Itzulpenera hurbiltzea. Zenbait errezeta (II)
Karlos del Olmo

Peter Newmark irakaslearen ekarpen teoriko praktikoak ezagutarazteko egindako beste artikulu baten bigarren zatia da hau. Kasu honetan, 'The Linguist' aldizkari sonatuan argitara emandako «Paragraphs on translation» bildumako lehen bederatzi artikuluak aukeratu dira. Helburu nagusia ikerlari horren ekarpenak zabaltzea da, edozein itzultzaileren eguneroko lanerako irtenbide praktikoak aurki baitaitezke, beste hainbat irakaspen teoriko orokorren ondoan. Esan gabe doa, haren azalpen askok oso bide interesgarriak irekitzen dituzte Euskal Herriko itzultzaileen kasurako.

* Artikulu honen lehen zatia 1992ko 1. zenbakian eman zen argitara aldizkari honetan.


Elenari, Kevin-engatik

Sarrera

Aurreko artikuluari segida emateko, ahor Peter P. Newmark irakaslearen «Paragraphs on translation» artikulu sailetik eginiko aukeraketa eta moldapen bat. Oraingoan bildumako lehenengo bederatzi artikuluak hartu dira oinarri, egun arte «The Linguist» aldizkarian argitaratu dituen hogeita hamarretatik. Aukeraketa da, artikuluetan esaten dituen gauza batzuek ingelesaren hainbat arazo bere-bereak aztertzen dituztelako nagusiki eta litekeena da euskal itzultzaile guztientzat interesgarriak ez izatea. Moldapena, adibide batzuk euskarara egokitu behar izan direlako, baita zenbait atal laburtu eta bestela bildu. Nolanahi ere, gure artean Traslatologiaz, Itzulpen Zientziez, Itzulpen Teoriez eta abarrez mintzatzerakoan, oso lerro gutxi eskaini ohi zaizkio irakaslea eta itzultzailea ere den ikertzaile horri. Nolanahi ere, berbaldi sakonak baino, itzulpen praktikatik bertatik ateratako kasuak nahiago izaten ditu bere corpus teorikoa eraikitzeko, sistematizazioari itzuri egin gabe. Egilearen iritzien nondik-norakoa argitzeko, hona hemen bildumako lehenengo artikuluko sarreraren itzulpena:

«Ene aburuz, oinarrian, itzulpen osoak egiteko bi metodo baino ez daude. Osoak, itzulpen «zatizko» edo «funtzionalari» kontrajarririk, sorburu hizkuntzako testu bateko ñabardura guztien berri ematen du. Lehenengo metodoa, itzulpen «semantikoa» deitu dudana, testu aginpidedunak (authoritative) itzultzeko erabiltzen da, hau da, testu horiek non edukina eta estiloa, gaia eta idazki-mota, pentsamenduak eta erabiltzen diren egituretako hitzak garrantzitsuak baitira neurri berean. Testu aginpidedunen artean kokatzekoak ditugu irudimenezko literatura serioa, ex-cathedrazko txostenak eta itzultzaileak ondo idatzitakotzat eta egiazkotzat jotako edozein testu; baina testu aginpidedun bat txarto idatzita ere egon daiteke, aginpidea testuaren sorburuaren statusetik zein, artelanetan bezala, egilearen nortasuna eta sentipenak adierazi nahi izatetik datorkiokeelarik testuari.

Testu aginpidedunak egilearen maila berean itzultzen dira, sorburu hizkuntzako testuinguru-esangura xede-hizkuntzan ahalik eta osoen emateko asmoz; xede-hizkuntzako erabilera naturalari darraikiote hizkera «soziala» erabiltzean, alegia, sorburu-hizkuntzako ohizko egitura sintaktiko, puntuazio, esaldi-ordenamendu, lagun arteko esamolde, metafora, lokailu eta klitxeak, baita teknikak, erakundeek eta gizarteak onarturiko terminoak ere; hizkera «pertsonala» darabiltenean ohizkoak ez diren egitura sintaktikoak, forma edo esangura aldetiko hizperriak, metafora eta klitxe originalak, esaldi-ordenamendu eta puntuazio bereziak, hizkera «pertsonal» horri eutsi beharra dago, normalean hitzez hitzeko itzulpenaren bitartez. Testu aginpidedunetan sorburu-hizkuntzako kulturari eutsi behar izaten zaio; nahiz eta itzultzaileak, irakurlearen mesedean, munta txikiko zenbait esangura erraztu edo molda ditzakeen.

Itzulpen «osoak» egiteko beste metodoari «komunikatiboa» deritzot. Xede-irakurlearen mailako hizkuntzaren erabilkera naturalean datza, eta aginpidedunak ez diren testu guztietan erabiltzen da. Itzulpenak ondo idatzia behar du, jatorrizkoa ondo ala txarto egoteak axolarik ez duela, baina hizkuntza eta kulturari dagokienez moldatu beharra izango da, irakurlearen ulermenari eusteko egoki dadin.

Badut ustea, oinarrian, ondo idazteari buruz korritzen duten estandarrei neurria hartzeko gai dela bat, Swift-ek esan bezala kakoa «hitz egokiak leku egokietan» idaztean baitatza, hala nola pentsamenduaren eta lengoaiaren arteko egokitasun estuan zein klitxe, tautologia eta jargoi hanpaturik ezean ere. Testu ez-aginpidedunen itzulpenak argia, neurtua eta dotorea behar du, baina jatorrizkoaren tonu eta zaporea gorderik. Testu aginpidedunen estiloak, itzulpenean, egileen estiloari jarraituko die.

Itzultzeko metodo biek zehatz eta doiak izan behar dute, beren muga desberdinak izanik ere. Zenbat eta aginpide handiagoa izan testu batek, orduan eta itzulpen doituagoa.

