Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean
Gidor Bilbao Telletxea

Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak oso-osorik Euskal Herriko Unibertsitatean egin dituen hirugarren promozioa izango da laster lan-merkatuan, eta atzera begiratzeko eskatu digute Senez aldizkariaren zuzendaritzakoek, idatzita uztearren ikasketen lehenengo urratsak nola eman ziren eta lehenengo emaitzen aurrean zer balorazio egiten dugun. Hona hemen alderdi interesdunen kontakizuna.

(EHUko Filologia eta Geografi-Historia Fakultateko dekanordea)


Izaro vs. Gasteiz

Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak oso-osorik Euskal Herriko Unibertsitatean egin dituen hirugarren promozioa izango da laster lan-merkatuan, eta atzera begiratzeko eskatu digute Senez aldizkariaren zuzendaritzakoek, idatzita uztearren ikasketen lehenengo urratsak nola eman ziren eta lehenengo emaitzen aurrean zer balorazio egiten dugun. Ahalik eta modurik objektiboenean egingo dugu eskatu zaiguna, baina irakurleak jakin behar du alderdi interesdunaren kontakizuna aurkituko duela hemen, ardura zuzena izan baitugu urteotan hala ikasketak ezartzeko prozesuan nola irakaskuntzan.

Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi gura zuten ikasleak 2000-2001 ikasturtean matrikulatu ahal izan ziren lehenengoz Euskal Herriko Unibertsitatean, baina horretarako lanak oso atzetik zetozen. 1998ko apirilaren 30ean onartu zuen EHUko Gobernu Batzarreak (unibertsitateko aginte-maila goreneko batzarreak) Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak Gasteizko Filologia eta Geografi-Historia Fakultateari lotuta agertzen zituen Titulazio-mapa, eta urte horretan bertan onartu zuen EHUko Gizarte Kontseiluak ere. Bigarren urrats horren ondorioz, ofizialki eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari lizentzia hori abiarazteko baimena; lehentasun maila bat baino gehiago ziren titulazio-mapa horretan, eta 1 lehentasunarekin zegoen guri dagokiguna.

2000ko urtarrilean titulazioaren abiarazte-plana onartu zuen Gobernu Batzarreak, Unibertsitate Plan Nagusiaren barruan, eta hor zehazten zen lehenengoz 2000-2001 ikasturtean eskaini ahal izango zirela ikasketa berriak Euskal Herriko Unibertsitatean.

Artean onartu gabe zegoen oraindik titulazioaren ikasketa-plana, baina lanak aurreratuak zituen Filologia eta Geografi-Historia Fakultateak. 1999ko maiatzean agertu ziren BOEn filologietako (Euskal Filologia, Filologia Hispanikoa, Frantses Filologia, Ingeles Filologia, Filologia Klasikoa, Aleman Filologia) ikasketa-plan berrituak, eta horietan guztietan zegoen itzulpengintzako ikasketen ernamuina. Izen-deiturekin esan daiteke Joseba Lakarra izan zela "Izaro vs. Gasteiz" deituriko proposamenaren asmatzailea eta defendatzaile sutsuena: gutxienez 1996tik, ahaleginak eginak zituen Filologia eta Geografi-Historia Fakultateak Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak ia hutsetik hasita antolatzeko, esan nahi baita horretarako behar diren irakasle guztiak kontratatuta; baina alferrik, erabaki-ahalmena zutenek argi erakutsi baitzuten ez zirela prest halako kostua onartzeko; horren aurrean, Itzulpengintzaren kostuak nabarmen jaitsiaraziko zituen estrategia zen Filologietako ikasketa-planak diseinatzean Itzulpengintzako balizko plana ere gogoan izatea, irizpide akademikoek ahalbidetzen zuten neurrian guztien baliabideak guztientzat baliagarri eta guztien aberasgarri egiteko; horretarako, sailen interesen gainetik, lortu zen Filologietako ikasketa-planetan sartzea gero Itzulpengintzan baliagarri izango ziren irakasgaiak, eta, jakina, kredituen moduluak[1] bateragarriak izatea.

Oso gogoan dut 1999-2000 ikasturtean hainbat eta hainbat arduradun akademiko eta politikori azaldu geniola, hala unibertsitatean nola unibertsitatetik kanpo, Izaroren eta Gasteizen arteko desberdintasuna. Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak Izaro islan abiarazi balira, erabiltzeko moduko baliabiderik ez den lekuan (fakultate berri bat izan zitekeen Izaro, edo EHUko beste edozein fakultate), 138,25 irakasle beharko ziratekeen gutxieneko duintasun akademikoa izango zuen titulazioa eskaini ahal izateko (irakasle kopuru horren inguruan ziren orduan Granadako Unibertsitateko Itzulpengintza eta Interpretazioko Fakultatean eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoan); Gasteizen, ordea, Filologietan eginiko lanari esker, aski ziren 29 irakasle berri, edo are 18, beste neurri batzuei esker. Zorionez ondo ulertu zuten irudia, eta ikasturtea amaitu baino lehen (ez asko lehenago) jakin genuen 2000-2001 ikasturtean ikastegiaren irakaskuntza-eskaintzan sartu ahal izango zirela Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak.

