Hura eta bera. Haren, beraren eta bere
Artikulua PDFn
Lerro hauetan hirugarren pertsonako izenordainez arituko naiz aurrena. Batetik, genero-markarik ezak buruhauste politak ematen dizkigu, bestetik baina, hura eta bera-ren erabilera argi araututa dago eta ez dugu arazo handirik izaten. Beraz, aitaren batean garbituko ditut horiekikoak.
Hurrena, hirugarren pertsonako izenordainen genitiboen auzia zertan den laburbiltzen saiatuko naiz. Gehiago luzatuko naiz horretan. Izan ere, nahaste-borraste izugarria dago haren, beraren eta bere izenordain genitiboek osatzen duten zorioneko hirukote horren erabilerari dagokionez.
Lehengo garai batean, artean eskarmentu handirik gabea eta laino samarra zelarik, itzultzaile sufritua noraezean ibili zen oihan zabartsu horretan galduta. Sastrakaditik onik aterako bazen zirt edo zart egin beharra zuen berandu baino lehen eta, halatan, bidea ebakitzeari ekin zion. Ereduzko iritzi zien testu batzuk aukeratu eta bertan izenordainen genitiboak nola erabiltzen ziren aztertu zuen aurrena. Ondoren, zenbait hizkuntzalarik horretaz esandakoak bildu eta, azkenik, hori guztia kontuan hartuta, erabilera bat aukeratu eta besteak baztertu zituen. Artikulu hau azterketatxo horren emaitza da.
Seguraski, orri hauetan ez duzu ezer berririk aurkituko, handik eta hemendik hartutakoak bildu besterik ez baitut egin. Ez dut ia ezer okertzat joko, baina bai erabilera bat hobetsiko. Eta erabilera hori zergatik aukeratu dudan argitzen ahaleginduko naiz, baten bati baliagarri bazaio. Filologi ikasketarik ez dut, ez naiz hizkuntzalari, eta baliteke erabiltzen dudan terminologia guztiz egokia ez izatea. Alegia agian ez dut termino zehatzekin asmatu. Barkatuko ahal dit bekatutxo hori irakurle zorrotzak! Baina gatozen harira.
Hura eta bera
Kontua da gure inguruko hizkuntzetan hirugarren pertsonako izenordainek generoaren marka dutela (besteak beste, él, ella gaztelaniaz edo he, she ingelesez). Horrek izugarri errazten du nortaz ari garen zehaztea, errepikatuaren errepikatuaz ia oharkabe bihurtu diren eta esaldia batere zamatzen ez duten hitzen bidez. Beste hizkuntza batzuk, gainera, are espezializatuago daude horretan: errusieraz, esaterako, iraganean aditzak berak hartzen du generoaren marka, eta izenordainarekin batera agertu ohi den arren, zilegi da izenordaina ezabatzea batere informaziorik galdu gabe.
Euskara, aldiz, ez dago espezializatuta horretan; hau da, izenordainek ez dute genero-markarik. Eta horrek arazoak sortzen dizkigu hainbat testu itzultzean. Nortaz ari garen, nork hitz egin duen edo ekintza nork egin duen argi geratuko bada, sarritan, nola edo hala konpentsatu beharra dago genero-markarik eza. Izenordaina barik, beste zerbait jarri beharko dugu anafora gisa, besteak beste:
- Izena, deitura.
- Sexua eta adina (gizona, emakumea, neska, mutila...)
- Ama, semea, aitona, izeba...
- Ogibidea
- Antezedentea zein den argituko duen beste zerbait.
Seguraski, egileak berak horrelako hitzen bat erabili du behin baino gehiagotan izenordainaren ordez. Bada, hitz horiek erabiliko ditu, aukeran, itzultzaileak.
Aukera zabala dago eta, izenordainak han-hemenka sakabanatutako banaka batzuk besterik ez direnean, erraz konpontzen da arazoa. Hori bai, itzultzaileak zuhur jokatu behar du beti: konpentsazioa egiteko erabilitako hitzak ahalik eta neutroena edo markatugabeena izan behar du, helburua antezedentea argitzea baita, eta ez hari buruzko iruzkinak egitea. Demagun, esaterako, gizon zahar, argal, garai, begi-beltz eta burusoil bat daukagula eta aurreneko aldiz agertu dela liburuan. Itzultzean, aukeran, honelakoak erabiliko ditugu izenordain anaforikoa ordezteko: esan zuen gizonak, esan zuen gizon zaharrak, esan zuen gizon argalak... Baina ez honelakoak: esan zuen begi-beltzak, esan zuen gizon burusoilak... baldin eta, jakina, egileak ez badu horrelakorik egin.
Gehienetan, pertsonaiak izen eta guzti agertzen dira behin baino gehiagotan liburuetan. Beraz, egokiena bakoitzaren izena erabiltzea da edo, bestela, eta haiei buruz egileak eman dituen datuen arabera, tankera honetako bikoteak: mutila/neska, ama/semea...