(...) Handi-mandika, esan daiteke itzulpen-arazoa edozein luzeratako testu bateko pasarteren bat hitzez hitz edo banan-banako baliokideez itzultzerik ez egotetik sortzen dela. Ondorioz, aukera zabala egongo litzateke itzulpen-prozeduretan, testuinguruzko irizpideen garrantzia gorabehera. Are nahien den ebazpidea iristen den arren, segur aski antzeko baliodun ebazpen esangurakideak egongo dira, meritu berdinekoak; itzulpen asko ebazpenen arteko konpromezu moduko bat izan ohi dira; malabarista-jokoa, zotz ala motz egitea, ekilibrista-haria; edozein unetan pentsamolde-aldaketa baten menpean egongo da itzultzaile, irakurle edo kritikoaren aldetik. Horregatik soilik, itzulpen-baliokidetzaren kontzeptua, eragiketa gisa erabiltzen den aldetik, ezin da definitu aurretiaz hainbat baldintza eta nolakotasun zehazteke. Baina, hau edo horregatik ere, eztabaida daitekeen gauza da, eta horretan saiatuko naiz.»

Zer esanik ez, jarraian doazenak esandako artikuluetatik ateratako printzak dira, Newmark-en iritziak baino islatzen ez dituztelarik. Artikuluaren egiturak Newmark-ek berenetan erabiltzen duena eman nahi du.

1. Itzulpen teknikoak

Adituek emandako terminoak ez dira itzuli behar irakurlea ere maila bereko aditua balitz bezala. Informatzea xedetzat duten testu teknikoetan itzulpenaren helburua informazio argi, zaindu eta dotorea ematea izango da; ahal dela, lanbide horretako hizkera teknikoa edo arrunta erabilita. Ez dago zertan iturburuko informazio guztia esplizituki emanik, inplizituki eman baitaitezke osagai batzuk, irakurleak berez antzeman ditzakeen horiek.

2. Orotariko hitzak

Jakina denez, «orotariko» hitzak, askotan, beren jatorrizko esanguratik aldendu dira: «cualidad, fenómeno, posición, estructura, panorama, ...» Beraz, ez da bat ere arazorik izan behar baliokideren bat erabiltzeko, testuinguaren araberako esanahia zehaztearren.

3. Lokailuak

Hizkuntzek klitxeak sortu eta erabiltzeko joera izaten dute esaldi-hasieretan. Itzultzaileak ez du erreparorik izan behar horiek desmuntatzeko orduan. «Por un lado, (...) por otro lado (...)», adibidez, ez dago zertan beti «alde batetik, (...) bestetik (...)» emanik. «Lehenik, (...) bigarrenik» modukoek edo «eta» soil batek erraz asko ordezka dezakete klitxe hori.

4. Metalengoaia

Metalengoaia hitzez hitz itzuliko da baldin eta forma linguistikoak bat badatoz beren esangurekin hizkuntza bietan. Horrelako esaldi/egitura/hitz bat testuinguruan oso garrantzitsua ez bada, itzulpenean ezabatu ere egin daiteke. Ideia garrantzitsua bada, baina testua ez bada aginpideduna edo oso hitzez hitz eman beharrekoa, mezua edozein baliabidetara jota eman daiteke. Baina testua beste mota horretakoa balitz, hitzez hitz eman beharko da, itzultzailearen ohar baten bitartez gorabeheraren berri emanez.

5. Argibide osagarriak

Argibide osagarriak testuko muina ez badira, baina itzulpena irakurriko duenarentzat onuragarria izanez gero, testuan txerta daiteke, orripean baino hobeto.

6. Kontrastea adierazle semantiko gisa testuan

Testu batean kontrastean dauden elementuak agertuz gero, barnean beste elementu batzuk eraman ditzaketelarik (zerrendak, hurrenkerak, e.a.), itzultzaileak kontrastea nabarmendu eta argitu beharko du, batez ere zerrendako elementuak eremu semantiko desberdinetakoak direnenan:

D'un côté grandes entreprises (risques faibles, volumes importants, conditions limées, relations tecniques), de l'autre, des PME (plus grande fragilité, faibles volumes, meilleures marges, contacts personnalisés).

Batetik, enpresa handiak (arrisku gutxi, kantitate handiak, baldintza zurrunak, komunikazio mekanikoak); bestetik, ETE, enpresa txikiak eta ertainak (arrisku handia, kantitate txikiagoak, baldintza malguagoak, harreman zuzenagoak).

7. Giltz-hitza

Itzulpengintzan kontzeptuzko termino gisa defini daiteke, testu bateko alderdi garrantzitsua edo testu osoa biltzen baitu. Normalean behin baino gehiagotan agertzen da eta testuingurutik kanpokoa izan ohi da. Itzultzaileak baliokidea aurkitu eta jatorrizkoan beste aldiz erabiltzen du. Banan-banako baliokiderik ez dagoela, terminoa erdi gardena erdi ezkutukoa bada, itzuli egin beharko da batzuetan, baldin eta irakurle landua badu xedea. Baina arazoak agertzen dira sorburu-hizkuntzan esangura bat baino gehiago izaten dituenean giltz-hitzak, areago esangurak itxuraz kontrajarriak direlarik. Horrelakoetan, itzulpen desberdinak eman behar izaten dira agerpen bakoitzean, testu beraren barruan. Egokia izan daiteke aukerabideak itzultzailearen hitzaurrean aurkeztu eta eztabaidatzea.

8. Erabilera-maiztasunaren auzia

Burukomin ederrak eman ohi dizkiote itzultzaileari hitzen esangura zehatzek eta horien erabilera-maiztasunek. Batzuetan itzulpen «semantikoa» aringarri ederra da itzulpen «komunikatiboaren» ondoren, idazleak egun idatziko lukeena islatzen duenez gero.

