Euskal administrazio izkribu zahar batzuk
Artikulua PDFn
Sarrera
Hemen aurkeztuko ditugun izkribu guztiak euskaraz idatzitako administrazio testuak dira.
Guztira 14 dira, zaharrena 1683ko eta berriena 1876koa. Den-denak han-hemenkako aldizkari eta liburuetan argitaratuak daude (ikus bibliografi oharra), eta gure iturria argitarapen horietan egon da beti. Esan nahi bait da ez dugula jatorrizko dokumentua eskuetaratu.
Hemen jasotako idazketa transkribatzaileak argitaratutako berbera da. Alabaina, zenbait dokumentutan papera hondatuta dago, eta lerro edo pasarte batzuk irakurgaitzak dira. Horietan parentesi arteko puntuak "(...)" jarri ditugu, askotan irakurri ezin dena asmatzen zaila ez bada ere.
Testuei zenbakia jarri diegu, eta lerroak ere bosnaka zenbatu ditugu. Horrela, aipamenak egiterakoan errazagoa izango da beren lekua aurkitzen: "12.25" aipamenak hamabigarren testuaren hogeitaboskarren lerroa adierazten du; testu batek dokumentu anitz baditu, lehenengo zifrak testua, bigarrenak dokumentua eta hirugarrenak lerroa adieraziko du (adibidez, "10.1.17").
Testuen aurkezpena
Hamalau testuon zerrenda hau da:
- Fermín de Basauilbasok Bilbotik Joanes de Callo-ri Donibane Lohitzunera 1683an bidalitako gutuna.
- Hernaniko burniola baten konponketa beharrei buruz zurgin ezezagun batek 1726an idatzitako gutuna.
- Sarako Udalak Baztangoari ezkur debekuari buruz 1769an bidalitako gutuna.
- Sarako Udalak Baztangoari azienden bazkari buruz 1773an bidalitako gutuna.
- Ezkabarteko Udalaren 1773ko akta, auzoko harmei buruzkoa.
- Sarako Udalak Baztangoari ezkur debekuari buruz 1776an bidalitako gutuna.
- Arizkungo andre batek 1777an Nafarroako Erregeordearen administratzaileari bidalitako ordainagiria.
- Sarako Udalak Baztangoari azienden bazkari buruz 1780an bidalitako gutuna.
- Sarako Udalak Baztangoari azienden bazkari buruz 1781ean bidalitako gutuna.
- Donibane Lohitzungo Udalak Berakoari 1788an bidalitako bost gutun, lapurketa bat dela eta.
- Orzaizeko andre batek bertako alkateari 1792an bidalitako gutuna, hark egin nahi zuen errotari buruz.
- Itsasuko auzapezak Baztango alkateari azienden bazkari buruz 1807an bidalitako gutuna.
- Urruñako merak Pasaiakoari 1815ean bidalitako gutuna lapurtutako idi bati buruz.
- Bidarraiko alkateak Baztangoari azienden bazkari buruz 1876an bidalitako gutuna.
Ikusten denez lau gai nagusi dira izkribu guzti hauetan:
- azienden larreratze eta bazkak udal mugakideen artean piztutako arazoak
- lapurretak eragindako ikerkuntza judizialak
- salerosketa eta diru kontuak
- administrazioari aurkeztutako eskabideak.
Esan bezala, XVII mendean hasi eta XIX mende bitartekoak dira. Horrenbeste urtetako aldea, noski, ez da alferrikakoa, eta idazkera nahiz grafia asko samar aldatzen da batetik bestera. Hona aldatu dugun testua, erran gabe doa, transkripzio hutsa da.
Euskaraz mintzatu, erdaraz idatzi
Bada begibistako beste kontu bat ere: hamalau testu hauetatik gehienak, hamar xuxen-xuxen, lapurtarrek eginak dira; beste hiru, berriz, nafarrek. Bakar bat da (Fermín de Basauilbasorena) Bidasoaz hegoaldeko euskaldun batek idatzia, eta horixe, Alfonso Irigoieni (1962) jaramon egiten badiogu, lapurtarren eragin garbia jasotako bilbotarrak idatzia. Oso gutxi, beraz, hegoaldetik, nahiz ugari samar diren tartean alde horretako udalak harrapatzen dituzten arazo eta gora-beherak (larre kontuak, lapurretak...).
