Erdarazko erlatiboen itzulpenaz
Lan honetan joan den mendeko eta mende honetako itzultzaile batzuen lanetatik ateratako corpus bat osatu da, esaldi erlatiboak nola itzuliak izan diren aztertzeko. Izan ere, Lafitteren baieztapen bati jarraituz, euskarak ez du inguruko erdarek adina erabiltzen erlatiboen prozedura, eta, beraz, erdarazko erlatiboen itzulpena beste baliabide batzuen bitartez egin behar da. Corpus honetan, beraz, hainbat prozedura aurkitu dira, gure gaurko lanerako guztiz erabilgarri izan daitezkeenak, nahiz eta itzulpen ezegokiak egon ere badauden. Hortaz, azterketa konparatista bat egin da, hizkuntza bakoitzaren joerak argitzeko. Bukaeran, aposizioei buruzko zati laburtxoago bat ere badago.
Planteiamendua
Euskarazko erlatibizazioak zeresan ugari eman izan du aspaldidanik, eta hainbat gramatikalariren ikergai izan da, baina nire lan honek hartu nahi duen bidea beste bat izango da; alegia, bi hizkuntza horien artean erlatibizazioari dagokionez daudekeen aldeak ikertu nahi ditut, horretarako euskararako itzulpenaren ikuspegia erabiliz, edo, zehazkiago esanda, gaztelerazko perpaus erlatiboen itzulpena, horixe izan eta oraindik ere izaten baita itzultzaileen buruhausterik handienetako bat. Dena den, kontutan hartuz doktorego-lan batek eduki dezakeen luze-zabalera, gure ikerketa hau itzulpen jakin batzuetara mugatuko da, corpus bat osatuz eta hartan ikusiz nolako irtenbideak eman dizkieten itzultzaileek jatorrizko testuetako perpaus erlatiboei (adibideen idazkera gaurko erara moldatu dut). Ikertu ditugun testuak honako hauek izan dira:
- Liberalen dotriña pecatu da (El liberalismo es pecado), ustez Gregorio Arruek itzulia, eta Bartzelonan 1887. urtean argitaratua.
- Liberalkeria pecatuba da, itzultzaile ezezaguna, Bartzelona 1891.
- Gau iluna (Noche Oscura, S. Juan de la Cruz, Idazlan autatuak, 1993), Lino Akesolok 1991 inguruan itzulia.
- Kantu espirituala (Canto espiritual, S. Juan de la Cruz, Idazlan autatuak, 1993), Julian Barandiaranek itzulia.
- Paskual Duarte (Pascual Duarte, Camilo J. Cela), Jautarkolek 1967an itzulia.
Ikusten denez, itzulpen guztiak Hegoaldekoak dira: lehendabiziko biak joan den mendekoak, eta beste hirurak, nolabait, «klasikotzat» jo litezkeen itzultzaileek eginak. Hain zuzen ere, eskola zaharreko itzulpenaren estiloaz eginak direlako aukeratu ditut, gaur egungo itzultzaileontzat zer irakatsi ugaria daukatelako, bestela esanda.
Jakina, corpus honekin ez dugu erlatiboen itzulpenaren gaia agortuko —ez da hori gainera gure asmoa—, baina bai aurrez aurre jarriko erdararen eta euskararen sistemak, bakoitzaren joerak argitzeko. Izan ere, lanaren abiapuntu gisa, Pierre Lafitteren baieztapen bat hartuko dugu, alegia:
Le basque ne se prête pas beaucoup à la traduction des phrases françaises pleines de propositions relatives. Il vaut mieux renoncer à rendre littéralement de pareils textes et se décider à les transposer selon une autre syntaxe.[1]
Ez gara aterako baieztapen horren lehen zatiaren alde ez kontra ere, hizkuntzaren «jeinuari» —beste batzuek «senari» esango lukete— baitagokio, hizkuntzak errealitate aldaezinak balira bezala. Egia da, halere, esaldi luzeek eta erlatiboen bitartez eraikitakoek bereziki nahiko prentsa txarra izan dutela gure garbizaleen artean, eta dudarik ez dago oraindik ere aurriritzi horiek pisu eta eragin handia dutela; pentsa, esate baterako, «erlatibo erromaniko» deitu izan diren horiek, gure artean mende askotako bizitza eduki arren, nekez ikusten direla, itzulpen batzuetan izan ezik, eta entzun —eta ez naiz kaleko hizkeraz ari— ez direla ia inoiz entzuten.
Ikerlan honen helburuetara begira Lafitteren beste baieztapena da interesatzen zaidana. Alegia, aztertu nahi dut zeintzuk diren erdararen erlatiboaren ordez euskarak erabil ditzakeen beste prozedura sintaktikoak, baina inolako asmo arauemailerik gabe: aitzitik, itzultzaile on batzuen irakaspenaz baliatu nahi dut, haiek hartutako irtenbideak azalduz, gaur egun lanbide honetan aritzen garenok ohar gaitezen, ezer baino lehen, ez garela itzulpen-arazo hauen aurrean gertatu garen lehenak, eta, bestetik, itzultzaileok izaten dugun imitazio-joera ez dela beti izaten aholkularirik fidagarriena, bistan baitago hizkuntza guztiak ez direla prozedura berberez baliatzen eduki berberak adierazteko.
1. Euskararen eta erdararen joerak
Hortaz, egia al da gure inguruko erdarek askoz joera handiagoa dutela erlatiboak erabiltzeko? Har ditzagun gure corpuseko adibide batzuk, Julian Barandiaranenak:
(1) Bueno será le respondamos mostrándole el lugar más cierto donde está escondido.
(1') Guk erantzun geniezaioke, erakutsirik non den ziur bere Maitearen ezkutalekua.
(2) Gran cosa es saber el lugar donde está escondido.
(2') Gauza handia bait da, izan ere, non ezkutatua dagoen ziur jakitea.
(3) Dicho queda, ¡oh alma!, el modo que te conviene tener para hallar al Esposo en tu escondrijo.
(3') Esan zaizu, ba, anima, nola jokatu behar duzun zure bihotzeko ezkutuan Ezkontidea aurkitu ahal izateko.
Bistan da hemen itzultzaileak zehargaldera aukeratu duela, galdetzaileak erabiliz gaztelaniazko testuan I + P(erl.) dagoen lekuan, eta hori posible izan da pertzepzioa adierazten duten aditzak direlako (erakutsi, jakin, esan). Hau da, beste tankera bateko aditzekin ezinezkoa izango zen:
(4) Llévame al lugar donde está escondido.
(4') Eraman nazazu bera ezkutatuta dagoen lekura.
Kasu honetan ez zegoen zehargaldera erabiltzerik, eta derrigorrez eman behar zen lekua sustantiboa. Halere, (4')ko erlatibo perpausaren ordez izen soila ere ager zitekeen, (4")an bezala:
(4") Eraman nazazu bere ezkutalekura.
Baten batek esan lezake bera ezkutatuta dagoen lekua eta bere ezkutalekua ez direla berdinak adieraren aldetik ere, (4")ko kasuan gerta baitaiteke bera hori ezkutaturik ez egotea bere ezkutalekuan. Baina hori ez zaigu gertatuko beste kasu batzuetan:
(5) Llévame a la casa en que naciste.
(5') Eraman nazazu jaio zinen etxera.
(5") Eraman nazazu zure jaiotetxera.
Esaldi hauetan ondo ikusten da egitura sintaktiko berberak ondorio pragmatiko desberdinak dituela, bai eta alderantzizkoa ere, alegia, egitura desberdinek ondorio pragmatiko bera eduki dezaketela.
Nolanahi ere, zenbait kasu berezitan, transposizioa erabil daiteke, STko sustantiboaren ordez galdetzailea erabiliz, ondoko kasuan bezala:
(6) Esta es la razón por que con figuras, comparaciones y semejanzas, antes rebosan de lo que sienten...
(6') Horra zergatik, irudi, alderaketa eta antzekoetara jota, barnetik gainezka bezala, ariman nabaritzen duten zerbaitxo agertzen duten...
Gogora dezagun, bestalde, gaztelaniaz izenak edo sustantiboak eta, oro har, nominalizazioak erruz erabiltzen direla eta, ondorioz, izen horiei oso erraz atxikitzen zaizkiela hainbat modifikatzaile, adjetibo-perpausak tartean. Hortaz, esan dezakegu erdarak erraztasun handiz eratzen dituela era honetako erlatiboak, haietako asko «erredundanteak» esango genuke, eta horiek ez direla euskaraz nahitaez forma horrekin azaltzen; begira bestela beste adibide hauei:
(7) Ésta es el arma con la que asesinaron a Prim.
