Hura, bera eta abarren adar gehiago
Juan Garzia

Aurriritzi merke bezain zabaldu baten arabera, hizkuntz kontuetan eta areago literatura tartean denean teorizazioa eta errigorea bera praktika jatorraren etsai da. Kontrakoa ere ez da egia erabatekoa izango beti, baina oraingoan behintzat ondo gezurtaturik geratu da aitzinuste eroso-interesatu hori.

Izan ere, Senezerako artikulu bikain baten egileak berak (Hura eta bera/Haren, beraren eta bere) are itzulpen bikainago bat plazaratu digu (Gure garaiko heroia) denbora gutxi dela, bietan ere zenbaitek elkarren ukatzailetzat jotzen dituen bi alderdiok elkarren elikatzaile izan daitezkeela garbi utziz. Quod natura non dat Salmantica non prestat, noski, baina Salamancatik ez pasatu izanak ere (edo bertatik pasatu eta damutu, edota estudiante tunante huts ibiliak...) ez du naturaren dohain joriagorik bermatzen, inondik ere. Hala nahi luke, hala ere, askok. Ezjakin izan eta inoren jakintzak alferresteak bera jatorrago bilakatuko balu bezala. Edonork baitaki jeinua naturakume jator eskola beharrik gabea dela... baina zerbait itxurantzekoa egiteko gaitasun eta kemena frogatzen duenean (halakoei ahanzten zaienez).

Lan bikain bion egileak, berriz, eginak egin, "filologi ikasketarik ez dut, ez naiz hizkuntzalari" dio, terminologiaren balizko zehaztasun-faltarengatik aurretiazko barkamena eskatuz, egiten duena ondo egiten saiatzen denaren besteekiko apaltasun jatorrez. Ikastea luke, haatik, hainbat filologok (ez da gremio-higuintza: neu ere sail horretakoa naiz ikasketaz) curriculumak potolotzeko fiskeria astunok (edo debeku-arau zorrotz antzuok) baino gauza praktikoagoen premia badela eta berak jasaten dituen gizarte honek gustura hartuko lituzkeela beraien (beren, haien, e(u)ren) ekarri xumeak ere; ez dutela beldur izan behar, inork ez dituela horregatik gutxiagoetsiko (zientifikotasuna soilik kreditu akademikotan neurtzen dena delakoan)... Baina natorren ni ere harira.

Jose Moralesen barka-eske horren zioa ez da, hala ere, aidanean, zehaztasun falta, filologi lanetan ardurako dabilen nahasitasun lausoa berarenean argitasun zorrotza izatea baizik. Bere lana taxuz betetzeko nahiak berak Euskaltzaindi ofizialaren eta ingurumingurularien literatura egosgaitz guztia irentsarazi dio, nonbait, eta Stokholmeko sindromearen ahaideren batek jota dago gaixoa. (Lasai, motel, beren arauak betetzeko gauza ere ez dituk-eta idazten dituzten lau lerroetan, eta beste lau bizialdi eta hamalau Salamanca behar litizketek hire orrialde batean teoria zein praxis dagoenaren laurdenari ere urrutitik usaina hartzen hasteko!)

Nik ere, baina, ahalegintxo bat egin, eta ekin diezaiodan neureari. Eta nirea, oraingo honetan, ez da, ez fillollogoen kontra perurenkeriatan jardutea, ez eta berez bikainari bikaintasun-koiperik ematea ere. Horrexegatik, sarrerakeriak bertan utzi, eta J. M.en artikuluaren mamiarekin elkarrizketa ahalik eta dialektikoenean hasiko naiz zuzenean (zintzotasuna beste gupidarik gabe), ea bion artikulugilearen eta nire arteko iritzi-trukaketatik haren, beste horren, gure denon probetxurako atarramenturik batere ateratzen den.

Nire honek osagarri izan nahi duen aldetik, ahal den neurrian artikuluaren hariari helduko diot, eta azken ondorioetan nolabaiteko sintesirako saioa egingo.

Hasieran, asmoen agerpena eta segituan, aipamen llabur bat egiten da artikuluan "inguruko hizkuntzena". Gero, ordea, konparaketa horrek garapen luzea du; zenbateraino, eta atal horren ("Hura eta bera") nagusi egiteraino. Mereziko du, beraz, iruzkintxo bat.

Aldez edo moldez gure erreferentzia nagusi diren hiru hizkuntzen artean, artikuluko aipamentxo horretan dirudien baino aise desberdinagoa da izenordainon aukera eta egoera (areago, sujetu hutsetik apartekoa kontuan harturik: akusatiboak, datiboak...). Hasteko, frantsesez eta ingelesez derrigorrezkoa da sujetuaren agerpena, espainieraz eta euskaraz ez bezala. Anbiguitate erlatibo hori konpentsatzeko, gero eta gehiago jotzen du espainierak berez ez dagokion esplizitazio soberatura (viene, han actuado eta ella viene, ellos han actuado gauza bera balira bezala gaztelera arruntean). Madrid aldeko laismoa ere sasoi oneko dabil azken orduko literaturan, antzeko arrazoiz (la dije).

Gurean, bistan da, genero bereizkuntzarako funtzionala ez izateak bazterrarazten du halakoen kalkoa (ETBn izan ezik, baina hori euskara mundiala da). Horregatik ere (beste arrazoiak zeharka emanik daude artikuluan), kexutzat hartzen dut, eta ez proposamentzat, Maria Garikanorena, alegia Axularri-eta nola ez zitzaien bururatu hori ere konpontzea (erreparatu, bestetik, haien konpon-uste askori nolako jaramona egiten diogun, "zeren" batzuk gora-behera).

Oraingoz, bada, hobe genuke ahalik eta zehatzen eta zentzuzkoen erabiltzea geure hura eta bera eta abarrak, etorkizuneko izenordain balizkoaren xerka setatzea baino. Lehen ere osatuxeak gaude geurean (teoriakeriari men egitearren darabilt forma hori, senak gurean soila eskatzen zidan, horra) asmakeriaz, eta itzulpenean, berriz, hori "konponduko" bagenu ere, hurrengo baliokide-ezari ekin beharko genioke berehala amorru berberaz, ongi baitakigu gabiltzanok itzultzen automatikoa ez dela teorian bakarrik ezinezko. Ni neu (artikulugilearen iritziarekin bat), konbentzio hutsezko diren kontu formalagoak erabakita baleude konformatuko nintzateke, Euskaltzaindiari nahiz zaindirik gabeko hiztunei halako miraririk eskatu gabe.

Pobrearen etxean ohi denez, abantaila genukeenean ere, arazoak sortzen zaizkigu. Espainierazko su guztiz anbiguoa gure sistemak gutxienez numeroz bereizten badu ere (haren/haien...), zalantzan geratzen gara gero haren ala bere behar ote duen... eta susmoa ere badugu eta ez guztiz egiatik desbideratua ez bata eta ez bestea ez ipintzea ez ote genukeen hobe, halako zalantzetan gertatzen denez (eta arau teorikoak ez baitigu gauza handirik konpontzen)... Baina hori beste atalari dagokio, eta ez dezagun nahas kontua berez den baino nahasiago, eta itzul gaitezen hasitako ildora.

Maskulino/femenino bereizkuntzaren aurretik ere bada beste bat, gurean marka berezirik ez duena: neutroa. Horrek areagotu egiten du gure sistemaren zehaztasun-falta. Izan ere, inguruko hizkuntzok, gutxi-asko, badute modurik ez-pertsona bereiziki markatzeko: it /ça , celà /ello, esto, eso, aquello... Gurean, berriz, artikulugileak ongi seinalatzen duen erakusle/pertsonal forma-berdintasuna ere tarteko, "hura", adibidez, espainierazko ordainean ello, él, ella, aquello, aquél, aquélla izan daiteke (baita éste, ésta, esto ere, praktikan), eta horrela sistema guztian. Gauzak horrela, zerbait behintzat garbi edukiko ahal dugu: ezin dela, alegia, erreferentzien anbiguitate izugarri batean erori nahi ez bada, beti hura erabili (edo bera, edo beste zeinahi, horretarako berdin dio) beraren (bere? haren? : "hura" horren) baliokide teoriko guztien ordain automatikotzat. Horretaz gainera eta gero itzuli egin beharko dugu oraingoz horretan utzi dugun hizkuntz erkaketa horretara, zentzu ez-pertsonalaren markarik ez horrek, itzulpenetatik kanpo ere hamaika anbiguitate sortzen du, espero izatekoa denez, "ekarri duen hura", "ekarri duena" bezain perpaus txiki-oinarrizkoetan ere. Arazotxo hori buruhauste latz bihur daiteke, noski, albo-erdaretako abstrakzio-hizkera itzultzeko orduan: lo bello /le Beau...

Abstrakziorako azken pausook euskarak gramatikalki ez eman izanak eragiten du, hain zuzen, erakuslea bera izenordain pertsonal soiltzat erabiltzen duguneko desegokitasun-sentsazio erlatiboa (erdarokiko konparatiboa, hain zuzen). Hori konpontzeko ahalegina suma daiteke izenordain pertsonaltzat "bera" berezitzeko joeran (zenbait gramatika zahartxotan eta gure arteko hainbat erabileratan). Kontrako bidetik, idatzizkoan "berau" erakoak bereizitu nahi izan ditu hainbatek zentzu neutrorako... Izan ere, jende guztiak ez dauka Jose Moralesek bezain garbi, asmatu ahalak asmatu, "ditugun oinetakoekin ibili behar dugula". Oinetakook zein diren egoki azaldurik dator artikuluan, eta asistematikotasunez-edo errepertorio zehatzetik kanpo geratu direnei buruz ere erabat ados nago ni: "Azken batean, senak esango digu kasu bakoitzean zein den irtenbiderik egokiena."

Kasu, baina: azterketa teoriko-praktiko baten ondoren dator "azken batean" hori, eta "sena" aipatzean ere ez da ari, noski, euskaldun jatorren paradisutik zuzenean datorren Adan-Aitor halako batez. Izan ere, sena ere landu egin daiteke, bistan denez, eta sen desberdinak kontrastatu ere bai.

Horrenbestez, hura eta bera dontsuon erabilera egokiari buruzko tesira hurbiltzen ari gara, baina derrigorrez eta gogoz beste zehaztapen terminologiko batzuk egin behar ditugu aurretik. Iturri askotako terminologia-urak nahasten dira halabeharrez izenordainon izendapenean: EGLU, Azkue, Villasante, Altube... Gainera, batzuetan ez da garbi geratzen euskaratzean gertatu ote den dibergentzia, ala berez ere, kontzeptualki, desberdinak diren terminook: indartua, bihurkaria, anafórico, intensiva/reflexiva, reproductivo... Nik neuk, ez dut sekula garbi ikusi zer arraio indartzen duen ber- horrek (-xe atzizkiaren bidez eratuek mereziago dukete noski izen horixe). Artikulugileak ematen duen definiziotik ere erreferentzia-errepikapenezko edo deitzeko zio gehiago eta garbiago aterako litzateke, ustez, baina tira: lagungarri bezainbateko morrontza ere bada askotan terminologia, eta saihets dezagun oraingoz auzi hori ere (amaieran doa nire proposamena).

Ongi seinalaturik dator erabilera desberdinak ageri direla, oro har, ekialdean eta mendebalean: mendebaleko usadio modernoan badirudi aurrez nola edo hala erreferentziatzat hartu izana aski dela ber- erakoak erabiltzeko. Erabilera arauz haragoko horrek (bistan daude ondorioak) ia beti erabiltzeko bidea uzten du irekita, eta lehenago aipatu dugun joera batekin batzen da, gainera: pertsona-adieran "hura" erakusleegia baztertzea, alegia.

Beste modu ulergarriago eta akaso zuzenago batean esateko: gazteleraren sistemari dagozkion bereizkuntzak euskararen sistemari jaramon handirik egiteke kalkatu ditugu: aquél/aquélla: hura, él/ella: bera (gero ikusiko dugunez, kalko okerra ez da horretan geratzen). Horiek horrela, zentzuzkoa da, oso, gehiegikeria horri ahalbait frenua jartzea, eta izpiritu horrekin ematen digu artikulugileak "nagusiki forma arruntak erabiltzeko" aholku zuhur bezain funtsezkoa. Horrek, hala ere (eta ez dakit hain garbi geratzen den hori artikuluan) ekialdeko erabilera hobestea esan nahi du, zintzo zurrean (ekialdekotzat jotzen den halako asko euskara guztiarena izan bide da oraintsu arte, nahiz berrikerien zabalkunde azkarrak hori mozorrotu). Kasurako, Axularrek ez darabil ez "bertan"ik ez "hauxe"rik ez "berbera"rik ez "halako eta bere"rik... Beraren solteren bat bai noski, baina normalean aski du haren (korreferentea ber-bertan duen kasuan ere, askotan seinalatu den ekialdeko bide berezitik):

... bertzeren gezurrak indar gehiago duela, beraren egiak baino

erran zuen semeak, ioan zen aztore hura zela, haren (semearen) aitak arima-kari utzi zuena. Ez zuen erran berarentzat (semearentzat) utzi zuena zela.

Eta horretaz ari garenez, euskalkiekiko hain sentiberak garen honetan, euskalki guztiak izan beharko genituzke gogoan. Horregatik, faltan bota dut, oinarrizkoetan, Zuberoa eta Baxenabarreko erabileraren aipamena (besterik ez bada, Miranderen bitartez), zeinean bera beste euskalkietako "bera bakarrik", "bere gisa/kasa" baita (nihaur/neuror seriekoa, alegia: "nerau (ni) neu bakarrik"): 

"Atharratzeko zeñiak berak arrapikatzen"
"Bera dago"
"Nihaur gauerdiz nintzen barda").

