Roda P. Roberts solaskide
Erika Gonzalez, Iñigo Errasti

Roda P. Roberts irakaslea filosofia eta letretan lizentziatu zen Bombayko Unibertsitatean. Ondoren, Kanadan jarraitu zituen bere ikasketak eta Laval-go Unibertsitatean (Quebec) egin zen doktore. Kanadako, Estatu Batuetako eta Indiako hainbat unibertsitatetan eman ditu itzulpengintza eta interpretazio eskolak. Itzulpengintzako irakasleak ere prestatu ditu Kanadan, Estatu Batuetan eta Mexikon. Itzulpengintzaren teoria, itzultzaile nahiz interpreteen prestakuntza, terminologia/lexikografia eta interpretazio soziala landu ditu bere artikuluetan. Egun, Ottawako Unibertsitateko irakaslea da eta Kanadako Hiztegi Elebidunaren (Bilingual Canadian Dictionary) proiektua zuzentzen du. Roberts irakaslea Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatera gonbidatu zuten joan den apirilean. Itzulpengintza alorreko doktoregoko ikasleei mintegi bat eman zien corpus linguistikoaren inguruan. Aukera paregabea iruditu zitzaigun bizitza osoa itzulpengintzari eta interpretazioari eskaini dien emakume honi elkarrizketa egiteko.

Erika Gonzalez (elkarrizketatzailea), Iñigo Errasti (transkripzioa eta euskarazko itzulpena)


Elebitasunaz ari garela, Kanada Euskal Herriarekin alderatu daiteke hein batean. Azalduko diguzu, mesedez, zein den Kanadako hizkuntza egoera gaur egun?

Hara, ziurrenik jakingo duzu ofizialki Kanada herrialde elebiduna dela. Horrek esan nahi du gobernuaren zerbitzuak ingelesez eta frantsesez eskaini behar zaizkiela kanadarrei. Jakina, hori teoria da. Benetan gertatzen dena da Kanadako zenbait gunetan ez dela eskatzen zerbitzurik hizkuntza gutxituan, hau da, frantsesez. Beraz, zenbait lekutan, hizkuntza batean bestean baino zerbitzu gutxiago ematen dira. Hala ere, ofizialki, edozeinek eska dezake zerbitzua emateko, hizkuntza ofizialetako batean zein bestean. Ordea, ingelesa da nagusi ezbairik gabe. Zergatik den nagusi ingelesa? Frantses hiztunen kopuruarekin erkatuta, ingeles hiztunena handiagoa delako. Frantsesdunak hiztunen % 25 dira gutxi gorabehera. Ingeles hiztunak, ostera, batez beste % 75 edo... esan dezagun % 70 direla. Horiez gain, ez dugu ahaztu behar Kanadak badituela beste zenbait hizkuntza, ofizialak ez direnak, baina, hein batean, zerbitzuak horietan ere eskaintzen direla. Hortaz, ofizialki herrialde elebiduna bada ere, herrialde eleaniztuna da, zeren, Estatu Batuetan ez bezala, guk ez dugu jende guztia behartzen ingelesa ikastera. Bultza egiten dugu jendeak bere jatorrizko hizkuntza gorde dezan, nahiz eta jatorrizko hizkuntza ez izan ez frantsesa ez ingelesa.

Eta zer gertatzen da jatorrizko biztanleekin, Lehen Herriak direlakoekin? Euren hizkuntzak dauzkate? Nola kudeatzen duzue horien hizkuntza egoera?

Egoera hori oso korapilatsua da. Esate baterako, Ipar Mendebaldeko Lurraldeetan hamar bat hizkuntza ofizial daude, bai? Beraz, ingelesaz eta frantsesaz gain, beti dute inuita, Inuit herriaren hizkuntza, hau da, estatubatuarrek Eskimal esaten dietenena; eta horrezaz gainera, dozenaka indiar hizkuntza daude. Baina, horiek guztiak ez dira ofizialak: zazpi edo zortzi bat dira ofizialak Iparraldean. Arazoa areagotu egiten da indiar hizkuntzak, bereziki horiek, lagun gutxiko multzoek hitz egiten dituztelako, zenbaitetan 300 edo 500 laguneko taldeek. Hala eta guzti, indiar hizkuntzok ofizialak dira Ipar Mendebaldeko Lurraldeetan.

Eta Kanadako Gobernuak sustatzen al ditu hizkuntza horiek?

Bai, Ipar Mendebaldeko Lurraldeetako Gobernuak, esaterako, diru laguntza handia jaso du Gobernu Federalaren eskutik, Iparraldean hizkuntza horiek sustatzeko.