Gabriel García Márquez-en Koronelari ez dio inork idazten liburuko pasarte honetan, esaterako, Tomas Sarasolak koronela eta andrea hitzak erabili ditu él eta ella izenordainen tokian. Izan ere, idazleak el coronel eta la mujer (koronelaren emaztea alegia) erabiltzen du gehien-gehienetan.
— Faltan dos años —dijo la mujer.
Él encendió la lámpara para localizar la gotera en la sala. (...)
Ella rió en voz baja. «Ya ni siquiera me acuerdo de los monicongos», dijo. El coronel trató de verla a través del mosquitero.
— ¿Cuándo fuiste al cine por última vez?
— En 1931 —dijo ella—. Daban La voluntad del muerto.
— Bi urte falta dira —esan zuen andreak.
Koronelak kriseilua piztu zuen egongelako itukina aurkitzeko. (...)
Andreak barre egin zuen ahopeka. «Ez naiz oroitzen ezta monicongo-ez ere sikera», esan zuen. Koronela andrea ikusten saiatu zen eltxosarean zehar.
— Noiz joan zinen zinemara azkeneko aldiz?
— 1931an —esan zuen andreak—. Hildakoaren borondatea botatzen zuten.
Ordea, arazoa larriagoa da tarte labur batean izenordainak sarritan errepikatzen badira. Horrelakoetan irtenbidea ez da samurra. Esan bezala, inguruko hizkuntzetan pertsona-izenordainak, errepikatu arren, ez dira nabarmenegi geratzen testuan. Baina astuna izan daiteke haien ordez izenak edo beste hitz batzuk behin eta berriro errepikatzea.
Orain Mikhail Jurevitx Lermontov-en Gure garaiko heroia itzultzen ari naiz Literatura Unibertsala bildumarako. Bada, lehengo egunean tankera horretako pasarte bat egokitu zitzaidan. Itzulita emango dizuet hemen:
Bela pentsakor geratu zen tarte batez, begi beltzak Petxorinengandik bereizi gabe; gero, samurki irribarre egin eta burua mugitu zuen adostasuna adieraziz. Petxorinek eskua hartu zion eta musu ematera limurtzen hasi zen; Bela leunki babesten zen eta errepikatu besterik ez zuen egiten: «Mesedez, mesedez, hori ez, hori ez». Petxorinek bereari ekiten zion; neska dardarka eta negarrez hasi zen.
Letra lodiz nabarmendu ditudan guztiak hirugarren pertsonako izenordainak dira jatorrizkoan (él eta ella gaztelaniaz). Ez dakit asmatu dudan ala ez, baina izenordainen ordez pertsonen izenak ipintzea beste irtenbiderik ez zait bururatu. Petxorin delako hori hogeita bost urte inguruko mutil gaztea da, Errusiako armadako ofiziala eta liburuko pertsonaia nagusia. Hona aldatu dudan pasarte hori baino lehen etengabe agertu da liburuan. Beraz, ez diot zilegi iritzi besterik erabiltzeari, hala nola Mutil gazteak eskua hartu zion edo mutilarengandik bereizi gabe edo ofizialak bereari ekiten zion. Gainera, Lermontovek izena erabiltzen du beti hura aipatzeko. Azkenengoan, aldiz, neska ipini dut Bela-ren ordez, testua apur bat arintze aldera. Bela izenekoa neska gazte bat da, pasarte hori baino apur bat lehenago aurreneko aldiz agertu dena liburuan. Egileak berak honelakoak erabiltzen ditu izenarekin tartekatuta: etxeko nagusiaren alaba gaztea, printzearen alaba gaztea, printzesatxoa, neska gaztea...
Beraz, itzultzaileak izena erabiliko du nagusiki, baina batzuetan egileak berak zabalik uzten dio atea beste hainbat aukeraz ere balia dadin. Azken batean, senak esango digu kasu bakoitzean zein den irtenbiderik egokiena.
Arazoa ez da makala. Hona zer esan zuen itzultzaile batek horretaz: «Itzultzaile bezala euskarari ikusten diodan akatsik handienetako bat, eta uste dut horretan bat etorriko direla nirekin itzultzaile gehienak, he eta she izenordainak ez bereiztea da, gaztelaniazko el eta ella, alegia. Horrek ez dio arazorik sortzen euskaraz idazten ari denari, hizkuntzaren barrutik ari denari, baina bai izenordain maskulinoa eta femeninoa bereizten dituen hizkuntza batetik itzultzen ari denari. Gure zoritxarra da berriak garela itzulpen lanetan. Ziur nago itzulpen tradizio sendoago bat izan bagenu, honezkero asmatuta egongo zirela euskararako el eta ella-ren parekoak, gure klasikoek euskara latinaren sintaxira egokitzeko zeren eta horrelako partikulak asmatu zituzten bezalaxe». (Maria Garikano, «Itzultzaile baten arazoak», SENEZ 14, 1993).