(8) Aquí es donde vive mi amigo Félix.
Izan ere, bi kasu hauek ikusirik esan genezake gaztelaniak erlatiboa erabiltzen duela galdegaia azpimarratzeko, eta garbi dago euskaraz beste baliabide batzuk dauzkagula horretarako:
(7') Arma honetxekin hil zuten Prim.
(8') Hementxe bizi da Felix nire laguna.
Dena dela, ezin uka daiteke euskaraz ere tankera horretako erlatiboak erabiltzen ditugula batzuetan, beharbada erdararen eraginez. Esaterako:
(9) Él fue quien me contó que habías tenido un accidente.
(9') Bera izan zen istripua izan zenuela kontatu zidana.
Argi egon arren galdegai hutsa nahikoa dela euskaraz hori adierazteko:
(9") Berak kontatu zidan istripua izan zenuela.
Euskaraz (9') bezalako itzulpenak egin ahal izateko badago, nolanahi ere, baldintza bat; alegia, STko esaldiko erlatiboak preposiziorik ez edukitzea izenorde erlatiboaren aurrean. Hau da, nekez itzuli ahalko dugu lehenagoko (7) esaldia erlatibo batekin, non eta ez dugun parafrasi bat eginez erlatibo hori sustantibatzen, (7")an bezala:
(7") Hau da Prim hiltzeko erabili zen arma.
Erlatibo erredundanteekin jarraituz, ondoan emango ditugun adibideek erakusten dutenez, euskaraz ez dago erdaraz bezain joera nabarmena horrelakoak erabiltzeko:
(10) ...y hay momentos en que hasta la conciencia quiere remorderme menos.
(10') ...eta une batzuetan kontzientziak berak ere kezka gutxiago ematen didalakoan nago. (11) Hay hombres a quienes se les ordena marchar por el camino de las flores, y hombres a quienes se les manda tirar por el camino de los cardos y de las chumberas.
(11') Gizon batzuei lorezko bidetik joateko agintzen zaie, beste gizonei, berriz, dardabera eta piku bidetik zehar joateko agintzen diete.
(12) ...temporadas hubo en que hasta me sentía orgulloso de ella.
(12') ...zenbait garaietan harro asko egon ere nintzen berarekin.
Ikusten denez, aurreko hiru adibideen egitura haber + I + prep. + P(erl.) da, euskaraz sinplifikatuta eman dena. Baina badira beste egitura batzuk antzeko emaitza dutenak; esate baterako, ser algo que edo ser cosa que:
(13) ...esa seguridad de que mis actos habían de ser, a la fuerza, trazados sobre surcos ya previstos, era algo que me sacaba de quicio.
(13') ...nere egiteak, nahi ta nahi ez, aurrez aurretik irekitako ildoetatik zehar joan beharra zutela ziur jakite horrek, nere onetatik irteten ninduen.
(14) Viendo que son cosas que por su propia mano fueron hechas.
(14') Berberak bere eskuz eginak direla ikusirik.
Eta antzekoa topatzen dugu erlatiboaren erreferentea sujetu-klausulan egon ordez predikatura aldatzen denean ere:
(15) De mi niñez no son precisamente buenos recuerdos los que guardo.
(15') Nere haurtzaroko oroigarriak ere ez dira onak.
Beste kasu batzuetan, aldiz, menpeko perpausa desegin eta osagai guztiak perpaus nagusi bakarrean sartzen dira, honako hauetan bezala:
(16) Tenía un lenguaje en la boca que Dios le haya perdonado.
(16') Eta erabili ohi zuen hizkuntza Jainkoak barkatuko al zion.
(17) Defectos todos ellos que para mi desgracia hube de heredar.
(17') Akats hauek guztiak, nere zoritxarrerako, neri erantsi zizkidaten.
Nolabait, aurrekoaren bide beretik doaz beste hauek ere, nahiz eta berez mendeko perpausa perpaus nagusitik bereiztuta egon, baita STan ere:
(18) Encontradas, las páginas que a continuación transcribo, por mí y a mediados del año 39, en una farmacia de Almendralejo —donde Dios sabe qué ignoradas manos las depositaron—...
(18') Neronek kopiaturik, ondoren dihoazkizun orrialdeak, Almendralejoko botika batean, 39. urtearen erdia aldean aurkitutakoak dituzu, —Jainkoak daki noren esku ezezagunek bertan lagako zituzten—, ...
(19) De los amigos de don Jesús González de la Riva (que Dios haya perdonado, como buen seguro él me perdonó a mí) es usted el único del que guardo memoria de las señas.
(19') Don J.G.R. (Jainkoak barkatuko al zion, neri berak seguru aski barkatu zidan bezala), adiskide izan zutenen artekoetan zure helbidea soilik, besterenik ez daukat gogoan.
Erdararen erlatibizaziorako joera handia oso nabarmena da kazetaritza munduko hizkeran, oso erraza baita era honetako esaldiak aurkitzea:
(20) El presidente González, que se encuentra estos días de visita en Washington, ha declarado su apoyo a la política exterior de los Estados Unidos.
(21) El avión, que se disponía en esos momentos a aterrizar, fue abatido por un misil.
Bi esaldi hauetan, azalpen-erlatiboa edo erlatibo ez-murrizgarria aurkitzen dugu, eta zalantzazkoa da euskaraz egitura horretxeri eutsiz eman daitezkeela, «erlatibo erromanikoak» erabili nahi ez badira, behintzat. Hau da, ez dirudi oso onargarriak direnik erlatibo sustantibatuen bidez emandako itzulpen hauek:
(20') * González presidentea, egun hauetan Washingtonen bisitan dagoena, Estatu Batuen kanpo politikaren alde azaldu da.
(21') * Hegazkina, une haietan lurra hartzera zihoana, misil batek suntsitu zuen.
Haien lekuan, beste aukera hauek daude, besteak beste:
(20") González presidentea, Washingtonen egun hauetan egiten ari den bisitan, Estatu Batuen kanpo politikaren alde azaldu da.
(21") Hegazkina, lurra hartzera zihoala, misil batek suntsitu zuen.
Baina adibideak ez dira erlatibo ez murrizgarrietara mugatzen, ondoko kasuan ikusiko dugun bezala:
(22) Nos acaba de llegar una nota en la que se afirma que aviones de la OTAN han bombardeado algunas posiciones servias en las cercanías de Gorazde.
(22') Oraintxe iritsi zaigun ohar batek dioenez, NATOren hegazkin batzuek serbiarren posizio batzuk bonbakatu dituzte Gorazdetik hurbil.
Itzulpen honetan ikusten denez, euskaraz askoz errazagoa da esaldiaren informazio-gunea perpaus nagusi batez ematea, eta ez menpeko perpaus erlatibo batez; itzultzeko beste modu bat erlatibo apositiboa erabiltzea izan zitekeen (22")en bezala:
(22") Ohar bat iritsi zaigu oraintxe, NATOren hegazkin batzuek Gorazdetik hurbil serbiarren posizio batzuk bonbakatu dituztela dioena.
Baina bistan da tankera honetako esaldi ez oso laburrak trakets samar gertatzen direla, eta ulerpena zaildu egiten dela perpaus mendekoaren aditza horrenbeste atzeratzeagatik.
Hortaz, itzulpegintzaren ikuspegitik, argi dago transposizioa deitzen dugun baliabidea guztiz egokia izan daitekeela erdarazko hainbat perpaus erlatibo euskaratzean, esaldi baliokideak aurkitzeko; hizkuntza beraren barruan ere egin daitezke era honetako transposizioak, adiera berbera kategoria gramatikal desberdinekin emanez, nahiz eta, jakina, ñabardurak berdinak ez izan. Baina itzulpenetan oso gutxitan behar izaten da erabateko zehaztasuna Sorburuko Testuaren (ST) eta Xedeko Testuaren (XT) arteko itzulpenean —eta horrelakorik lortzea ezinezkoa dela dioenik ez da falta—. Horrela, lehenagoko (21) esaldia beste era honetan ere ager zitekeen:
(21a) El avión fue abatido por un misil cuando se disponía a aterrizar.
Hau da, nolabait esan daiteke, semantikaren ikuspegitik ari garela beti ere, (21) eta (21a) esaldiak baliokideak direla eta, haruntzago joanez, (21)eko erlatibo perpausak, nolabait, denborazko adiera duela, eta horregatik haren ordez ager daitekeela denbora adierazten duen perpaus bat.
Antzeko zerbait topatzen dugu ondoko adibideetan:
(23) He visto a un hombre que estaba llorando como una Magdalena.
(23a) He visto a un hombre llorando como una Magdalena.