Horra beste arrazoi bat abusua gaitzesteko.

Bada kasu bat, hala ere, literatur hizkera bete-betean harrapatzen duena, zeinean bera erakoak nahitaez erabili behar diren, guztiz oker ez banago (ekialderik ekialdeeneko estiloan ere). Zehar-estilo libre delakoaz ari naiz. Hain zuzen ere, ikusten ari garenez erreferentzia-errepikatua izanik aldez edo moldez beraren erabileraren funtsa, testu batek pertsonaia baten ikuspuntua segitzen badu, ikuspuntu horrekiko erreferentzia markatu beharrak eskatzen du, beste hirugarren pertsona batez ari garela ulertuko ez bada, bera formaz baliatzea, nahiz erreferentea inplizito hutsa izan.

Gramatika-legeak salbatu nahi dituenak beti esan dezake konpletiboa gobernatzen duen aditz baten sujetua dela erreferentea, delako perpaus nagusi hori azaleko egituran ezabaturik ageri bada ere. Lasai: adibide sinple batek argi dezake horrela esanda hain korapilotsu dirudiena: eman dezagun pertsonaiak une batean zera pentsatu duela: "Niri ez didate halako ziririk sartuko". Estilo zuzenetik zehar-estilora aldaturik, honelatsu emango genuke esaldia: "Pentsatu zuen berari ez ziotela halako ziririk sartuko". Eta zehar-estilo librean, berriz, esaldi nagusia ezabatuko genuke: "Berari ez zioten halako ziririk sartuko". Horrenbestez, garbi dago, ustez, azken bi esaldiotan "hari" jarriz gero hori pentsatzen ari dena ez den beste pertsona bat hartzen dela ziriaren hartzaile balizkotzat. Horretaz aparte, ez genuke ulertuko pertsonaia bere baitan pentsatzen ari dela hori, "berari" horixe baita zehar-estiloaren marka bakarra hor (beste batzuetan bestelako markak ager daitezke, noski "ez horixe!", esaterako, gure esalditxoan bertan, edo testuingurua aski izan).

Antzera esplika daiteke hizkera arruntari dagokionez neu, geu formen ugalkuntza arauz gaindikoa. Hiztunak bere pertsona beti darabil nola edo hala erreferentziatzat, eta "nik diot" inplizito horrekiko erreferentzia-errepikapena litzateke neu hori, lehen esaldian agertzen denean ere: "Neuretzat ondo dago (nik deritzot)". Bestean, berriz, "gu" tribal nahiz gremial bat dabilke bazterrean utzi ezineko erreferentzia: "Geureari eutsi diote (diogu nik, diot guk, gutarrek egin d(ig)utela)" (ikus, genitiboen sailera pasaturik, "Geurea da" enfatiko ospetsua, zeinean bere okerrean zuzenago litzatekeen indartu terminologia, baina baita murriztaile edo esklusibista ere: "gurea, ez beste inorena"). Hain zuzen ere, lehen pertsona modu enfatiko horretan azpimarratu ezean, "gu" horretatik kanpo geratzen dela sentitzen edo du hiztunak, edo harekiko hotz: alde horretatik, beraz, oker gramatikala derrigorrezko zaio hor zentzu subjetiboari ("herri" eta "euskara" hitzak letra larriz idaztera daraman paranoiatxo berberaz).

Bigarren pertsonakoetan antzeko zerbait dugula pentsa liteke (ikuspuntuaren erreferentzia jarraitu inplizitoa nagusitu dela, alegia), edo aurrekoen analogia formalez gertatu dela, besterik gabe: "Zeurean bizi da?". (Berez euskalki-aldaerak baino ez badira ere, -eu- osagairik gabeko formek (egungo estandarrean ia presentziarik gabeak, -eu- formon nagusitasun eginkizun-oro-hartzaileak azpiraturik) bete lezakete funtzio (?) hori (berarenen analogiaz, hain zuzen) ustezko gramatika-araua hausteke (genitiboetan bederen legetzat hartzen dena, alegia): "Zerorrenean bizi da", "Gerona da", "Neronentzat ekarri du"...

Hala, genitibo bihurkariak (1) eta ez-bihurkari/enfatikoak (2) bereiz genitzake sistematikoki, nahiz hirugarren pertsonako pluralak gero eztabaidatuko dugun forma batera ginderamatzakeen:

(1) neure, heure, bere, geure, zeure, zeuen, beren

(2) neronen, herorren, beraren, geron, zerorren, zeron, *beraien

(Nihaur(r)en erakoak (2) horren euskalki-aldaerak lirateke (berez (1) eta (2) ere hala dira, izatez, antza), baina, egia esan, galdegai posizio horretan forma arrunta agertzea da normalena euskara zabalean, nahikoa enfasi baitu posizioak berak. Ni baino ausartago batek Ataun aldean inoiz erabili omen diren nixe, zuxe formak ere berpizteko eskatuko luke, bera/huraxe oposaketari paradigma guztian eustearren: "Nixe joan nintzen, eta (nerau) irten nintzen garaile". Izan ere, zuzenerakoan ez, baina okerrerakoan gara gu ausart, -xe atzizkitxo indartzaile? horren abusuan bertan, esaterako: "Aurkezle bezalaxe (sic!) diotsuet...")

Bereizkuntza ez da komunikaziorako hain kritikoa lehen eta bigarren pertsona gramatikaletan: nire/neure , zure/zeure... (ikus Azkue: "neure kasa", "gure kasa"; edo Agirre Asteasukoaren praktika, adibidez: "lotsa gaitezen gure zabarqueriaz"). Erreferentea garbi dagoelako da hori posible (enfasia da alde bakarra, Agirreren segida-segidako biotan bezala: "Eta cergatic era onetan alcha cera, Cristaua, cere Aita onaren contra?" / Utzi dezu zure Ongille andia aurqueri, edo atseguin lotsagarri bategatik?"), baina hirugarren pertsona ez-pertsona da, definizioz, izenordain huts bat, erreferente batek edo bestek bete dezakeena, eta hortik buruhausteak eta zehaztu beharrak. Halaz guztiz, beste bi pertsonetan ere, erabilera zuzen abusu gabeak abantailak ditu, alde horretatik ere. Pentsa dezagun, adibidez, aditz jokatu gabeko esaldietan:

Nire etxean gertatzea ere! / Neure etxean gertatzea ere! 

Erabilera arauaren araberakoa bada, lehenbizikoan "gertatu da" edo ulertuko genuke, eta bigarrenean, berriz, "gertatu zait".

Beste zenbait arazotxo geratzen dira jorratzeko, aski funtsezkoak, eta kasu honetan artikulugilearekiko nire desadostasun batzuk agertuko dira. Errazenetik hasteko, nik sekula halako tentaziorik ez nukeen esaldiren batean bera ez erabiltzeko gomendio-legea ematean parentesian erreferentea jartzen duenean, nik neuk ez dut inondik inora ere ikusten hura denik (teoriakeriaren baten itsumena sumatu uste diot hor). Garbiena bakarrik aipatuko dut hemen:

Ikasleetako batek zuzendariarengana jo zuen azterketa berriro zuzentzeko eskatzera. Hura (ikaslea) urduri jarri zen bulegoko atea itxi orduko.

Hasteko, semantikoki (eta hori eskertzekoa da, asmoak asmo), esaldiak bi aukerak ahalbidetzen ditu, berez; alegia, ikaslea zein zuzendaria jartzea urduri. Neure esperientzia pertsonalak, behintzat, aise idarokitzen dit zuzendaria (eta/edo irakaslea) jar daitekeela urduri halako egoeran. Ez da hori, hala ere, kontua: niretzat esaldi horrek gramatikarik sakonen eta zorrotzenaz adierazten du huraxe dela (zuzendaria) urduri jarri dena, eta ez inolaz ere ikaslea, parentesiak boluntarismo hutsez adierazi nahi digunez. Prest nago aitortzeko erabateko anbiguitateak gertatzen direla zenbait esalditan, baina hor ez, nire sisteman. Eta hortxe dago koxka: zerekin oposatzen da esaldiko hura hori, artikulugilearen sisteman? Berarekin, akaso? Hala lirudike artikuluaren testuinguruan. Anbiguitate berbera ez al legoke, baina, bera erabilirik ere, sujetuak sujetu eta teoriak teoria? Zer, orduan?

Bada, ageri ez den zerbait dela hor hurarekin ustezko oposizioan dagoena, artikulugileak ahaztu edo nahasbide gehiago ez sortzearren aipatu ez duena. Non bilatu, beraz? Jose Moralesen idazkeran bertan, aidanean. Izan ere (adibide guztiak ez lirateke kabituko hemen), beraren sisteman, hor "zuzendaria" urduritzen dela uler dadin, hau litzateke anaforikoa, guztiz oker ez banago (halako adibideak jorratzean ez dago aipamenik ere, baina gero, bere errezeten abecedarioan, e) atalean gogorarazten digu "bestelako anaforikoak ere badirela: beronen, berorren, honen, horren...")

Lanak aurreratu alde, mendebalean anbiguo gertatzen dela aipatzen den beste kasu batean gauza bertsua dugu, ustez, genitiboen sailean:

Koldok Miren bere etxera eraman du.

Hor ere, anbiguitate errendigaitz hori nola edo hala gainditu nahi duenak areago jo ohi du, erdararen kalko nabarmenez, bereren ordez honen edo jartzera, Moralesek aipatzen duen haren teoriko (baina kontraesantsu) horretara baino. Parentesiko kontraesanetariko behinena zera da, hain zuzen: anbiguitate bat saihestu nahirik, beste batean erortzen garela raust, zeren haren horren erreferentea ez Koldo eta ez Miren ez den hirugarren pertsona bat da berez (eman nahi zaion hori baino lehen, behintzat).

Bide hibridoak ere izan ditu bere moda-boladak: beronen. Horrenbestez garbi dagoke honezkero, aipamentxook baino jorraketa luzeagoa eskatzen du erakusleen erabilera anaforikoak, hor (bertan, hor berean) baitatza erabilera desberdinen gakoetako bat.

Erakusle-sistemak, gaur egun eta aspaldi historiko luzetik, hiru gradu ditu euskaraz, espainieraz bezala (frantsesez, ingelesez, italieraz, bi gradu dira, salbuespentxoren bat gora-behera): 1) hau, 2) hori, 3) hura. Oinarrizko oposaketa hiztunaren kokalekutiko hurbil-urruntasunari dagokio, eta korrelazio aski estuan dago, beraz, pertsona gramatikalekin (nahiz hirurak egokitu daitezkeen, jakina, hirugarren pertsonekin): ni>hau, hi>hori, hura>hura. Denboran, berriz, lehen gradua (hau) presenteari dagokio eta hirugarrena (hura) iragan nahiz etorkizunari (bigarren graduak (hori) eginkizun gutxiago du oinarrizko kokapen horretan). Seinalatzeko funtzio hori (atzamarraren laguntzaz, adibidez: hatz erakusleaz) betetzen duen elementuari deiktiko deritza (deixia = seinalatzeko ekintza). (Bada normalean atzamar beharrik ez duenik, situazioan aski garbi dagoelako: "Hau izugarria da!", "Hemen (idazten ari naizen honetan", "Mundu honetan"...) 

Zorionez edo zoritxarrez, testuek (eta batez ere testuez ari gara denbora guztian) ez dute atzamarrik, eta, alde horretatik, ez litzateke espero izatekoa halako elementu deiktikoek presentzia handia izatea paperean. Zer gertatzen da, orduan (denok baitakigu erruz agertzen direla)? Bada, hasteko, testura baino lehen ere, diskurtsoan (hitz egitean) beste funtzio bat ere badutela erakusle horiek berek, atzamarren laguntzarik gabe zerbait seinalatzeko. Esate baterako, diskurtso horretan erabili den erreferente bat errepikatzen dela adierazteko (hura osorik ez errepikatzeko, alegia, hura ordezteko): funtzio horri deritza anafora, eta erakusleek diskurtsoan duten funtzio guztiz garrantzizkoa da anaforikoa.

Ondorio bat berez dator, ordea: diskurtsoan eta atzamarrik gabe zertara datoz hiru graduak? Ia ezertarako ez, egia esan. Izan ere, J. M.en artikuluak ere horrexegatik (izenburuari fidel) ez du praktikan hirugarren gradua baino aipatzen ia. Aski ote dira, beraz, hura eta bera anafora guztietarako? Galdera, bistan da, erretorikoa da, baita niretzat ere (kontuan hartu nik ez ditudala neure egin orain arteko hau, honen, beronen anaforiko horiek). Testu hauxe gainbegiratu besterik ez dago.

Suspensezko artikulu bat egiten ari ez naizenez, argi dezadan bertatik kontua. Gure hizkuntzak sofistikatu samarrak dira, guztiak ere, eta kanpoko erreferenteen anaforaz baliatzeaz gainera, diskurtsoa bera (edo are testua) ere erabiltzen dute erreferentziatzat, eta erakusle berberez ordezten diskurtsoaren barneko erreferenteok, diskurtso zatiok atzamarrik gabe, baina seinalatuz (diskurtsoaren barne-anaforatzat ere jo daiteke). Laburbilduz: hiru funtzio bederen elkargainkatzen dira erakusleetan: deixi arrunta, (kanpoko) anafora, eta diskurtso (edo testu) barneko deixia (anafora diskurtsibo-testuala). Adibide bana:

Eraman hori. (deixi arrunta)

Mikeli esan zioten, eta hark... (anafora)

Konforme nago, baina horrek ez du esan nahi... (diskurtso barneko deixizko anafora: aurreko perpausatxo hori ("Konforme nago") ordezten du)

Ikastaldia amaitzeko, esan dezagun badela oraindik ere erakusleen beste funtzio diskurtsibo-testual bat, kataforiko deritzana eta izen horrek okerrena pentsarazten badu ere errazena dena, konbentzioa guztiz garbi baitago hor: bi puntuen (:) aurreko lehen graduak betetzen du eginkizun hori:

Hau ikusi dut: ...