A, B, C eta D, E, gehi A2

Lehenengo ikasleak matrikulatu zirenean, BOEn argitaratu gabe zegoen oraindik ikasketa-plana, 2000ko urriaren 25eko aldizkarian eman baitzen argitara EHUko Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketa-plana.

Espainiako Estatuan, unibertsitate-titulu bati dagozkion ikasketa-planak ezin dira hutsetik abiatuta diseinatu, tituluaren arau orokorren barruan baino. Zenbait erabaki, hortaz, hartuak ziren arau orokor horiek argitaratu zirenetik (1991ko irailaren 30eko BOE): itzulpengintza eta interpretazioa banaezinak izatea, esaterako, edo euskara-gaztelania hizkuntza-konbinazioa ezin izatea ikasketetako lerro nagusia.

Titulazioaren arau orokor horietan ezartzen da, besteak beste, bi ziklotan banatuko direla ikasketak (aurrerago aipatuko dugu horren garrantzia), 300 kreditu inguru (unibertsitate bakoitzak erabakitzen du kopuru zehatza) egin behar dituela ikasleak, eta lau edo bost urtetan egiteko antola ditzakeela unibertsitateak. Estatuko unibertsitate gehienek lau urtetan antolatu dituzte ikasketak, eta horrela egin da Euskal Herriko Unibertsitatean ere, Filologia eta Geografi-Historia Fakultateko gainera ikasketak bezala (Estatuan badira Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak bost urtetan antolatu dituzten unibertsitateak ere).

Titulazioaren arau orokorretan dator, orobat, ikasleak ezinbestean izan behar dituela A, B eta C hizkuntzak: gaztelaniaren eta autonomiako hizkuntzaren artean hautatu behar du ikasleak A hizkuntza, ikaslearen atzerriko hizkuntza nagusia izango da B hizkuntza, eta ikaslearen atzerriko bigarren hizkuntzari esaten zaio C hizkuntza. Ikasleak ezinbestean ikasi behar du Btik Ara eta Atik Bra itzultzen, eta Btik Ara interpretatzen; C hizkuntzari dagokionean, Ctik Ara itzultzeko gaitasuna da ezinbestean eskatzen den bakarra.

Joko-arau horien barruan diseinatu behar ziren ikasketak, baina hortik aurrerako erabakiak ere ez ziren gutxi. Zein izango zen gurean A hizkuntza? Soilik gaztelania? Hori zen aukerarik merkeena, baina ez zion erantzungo gure gizartearen beharrari; unibertsitate barruan ez ziren asko izan horren alde agertu zirenak, eta zuzendaritza-karguetan inor ere ez. Soilik euskara? Lehenengo txostenetan aukera hau aztertu zen, eta azken-azkenera arte ere izan ziren aldekoak; baina aukera horrek bizkarra emango zion ikaslegai-kopuru handi bati (hirutik bik hautatzen dute gaztelania A hizkuntza gisa), eta kostuari dagokionean ez zen hala gaztelania nola euskara eskaintzea baino asko merkeagoa. Hala gaztelania nola euskara eskaintzea hautatu zen, estatuko gainerako autonomia-erkidego elebidunetako unibertsitateek egiten duten bezala. Aukera hori da, gainera, gure fakultatearen hautu estrategiko bati hoberen erantzuten diona: hautu horri esker bultza daiteke lehentasun bezala, hautazko irakasgaien artean, euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara itzulpen eta interpretazioko konbinazioa, hurbileneko lan-munduan zalantzarik gabe eskakizun handiko hizkuntza-bikotea, ikasleak A eta A2 hizkuntza izan baititzake: A hizkuntza gisa euskara duenak A2 gisa ikas lezake gaztelania, eta alderantziz; eta derrigorrezko gisa ingelesa-euskara itzulpena eta interpretazioa lantzen duena, adibidez, hautazko gisa joan daiteke ingelesa-gaztelania itzulpeneko edo interpretazioko eskoletara. Eta, gorago esan dugunaren haritik, ikasle orok egin ditzake, gura izanez gero, euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara itzulpen eta interpretazioko 24 kreditu (240 ordu). Baina, jakina, euskararik ez dakienak arazorik gabe egin ditzake itzulpengintzako ikasketak EHUn (urtero izaten dira inguruko herrialdeetako ikasleak, euskal herritarrak ez direnak), eta gaztelaniarik ez dakienak ere arazorik gabe egin ditzake ikasketa horiek oso-osorik (urtero ez bada, gehienetan izaten da Ipar Euskal Herriko ikasleren bat).