(24) Has insultado a mi hermano, que no te ha hecho nada, porque no me podías insultar a mí.
(24a) Has insultado a mi hermano, aunque no te ha hecho nada, porque no me podías insultar a mí.
(25) Teníamos un criado que nos ayudaba en las labores del campo.
(25a) Teníamos un criado para ayudarnos en las labores del campo.
Edota Enrique Aleták[2] jasotzen duen adibide bat ekarriz:
(26) Los hombres que fuman en pipa parecen distinguidos.
(26a) Los hombres parecen distinguidos si fuman en pipa.
(26b) Los hombres parecen distinguidos cuando fuman en pipa.
Berriro diot baliokidetasun semantikoa dela esaldi hauetan aurkitzen duguna, eta ez da ahaztu behar itzultzaileok esanahiekin lan egiten dugula edo, bestela esanda, esanahia daukaten edukiak berreraiki behar ditugula, are gehiago itzulgaia testu «aginpideduna» ez denean, hau da, edukia ez ezik forma ere guztiz garrantzizkoa dutenak; eta, esan bezala, itzultzen diren testu gehienak ez dira aginpidedunak; horregatik, testu baten baliokidetasun dinamikoari begira, informazioa antolatzeko modu desberdinak daudela kontuan izanda, itzultzaileak makina bat aukera dauka STan erlatibo baten bidez emandako informazioa beste nonbait edo beste nolabait erreproduzitzeko. Esate baterako:
(27) Ayer por la mañana se produjo un robo en el Museo Guggenheim de Bilbao. Los ladrones, que robaron una escultura de Jorge Oteiza valorada en 100 millones de pesetas, se hicieron pasar por trabajadores de la limpieza.
Aurreko esaldian ematen diren datuak beste era batera antolatuz, honako itzulpena eman genezake euskaraz:
(27') Atzo goizean Jorge Oteitzaren eskultura bat lapurtu zuten Bilboko Guggenheim Museoan garbitzaile gisa azaldu ziren lapur batzuek. Eskulturaren ustezko balioa 100 milioikoa da.
Zalantzarik ez dago bi esaldiek datu berberak ematen dituztela, egitura sintaktiko eta antolakera desberdinak erabili arren.
Bada, oinarri hauekin, ikus dezagun nolako baliabideak aurkitu dituzten gure corpuseko itzultzaileek; batzuk ez dira egiatan egokiak, eta ezin dira itzulpen zuzentzat ere jo, baina badira beste hainbat, benetan eredugarri direnak.
2. Corpusean aurkitutako prozedurak. Erlatiboa ezabatuz.
2.1. Erlatiboaren ordez aparteko esaldia
Seguru aski gehien erabiltzen den prozedura da hau, eta erlatibo murrizgarriekin eta ez murrizgarriekin erabiltzen da. Ikus ditzagun adibide batzuk:
a) Erlatibo murrizgarriak:
(28) En mis tiempos de la Coruña conocí y admiré mucho a un guardia municipal que se llamaba Castelo y que llevaba bordadas en la manga siete banderitas, una por cada país cuya lengua hablaba.
(28') Nere Coruñako garai haietan, bazen asko ezagutu eta ixtimatu ere nuen Castelo zeritzan herriko zaitzaile bat. Bere soinekoaren besagainean zazpi banderatxo bordatuak zeramatzan, zazpi herri haietako hizkuntzak hitzegiten zekizkielako.
(29) ...con su campanario de piedra y su esquilón que sonaba de una manera que no podría contar, pero que se me viene a la memoria como si estuviera sonando por estas esquinas.
(29') ...bere harrizko kanpantorrearekin, eta bere kanpai haundiarekin; haren soinuaren berri ezin eman nezake, baina orain ere gogoan daukat bazter hauetan jotzen ari balitz bezalaxe.
b) Erlatibo ez murrizgarriak:
(30) Es como el aire, que, en queriendo cerrar el puño, se sale.
(30') Haizearen antzekoa da: harrapatu guraz ukabila itxi orduko, kanpoan da.
(31) Aunque el alma llegue a esta dicha unión, que es el más alto estado a que se puede llegar en esta vida...
(31') Nahiz eta gogoa batasun honetara iritsi —bizitza honetan ezin daiteke gorago igo ere—...
Prozedura bera den arren, adibide hauetan ondo ikusten da aukera bat baino gehiago dagoela. Horrela, (28')an puntua eta (29')an puntu eta koma, antzekoak beraz; baina (30')ean bi puntuak, eta (31')an, aldiz, marra txikia, perpausa esaldi nagusitik atereaz. Prozedura honekin, jakina, kasu guztietan, jatorrizko menpeko perpausa perpaus nagusi bilakatzen da.
2.2. Erlatiboaren ordez koordinazio kopulatiboa
Hau ere 2.1.eko prozedurarekin batera gehien erabiltzen dena da, eta ez da harritzekoa kontutan hartzen badugu gramatikalari askoren arabera perpaus erlatiboen sakoneko egituran koordinazioa dagoela. Adibideak erlatibo murrizgarriekin eta ez murrizgarriekin ere aurkitzen ditugu:
a) Erlatibo murrizgarriak:
(32) La perra tenía una sangre oscura y pegajosa que se extendía poco a poco por la tierra.
(32') Txakurrak odol ilun eta likia zuen eta poliki-poliki lurrean zabaldu zen.
(33) ...más tarde hubieron de acometerle unos tembleques que nos pusieron a todos sobre aviso.
(33') ...gero halako dardarizo batzuek jo zuten, eta guztiok ikaratu ginen.
b) Erlatibo ez murrizgarriak:
(34) En el pueblo, como es natural, había casas buenas y casas malas, que son, como pasa con todo, las que más abundan.
(34') Herrian, bidezko denez, etxe ederrak baziren, baita kaskarrak ere, eta hauxek ugariago, gauza guztietan izan ohi denez.
(35) [Esto] Se puede afirmar de ciertos liberales conservadores, en los cuales el conservador no suele ser más que la máscara o envoltura del franco demagogo.
(35') Esan liteke badirela honela egiten duten zenbait liberal moderatu, eta horietan nabarbenaren estalgarri edo maskara bat baino ez da moderatua.
Oso harritzekoak ez dira azken bi kasuak, Gramatikan aspalditik esana baitago erlatibo ez murrizgarriak sakoneko koordinazio-egitura batetik eratorriak direla, baina ez da gauza bera gertatzen aurreko biekin; izan ere, Aletári jarraituz, zalantzan jar dezakegu (32) eta (33) erlatibo murrizgarriak direla egiatan: alegia, (32)ean odol ilun eta likien multzoaren artetik ez da bereizten —eta beraz ez da inolako murrizketarik egiten— poliki-poliki lurrean zabaltzen zena, eta zentzu horretan perpaus honetako erlatiboa ezin da murrizgarria izan, espezifikatiboa izan arren. Hau da, mendeko perpaus horrek gunearen (odola) ezaugarri bat eransten du, nolabait gune horri bi predikatu atxikiz; horrela uler daiteke sakoneko egitura kopulatibo bat antzeman ahal izatea eta, ondorioz, euskaraz esaldi kopulatibo baten bidez itzulita agertzea. Aztertzekoa litzateke kasu hau bezalako erlatibo espezifikatibo/ez murrizgarriak noiz eta nola itzul litezkeen «hitzez hitz» —esan dezagun—, eta ez kopulazioa erabiliz. Adibidez, ikuspegi gramatikaletik kanpo, onargarria al da beste itzulpen hau?
?(32") Txakurrak poliki-poliki lurrean zabaltzen zen odol ilun eta likia zuen.
Eta beste hau?
?(32") Txakurrak odol ilun eta likia zuen, poliki-poliki lurrean zabaltzen zena.
2.3. Erlatiboaren ordez koordinazio adbertsatiboa
Hortaz, menpeko perpausa koordinatu bihurtzen da, aurreko 2.2. zatian bezala, baina bi perpausen arteko lotura kopulazioa izan ordez haien arteko kontrakotasuna da, esanahiaren aldetik begiratuta. Kasu hauetan parafrasiaren esparrura sartzen ari gara, ikusiko denez.
a) Erlatibo murrizgarriak:
(36) ...porque otra parte hubo que al intentar contarla sentía tan grandes arcadas en el alma que prefería callármela y ahora olvidarla.
(36') ...banuen beste zati bat ere, baina kontatzen hasi orduko, halako larriak animan nabaritzen nituen, nahiago izan nuen isildu, eta orain ahaztu.
(37) ...acababan formando como alfileritos de pus que el otoño se ocupaba de matar y el invierno de barrer.