Egia esan, ez legoke batere txarto horrelako zerbait asmatzea. Baina ea nork asmatzen duen! Eta, bestetik, arrakastarik izango luke? Bitartean —eta uste dut oso luze joko digula bitarte horrek, areago, baliteke sekula ez asmatzea horrelakorik— ditugun oinetakoekin ibili behar. Hizkuntza bakoitzak bere ezaugarriak eta baliabideak ditu eta, besterik ezean, baliabide horiekin moldatu beharra du.
Erabilerari dagokionez, hura-bera bikoteak ez du arazo handirik sortzen. Hura izenordain arrunta da, nagusiki erabiliko duguna. Bera, berriz, izenordain arruntaren forma indartua da eta seinalatzen duen pertsona aurretiaz aipatua bada erabiliko dugu. Hori dela eta, bi joera dago: ekialdean, ordezten duen pertsona esaldi berean agertzen bada erabiltzen dute. Mendebaldean, ordea, aurretiaz noizbait aipatua izan bada erabiltzen dute, beste esaldi batean delarik ere.
Nire ustez, garrantzizkoena ez da, besterik gabe, aurretiaz aipatuta agertzea, bera horrek nor ordezten duen argi egotea baizik. Izan ere, baliteke aurretiaz aipatua izatea baina horren ondoren beste pertsonaia batzuk agertu izana tartean. Orduan, ez legoke argi bera esatean nortaz ari garen. Beraz, laburbiltzeko, esan dezakegu bi baldintza bete behar direla bera erabili ahal izateko: antezedentea aurretiaz aipatuta egotea (esaldi berean zein beste batean) eta argi egotea zein pertsona ordezten duen.
Dena dela, hura erabiliko dugu bi kasuotan:
a) Bera-k adierazten duen hirugarren pertsona aurreko perpausean aipatuta egon arren, bigarren horretan nahasketarako bide izan daitekeen beste hirugarren pertsona bat dagoenean. Mikelek eskutitza zabaldu zuen, baina Koldok ez zuen irakurri nahi izan. Hari (Mikeli) ez zitzaion ondo iruditu.
b) Erakusleak erakusten duen pertsona gehiagoren arteko bat bada. Ikasleetako batek zuzendariarengana jo zuen azterketa berriro zuzentzeko eskatzera. Hura (ikaslea) urduri jarri zen bulegoko atea itxi orduko.
Haren, beraren eta bere
Inguruko hizkuntza gehienek ez-bezala euskarak forma bihurkaria du, hau da, besteak baino espezializatuago dago honetan. Baina erabilerari dagokionez nahaste izugarria dago eta mota guztietako erabilerak ikusten dira.
Baina azter dezagun pausoz pauso auzi hau zertan den. Batetik, forma arrunta dugu eta, aukeran, forma indartua: haren eta beraren. Hura eta bera nola erabili behar diren azaltzean aipatu ditugun arau berberak bete behar dira. Bestetik, forma bihurkaria dugu: bere. Eta arau argi bat dago bere noiz erabili behar dugun esaten diguna:
«Bere horrek aipatzen duen pertsona edo dena dela aurretik agertzen bada perpausean nor, nori edo nork bezala, orduan bere izango dugu erabili beharreko izenordaina. Bestela, haren izango da forma zuzena» (EGLU).
Edo, beste era batera esanda:
«Bere. Haren-ek —hots, hura izenordainaren genitiboak—, perpauseko nor, nork edo nori osagaitzak aipatua den pertsona edo zera berari dagokionean hartzen duen era» (Hauta-Lanerako Euskal Hiztegia).
Azkenik, eta astuna izanda ere, gogora dezagun zer dioen Orotariko Euskal Hiztegiak:
«Bere: a) (Pronombre posesivo anafórico). Tiene con haren (genitivo del demostrativo de tercera persona) o beraren (id., intensivo) una distribución complementaria. No aparece, sin embargo, ninguna regla que la explicite en las gramáticas antiguas. (...) La primera formulación de la regla aparece en Lafitte Gram 209: «Le réfléchi dépend d'ordinaire du verbe à mode personnel de la proposition où il se trouve; il se réfère à un possesseur désigné comme sujet, complément direct ou complément indirect dans la forme verbale». (Oharra: bai honetan bai gainontzeko aipuetan neronek nabarmendu ditut lodiago ageri diren zatitxoak).
Horko horiek irakurrita, azpimarratu nahi nuke hiru forma horiek elkarren osagarri direla eta bakoitzak bere zeregina duela. Beraz, ez litzateke oso txukuna hirurak nahastea. Esan ohi denez: nire uste apalean. Baina geroxeago ekingo diogu horri.
