Txekieratik euskaratzeak sortzen dituen hainbat buruhauste
Artikulua PDFn
Bohemia eta Euskal Herriaren arteko kultur harremanik eza historikoa dela eta, txekiera euskaratzeko metodologia ez dago batere landurik, gutxi baitira bi hizkuntzok nola edo hala ezagutzen dituztenak: txekiarren artean, Norbert, Tauer, Pragako unibertsitateko irakasle zena, eta Bohumil Zavadil, gaur egun unibertsitate horretan euskara irakasten diharduena. Euskaldunon artean, nik dakidala, ni nerau, Pragan bi urte bizi izanari esker. Azken bolada honetan, Tauerrek urratutako bideari ekin nahi eta txekiar testuren bat euskaratzen jarri naiz. Jardun horretan aurkitu ditudan zenbait oztopo (eta, batzuetan, baita balizko irtenbideak ere) erakusten saiatuko naiz segidako lerroetan, txekierari buruz esanak beste hizkuntza eslaviarrei ere aplika dakizkiekeelakoan.
Artikuluxka hau egiterakoan hiru dira erabili izan ditudan liburuak: Jaroslav Hasek-en Osudy dobrého vojáka Svejka za svĕtové války 'Sveik soldadu onaren abenturak Mundu Gerran', Bohumil Hrabalen Já jsem obsluhoval anglického krále 'Nik Ingalaterrako erregea zerbitzatu nuen', eta Milan Kunderaren Zert 'Txantxa'.
1.- Txekiera mintzatua eta txekiera idatzia (literarioa)
Txekiar literatura edozein hizkuntzatara itzultzerakoan, aintzakotzat hartu behar da, ahal den neurrian, txekiar hizkera eta idazkeraren arteko "amildegia", hizkuntzaren arlo guztietan somagarri: lexikoan (geroago ikusiko dugun bezala), morfo-fonologian, sintaxian, etab. Idazle bakoitzak badu bere idazkera, eta, esate baterako, esan dezakegu Hrabalek oso gustukoa duela herri-hizkera (hizkuntzaren arlo guztietan) erabiltzea, eta Kunderak, aitzitik, literatura ereduari eusten diola. Bestalde, idazlerik gehienei dagokienez, oso ohikoa da narratzailearen ahotsean txekiera literarioa erabiltzea, eta elkarrizketetan herri txekiera. Islatu behar al du itzulpenak halako amildegia? Bai horixe. Hrabalen testu baten itzulpena oso biribildua bada, garbia, gramatika-okerrik gabea, eta sintaxi konposatuaren legeak goitik behera eta txitean-pitean errespetatzen dituena, itzulpen kaxkarra izango da oso. Hrabalen gurpil zoro eta, gehienetan, hordituan sartu beharrean kanpotik begiratzen badugu bere literaturgintza (eta kanpotik itzultze-lanetan ihardun), gureak egin du.
Lexikoa
Lehenengo eta behin, hiztegi-kontuak aipatu behar. Euskaltzaindiko liburutegian Tauerren hiztegi bat dago, txekiera-euskara, argitaratu gabea. Ez dut oraindik eskuhar eduki, eta beraz ezin horretaz iritzirik eman. Erabili izan ditudan hiztegiak txekiera-espainierazko bat (Josef Dubský-rena, oraingoz dagoen bakarra), eta txekiera-txekierazko hiru izan dira, bata zein besteak Txekoslovakian eginak. Txekiar literatura espainierara itzuli dutenek txekiera-espainierazko hiztegi hori besterik erabili ez badute, nahiko zalantzazkoak izan behar hortik ateratako itzulpenak. Nik neuk bi hiztegi-mota horiek erabili ohi ditut: lehendabizi, txekiera-txekierazko hiztegietara jotzen dut, eta definizioarekin bat letorkeen euskal hitza aukeratu. Bestela, txekiera-espainierazko hiztegia erabili behar, txekiar hitzaren baliokide espainiarra euskaratuz.