9. Erregistroa

Latinismoak: horiek erabiltzearen aldeko argudio bat beren zehaztasuna eta erregistro aldetiko formaltasuna izan daiteke. «Ex aequo» esatea «meritu berdinez» esatea baino argigarriagoa izan daiteke (laburragoa ere) hartzaile landu batentzat. Hala ere, askotan, irakurleen arabera, bikoteka eman beharko dira, itzulpenek lagundurik, euskaraz maiz erabili izan den «edo» horretara joaz. Abere, landare eta gaisotasunen izen zientifikoak, gardenak ez direlarik gaurko irakurle arruntarentzat, itzulirik ere eman beharko dira.

10. Kategorizazioa

Nagusiki bi itzulpen-metodo baino ez egotea komunikatiboa eta semantikoa (bersorkuntza izan liteke hirugarrena; iragarki, kanta, komedia eta antzekoetan erabilia; baina egiaztatze-irizpidea betetzen ez duenez gero, nekez jo daiteke metodotzat, beraz). Metodo horiek testu mota guztietara hedatu izanak itzultzeko orduan hartzen diren erabakiak zuritzeko kategorizazioa erabili beharra nabarmentzen du. Testu aginpidedunak semantikoki itzuli ohi dira, besteak komunikatiboki. Alde horretatik, «lirika» izango litzateke itzulpen «semantikorik» garbiena, hitzez zein bestelako baliabidez ematen baitu esangura. Beste muturrean komedia egongo litzateke: hartzaileari irribarre pare bat eragiten ez badio, jai dauka. Ahor kategorizazioaren beharra. Guztiarekin ere, terminoa ez da definitzen erraza: kategorizazioek maiztasuna eta probabilitatea dituzte oinarri.

11. Ikurrak

Garrantzi handiko ideia, giza-talde, kualitate edo gertakizuna ordezkatzen duten objektuak dira ikurrak itzulpengintzan: bakea, oinezkoak, garraztasuna, iraultza... Unibertsala, kulturazkoa ala banakakoa izan daiteke esangura. Metaforaren formarik trinkoena da, konnotazioa ahulena den moduan. Boterea, gizontasun/keria, indarra eta abarren ikurra izan daiteke ezpata oraindik orain hainbat gizartetan. Hala ere, ikur berak tokian tokiko esangurak izan ditzake, askotan irakurleari agerian jarri beharko zaizkiolarik.

Badira kulturazkoak direnak, adibidez, lekuren batean, eta horretan bakarrik, aurkitzen den jakiren batena. Askotan, xede-kulturan maila bera izan dezakeen batez ordezkatu beharko da.

«Iparra» eta «Hegoa» hitzek Estatu Batuetan eta Italian arras gauza desberdinak notatzen dituzte. Edota onomatopeiek: kikiriki: kukurruku, pio-pio: txio-txio... Aurpegiko koloreak gizakien emozioak islatzen dituzte, baina kontuz, ez baita gauza bera zuria, beltza, txinatarra edo indiarra izatea. Koloreak eta animaliak kulturak gogorki markaturik egon ohi dira, auzo-kulturek askotan elkarrenak ulertzen badituzte ere.

Emango bagenu badela hizkuntza unibertsal bat, munduko hizkuntza guztiak bere baitara biltzen dituena eta, neurri berean, badela kultura unibertsal bat, beste kultura guztien iturburua dena, itzultzaileak bi-biak erabili behar lituzke: hizkuntza unibertsal horretako sakoneko egiturak eta eskubide-berdintasunaren kultura, jatorrizko eta xedezko hizkuntzen artean ari delarik. Kulturek alderdi on eta txarrak dituzte, txarrak agerian uzten dituelarik itzulpen itxiaren kulturgabetze-indarrak.

12. Itzulpen lehenetsia

Itzultzaileak ulertzen ez duen eta lehenago agertu ez zaion esamolde edo hitzen bat aurkitu eta erredukzio-prozesu baten bitartez bere iritziz egin daitekeen interpretazioa ematea horixe da itzulpen lehenetsia. Askotan hitz soil baten gorabehera izan ohi da, lehenago aurkitu ez den batena edo testuinguru horretan hiztegian egozten zaizkion esangura guztietatik bat ere sartzerik ez duenarena. Usu huts edo happax-en bat ere izan daiteke. Horrelakoetan irakurleari eta itzulpena agindu duenari horren berri eman behar zaie.

13. Sormena

Itzulpengintzaren kontraesanguretariko bat itxuran imitazio hutsa den prozesu bat sortzaile izateraino heldu ahal izatea da. Paradoxa horren azpian oso kontu sakonak daude: maiz hitzez hitzeko itzulpena eta trasferentzia elementurik sortzaileenak izaten dira itzulketan, xede-kultura eta hizkuntza aberasten duten neurrian. Itzulpen sortzailea, bestalde, itzultzaile-hutsen sorburua izan daiteke. Ahor zer pentsatua ematen duen paradoxa.

14. Itzulpena eztabaidagai

Itzulpena paradoxa eta oposizioen emaitza da. Beti onartu behar ditu ikuspegi ugariak, demokrazia-tresna izan, dogmakeriak alde batera utzi.

15. Izen bereziak

Izen bereziak itzulpen-arazoa izan ohi dira edozein testutan. Literaturan beste bat gaineratzen zaio: asmatua den ala ez jakitea. Literarioak ez direnetan itzultzaileak berak erabaki beharko du azalpen edo argigarririk eman behar duen. Durango hitzak azalpenen bat behar luke euskaratik Estatu Batuetako ingelesera itzuliz gero.

16. Soinuen semantika

Hizkuntzek, arbitrarioak direlarik, animalien soinuak era desberdinetan adierazten dituzte, aldeak handiegiak ez badira ere. Soinuen esangurak gizaki eta animalien oinarrizko oihuetatik datoz, haizeak eta euriak sentipen desberdinak islatzen dituzte. Horiek denak soinu-osagai unibertsalak dira, eta idazleak ere diren itzultzaileek kontu handiz ibili behar dituzte.