B hizkuntzari dagokionean, soilik ingelesa eskaintzea zen aukerarik merkeena; horrela egiten dute unibertsitaterik txikienek. Ingelesa eta frantsesa da, ordea, erdi-mailako unibertsitateen artean aukera nagusia. Filologietan eginiko inbertsioei esker, eta gure goranahiak bultzatuta, ingelesa, frantsesa eta alemana sartu ziren EHUko ikasketa-planetan B hizkuntza gisa, eta horren arabera onartu ziren bideragarritasun-txosten eta txosten ekonomiko guztiak; estatuko unibertsitate nagusien eredua zen (orduan oraindik Granadako Unibertsitateak ere ez zuen, 2001az geroztik bezala, arabiera eskaintzen B hizkuntza legez). Ikasleen matrikulak lehenengo urtean bertan erakutsi zuen larregikoa zela gure handinahia: espero zitekeen bezala, matrikula erabat desorekatua izan genuen ingelesaren nagusitasunarekin, baina, espero genuenaz haratago, ikasle bakar batek amaitu zuen lehenengo kurtsoa B hizkuntza alemanarekin. Ondorioz, 2001-2002 ikasturtean soilik ingelesa eta frantsesa eskaini ziren B hizkuntza gisa. Urteek aurrera egin ahala, gainera, gero eta handiagoa da ingelesaren nagusitasuna, frantsesaren kaltetan. Kontuan izanik B hizkuntza frantsesa dutenak bitan banatzen direla A hizkuntzaren arabera, ikasturte batzuetan arazoak izan dira frantsesa-euskara edo frantsesa-gaztelania taldeak sortzeko, eta, horrekin lotuta, talde handiegiak geratu dira ingelesa-gaztelania bikotean, eta, ez hainbesteko neurrian, ingelesa-euskara bikotean. Etorkizunean kontuan izateko arazoa da.

C hizkuntzen kopuruak ere argi bereizi ohi ditu eskaintza aberatsak eta eskasak, eta esan genezake harro izateko modukoa dela Euskal Herriko Unibertsitatearena. Ikasketa-planetan ingelesa, frantsesa, alemana, errusiera eta italiera dira C hizkuntzak, baina urteroko eskaintzan, ikusirik B hizkuntza gisa gero eta nabarmenago nagusitzen ari dela ingelesa, hizkuntza hori ez da eskaintzen C legez lehenengo zikloan. Filologietan metaturiko ondareari esker egin daiteke hau ere, haietarako kontratatu baitziren hizkuntza bera irakasten duten irakasle gehienak, eta itzulpena irakasteko soilik kontratatu behar izan baitira irakasle berriak. Gainera, C hizkuntza guztien artean oreka ezartzeko, ikasle berrien artean urtero arras inpopularra baina epe luzean eskertzekoa izan ohi den erabakia hartu du Fakultateak: ikasleak ezin du hautatu C hizkuntza besterik gabe, muga estuen barruan baino; urtero 60 ikasle berri etortzen badira Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketetara, horietako 15 izango dira C hizkuntza bakoitzean. Ikasleek inolako mugarik gabe hautatuko balute, parean beteko lirateke frantseseko eta alemanako taldeak, eta ia hutsik geratuko lirateke italierakoa eta errusierakoa. Hori ez litzateke ona izango ikasketen antolaketarako, baina, are garrantzizkoagoa dena, ez litzateke ona izango ikasleentzat, urtero aterako baikenituzke formazio berbera duten ikasleak. Epe luzean eskertzekoa izan ohi dela aipatu dugu, batik bat errusierako ikasleak (hasieran ia inork ez du bere kabuz errusiera hautatzen) eurak izaten baitira gero, hirugarren eta laugarren kurtsoetan, leialenak C hizkuntzako hautazkoekin (esan nahi baita eskaintzen zaizkien hautazko guztiak hartzen dituztela: gramatika, morfologia, literatura-itzulpena, ikusentzunezkoen itzulpena...), C hizkuntza horretan gustura ari diren seinale.

"Ikasle desberdinak" ateratzeko asmo horrekin loturik da baita D eta E hizkuntzen eskaintza ere (hori ere, jakina, Filologietako ondareari esker balia daiteke). Ikasketa-planetan 15 hizkuntza sartu ziren, ikasleak, gura izanez gero, D edo/eta E hizkuntza legez ikas ditzan: alemana, arabiera, katalana, txinera, frantsesa, galiziera, hizkuntza germanikoa (suediera), grekoa, greko modernoa, ingelesa, italiera, japoniera, latina, portugesa eta errusiera. Horietako bi (txinera eta portugesa) ezin izan dira inoiz eskaini, horretarako irakaslerik ezin izan delako kontratatu, baina gainerako 13 hizkuntzetan gutxienez 36 kreditu eskaintzen dira (360 ordu edo). Baina aitortu behar dugu ikastegiarentzat harrotasunbide izan den eskaintza zabal hori gero eta zalantza-iturri handiagoa dela, ikusi baitugu ikasle larregik hartzen dituztela D eta E hizkuntzak hautazko gisa (eta are horietako hirugarren bat ere, aukera libreko kredituen artean), eta horiekin betetzen dituztela egin beharreko hautazko kreditu guztiak. Ondorioz, larregitan, hizkuntza asko ikasten hasten dira (eta hizkuntzen oinarrizko maila ikastea oso erraza da), baina ez dute bat bera ere ondo ikasten, eta ez dituzte baliatzen hizkuntza desberdinetako itzulpena edo interpretazioa lantzeko pentsaturik diren kredituak, norberaren derrigorrezko kredituetatik kanpo direnak (adibidez, A euskara, B ingelesa, C alemana duen ikaslearen kasuan, ingelesa-gaztelania eta alemana-gaztelania).

