Lagun desleialak eta leialak
Artikulua PDFn.
Joan den abenduan Mercè Rodoredaren itzultzaileak elkartu ziren Bartzelonan, eta ezin nagoke horren inguruan zenbait gogoeta egin gabe. Jatorrizko testuak jatorrizko testuaren irakurleengan pizten dituenen antzeko emozioak eragin nahi ditu itzultzaileak bere hizkuntza eta kulturako irakurleengan. Itzultzailea autorearen atzean ezkutatuta geratu ohi da, eta lana gaizki egiten duenean edo hutsegiteak egiten dituenean bakarrik gogoratzen gara berataz. Gardentasun zuhur eta baitezpadako batean eustean datza, beraz, itzultzailearen lanaren handitasuna, era horretan bere testu berriaren baitan utz baitezake osotara irakurlea hunkitzeko helburua (egia esan, autorearena da oraindik testua, baina itzultzaileak egin du). Noizbait esan izan dut itzultzailea katedraletan lan egiten zuten eskultoreak bezalakoa dela, leku erpinetako moldadurak, xurrutarriak eta eskulturak lantzen zituzten harako zizelkari haiek bezalakoa, alegia, zeinen filigrana lanari usoek baino ezin baitzioten erreparatu. "Gu Jainkoarentzat ari gara lanean" esaten omen zuten haiek. Itzultzaileak bere lanari usoek baino antzeman ez diezaioten egiten du lan. Testu itzuliak zirrara eragin, aise korritu eta plazerra sortzen badu ongi itzulita dagoela badakiten horiek baino antzeman ez diezaioten, alegia.
Itzultzaileak oso ongi jakin behar du jatorrizko hizkuntza, eta batez ere, ongi baino hobeto jakin behar du bere hizkuntza, xede hizkuntza. Poesia itzultzeko, poeta izan behar du itzultzaileak. Eta eleberria itzultzeko, ez du zertan eleberrigile izan, baina bai poeta sena eduki. Hizkuntzarekin tratuan ibiltzea oso gauza serioa da; itzultzaileak ez ditu hitzak iraultzen, emozioz betetako tresna estilistikoak baizik. Broma gutxi. Eta hainbeste aldiz igarotzen da testutik, ezen, lan horretan buru-belarri diharduen bitartean, autoreak berak baino hobeto ezagut baitezake obra.
"Lehen hitzetik azkeneraino, gozo-gozo eraman nau testuak, uhin maltso baten gainean bezala", esan zidan behin itzultzaile batek, bion ustez itzultzen zaila behar zuen nire testu bat itzultzeak zeinen lan gutxi eman zion adierazteko. Sortzaileak bezala, itzultzaileak pozik geratu behar du bidean behin eta berriz topatzen dituen oztopoak gainditzeko proposatutako irtenbideekin. Uhin maltsoen gainean gozo-gozo joate hori izatera jo behar du itzultzailearen lanak.
Hizkuntza ez-ahaltsuen literaturek tradizio sendoa dute itzulpengintzan, eremu urriko hizkuntzek zubiak eraiki beharra baitute, idazle gehiago eta argitalpen-industria indartsuagoa dituzten hizkuntza ahaltsuagoek adinako obra kantitatea eta kualitatea eskainiko badizkiete beren irakurleei. Katalan literatura ez da salbuespena: bertako argitaletxe gehienek lehentasuna ematen diote beste hizkuntza askotatiko katalanerako itzulpenari. Beraz, Europako testuingurura begira jarrita, non hirurogeitik gora hizkuntza bizirik baitaude, erraz ulertuko dugu Umberto Ecoren harako baieztapen hura: "Europako hizkuntza itzulpena da".
Bada gertaera bitxi bat: klasikoen itzulpenen zahartzearena. Askotan, bi edo hiru belaunaldiz behin, berriro itzultzen dira lehendik itzulita zeuden obrak. Kontua da belaunez belaun ongi zahartuz doan jatorrizko testua baino askoz arinago zahartzen dela testu itzulia. Hori dela eta, hainbat urtez behin, obra beraren beste itzulpen bat egin beharra dago, unean uneko irakurleengandik hurbilago egoteko, irakurle horiek beren aiton-amonen hizkuntza arranditsua gogorarazten dieten bertsioei muzin egitea nahi ez badugu behintzat. Misterioa, hau da: nolatan dario naftalina-usaina testu itzuliari, eta jatorrizkoari, berriz, ez?
Miquel Desclot lehen mailako poeta eta poesia itzultzaile handiaren hitz batzuk ekarri nahi nituzke orain hona, zeinetan T. R Steiner aipatzen baitu, zeinak John Denham aipatzen baitu, bere Virgiliren itzulpenei buruz ari dela. Denhamek diosku, eta Steinerrek helarazten, Desclotek azaltzen eta nik hona aldatzen, ezen "itzulpenaren zeregina ez dela soilik testu bat hizkuntza batetik bestera iraultzea, poesiatik poesiara iraultzea baizik". Hain da aldi berean sakona eta hauskorra poesiaren indarra, ezen, prozesu horretan, lurrundu ere egin baitaiteke: itzultzaileak berriz osatu behar du urrina. Eleberri baten prosak ere, nik uste, urrin propioak ditu, eta itzulpena berez den garbitze horretan galdu egin daitezke urrinok. Nolako erantzukizuna sentitu behar duen itzultzaileak, berriz sortu eta hizkuntza batetik bestera aldatu behar duen testuaren aurrean!
Orain dela hiru urte, nire hamaika itzultzailerekin elkartzeko pribilegioa izan nuen. Nire argitaletxearen babesaz eta instituzioen laguntzaz bultzatutako ekimen horrek aurrera egin du geroztik, eta horren antzeko topaketak egin dira beste idazle batzuen itzultzaileekin. Azkenekoa, aurtengoa, Rodoredarenekin. Kultur jatorri desberdineko pertsonak, eta antzeko hizkuntzen edo erabat desberdinen hiztunak izanik, zalantza eta irtenbide trukea izugarri aberasgarria da itzultzaileentzat; baina baita autoreentzat ere, begirada sakoneko irakurle batzuek —maitasunez eta maitasunagatik testuaren sakoneko sekretua bilatzen duten irakurle batzuek— beraien obrari buruz duten pertzepzioa zein den jakiteko. Gogoan dut behin Amos Ozi irakurri eta inoiz baliatuko ez nituela uste nuen hitz batzuk esan nizkiela itzultzaileoi, horretarako aukera suertatu zitzaidalako erabat hunkiturik: "Ausart zaitezte nirekiko desleial izaten, nirekin leial jokatu ahal izateko".
2008ko urtarrilaren 3an AVUI egunkariko kultura-gehigarrian argitaratua.
Jaume Cabré i Fabré (Bartzelona, 1947) idazlea da.