17. Berrikusketak

Hirugarren batek itzulpenak berrikusi behar izatea ezin ukatuzkoa da. Berrikusketa horren kostua, gainera, aurrekontuan barneratu behar da. Garai batean itzultzaileen izenak ez ziren agertzen kredituetan. Egun, askotan, zuzentzaileenak ere ez. Baina, nolanahi ere, zuzentzailearen izena agertzeak bermea emango lioke lanari, beraz, argitaletxeari berari ere.

Itzulpena berrikusten ez bada, emaitza ezin txarragoa izan daiteke: itzultzaileak berak egin ditzakeen hankasartzeez gain, beste hamaikatxo huts mota isur daitezke, oharkabean. Ez dago itzulpengintza bezain lan arriskutsu eta ageririk bakarka lan egiten denean.

18. Lege-itzulpena

Lege-itzulpenak, lege-agirien antzera, beste edozein itzulpen mota baino akatsgabeagoa izan behar du. Ez gehiago ezta gutxiago ere. Terminoek beren baliokide doia aurkitu behar dute beste hizkuntzan, mailegu ondo definitu gisa hartuko direlarik horrelakorik egon ezean. Hitz ez-legezkoen berri zehatza eman behar da, edozein lege-testutako multzo nagusia baitira, enfasiari beti ere eutsiko zaiolarik.

Dirudienez, lege-hizkera eta terminologia beste jakintza-arloetakoak baino zehatzago eta ordenatuagoak dira. Letratuek, maiz, erabili aurretik definitu behar izaten dituzte terminoak, batez ere itun eta hitzarmenetan. «Asociación, definitiva, sociedad, ...» eta horrelako hitzak teknikoki erabiltzen ez direnean ere, hau da, hizkera arrunta gisa erabilita ere, hitzez hitz ematea hobe.

Esamolde erdi legezkoek «convertirse en dominio público»... itzulpen bat baino gehiago onar dekakete : «herri-jabari bihurtzea», «herri-jabarian sartzea», «herri-jabarikotzat jotzea» e.a.

Lege-hizkeraren ezaugarri nagusia hizkera idatzia izatean datza, ahozkoa izatean barik.

Estiloari buruz arruntak diren ideia batzuk kareletik bota behar dira lege-itzulpenetan. Hitzez hitzeko itzulpenak inoiz baino zuribide handiagoa du horrelakoetan, «bezeroek» nekez onesten baitituzte aldaerak. Arlo horretan oso jantzita ez dagoenarentzat leherkariz beteriko eremua da, gutxien espero denean lehertzeko prest. Saiatu, bestela, «robo, hurto, ...» eta sail horretakoak terminoz termino ematen euskaraz.

19. Laburpenak

Gero eta garrantzitsuago ari dira bilakatzen laburpenak itzulpengintzan. Bi mota izaten dira usuenak: a) jatorrizkoaren laburpen orokorrak eta b) irakurle mota berezi batentzako laburpenak, hauetan enfasia alda daitekeelarik eskaeren arabera: zergatiak edo ondorioak, ñabardurak ala orokortasunak, gertakarien hurrenkera ala egungo egoera, ... Batzuen iritziz lehenengoa (a) izan ez da. Nolanahi ere, eztabaidagai dago.

20. Literatur irudiak

Metaforak interpretatzeko orduan bi jokabide erabil daitezke: metafora unibertsalen aurrekoa horietan ez baitago itzultzailearen beraren interpretaziorik ezartzerik eta, bigarrenik, metafora kulturalen aurrekoa; hauetan, maiz, itzultzaileak moldapen eta egokitzapenak egin behar izaten dituelarik.

Similak metaforen anai-arreba behartsuak dira. Metaforak ez bezala, ez dira gezurra ipso facto, baina ez dituzte metaforen indarra eta zorroztasuna. Beren xedea gutxi gorabehera deskribatzea da, irudikatzea, maiz, apaintzea, besterik gabe. Normalean ez dute arazorik sortzen itzultzean, edozein testu-motatan hitzez hitz ematen direlarik, diren bitxiak direla ere.

Arazoa metafora ala simila den erabakitzerakoan hasten da. «Zetazko» edo «zilarreztatu» itzultzeko orduan, desanbiguatu egin daitezke ala diren-direnean utzi; zer egin, baina, «iletsu» izanez gero?

Zenbat eta mamitsuago edo konplexuago jatorrizko metafora, orduan eta argudio pisuago itzulpenean irudiari eusteko, zentzu hutsa eman gabe.

21. Humorea itzultzen

Humorearen mamia inkongruentzia eta freskotasuna izaten dira. Txanoa eta alkandora zuria daramatzan gizon-aldra bat ikusita, barre egin liteke, non eta Israelen ez bada. Horri «kultura-shock» deritzote. Baina sudurretan bolatxo gorriak daramatzatenak ikusirik, edonon egonik ere, barre egin daiteke lasai asko, gertakizuna barregarria bailitzateke edonon. Hala ere, zer da unibertsala humoreari dagokionez? Testu bat humorezkoa izango bada, ondo idatzia behar edo du.

Humore unibertsala sinplea, harrigarria, atsegina, umeena bezalakoa umekeria ez denean eta guztiz itzulgarria izan ohi da. Adibide bikaina dugu Mozart-en «Txirula harrigarria». Eta ez bakarrik elkarrizketetan, baita errezitatuan ere. Txiste gehienak ez-kulturalak dira, umekeriak.

Eta kulturala? Alemaniako kotxe batek atzeko leihoan zeraman eraskailu batek honela zioen: «Barkatu zure aurrealdetik hain hurbil gidatzeagatik». Jakina, horrelako humoreak autoen inguruko kultura batean baino ez du zentzurik.