Honela esan zidan: ...

(Parentesi askoren artean inork ez ikusteko moduan aipatu beharko nuke J. M.en azken literatur itzulpen zoragarri horri horixe aurkitu diodala aitzakia ia bakarra, sen guztien kontra hiperzuzenketaz (?!) nire azken horren tankerakoen ordez bestelako molde bitxi hau baitarabil (hori, bai, zuzen nahiz oker, sistematikoki):

Hala esan zidan: ...

"Hala" hori zuzena da izatez, noski, baina aurretik azaldutakoari dagokio, eta ez bi puntuen ondokoari. Bestetik, errusierazko jatorrizkoak hala (horrela) egin badeza ere, hori ez da aski arrazoi bere horretan emateko: erakusleak ez dira dauden-daudenean itzuli behar, testu-antolatzaile gisa funtzionarazi baizik. Ildo berean, ez zait egokia iruditzen J. M.ek sistematikoki hainen ordez darabilen horren forma, ez bigarren pertsona gramatikalarekin zerikusirik duen eta ez testu-anafora ez den kasuetan:

... hor behean Baidarak horren ur nahasia dakar, non ezin izango baitugu zeharkatu.

Ustez bistakoa da (nahiz ez den hori funtsezkoena), hain formak, deiktikotasuna abastraitzeaz bat forma ere haren arruntetik bereizi denez, nahasbide gutxiago sortzen duela (testuinguruak testuinguru, genitibo arrunta ote den horren hori, eta beste erreferentziaren bati ez ote dagokion...). Horrez gainera, "hor behean" horrek ez du, teoriakeriaz baino, bigarren graduaren erabilera hori behartzen.

Puntu horretan, errebindikazio positibo baten gehiegikeriazko alde negatiboa somatu uste dut. Alegia, sistema hirukoitza dela gogorarazi nahi edo bat (honen, horren, hain). Kontuz ibili behar dugu, baina, halakoetan hiperzuzenketa okerrago baita arrunkeria bera baino. Izan ere, egungo gure sistema erdarazkoen molde gradu bakarrera etorria dago ia, eta Ni hain alferra naizenez perpausa euskara normaltzat jo beharko dugu honezkero, Honen alferra naizenez jatorragoaren aldean. Okerrago da, nik uste, esan bezala, kontrakora behartzea: Artista horren harroa delako. Azken horretan, onenean ere (okerrena "artista hori"+ -EN ulertzea da noski), bigarren pertsonako solaskidearekin zuzenean ari garela ulertuko genuke, artista titulua hirugarren pertsona erretorikoan erabiliz ("zu zaren artista agertzen den bezain harro", edo, alderantziz, bertan ez dagoen artistaren bat "zu(e)k diozu(e)n bezain" edo "aipatu berri den bezain" harroa dela: deiktikoegia, alegia, beti ere).

Hainbat arrazoiz nola edo halako gradu-aukeren murrizketa gertatu zaienen zerrenda bat egin daiteke. Erabilienetako bat horregatik izango da. Lehen gradukoa nire sisteman kataforiko hutsa da, esan bezala (honegatik:...), eta hirugarren gradukoa, berriz (hargatik), oso gutxi erabiltzen da, kanpo-anafora arruntaren lekua bigarren graduaren bitartezko diskurtso-anaforak hartu baitu ia erabat (ez alferrik da estilo diskurtsiboaren oinarrietako bat horregatik hori). Hemen jorratzen ari garen zalantzabideak atzo goizekoak ez direla erakutsi alde, aipa dezagun gure aurreko autore aski desberdinek (Iztuetak, Txirritak (!)...) bestelako formekin nahasian, beragatik forma ere erabili izan dutela, gaztelerazko "por eso" /"por ello" bikoiztasuna euskararatuz, inondik ere.

"Beraz", "hau da", "hortaz"... (azken kasuan horretaz paradigmatikotik berezirik) zein bere graduan zuzen zein oker, ez dio dagoeneko axola lexikalizaturik daude aspaldian: fosil zurrunak dira. Hala ere, gradu oposaketa sentitzen da beraz eta hortazen artean, adibidez, bigarrena (bigarren gradukoa) bigarren pertsonarekin loturik baitoa eskuarki: Hortaz (esan duzunaren arabera), azkenean ez dugu ezkontzarik? Lehenak, derragun bidenabar, hartaz formari berez dagokion beraz normalari lekua kendu eta berataz forma paradigmaz bestekoa sortarazi du, analogia bidez, gipuzkeraz (?!)

Arrazoi berdintsuz, (besteak beste) espainierazko así eta frantsesezko ainsi berdin forma bakar gradurik gabea denez (asá eta asao ez dut uste direnik, behintzat, beste graduak), jende askoren hizkeran zein idazkeran forma bakarra dago ia dagoeneko euskaraz, bigarren gradukoa (horrela) , edo lehen-bigarren graduko forma kolokial laburtuaz lagundua (hola). Sena hainbesteraino (horrenbesteraino?) galdu den honenbesteraino galdu dugun honetan, gogorarazi beharko da, akaso, hala dela forma ez-markatua, eta bera dela anafora arrunterako molde klasiko bezain funtzionala: Hala esan zidan. Horrela erabiltzean, diskurtsoa nahiz testua bihurtzen (bihurritzen?) dugu erreferentzia-gune, edo bigarren pertsonari dagokion beste erreferentziaren bat idarokitzen (goragoko adibidean azaltzen saiatu naizenez).

Gauza bitxiagorik ere gertatzen da, deklinabide-kasu bakoitzak gradu batera zein bestera egin balute bezala, nolabaiteko sinonimo diren kasuan ere: Hala esan zidan, baina Hori esan zidan; Horregatik, isilik geratu zen, baina Hala, isilik geratu zen. (Nik neuk, zalantza teorikoen gainetik ere, bi ikuspuntuak ohikoaren kontra konbinatzen dituenen bat erabili dut Shakespeareren sonetoen itzulpenean: Horiek hala,... Ez da oso bestelakoa, ustez, "hara hemen" ezaguna.)

Adibideotatik atera daitekeenez, nire erabileran (ez ahal da nirea bakarrik izango!) funtzio anaforiko-kataforikoetan ere badute beren espezializazioa erakusleen hiru graduek: lehen gradua (hau), kataforetarako (bi puntuen ondoko azalpena aurrez ordezten duena); bigarrena (hori), diskurtsoan aurreko zati bat seinalatu eta ordezteko (diskurtso barneko anafora), eta hirugarrena, berriz (hura), diskurtsoak adierazten duen munduko erreferente baten ordezkapenerako (kanpoko anafora, arrunta).

Ez da txiripa hutsa azken horretarako hirugarren gradua erabiltzea, hura (hirugarren gradu horixe) baita deiktikotasun gutxienekoa (gogoratu erakusle ezezik, izenordain pertsonala ere badela, forma berberaz). Adjetibo funtzioan, hain zuzen, deiktikotasunaren abstrakziorako hurrengo pausoa erakuslea artikulu soil bihurtzea da, latinetik hizkuntza erromantzeetara gertatu zenez (ikus euskaraz ere: "etxe hari"/"etxeari"... eta bizkaieraz, antzina beste euskalkietan ere egiten bide zenez, are beste graduetan: -a/(h)a, "gizonau", "gizonok"...).

Lehen adostasunak, beraz, horren inguruan behar luke: ez erabili beharrik gabe (beren eginkizun zehatzetarako baino) beste bi gradu markatuagoak. Hain zuzen ere, bereziki lehen graduaren abusuak jartzen du hankaz gora funtzio-banaketa hori (eta horrenbestez komunikazioaren zehaztasuna lausotzen). (Latinaren eta erromantzearen eragin zuzenaz gainera, euskaraz antzina, itxura denez, bi gradu baino ez izateak baduke zerikusirik nahasteokin, espainieraz éste erakoen latin erroa bigarren gradukoa izateak ere badukeen moduan.)

Eman dezagun, adibidez, jende askok bezala, lehen gradua (hau) erabiltzen dugula bigarrenaren ordez (hori) aipatu berri den zerbaiten erreferentzia markatzeko. Akaso gero testuinguruak argituko du, baina interpretazioa ezbide hauetako batera etor daiteke berez:

  • Bi puntuetara doan katafora baten aurrean gaudela pentsaraztea ("Hau> esan zidan...: ..."), eta ez aurrez aipatua den zerbaiten laburpen anaforikoa dela ("<: Hau esan zidan...")
  • Zentzu deiktiko arruntean interpretaraztea atzamar eta guzti seinalatzen ari bagina bezala, lehen graduak bigarrenak baino arrisku gehiago baitu horretarako ("Honek (aldamenean dagoen norbaitek) esan nahi du...).

Bat baino gehiago pentsatzen ariko da honezkero nik inoiz "hautista"tzat bataiatu (eta batailatu) dudan joera horren kontrako gurutzada-sukar halako batek naramala azken adibide horren kasuan bezain adar punta meharretatik heltzera auziari, baina ez da horrela. Higuinak higuin eta senak sena, funtzionaltasun jator bat bilatzea izan beharko genuke denok ere xede, eta horretarako ez dirudi halako anbiguitate sarriak eragiten dizkigun desistema hori denik eredugarriena. Adibide errealagorik eta argigarriagorik aipa nezake, hain zuzen, erakusle izenordainen esparrutik adjetiboenera lerratuz gero:

... Otto Pette... Liburu honek... (Lertxundirena ulertarazi nahirik, eta ez testua idatzirik dagoeneko liburua)

Lurrikadak gertatu dira Txilen. Herrialde honetan...

(ETBn horrelakoak barra-barra entzuna naiz, eta, ez dakit zuek, baina nik ezin dut deskodetu "Herrialde honetan" hori modu guztiz deiktiko-arrunt seinalatu beharrik ere gabean baino: ETB ari den herrialdea da hori ezinbestean niretzat.)

Oso luze joko luke euskal idazleek halakoen aurrean hartu dituzten joeren azterketa xehe luze-zabal batek, baina sinetsidazue (aspaldi da radar horrekin irakurtzen ditudala) fidagarrienei ere aurkitzen zaiela kontraesanik eta are nahasbiderik (Beraz, desmadrea lege! aldarrikatuko du horrenbestez norbaitek). Adibide kuttun bat baino ez dut hemen aipatuko:

Agirre Asteasukoak (nire hautista faboritoak: esaldi biz behin darabil "au" edo familiakoren bat) lehen gradurako joera sistematikoa du testu-anaforetan, elkarrizketa erretorikoetatik aparte ("orregatik", "ala" eta "ara/orra" salbuespen direla): "<Au da gauza bat", "<Onela", "<Oec", "<Emendic"...). Sintaxian ere erdal moldetik gu gaur ausartuko ginatekeen baino hurbilago dabil, bistan da, eta erakusleen funtzio-banaketa ere oharkabean, aidanez, baina ohartzeko moduan hor nonbait. Testu-erabileretan, jakina, ezen ahozko diskurtsoa islatzen den pasarteetan (elkarrizketak eta abar) bestela jokatzen du (espainierak, hiru gradu izaki eta gradu-marka izenordainarekin bat eginik dagoenez (frantsesez, -ci, -la... bereiz doaz), frantsesak baino gehiago enplegatzen ditu, idatziz batez ere, erakusleak funtzio berezi-bihurri horretan, eta gure diglosiak ez dira atzo goizekoak).

Dakikezuenez, Erakusaldiak "sakramentuen gaiñean" dira. Atal bakoitzean, beraz, honelatsu doaz aipamenak "(X)ren sakramentua", "sakramentu hau"...

(Halakoetan gertatzen denez, berehala atal honetan aipagai duguna edo da hau horren interpretazioa, diskurtso- nahiz testu- barneko erreferentzia zehazki kokatu gabez. Prozeduraren errepikapen mekanikoa baldartxo eta astuna sentitzen da, ordea, aukeran, eta sinonimia-joko egoki batek edo bestek konpon lezake hobeto kontua.)

Halako batean, haatik (ez da kasu bakarra, baina bai politena), ezkontzaren sakramentuaren atalean aurrera, "bizimodu au" (aipatu berri dena, alegia, ezkonduarena) espero izatekoa denean, bere joera haustera behartzen da Agirre, garbi baitauka, hizkuntzak berak inposatzen baitio, berak "bizimodu au" esatean "beraren (bere?, haren? : Agirreren) bizimodua" ulertu behar dela, hots, apaizarena, eta ez ezkonduarena, eta nire sistemara itzultzen da, ordu onean itzuli ere: "bizimodu ori" (egia osoa esateko, gazte ezkongabe batekin ari da elkarrizketa erretorikoan pasarte horretan, eta "zuk diozun bizimodu ori" postula liteke horrenbestez, nire azalpenaren kontra).

Joerak joera, bigarren gradua testuan bigarren pertsona gramatikalezko erreferentzia deiktikoren batekin nahasteko, solaskide ezplizitoren bat behar litzateke, eta horregatik erabil daiteke lasaiago eginkizun anaforikorako (Agirrek justu kontrakoa egin zuen, eta akaso zerikusia izango du horrekin Erakusaldiak jende aurrean irakurtzekoak izateak, bigarren graduaren erabilerak entzuleak ziren bigarren pertsonarekin nahastea saihestu behar baitzuen).