Izan ere ikasleak hauta dezakeen konbinazioz beterik baita ikasketa-plana. Harro esan dugu behin baino gehiagotan, BOEn inoiz argitaratu den unibertsitateko ikasketa-planik luzeena dela EHUko Itzulpengintza eta Interpretaziokoa, hori diseinatzean argi baikenuen ahal dela ikasle bakoitzak bere taxua marraztu behar duela, ikaskidearenetik desberdina, eta soilik horrela merkatura daitezkeela urtero dozenaka titulatu, denak Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziadunak izan arren, denak elkarrengandik desberdinak gaitasun eta trebetasunetan. Adibidez, ikasketa-planak eskaintzen dituen aukeren arabera, batek hauta lezake interpretazioa lantzea bere A1, A2, B eta C hizkuntzetan (interpretazioko 69 kreditu egingo lituzke, 690 ordu) eta beste batek hauta lezake soilik derrigorrezko kredituak egitea interpretazioan (guztira 21 kreditu, 210 ordu); edo, beste batek hauta lezake itzulpen juridikoan eta ekonomikoan eskaintzen diren kreditu guztiak egitea (60 kreditu egin daitezke, 600 ordu), eta lagunak, ordea, soilik derrigorrezkoa juridikoan eta ekonomikoan (12 kreditu, 120 ordu), eta ahal den guztia ikusentzunezkoen itzulpenean (36 kreditu, 360 ordu). Zoritxarrez oraindik ez dugu jakin birtualitate horiek guztiak oso-osoan egikaritzen, ez baitugu jakin hori guztia benetan egiteko aukera eskainiko duten eskola-ordutegiak moldatzen.

Irakasleak

Gorago esan dugu lehenago Filologietan ziharduten irakasleei esker eskaini ahal izan zirela titulazioa abiarazteko behar ziren kreditu gehienak. Horietako batzuek lotura zuten itzulpengintzarekin, eta beste batzuek ez; batzuek gogo onez eman dute itzulpengintzara hurbiltzeko urratsa, eta are hortik bideratu dute geroztik beren curriculuma, eta beste batzuek lehengo bidetik jarraitu dute, Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasleei zenbait eskola eman arren.

Sailei dagokionez, bi irakasle ziren Fakultatean (José Miguel Santamaría eta Raquel Merino), ikasketa hauek abiarazi baino lehen, Itzulpengintza eta Interpretazioko jakintza-alorrari atxekiak, "Ingeles Filologia, Aleman Filologia, eta Itzulpengintza eta Interpretazioa" izeneko Sailaren barruan. Gero kontratatu diren irakasleak Filologietako Sailetara joan dira batzuk (Bego Montorio eta Jaione Arregi, adibidez, Frantses Filologian dira, Mikel Garmendia eta Axun Aierbe Euskal Ikasketak eta Hizkuntzalaritzako Sailean, edo Koldo Biguri Espainiar Filologia Saileko Italiar Filologia jakintza-alorrean), eta beste batzuk Itzulpengintza eta Interpretazioko jakintza-alorrera (lehen aipaturikoez gain, beste bederatzi irakasle dira egun alor horretan: Lurdes Auzmendi, Josu Barambones, Cande Cabanillas, Karlos del Olmo, Erika González, Ana Moreno, Idoia Noble, María Pérez eta Ibon Uribarri).