Erabilerari buruzko ataltxo hau bukatutzat eman aurretik aipatu beharra dago batzuetan anbiguitatea gertatzen dela. Esaterako: Koldok Miren bere etxera eraman du. Horrelakoetan, ekialdeko idazle zaharrek bere erabiliko lukete Koldoren etxeaz ari garela adierazteko eta haren, berriz, Mirenen etxeaz ari garela argitzeko. Hauta-Lanerako Euskal Hiztegiak honakoa dio bere sarreran:
«Delako osagaiotan hirugarren pertsonako bat baino gehiago aipatu denean, sujetoari badagokio bakarrik erabiltzen da (batez ere Sortaldean; Sartaldean den dela ezartzen da)».
Honaino, beraz, gauzak argi eta garbi daude: hiru forma dauzkagu, elkarren osagarriak, bakoitzak bere zeregina betetzen du eta erabilera-arau zorrotzak daude. Kontua da arau horiek ez direla beti betetzen eta erabilera «ortodoxoaren» alboan beste erabilera bat nagusitu dela inguru batzuetan. Mendebaldean nagusiki bere hori ez da bihurkari soila eta beste balio batzuk ere hartzen ditu, zehatz-mehatz esateko: beraren-en lekua harrapatu du.
Horra hor, bada, nahastearen gakoa. Bi bere ei daude: bihurkaria eta indartua. «Mendebaldeko» euskalkietan bere = beraren (indartua). Bere-k bera izenordain indartuaren genitiboaren lekua hartzen du. Hona zer dioen EGLUk:
«Esan daiteke bi bere ditugula: bata, bihurkaria eta beraz aurrekoa aditzaren partaide izatea eskatzen duena; eta bestea, nolabait bera izenordain indartuaren genitiboa edo izango litzatekeena. Esan nahi baita, bera erabiliko dugun baldintza beretan erabiliko dugu bere kasu honetan. Hortaz, bigarren bere hau beraren balitz bezala da. Eta honek eskatzen duen baldintza bakarra da noizbait aipatua izatea aurrekoa. Hots: bere (= beraren)-en aurrekoa ez da nahitaez perpausean agertuko eta aditzaren partaide izango. Aski da lehenago noizbait aipatua izatea, perpaus berean ez bada ere. (...) Hortaz, oso zail dela dirudi lege zorrotz eta salbuespenik gabea ematea. Hiztunek behintzat ez dirudi erabat betetzen dutenik. Eta horren arrazoia izan liteke forma hauek bikoitzak izatea: bihurkariak alde batetik, eta indartuak, indartu soilak, bestetik».
Jar dezagun adibide bat:
Koldo Bilbon bizi da. Haren etxea alde zaharrean dago.*
* Bidenabar: esaldi hau txukun asko egin liteke izenordainik gabe ere. Hots: Koldo Bilbon bizi da. Alde zaharrean dauka etxea.
Baina gero arituko gara horretaz. Oraingoan, dagoen bezala balio digu argibide gisa.
Koldo aurretiaz aipatuta ageri denez eta nortaz ari garen badakigunez, goian aipatutako arauak zorrotz betez, honakoa ere egin dezakegu:
Koldo Bilbon bizi da. Beraren etxea alde zaharrean dago.
Baina euskalki batzuetan bere-k beraren-en tokia hartu duenez, honela esango lukete lasai asko:
Koldo Bilbon bizi da. Bere etxea alde zaharrean dago.
Hala ere, bere = beraren hori mendebaldekoa barik gipuzkerakoa-edo da. Izan ere, bizkaieraz (oro har) ondo bereizten dira biak. «Bizkaieraz biziki ongi bereizten dira bere/bera(re)n. "Amak bere umia maite dau. Bera(re)n aiztak ez. Latinez ere horrela: "Mater filium suum amat; illius soror non amat eum"» (Gotzon Garate, «Bizkaiera» in Egunkaria).
Beraz, mota guztietako erabilerak ikusten dira:
- Haren (arrunta), beraren (indartua), bere (bihurkaria). (Esaterako: Elizen arteko biblia)
- Haren (arrunta), bere (bihurkaria). Beraren inoiz ere ez. (Kasurako: Otto Pette)
Batzuek ez dute beraren gaitzesten, baina beren geografi eremuan ohiko ez dutenez, ez dute erabiltzen. Beste batzuek, ordea, gaitzetsi egiten dute: «Beraz, bere eta beren bai, baina utz ditzagun beraren eta beraien. Adierazgaiak argiago eta zehatzago azaltzeko lagungarri ez izatez gainera, euskararen batasunerako ere ez dira eta». (J.L. Etxeberria TXIGUA. Euskara jatorraren ildotik. Arrate Irratia, 93. 147. or.).
- Haren (arrunta), beraren (indartua), bere (indartua zein bihurkaria).
- Haren (arrunta), bere (indartua zein bihurkaria). Beraren inoiz ere ez.
- Bere (arrunta, indartua zein bihurkaria). Haren eta beraren inoiz ere ez.