Harrigarria da, bene-benetan, txekierak lexiko aldetik duen aberastasun aparta, jatorri askotarikoa: eslaviarra, alemaniarra, latindarra, grekoa, frantsesa (ohar gaitezen frantses kulturak Txekoslovakiako lehenengo Errepublikan erdietsi zuen garrantzi ikaragarriaz) eta, azken urteotan batik bat, baita ingelesa ere. Halaber, badu aberastasun honekin zerikusirik aipatutako txekiera mintzatua eta idatziaren arteko "amildegiak". Idazle txekiar batek, bere garaiak edo bere nahiak eraginda, honako edo horrako hiztegia erabiltzen duenean, batez ere erabilera hori berariazkoa denean, edozein itzultzailek senperrenak egin behar ditu jatorrizko testuaren hitz-aukeraketa hori itzulpenean islatzeko. Ikus ditzagun, adibide gisa, ondoko hitz pareak:
kino - biograf 'zinea'
destník - paraple 'euritakoa'
nunvář - zvĕroklestic 'zikiratzailea'
dům - barák 'etxea'
dívka - holka 'neska'
Pareetako hitz bata edo bestea aukeratzeak badu ñabardura berezirik:
mailegua | indarrean | arrunta | |
---|---|---|---|
kino | + | + | |
biograf | + | - | |
destník | - | + | |
paraple | + | - | |
nunvář | + | - | |
zvĕroklestic | - | + | |
dům | - | + | - |
barák | - | + | + |
dívka | - | + | - |
holka | - | + | + |
Maileguon jatorriak hauexek dira: alemana (kino), grekoa (biograf), eta frantsesa (paraple). Pareetako hitzen artean beti egoten da ezberdintasunik; indarrean egotea ala ez (kino-biograf, destník-paraple), mailegua izatea ala ez (destník-paraple), edo txekiera idatziarena ala mintzatuarena izatea (dům-barák, dívka-holka).
Hemen aztergai diren Haek eta Hrabalen liburuetan, adibidez, parra-parra aurki daitezke alemanetiko maileguak, eleberrion istorioen garaiaren hizkera eta idazlearen idazkera bat etor daitezen, zer kontatzen den eta nola kontatzen denaren artean behar adinako batasuna egon dadin. Sveik-eko pasadizoak Bohemiak Austriaren mende segitzen zueneko garaian gertatzen dira, Txekoslovakia sortu aurreko bosturtekoan hain zuzen ere. Sveik-en, kargu militarrak aipatzerakoan, pareetako hitzen artean aukeratzekotan, aleman kutsuko hitza aukeratzen da: "ordezkari militarra" esateko ez da místodrzitel esango, obrlajtnant baizik: izan ere, Hasek-ek Austriaren alde borrokatu ziren soldadu txekiarren ahotan ez du txekiera "garbia" jartzen, baizik eta soldaduok errealitatean erabiltzen zuten txekiera mordoilo hori. Hrabalen liburuarekin beste horrenbeste gertatzen da, eta horrexegatik lepora dakioke espainierazko itzulpenari "lauegia" izatea, gaur egungo espainierari estuegi loturik egotea: biograf "cine" itzultzen da ("cinematógrafo" egokiagoa bide litzateke), eta stamgast "cliente habitual" edo "habitual" ("parroquiano" egokiagoa litzateke). Aitortu behar da itzulpenetan ezinezkoa dela lexikoaren ñabardura guztiak islatzea (batez ere hitz-pare horiek baliokiderik ez dutenean), baina ahal den guztietan nabaritu behar da itzultzailearen ahalegin hori. Euskaraz ere konponbideak ez dira aise aurkitzen, batik bat hizkera mintzatu eta idatziaren amildegi lexikoaren aldetik. Euskaraz, amildegi hori gehiago antzeman daiteke laburduretan edo sintaxi kontuetan, baina ez txekieran bezala, hitz-pareen bidez. Hiztegi aldetik, euskaraz ez da herri hizkera txekieraz beste bilakatu, eta dům zein barák esateko, hitz bakarra dugu: "etxea"; dívka zein holka esateko ere, hitz bakarra: "neska". Beste zenbait hitz-pareri dagokionez, ordea, euskarak badu aukera bikoitza, hots, euskal hitza eta erdaratiko mailegua, "euritako"/"guardasol" parea kasu. Esan genezake destník (désť 'euri' + ík 'gailu') "euritako" dela, eta paraple "guardasol".