Irakasle berriak kontratatzea ez da lan erraza izan. Kontratuak lortzeaz gain (esan genezake lehenengo txosten ekonomikoetan onarturikoa askorekin gainditzea lortu dela egun, eta oraindik irakasle batzuen arduraldia osatzea falta dela), irakasle egokiak hautatzea ere ez da erraza unibertsitate publiko baten egituren zurruntasunean. Alde onetik hasita, esan genezake itzulpengintzako edo interpretazioko lan-alorretik etorri direla irakasle berri gehienak, eta ondo ezagutzen dutela lanbidea; badira gazteak, Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi ondoren lanean ari zirenak; badira helduak, beste ikasketa batzuk izan arren itzulpengintzan edo interpretazioan atarramendua eta prestigioa dutenak. Esan liteke, orohar, itzultzaile-interprete lanbidetik hurbilago direla irakasle euskaldunak gaztelaniaz dihardutenak baino, eta ikerketa-proiektuekin lotura handiagoa (orohar, berriro ere) dutela gaztelaniaz dihardutenek euskaldunek baino. Zalantzarik gabe unibertsitatea habitat erosoagoa da ikerketara emana denarentzat lanbidean jarraitu gura duenarentzat baino, eta bada hor hurrengo urteetan konpondu beharreko arazo bat: lanbidearekiko harremana eten ez dutenentzat gaitza da gaur curriculum akademikoan aurrera egitea eta muga administratibo batzuk gainditzea, eta ikerketan soilik diharduenak ozta-ozta irakatsi ahal izango ditu bigarren zikloko irakasgai gehienak, erabat irakasgai praktikoak baitira. Bestalde, kanpotik ikusita harrigarri gerta daitezkeen zentzugabekerietara eramaten gaitu unibertsitate-egituren zurruntasunak: gaur ezinezko da, esaterako, Koldo Bigurik interpretazioko eskola bat ematea, edo Bego Montoriok euskara-gaztelania itzulpeneko irakasgai bat irakastea, edo, denak EHUko langileak izan arren, Juan Kruz Igerabidek, Iñaki Ugarteburuk, Juan Garziak edo Manu López Gasenik titulazio honetako irakasgaiak ematea.

Ikasleak

Honaino behin eta berriro aipatu dugu Filologietan egindako lanei esker eta Filologietatik harturiko baliabideei esker abiarazi ahal izan dela Itzulpengintza eta Interpretazioa Gasteizen. Baina laster hasi da titulazioa bere zorrak ordaintzen, ikasleak Fakultatera erakartzea izan baita titulazioaren dohainetako bat.

Unibertsitate guztietan eta Fakultate guztietan ikasle-kopuruak beheraka zihoazen une batean, nabarmen geldiarazi du jaitsiera Itzulpengintzak Filologia eta Geografi-Historia Fakultatean: batetik, ikasketetako lehenengo ziklorako 60 ikasleko muga eta bigarren ziklorako 10 ikasleko muga ezarri direlarik numerus clausus gisa (numerus claususa daukan titulazio bakarra da Fakultatean), batezbestean urtero aurkezten dira lehenengo zikloko sarrera-probetara 150 ikasle eta bigarren ziklokoetara 30 ikasle. Horietatik 90 ikasle, beraz, ezin izaten dira sartu hautaturiko ikasketetara, baina ondo dakigu horietako zati handi bat (dozena bi edo hiru, urteen arabera) Filologiaren bat egiten geratzen direla (Ingeles Filologia eta Euskal Filologia, gehienbat); Itzulpengintza ikasteko gogoa piztu ez balitzaie, horietako asko ez ziratekeen gure Fakultatera begira jarriko ikasketak hautatzean; baina, behin Itzulpengintzako sarrera-probak egin eta gero, hurbileneko ikasketetan geratzen dira.

Sarrera-probak aipatu dira, eta pare bat berba idatziko dugu horren inguruan, unibertsitatean sartzeko sarrera-proba orokorraz gain beste proba berezi bat egiten duen titulazio bakarrenetakoa baita (EHUn soilik Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatearekin batera).

Proba horrekin ziurtatu nahi da lehenengo zikloan onartua den ikasleak goi mailako ezagutza duela berak hautaturiko A hizkuntzan (espainiera edo euskara), eta maila aurreratua duela berak hautaturiko B hizkuntzan (ingelesa edo frantsesa). Gai dela uste duen bezainbat A eta B hizkuntzatan egin dezake proba ikasleak, eta GAI edo EZ GAI baino ezin da izan emaitza. Gero, GAI direnen artean, selektibitateko notaren arabera egiten da lehenengo 60en zerrenda[2], eta horiek dira matrikulatzeko deia hartzen dutenak. Lehenengo zikloko sarrera-proban hiru ariketa izaten dira: lehenengoa, B hizkuntzan idatzitako testua (1500-1600 hitzekoa) A hizkuntzan laburtzea (450-500 hitzetan); bigarrena, B hizkuntzan entzundako 15 minutuko hitzaldia B hizkuntzan laburtzea (450-500 hitzetan); eta, hirugarrena, 10 minutuko elkarrizketa B hizkuntzan.

Aurkezturiko 150 ikasle ingurutik, 90-100 ikasle inguruk gainditu ohi dute proba. Mozketa-nota esaten zaiona, titulazioan onartua izan den azkenaren selektibitateko nota hain zuzen, 6,04tik 6,39ra bitartean izan da urteotan; baina onartuak izan ohi diren guztien batezbestekoa 8tik hurbil izan ohi da.