Azken batean, euskalkiak euskalki, EGLUk ontzat ematen ditu erabilera horiek guztiak; edo, hobeto esanda, ia guztiak, gero ikusiko dugunez.
Hori Koldo da, eta hori bere aita.
Koldo ohean eserita dago eta aita zutik bere aurrean.
Gizon bat hilik agertu da ibaian, baina poliziak oraindik ez du bere gorpua identifikatu.
Esaldi horietan, bere dagoen tokian beraren jar daiteke (edo haren, jakina) (nire iritziz, horiek jarri beharko lirateke). Hortaz beraren = bere delako hori dela-eta, ezin dira okertzat jo. Hor, bere-k forma indartuaren balioa du, ez bihurkariarena. Baina, dena dela, zuzena izanik ere, txukuna da? egokia? zehatza? Jar ditzagun, esaterako, singularreko lehen pertsonan. Bitxi samar iritziko genieke esaldi hauei, ezta?:
Ni neure aita naiz.
Ni neure aurrean nago.
Nik oraindik ez dut neure gorpua identifikatu.
Niri behinik behin tankera horretako esaldiak ekartzen dizkidate gogora hori bere aita da, aita bere aurrean dago eta horrelakoek.
Izan ere, hori nire etxea da, hori zure etxea da edo hori gure etxea da esaten dugu denok. Beraz, kateari jarraiki, berez dator hori haren etxea da beharko lukeela. Eta, halatan, honako hauek hobetsiko nituzke:
Hori Koldo da, eta hori haren aita.
Koldo ohean eserita dago eta aita zutik haren aurrean.
Gizon bat hilik agertu da ibaian, baina poliziak oraindik ez du haren gorpua identifikatu.
Forma indartua erabili nahi izanez gero, beraren aukeratuko nuke hiru kasuetan.
EGLUren ikuspegitik bi erabilerak zuzenak izateaz gain, tradizio luzea eta zabala dute biek ala biek ere. Jo dezagun berriz ere Orotariko Euskal Hiztegira, bere sarrerara:
«Empleado como posesivo anafórico en la tradición septentrional. Los autores occidentales (salvo alguna excepción como Ubillos), ya desde los textos más antiguos, utilizan bere no sólo en los casos en que éste es anáforico (es decir, en aquellos en que tiene un antecedente en caso ergativo, absoluto o dativo dentro de la misma oración), sino también en contextos en los que podría aparecer igualmente haren (o beraren); también al Norte, a partir del s. XIX, se encuentran ejemplos (relativamente poco numerosos) que incumplen las restricciones de su uso como anafórico. (...) En los textos alto-navarros antiguos (p. ej. Beriain) aparece como exclusivamente anafórico; sin embargo, ya se encuentran ejs. fuera de este uso en Lizarraga de Elcano, el baztanés Echenique, el salacenco Samper y el roncalés Hualde; en el s. XX la mayoría de los autores (no así Orixe) parecen haber abandonado el sistema restrictivo. En general, se puede decir que bere se ha ido extendiendo con el tiempo a usos no anafóricos (...).
Halatan, bi erabilerak zilegiak eta tradizio handikoak izanik, ba al dago bata gaitzesterik eta bestea hobesterik?
Dena zilegi izanik ere, hainbaten iritziz, idazkietan orokorrean eta literaturan bereziki ekialdeko euskalkien erabilera bultzatu beharko litzateke. Gainera, badirudi joera hori indartzen ari dela egunetik egunera (ikus besteak beste, bi liburu bikain hauek: Elizen arteko biblia eta Otto Pette).
Arazoa ez da atzo goizekoa. Forma arruntaren, indartuaren eta bihurkarien erabilerak biziki kezkatu du aspaldidanik hainbat hizkuntzalari. La declinación del vasco literario común liburuan Villasantek argi eta garbi azaltzen du arazoa zertan den, baita horri buruzko iritzia eman eta irtenbidea erakutsi ere. Alda dezagun hona, bada, liburu horretako zenbait pasarte.
«Fuerza es confesar que en cuanto a la regulación del uso de unas y otras (es decir, de las formas sencillas y de las intensivas) [«forma intensiva» aipatzen duenean, bere-z ari da, nahiz eta geroago aitortu egokiagoa litzatekeela «forma reflexiva» deitzea], existe un gran confusionismo. En algunas zonas las formas intensivas tienden a acaparar todo el dominio (o sea, el suyo propio y el de las formas sencillas).» (71. or.)
«En realidad, la distinción de sencillos e intensivos (alegia, bihurkariak) es común a toda la lengua y se debe tender a restablecer su recto empleo.» (72. or.)