22. Pertsonifikazioa

Hizkuntza guztiek pertsonifikatu ohi dituzte kontzeptuak, baina zergatik denbora ere pertsonifikatu? Agian dramatikotasuna azpimarratzearren? «In the period we are concerned with...»; «La période qui nos ocuppe...»; «Hizpide darabilgun garaia...»; «El periodo que nos ocupa...» eta abar.

23. Irakurleari zuzendua

Agiri bat lagun bakar batentzat itzultzen denean, irakurleari estuki zuzendua da. Aldizkari berezitu bateko artikulua ere bereziki zuzendua da. Hala ere, zenbait idazle eta itzultzailek testua bera baino harantzago hezi nahi izaten dute irakurlea. Adibide ederra dugu Thomas Mann-en idatzietan. Guztiarekin ere, zenbat eta irakurle pasiboagoa, orduan eta itzulpen zuzenduago egin beharko da.

24. Hitzak, musika eta itzulpena

Esan izan da poesia berez itzulezina dela. Oraindik ez da esan kantak itzulezinak direnik: azken finean, hitz kantatuak itzulpenaren beharrik txikiena duten hitzak dira. Hitzek lagundutako musika esanguraren alderik zehatzen eta trinkoena da. Musika hitza bera baino indartsuagoa denean, itzultzean galdutako enfasi eta indarra ez da horren nabarmena. Horrelakoetan, aproba egin daiteke: hitzez hitzeko itzulpena komunikatiboaren aldean jarri eta zein den indartsuago arakatu. Horietariko zeinen mesedean?

25. Aldi enfatikoa

Ingelesak baditu orainaldi eta lehenaldi enfatikoak («Do come in»). Neurri batean, euskarak antzera jokatzen du aditza bera galdegaia denean («Etorri dator ala joan doa?»; «Etorri egin da») edo laguntzailea aurreratzen denean: «Badut ikasi...» Ingelesez, nolanahi ere, xedea enfatizatzea da, askotan ironia-printzak gehiturik.

26. Izango al da ebazpenen bat, ezta?

Zorigaitzez, beti ez da hala. Askotan xede-hizkuntzan ez dago balibiderik harako itzulgai hura emateko. Hor lepoa egin behar du itzultzaileak eta agian harrera onik jasoko ez duen ebazpenen bat eman.

27. Hitz-jokoak

Askotan, testua nolako, itzulpena halako. Itzulpenik egokiena ez da beti izango baliokiderik doituena. Irakurtzeko bertsioa izanez gero, hitzez hitzeko itzulpena bitarte eman daiteke hitz-jokoa.

28. Itzulpena arma gisa

Itzulpen itxia arma da; testu bateko akats moral eta objektiboak, behin testua itzulirik eta are gutxi ala gehiago deskulturatu eta agerian jarri ere, argiago agertuko dira xede-hizkuntzan, eta horrek edozein testu motatarako balio du. Testu bat era itxi batez itzultzen denean, jatorrizko kultura, gramatika eta kultur arauetatik bereizten da. Agerian jartzen dira bere ahuleziak. Berezko habitatetik mugiarazten da.

Itzulpenak zerikusi handia du egia moral eta ekintzazkoarekin. Egia hori irakurlearen esku jarriz gero izango da eraginkorra, horixe baita itzulpenaren xede nagusia. Irakurterraz ala asko saiatzeko moduan eskuratu behar zaio? Esangurek eta egokierek erranen dute.

29. Ekonomiazkoak itzultzen

Lexiko aldetik, ekonomiazko testu bat hizkera arruntak, ekonomia-hizkera deskriptiboak, eta termino instituzional eta ekonomiko estandarrek osatzen dute. Itzultzailea libre da ekonomia-hizkera eta arrunta errazteko orduan, baina terminoak, ahal dela, bere hartan eman behar ditu. Zenbait termino estandar deskribapen hutsak ziren hasiera batean: «enplegua sustatzeko neurriak». Beste batzuk, «moneta-zirkuitua» kasu, metaforak ziren sorburu-testuan, eta hitzez hitz ematea hobe. Horrelakoetan, ahal izanez gero, ez dira esangurakideak erabili behar, hizkera arruntean erabilgarriak badira ere: «uniformea» aukeratzen bada, ez erabili gero «homogeneo, berdin, bateratu...» eta abarrak.

Metaforak oso ugariak izan ohi dira ekonomiazko testuetan. Hala ere, kasuan kasuan erabaki beharko du itzultzaileak horiek nola eman.

30. Itzulpen-hutsak kategorizatzea

Itzulpen-lan bat ebaluatzerakoan, orokorki zein analitikoki joka daiteke. Batzuetan prozedura biak elkarren osagarriak dira. Analitikoki, hutsak deskribatu egin daitezke, banaka. Erratuen artean bi akats mota hauek aurki daitezke, besteak beste: a) erreferentzialak: «administrazio-kontseilua» > «board of directors» ematea, eta ez «management committee», behar lukeen moduan, b) linguistikoak edo gramatikalak: «coast» > «kostalde» ematea, eta ez «kostua».

Beste sail batean, «ñabardurazkoen» artean, a) motakoak, estilistikoak: erregistro-hutsak e.a. eta b), lexikoak: behar ez diren esangurakide edo parafrasiak erabiltzea... Horrelakoei itzuri egin dakieke, soilik bihurtzen baitira hankasartze larri testu ofizial, estandar edo adierazkorretan.

31. Gramatika eta enfasia

Oso konplexua izan ezean, gramatika ez da arazoa izaten itzultzerakoan. Askotan, arazorik handienak enfasia egokiro ematean datza. Euskaraz, finean, galdegaia eta mintzagaia izango genituzke baliabide, sorburuzkoan enfasia non dagoen aurkitzen jakinez gero. Ez da ahaztu behar, gainera, euskarak errekurtsibitate-ahalmen handia duela.