Itzulpengintza eta Interpretazioaren ezaugarri berezia da, orobat, lehen zikloko edozein titulu dutenak (diplomatuak, arkitekto teknikoak eta ingeniari teknikoak) nahiz edozein unibertsitate-titulu ofizialeko lehen zikloa osorik egin dutenak sar daitezkeela bigarren ziklora, B eta C hizkuntzetako etsamina gaindituez gero, eta gero formakuntza-osagarriak eginez gero. Aukeraturiko B hizkuntzan (ingelesa edo frantsesa) goi mailako ezagutza frogatu behar du sarrera-proban ikasleak, eta maila aurreratua berak hautaturiko C hizkuntzan (ingelesa, frantsesa, alemana, italiera edo errusiera). Bietan eskatu ohi da karrerako bigarren kurtsoaren bukaeran eskatzen den mailaren parekoa (B IV eta C VI mailak), eta, lehenengo ariketan, A hizkuntzaren ezagutza ere ebaluatzen da (espainiera edo euskara).

Bigarren ziklora sartzeko sarrera-probetan bost ariketa egin behar ditu ikasleak[3]: idatzizkoaren ulermen-ariketa da lehenengoa, itzulpenarekin parekagarria, hots, B hizkuntzan idatzitako testua (450-500 hitz), A hizkuntzan adieraztea (espainieraz edo euskaraz); ahozkoaren ulermena eta idatzizko adierazpena ebaluatzen dira bigarren ariketan, eta B hizkuntzan entzundako 15 minutuko hitzaldia laburtu behar du ikasleak B hizkuntzan; ahozko ariketa da hirugarrena, eta 10 minutuko elkarrizketa egin behar du ikasleak B hizkuntzan; hirugarren ariketan, 300 hitzeko idazlana egin behar da C hizkuntzan; eta, azkenik, bosgarren ariketan, C hizkuntzan entzundako 15 minutuko hitzaldia laburtu behar da C hizkuntzan.

Kasu honetan ere, matrikulatu ahal izateko, ez da aski sarrera-proba gainditzea, 10 ikasle onartzen baitira urtean, eta 15-20k gainditu ohi baitute sarrera-proba. Ikasle hauen kasuan, bigarren ziklora sartzeko bidea ematen dien titulazioko batezbesteko nota da 10 horien zerrenda egiteko erabiltzen dena. Oso titulazio desberdinetako ikasleak hartu dira bide honetatik, baina esan genezake Filologietakoak, Zuzenbidekoak eta Turismo ikasitakoak izaten direla gehienak. Multzo berezi bat izan ziren, lehenengo urtean, Martuteneko Eskolan ikasitakoak, eta horientzat baliokidetza bereziak egitea erabaki zuen ikastegiak. Orohar ikasle onak izaten dira bigarren zikloan sartzen direnak, heldutasun-mailak ematen duen abantailaz hornituak; ikasten ari direnean aldi berean lanean aritu beharra izaten da arazo nagusia, eskola-ordutegiak oso zailak baitira bi jarduerak bateragarri egiteko.

Eraldaketa Fakultatean

Ikasleak erakartzeaz gain, Fakultatearen eraldaketa sustatzea izan da Itzulpengintza eta Interpretazioak bere zorrak ordaintzeko erabili duen bigarren bidea; izan ere, hala azpiegituretan nola jarduteko moldeetan ekarri ditu aldaketak Fakultatera titulazio honek.

Eraikinean egin diren lanak izan dira aldaketa ikusgarriena. 2003-04 ikasturtean, ikastegiko Koldo Mitxelena Bibliotekak bat egin zuen Arabako Campuseko Bibliotekarekin, eta 1200 m2 utzi zituen Fakultatearen eraikin nagusian hutsik. Bulego berriak egiteko eta Itzulpengintza eta Interpretazioko titulazioa abiaraztean Gobernu Batzarreak onarturiko txosten ekonomikoari esker ordain zitezkeen laborategiak egiteko erabili ziren metro horiek. Titulazioarentzat lorturiko diruekin ordaindu ahal izan dira, hain zuzen, multimedia-laborategi bat, esanosteko interpretazioko laborategia, ikusentzunezkoen laborategia eta aldibereko interpretazioko bi laborategi. Esan behar da, aldibereko interpretazioko laborategiak kenduta, beste guztiak direla Fakultateko ikasle guztiek erabiltzeko modukoak, batik bat hizkuntzen irakaskuntzan. Eta, berdin, Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasleek besteek bezala erabiltzen dituzte lehenagotik ere bagenuen informatika-gela, hizkuntzen autoikaskuntzarako laboratorioa eta hizkuntza-laboratorioa.