(37') ...eta azkenez, zornezko orratz txikitxoen antzeko bihurtu, baina udazkenak hil eta neguak desegiten zizkion.
b) Erlatibo ez murrizgarriak:
(38) Mi padre, que, como digo, tenía un carácter violento y autoritario para algunas cosas, era débil y pusilánime para otras.
(38') Nere aitak, esan dudanez, gauza batzuetan izaera haserrekoi eta agintzalea zuen, baina ahula eta txepela zen bestetarako.
(39) [El liberalismo católico] Ha tenido su época de moda y prestigio, que, gracias al cielo, va pasando o ha pasado ya.
(39') Bere moda eta onuste-denbora izan du; baina Jaun zerukoari eskerrak, badoa, edo ia joan ere bada.
2.4. Erlatiboaren ordez alborakuntza
Hau da, perpausak inolako lokailurik gabe elkarren ondoan jarriz. Gainera, adibide hauen artean beste bereizketa bat ere egin daiteke, alboratutako esaldian aditzik erabiltzen den ala ez:
2.4.1. Aditzarekin
a) Erlatibo murrizgarria:
(40) Alrededor de la boca se le notaban unas cicatrices o señales [...] que según creo le había quedado de unas bubas malignas que tuviera de joven.
(40') Ahoaren inguruan orbain edo zantzu txiki eta gorriskak [...] ageri zitzaizkion, zornezko haunditsu batek, gaztetan, laga zizkion arrastoak, noski.
Ikusten denez, hemen itzultzailea sinonimo batez (arrastoak) baliatzen da, nolabaiteko eranskina eginez STan itxuraz murrizgarria den perpaus erlatiboaren ordez.
b) Erlatibo ez murrizgarria:
(41) En fin: Pascual Duarte está limpio, que es lo importante.
(41') Azkenik: Paskual Duarte garbi dago, hauxe da garrantzitsuena.
2.4.2. Aditzik gabe, edo aposizioz
Kasu honetan, erlatibo ez murrizgarrien adibideak baino ez ditugu aurkitu gure corpusean. Ikusten denez, adibide guztietan kasu marka errepikatzen da aposizioko sintagman.
(42) En la plaza estaba el Ayuntamiento, que era grande y cuadrado como un cajón de tabaco.
(42') Enparantzan, Udaletxea zegoen, haundi eta laukitua, tabako-kajoiaren tankerakoa.
(43) Había una [casa] de dos pisos, la de don Jesús, que daba gozo de verla.
(43') Bazen bat bi bizitzetakoa, don Jesúsena, begientzat zinetan atsegingarria. (44) ...y una mesa de pino, que resultaba algo baja para las sillas, pero hacía su avío.
(44') ...eta pinuzko mahai bat, baju samarra, beharbada, aulkien neurrirako, baina eginkizuna bete ohi zuen.
(45) Acerca del cuarto vicio, que es gula espiritual, hay mucho que decir.
(45') Laugarren pekatu-buruaz, arimaren gozozalekeriaz, zer esanik asko dago.
(46) Les lleva ya Dios por otro camino, que es de contemplación, diferentísimo del primero.
(46') Jainkoak beste bide batetik daramatza, begirada hutsezko otoitz-bidetik, lehengoaren aldean oso bestelakotik.
2.5. Erlatiboaren ordez perpaus kontzesiboa
(47) Porque su sola gana y gusto es hacer lo que les mueve, todo lo cual por ventura les valiera más no hacerlo.
(47') Euren gogokoa dena egiteko beste gogorik ez daukatelako, ez egitea hobe luketen arren.
(39) [El Liberalismo católico] ha tenido su época de moda y prestigio, que, gracias al cielo, va pasando o ha pasado ya.
(39") Jaungoikoari eskerrak, gaur galduaz badoa ere, eta alde-aldean galdu bada ere, bere moda izan zuen garaia bazuen.
Topatu ditugun bi kasuak erlatibo ez murrizgarriak dira; gainera, ikus daitekeenez, (39) esaldiak bi itzulpen desberdin dauzka, bata koordinatu adbertsatibo batez (39'), eta bestea menpeko kontzesiboaz (39") eginak: oso transposizio arrunta dugu hau.
2.6. Erlatiboaren ordez perpaus kausala
Perpaus erlatiboen artean, ezaguna denez, ez murrizgarriek halako zentzu esplikatiboa izaten dute, eta deitu ere halaxe deitzen zaie, nolabait erreferenteari buruzko azalpen bat edo bidenabarrezko zertzelada bat ematen dutelako. Hortaz, lojikoa da euskaraz tankera honetako erlatibo ez murrizgarriak perpaus kausalen bitartez itzuliak agertzea; baina kontua da gure corpusean erlatibo murrizgarri batzuk ere aurkitu ditugula perpaus kausalen bidez euskaratuta.
a) Erlatibo ez murrizgarria:
(48) ...a usted quiero dirigirlo [el relato] por librarme de su compañía, que me quema sólo de pensar que haya podido escribirlo.
(48') ...zuri bidaltzen dizut, horrela berarengandik askaturik gelditu nadin; neuk idatzia zela pentsatze hutsak erre egiten bait ninduen.
(49) No martillar sobre hierro frío, que es martillar de pura broma.
(49') Burni hotzaren gainean mailukatzea ez, zeren hori txantxetan mailukatzea den.
b) Erlatibo murrizgarria:
(50) Y así hasta nuestros días; que fuera largo recorrer la historia paso por paso en comprobación de una verdad que no mereciera los honores de una seria discusión...
(50') Bada, egiteko luzea litzake kondairari orpoz orpo jarraitzea egia honelako bat bere oinean jartzeagatik, zerren bene-benetako jardunaldi-onorerik ez luke mereziko gai honek.
(51) ...y acoja este ruego de perdón que le envía, como si fuera el mismo don Jesús, su humilde servidor.
(51') ...eta nere barkamen-erregu honi abegi ona egiozu, arren; zuri, don J. berbera bazina bezalaxe, bidaltzen bait dizu zure zerbitzari honek.
(52) ...llevaba bordadas en la manga siete banderitas, una por cada país cuya lengua hablaba.
(52') Bere soinekoaren besagainean zazpi banderatxo bordatuak zeramatzan, zazpi herri haietako hizkuntzak hitzegiten zekizkielako.
(53) ¿Tomais en serio eso del Liberalismo? ¿No valdría más hacer caso omiso de esa palabra que a todos nos trae divididos y enconados?
(53') Benetan hartzen duzu Liberalkeria kontu hori? Ez litzake hainbat hobe isilean pasatzea hitz hori, denok elkarren berezi eta ezinikusiz dakazgunez gero?
Bestalde, hauen artean sartzekoak dira esaldi bukaerako eta batez eraikitzen diren perpaus kausalak ere. Adibide guztiak erlatibo ez murrizgarrienak dira STan. Hona hemen batzuk:
(54) Pero dejemos que hable Pascual Duarte, que es quien tiene cosas interesantes que contarnos.
(54') Baina Paskual Duarteri hitzegiten laga diezaiogun, berri entzungarriak konta liezazkigukeena bera da eta.
(55) Todo lo cual es muy contrario a la caridad, que como dice San Pablo, se goza de la verdad.
(55') Guzti hori maitasun-legearen oso aurka doa. Paulo deunak dioenez, maitasuna egiaz pozten da eta.
(56) De pequeño, que es cuando más manejable resulta la voluntad de los hombres, me mandaron una corta temporada a la escuela.
(56') Umetan, gizonen borondatea orduan erabili errazena izaten da eta, aldi labur batean eskolara bidali ninduten.
2.7. Erlatiboaren ordez perpaus finala
(57) En la cuadra teníamos un burrillo matalón y escurrido de carnes que nos ayudaba en la faena.
(57') Ikuiluan bagenuen asto zahar mehe bat, gure lanetan laguntzeko.
(58) A cada cuestión candente [...] destinó la Providencia un hombre o muchos hombres, que como martillos de gran potencia sacudiesen de firme sobre tales errores candentes.
(58') Jardungai goritu bakoitzarentzat, Jainko arretatsuak bat edo asko gizon berezitu izan ditu, errore goritu haien gainean irme mailukada galantak emateko.
2.8. Erlatiboaren ordez denborazko perpausa
(59) ¿Guerra de comedia ha de ser en que se pelee contra enemigos [...] con armas de pólvora sola y con espadas sin punta?
(59') Gerra-itxura bakarrik izango da [...] suhautsa besterik ez duten armekin eta puntagabeko ezpatekin peliatzen denean?
(60) En el tiempo, pues, de las sequedades de esta Noche sensitiva, en la cual hace Dios el trueque que habemos dicho arriba, sacando al alma de la vida del sentido a la del espíritu [...], padecen los espíritus grandes penas.