32. Deskribapenezko hitzen indarra

Hizkera deskripziozko/estatikoaren aurrez aurre narraziozko/dinamikoa jar dezakegu. Deskripziozkoak, maiz, adjektibo eta adberbio ugariak erabiliko ditu, banan-banako baliokideak nekez onartzen dituelarik: «exigir perentoriamente», «comportarse abusivamente», «extremo», «lindo», «historiar cabalmente», «plúmbeo»... Maiz, desmuntatu egin behar izaten dira eta erlatiboz edo hitz batez baino gehiagoz eman. Gazteleratik euskararakoan, ondo gogoan izan behar dira nominalizazioek ematen dituzten burukominak.

33. Itzulpen-teoria eskailera gisa

Itzulpen semantikoa eta komunikatiboaren teoria alde biko bat egiteko, ahor hiru baieztapen:

a) Zenbat eta garrantzitsuagoa testu bateko hizkera, orduan eta itzulpen estuagoa egin behar.

b) Zenbat eta garrantzi txikiagoa izan testu edo pasarte bateko hizkerak, orduan eta itzulpen askeago onartzen du.

c) Baina, hona hemen gakoa, zenbat eta hobeto idatzirik egon testu bateko unitate bat, orduan eta itzulpen hurbilagoa egin beharko zaio, eta hori dena dela bere garrantzia.

Kontua, jakina, «garrantzia» eta «itzulpen estua edo hurbila» zer diren zehaztean datza. Garrantzia, maiz, egokierak, irakurleak edo bezeroak definitzen dute. Baina, askotan, testuaren beraren balioak ezartzen dio itzultzaileari. Balio, esangura, behartasun edo iraunkortasun handia duten testuei «garrantzitsu» edo «aginpidedun» esan dakieke. Bestela, testuaren aurreko erantzunkizunak berak emango du: «to be or not to be» itzuli behar izatekotan... Ezin aipatzeke utzi askotan garrantzia ez datorkiola testuari hitz edo osagai linguistikoetatik, hau da, tonu, estilo, itxura, literatur-irudi, soinu-efektu eta abarretatik. Garrantzia xedean baino esanguran badatza, zilegi liteke zabalago jokatzea. Testu bateko elementu garrantzitsua faktore aldagaitza izan ohi da, konpromezurik gabe baina konpromezu ugari eskatzen duen ihardun batez eman beharrekoa.

«Hurbila edo estua». Itzulpenik estuena mailegu gordina litzateke, hau da, sorburuko hitza, esamoldea edo dena dela (glasnost, last but not least, dolce vita, Cortes) dagoen-dagoenean eramaten da xede-hizkuntzara, bertan errotzen delarik. Aldaketa bakarra fonetikoa izaten da. Zenbat eta erro sakonagoak izan hitzak xede-hizkuntzan, orduan eta aldaketa fonetiko handiagoak egiten zaizkio, esanahia beste batera lerratzen hasten delarik. Bestalde, itzulpen hurbil edo estu hori gramatikala edo lexikoa izan daiteke. Gramatikalen artean hiru maila bereiz litezke: lehenengoa multzo edo esaldi bat xede-hizkuntzan berdin-berdin ematean datza («tras su llegada» > «bere etorreraren ondoren»), bigarrena xede-hizkuntzako baliokide estandarraz ordezkatzea litzateke («extremely important» > «ezin garrantzitsuago»), hirugarren mailan antza txikiagoko baliokide batez ordezkatzea legoke («extremely important» > «bere garrantzirik handiena eskuratzen du (...)»). Lexikoetan mailakaketa hitzez hitzekotik hasiko lizateke, («large garden» > «lorategi handia»), nahiz «garden» hitzak ingelesez, agian, beste herri batzuetan baino irudi formal txikiagoa izan. Bigarrenik banan-banako itzulpena letorke. Azken honetan, egokitasun-maila desberdinak egon daitezke. Finean, esan bezala, zenbat eta luzeagoa testua, orduan eta zabalagoa itzulpena.

Beste prozedura batzuk, hurbiltasunaren arabera sailkaturik, honako hauek izango lirateke: analisi konponentziala ("murky" street > kale ilun eta zikina); modulazioa (no mean city > hiri paregabea); azalpenezko baliokidetza (euskaltegia > centro para enseñar euskara a los adultos); funtziozko baliokidetza (labana > instrumento cortante); kulturazko baliokidetza (paella > stew) azkenengo hauek normalean ez dira oso zehatzak jatorrizkoarekiko, baina indar handia dute emozio aldetik, oso erabilgarriak dira berehalako erantzuna eragiteko hartzailearengan eta, gainera, irakurlea sorburuzko kulturara eraman dezakete kritikarik gabe; sinonimoak eta, azkenik, parafrasia.

Erabilera sozial arrunta edo naturala, edozein testutan, bere baliokide normal eta erabilienaz eman behar izatea dugu itzulpen hurbil-hurbilaren oinarri orokor horietariko bat. Testu garrantzitsu edo ofizial batean bai hitz sortu berriak bai klitxeak beren ordezko doiez eman beharko dira, jatorrizkoak erabilera arruntarekiko duen urruntasuna ere gordeko delarik itzulpenean. Gainontzeko testu mota guztietan, erabilera arruntez eman beharko dira.

Itzulpegintzari buruzko teoriak zerrenda hauetara ere bil daitezke:

Batetik:

1.- Teoria erabat funtzionalista.
2.- Berbaldiaren teoria, testuaren linguistikan oinarritua.
3.- Kultur trasferentzia edo elkartrukearen teoria.
4.- Hizkuntza sozialaren teoria.
5.- Prozeduraren teoria.
6.- «Harreraren» teoria (edo «maneiuaren teoria»).