Esan liteke gaur egun harro erakusten dizkiogula Itzulpengintza eta Interpretazioko kanpoko edozein irakasleri gure ikasleek erabil ditzaketen laborategiak. Multimedia-laborategian, adibidez, banaka nahiz taldeka egin daitezke itzulpenak, eta irakasleak bere ordenagailutik ikusi eta zuzendu ditzake, edo subtitul@m softwarea erabil daiteke ikusentzunezkoen itzulpenaren irakaskuntzan. Ikusentzunezkoen Laborategian, 30 ordenagailuek dute, besteak beste, sateliteko telebistaren atzemailea, Fakultatean ikasten diren atzerriko hizkuntza guztietako telebista-kateak ikusi ahal izateko. Aldibereko Interpretazioko Laborategietan, bakoitzean hamar kabina bikoitz daude, edozein biltzarre-jauregitan izan daitezkeenen parekoak hala hotsgabetzean nola ekipamenduan (bi interprete-mahai eta ordenagailu bat, bakoitzean); interpretazioko irakasleak pantaila handian nahiz kabina barruetako ordenagailuetan eman lezake ikasleek interpretatzea nahi duen sekuentzia; eta, nahi izanez gero, benetako hitzaldiaren simulazioa ere egin liteke, txostengilearen mahaitik[4]. Hemen ere bada puntu beltza, jakina: laborategietako teknikariaren beharra 2000ko maiatzaren 18an onartu zen Gobernu Batzarrean, titulazioaren txosten ekonomikoan, hain zuzen laboratorio horiek guztiak lanean izateko eta ahal den etekinik handiena ateratzeko ezinbestekoa baita; baina oraindik, arazo desberdinengatik, tekniko hori ez da iritsi, eta irakasleek eurek euren borondate onez egiten eta ikasten dutenaren pentzudan dago laborategien erabilera.

Baina eraldaketak ez dira izan fisikoak bakarrik. Praktiken alorrean, adibidez, beste titulazioetako ikasle guztiek batera baino praktika gehiago egiten dituzte enpresetan itzulpengintzako ikasleek, eta ezinbestekoa izan da Fakultatean astindu bat ematea alor horren antolaketari, eskariei erantzun ahal izateko; Itzulpengintzako lau ikasle izan dira, besteak beste, Fakultateak lorturiko hitzarmen bati esker lan-praktikak atzerrian egin ahal izan dituzten ikastegiko lehenengo ikasleak (Brusselan eta Estrasburgon, Europako Batzordearen eta Europako Parlamentuaren Itzulpen Zerbitzuetan). Antzera gertatu da nazioarteko unibertsitateetako egonaldiei dagokionean, lehendik ere Fakultatean aski garatua zen alorra izan arren, bikoiztu egin baita ikasketetako urte bat atzerrian egiten duten ikasleen kopurua, Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasleak daudenetik; kopuruak esanguratsuak dira: 2000 ikasle inguruko Fakultatean, 100 ikasle inguru joaten dira urtero ikasturtea atzerriko unibertsitate batean egitera[5], eta horietatik 50 Itzulpengintzakoak izaten dira, erdiak beraz, titulazio horretakoak guztira Fakultateko ikasleen %14 soilik izan arren.

Oraindik ez daukagu lehenengo promozioen lan-munduratzeari buruzko inkestarik (ikasketak amaitu eta laugarren urtean egin ohi ditu inkesta horiek EHUk), baina, batekin eta bestearekin hitz egin ondoren, badirudi lanerako aukerak aurkitu dituztela titulatu berriek, eta gehiago euskaldunek, euskara landu ez dutenek baino. Titulazio honetan ere, jakina, ikasle onak eta txarrak izan dira, ikasketa guztietan bezala, baina titulazioa garatzean arduraren bat izan dugunok pozalditxoa izaten dugu jakitean gure ikasle-ohietako bi izan direla hautatuak Literatura Unibertsaleko lanak euskaratzeko itzulpen-lehiaketan, gure ikasle-ohiek lortu dutela Madrileko Senatuan interprete gisa lan egitea... edo, besterik gabe, itzulpen-enpresa batean oso estimatua dela gure beste ikasle-ohi hura, lana ondo egiten duelako. Esan behar da, dena den, asko izan direla lan txikiak egiten hasi eta ikasten jarraitzea hautatu duten titulatuak; gure unibertsitateko nahiz kanpoko doktoretze-ikastaroetan eta Estatuko nahiz atzerriko masterretan ari dira horiek.