(60') Zentzumenaren gau honetako lehorraldietan, esan dugunez, Jainkoak arima zentzumenaren bizitzatik gogo barrukora aldatzen duenean [...], jainkozaleek nahigabe handiak igarotzen dituzte.
Azken finean, euskaraz denborazko perpausak erlatibotik eratorriak dira.
Hauen artean sartuko ditugu denbora-moduzko kutsua duten esaldiak ere, nagusiki infinitiboari -TA edo -RIK atzizkiak erantsiz eratzen direnak:
a) Erlatibo murrizgarria:
(61) ¿A combatir enemigos que murieron siglos hace y que como muertos y putrefactos yacen de todo el mundo olvidados en el panteón de la historia?
(61') Ehunka urte direla hil ziren etsaiei erasotzera hainbat, egonik haiek hil eta ustelduak bezela, mundu guziak ahaztuta, kondairaren hobitegian?
b) Erlatibo ez murrizgarria:
(62) Les nace muchas veces cierto ramo de soberbia oculta, de donde vienen a tener alguna satisfacción de sus obras y de sí mismos.
(62') Hasi berriei haiek igarri gabe harrokeritxoa sortzen zaie, euren buruari eta jardunbideari eder eritzita.
(63) De consiguiente, el Liberalismo, que es herejía, y las obras liberales, que son obras hereticales, son el pecado máximo que se conoce en el código de la ley cristiana.
(63') Beragatik, izanik herejia Liberalkeria, eta eginkizun liberalkoiak egintza liberalak, direlarik kristaulegedi-izkribuan ezagutuetan pekaturik handi-handiena dira.
2.9. Erlatiboaren ordez -ELA(RIK) atzizkiarekin eraikitako mendeko perpausa
Hau da, denbora edo modua adierazten duten adizlagunak erabiliz. Aurkitu ditugun kasu guztietan perpaus erlatiboa ez murrizgarria da.
(64) Es curioso pensar que mi padre, que a bruto y cabezón ganaban muy pocos, era a ella a la única persona que escuchaba.
(64') Izan ere, harritzeko gauza da, nolatan gure aitak, inor gutxi bezalako basati eta buru gogor zelarik, harixe bakarrik entzun ohi zion.
(65) A veces suelen tener algunos arrobamientos, en público más que en privado, a los cuales les ayuda el demonio.
(65') Eta inoiz kordegabe legez geldituko dira, agirian izkutuan baino gehiago, horretarako deabruak laguntzen diela.
(66) El Liberalismo radical tiene en torno de sí su correspondiente Semi-liberalismo, que otra cosa no es la secta católico-liberal que aquí estamos examinando.
(66') Liberalkeri sustraikiroak dauka bere inguruan berari dagokion Erdi-liberalkeria, beste gauzarik ez delarik hemen aztertzen ari garen seta katoliko-liberala.
2.10. Erlatiboaren ordez partizipio perfektoa + Z erabiliz eraikitako mendeko perpausa
Kasu honetan ere adizlagun gisa azaltzen zaigu STan erlatiboaren bidez emanda dagoen perpausa.
(67) [Mi hermana] ...volvió a levantar el vuelo y a marcharse, esta vez camino de Almendralejo, donde paró en casa de Nieves la Madrileña.
(67') ...berriz alde egin zigun, baina oraingoan Almendralejora, Nieves la Madrileñaren etxean bizitzen jarriz.
Euskaraz, era honetako prozedurak ekintzak aldi berean gertatzen direnean erabiltzen dira, baina gero eta gehiago entzuten eta ikusten dira tankera honetakoak, zeinetan adizlagun moduan ari den perpausak aldiberekotasuna ez, baizik eta ondokotasuna adierazten baitu. Hau da, goiko adibidean, sujetuak lehenik «etxetik aldegiten du» eta gero «jartzen da bizitzen Almendralejon»; kasu honetan, zalantzagarria da erabilera honen zehaztasuna. Ez ordea beste bi hauetan:
(68) ...la va Dios criando en espíritu y regalando, al modo que la amorosa madre hace al niño tierno, al cual calienta al calor de sus pechos, y con leche sabrosa y manjar blando y dulce le cría, y en sus brazos le trae y regala.
(68') ...maitaro erabiltzen duela, ama maitakorrak ume txikiari egin ohi dion legez, bere besartean berotu, esne gozo eta janari samurra emanez hazi eta pozkeriak eginez.
(69) Sólo ponen los ojos en las veras de la perfección interior, que es dar a Dios gusto, y no a sí mismos en nada.
(69') Barrutik hutsik gabeak izateko arduraz baino ez dira ibiltzen, Jainkoaren gogoa eginez, eta ez euren buruarena ezertan ere.
Lehen adibidean letra beltzez markatu dut interesatzen zaigun itzulpena, bigarren perpaus erlatiboa baita hemen aztertzen dudan prozedura erabiltzen duena; izan ere, izenorde erlatiboak hasten duen perpausa aurreko perpaus menderatzailearen luzapen edo azalpena da, zentzu modala duena, eta horregatik ongi itzulita dago partizipioari atzizki instrumentala erantsiz, bi ekintzak bat eta bera direlako.
2.11. Erlatiboaren ordez perpaus konpletiboa
Kasu askorik aurkitu ez dugun arren, uste dut nahiko ugaria izan daitezkeela era honetako transposizioak. Zer esanik ez, era honetako kasuetan ezinbestekoa da perpaus nagusiko aditza menpeko konpletiboak hartzeko gai izatea.
(70) Después que el alma ha dado a entender [...] la fortaleza que ha de tener para vencer las tentaciones y dificultades.
(70') Orain arte gogoak aditzen eman du [...] nola adorez jantzi behar den, deabruaren zirikaldiak eta eragozpenak oinperatu ahal izateko.
Hemen ikusten denez, gaztelaniaz IS (obj.) daukagu, erlatibo batez osatua.
2.12. Erlatiboaren ordez zehargaldera
Gorago ipini ditugun adibideak dira; hona hemen berriro.
(1) Bueno será le respondamos mostrándole el lugar más cierto donde está escondido.
(1') Guk erantzun geniezaioke, erakutsirik non den ziur bere Maitearen ezkutalekua.
(2) Gran cosa es saber el lugar donde está escondido.
(2') Gauza handia bait da, izan ere, non ezkutatua dagoen ziur jakitea.
(3) Dicho queda, ¡oh alma!, el modo que te conviene tener para hallar al Esposo en tu escondrijo.
(3') Esan zaizu, ba, anima, nola jokatu behar duzun zure bihotzeko ezkutuan Ezkontidea aurkitu ahal izateko.
2.13. Beste prozedura batzuk
(71) ...lo único de la casa que se podía ver era la cocina.
(71') Etxe osoan, benetan ikusteko moduko gauza bakarra sukaldea zen.
(72) A tanto llega la bajeza de nuestro espíritu, que nos hace desear nuestras miserias y fastidiar el bien incomunicable del cielo.
(72') Horrenbesteraino heltzen da gure grinen ziztrinkeria, geure huskeriak maite eta zeruko on berdingabeak higuin izateraino.
(73) Han pagado tributo a este absurdo preclaras inteligencias y honradísimos corazones, que no podemos menos de creer bien intencionados.
(73') Gizon txit ernai argi eta bihotz guziz prestukoak gure iritzian asmo eta intentzio zuzenaz jarraitu zaizkio dotrin moldakaitz honi.
(63) De consiguiente, el Liberalismo, que es herejía, y las obras liberales, que son obras heréticas, son el pecado máximo que se conoce en el código de la ley cristiana.
(63") Horregatik, liberalen dotrina herejia bizia bezala, eta liberalen lan edo obrak herejiazko obra edo lanak bezala, dira kristauaren legeak debekatzen dituen pekatuen handienak.
(59) ¿Guerra de comedia ha de ser en que se pelee contra enemigos [...] con armas de pólvora sola?
(59") Gerraren zarata izan behar da polbora hutsez kargatutako armaz [...] etsaiei erasotzea?
(74) Después de él no le queda ya a este error subterfugio alguno a que acogerse.
(74') Harrezkero, ez dauka hutsegite edo errore honek non ezkuta litekeen irrin-arterik ezer.
(50) Y así hasta nuestros días; que fuera largo recorrer la historia paso por paso en comprobación de una verdad que no mereciera los honores de una seria discusión...
(50") Eta honela gure egunetaraino; halatan non gai honek bere gainean berariaz hitzeginaz egia hau on egiteko historiak irabiatzea mereziko ez lukeen.