Erabateko adostasunik lortuko ez bagenu, hala ere gutxieneko bat onartuko ahal zait, eta gehiegikeriatzat joko honelakoak behintzat (erakuslea leku-aditzondoz mozorroturik):

Hamazazpi urterekin Seminariora sartu zen. Hemen (Seminarioan!) bost urte pasatu, eta...

Esaldi hori primeran letorke, noski, Seminariotik idazten ari bagara testua...

Hor goian (parrafo mordoxka bat gorago) zintzilik utzi dugun esaldira itzulirik, orain agian hobeto ulertuko da nolako autorreferentziaz seinala dezakeen azken aipatu den erreferentegaia lehen graduko erakusleak (nik onartzen ez dudan erabilera batean):

Ikasleetako batek zuzendariarengana jo zuen azterketa berriro zuzentzeko eskatzera. Hau (zuzendaria) urduri jarri zen bulegoko atea itxi orduko.

Halakoen zaleei bereziki gustatu ohi zaie bi erreferenteren arteko joko testual hori osorik esplizitatzea:

Zamari desberdinak dira astoa eta mandoa. Hau hura baino maneiakorragoa da.

Errepara bedi, bestetik, prozedura hori testu-prozedura bihurri-sofistikatu bat baino ez dela (ez dela hizkera arrunta, alegia), eta horretara ezkero badela bestelakorik aukeran (beti geratuko zaigu Parisko estiloa):

Bigarrena lehenbizikoa baino

edota, biak konbinatuz:

Bigarren hau lehenbiziko hura baino

Eta, hala ere, erreferente-lehian daudenak bi baino gehiago badira?... Nik neuk, naturalen ezezik dotoreentzat ere errepikapen peto-petoa jotzen dut, jatorrago baita erreferenteak garbi adieraztea, (erdal) eskolaren batetik pasatuak garela erakustea baino (edo ikastola batetik, jakina):

Zamari desberdinak dira astoa eta mandoa.
Mandoa astoa baino maneiakorragoa da.

Aurrekoetan ere, nahasteren bat sortzeko arriskua ikusiz gero, ingelesek-eta flema osoz ohi duten moduan aitortuko nuke hizkuntzaren eskasia, eta bertan (parentesi batez) konpondu:

Koldok Miren bere (Koldoren) etxera eraman du. 
Koldok Miren bere (Mirenen) etxera eraman du. 

(Teorizazio hau baino lehenago ere behartua sentitu naiz ni halakoak erabiltzera. Hona adibide bat:

"Lizardiren soneto ustez bakarra gaztelaniazko bere (Lizardiren) jatorrizkotik itzulia da."

Hor "bere"ren beste erreferente posiblea (gramatika-arau zorrotzaren arabera bakarra) "sonetoaren" zen. Haren nahiz beraren nituen aukeran, baina, mendebaleko joeraren pisuaz gainera, halako testuinguruetan biek ere aurreko hitzarekin lihoakeen erakusle baten itxura har zezaketen ("gaztelaniazko hura (bera)", genitiboa). Ez da noski hori nahikoa arrazoi bere noiznahi erabiltzeko, baina bada beste arrazoitxo bat beste askoren artean bereren alderako joera esplika dezakeena.)

Normalean testuinguruak argitzen du kontua, are honako Agirre Asteasukoaren adibide honetan bezala bi baino gehiago izan daitezkeenean korreferente-gai teorikoak:

"Orregatic dio Jesu-Cristoc, barcatu ciozcala Jaunac becatari oni bere becatuac"

Hasieratik adibide nagusitzat hartu dugun horretan, berriz, soluzioa errazagoa da. Argi utziko ahal nuen gorago artikuluan datorren moduan nik "zuzendaria" hartzen dudala huraren erreferentetzat:

Ikasleetako batek zuzendariarengana jo zuen azterketa berriro zuzentzeko eskatzera. Hura (zuzendaria) urduri jarri zen bulegoko atea itxi orduko.

Nola emango nuke nik, bada, esaldi hori, urduri jartzen dena "ikaslea" dela adierazteko? Koxka (gero saiatuko naiz azaltzen zergatik izan daitekeen), hain zuzen ere izenordain erakuslerik ez aipatzean datza kasu horretan:

Ikasleetako batek zuzendariarengana jo zuen, azterketa berriro zuzentzeko eskatzera. Atea itxi orduko (,) urduri jarri zen (ikaslea). 

Ordenamendu-aldaketak ez du zerikusi zuzenik aztertzen ari garenarekin, eta ez ditu, ustez, gauzak aldatzen (goiko "Koldok" eta "Miren" horiekin saiatu: Miren bere etxera eraman du Koldok). "Ikaslea" eta "zuzendaria" agertzen diren ordenuak ere ez du funtsezkorik erabakitzen, itxura denez. Kasu honetan sujetu diren (baina beharbada foku nagusi edo aktante izatea aski luketen) erreferentzien arteko jokoaren arabera ebazten delakoan nago auzia: "sujetu" (edo aktante nagusi, edo dena delakoa) aldatzen delako seinalea da, hain zuzen, hirugarren graduko erakusle anaforiko horren agerpena, bestela, defektuz, lehengoak segitzen baitu izaten foku, aktante, sujetu (hala baita kasu honetan). 

Horrexegatik ez dago lehen gradukoetara jo beharrik:

Pasea Etxeberriari eman dio (Alkizak), baina honek (Etxeberriak) ez du asmatu.

Aski baita forma arrunta, "hautismo"rik gabeko anaforaz ongi adierazteko nork ez duen asmatu:

Pasea Etxeberriari eman dio (Alkizak), baina hark (Etxeberriak) ez du asmatu.
Pasea Etxeberriari eman dio (Alkizak), baina ez du asmatu (Alkizak)

Jakina, okerrenean, erreferentea bera ordezkapenik gabe berriro aipatzea da seguruena: baina Etxeberriak ez du asmatu (beste aukeran horra nire sistemaren aldeko beste froga bat komunikazioa hautsi den kasuan baino ez genuke aipatuko berriro Alkiza, hartaz ari ginela garbi dagoenez).

Hautismoari buruz, beste ohar bat egin beharra dago. Fenomenoa adierazgarria da, oso, zeren erdarazko forma-funtzioen kalko peto-petotik hasirik, erdarak berak baino harago baitaramagu azkenean joera:

Oso informazio garrantzitsua hartu zuten espainiar poliziarengandik, hauek (sic) salatariak zituztelako... (ETB, 96-09-10)

Izan ere, honako testuinguru hauetan ere sortzen zaigu tentazio hautista (garrantzi txikienekotik handienekora ordenatu ditut, ustez):

- Zenbait ilatibo erdaraz ez markatutan hirugarren edo bigarren gradu normalagoen ordez lehen graduan setatzean: "Así,..."/"Honela,..." (Halaren ordez), "Por tanto,..."/"Honenbestez" (Horrenbestezen ordez)...

- Erdarazko "el mencionado artículo", "dicha ley", "por el mismo", eta antzeko anaforiko berezien ordainetan. Euskarazko errepertorioa ("aipatu legea", "delakoa"...) murritzagoa bide da, eta horregatik betetzen bide da hutsunea hauz.

- Erdarazko izenordain atonoak itzultzean: "comerlo", "para verlas"... (su(yo)ren eta kasuan bezala, hurbileneko baliokidea "aquél" erakoa dugu, "él" berezirik ez dugunez, eta bide bihurri horretatik iristen da hainbat "él" horren ordez erdarazko testuetan aukerakoa den "éste" itzultzera, nahiz itzulgaian ez agertu, ez zaigulako, nonbait, "éste" "aquél"en aldean (!) hain erakusle iruditzen: "hau jatea", "hauek ikusteko"...)

- Erdarazko erlatibo esplikatibo direlakoen ordez euskaraz koordinaziora jotzen dugunean (gehienetan, beraz). Izan ere, izenordain erlatiboaren anafora-funtzioa erakusleak hartu behar du, eta aurreko atalekoen mekanismo berdintsuz lehen gradura jotzen du sistematikoki hainbatek: "Pidió dinero a Miren, que se lo negó" > "Dirua eskatu zion Mireni, eta (baina) honek ukatu egin zion". Egia esan, behin hasiz gero, zergatik ez "honek hau ukatu (egin) zion"? Edo, graduak fifty-fifty eta testua atzamar ozarrez beterik "honek hura", edota "honek hori hari"? Nik uste garbi geratuko ahal zen, aski da hirugarren gradu arruntarekin: "eta hark ukatu egin zion". (Horrenbestez, forma indartuei buruz nik berretu esango nieke, mamia ezezik forma ere isla dezan hitzak aipatu dugun aholku hain zentzuzko hura graduei ere aplikatuko genieke: ez erabili hirugarren gradu soilak adieraz dezakeena adierazteko beste gradu markatuagorik.) 

Gaiak badu nondik luzatua (adjetibo funtzioan doazen erakusleez deus gutxi aipatu dugu, adibidez, artikulutik ez urruntzearren), baina honaino segitu nauenak bere kabuz aterako ahal ditu ondorioak, eta egoki deritzen proiekzioak egingo. 

Gorago hemenen aipamena egin dugula eta, serie bereko hirugarren gradukoekin gertatzen denak eman diezaguke pistaren bat gauzak nondik nora joan diren. Izatez, aski litzateke han soila funtzio horretarako, kasu horretan nekez gerta baitaiteke adberbio hori aditzak markatzen dituenekiko korreferentziala izatea. Halatsu gertatzen da ekialdeko usadioan, zeinean mendebalean hain zabaldurik dagoen bertan formak denborazko adiera baino ez baitu eskuarki (ikus Lande eta abar): "(bet)-betan" edo "berehala" ditu sinonimo. Erreferentzia errepikatuaren marka esplizitoa, berriz (erredundantziazko enfasiz edo, berak berbera ematen duen intentzio bertsuaz, beraz), aposizioan doa komarik gabe baina berriro deklinaturik ("han berean"). Singularrean deklinatua, hots, han horren azpian (leku-) izen bat suposatuko balitz bezala ("lekuan berean"). Mendebaleko erabilerak, aldiz, mugagabe itxurakoa aukeratu du ("lekuan bertan"), eta gero bertan forma hori soilik geratu da normalean anaforarako. Ikus dezagun, adibide batean, nolatsuko dibergentziak sortu diren horrenbestez:

(Ek.) Diru horrekin etxe bat erosi zuten. Han bizi izan ziren luzaroan, eta han (berean, -txe) jaio ziren haurrak.

(Mend.) Diru horrekin etxe bat erosi zuten. Bertan (han?) bizi izan ziren luzaroan, eta bertan (hantxe) jaio ziren haurrak.

Hantxe horiek, hor sartu baditut ere, esaldian guztiz ondo baitatoz, ez dute zerikusi zuzenik gure kontuarekin, ez baitira terminologiak terminologia anaforiko-errepikapenezkoak, enfatiko hutsak baizik (bi funtzioak aski nahasirik badaude ere). Lehendabiziko bertan hori ez da erabilera bakarra, baina bai zabalduena, aho batez aitortzen dugun mendebaleko joera nagusiaren bidetik.

(Bi joeron arteko hibridorik ere bada, hala nola Hondarribiako hizketa arruntean barra-barra entzuten den "herri bertan" moldea. Ez dakit ziur "herrian bertan/berean" bakarrik adierazten duen, ala joera zabalago baten lerradan "herri berean" ere bai.)

Hor agertzen ez den baina testu zaharretan detekta daitekeen zerbaitek argi dezake, bestetik, bai hor izan bide den katebegi galdua zein zen, eta bai beste nonbait aipatu dugun beraren erako forma batzuen iraupena ere (forma hori normalean bere arruntak ordezkatu ohi duen hizkeretan ere). Izan ere (hiztegietan jasorik datoz), badira forma arkaiko-edo batzuk ohi denez bazterreko euskalkietakoak ber- +[erakusle] osaketakoak, lekuzko kasuetan ere:

"zeren berartan baitu hontarzun guzia" (Oihenart)
"atan beratan" (Uriarte).
"beratan dago zure betiko zorion edo zorigaizto guztia" (B., Retana)

(Beste nonbait aipatu dudan berataz modernoide horren birraitona ere topatu dut hiztegiko Erronkarin: "berartaz ebaki".)

Izatez, harrigarriena besteona da; "honetan beronetan" eta "horretan berorretan" erabili erabiltzen dituenaren kasuan batez ere, "hartan berartan", berez bezala bailetorke segidan. Hiztunak ez du, haatik, nonbait, bereizkuntza beharrik gehiago sentitu berartan forma erakuslezkoaren eta bertan/berean abstraituagoen artean (baina, aldi berean, "haren bere" gisakorik ez dio onartu senak edo belarriak, eta "haren beraren" egiten du, eta "harentzat berarentzat", eta abar; erakuslea presente dagoen kasuan bederen, zeren bestela ez dakit denok bereizten ote dugun sistematikoki berarentzat eta beretzat, berarekin eta berekin (zoritxarrez pluralarekiko anbiguoa) eta are gutxiago beraren eta bere, nahiz funtzionala den noski.

Batzuetan, esaldi luze bihurri samarretan batez ere (baina ez bakarrik) ez da erraza irizpidea aplikatzen, ez hizketan ari denarentzat, noski, ez eta gero esaldi hori aztertzen duenarentzat ere. Aproba egin, bestela, Liberalen dotriña pekatu da itzulpen jatorretik asko miatu gabe aukeraturiko honekin, ea bere horri teorikoki zer tokatuko litzaiokeen (itzultzaileak badarabil bestetan beraren):

San Atanasiori bere egunetan mundu gucia irabiatua cerabillen, Arrio-ren dotriña galdu galgarriaren contra irtetea persecucio latzac, erbestetzeac, igues eguin bearrac, hiltzeco desapioak, eliz-batzar palsoen escumcacioac costa citzaizquion.