Zergatik erantzuten zieten Baztango edo Pasaiako alkateek gazteleraz Sarako edo Urruñako auzapezek behin eta berriz euskaraz bidalitako gutunei? Erdaraz ere jakingo al zuten orduko hartako Baztango edo Pasaiako alkateek? Ez gehiegi, segur asko. Hala ere, gazteleraz nork idatziko bilatuko zuten...
Ifarraldekoen eta hegoaldekoen jokabide guztiz alderantzizko honen arrazoi bakarra ematen ez da erraz. Baina ziurrenik euskal literaturaren tradizioan Ifarraldeak XIX mendea ondo aurreratu artean emandako uzta oparoa ez da lapurtarron idatz-joera honetatik oso aparte egongo.
Hegoaldeko euskaldunek urte luzetan erdaraz idazteko izan duten usadioaz ez dugu inor nekatuko, hainbeste eta hainbeste begibistako adibide ditugu eta. Eskuarteko hau, gehiagoko bat.
Ohar labur batzuk
Asmo soila dugu oraingo argitarapen honetan: izkribuok ikerketa filologikoaren zoko-bazter ezezagunagoetatik atera, eta administrazio alorreko euskaraz lan egiten dutenen begipe hurbilagora ekartzea. Ez bila, beraz, azterketa terminologiko nahiz estilistiko zorrotzik segidan datozen lerro hauetan: horretarako adimena eta prestakuntza hainbat duenak egin bitza.
Ezin utzi hala ere ohar-printza labur batzuk egin gabe. Begi-belarriak egun administrazioan egiten den euskaraz ohitu samarrean dauzkan batek erreparatzeko moduko gauzak direlakoan gaude.
Hiru zatitan banatu ditugu oharrok:
- hiztegia
- baliabide estilistikoak
- agur esaldiak.
Hiztegia
1. 10 abisanasasu ser ba lio duen sardinac eta egorri co duct onic badator
Fermin de Basauilbasok arrain kargamendu bat bidaltzeko eskatzen dio Joanes de Callo-ri. Esaldi honetan, kargamendu horren balioa zer den jakineraz diezaiola esaten dio, eta onic badator ordainduko diola. Argi dago hemen onic adberbioa dela, egun oso gutxitan erabiltzen den bezalakoa, hitz honekin behintzat.
3.3 escribatcen darotçuet presenteco carta hau
6.2 presenteco carta huntaz
Hegoaldekoontzat ez da batere harritzekoa carta hitza; baina ifarraldekoek ere erabilia da nonbait. Ez da behintzat izkribu hauetan "gutun" hitza ageri, baina beste batzuetan let(t)ra azaltzen da (ikus adibidez 12.5 eta 13.5).
3.9 badaquiçue Gure Faceriac hillac dagocila
Hemen adierazten diren Faceriac herri edo auzo mugakideen artean azienden bazka kontuetan egindako tratuak dira. Beraz, Faceriac hillac dagocila dioenean tratu horien balio-indarra amaitua dela dio.
5.5 Alziñeco urte zenbaites
Argi dago Alziñeco hori gaur "aitzineko" edo "antzineko" idatzi beharko genukeela. Apat-Etxebarnek (1971) gazteleraz "algunos años pasados" itzultzen du, eta ez dirudi oso oker dagoenik.
5.7 uztenduenean Rejidoretasuna escatuco zaizquio entreguatu zizaizquion gauzac
Karguaren izendapena (auzoko erregidore izatea, alegia) gaur egun horretarako nekez erabili ohi den "-tasun" atzizkiaz egina dago hemen: "alkatetza" arrunta dugu, baina "alkatetasuna"?
6.14 ezguendezaque hainbertce ardi eta bildox escas atceman gure artaldetan
Hemen escas atceman zer den garbi ulertzen da: zerbaiten falta nabarmendu. Zenbat bider ez ote dugu burua nekatu gazt. "echar en falta" edo fr. "manquer" baten bila? Horra irtenbide polita.