Fonetika eta Morfologia
a) txekiera mintzatuan ondoko lege fonetikoa aurkitzen dugu: hitzaren lehenengo hizkia o bokala denean, aurrean v agertzen zaio:
okno 'leiho' → vokno
b) hizkera mintzatua (h.m.) eta idatzia (h.i.) ez datoz bat izen, izen-lagun eta aditzaren deklinabidearen aldetik.
knihami (h.i.) knihama (h.m.) 'liburuez'
kupuji (h.i.) kupuju (h.m.) 'erosten dut'
pĕkný (h.i.) pĕkný (h.m.) 'eder'(nom., sing., gizonezk.)
c) "Gizon" eta "emakume" esateko, h.i.-ak forma substantiboak hartzen ditu: h.m.-ak, ordea, substantibootatik eratorritako adjektibozko formak ("gizonezko" eta "emakumezko"), izen-lagunek h.m.-an daukaten paradigmari jarraikiz.
muz (h.i.) muzskej (h.m.) 'gizon'
muzský (h.i.) 'gizonezko'
d) -ák atzizkia hizkera mintzatuari dagokio. Atzizki horrekin hitz piloa sortu da.
magnetofon (h.i.) kazeťák (h.m.) 'cassette'
listonos (h.i.) posťák (h.m.) 'postari'
Txekiar hizkera mintzatuak eta idatziak fonetikan eta morfologian erakusten dituzten aldeok ere nolabait islatu behar dira euskarazko itzulpenetan. Gorago esan bezala, euskaraz, "amildegi" hori laburduretan eta sintaxian ikusten da batik bat. Txekiar literaturan hizkera mintzatua besterik gabe ematen da (batez ere elkarrizketetan), inolako egokitasunik gabe, hizkuntza maila guztietan (fonetikan, morfologian, lexikoan...). Euskaraz ez dago, dirudienez, bide horri eusterik, literatur tradizioari begira froga daitekeenez. Egia da literatura zaharrean halako joera aurki daitekeela, baina euskal literatura berrian ez da halako joerarik nabaritzen: elkarrizketatan ez da, kasu, bokal arteko [g] eta [r] inoiz galtzen, eta deklinabidean oso bakankakoak izaten dira euskara batutik kanpoko formak, bai aditzean, bai izenean. Euskal idazleek muzin egiten diete "ezautzeittut" eta halako laburdura ahozkoei. Hortxe dago, hortaz, gakoa: "amildegia" euskaraz islatu, baina euskal tradiziotik urrundu gabe. Ikus dezagun ondoko adibidea (Hasek: lll):
-Je vozralej.
Esaldi honek badu ahozko hizkuntza mintzatuaren hiru ezaugarri, lehenengoa lexiko mailakoa eta azkenengo biak morfologi mailakoak direlarik: 1/ ozrat se aditz itsusia da, 'mozkortu' esan nahi duena: 2/ gorago aipatutako lege fonetikoa aplikatu zaio: 3/ kasu-morfema, -ej, alegia. Adibide honi dagokionez, zilegi da euskaraz ere hiru ezaugarriok aplikatzea, emaitza (besteak beste) ondoko hauxe litzatekeelarik:
-Total eiñe do.
Kontua da, lehenago esanak garen bezala, euskara mintzatuaren berezitasun morfologikoak arras baztertuak izan direla euskara idatziaren tradiziotik. Beharturik gaude, beraz, alderdi lexikora mugatzera.
-Total egina dago.