«¿Cuándo se debe emplear la forma sencilla y cuándo la intensiva? Creo que ha sido Gabriel Aresti el primero en darse cuenta de una regla que regula este uso en los autores antiguos. Podríamos expresarla así: Cuando la misma persona a la que se refiere el posesivo entra en el verbo, dicho posesivo adopta la forma intensiva (mejor dicho, reflexiva, pues tal parece ser su función). (...) Esta regla parece observada por Axular con regularidad. Dígase lo mismo de Leizarraga.» (72-73. or.)
«Los navarros y vascofranceses observan indefectiblemente una regla bien precisa que regula el uso de "haren" y de "bere". (...) Cuando la misma persona a que se refiere el posesivo entra en el verbo, dicho posesivo adopta la forma intensiva (es decir, bere, no haren). (...) Pero como en castellano se usa para todo el "su" indistintamente, dando lugar a grandes anfibologías, los vizcaínos y guipuzcoanos, olvidando su propia tradición, echan también mano del "bere" en todos los casos. Sería de desear la vuelta a la tradición general, que tan bien guardan los navarros y vascofranceses. (...) En la función eucarística de reserva del Santísimo Sacramento suelen recitarse unas alabanzas en reparación por las blasfemias. "Bendito sea Dios, bendito sea su santo nombre", etc. En las iglesias de Navarra este "su", conforme a la tradición genuina, se traduce por "haren"; en las de Vizcaya y Guipúzcoa, ordinariamente por "bere". «Bedeinkatua izan bedi haren izen santua». La vuelta a la genuina tradición que un día fue universal y que aún hoy está viva en una parte importante del país, parece exigirla el impulso unificador. Axular jamás se equivocaba en este punto. (...) En suma, al hablar de los otros pronombres intensivos dijimos que no es lícito o justo que el sencillo invada el campo del intensivo, o viceversa. Lo mismo, ni más ni menos, decimos aquí: "bere" que es un intensivo, no debe usurpar el dominio que corresponde al sencillo ("haren", y a sus dos hermanos "honen", "horren").» (86-88. or.). Barkatu erosokeria baina nik ez nuke Villasantek baino hobeto azalduko.
Dena dela, kontuan izanik bi erabilerek tradizio luze eta sendoa dutela, erabilera zuzenaz eta okerraz hitz egin beharrean, bi erregistroz edo bi hizkuntz mailaz aritu beharko genuke.
Haren, beraren, bere elkarren osagarri gisa, bakoitza bere zereginerako eta, bereziki, bere bihurkari soil gisa erabiltzea jasoagoa eta zehatzagoa da eta, beraz egokiagoa literaturarako eta hobestekoa batasunerako, inori ez dio-eta ulertzeko arazorik ekartzen. Zehaztasuna oso eskertzekoa da itzulpengintzan. Horretarako ditugun baliabide guztiak erabili beharko genituzke, eta euskarak arlo horretan duen espezializazio handiari etekina atera. Adibide bat jarriko dut hori erakusteko.
Koldok liburu bat dauka eta Mirenek beste bat. Hau da, liburu bana daukate, nork berea. Kontua da Koldok liburua galdu duela. Eta Mirenek ere bai. Bila eta bila ari direla, halako batean
Miren ohartu da Koldok bere liburua aurkitu duela.
Bere bihurkari zereginetarako soilik erabiltzen duenak kolpetik ulertuko du zer gertatu den:
Koldok bere liburua aurkitu du eta Miren horretaz ohartu da.
Baina, inondik ere, bere beraren-en tokian erabiltzen duena duda-mudatan geratuko da, aurkitutako liburua norena den asmatu ezinik. Eta, gainera, nola adieraziko luke beste egoera hau?:
Koldok Mirenen liburua aurkitu du eta Miren horretaz ohartu da.
Jakina, ondo asko dago horrela. Baina haren, beraren eta bere bereizten dituenak honetara ere eman dezake:
Miren ohartu da Koldok haren (edo beraren) liburua aurkitu duela.
Eta uste dut gauzak laburrean zehazteko eta argitzeko aukera hori ezin mesedegarriagoa dela itzulpengintzan.
Gainera, nire gusturako euskara batuko literatur hizkuntzaren eredutzat hartzekoak diren zenbait testu ikusita (Elizen arteko biblia eta Otto Pette besteak beste) badirudi joera hori nagusitzen ari dela.
Beraren-en ordez bere forma indartu gisa erabiltzea, berriz, erabat gaitzetsi barik, hizkuntza informalerako gorde liteke, lagunarteko erregistro moduan edo. Argi gera bedi, dela dela, honako honetan euskara batuko literatur hizkuntzaz soilik ari naizela eta horretarako eta ez beste ezertarako hobesten ari naizela erabilera jakin bat beste guztien artean.
Hori bai, nik behintzat baztertu egingo nuke haren forma arruntaren ordez bere erabiltzea. EGLUk dioenez, bigarren bere hori bera izenordain indartuaren genitiboa edo izango litzateke eta bera erabiliko dugun baldintza beretan erabiliko dugu. Baina inon ez da esaten hura izenordain arruntaren genitiboa edo izango litzatekeela eta hura erabiliko dugun baldintza beretan erabiliko dugula. Beraz, badiruri benetako okerra hor dagoela eta nahaste hori dela baztertzekoa.