3. Corpusean aurkitutako prozedurak. Erlatiboari eutsiz.
Orain arteko adibideetan, nagusiki corpuseko itzultzaileek egiten dituzten transposizioak jorratu ditugu, bai eta beste prozedura batzuk ere, nolabait euskaraz erlatiboak gazteleraz baino askoz maiztasun txikiagoa duela baieztatzera eramaten gaituztenak. Beraz, badirudi adibide guzti hauen bistan hasierako hipotesia egiaztatu egiten dugula: alegia, euskara prozedura ugariz balia daitekeela gazteleraz edo frantsesez erlatiboen bidez adierazten den mezua antolatzeko.
Dena dela, corpuseko adibideen arteko hainbatetan erlatiboari eutsi zaio itzulpenean, eta uste dut merezi duela hauen kasuistika aztertzea, euskarazko erlatiboaren ezaugarri batzuk antzemateko. Izan ere, ez dirudi gaztelerazko eta euskarazko erlatiboen artean erabateko simetriarik dagoenik, eta euskarazko perpaus erlatiboek halako ezaugarri berezi batzuk dauzkatela.
3.1. Erlatibo murrizgarrien itzulpena
Atal honetan ez ditugu ikusiko euskarazko itzulpenean STko egitura berari eusten dioten erlatiboen perpausak, baizik eta nola edo halako aldaketa azaltzen dutenak. Aurkitu ditugun prozedurak honako hauek izan dira:
a) Erlatibo sustantibatuak erabiltzea:
(75) ...cuestión candente en que se arriesgaba la vida.
(75') ...jardungai goritua egiaz, eta bizitzaren irrixera zekarrena.
(76) Hay liberales que aceptan los principios pero rehuyen las consecuencias.
(76') Badira liberalak hasikizunak betetzen dituztenak, baina ondorenak nahi ez dituztenak.
(77) De aquí que no haya liberal para quien su vecino más avanzado no sea un brutal demagogo...
(77') Hemendik ez egotea liberalik, nork bere auzoko liberal handiena [...] liberalen legearen etsai amorratutzat edukiko ez duenik.
b) Galdetzailea erlatibo moduan erabiltzea:
Hau da, «erlatibo erromanikoa» deitzen dena; berez, prozedura hau erlatibo ez murrizgarriekin erabili ohi da euskaraz, eta, egia esan, ez dirudi beste erabilera hau oso zuzena denik; baina, halere, adibide bakan batzuk topatu ditugu, Liberalkeria pecatuba da liburuan, eta merezi du horiei buruzko iruzkintxo bat egiteak. Begira, esaterako, nola itzuli duen beste itzultzaile honek lehenagoko (77) esaldia:
(77") Hemendik ez izatea liberalik, zeinentzat bere auzoko aurrerakoiena uri agintzazale aberekoi bat ez denik.
Ezin esan daiteke oso itzulpen eredugarria denik, baina ondo erakusten digu gaztelerazko I + preposizioa + P(erl.) tankerako sintagmen itzulpena nahasgarri samarra gertatzen dela hitzez hitz bihurtu nahi denean, sintagma sinpleagoen itzulpena baino dexente nahasgarriagoa, bistan denez. Antzekoa gertatzen da beste adibide honetan, zeinetan preposizioaren ordez adberbioa baitago:
(78) ¿O a tratar en serio [...] asuntos de hoy, es verdad, pero acerca de los que no hay opinión discordante ni hostilidad alguna contra los santos fueros de la verdad?
(78') Edo seriotasun [...] haundiz eguneko esangaiak tratatzera egiaz, baina zeinen gainean egiaren berekoi santuen kontra iritzi-oker eta etsaitasunik ez den ezer aurkitzen?
Harrigarriagoa dirudi beste honek:
(79) ¿De qué depende esta mayor o menor acentuación? De ciertos lastres de educación que impiden a unos tomar el paso precipitado que toman otros.
(79') Nondik dator gutxiago edo gehiago markatze hau? Hazierako lastre-motaetatik, zeinak eragozten dien batzuei hartzea besteek hartzen duten pauso azkarregia.
Begiratu nola agertzen den beste itzulpenean (Liberalen dotriña pecatu da):
(79") Beste batzuek emango lituzketen pauso urduriak ematetik atzera erazitzen dituen txikitako haziera onetik.
3.2. Erlatibo ez murrizgarrien itzulpena
Atal honetan ez ditugu ikertuko galdetzaile bidez eraikitako erlatiboekin itzultzen diren perpaus ez murrizgarriak, berez prozedura automatikoa baita; aldiz, badira beste zenbait ikergai askoz ere interesgarriagoak gure asmoari begira. Jakina, ezin esan liteke oso itzulpen txukunak aurkitu ditugunik beti, askotan erlatibo murrizgarrien bitartez itzuliak ikusten baititugu, honako hauetan bezala:
a) Erlatibo murrizgarrien bidez:
(80) Dedico esta edición a mis enemigos, que tanto me han ayudado en mi carrera.
(80') Argitaraldi hau nere bizibidean hainbat lagundu didaten nere arerioei eskaintzen diet.
(81) Cualquier motivo, por pequeño que fuese, bastaba para desencadenar la tormenta, que se prolongaba después días y días sin que se le viese fin.
(81') Aitzakiarik txikiena nahikoa izaten zuten ekaitza sortzeko, gero egunetan eta egunetan iraun ohi zuen ekaitzari bukaerarik ikusten ez zitzaiola.
Azken adibide honetan, ikusten denez, erreferentea errepikatzen da, nahiko itzulpen traketsean. Hona hemen beste adibide batzuk:
(82) La cual contemplación, que es oculta y secreta para el mismo que la tiene [...], da al alma inclinación y gana de estarse a solas y en quietud.
(82') Eta norberarentzat ere gordea eta ezkutua den otoitz horrek [...], bakardadean eta geldi egoteko joera eta gogoa ematen dizkio arimari.
(83) A Atanasio le valió [...] excomuniones de falsos concilios la cuestión candentísima del Arrianismo, que en sus días tuvo en conflagración a todo el orbe.
(83') ...batzarre gezurtien eskumikatzeak balio izan zion Atanasiori bere egunetan mundu osoa su-ta-kixkaltzen euki zuen Arrianokeriaren jardungai txit gorituak.
(83") ...San Atanasiori bere egunetan mundu guzia irabiatua zerabilen Arrioren dotriña galdu galgarriaren kontra irtetea...
(84) Y en radical oposición y lucha con la sociedad de los hijos de Dios, que es la Iglesia de Jesucristo.
(84') Eta Jesukristoren Eleiza den Jainkoaren semeen lagundiarekin sustraikiro kontrara eta despitan dagoena.
(85) Deparó Dios a su Iglesia el Pontífice Pío IX, el cual con toda razón pasará a la historia con el dictado de «azote del Liberalismo».
(85') Arrazoi handiaz «dotrina liberalaren azote gogorraren» izenaz historiara igaroko den Pio IX. Jaungoikoak bere Elizari eman zion.
(86) En su Encíclica Humanus genus, que tanto ha dado y da, y dará que hablar.
(86') ...hizketarako hainbeste gai eman duen, ematen duen eta emango duen Humanus genus deritzan argibidean.
Azken adibide hauek, ordea, desberdinak dira; izan ere, STan mendeko perpausak izen berezi bat dauka erreferente —(84) izan ezik—, hau da, berez murriztua dagoen erreferentea. Tankera honetako esaldiak askotan erabiltzen dira euskaraz, eta zaila da esatea gaizki eratuta daudela. Hortaz, gaztelaniak ez bezala, badirudi euskarak onartzen dituela izen bereziei eta ongi murriztuta ematen diren erreferenteei formaz murrizgarriak diren perpaus erlatiboak eranstea, nolabait komunikazio-ekintzako bi partaideek erreferente hori identifikatuta daukatela ulertuta. b) Erlatibo sustantibatuen bidez:
Ondoko adibideak aurrekoen antzekoak dira, baina itzultzaileak emandako irtenbidea desberdina da:
(87) A la memoria del insigne patricio don Jesús Gonzalez de la Riva, Conde de Torremejía, quien al irlo a rematar el autor de este escrito, le llamó Pascualillo y sonreía.
(87') Jaun handiki eta aipagarri don Jesús González de la Riva, Torremejíako kondeari, eskribu honen egileak erahil zuenean, Paskualtxo deitu eta irribarre egin zionari, oroigarritzat.
(88) ...la señora Engracia, que tantas veces fuera nuestra providencia, hubo de tirárselo [un diente] con un cordel para ver de que no se clavara en la lengua.