Lehen begiratuan, itsutu gaitezke pentsatuz beherago aditzak gogorarazten digun San Atanasiori horrek justifikatzen duela forma "bihurkaria", baina bere horrekin doan sintagma erlatibozko perpaus txertatuarekin doa noski, eta cerabillen aditzak Arrio-ren dotriña eta mundu guztia ditu erreferente aktibo eta pasibo, eta ez inondik ere San Atanasiorik. Horrek beraren (edo haren) eskatuko luke teoria zorrotzez (ez, behintzat, bere). Hala ere, hiztunak San Atanasiori erreferentea hain du bertan (?!), "Halako eta bere zerak" egiturakoetan bezala, ezen ez baita geratzen, den txintxoena ere, gramatikak zer aginduko dion, aditzaren zain. Hala, hurrengo esaldirako, erreferentea berriro aipatzen ez bada ere, koherentziak eskatzen dio hurrengoa ere berdin egiteko, datorrena datorrela:

Eta bere guizaldian zabalduak zebiltzan dotriña gaizto gucien contra biotz añ andiaz irten zan maisu andi Agustin ¿bear bada bildur izan citzaien Pelagioren dotriña galgarriac zabaldu cituen mataza nastu eta iguergaitzai?

Ez dut uste perpausen gramatika-analisi hutsetik ebatz daitekeenik beti kontua, hartarako trebeena izanik ere. Hor teoriazalearen tentazioa zera litzateke, perpaus bakoitzetik esaldi osoraino zabaltzea korreferentziaren araua, baina behin hasiz gero, zergatik ez inguruko esaldietara... edo diskurtso osora?: horixe egin bide du hiztun askok, teoria beharrik gabe. Kontrako bidea zuhurrago litzateke, apika; alegia, genitibo bakoitzean, izenlagun den aldetik, inplizitoki dagoen esaldi erlatibozkoa topatzen saiatzea. Horren arabera, Zeure kalterako da eta antzekoak (erreparatu bereziki da erako aditzekin gertatzen dela arau-haustea, eta ez kasualitatez), Zeure kalterako duzu eginez konpondu gabe ere, zeuk hartzen duzun kaltea ulertuko litzateke, eta horren arabera aplikatuko transformazioa: zeuk>zeure. Izan ere, nago ez ote den fenomeno hori (perpaus inplizitoaren eragina) genitiboen auzia beste kasuen aldean adarragotzen duena. Horrek esplikatuko lituzke Nekane eta bere lagunak (berak dituen lagunak) ikusi ditut erakoak, bai eta Bere ahizpa da oker-arruntak ere, gramatikaren barrutik (testuinguru-situazioa eta diskurtsoaren osotasuna kontutan hartzen ez duen gramatika perpaus-mugatu baten kasuaz ari naiz noski). Chomskyzalerik geratzen bada, baduke bazka ederrik hori formalizatzen. Erreparatu, bide batez, horixe konpontzera letorkeela bere (bihurkaria) eta beraren (errepikapen hutsezkoa: bera + -EN) formen bereizkuntza.

Hala ere, dena argitu bitartean: zergatik ez ditugu serio hartzen lehenago euskara benetan batuarekikoak, alde batetik euskalkiak zazpi aitzakiaz urrundu (taifatu idaztera nindoan) eta bestetik arau-uste zahar-berri halamoduzkoak ezarri beharrean? Eta, batez ere, egindako bidea astean-astean oker zein zuzen bidez desegin eta desdesegiten jardun beharrean. Zertaz ari naizen? Honen segidan duzue adibide bat.

Adberbioa singularretik gertuago dagoelako ez dut aipatu orain arte pluralik, baina berriro ere egoera ez da guztiz berdina haietan. Izan ere, aurreko nire esalditxo horren bukaerako haietan hori bera ere, haren erreferentea neuk erabili dudan anaforaz ongi ulertzen bada ("pluralik" horretan esan gabe dauden "pluralak" baitira, derradan badaezpada ere), beste zenbait modutara ere eman daiteke. Bat, hasteko, han naiz bertan litzateke, adberbio soilez, baina orduan are zailago dirudi erreferentea identifikatzea.

Anaforan atzera jo ezean, errepikapenera, alegia (" (aipatu) pluralok", "plural horiek"), izenordainaren moldaera baino ez litzaiguke geratuko, eta horra misterioa gutako inorentzat existitzen ez den berartan horren plurala agertzen zaigu denoi, auskalo nondik: beraietan, noski, errealzaleei, eta euretan, jakina, athleticzaleei. Hizkuntza kontuan ez bata eta ez bestea ez garenoi, berriz, hasteko, ez litzaiguke bururatuko premiarik ez denean ber- dontsu horretaz abusatzerik, eta premia handiagoa denean, paradigma batu ohitik hornitzen gara nostalgikook (bere burua oraindik ere Jugoslaviartzat jotzen duenaren pareko): "beretan".

Kasu honetan esan dezagun bide batez ez dirudi inondik inora funtzionala J. M.ek ustez proposatzen duen bereizkuntza, NON kasuarekiko aditzaren korreferentzia lehen ere aipatu dugunez ez baita espero izatekoa. Hirugarren bideaz, berriz, hots, berauetan edo egin nahi lukeenaz, aski garbi utzi dudalakoan nago "ez naizela partidario", eta are arrazoi handiagoz pluraletan, zeinetan forma errealak ez diren teoriko horiek, baizik (plural hurbilaren ildotik) berok, beroi, beron, berotan... (edo, Bizkaiko eta Gipuzkoako Goierriko aldaeretan, e(u)rok, e(u)roi, e(u)ron, e(u)rotan...). Aukera aprobetxatuz, esan dezadan dudarik gabe beste euskalkietako "hauek berak" esapidea aukeran zatartxo dela belarri bizkaitar huts batentzat, baina "hauek berauek" areago da asmazio badaezpadakoa, "oneek eurok" jatorraren forma batua baino. Kontrakotik, bertan/berton bereizkuntza bere horretan hartzeko egoki dirudi, beste euskalkien hobekuntza gisa (neba berbaren kasuan eta gertatzen den moduan.)

Genitiboen kasura pasatu aurretik, hala ere, artikuluan agertzen ez den kontu hori jorratu behar dut, are harrigarriagoa baita aurreko hutsunea (beste graduetako erakusleena) baino. Izan ere, non daude pluralak artikuluan?

Pentsatzekoa da singularren arabera moldatzekoak direla (tradizioan, ordea, Sebastian Mendiburuk, esaterako eta ez da bakarra, lehen gradua darabil diskurtso-anaforetarako singularrean, eta pluralean, berriz, bigarrena: hau baina horiek), eta hala (sistematikotasun simetrikoz, ez Mendiburuk bezala) agertzen dira J. M.en praktikan (ezen, bestela, aipamenik ere ez dago artikuluan):

... eta han aldegin du bere lagunengana, eta hauek, lotsaturik, beste gela batera eraman dute segituan.

Kasu horretan, ia areago sentitzen dut nik haiek arruntetik ez irteteko beharra, esaldi hori elkarrizketa baten barnean egonik aise pasa bailiteke burutik hauek horiek hizketan ari denarekin dauden norbaitzuk ote diren (seinalatzeko keinua besterik ez da falta).

Lehen eta bigarren gradukoei buruz, hala ere, beste gauzatxo bat bederen esan beharra daukat: kasu horretan, biak biltzen dituen alternatiba deiktikotasun motelduko bat bada izenordain soil ez direnetarako, erreferentzia aipatu berrien anaforarako guztiz aproposa, bidenabar: plural hurbila deritzana: kontuok, kezka larriok... Lehen pertsonaren (euskaldunok) edo bigarrenaren (irakurleok) interferentziarik ez dagoenean bederen, baliagarri zaizkit niri behintzat, eta harrigarri ere bazait nik baino bizkaiera gertuagotik bizi duen batek ez jotzea halakoetara, berton, aspaldion, asteon, goizeon, politorrek eta abar bezain batu (!) ez direlakoan akaso (?).

Hirugarren graduan, ordea, erakusleen pluraleko forma batuak zein diren ere ez dakigu, itxura guztiak direnez. Hurarena bai (haiek), baina berarena? Oraintsu arte, paradigmak ustez garbixeago geneuzkan bitartean, nik ez nuen inolako zalantzarik berak zela esateko. Baten batek esan izan dit (txintxatzeko, seguru asko) NORK singularrekin nahasten dela forma hori, eta horregatik ez dela egokia, baina logika horrek berak haurrak formaren anbiguitatea ere konpontzera eramango gintuzke... Aipatu nahi ez dudan lan filologiko bikain bezain kaltegarri baten ondorioz, ordea, aurkitu uste dugu forma batua ez dela, inondik ere, forma bat, gutxienez bi baizik: eurak (haren itzala hor dabilkigu oraino) eta beraiek. Horrenbestez, oraintsu arteko ustezko forma batu zuzenak klandestinitate latzera pasatu behar izan du, eta giputz-bizkaitar huts ez diren euskaldunek (ba ote halakorik?) berenak utzi (berak, beurek ... direnak direla) eta Atleticen eta Realaren arteko auzien maila beretsuko izan-ala-ez-izan horretara makurtu, batu adarbikoitz horren izenean. Nik (hain gutxi gara, ezen nahikoa da singularra) neureari eusten diot, baina (horretan eta bestetan) tiroak beste alde batetik doaz noski, eta aurki Etxeberri Sarakoaren harako hura ere batuetara itzuli beharko da uler dadin: Eskualdun eskuararen arbuiatzailleak berak dira arbuiagarriak.

Jose Moralesen azken literatur itzulpen bikainean, haatik, eurak erako bat eta beraiek erako beste bat baino ez dut topatu. Gutxitxo dira, noski, ondorio garbirik ateratzeko areago artikuluko horri buruzko isiltasun erabatekoa kontuan harturik, baina ausartu egingo naiz, hala ere (urritasun harrigarri hori, alde batetik, artikulugilearen aholkuekin bat dator alegia, ahal den gutxiena erabiltzeko forma ez-arruntak, baina ez dakit hori ote den arrazoi guztia, hautismoa ere tartean baitago, aipatu dugunez). Badirudi beraiek, euraken gipuzkerazko sinonimo modernoa izatetik (berauek, beroriek serie berri bazterreko samar batekoa, inondik ere) erakuslezko erreferente-errepikapenerako espezialdu nahi ote den (gogoratu berataz bitxi hori: ber- + hartaz?), beste eurak soilik izenordain pertsonal litzatekeen batetik bereiziz. Garbien bertan ikusten denez, jo dezagun genitiboetara. J. M.en sisteman, bere eta beraren bereizten diren bezalaxe bereizten dira, guztiz oker ez banago, euren (eta euron?) eta beraien. Hala, eurak seriekoak (nire paradigmetako ber- pluralak) aditzarekiko korreferentzialak direnetarako gordetzen dirateke (reflexivo/bihurkariak). Beraiek sailekoek, berriz, erreferente baten errepikapena markatzen bide dute soilik. Irtenbide ederra, alafede, anbiguitatea murrizteko, praktikan hala erabiliko balitu inork formok (eta bereizkuntza deklinabide kasu guztiei balegokie: gehienetan bata ala bestea aukeratzea gustu kontua litzateke, bihurkaritasuna genitiboarekin loturik baitago, eta gehitxo dirudi kasu batean zehaztasun apur bat irabazteagatik paradigma osoa bikoiztea... edo hirukoiztea, ni behintzat ez bainago prest neure berak hori saltzeko).

Bestetik, ez da guztiz egia gipuzkeraz (?) beraren formarik ez dela erabiltzen (ez eta, nire uste eta esperientziaz, bizkaieraz (??) hain garbi bereizten direnik bere eta bera(re)n ). Adjetibo-funtzioan ordezkagaitza izateaz aparte, "Jainkoaren beraren", "haren beraren" eta halakoetan, itxurak itxura, izenordaina baita aposiziokoa (euskara guztietan). Horrek ez dio noski argudiorik indargabetzen artikulugileari, baina pluralera pasatzean paradoxak jota geratuko ginateke, bizkaierak singularrean eskatzen ei duen bereizkuntza baten izenean bizkaieraz guztiz exotikoa den forma (beraiek) eta oposaketa (beraiek/eurak) ezarriko bagenu, euskalkizko halako gatzozpindu bat eginez, non sabeldarraiorik gaitzenak ere nekez irentsi ahal izanen lukeen.

Bere/beren bereizkuntza morfologikoa bera ere ez dago guztiz finkatua. Adibidetxo soil bat baina ustez, bestela ere, J.M.i zer pentsatu ugari emango diona (Haraneder, Retana):

"Bera berarenetsai den erresuma iraulia izanen da, eta berak bere etsai diren hiriek eta etxeek ezin iraun dezakete"

Hor pentsa liteke "bere(n) burua(k)" erabiltzea ez ote den egokia (hori da bihurkari benetakoa, ustez), baina, testuaren joera errespetatzera, ez genuke topatuko espero duguna, baizik, beraren/bere sing./pl. bereizkuntza bitxi hori errepikaturik, adjetibo funtzioan oraingoan:

Bera beraren buruaren... berak bere buru(ar)en

Izan ere, zein litzateke gure moldea? Nirea, ustez:

(Bera) bere buruaren... (berak) beren buru(ar)en...

J.M.ena, berriz, ustezago:

(Bera) bere (ez, noski, beraren) buruaren... (eurak [beraiek?!]) euren (ez, noskiago, beraien) buru(ar)en...