Bestaldean:

1.- Mamiaren teoria: hitzak baino ez daude itzulgaian. Mezua ahaztu!
2.- Teoria lexikogramatikala.
3.- Unibertsalen teoria, kultura eta hizkuntzari buruzkoa.
4.- Banakakoen hizkuntzaren teoria.
5.- Emaitzaren teoria.
6.- Itzulpengintza denbora, espazio eta inguruz kanpoko arma kritikotzat jotzen duen teoria.

Aurreko ikuspegi gehienak urrunegi eraman daitezke eta askotan hala gertatzen da. Sentipenak beti izaten dira unibertsalak, maiz kultura baten zama nabarmenegia bada ere.

Itzultzaileak areago ikasten du ohizkotik. Ez-ohizkoa abisua baino ez da izaten.

34. Sormena itzulpenean

Sormenak esparru mugatua du itzulpenean. Itzulpen prozedura estandarrek huts egitean, itzulpena «ezinezkoa» denean sortzen da. Azken errekurtsoa da, baina testu «lehiatsuetan» askotan jotzen da horretara. Sormena testu batean nagusi bihurtuz gero, egokitzapen baten aurrean egongo gara, interpretazio idiosinkratiko baten aurrean, nekez egiazta daitekeen lan baten aurrean (itzulpen txar horietako bat ez bada). Edozein itzulpenek, mailarik txikienenan bada ere, atze-itzulpenaren froga pasa behar luke, baliokidetasunak noraino eman diren egiaztatzeko.

Itzulpen sortzailea zuritzeko, argudio nagusia erabateko itzulezintasuna da; alde batera utzirik, jakina, edozein itzultze-erabaki, berez, aldez edo moldez, sortzailea delako argudioa. Hala ere, testu arruntetan itzulezintasuna nekez onartuzkoa da. Guztiarekin ere, testu adierazkorretan, hitzek areago adierazten dituzte irudiak eta konnotazioak gertakizunak baino, halako moldez non sormenak bere lekua eskatzen baitu, hitz-jokoa ezinbestean sortzaile bihurturik. Hona hemen sormena beharrezko bihurtzen duten zenbait kasu:

1.- Kultur hitzak: gizarte bateko objektu eta iharduera berezi-bereziak adierazten baitituzte.

2.- Kulturarteko hitzak, antzeko erreferenteak baina konnotazio desberdinak dituztelarik. Adibiderik klasikoenak jan-edanak dira: ogia, ardoa,...

3.- Hitz-kontzeptuak, gizarteen arabera enfasi desberdinekoak baitira: liberalismoa, askatasuna, burokrazia,...

4.- Egitura sintaktiko berezkoak («Hoba ez!», «Seeing you is good», «Et lui de partir»).

5.- Kultur metafora, esamolde, atsotitz, hitz-jokoak, hizperriak. Indarra, adierazgarritasuna eta edukina ondo eman direla egiaztatu behar izaten da horrelakoetan, oso erraza baita bidean zerbait galtzea.

6.- Soinuzko efektu estetiko esanguratsuak: onomatopeiak, harridurak, eta abar.

7.- Kualitate-hitzak, banan-banako itzulpenik gabeak.


Zerrenda, bistan da, ez da agortzailea, eta itzultzaileari etsipena eragin badiezaioke ere, oso erabilgarria da. Gauza jakina da hizkuntza batean esaten den oro beste batean eman daitekeela egokitzapenak egokitzapen, moldapenak moldapen; maiz horrela egin behar izaten delarik. Aurreko zazpi faktoreak oztopo hutsa dira esangura osoa funtzionalki garrantzitsua denean, bazterreko ñabardura baino, mezuaren osagaia denean. Oso garrantzitsuak direnean gain-itzulpenaz konpentsatu behar dira, esangura handiagoa gaineratzen baitio. Adibidez, «ederra ikuskizuna» > «un espectáculo grandioso, magnífico». Printzipioz, edozein hizkuntzatako edozein hitzen esangura bakan eta bakarra den arren, batez ere beste hizkuntzetan dituen maiztasun, erabilera, konnotazio eta betetzen duen tarte lexikoari dagokienez; testuinguruetan barneraturiko hitz ez-kultural gehienek baliokide baliagarriak izaten dituzte beste hizkuntzetan. Hizkuntza eta kultura bien artean lehen eta orainaldian izandako harremanen baitan egongo da baliokideen kopurua.

Sormena, itzulpengintzan, imitazioa geratzean hasten da. Imitazio-prozedurak; Vinay eta Darbelnet-ek «itzulpen zuzenekoak» deituak; transferentzia, kalkoa eta hitzez hitzeko itzulpena dira.

Beste prozedurak, «itzulpen zeharkakoak» deituak, nola edo hala, sortzaileak dira. Zenbat eta hautabide gehiago, orduan eta sormen (kualitatezko eta kantitatezko) handiagoa erabili behar. Baina askotan askatasuna lizentzia bihurtzen da. Sormenik handiena poesia itzultzean ematen da, faktore osagarriak garrantzi nabarmen-nabarmenekoak baitira: irudi-hitzak, neurria, errima, soinuak. Poema baten itzulpen ona jatorrizkoari eginiko sarrera apala eta horren bersorkuntza izango da. Hala ere, zenbat eta itzulpen hurbilagoa egin, orduan eta hobeto eramango ditu itzultzaileak jatorrizkoaren osagaiak xede-testura.

35. Itzulpenaren hainbat tranpa

1.- Esamolde bat, metafora itxura duena baina lokuzio gisa jokatzen duena.

Le Plan devient bientôt un placard où l'on enferme Michel Rocard: Lehenengo batean honela itzul liteke: «Ekonomia Plan Nazionala armairu bihurtu zen berehala, Michel Rocard barruan harrapatu zuelarik». Baina askoz hobeto eman liteke honela: «Plana berehala bihurtu zen gartzela, Rocard barruan giltzapetu zuelarik».

2.- Xede-hizkuntzako hitz bat, ohizko baliokideaz itzuli ahal izateaz gain, mailegu gordin gisa har daitekeenean.