2. Izen sintagma
Jakina denez, euskaraz, izen-laguna adjektiboa denean, izenaren eskuinean agertu ohi da. Txekieraz, ordea, ezkerrean. Bestalde, txekieraren adjektibo-sintagmak aditz-lagun itxurako osagarririk eduki dezake, esaterako (Kundera: 38):
(...)dívka (...),duvĕřivĕ prostoduchá
'(...) neska (...), fidakorki xaloa'
Adibide honetan, duvĕřivĕ adberbioa prostoduchá adjektiboaren osagarria da, eta prostoduchá, bere aldetik, dívka izenarena.
duve rive → prostoducM
prostoducMha' → divka
Euskaraz, ordea, gehienetan arrotz xamar gelditzen da, salbuespenak salbuespen, aditz-laguna adjektiboaren osagarri jartzea ("neska (...), fidakorki xaloa"). Puntu honetan, naturaltasunaren onerako, jatorrizko testuarekiko fideltasunari ihes egiteak dirudi egokiena, "fidakorki" "neska" izenaren adjektibo bihurtuz ("neska (...), xaloa eta fidatua"). Irtenbide hau erabiltzea izan dugu, zeren "xaloa" eta "fidakorki"ren arteko lotura ez baitzen estuegia, eta antzeko lotura sor baitzitekeen "neska" eta "fidatu"ren artean. Alderantziz, adjetibo eta aditz-lagunaren arteko lotura hori oso markatua denean, beste era batera itzuli behar (Hrabal: 15):
(...) bylo to tak zakazane knisne (...)
'( ... )izan zen hori hain debekatuki ederra (...)'
Izan ere, «hori hain debekatua eta ederra izan zen» itzultzeak zeharo desegokia dirudi, eta bideren bat bilatu beharra somatzen da, aipatu lotura hori euskaraz nolabait mantentzeko. Esate baterako: «hori, debekatuaren debekatuaz, hain izan zen ederra».
Beraz, hemen ondo ikusten den bezala, kasu bakoitzari egokitu behar.
3. Morfologia: aditz-aurrizkiak
Txekierak duen aberastasun morfologikoa aditzean nabarmentzen da bereziki: izan ere, aditz bati honako edo horrako aurrizkia erantsirik, honako edo horrako esangura lortzen dugu, jít 'joan' aditza erakusgarri:
prejít 'zeharkatu'
obejít 'inguratu'
dojít 'agortu' 'iritsi'
sejít 'jaitsi'; sejít se 'bildu', 'elkartu'
zajít 'ikustera joan', '-ren bila joan', '-renetik pasatu'
projít 'pasatu', 'korritu', 'ibili'
najít 'aurkitu'
vejít 'sartu'
vyjít 'atera'
Ikusten denez, txekieraz morfologiaren bidez markatutako alde semantikoak lexikoki adierazten dira euskaraz, hitz-hautaketaren bidez.
4. Aditza
Txekiar aditzak bi forma besterik ez ditu, hots, burutua eta burutugabea. Burutugabea orainaldia ez ezik, geroaldi eta lehenaldi burutugabeak ere adierazteko erabiltzen da; forma burutua, ordea, geroaldi eta lehenaldi burutuak adierazteko. Ad.:
dĕlám 'dagit'
budu dĕlat 'egiten egongo naiz'
dĕlal jsem 'negien', 'egiten nuen'
udĕlám 'egingo dut'
udĕlal jsem 'egin nuen'
Forma burutugabeari -áv- atzizkia tartekatzen zaionean, "maiztasuna" adierazten da:
dĕlávám 'egin ohi dut'
dĕlával jsem 'egin ohi nuen'
Teorian zailtasunik gabea eta euskararenaren parekoa dirudien banaketa honek, haatik, saltsa asko sortzen du: dĕlal jsem/udĕlal jsem banaketa ez da beti bat etortzen "egiten nuen"/"egin nuen" banaketarekin (txekieraren lehenaldi burutu gabea, askotan, euskal lehenaldi burutuarekin itzuli behar da, etab.): txekieraren geroaldi burutugabea, batzuetan, euskal orainaldiarekin itzuli behar: txekieraren lehenaldi burutua (jarraian ikusiko dugun bezala), euskal lehenaldiarekin; etab. Txekieraz, askotan, salbuespenak gehiengo izaten dira aditz kontuetan, eta ezinezkoa da, antza bai, sistematizaziorik erdiestea.
