baitezake. Baina hori aberastasuna baino ez da.
Zalantzen aurrean ezinbestekoa gertatzen da, sorburu testuko hizkuntza ongi menderatzen duen norbaiti kontsulta egitea, eta, bestalde, xede-hizkuntzako besteren bati ere irakurle-begiekin irakur dezan uztea.
Kritikak, errieta baino, irakasgai paregabea dira. Eta niri argitaletxetik jaso ditudan kritika eta zuzenketa guztiek begiak zabaltzeko balio izan didate. Nabaritu ere egiten dut, itzulpen hau egin aurretik nekiena baino askoz gehiago dakidala orain, eta, hori, norberak jasotzen duen eskarmentuaz gain, kontsulta egindako jendeari eta, nola ez, argitaletxeko zuzentzaileari zor diot.
Ondorio gisa
Itzulpen-lan hau egitetik ondorio bat baino gehiago atera dut, lehen esan moduan, ikasgai ederra izan baita.
Batetik, alemanetik euskarara itzultzen aritzeko aukera eman dit, eta hori oso motibagarria izan da niretzat, alemanarekin harreman ona gordetzen dudalako, eta, alde horretatik, oso gustura hartu nuen enkargua izan zen.
Bestetik, euskal itzultzaile gisa esperientzia hartzeko aukera eman dit, artean literatura itzuli gabea bainintzen, eta bidean sortu diren arazo eta zalantzek eta horien aurrean hartu behar izan ditudan erabaki eta irtenbideek asko erakutsi didate.
Ez dut esango bide gozoa izan denik, plazer bat izan denik edota, are, ondo pasa dudanik ere. Lan motibagarria eta, beraz, merezi zuena izan bada ere, nolabaiteko lasaitua ere hartzen da azkenean ere, lana amaitua dagoela ikusten denean. Baina, atzera begiratuta, izerdia eragin didaten esaldi luzeek eman didaten eskarmentuaz ohartuta, bide ona, polita izan dela diot. Errepikatuko nukeen bidea.
Tarteka kafkatarra izatera iristen zen larritasun bat ere sartu izan zait, pentsatzea, Kafkak bizian argitaratu zituen ipuinak nik, literatur itzulpeneko lehen esperientziaren aurrean nengoen honek euskaratu behar zituela. Baina, listo, hor daude. Lan kafkatarra izan da, baina, zalantzarik gabe, kafkatarra dena ederra ere bada.