«Rapporteur» hitza ingelesez «reporter» eta «rapporteur» eman daiteke, bigarrenaren adiera batzorde batek aginduta txosten edo ikerketaren bat egin behar duen laguna litzatekeelarik.

3.- Beste tranpa horietako bat itxura inozoa baina arriskuz beterik dauden «work stations» eta «expert systems» bezalako esamoldeena da, termino teknikoak ere diren aldetik.

4.- Esamoldeetako elipsia da beste horietariko bat, askotan bi hizkuntzetan berdinak ez direlako. «Mociones y proyectos» esanez gero, itzultzaileak jakin behar luke ezen segur aski «proyectos de ley» delakoez ari dela. Horrelakoetan, oso itzulpen desberdinak egin daitezke. Ingelesez, adibidez, «bills» («proyectos de ley», besteak beste) eta «plans» oso desberdinak dira. Euskaraz ere, «proiektuak», «lege-egitasmo»... egon daitezke aukeran.

36. Ideia versus hitza

Beste atalen batean aipatu bada ere, komeni-komenigarria da berriro ere honi heltzea, bi filosofia arras desberdin baitaramatzate barne.

Egile batzuen arabera, ideiak itzuli behar dira, eta ez hitzak. Hitzak itzultzearen aldekoek esaten dute ideiak itzuliz gero, itzulpengintzan errotik kenduko dela berritasun linguistikarako bidea, etengabe joko delako lehendik zeuden esamolde edo egituretara. Bestalde, hitzez hitzeko itzulpena de facto desagertzen dela. Azken argudio gisa, hitzei jaramonik egin ezean, ideiak itxuragabetu eta, beraz, txarto itzul daitezkeela.

37. Nola itzuli istorio laburrak

Poesiaz landa, istorio laburra literaturan dagoen idazkerarik barru-barrukoen eta pertsonalena da. Drama guztiz bestaldean egongo litzateke. Itzulgai gisa, hona hemen zenbait ezaugarri berezi:

a) Egitura. Hasiera eta amaierako pasarteak, askotan, erlazionaturik daude, eta izenburuaz batera, istorioaren gaia eta bukaera mugatzen dituzte. Puntuazio markek, paragrafoen banaketak eta letra larrien erabilkerak berebiziko garrantzia hartzen dute: hiru puntuek pasarte bat kendu dela adierazten dute ingelesez, frantsesez geldiune bat irudikatzen dutelarik.

b) Giltz-hitzak edo leitmotivak. Usu, hitzak, esaldiak edo irudiak errepikatzen dira, gaia adierazteko. Itzulpenean ere eman beharra izango da normalean.

c) Estilo-adierazleak. Egilearen ohizko hitz edo egiturak, normalean gaiari berari ere begiratzen diotelarik. Horiek ere taiuz eman beharko dira itzulpenean.

d) Aipamen kultural eta unibertsalak (entziklopedikoak). Horietako zenbat azal dezakeen testuan balioetsi beharko du itzultzaileak.

e) Kultur metaforak. Goian bezala.

f) Generoa: ipuina ala istorioa, ahozkoa ala idatzizkoa.

g) Usarioa. Istorioa ondo finkaturiko usario literario baten barruan koka badaiteke, hobe jatorrizko moldeari eustea helburu-kulturakora egokitzea baino. Molde horrek xede-hizkuntza eta kultura aberastuko ditu.

h) Egilearen beste lanak. Horiek irakurtzeak ez dio kalterik egingo itzultzaileari, baina beren eraginak ez du nabarmenegi izan behar.

i) Esaldien funtzio-ikuspegia. Kontakizun trinkoa osatzen duten aldetik, garrantzi-garrantzizkoa izango da esaldien enfasia eman eta horien arteko koherentzia eta kohesioa ondo lantzea.

38. Estiloaren ezaugarriak

Zenbat eta areago erabili egile batek bere estilo-markak, orduan eta esangura zein indar txikiagoak.

39. Itzultzailearen zeregina

Aditua ez denak esan edo uste ohi du norberaren hizkuntzara baino ez itzultzea lelokeria handia dela, ea zergatik ezin duen bietara itzuli, itzultzailearentzako benetako erronka «prosa» dela, atzerriko hizkuntza batean idazteko itzultzaileak nahikoak dituela gramatika estandar horietako bat eta hainbat hiztegi... Bada garaia hori ez dela horrela ikustarazten hasteko. Itzultzailea bere «hizkuntzaren» ordezkaria da, enbaxadorea; ez dauka, beraz, hanka sartzerik, ezta hankasartzea hutsaren hurrengoa bada ere.

40. Banan-banako aditzak

Hizkera politiko eta administratiboan aditzak ez dira beti beste aditz batez eman behar: «infléchir une politique» > «to (reorientate) change/modify the direction of the policy»; «the opening up of national public contracts» > «estatuko herri-akurapena» (IVAP, Europako Itunearen Hiztegia).

41. Betiereko arazo betikoa

a) Itzulpenak jatorrizkoaren gertakizunak eman behar ditu.
b) Itzulgaia ez da sakratua, baina enfasia bere hartan eman beharra dago.
c) Itzulpenak gizarte-erabilkerara egokitu beharra du.

42. Itzulpenaren bost xede eta erabilpen nagusiak

1.- Hizkuntza aldetik desberdinak diren gizarteei elkarri ulertzen eta bakean bizi daitezen laguntzea.
2.- Informazioa eta teknologia hirugarren eta laugarren munduko herrialdeetara heltzen laguntzea.
3.- Etnien kulturak eta horien arteko desberdintasunak azaltzea eta argitzea.
4.- Arte eta giza-zientzietan lan garrantzitsuak egitea, bai moral, erlijio, estetika nola zientzia aldetik.
5.- Hizkuntza arrotzak ikasten laguntzea.