Txekieraz, lehenaldiko kontakizun batean, estilo zuzenaren "esan" eta esanahi bereko aditz nagusiak lehenaldian zein orainaldian ager daitezke lasai asko.
(...) ale ten penzista asi spatne videl, a tak dlaní t'apal v prachu, povídám, copak hledáte, tatínku, copak? (Hrabal:18-19)
'... baina pentsionista hark ikusmen txarra bide zuen eta ahurraz hautsa aztaka zebilen, eta esan nuen, zeren bila zabiltza, aitona, zeren bila?'
Ikusten denez, txekierazko povídám 'diot', orainaldikoa izanda ere, lehenaldian euskaratu behar da.
Beste batzuetan, lehenalditik orainaldirako jauziak ez dira "esan" aditzean bakarrik ematen, pasarte oso-oso batean baizik. Itzultzean, beraz, adi-adi ibili behar, eta pasarte osoa lehenaldian jarri.
Txekierak badu beste ezaugarri bat, aditz-sintagmaren oinarrian datzana: aditza lehenengo pertsona pluralekoa denean eta aditz-sintagman osagarri ablatibo singularra denean, bi interpretazio litezke zilegi:
1/ ekintzan bi partaide baino gehiago egotea (euskaraz gertatzen den bezala); aditzean adierazitako "gu" hori (bi partaide gutxienez), eta sintagma ablatiboan ageri den bestea.
2/ ekintzan bi partaide baino gehiago egotea (euskaraz ez bezala); "ni", eta sintagma ablatiboan ageri dena.
Beraz, egitura hau duen txekierazko esaldi bakoitza aztertu behar da, eta bietarik zein interpretazio den benetakoa nola edo hala asmatu (gehienetan testuingurua lagungarri).
Espainierak, puntu honetan, irtenbide bikoitza eskaintzen du: Espainiako espainierarena eta Ameriketakoarena. Espainiakoarenak lehenengo interpretazioa besterik ez du onartzen; Ameriketakoarenak, txekieraren pare, biak (batik bat bigarrena). Euskarak lehenengoa besterik ez duenez, txekierazko egiturak bigarrena duenean, euskaraz ondoko bi aldaketa estrukturaletako bat (kasu bakoitzean egokien deritzaguna) egin behar da:
x-rekin ADITZA (1. plurala) → x eta biok ADITZA (1. plurala) → x-rekin ADITZA (1. singularra)
Egitura berri hau da, euskaraz, ekintzaren egileak (subjektu edo agenteak, segun aditza iragangaitza edo iragankorra den) bi izatea posible egiten duen bakarra. Ikus dezagun, argigarri, ondoko adibidea (Kundera; 151), non Jaroslav eta Vlastaren eztei-gaua kontatzen zaigun Jaroslaven ikuspuntutik.
Ulehli jsme pak: s Vlastou do vysoko nastlane postele (...)
Oheratu ginen gero Vlastarekin goian jarritako ohera
(Gero Vlastarekin etzan nintzen goian jarritako ohean)
Txekierazko esaldiari lehenengo interpretazioa eman izan bagenio, azpimarratzekoa litzateke Jaroslavek andrea banantzeari amore ematea. Harrigarria, benetan, eztei-gauean bederen.
5. Sintaxia
a) Perpaus sinplea:
Harritzekoa da txekieran aurkitzen dugun perpaus inpertsonalen ugaritasuna. Perpausok, gehien bat, být "izan" eta jít "joan" aditzez sortuak dira, subjektua, it ingelesaren parekoa den to izenorde neutroa izaten delarik. Euskaraz, ordea, askoz urriagoak dira halako perpausak, eta hitzez hitz itzul ez daitezkeenez, nekez da lokuzio bakoitzerako euskal baliokidea aurkitzen.
jde mi do smíchu (hitzez hitz, "irrira doakit"): irrigura naiz
to neslo (hitzez hitz, "hau ez zen joan"): ez zebilen, ezin zitekeen
to je ono (hitzez hitz, "hau hori da"): hori da-ta!, ederki!