Lehen esan duzu Kanada herrialde eleaniztuna dela, eta horrexegatik izango dira, agian, hain onak zuenean interpretazio eta itzulpen sozialaren arloko zerbitzuak. Uste dut zuek zaretela arlo horretan aurreratuen dauden herrialdeetako bat. Nola hasi ziren zuenean halako zerbitzuak sustatzen? Zer dela eta?

Beno, esan beharra daukat Kanadan interpretazio sozialaren hastapenak beste edonongoen oso tankerakoak izan zirela. Bazen horren beharrik eta hala hasi zen jendea: urte askoan borondatezkoak aritu ziren, edo senitartekoak, edo erizainak ospitalean. Horrela, jendea konturatu zenean senitarteko batek edo langileren batek, interpretea ez zen batek egindako interpretazioak ez zuela etekin onik ematen, orduantxe hasi zen zertxobait antolatzen edo garatzen interpretazio soziala. Ondoren, gutxika-gutxika, zenbait gobernu, adibidez Ontarioko Herritartasun eta Kultura Ministerioa, trebatzeko saio bereziak eskaintzen hasi ziren eta zenbait erakunderi laguntza ematen, esaterako CISOC (Cultural Interpretation Services of Ottawa Carleton) erakundeari, Ottawan.

Jarraitzeko, elebitasunaren gaiari helduko diogu. Gobernuak sustatzen al du elebitasuna? Edo, besterik gabe, zenbait probintziatan arlo horretako politika sendoagoa al da gainontzekoetan baino? Adibidez, badago alderik Ontarioren eta Vancouver-en artean?

O, beti dago aldea probintzia batetik bestera! Ea Gobernu Federalak elebitasuna sustatzen duen? Bai, sustatzen du. Elebitasuna sustatzen du zerbitzuak bi hizkuntzetan emanez; itzulpenak eskainiz; hitzaldien interpretazio-zerbitzuetarako diru laguntza emanez, interpreteak behar izanez gero, diru laguntza bereziak eskatzeko aukera baituzu. Horixe sustatzen duela elebitasuna. Bestetik, probintziek euren politika dute, Ontariok, esaterako: frantses hiztun nahikotxo dago Ontarion, beraz, hango Gobernuak diru laguntza berezia ematen die unibertsitateei, Ottawako Unibertsitateari kasurako; eta horren bitartez, eskolak bi hizkuntzetan ematen dituzte. Horrezaz gainera, probintzia gobernu batzuek barneratze programa delakoak bultzatzen dituzte. Programa horiek, funtsean, Haur Hezkuntzan izaten dira, eta umeei irakasten zaie... tira, frantsesean baizik ez dira izaten, dena delako arrazoiren batengatik, ez dute ingeleseko barneratze programarik egiten. Halako programen asmoa da umeak hasieratik hastea den-dena frantsesez ikasten. Eta Ontarion, bertako Gobernuak, Probintzia Gobernuak, babes sendoa ematen die barneratze programei. Columbia Britainiarrean eta Albertan ere gurasoek halakoak eskatzen dituzte. Beraz, probintziaren araberakoa ere izaten da.

Bestalde, zu zeu Ottawako Unibertsitatetik zatoz. Zer-nolako ikasleak dituzue oro har? Ikasketak bukatuta, Gobernu Federalentzat aritzen dira edo merkatu pribatu elebidunean lan egiten dute? Izan ere, jakin badakit mundu osoko ikasle ugari dituzuela. Zer-nolako ikasleak trebatzen dituzue Ottawako Unibertsitatean?

Zein programa dugun hizpide da kontua. Lehen mailako programan itzultzaile profesionalak trebatzen ditugu. Zera, lehen mailako titulua, lizentzia, eskuratzen dutenek, batez ere gobernuentzat lan egin ohi dute, itzultzen; baina, zenbaitetan, enpresa pribatuentzat egiten dute lan edo, gero eta sarriago, beregain aritzen dira, freelance. Graduondokoa burutzen dutenen artean, batzuek gobernuan goi mailako lanpostuetara jotzen dute: zuzentzaile edo kudeatzaile; beste batzuek, ordea, masterra doktoregorako urrats gisa egiten dute, eta noski doktoregoa egiteko asmo horretan, unibertsitatean irakastea dute helburu. Nire ustez, atzerriko ikasleen artean, graduondoko programan aritzen direnetatik batzuk lanbiderako trebatzera etorri eta ondoren euren herrialdeetara itzultzen dira. Esate baterako, mexikar ikasle bat izan nuen, hona etorri, lanean aritu, terminologiako titulua eskuratu eta Mexiko Hirira itzuli zena, itzultzaile aritzeko. Bestalde, horietako batzuk hemen geratzeko eta doktoregoa egiteko asmoz etortzen dira.