Besteak beste, hara nondik den begiratu batera zirudien baino arazotsuago beraren horren lekua. Izan ere, beste graduetako neronen, herorren eta abarren paradigma berekoa izaki, haiek bezain baztergarri dirudi printzipioz (erakusletasuna esplizitua edo enfatikoa ez den kasuetan bederen), funtzionaltasun sistematiko benetan baliagarriren bat (plural eta guzti) aurkitu ezean. Bestelako, zeharkako, argibide bat eman diezaguke goraxegagotik darabilgun esaldi bihurri hori berori (edo antzeko bat) lehen (edo bigarren) pertsona gramatikalera pasatzeak:

Neu (ni, ni neu?) neure buruaren etsai banaiz...

Hori edo litzateke, J. M.en, nire eta askoren bertsio gutxi gora-beherakoa. Nik neuk, hala ere, abiapuntukoan bezala "buru" hori kentzea zilegi bazait, kasu horretan areago egingo nuke honelatsuko zerbait:

Ni neu (nerau?) neronen etsai banaiz...

Tamalez, euskaldun askok bere sisteman berarenik doi-doi daukaten moduan, beste askok apenas duten neronenik (edo neronen bai, baina orduan neurik ez), edo (ezertarako aintzat hartu behar badira) beste forma (hala ere antzeko) batzuk dauzkate horien ordez:

Ni (nihaur) nihaur(r)en etsai banaiz...

Azken horiek, berriz, ez daukate guretzat hain begibistako den neurik. Moldatu dira, horratio, beste horiek, euskaraz idazteko ere (eta nola!), eta errespetu pittin bat zor diegu, horregatik besterik ez bada, haiei ere.

(Maniak, den-denok ditugu, baina ea, umore pixka bat tarteko, ahalbait gainditzeko saioa egiten dugun. Ondo dator kontura Azkueren oximoron eredugarri hura, zeinean lindo pleonasmo deitzen baitio "(hur)axe bera" esapideari: alegia, lindo baina pleonasmo. Azkuerenak ere hankasartze historikoak frogatu dira batzuk, baina esker ona diogu, noski, bere hankasartze politongatik ere. Horixe berori dateke, ausaz, bat, hots, ber- eta -xe berdintzeko afan hori ("sufijo intensivo de palabras demostrativas; significa "mismo""). Oraingoan guztiz oker dagoena neu ez banaiz, -xe hori diminutiboa da jatorriz hori bazekien noski Azkuek ere (txikixeago=txikitxoago, baztertuxe...), eta espainieraz zenbait lekutan gertatu den modu berean hartu du esanahi hori, mismo hitzak bere funtzioen artean dituenetako baterako; enfasirako, alegia: ahorita, aquí mismito... Askotan gertatzen denez, euskarazko zalantzetatik ihesi, erdarazko hitz horren erreferentzia ("mismo") aski zehatza iruditu zaio, nonbait, Azkueri, bere nahasian. Halaxe geratzen gara gero zenbait adibideren erdal itzulpenarekin: "el mismo hijo", adibidez, berdin izan baitaiteke seme bera zein semea bera: behingoz, gurea zehatzagoa da, izan, nahiz dagoeneko gutxik erabili bereizkuntza kasu guztietan zintzo: Gasteizkoa bertakoa >Gasteiz bertakoa, Patxiri berari >Patxi berari, haurrarengatik berarengatik >haurra berarengatik...)

Bada testuinguru bat, bere arruntean dexenteko buruhausteak ematen dizkiguna oraindik ere: Nekane eta bere haren, beraren, honen, beronen, berorren lagunak ikusi ditut. Horrela (bere) esaten dugula esango nuke gehienok, bai eta idatzi ere, nahiz, perpausa hirugarren pertsonan doanean behinik behin, argiago litzatekeen Nekane eta beraren (Nekaneren) lagunak ikusi ditu (Patxik) eta Nekane eta bere (Patxiren) lagunak ikusi ditu (Patxik). Bestetik, nik sinetsi egin nahi diet artikulugileari eta bere iturriei (are gehiago Laphitz neure guztizkoari eta iparraldeko idazle fin guztiei, hala baitarabilte), baina ez dakit nola eragotz daitekeen bestelako interpretazioa hor haren erabiliz gero: Nekane eta haren (beste norbaiten) lagunak ikusi ditu (Patxik).

Pluralean ere, halamoduz:

Lagunak eta beren (Nekaneren eta Patxiren, teorikoki, baina anbiguitatez erabilia praktikan) seme-alabak ikusi dituzte (Nekanek eta Patxik).

J. M.en erabilera-proposamenean, berriz:

Lagunak eta euren (Nekaneren eta Patxiren) seme-alabak ikusi dituzte (Nekanek eta Patxik)
Lagunak eta beraien (lagunen) seme-alabak ikusi dituzte (Nekanek eta Patxik)

Azken horretan, ekialdeko haien teorikoaren beste muturrean, "hautismo"ra joko luke hainbatek:

Lagunak eta hauen/berauen (lagunen) seme-alabak ikusi dituzte (Nekanek eta Patxik).

Izan ere, hasieratik adierazi dugunez, bere eta beraren formen arteko bereizkuntza bera da pluraleko hori, baina kasu horretan paradigma-nahasketak lausoago eta bihurriago bilakatzen du kontua. Eta singularrekoa proposamentzat agertzen bazaigu, eta ez erabilera zabal-finkatutzat, zer esan honelakoak, formak forma, bereiziko dituen euskal-hiztun osatu teorikoaz?: Eurekin (haiek berekin) eraman zuten /Beraiekin (lehen aipatu beste haiekin) eraman zuten.... J. M.ek itzuli berri duen eleberriko heroiak egoki dioen moduan: "Eztia ez ditek guretzat astoontzat asmatu!"

Ezti bila jarraituko dugu, horratio, hurrengoetan ere, etsi-etsian. Harik eta eleberri bereko pasarte honetan solasgai diren osetiar gurtzain alfer vodkazaleak solaskideekiko zein urrun-hurbil dauden garbi ikusten ez dugun bitartean, behintzat:

Baina onartu behar duzu esan nion okerrago ibiliko ginatekeela haiek gabe. ("haiek", ordea, bertan daude, eta haietako bat seinalatu berri du solaskideak)

Hala da, bai, hala da murduskatu zuen, gogaituta naukate gidari hauek! (hona berriro bertan gidariok, baina berehala urruntzeko:) Haiek gabe bidea aurkitzeko gauza ez garela-eta...

edo beste honako hau zein teoriaren alde-kontra ote doan ebazten ez dugun bitartean:

... Gainera, Grigori Aleksandrovitxek opariak egiten zizkion egunero: aurreneko egunetan, harro-harro, isilik baztertzen zituen opariak; hauek ostalariaren eskuetara joaten ziren eta haren hitz-etorria suspertzen zuten.

Aztertzekoen zerrendan geratzen dira, orobat, oraingoz, (esan dugu izenordainez jardungo genuela bereziki) nominalizazioekin doazen adjetibo-erakusleetan zenbateraino sumatzen den, haren/bere/beraren bereizkuntzari dagokionez, izenaren sakonean dagoen aditza ("berak erabaki du">"bere erabakia da"), eta erdaretako indargarri berezituak (propio/propre/own), baliokide xuxen-xuxenik ez duenez (non eta kalkoa onartzen ez dugun: anatema!), eragiten dizkigun nahasteak, eta...

Azken horren adibideren bat jar dezadan. Euskaraz Neure osasunak kezkatzen nau eta Zure osasunak kezkatzen nau nahitaez horrela eman behar badira, gramatikaren agindu zorrotzez, nola eman, adibidez Me preocupa mi salud (no otra cosa) eta Me procupa mi propia salud (no la de otro)? Lehenbiziko kasuan badirudi ez legokeela arima salbu mailegua beste erremediorik (erdarazkoen parentesietakoa euskarazkoan esplizitatu ezean): Neure osasun propioak kezkatzen nau. Bigarrenean, berriz, gauza bera egitea litzateke zuhurrena, baina beldur naiz ez ote dugun horretarako ere erabiltzen, arauak arau, forma indartua: Zeure osasunak kezkatzen nau (ez besterenak). Gauzak horrela, esan beharrik ez dago nolako nahastea gertatuko den, lehenaz gainera, galdegaia markatzeko erdarak ohi duen erlatibo faltsuzko moldeaz baliatzen bagara (prozedura horretatik datozkigu gero zalantza asko): Zeure osasuna da kezkatzen nauena ezezik Neure osasuna da kezkatzen nauena baitugu aukeran, hala mailegu lexikoa(propio) erdarakada sintaktiko batez dotore ordezkatuz. Sistemak, bistan da, bere sistematikotasuna oporretara bidaltzen du horrenbestez (exonormatibo bihurtuxe dugu euskara; alegia gure gramatika ez da neurri handi batean guztiz geron baitakoa). Hirugarren pertsonan, zer esanik ez, are larriagoa da kontua, erreferenteak berak ere ez baitaude berez garbi: Bere osasunak kezkatzen du eta Haren osasunak kezkatzen du garbi daude (erabilera zuhurrean), baina Bere osasuna da kezkatzen duena, espero izatekoa zenez, arauz kontrakoa ezezik (da aditzaren erreferente bakarra "osasuna" baita) nahasgarri ere bada (aurrez aipaturiko beste norbaitena izan daiteke); bestea, berriz, ustez, ongi ulertzen da (baina haren (ez besteren) enfasia zer?; joskera faltsu horren baitan?): Haren osasuna da kezkatzen duena. Horretarako ote dauzkagu beste sailekoak?: Harexen osasuna da kezkatzen duena, edo, hobeto noski: Harexen osasunak kezkatzen du. Bestean, ordea, bateraezintasuna dago (*berexe), eta, ostera mailegu lexikora itzuli nahi ez badugu, ez da ikusten modurik su salud eta su propia salud bereizteko...

Geure osasunak eskatzen digu, kasu honetan, horrenbestean etsitzea, ezin denik ezin baita, ezin denez. Kontsolagarri, kontura gaitezen erdaraz su horren anbiguitatea gure gehienak baino handiagoa dela: moldatzen dira, hala ere. Hona erabat anbiguoa litzatekeen bat, aipatzen diren hiru izenetatik edozein izan baitaiteke erreferentea:

Ambos pensaban en Ana. Luis comentó a Pedro que lo mejor sería dejar su teléfono.

Egia esan, beste laugarren posibilitate bat ere badago hor, gutxienez: Luis eta Pedroren telefonoa (edo hirurena?!) bat bera izatea.

Beste bitxikeria bat: plural baten barnean ulertu behar den singularra korreferentea ote da gramatikalki plural horrekiko, eta ikusten ari garen prozedurez bereiz ote daiteke batzuetan kasu inklusibo hori (adibideetan parentesikoa) exklusibo arruntetik?:

Bihar argituko dizut gurea (geurea?: zu(re) eta biona).

Zuk ez (al) duzu halakorik ikusten zuen (zeuen/zeuon?) herrian? (Hor batera zein bestera inklusiboa ulertu behar da)

Hark haien (beren?: bere eta bere asmokideen) asmoa bete baino ez zuen egin.

Hasierako asmoa hura/bera eta haren/beraren/bere bereiz aztertzea zen, baina arian-arian artikulugilearen bide beretsutik, ustez funtsean kontu bat bera direla frogatu edo da, eta honezkero ez dut bigarren atalerako zer esan berezirik. Honaino, beraz, iruzkin adartsu honen azken burua. Nahasiak barka, kontra-egin zein -esanak ez kontrara har, eta probetxukorik idoro baduzue, on degizuela. Ez ahal nizuen bederen eragotziko, halako gramatika-matraka luzeaz, nik irakurri dudan plazer beraz irakurtzea Lermontov euskaratu berri eder hori.

ESKEMA LAGUNGARRI BATZUK

Garzia_1.jpg

Garzia_2.jpg

* Diskurtsoko erreferentzia eta testukoa (seinalatze zehazki kokatu gabearen kasuan hau bezalatsu) gehienetan bat samar datoz ("aipatu hori" /"testuan atzerago, goragoko hori", baina batzuetan zehaztu egiten da testu idatzia dela erreferentea: "parentesian eta azpimarraturik eman dudan hori".)

Oinarrizko eskema honekiko desbideraketa arruntak batez ere lehen graduko erakuslea (hau) beste eginkizunetarako ere baliatzetik datoz (hala interpretazio-kodea lausotuz): kasurik okerrenetan, bereizkuntza egiten ez duenaren desisteman, "Hau izan da amorragarri guretzat" perpausa, adibidez, askotara uler liteke (lehen biak dira desbideraketak):

1) azken aipatu den pertsona, animalia, objetua (ordezkapen soila, hautismoz, huraren ordez)

2) azken aipatu den gertakari, egoera, baieztapena... ("aurreko zera", hautismoz, horiren ordez)

3) "ondoko zer hau" (gero, bi puntuen ondoren edo, azalduko dugun zerbait edo norbait)

4) perpausa datorren testuinguruko gaia den zerbait: erakusleen erabilera oker jakin hau, adibidez, beste hain nabarmen ez diren batzuekin implizituki oposaturik (seinalatze zehatz kokatu gabea, pasartearen autorreferentzia moduko bat)

5) begien bistako erreferente orokor bat: mundu, egoera, herri, modu... hau (seinalatze arrunta)

Sistema errespetatzen bada, berriz, aski da 4) erabilerarekin kontu pixka batekin ibiltzea, ezen 3) aski garbi adierazia ohi dator segidako bi puntuen laguntzaz (bestela, nahasbidea saihesteko "honako", "hona zer", "zera" erakoak dira egokiak). Lehen gradua, beraz, bere oinarrizko erabilerarako soil-soilik utziko genuke ia, hots, lehen pertsona gramatikalarekin lotura duenaren seinalatze arrunterako (testuak atzamarrik ez duenez orokor eta identifika-erraz samarrak izan behar dute erreferenteek idatzian, edo hitzez zehaztuak, jakina).