Horiek guztiak gorabehera, arauak argiak izanik ere, badira hain argiak ez diren kasuak. Batzuetan zail da araua aplikatzea eta, gainera, arau guztiek bezala, hauek ere badute makinatxo bat salbuespen. Itzultzailearen esku geratzen da, beraz, arauaren mamia zein den ahaztu gabe, kasu bakoitzean irtenbiderik egokiena bilatzea.
Azken ohartxo bat: lagunekin arazo honetaz aritu naizenean, zenbaitek esan dit hura edo haren horrek sujetua urruntzen duela: irudi luke ekintzaren edo kontaketaren esparrutik harago gelditzen den hirugarren batez ari garela. Nire ustez, hori gertatzen da hura oroz lehen erakusletzat hartzen delako: hau, hori, hura (gaztelaniazko aquél). Baina kontuan izan behar da ezen, erakuslea izateaz gain, hura hirugarren pertsonako izenordaina ere badela: ni, hi, hura, gu, zu, zuek, haiek. Maiztasunaren azterketarik egin gabe ere, nago ohikoagoa eta ugariagoa dela hura izenordaina hura erakuslea baino.
Bestetik —eta oraingoan ez diot erabilera-motari erreparatzen— izenordainak (arruntak, indartuak zein bihurkariak) gero eta maiztasun handiagoz erabiltzen dira. Maizegi, esango nuke nik, sarri askotan haien premiarik ez badago ere. Uste dut ugaritasun hori murriztu beharko genukeela eta euskarak berezkoago dituen beste bide batzuk baliatu.
Azkenik, orain arte esandakoak kontutan hartuta eta arazoa hausnartu ondoren itzultzaile honek hartu zituen erabakiak laburbilduko ditut hemen.
a) Nagusiki forma arruntak erabili. Forma indartuak edo bihurkariak ezinbestekoak direnean soilik baliatu. Hona zer dioen Altubek:
«En vista de las divergencias dialectales anotadas, no nos sería fácil establecer reglas fijas para determinar el uso general de los demostrativos reversivos euskéricos; pero nos atreveríamos a formular la siguiente recomendación, de orden puramente práctico, la que, por uno u otro concepto, a todos los euskaldunes podría sernos aplicable, y es: Que se limite a lo extrictamente necesario el uso de los reproductivos de tercer grado, o sea de los pronombres como bera, berak, berari, bere, beretzat, eurak (berak), eurai (berei), euren (beren)... en beneficio de los sencillos o intensivos de tercer grado: a (ura), arek, areri (ari), aren, arentzat, axe (uraxe), areek (ayek), areexek (ayexek)». (Erderismos, 88.89. or.)
b) Bere bihurkari gisa erabili soil-soilik. Forma indartuaren premia izanez gero, beraren erabili.
c) NOR-NORK edo NOR-NORI-NORK aditz jokoak erabili genitiboak saihesteko. Hona zer dioen Villasantek Orixez ari delarik:
«(...) dice (entre otras cosas) que, construyendo la frase con verbo transitivo puede evitarse el recurso a ningún posesivo. «Dile al padre que traiga las cerillas que están en sus pantalones de domingo». Si en vez de «están» se pone «tiene», huelga el «sus». El recurre a este procedimiento con frecuencia. En la traducción del Magnificat, en lugar de decir «Eta haren izena santua da», dice: «Eta santua du bere izena». Aquí está justificado el uso de «bere» según la predicha regla». (La declinación del vasco literario común, 87. or.).
Hala ere, azken esaldi hori dela eta, txukun eta dotore geratuko litzateke honako hau ere: Eta santu du izena. Izenordainik gabe.
d) Kontuan izan sarri askotan izenordainen genitiboak ez direla beharrezkoak eta euskarak ezabatzeko joera duela. (Jakina, beti ere, argi badago norena den).
(Nire) amak esan dit.
(Zure) semearekin zaude.
Koldo (bere) gurasoekin bizi da.
(Bere) etxera joan da.
(Bere) txanoa jantzi zuen.
Etxe bat ikusi zuen (bere) begien aurrean.
Oin hotsa entzun zuen (bere) atzean.
e) Ez ahaztu bestelako anaforikoak ere badirela: beronen, berorren, honen, horren...
f) Deklinabidea. EGLUn gauzak oso argi ez daudenez, Villasantek La declinación del vasco literario común liburuan agertzen dituen deklinabide-taulei heldu diet nik.
Bera: bera, berak, berari, beraren, berarentzat, berarekin, berarengan, berarengandik, berarengana...
Bere: bere, beretzat, berekin, beregan, beregandik, beregana...