Eta zertan da itzulpenaren eta interpretazioaren merkatua Kanadan? Uste dut batez ere frantsesa eta ingelesa dituzuela laneko hizkuntzak, baina zein beste hizkuntza eskatzen dituzte gehien?

Funtsean, frantsesean eta ingelesean lan egiteko gai baldin bazara, bizitza osorako lana izango duzu. Nire ustez, espainiera da hizkuntzetan hirugarrena, eta portugesa ere bada zertxobait. Horretan, pixka bat ezberdin izaten dira interpretazioa eta itzulpengintza. Eta hizkuntzetan hirugarren garrantzitsuena espainiera dela esaten dudanean, itzultze lanaz ari naiz. Interpretazioan aldatu egiten da, batez ere interpretazio sozialean, herrialdeko zein alderdi den. Batzuetan, portugesa izan daiteke, beste alderdi batzuetan italiera, orain leku askotan arabiera da.

Eta biltzarretako interpretazioaren arloan zein da egoera?

Biltzarren interpretazioan espainiera izaten da beti hirugarren hizkuntza.

Izan ere, Ottawan izan nintzenean entzun nuen Kanadak, batzuetan, Mexikoko eta latin-amerikar herrialdeetako interpreteak kontratatu behar izaten dituela, Kanadan ez dutelako behar adina interprete izaten.

Bai, interpreteak ekarri izan ditugu bat-batean Mexikotik. Hori nazioarteko biltzar handietarako izan ohi da. Halakoetan, hiru kabina izaten dira, erabat bereiziak: ingelesekoa, frantsesekoa eta espainierakoa. Normalean, biltzarrean espainieraz egingo duen hizlariren bat baldin bada, konpontzen gara; baina, den-dena egin behar bada espainieraz, arazoak izaten ditugu behar adina jende topatzeko.

Ottawako Unibertsitatean garrantzi handiko egitasmo bat duzu esku artean: Kanadar Hiztegi Elebiduna. Azalduko diguzu hiztegi horrek zer garrantzi duen herrialdearentzat, itzultzaileek zertan izango duten erabilgarri, eta noiz ekin zenion egitasmo horri?

Egitasmo horri hogeigarren mendeko laurogeiko hamarraldiaren bukaeran ekin nion, beraz, hamabost urtez aritu naiz lan horretan. Argi dago Kanadarentzat egitasmo garrantzitsua dela, besterik ez bada, egun inongo hiztegi elebidunek ez dituelako ingelesa eta frantsesa jasotzen Kanadan erabiltzen dituzten legez. Jakina, Kanadako ingelesak, eta halaber frantsesak, batak zein besteak, asko daukate komunean beste tokietan hitz egiten dituzten ingelesarekin eta frantsesarekin; horietan hainbat ezaugarri berdinak dira. Baina, ezberdintasunak ere badira, eta gaur egun ez dago kanadar erabiltzaileentzako hiztegi elebidunik. Horra, bada, zer dela-eta gure hiztegiaren garrantzia.

Roda, orain hitz beste egingo dugu. Eskarmentu handiko irakaslea zara, berrogei bat tesi gidatu dituzu, munduko txoko guztietako ikasleak gidatu dituzu. Bizipen ederra izan al da? Alegia, zer-nolakoa izan da hainbat eta hainbat herrialdetako ikasleekin lan egitea, jatorrian horren hezkuntza ezberdina izan dutenekin; batzuetan, zaila izan behar du. Azalduko diguzu hori?

Bai, beti izaten da erronka jatorri ezberdineko jendearekin lan egitea, besterik ez bada, jatorrian heziketa ezberdina izan dutelako. Horren ondorioz, kasuan-kasuan zehazki asmatu behar duzu zer dakiten, eta, gero, ikasle horiek dakitenetik zure ustez jakin behar dutenera eraman. Alegia, hori beti izaten da erronka bat. Ni, nolabait, zorionekoa izan naiz, zeren ikasleekin oso zorrotza izatearen fama izan baitut. Horregatik, tesiak gidatzeko eskatuz etorri ohi zaizkidan ikasleak, oso langileak izaten dira. Alfertxoak edo lanerako gogorik gabeak ez zaizkit etorri ere egiten gidatu ditzadan eskatzera, zeren, ni neu ezagutu gabe ere, norbaitek lehenago esaten die: «Ez, ez, lanik egin behar ez baduzu, hobe duzu Roda ikustera ez joan». Hau da, zorionekoa izan naiz, salbuespenen batzuk badira, baina niregana datozenak, oro har, lanean gogor aritzeko oso prestatuta etorri ohi dira. Ikaslea lanean gogor aritzeko prestatua badago, aukera duzu haren heziketara moldatzeko, eta ez da arazorik izaten. Jatorrian hezkuntza urria izan badute eta alferrak badira, orduantxe hasten da arazoa.