Azken lokuzio hau da, hain zuzen ere, Coca-Cola enpresak Txekoslovakian egiten duen publizitatean erabiltzen duen leloa.
b) Perpaus konposatua:
Lehenik eta behin, puntu bat aztertuko dut, osagarrizko perpausena. Esango direnek adierazpen- zein galdera-perpausetarako balio dute.
Perpaus menperatuaren aditzaren denbora "erlatiboa" da, hots, haren balioa aditz nagusiaren denboraren mendean dago: Bestela esanda, mendeko aditza "orainaldikoa" izateak ez du esan nahi orainaldiko gertaera edo ekintza bat adierazten duenik, aditz nagusiarekiko aldiberekotasuna baizik. Era berean, mendeko aditza "lehenaldikoa" izateak aditz nagusiarekiko aurrekotasuna adierazten du; eta azkenik, mendeko aditza "geroaldikoa" izateak, aditz nagusiarekiko gerokotasuna. Esaterako:
Petr mi napsal, ze...
'Kepak idatzi zidan ...'
1.- ...je v Bilbau na dovolené je 'da' (Bilbon zela oporretan).
2.- ... byl v Bilbau na dovolené byl 'izan zen' (Bilbon izana zela oporretan).
3.- ... bude v Bilbau na dovolené bude 'izango da' (Bilbon izango zela oporretan).
Dakusagun bezala, txekieraz, zeharkako estiloa estilo zuzenetik gertuago dago euskaraz baino. Eta aditzean ez ezik, osagarrizko perpausaren lekuzko eta denborazko sintagmetan ere; zeharkako estiloan, txekieraz teď 'orain' edo tu 'hemen', euskaraz, 'une hartan' eta 'han' bilakatzen dira hurrenez hurren. Bestela, bat letozke kontakizunaren denbora eta lekua kontakizunaren idazketaren denbora eta lekuarekin.
Hemen aditzaren balio erlatiboaren denboraz esan direnek badute, haatik, kontraexenplu bat, ondoko adibideari dagokiona.
Petr mi napsal, ze Bilbao je hlavní mĕsto Biskajska
'Kepak idatzi zidan Bilbo Bizkaiko hiriburua dela'
Izan ere, perpaus osagarrian kontatzen dena ekintza edo gertaera iraunkorra denean (baita kontakizuna irakurtzen deneko unean ere), bere hartan utz daiteke mendeko aditzaren orainaldia.
Sintaxian, ohiko problemekin egiten dugu topo joskera korapilatsuko testu bat euskaratzerakoan. Zer egin, kasu, txekiar testuan bi, hiru, lau edo bost perpaus erlatiboren segida euskaratzeko? Zer egin, bada, Hrabalen malabarismo sintaktikoekin? (Hrabal: 28).
Nejradsi jsem mel tlusteho agenta, ktecy kdyz prisel
maiteen nuen lodi merkatari zeina -enean iritsi zen
poprvne, tak jsem bezel pffmo pro pana sefa ( ... )
lehengoz orduan AUX korrika egin zuzen bila jaun nagusi
(Merkatari lodia nuen maiteena, zeina, lehengo aldiz iritsi zenean, orduan zuzen-zuzen joan nintzen nagusiaren bila).
Txekierazko testua txit onargarria gertatzen da, hizkera mintzatuan batik bat. Euskal itzulpen hitz-hitzezko honi, ordea, trakets xamarra deritzot. Askoz egokia dirudi sintaxia errazteak, erlatiboa kenduz:
"Merkatari lodia nuen maiteena. Lehengo aldiz ailegatu zenean, orduan zuzen-zuzen joan nintzen nagusiaren bila"
Hemen, ahozko hizkeraren kutsua ez galtzeko, bi gauza egin ditugu; "iritsi"ren ordez "ailegatu" jarri, eta "orduan" hitza bere horretan uztea. Izan ere, "orduan" denborazko perpaus baten atze-atzean agertzea euskararen hizkera mintzatuari dagozkion erredundantzietako bat da.