Eta, amaitzeko, hona hemen esaldi sorta bat nik aukeran hobetsi dudan erabileraren erakusgarri.
Gogorki usatu genduen haren alderakotzat. (Ax. 286)
Beraz hunelatan arrazoinekin edukiko dugu guk ere fidantzia handia eta esperantza beroa geure Iainkoa baithan eta haren miserikordian. (Ax. 84)
Hola, adiskidea, orai zuk soñean darabiltzatzun arropa horiek, zuk baino lehen erabili zituen bere bizkarrean ardiak, zeren haren illeaz eginak baitira. (Ax, 270)
Aita eta haren semea heldu ziren. (Lafitte)
Wade izeneko gizon baten bila nabil, jauna. Bere etxetik aldeginda dabilen alkoholiko aberats bat. Haren historialak pentsarazten du modu egokian zaindu dezakeen leku diskretu batean izkutatu dela. (Ez adiorik)
Milaka istorio kontatzen zuten haren aurrean, beraren lepotik asmatuak. (Longaina)
(...) —erantzun zidan borreroburuak, haren gorputz kankailuari guztiz arrotz eta bitxi zitzaion ahots mehe batez. (Otto Pette)
Grazibelek zuen oraingoan bizkarra kadira-bizkarraren kontra laxatuta eta haren aurrean nengoen ni. (Otto Pette)
—Hoa, hoa atzera! —zapuztu zitzaidan, beti ere haren ezpataren punta nire giltzurdinean. (Otto Pette)
—Non da juduen errege jaio berria? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz. (Biblia)
Ardura zaitezte, batez ere, Jainkoaren erregetzaz eta haren nahia betetzeaz. (Biblia)
Jesusek hitzaldi hau amaitu zuenean, haren irakaspenez txunditurik gelditu zen jende guztia. (Biblia)
Hona hemen hamabi apostoluen izenak: lehenbizi Simon —Pedro deritzana— eta haren anaia Andres; Santiago Zebedeorena eta haren anaia Joan; (Biblia)
Beraz, Satanasek Satanas botatzen badu, zatiturik dago eta bere buruaren aurka ari da; nola iraun dezake haren erreinuak?. (Biblia)
Gizonaren Semeak bere aingeruak bidaliko ditu, eta haren erreinutik bereiziko dituzte gaizkileak... (Biblia)
Joanen ikasleek haren gorpua [Joanena] jasotzera etorri eta lur eman zioten; (Biblia)
Ondoren, Pedroren etxera joan zen Jesus, eta haren amaginarreba oheratua aurkitu zuen sukarrez. (Biblia)
Hala Ninive hiri handi hartako erregeak ere entzun zuenean haserre zela haren eta harenen kontra Jainkoa... (Biblia)
Oraindik Jesus jendeari hitzegiten ari zela, haren ama eta anai-arrebak azaldu ziren, berarekin hitzegin nahian. (Biblia)
Horrela borrokatu ziren Bakidesen kontra, eta garaitu egin zuten. Bakides erabat lur jota gelditu zen, beraren asmo eta erasoek porrot egin zutelako. (Biblia)
Santua izanen da Jerusalen, eta hamarrenak eta zergak ordaintzetik libre, baita beraren lurralde osoa ere. (Biblia)
Joanek bihozberritzearen ezaugarri zen bataioa ematen zuen, baina herriari beraren ondoren zetorrenagan, Jesusengan alegia, sinesteko esanez. (Biblia)
Bethi berekin eduki zuen. (Ax. 165)
Deitzeintu beregana. (Ax. 312)
Hori entzutean, Demetrio erregea, biziki haserreturik, abiatu eta Ptolemaida hirira etorri zen. Gotorlekua inguratzeari utzi eta Ptolemaidara berarekin mintzatzera ahalbailehen etortzeko aginduz idatzi zion Jonatani. (Biblia)
Demetriok berarekin [Demetriorekin] mintzatzeko agindu zion Jonatani. (Biblia)
Gero, harrapakin ugari berekin zeramatela, Jerusalenera itzuli ziren. (Biblia)
Guzti horren ondoren, itzuli zen Trifon, Antioko mutikoa berekin zekarrela. (Biblia)
Salomonek tenplu bat eraiki zuen Jainkoarentzat eta beste bat beretzat. (Biblia)
Alexandroren erreinua beretzat nahi zuelako zioen gezur gaizto hori. (Biblia) Axularren esaldiak Villasanteren La declinación del vasco literario común liburutik hartu ditut, Villasanteren erreferentzia eta guzti.
Gainontzekoak liburu hauetatik hartu ditut:
- Otto Pette. Anjel Lertxundi. Alberdania.
- Elizen arteko biblia. Bibli Elkarte Batuak eta Euskal Elizbarrutiak.
- Longaina. Nikolai Gogol. Itzultzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu. Erein.
- Ez adiorik. Raymond Chandler. Itzultzailea: Xabier Olarra. Igela.