(88') ...andre Engrazik —hainbat aldiz laguntzaile izan zitzaigunak—, listaia batekin lotuta tiraka kendu behar izan zion, mingaina zula ez zekion.
Beraz, hemen ikusten dugunez, erlatibo sustantibatua STko erlatibo murrizgarriekin nahiz ez murrizgarriekin erabiltzen da, berez, formaz alegia, murrizgarria izan arren. Baina, esan al daiteke ongi erabilia dagoenik aurrekoak bezalakoetan?
Ikus ditzagun beste adibide batzuk:
(89) Y oféndense con la cruz, en que están los deleites del espíritu.
(89') Eta gurutzeak, arimarentzako egiazko atsegina dakartenak, gogaikarri zaizkie.
(90) ...para que, pasando por aquí, lleguen al estado de los perfectos, que es el de la divina unión del alma con Dios.
(90') ...handik aurrera jainkotiar osoen egoerara, arimak Jainkoagaz bat egiten direnekora heldu daitezen.
(91) Porque se purifica el alma y limpia de las imperfecciones que se le pegaban por medio de los apetitos y aficiones, que de suyo embotan y ofuscan el alma.
(91') Zeharo garbitzen dizkiolako bere grinen eta zaletasunen eraginez eransten zaizkion akatsak, arima sortu eta ilundu egiten zizkienak.
Adibide guzti hauetan ikusten denez, erlatibo sustantibatua erabiltzen denean, itzultzaile guztiek eransten dizkiote erreferentearen atzizki berberak; kontutan hartzekoa da hau, gaur egun askotxo ari baita sartzen atzizkiak ez errepikatzeko joera, ondoko adibidean bezala.
(92) Lehenengo aldiz entzun zuen europar adituen lanen berri, dokumentu haiekin eta beste ehunen laguntzaz budismoaren ehun Leku Sakratuak aurkitu zituztenak. (Kim, Rudyard Kipling)
(93) Bitartean kapitainak, bularraldea eta poltsikoak puztu-puztu eginda ikusi nuena, denetariko trasteriak atereak zituen argitara. (Altxor uhartea, R.L. Stevenson)
4. Konklusioak
Euskaraz, -EN atzizkiaz eraikitzen diren erlatiboek ez daukate forma hutsez erlatibo murrizgarrien eta ez murrizgarrien artean bereizteko modurik, eta zerbait izatekotan, erlatibo murrizgarriak dira forma sustantibatuarekin ematen direnak. Hau da, ondoko bi esaldiek adiera berbera dute:
(94) Nire lagunek Zarautzen erosi zuten etxea saldu nahi dute.
(95) Nire lagunek etxea, Zarautzen erosi zutena, saldu nahi dute.
Izan ere, (95)ren itzulpena, gazteleraz, honako hau da:
(95') Mis amigos quieren vender su casa, la que compraron en Zarautz. Eta ez:
(95") Mis amigos quieren vender su casa, que compraron en Zarautz.
Hortaz, forma sustantibatuak erlatibo ez murrizgarrien funtzioa betetzeko erabiltzen badira ere, egia da era horretako erlatiboak zuzen egiteko modu bakarra ZEIN motako galdetzaileak erabiltzea dela, hots «erlatibo erromanikoen» tankeraz eraikitzen direnak. Jakina da era horretako erlatiboak oso arbuiatuta egon direla gure azken mende honetako euskalari askoren artean, baina, Villasantek[3] dioenez, behar-beharrezkoak dira euskara kultur hizkuntza bihurtzeko, itzulpenen bitartez hain zuzen. Argi utzi behar da, gainera, Hegoaldeko idazleek erreparorik gabe erabiltzen zituztela ZEIN moduko erlatiboak, bai jatorrizko testuak idaztean, bai eta euskarara itzultzean ere; horien adibide dira El liberalismo es pecado liburuaren bi euskal itzulpenak; honen haritik, esatekoa da corpuserako erabili ditugun gainerako testuetan ez dugula horrelako prozedurarik aurkitu, itzultzaileek jakinaren gainean baztertu dituztelako.
Orduan, premisa edo abiapuntu honekin, ezinbestekoa zen honako galdera egitea: nola moldatzen gara euskaldunok erdarazko bi erlatibo moeten bidez ematen ditugun mezuak euskaraz emateko? Erantzun bat behintzat eman dudalakoan nago; alegia, beste prozedura batzuk erabiliz: batzuetan esaldiak zatikatuz, edo koordinatuz, edo alboratuz; beste batzuetan, aldiz, bestelako prozedura sintaktikoak erabiliz, edota mezua beste era batera antolatuz. Zentzu horretan, lan honen hasieran erreproduzitu dugun Lafitteren baieztapena egiaztatu dela esango nuke.
Esandakoa nahiko garbi dago STko erlatibo ez murrizgarriekin, baina, ikusi dugunez, murrizgarriekin ere antzerakoa gertatzen da. Hortaz, badirudi esan dezakegula perpaus erlatiboak askoz maiztasun txikiagoz azaltzen direla euskaraz. Bestalde, ez dago hain garbi euskaraz -EN atzizkiaz eratzen diren perpaus erlatiboak beti murrizgarriak direla; ez behintzat erreferentea berez murritza denean, hau da, komunikazio-ekintzako partaide guztientzat ezaguna eta zehatza. Esaterako:
(96) Egino herritik hurbil dagoen La Leze izeneko leizezuloa.
(97) Dexente erretzen duen aita bat daukat.
Hauen antzekoa da lehenago eman dugun adibide bat:
(32) La perra tenía una sangre oscura y pegajosa que se extendía poco a poco por la tierra.
(32') Txakurrak odol ilun eta likia zuen eta poliki-poliki lurrean zabaldu zen.
Beste alde batetik, azken esaldiak erakusten digunez, corpuseko itzultzaileek bi perpaus erlatibo dauzkaten STko esaldiak banatzeko joera erakusten dute; hau da, ez dituzte erabiltzen -EN + eta + -EN + I tankerako sintagmak, (61) esaldian ere ikus dezakegun bezala.
5. Aposizioen itzulpena
Ez nuke erlatiboari buruzko ikerlantxo hau amaitu nahi, berarekin oso loturik dagoen beste prozedura sintaktiko batekin gertatzen dena jorratu gabe: aposizioarekin, alegia. Izan ere, aposizioak erlatibo ez murrizgarriek bezalatsuko arazoak jartzen dizkigute itzultzaileoi, eta horregatik uste dut merezi duela gure corpuseko adibide batzuk hartu eta haietan nolako irtenbideak eman diren aztertzeak.
Euskaraz, tankera honetako esaldiek egiturazko arazoekin egiten dute topo, eta hortik dator itzultzeko zailtasuna, hitzez hitz itzultzeko, alegia. Izan ere, gazteleraz aposizioan eransten den sintagma bere erreferentearen ondo-ondoan kokatzen da, baina euskaraz, gehienetan, elkarrengandik nahiko urrun gertatuko dira; ikus, esaterako (106) esaldian gertatzen dena. Horregatik, euskaraz errazago zaigu beste prozedura batzuk erabitzea, eta horietako batzuk nahi izan ditut idazlan honetan agertu. Hona hemen.
5.1. Aposizioa itzultzeko prozedurak
5.1.1. Aposizioa bere hartan utzi
a) Izen bereziekin:
(98) Y Agustín, gran adalid de las cuestiones candentes de su siglo, ¿acaso les tuvo miedo...?
(98') Eta bere ehunkidako jardungai goritu guzien buruzai Agustin haundia [bildurtu zuten]...
(99) San Agustín, citado por Santo Tomás, hablando del pecado contra la fe, dice...
(99') San Agustin, Santo Tomasengandik aitatuak, fedearen kontrako pekatuaz hitzegitean, dio...
Bi jokamolde desberdin topatzen ditugu, beraz, eta itzultzaile berarengan gainera; lehenengoan, STko aposizioa XTan izenaren aurre-aurrean jarria dago, inolako aditz-lokailurik gabe. Bigarrenean, ordea, aposizioa izenaren atzean doa eta, ikusten denez, ergatibo-atzizkia aposizioan dagoen osagaian bakarrik agertzen da, ez bere erreferentean.
Bestalde, badago itzultzeko beste modu bat: aposizioa izenaren atzean uztea, baina bietan erantsiz dagokion atzizkia. Ikus dezagun:
(100) Más claro lo dejó dicho en su Filotea, libro tan precioso como popular.
(100') Oraindik argiroago eskribitua utzi zuen bere Filotean, liburu hain preziotsu nola jendearen gogokoan.
(101) Me lo remite todo ello don David Freire Angulo, actual capellán de la cárcel de Badajoz.