7.10 ecarzeco penarentzat
Izkribu hau ordainagiri bat da; emandako oilo, oilar eta txitoen balioaren ondotik, 2 pezeta gehitzen ditu ecarzeco penarentzat. Hemengo "pena" hau gehiago da nekea, izpirituaren oinazea baino.
7.13 pausatu dut ene liburuan quito eta libre
Ordainagiri beraren bukaeran diru ordainketa jaso izanaren egiaztapena egiten du, eta kontu-liburuan jasoa dela esateko erabiltzen du pausatu.
8.3 Baztango valle nobleco alcate Jaunari eta carguduney
Frantsesezko "élu, élue" hitzaren ordain zuzena "hautetsi" darabilte Ifarraldean. Hala ere, hegoaldekoontzat arruntagoa den "kargudun" hitza ageri da hemen, Sarako auzapezak erabilia.
8.11 bahicunza Choillarentzat 60 Erreal eta Bazcasariarenzat 13 Erreal
Azienden bazkak sortutako afera da izkribu honen gaia: behi batzuk besteren larrera ihes egin omen zuten, eta bertan harrapatu auzoek; aziendak atzera eskuratzeko ordaindu behar izandakoak dira hemen aipatzen direnak. Batetik, bahicunza dago: guk estuegi lotzen dugu gaur gazt. "secuestro" edo fr. "séquestration, détournement" adierari; hemen abereen harrapatze-isuna besterik ez du esan nahi. Bestetik, Bascasaria ageri da (ikus baita ere 12.12 belharraren saria eta 12.37 basca saritçat); hitza bera ez da inola ere ezezagun edo harrigarria, baina honetan ere "saria" ia erabat gazt. "premio" eta fr. "prix" hitzen ordainzat besterik ez dugu erabiltzen.
10.1.40 ets cirela accordatu
Zilarrezko katilu baten lapurretaz ari da izkribu hau: lapurra joana dan nonbait judu batengana katilua erosiko ote dion, baina ez dira prezioan bat etorri. Horixe esan nahi du hemen. Satrustegik hasieran (1986:143) nahasi egiten du adiera eta hala dio: "ACCORDATU, oroitu; bainen ets cirela accordatu, pero que no se acordaron". Bistan da hemen "bat etorri" esan nahi duela. Geroago zuzendu egingo du (1987:333): "ACCORDA(TU). Hitzartu, konpondu".
11.30 Bertce Errotta Garrocoa Deitcen denari Ere hoben handia, Eguinen daco
Ezaguna da hoben hitza (baita "ogen" sinonimoa ere) gazt. "falta, culpa" edo fr. "faute, culpabilité" hitzen adieraz. Hemen ordea garbi dago "kalte" adierazten duela.
11.32 neure partetic deffendiatuco naiz neure ahallaz
Hemen ageri den ahalla hitzak "indarra, kemena" esan nahi du. Gaztelerazko itzulpenak "de mi partte me defenderé hastta donde pueda" dio.
12.8 determinatione hunec içanen dituien Seguida gaiztoac
Kexu da izkribu honetan Itsasuko auzapeza, Baztango Udalak hartu berria duen bazka-debekuak ekar ditzakeen istiluen beldur. Garbi dago hemen Seguida hitzak "ondorio" esan nahi duela; "segi" hitz jatortzat dugu hegoaldeko euskaldunek, baina egun oso gutxi erabiltzen da idatziz, ez aditza ("jarrai" aditzak kendu dio lekua), ez eratorrita.
12.36 arçainac présentatuco dira çure etchera, çoinec desiratcen baitute çurequin antolamendu-eguitea
Hemengo antolamendu-eguiteak "elkar hartu, bat etorri" esan nahi du argi eta garbi. Gehiegi lerratu dugu "antolatu" hitza gazt. "organizar" edo fr. "organiser" hitzek duten adierara. Euskara jatorrean "antolamendua" gehiago da konponbidea, adostasuna.