Hurrengo urteak

Gauza ezaguna da berriro ere aldaketak datozela unibertsitate-ikasketetan. Bologna-prozesua izengoitiarekin ezagutzen den Goi Hezkuntzarako Europako Esparruaren Bateratze Prozesuak ezinbesteko aldaketak eskatu ditu, eta Espainiako Hezkuntza eta Zientziarako Ministerioak beste batzuk abiarazi ditu horren aitzakian. Titulu-kopurua murriztea izan da Estatuan iragarri den aldaketetako bat, eta, zenbaiten ustez, xede horrek arriskuan jar zezakeen Itzulpengintza eta Interpretazioko titulua izatea. Arrisku horren mehatxua etengabe izan zen Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradu Tituluaren Liburu Zuria idatzi zuten unibertsitateetako ordezkarien buruan[6]. Halere, badirudi, Filologietako tituluen zerrendan murrizketak izan arren, Itzulpengintza eta Interpretazioko titulua izango dela; izen horrekin agertu da, gainera, orain arteko zerrenda guztietan (esan nahi baita ez direla bereizi alde batetik Itzulpengintza eta beste batetik Interpretazioa), eta, Hezkuntza eta Zientziarako Ministerioak 2006ko otsailaren 8an jakinarazi zuenez, 2006ko irailean aurkeztuko dira gradu-titulu horren arau eta jarraibide orokorrak.

Titulu berriaren egituraz ezer ez dakigun arren, zentzuzkoa litzateke pentsatzea ez dela oso desberdina izango 2006ko otsailean argitaratu zirenen aldean. Argitaraturiko jarraibideetan (Hizkuntza eta Literatura Modernoak gradu-tituluan edo Historiako gradu-tituluan, adibidez) 240 kredituko gradu-tituluak iragartzen dira; oinarrizko formazio akademikoa dira horietako 180 kreditu, eta gainerako 60 kredituetan formazio gehigarria eskainiko da, lan akademikoen edo praktiken bidez. Egitura horrekin, pentsatzekoa da ikasketa-plan berrietan ere lau urte beharko dituela ikasleak gradua eskuratzeko, baina lehenengo 180 kredituak ere aski izango dira graduondoko ikasketei ekiteko, edo, unibertsitateak hala erabakiez gero, bere titulu bat emateko.

Graduondoko ikasketek orain dutena baino are garrantzi handiagoa hartuko dute, ziurrenik, eta hor erakutsi beharko du unibertsitate bakoitzak besteen aldean eskaintza interesgarria egiteko duen gaitasuna.


Oharrak

1. Irakasgaien tamaina adierazten duen neurria da kreditua. Ñabardurak ñabardura, esan liteke 10 eskola-orduko balioa duela kreditu batek eta Itzulpengintzako irakasgai gehienak 6 kreditukoak direla, gutxi batzuk 9 kreditukoak, eta bat edo beste 4,5 kreditukoa. Goi Hezkuntzako Europako Esparruaren bateratze-prozesuan erabat aldatuko da kreditu-kontzeptua, baina, Itzulpengintzako eta Interpretazioko ikasketetan, EHUn, oraindik ez zaio aldaketa-prozesuari ekin.

2. Badira ikasle-multzo bereziak (titulatuak, Lanbide Heziketatik datozenak eta 25 urtetik gorakoak), baina talde nagusiaz arituko gara hemen.

3. 2001etik 2005era bitartean sei ariketan ziren, baina 2006-2007 ikasturterako kendu egin da seigarren ariketa (elkarrizketa C hizkuntzan).

4. Lehenengo belaunaldiko ikasleak datozkit orain burura, 2000-2001 ikasturtean hasi eta 2003-2004 ikasturtean amaitu zutenak. Haiek ez zuten halakorik ezagutu. Areto Nagusiko bi kabinetara (bi!) eta, Ana Lasarte zuzendariari esker, Gasteizko Europa Jauregian erabili ahal genituenetara joaten ziren. Eta uste dut haietako bakarren batzuk ez direla interprete txarrak.

5. Sokrates/Erasmus programaren barruan, Europako unibertsitateetara joan daitezke ikasleak. 2005/2006 ikasturtean, adibidez, Alemanian (Berlin, Frankfurt, Friburgo, Heidelberg, Leipzig), Britainia Handian (Birmingham, Liverpool, Roehampton, Southampton), Frantzian (Bordele, Niza, Orleans, Paue), Italian (Erroma, Padua) eta Portugalen (Lisboa) daude Euskal Herriko Unibertsitateko Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasleak. Europatik kanpo, soilik unibertsitate arteko hitzarmen bitarikoei esker joan daitezke ikasketen zati bat atzerriko unibertsitatean egitera; Quebeceko Laval Unibertsitatera eta Montrealgo Unibertsitatera joan ohi dira gure Itzulpengintzako ikasleak. Bada hirugarren programa bat ere, ikasketen zati bat kanpoan egiteko aukera ematen duena, baina, kasu honetan, Estatuko unibertsitateetan; Itzulpengintza eta Interpretazioaren kasuan, soilik Las Palmasko Unibertsitatera joan ohi dira ikasleak.

6. ANECAren babespean, gradu-tituluak diseinatzeko deialdiaren barruan egindako Liburu Zuriaz ari gara. Ni neu izan nintzen lan-taldearen Batzorde Exekutiboan, EHU-UPVren izenean. 2004ko uztailean amaitu zuen lana lan-taldeak, eta http://www.aneca.es/ helbidean ikus daiteke testu osoa.