(101') Hori guztia don David Freire Angulok, Badajozeko kartzelako oraingo kapeilauak bidaltzen dit.
b) Izen arruntekin:
(102) Verdaderamente, al emplearos en combatir ese insidioso error, tanto más peligroso que una enemistad declarada cuanto más se encubre bajo el especioso velo del celo y caridad...
(102') Egiaz, ari zaretela gerra egiten hutsegite engainatzaile horri, hainbat eta etsaitasun klaru bat baino peril gehiagokoa, zenbat eta ezkutuago dagoen zelo eta karidadearen itzalpe itxura ederrekoan...
Kasu hau berezi samarra da bildu dugun corpusaren barruan, bera baita aposizioan jarritako esaldian erreferentearen atzizkia errepikatzen ez den adibide bakarra. Horregatik, ezin esan nezake itzultzaileak horretarako joera duenik. Topatu ditugun beste adibideetan, joera atzizkia errepikatzekoa izaten da, ondoko honetan bezala:
(103) ...y su mata de pelo, cogida en una gruesa trenza bajo la cabeza, tal sensación daba de poderío que...
(103') ...eta bere ile mototxak, buru azpian xorta lodi batean bilduak, halako indar kutsua eman ohi zion...
5.1.2. Aposizioaren ordez erlatiboa
Hemen, bi joera aurkitzen ditugu: batetik, izenaren ezkerretara eraikitzen den erlatibo ohizkoa erabiltzea; eta, bestetik, erlatibo sustantibatua erabiltzea.
Lehendabizikoen artean honako adibide hauek daude:
(104) Es el mundo de Luzbel, disfrazado hoy en día con aquel nombre...
(104') Gaurkoan izen harekin ederestalia dagoen Luzbelen mundua da.
(105) Vivía en el cerro con su tía, la señora Engracia, hermanastra de su difunto padre.
(105') Muinoan, nere aita zenaren arrebaordeko zen izeba Andre Engrazirekin bizi zen.
(106) A no ser que todos los hombres de todas las naciones de Europa y América, regiones principalmente infestadas de esta epidemia, hayan convenido en engañarnos y en hacer del engañado...
(106') Izurri heriozko honek beste guziak baino biziroago lardastu dituen Europako eta Amerikako erri eta erreinu guzietan, gizon guziok geron buruak engainatzeko edo engainatutzat idukitzeko elkar hartu ez badugu behintzat...
Eta multzo honen barruan, beste azpimultzo bat egin genezake, mendeko perpausari sustantibo bat erantsiz pausarik gabeko aposizioa egiten dutenekin:
(98) Y Agustín, gran adalid de las cuestiones candentes de su siglo, ¿acaso les tuvo miedo...?
(98") Eta bere gizaldian zabalduak zebiltzan dotrina gaizto guzien kontra bihotz hain handiaz irten zen maisu handi Agustin beharbada beldur izan zitzaien...?
(100) Más claro lo dejó dicho en su Filotea, libro tan precioso como popular.
(100") Hain erlijiozko eta herrikoia den bere liburu Filotean klaruago esana utzi zuen.
Aldiz, erlatibo sustantibatua edo apositiboa erabiltzen dutenak hauek dira:
(107) Pero pudieran ponerla en la resbaladiza senda del error esas opiniones llamadas liberales, aceptas a muchos católicos, por otra parte hombres de bien y piadosos.
(107') Hutsegitearen bide labainean jarriak izan litezke iritzikizun liberalak deitzen direnengandik, zeinak beretzen dituen asko katoliko, bestetik gizon prestu eta jainkotiak diradenak.
(108) Uno de ellos —Ángel Estévez, de nombre— se ofreció a albergarme en su casa.
(108') Haietako batek —Ángel Estévez zeritzanak— bere etxean hartuko ninduela hitz eman zidan.
Kasu hauek lehenagoko 3.2 atalean aurkitu ditugun adibideen tankera beretsukoak dira.
5.1.3. Aposizioaren ordez izenlaguna
Hemengo adibideak, nolabait, aurrekoen antzera egiten du, hau da, STan aposizio moduan emanda zegoen sintagma izenari zuzenean atxikia agertzen da, baina ez P(erl.) baten bidez, aurrekoetan bezala, izenlagun moduan baizik:
(109) La escopeta, de un solo caño, se dejaba acariciar.
(109') Kainoi bateko eskupetak eskuz leunki ikuitzen lagatzen zidan.
5.1.4. Aposizioaren ordez aparteko esaldia
(106) A no ser que todos los hombres de todas las naciones de Europa y América, regiones principalmente infestadas de esta epidemia, hayan convenido en engañarnos y en hacer del engañado...
(106") Non eta Europa eta Ameriketar dierrietako gizon guziok (bada lurbira horiek batez ere izurri honek joak dauzkazu) elkar hartu ez garen, elkar engainatzeko eta engainatutzat edukitzeko...
(110) A Arnaldo de Brescia (gran agitador liberal de su siglo) le llama con todas las letras [...] lobo cruel.
(110') Bresciako Arnaldori (hau bere gizaldiko liberal nazkarria zen) letra guziaz [...] otso odolzalea deitzen dio.
5.1.5. Aposizioaren ordez perifrasia
Perifrasien barruan bi adibide topatu ditugu, nahiko desberdinak, ikusiko denez; lehendabizikoan, sujetu aldaketa dago, beharbada eztabaidagarria den moduan. Bigarrenean, aldiz, nominalizazioa aurkitzen dugu, lehenago bestela itzulita ikusi dugularik.
(99) San Agustín, citado por Santo Tomás, dice...
(99") Santo Tomasek, san Agustinen ahoz, dio...
(111) Entonces el pecado contra la fe, de suyo gravísimo, adquiere una gravedad mayor...
(111') Orduan fedearen kontrako pekatuak, txit berez astuna izateaz gainera, pisutasuna hartzen du.
5.2. Konklusioak
Beraz, hona ekarri ditugun adibideen argitan, badirudi esan daitekeela euskaraz gaztelaniazko aposizioak ere sinplifikatzeko joera nabarmena dagoela, berez gure hizkuntzan era horretako egiturak eraikitzeko dauden arazo formalengatik. Itzulpenetan, bai behintzat hitzez hitz erreproduzitu nahi badugu STko esaldia, arazo hauek txikiagoak izaten dira aposizioan jarri nahi den sintagma eta bere erreferentea nominatiboan badaude, eta horietan askotan ikusten da STko esaldiaren egitura bera errepikatzen dela euskarazko itzulpenean. Bestela, batzuetan itzuli beharreko esaldiak aukera ematen du bere egituran aldaketa txiki bat eginez beste edozein kasutan dagoen osagaia kasu nominatiboz emateko, ondoko adibide honetan bezala:
(112) Asistía a mi madre una mujer del pueblo, la señora Engracia, la del Cerro, especialista en duelos...
(112') Nere amari laguntzen ziona herriko emakume bat zen, andre Engrazi, Cerrokoarena, dolu gaietan jakituna...
Honelako irtenbideak ezinezkoak direnean, esaldiak nominatiboa ez den beste atzizkiren bat hartu behar duen neurrian arazoak ugaltzen hasten dira; arazo horien aurrean, gaur egun, indarra hartzen ari da corpus honetan atzeman dugun prozedura bat, (102)koa alegia: hots, aposizioa bere hartan uztea, baina atzizkia ezabatuz edo, bestela esanda, aposizioko sintagma nominatiboan jarriz, (92) eta (93) esaldietan P(erl.)ekin ere gertatzen dela ikusi dugun bezala. Hona hemen adibide batzuk, Altxor uhartea liburutik hartuak:
(113) ...eta hura guztia luzeraka sei oin bazituen oholesi batekin osatzen zen, batere ate nahiz irekidurarik gabekoa...
(114) Muinoaren maldatik, harritsua eta malkartsua tarte hartan...
Gure corpusean egiaztatu dugunaren argitan, ordea, euskaratu behar den esaldiak nominatibo edo ergatibo atzizkia hartu behar duenean, itzultzaileek ez dute egitura horrexeri eusteko arazo gehiegirik izaten, nahiz eta beti horrela ez itzuli, ikusi dugun bezala; aldiz, bestelako atzizkiak erantsi behar direnean, aposizioa hautsi nahiago izaten dute, bai esaldia bere katetik atereaz (hots, parentesia edo marratxoak erabiliz), bai erlatibo murriztaile moduan txertatuz.
Oharrak:
1. Grammaire Basque, 896 zk.
2. Enrique Aletá Alcubierre, Estudios sobre las oraciones de relativo, Universidad de Zaragoza 1990.
3. Villasante, Luis; Sintaxis de la oración compuesta, 88. orria.