6. Leku- eta pertsona-izenak
Txekieraz badira hiru grafema, /z/, /č/, eta /s/ (zeinu fonetikoekin bat egiten dutenez, erraza da zein soinuri dagozkien jakitea), azken biek euskal grafema baliokide bana dutelarik, /tx/ eta /x/, alegia. Bestalde, /ch/ grafema [x] da, eta /j/, bere aldetik, [j].
Lehenengo eta behin, zer egin /z/, /č/, eta /s/ grafemekin? Espainierazko itzulpenetan bi bide erabiltzen dira: zeinu diakritikoak kendu, edo beren horretan utzi. Badira itzulpenak, ordea, axolagabekeriaren axolagabekeriaz, erdiko bidean gelditzen direnak, batzuetan kendu eta batzuetan beren horretan uzteko joera arbitrarioa baitute. Nerau, euskarari dagokionez, txekierazko grafema horiek albora utzi eta euskal grafema baliokideak erabiltzearen alde nago, irakurleak izenon ahoskera jakin dezan (begira, bestela, nola Espainiako telebistako aurkezleek "Baklaf Jabel" deitzen dioten Václav Hável-i ([vátslaf hável], fonetikoki). Euskaldunok "Txekoslovakia" esaten dugun bezalaxe, berdin esan beharko genituzke hain ezagunak ez zaizkigun beste txekiar izen batzuk ere. Guretzat č-k ezer adierazten ez badu (zeinu diakritikoari eutsiz), are gutxiago c-k (diakritikorik gabe).
Kale-izenei dagokienez, nik kasuan kasuko erabakiak hartu izan ditut. Kale- eta plaza-izenek, txekieraz, substantiboaren ("kale" edo "plaza", alegia) araberako kasua dute, bai eta, substantiboaren osagarri izaki, adjektiboaren morfologia. Esaterako:
Nerudova (Neruda + adj.morf + nom., sing. ,emak. —zeren ulice izena "kalea" emakumezkoa baita—).
Pařízská (Paris + adj.morf + nom, sing. emak)
Ene ustez, askoz egokiagoa da jatorrizko izena baztertu eta euskal itxura ematea, hau da "Nerudova kalea" eta "Pařízská kalea"- ren ordez, "Neruda kalea" eta "Paris kalea" esatea. Izan ere, literatura itzultzea ez da Pragako gida bat itzultzearen parekoa.
Auzoei dagokienez, ordea, ezin erabaki baturik hartu. Staré Mĕsto "Hiri Zaharra" da, Staromĕstské námĕstí "Hiri Zaharreko enparantza", eta Malá Strana, bere aldetik, "Alde Txikia". Lehenengo bi kasuetan euskal ordaina ematea bide da egokiena: hirugarrenean, ordea, txekierazko adiera, zeren auzo hori izen horrekin ezaguna baita mundu zabalean. Beraz, kasu bakoitzari berebiziko konponbidea eman behar diogu, gainontzeko hizkuntzetan erabiltzen den ereduari jarraikiz.
Kale-izenak substantibo baten esanahia baldin badu, hobe euskal ordaina erabiltzea, edozein kasutan egonda are absolutu kasuan jarriz. Honela, bada, Na příkopĕ-ri ('Hobian') Hobia kalea esango diogu. Azken adibide honetan ikusten den bezala, leku-izenei lekuzko kasuak eransteko joera nabaria du txekierak. Kale zenetan ez ezik, etxe eta taberna izenetan ere antzeman daiteke holakorik: halatan, Bohumil Hrabal egunero garagardotan aurki dezakeguneko tabernak U zlatého tygra du izena ('Urrezko tigrearenean'). Euskaraz, ordea, esan bezala, lekuzko kasua kendu eta "Urrezko tigrea taberna" (eta, behin taberna dela jakinda, "Urrezko tigrea", besterik gabe) esango dugu.