Beste desbideraketa nagusia, berriz, beraren abusutik dator. Batez ere, baina ez bakarrik, genitiboetan. Hiztunak berak garbi daukanez nortaz ari den (ez hainbeste zertazen kasuan: erakusleak izenordain pertsonaltzat erabiltzen denean gertatzen da normalean), errepikapen modukoa bihurtzen da hasieratik, eta zehazki kokatu beharrik ere ez du:

Berak (beraiek, eurak) dira errudun.

Seinalatu dugun joera horrekin batera, baduke zerikusia horrekin perpaus berri baten hasieratik aurrekiko lotura formal bat markatu nahi izateak (kontutan hartu gurean aurreko perpausarekiko lotura-markak perpausaren amaiera aldean egon ohi direla). Horregatik jotzen bide du jende askok gero zer botako duen pentsatu baino lehenago ere bere, bertan edo estiloko bat jatzera, errepikapenezko formak erabiliz, mekanikoki, lotura egiteko (lehen graduaren erabilera batzuk ere zaku berean sar daitezke, testuan bertan eginez seinalatuz lotura). Forma berretuen inflazio horretara daraman bizioari berberismo izena legokioke zuzen onez, nahiz berez aski litzatekeen, izenean ere moderaturik, berismo deitzea.

Errepikapen-identifikaziozko formen (ustezko) paradigma batua

Singularreko forma bikoitza dutenak:

Adizlagunak:

beretzat / berarentzat
berekin / berarekin
beregan / bera(ren)gan
beregandik / bera(ren)gandik
beregana / bera(ren)gana

Izenlagunak:

bere / beraren

Aski garbi ageri da formalki oinarrian bere forma dutenak direla denak (berekin berdina da, bestetik, pluralean, eta horregatik baztertzen bide du hainbatek bere erabileratik singularrean ere). Morfologikoki gauzak horrela badira ere, sintaktikoki gauza jakina da Izenlaguna kategoria bihurriagoa dela, txertatuagoa (beste nonbait adierazten saiatu garenez, barne-perpaus erlatibozko bat suposatzen du sakonean). Horrek esplika dezake zergatik egiten den hobeto (errazago, jende gehiagok) bereizkuntza lehen kasuotan (lehen aukera joz korreferentzial segurutzat):

beretzat ekarri du/berarentzat ekarri du

berekin darama/berarekin darama

nahiz kontua ez dagoen hain garbi -gan erakoetan, bihurkaritasunak kasu horretan areago eskatuko bailiguke bere burua erakoren bat (kasu horretan, forma bakarra aski da besterako):

beregan (=bere burua(ren)gan?) du uste osoa / bera(ren)gan du uste osoa

Bere eta beraren izenlagunen kasuan, berriz, aditzetik mailaz urrunduago eta perpaus inplizitoen interferentziapean egonik, zailago gertatzen da korreferentziaren arau teoriko ospetsuari eustea, luze aztertu dugunez. (Morfologiaz ari garenez, jakin beza irakurle gazteak bere/beren bereizkuntza ere euskara batuaren lorpena dela (zela?) hein batean, Axularrek-eta (gorago ere aipatu dugu hori, adibide eta guzti) bere baitzerabilten singular nahiz pluralerako: eta moldatzen ziren, hala ere moldatu!).

Horrenbestez, eman dezagun orain pluraleko paradigma:

berak
berek
berei
beretan
beretatik
beretara
beretako
berentzat
berekin
beren

Bistan denez, ez dago hor korreferentzia/ez-korreferentzia bikoiztasunik: Berentzat ekarri dute, Beren etxean geratu ziren anbiguoa gerta daitezke, beraz, testuinguru batzuetan. Ikusi dugu, hala ere, singularrean ere ez duela praktikan erabateko funtzionaltasunik (Beretzat ekarri du eta, batez ere, Bere etxean geratu zen arauz kanpokoak barra-barra erabiltzen baitira), eta pluralaren maiztasuna, bestetik, txikiagoa da. Gauzak horrela, paradigma horren gainean euskalki-formak edo berrikuntzak ezarri nahi direnean hasten dira nahasteak. Singularrean bereizten ez direnak ere bereiziko genituzke (ni intsumiso natzaie):

eurak (bizkaiera)/beraiek (giputz-berri)

(A. Irigoien 1978an!: pentsa zer aurreratu dugun, erakusleei buruz Euskaltzaindiari aukeztu zion txostenean, ohartu bide zen noski eurak erakoek ez dituztela betetzen funtzio guztiak (*gizon eurak...), eta (J. M.en antzera, baina antzera bakarrik) berak sailekoekin batera erabiltzearen aldeko agertu zen (beraiek erakoak baztertuz, jakina). Moralesen proposamen ustezkoa eklektikoagoa da, eta borondaterik onenaz nahi luke ordenu apur bat jarri dabilen desarau nahasian, baina beldur naiz horrek ez ote lukeen dabilen kaos probintzia-artekoa aregotuko, eta, bide batez, forma batua (Jugoslavia hil zen, gora Jugoslavia!) batere errurik gabe, leku faltaz, beste bien tirabiran, garbitu, halako kasuetan gertatzen denez (horretaraxe goazela dirudi).

Halako sistema eklektiko ondo erabili batek hiztun-idazleari zer eskatuko liokeen ilustratzen duen esaldi bat antolatu dut; hona:

Gizon batzuk ikusi zituen urrutitik begira. Gizon beren aurretik pasatu zen gero bi aldiz. Eurak ez ziren konturatu, baina Teok amorrua sentitu zuen beraiengana(ko).

Zailtxo dirudi erabilera nahasien errudun garenxeok halako trebezia finez onbideratzea orain denak sistema zehatz indartsu batera. Hasteko, hirugarrenaren eta akaso (bestetako zehar-estiloa gora-behera) bigarrenaren ordez ber- gabeko formak daude hor aukeran (lehenbizikoa ezin da aldatu identifikazio-enfasia galdu gabe). Gero, bestetik, eurak/beraiek (eta hauek, hautisten kasuan) beren arteko lehian daude, ez distribuzio konplementarioz...Ikus, adibidez, Auden-en poesiaz J. Olasagarrek egindako bertsiotikako pasarte hau:

Eta beraiek antzeztutakoak
Gaurkoak irudi arren jada atzokoak.
Kupido, jainkoa, ados dago,
Baita zuek ere, ziur nago,
Guztiek egia esan dutena.
Hots, hauxe da morala, eurek esana:
Jo ta ke, jo ta ke, jo ta ke, hil arte.

(Akaso komeniko da hemen ere Agirre Asteasukoaren aipamena; besteak beste, beraren eta bere zintzo bereizten dituenetakoa baita. Pluralean ere bi forma erabiltzen ditu neu ere harritu naiz: beren eta eren. Sakonera filologiko handitan sartzeke ere, garbi dago euren bizkaierazkoaren giputz-ahaidea eren hori dela, baina beren eta eren aldaera baliokide soil dira, oso oker ez banago (ezin izan ditut den-denak konprobatu, baina bai mordo ederra), Agirreren idazkeran. Ubillosek, adibidez, gipuzkeraz noski, (h)eren baino ez darabil.)

Gauzak horrela, kasu guztietan berak-beren paradigma erregular soilari eustearen aldeko naiz ni euskara batu estandarrerako.

(Batzuentzako penitentzia bakarra berak nominatibo nahasgarri horretara ohitzea litzateke, baina malgutasun handia frogatu dute dagoeneko eurak/eurek bereizkuntza inexistentea ere berenganaturik...Kontutan har bedi, bestetik, akaso ondo etor litekeela berak erako formekiko higuin halako hori, abusurako joeraren kontra forma soil egokietara itzultzeko bidean. Alegia, orain barra-barra eurak zein beraiek darabilena, berak gogortxo begitandu, eta haiek arruntera bihur dadin, hura aski baita askotan. Hala ere, aitor dezadan, errazago dirudi horrek beren genitiboan, berak, berek, berei kasu zuzenetan baino. Alternatiba euskara baturik eza da, hala ere)

Nire sisteman, beraz, berarekin, berarentzat (eta testuinguru batzuetan bere ez-bihurkari bat onartu beharko bada ere beraren) lirateke praktikan paradigma erregularretik aparte beren lekutxoa eduki lezaketenak). Puntu ahula soziatiboan legoke, non ez litzatekeen bereiziko bihurkari singularra plural edozertarikotik (berekin). Hala ere, bihurkaritasuna aditzarekiko korreferentzia garbian oinarritzen denez, ez dirudi hainbestetan bilatu beharko litzatekeenik anbiguitate hori ebazteko modu zehatzagoren bat. 

Amaitzeko, hona iruzkin hau ia amaituta neukanean A. Irigoieni duela ia hogei urteko bere txostenaren errematean berrirakurri diodan eta erabat neure egiten dudan hau (ea beste hogei urte joan baino lehen egiten hasten garen aspaldi egina behar genuena):

"Edozein modutan ere proposatzen ditudan bideok ene ustez eztabaidatzekoak dira, geroago, posible baldin balitz (sic), bide berera guztiok etor gaitezen, geure hizkuntzari behar duen estimua, maila eta indarra emanik."

Ez dakit egileak berak zer pentsatuko duen orain orduan idatzi zuenaz. Nik neuk, haren (egilearen) aldeko komaren bat gora-behera, ukitutxo bat baino ez nioke emango (beraren) aipu horri, aditzen denbora-moduen konkordantzia zuzen-jatorrago bat lortzeaz bat itxaropenari ere lehiatila bat irekitzearren: "posible baldin bada".

Jorratu dugun gaiaren inguruko material eta iruzkin interesgarriak aurki ditzake irakurleak OEHan, batez ere bere sarreran. Ñabarduraren bat (beraiek zuberoeraz ere erabili izan dela, adibidez) eta hutsuneren bat (berok jatorrari berauek eta beroriek analogikoek jan diote, antza, lekua) gora-behera, ez dut ikusi nire iritzion kontra doanik, EGLUri egiten dizkion zuzentze-oharrak barne. Gure honek batzuetan hala ez badirudike ere praktika baitu helburu, txikikerietan gehiago sartu gabe, hona adibidezko laburpen bat, artikuluan aztertzen den erakusleen higadura prozesuarena eta proposatzen den erabilerarena.

Aurrena, forma berretuen (eta lehen graduen) erabilerak nondik nora abusuraino ugaldu diren ilustratu nahi duen adibide bat:

Bestelakoa da baserrialdekoa;
- haren kezka nagusia bere lana egitea da.
- beraren kezka nagusia bere (beraren?) lana egitea da.
- bere kezka nagusia bere lana egitea da.
- honen kezka nagusia bere lana egitea da.
- beronen kezka nagusia bere lana egitea da.
- honen (haren) kezka nagusia bere (beraren)lana da. / honen (haren) kezka nagusia lana da (interpretazio desberdina izan dezake).
- bere (beraren) lana da haren (beraren, bere, honen?) kezka nagusia.

(Errepara bedi nolako alde txikia dagoen esanahiaren aldetik "bere lana egitea da" eta "bere lana da" esapideen artean, bigarrenean "lan" hitzak nominalizazio gisa funtzionatzen baitu. Bidean, ordea, korreferentziatik ("hark egitea bere lana") ez-korreferentziara pasatu gara ("kezka nagusia haren lana"). Hiztunarentzat, ordea, erreferentearen errepikapenak ("haren kezka nagusia bere lana") edo/eta perpaus inplizituak ("haren kezka nagusia (berak) bere lana (egitea)") bere eskatzen du bigarren kasuan ere.)

Irtenbide sintaktiko bat bada noski:

(bere) lana (egitea) du (hark) kezka nagusi.

(Hor esaldia laburtzea den moduan, luzatzea ere izan liteke irtenbidea bestetan, honako Ubillosen honetan bezala (1785):

"Guizona(,) egiteko lenago moldatu zuan lurrez gorputz bat, eta gorputzari emancion(,) bere anceco eguin zuan(,) anima bat."

Ustez garbi ikusten da hor "eguin zuan" tartean sartu ez balu "bere" horren erreferentea gutxienez Jainkoa zein gizona izan daitezkeela, "emancion" bailitzateke korreferentziak markatuko lituzkeena. Gutxienez diot, zeren semantika arruntaren kontrako surrealismo apur batez "anima" ere izan liteke ("arima arimaren beraren antzeko"). Anbiguitate teoriko hori ez da noski haintzat hartzekoa ("eguin zuan" horrek ere ez luke bestela konponduko). Inori bururatu bazaio beste posibilitatea, alegia "gorputza" izatea erreferentea, esan dezagun kasu horretan Ubillosek ere beraren erabiliko zuela noski, eta ez bere:

"Guizonari ceritzan Adàn: onen saiets-ezur batez eguin zuan Jaincoac(,) berarèn lagun izán behar zuan(,) emacumea"

Hau ere hautista suertatu zait, horra (itzulpena dugu testua), baina bestela oso eredugarri deritzat bere inflaziorik ezean:

"Horduan Jaincoac madaricatu zuan suguea, ta adirazi zuan emacumeagandic etorriko zalá(,) aren burua ausico zuana; edo emacumeagandic jaioco zala demonioa garaitu, ta aren esku(,) ta eguin-al guzíac galduco cituan(,) Munduarén zucentzalle(,) ta salvatzallea.")