7. Deiturak
Txekierazko deitura gehienek badute jatorrizko esanahirik, gehienetan aditz edo izenlagun gisa: Tichý 'isila', Nejedlý 'jangaitz', Pokorný 'umil', Navratil 'itzuli zen', Hrabal 'aztarrika egin zuen'. Deiturak beren hartan uzteari deritzogu egokiena, baita deituraren batekin idazleak hitz-joko bat egin nahi duenean ere: hala ere, kasu honetan, ezinbestekoa izan liteke itzultzailearen oin-oharra. Ikus, bestela, ondoko adibidea (Hrabal: 166):
(...) a nechal si (...) slyset hanopisy na moje příjmení Dítĕ, ale tady jsem byl Herr Ditie, pro Nĕmce se z toho mého jména vytratilo decko, jistĕ to spojovali s nĕčím docela jinačím.
'(...) eta barre egiten zioten nire deiturari, Díte, baina ni han Herr Ditie nintzen, alemaniarrentzat haurrarena nonbait galdua zen, seguruenik zerbait zeharo ezberdinarekin erlazionatzen zuten'.
Ene ustez, txekieraz dítĕ-k haurra esan nahi duela jakin ezean, ozta-ozta ulertuko da pasarte hau.
8. Realia
Txekoslovakiako "realia"ren kontzeptuak, jakina, ez ditu bertoko idazle batek azalduko bere nobeletan. Baina itzultzaile atzerritarrak bere hizkuntzara dauden-daudenean pasatzen baditu, inolako oharrik gabe, irakurleak ezer gutxi ulertuko duelakoan nago: ez zaio ezer larririk gertatuko babovka, knedlíky, slivovice eta holakoak irakurri eta zertsu esan nahi duten ez badaki (testuinguruagatik erraz asmatuko du lehenengo biak jatekoak direla eta hirugarrena edatekoa), baina tira. Badira sintagmak, ordea, euskarazko bertsioan txekiar itxuran besterik gabe utz ezin daitezkeenak: auskalo nola euskara daitekeen, esaterako, kádrový posudek (Kundera:36). Posudek "txostena" da, eta kádrovy "koadro"-tik eratorritako adjektiboa du, zentzu politikoa duena. Txekierazko kádrovy posudek-en bidez, langile bakoitzari buruz lantoki guztietan zegoen txosten politikoa adierazten da. Nola uler dezake kontzeptu hori Europako ekialde komunista ohian bizi izan ez denak? Edo, bestela esanda, zein euskal esamolde erabil genezake kontzeptu hori euskaldunei ulergarri gertatzeko?
9.- Gibelsolasa
Ikusi dugunez, txekiera euskaratzea (eta, zehazkiago mintzatuz, txekiar literatura euskaratzea) ez da inondik inora ahuntzaren gauerdiko eztula, zailtasun horren funtsak hiru direlarik:
- genetikoa. Jatorri desberdinekoak dira: txekiera, indoeuropar hizkuntzatik etorria: euskara, auskalo.
- historikoa. Testuinguru historiko ezberdina izan dute: mendeetan zehar beste hizkuntza baten menpe egonda ere, txekiera XIX. mendearen bukaeran irten zen, Bohemiako Pizkunde eredugarriari esker, putzu sakonetik (ia-ia desagertzeko arriskutik), eta, gaur egun, hizkuntza zeharo normalizatua da. Euskarari buruz, zoritxarrez, ezin holakorik esan;
- itzulpengintzan bertan sustraitutakoa: txekiera euskaratzeko eredurik eza.
Bibliografia erabilia
HASEK, Jaroslav. Osudy dobréko vojáka Svejka za svĕtové války, 35. argitalpena, Československý Spisovatel, Praga, 1990.
HRABAL, Bohumil. Já jsem obsluhoval anglickéko krále, Jazz Saila, Praga, 1982.
KUNDERA, Milan. Zert (5. argitalpena), Atlantis, Brno, 1991, (1. argitalpena: Československý Spisovatel, Praga, 1967).