Halako sintaxietara (erlatibo bihurririk gabeko eta nominalizazio gutxiko joskerara, alegia) jo ezean, nekez salba liteke arau teorikoa, zeren, haren zein beraren, biak ere erakusleegi (deiktikoegi) sentitzen baitira, eta, besteak beste, horregatik ere jotzen baitu hiztunak bere gradugabe (abstraktoago) horretara. (Zenbait situaziotan, gainera, larriagoa da sentimendu hori (erakusle petoaren "urrunegi" ulertze hain aipatua tarteko). Adibidez, herri bati buruzko herri horretako bertako aldizkari batean, herri horrixe buruz ari garela, nekez erabiliko genuke "haren populazioa"; "beraren populazioa" ere halatsuko urrun sentitzen da, eta azkenean, noraezean, berera jotzen dugu noski (kasu horretan, askotan bezala, "populazio" hitzaren ez-jatortasuna eztabadaidatu gabe ere, bere horretan, genitikoa besterik gabe kentzea dirudi dela irtenbide zuhurra). Beste komunikazio-egoera berezi batzuetan, situazio birtuala edo gainezartzen zaio ohikoari, hala nola telebistan kirol saio bat zuzenean eta bizitan ematen zaigunean, edo gero laburbildurik, zeren, esatari zein ikusle, pantaila den erreferentzia berritik ari baikara nagusiki, eta deiktiko-anaforikoen sistema bestela ere harekin ditugun arazoez gainera ez baitzen asmatu komunikazio-situazio konplexu horiek kontutan harturik. Bereziki egokitu beharreko kontua da, beraz, testuetarako landu behar izan den moduan.) Kontuak kontu, mendebaleko oraingo joskera arruntetan bederen, normalena araua haustea da:

bere kezka nagusia da
bere lana da
bere anaia da
bere ondoan eseri zen

Errepara bedi, bestetik, esaldiotan ez dagoela anbiguitaterik praktikan, zentzu bihurkaria semantikoki espero izatekoa ez delako (inor bere buruaren anaia izatea, edo bere buruaren ondoan esertzea, adibidez). Idazle zahar-finetan halakorik apenas aurki daitekeen noski, aukeran adizkiak markatzen baitu erlazioa (eta hala genitiboa aukerako bihurtzen kasu batzuetan):

(bere) kezka nagusi(a) du
bere lana du
anaia du
(bere) ondoan eseri zitzaion

Funtsean, beraz, arazo sintaktiko orokorrago baten isla baino ez da bere arauz kontrako horren erabilera ("Berak esan du" jatorraren ordez "Bera da esan duena" esanarazten digun fenomeno bertsua, azken finean). Hala, erdal kalko sistematikoen bitartez "su" dontsuaren ordain automatiko batez ere behartu gara, eta gero datoz kontuak euskal arau zaharrak erdal-euskal pastitxeari egokitzeko orduan. Inork ez dezala hala ere pentsa honezkero halako joskerarik gabe molda gaitezkeenik erabat. Ahal den neurrian, haatik, abusuari frenua jarri beharko genioke, baina sintaxiaren errotik, ez hitz bat jarri-kenduz.

Errezeta bat, forma berretuen erabileraz:

Ez haren eta ez bere gabe ematerik badago, hainbat hobe.

Haren zein bere, bietara berdin ulertzen bada, hobe haren.

Bere behar duela garbi badago eta anbiguitateren bat badago praktikan, bestela formulatzen saiatu (genitiboen ugalketa bihurria sintaxi desegokiaren sintomatzat hartu).

Beraren erabili nahi duenak, ez dezala bere zuzena hartaz ordezka. Besteek, zain ditzatela anbiguitateak, hirugarren pertsonako erreferente posible bat baino gehiago dagoenean behintzat.

Ez ahaztu erabilera anaforiko horietan beste zerbaiten ordezko direla erakusleak: erreferentea bera errepika daiteke okerrenean, edo sinonimoren bat bilatu.

Askorentzat bere perpausa aurrekoarekin lehenbailehen (halamoduz) lotzeko mekanismo erosokeriazko bat baino ez da (gainerako halako erakusle-anaforak bezala perpausaren hasiera bilatzen du: <Honek..., Bertan..., Guzti hori/Hori guztia...) Zintzoa izatera, bere hori justifikatuko duen joskera bat bilatu beharko luke gero hala darabilenak, baina gehiegi eskatzea litzateke. Kontrako bideak zuhurrago dirudi, beraz, aukeran: automatismo zabarrok baztertuz, perpaus bakoitza bere gisa taxuz antolatu, eta aparteko lotura espliziturik behar badu, egoki denen bat bilatu.

Azken orduan erdarazko "su" horiek "bere" automatikoki egiteak dakartzan arriskuak ederki islatzen duen beste adibide bat aurkitu dut, gorago ere aipatu dudan J. Olasagarreren itzulpen lanaren atarikoan, Rikardo Arregi Diaz de Herediak hartarako eginiko aitzin-solas ederrean, hain zuzen. Letra lodiz doaz aurrekari posibleak (5!):

"Nahiz eta miresgarri honetan (sic) datza Audenen poesiara heltzeko bide posible bat. Izarrik gabe edertasuna bere (sic) ausentzian kausituko genuke zalantzarik gabe. Bitartean izarmin ñimiño bat, besterik ez. Ironia."

Kasu honetan, ez dakit lapsusez ala deliberamenduz ageri den "bere" horren ordez "beren" agertuko balitz, aise konturatuko ginateke, ustez, izarrak direla erreferente (izarren ausentzian, alegia). Dagoenean, berriz, korreferentziaren legearen arabera (esan dugu ez dela ongi betetzen, eta gutxiago "ausentzia" den moduko nominalizazio-izenak tartean daudenean), berez, edertasuna edertasunaren ausentzian kausitu ulertu beharko genuke, eta ez besterik, eta, Auden-enetik gorago, poesia metafisikoaren gailurra izan baliteke ere, ez dirudi hori denik aitzinsolasgilearen asmoa. Gauzak horrela, pluralean de facto nahasbiderik ez badago ere hor, hobe litzateke aukeran, forma berretua baino, arrunta:

Izarrik gabe edertasuna haien ausentzian kausituko genuke zalantzarik gabe.

Edo, "izarrik" partitibotik pluralaren erreferentea berrosatzeari zaila baderitzogu, maiz esan dugun moduan joka dezakegu, seguruenetik, alegia (eta ez hala ere antipoetikoenetik). Hona nola geratuko litzatekeen, neure gustuetara ekartzeko beste ukitu batzuk ere emanik:

Izarrik gabe, izarren ausentzian kausituko genuke, zalantzarik gabe, edertasuna.

Hurrengo adibidean, horretara garenez gero, pluraletan bi euskalki boteretsuenetako gutxi gora-beherako egoera azaldu nahi da, eta hirugarrenean batu bateraturako proposamena:

Beste modu batekoak dira basarri aldekoak;
- areen ardura nagusia euren bearra (egitea) da.
- euren ardura nagusia euren bearra (egitea) da.
- oneen ardura nagusia euren bearra (egitea) da.
- aien kezka nagusia beraien (beren, eren) lana (egitea) da.
- be(r)aien kezka nagusia beraien lana egitea da.
- auen kezka nagusia beraien lana egitea da.
- haien kezka nagusia beren lana (egitea) da.
- (beren) lana (egitea) dute (haiek) kezka nagusi.

"Beren lana da" singularreko "bere (beraren) lana da" esapidearen araberakoa da; singularrean ("haien lana" soilarekin batera, jakina) "bere lana da" bakarrik onartzea da noski aukerarik sinplifikatzaileena, hala bietan (sing. nahiz pl.ean) erabilera bietarako (korreferentea nahiz ez) forma bakarrak baikenituzke (bere/beren).

(Singularraren eta pluralaren simetria-beharra ez da argudio erabatekoa, inondik inora. Singularraren maiztasunak aise justifikatuko luke pluralean paralelorik ez lukeen beraren forma hori. Xelebreagoa dugu, esaterako, onartu berrixe diren hikako formen paradigma, zeinean ditinat eta dizkinat, adibidez, garbi bereizten baitira pluralean, baina forma bera baitute noski singularrean: dinat... A, non ote daude garai bateko d(er)aunat eta d(er)auzkinat /dinat eta ditinat huts-gabe haiek!)

Horixe da, bada, nire proposamenaren zalantza bakarra: beraren hori sisteman sartu ala ez (zalantza bakar hori, hala ere, beste hainbat konturekin loturik doa, ikusi denez: anaforiko-berretuen inflazio eta higadura, beste graduen lehia...) Autoritatea argudioetan bilatu beharko genuke noski, baina, badaezpada ere, esan dezadan Mitxelenak berak ere (Koldok, ez beste oiartzuar mardulak) bere ohi zerabilela halakoetan, eta ez beraren; ez da bakarra, noski (nik neuk, besteak beste Agirre Asteasukoa berrirakurri ondoren, beraren Agirreren eta berarenen, bien aldeko naizela aitortu behar dut). Bide batez, eta eskumika nazaten beldurra gainditurik, aitor dezadan ez zaidala beti-beti puntu guzti-guztietan eredugarriena iruditzen errenteriar maisu handia ere; besteak beste, horretaz ari garenez, erakusleen zenbait erabileratan (hala ere, txarrerako ere, garbi ageri dateke nire honetan nolako probetxagarri izan zaidan haren eredua). Nahi nuke, haatik, egungo hainbatek imitatzaileek barne haren badaezpadakoenaren modukorik erdietsiko balu inoiz, harako asto xirulariak behin nola, txiripaz, besterik ez bada. 

Beste errezeta bat, graduen banaketaz:

Lehen gradua erabiltzen den bakoitzean, konprobatu bi kasuotako bat dela:

-Esaldiaren bukaeran bi puntuen ondoren zehaztuko den zerbait ordezkatzen dela.

-Situazioan hurbiltzat jotzen den zerbaitekin, lehen pertsonarekin, orainaldiarekin... lotzen den zerbait seinalatzen edo dela.

Bestela, beste bi graduez baliatu. Diskurtsoa nahiz testua ez bada markatuki erreferentzia, hirugarrenari eutsi.

(Beste modu batera esanda: probatu aurrena hirugarren gradua, bestela bigarrena, eta azkenik, eta konturik handienaz, lehen gradua).

Ohartxo bat adjetibo funtzioaz:

Egia da izenarekin batera doanean ez dela hain arriskutsua lehen graduaren erabilera:

Aipa dezagun Aristoteles. Filosofo honek...

Izenak lexiko-semantiko egiten duenez lotura, berdintsu izan daiteke askotan gradu bat zein bestea erabiltzea, baina nolabaiteko loteriaren baitan geratzen gara, zeren, testuaren idazlea ere filosofoa izatea suertatuz gero, esaterako, bestela erabaki beharko genuke, testuingurutik, bere buruaz ez ote den ari (nire sisteman, hala ulertu beharko litzateke nahitaez, non eta honelako segida bat ez lukeen: Filosofo honek aztertu du ondoenik Metafisikaren sortzailearen pentsamendua: Zubirik). Neure kontra jarri dudan adibide horretan ez dirudi hain beharrezkoa denik halako zorroztasuna, baina aski da izena aldatzea konturatzeko ulerbide okerrak txitean-pitean gerta daitezkeela: "etxe honetan", "garai hau", "idazle honi", "herri honentzat"

Horregatik, hobe dela deritzot, kasu horretan ere, edo bigarren gradura jotzea (edo hirugarrenera, testuaren erreferentziatik urrunduz), edo sinonimia libreago batez baliatzea, edo biak batera: "(Greziako) filosofo (handi) horrek (hark, -ak)". Buru-azkarren batek ihardets diezadake "filosofo horrek" ere oker uler daitekeela, alegia irakurlea bailitzan filosofo dena, baina ez da espero izatekoa irakurle guztiak filosofo fortunatzea, eta direnek ere ez ahal dute pentsatuko berei bakarrik eta zuzenean hitz egiten dienik testuak. Gauza bera "etxe horretan", "garai hori", "idazle hori", "herri horrentzat" eta abarrei dagokienez.

Azken ohar bat, literaturari begira:

Esanak esan, garbi dago eskema guztiak gero haietatik desbideratuz bestelako ñabardurak adierazteko ere badirela. Hala ere, nekez lortuko da halakorik nondik edo zertatik desbideratzen garen garbi ez badago, eta, horrenbestez, esanguratsuki desbideratu nahi duen horrixe zaio komenien abiapuntuko eskema hori garbi egotea.

Kasu batzuetan ez dago hain argi non den muga. Gramatikariek, esaterako, berrikitan gogorarazi digute "oraindik (ere)" orainaldiari dagokiola, eta iraganaldiko baliokidea "artean (ere)" dela; hori hala izan edo ez izan, kontua da "orain isilik zegoen", adibidez, posible ezezik oso erabilia dela, literatur prosaren denbora-joko bihurriak tarteko. Irakurle azkarra konturatuko zen ez naizela dirudien beste urrutiratu erakusleen gaitik; izan ere, aski da "orain" horren ordez "une honetan" jartzea: esaldiak ez du gauza berbera adierazten, baina ez dabil urruti. Hain zuzen ere, "orain narratzen ari den iraganeko une hartan" edo ulertarazi nahi litzateke "une honetan isilik zegoen" bitxia erabiliz.

Ez da oso besterik (baina alderantzizko prozeduraz: iraganaldiko adizkia orainduz) presente historiko delakoa: "Iparragirre Urretxun jaiotzen da..." Halakoei buruzko nire iritzia aspaldiko Senez batean eman nuen, eta han esanikoa oraingo gaira egokitu baino ez dut egingo kasu honetan: ez dirudi erdarazko prozedurak beren horretan kalkatzea denik irtenbiderik zentzuzkoena; gutxienez, konprobatu egin beharko genuke noiz zaigun bakoitza guri egoki, eta ezezkoan, premia benetakoa bada, baliokide funtzional bat bilatu geurerako.