13.19 lettra hura eratuqui erremetituba içatu citçaitçun eta ene erreclamationia legitimoa cen arren ichiltassuna gardatu duçu
Gutun honetan Urruñako mera kexu du Pasaiako alkateak: larrugile pasaitar batzuk idi bat lapurtu omen zuten Urruñan, eta hil ondoren Pasaian saldu. Balanqué merak justizi eske behin eta berriz idatzita ere, pasaitarren alkateak ez omen zion erantzuten. Horixe da pasarte honetan aurpegiratzen diona: azken gutuna eratuqui bidali bazion ere, ez duela erantzunik jaso. Argi dago horrek "behar den bezalako molde eta bide ofizialez" esan nahi duela.
14.15 Gracia hori escatcendut urthebaten ikusteco
Hemengo gutun honetan, berriz, Bidarraiko alkateak nolabaiteko tratua eskaintzen dio Baztangoari azienden bazka kontuetan. Hitzarmen hori urthebaten ikusteco proposatzen dio. Argi dago hemen "ikusi" ez dela "begiez so egin", gazt. "revisar" edo fr. "réviser" baizik. Zertarako, beraz, egun hainbeste ugaldu den "berrikusi" eta gisakoak?
Baliabide estilistikoak
5.13-19 Dirade Erregua eta (...) eta zanca bat.
Ezkabarteko Udalaren akta honek auzoko harmak zein diren azaltzen du. Zortzi lerroko pasarte honetan hemeretzi aldiz ageri da "eta" lokailua. Azalpena aditzaz hasten da: Eta orai esplica dechagun zer diraden gauza ebec: Dirade... Hortik aurrera halako urratsak segi-tzen ditu: Dirade... eta... eta... eta...; eta Alaver dirade... eta... eta...; eta alaber dirade... Eta... eta... dirade, ...eta... eta... eta... eta... Eta yaguo... Eta alaber dirade... eta... eta... eta... Guztira hogeitabat gauza aipatzen dira. Lerro hauek idatzi zituenak ez zion, alajaina, errepikakortasunari bildur handirik!
14.8-14 1.º Mugatic acinda bera utz (...) erranahidut soldobaten plaçan sei sos paga.
Bidarraiko alkateak Baztangoari proposatutako tratua dago pasarte honetan. Aditz nagusi guztiak edo aditz laguntzailerik gabe daude edo eliptikoak dira; guztira sei aditz nagusi dira halakoak segidan. Hitzarmen baten estipulazioak egiteko estilo eliptiko eta labur honetatik balegoke zer ikasi, gure ustez.
Agur esaldiak
Dokumentu hauen bukaeran ageri diren agur esaldi guztiak jarriko ditugu segidan:
1.16 sure seruisari orayn eta beti
2.22 bere mesedearen cerbizaria ni beti ere
3.15 Etanaiz Errespeturequin Yaunac çuen cerbitzaria
4.17 naiz, Jauna çure Serbitzary humila Eta obedienta
6.17 Errespetu handirequin çuen Cerbitzary
8.22 Içanen gara bethy çuen cerbitzari. Bihotz onez
9.15 guelditcen gare considerationerequin Cuen Cerbitzary humillac.
10.2.22 Jauna, guelditcen çure betico lejal
10.3.11 eta goraintçi ene partes(...) guelditçen nais betico, j(...) çure cerbitçari leja(...)
10.4.15 Jauna guelditçen nais betiereco ç(...) Serbitçari lejal
11.36 Guelditcen nicalaric çure Cerbitçaria(...)
12.40 Guelditcen-niz considerationné Parfetenarequin, eta errespetagarrienarequin çure çerbitçary
13.57 salutatcen çaitut consideratione perfet batequin.
14.18 Salutacen çaitut beharden Errespetuez.
Hamalau esaldiotatik hamaikatan gutunaren jasotzailearen "zerbitzari" izateko eskaintza da adio esateko era. Inork erabiliko ote luke halakorik egun?
Amaiera
Administrazioan tradizio gutxikoa da euskara: Nafarroako errege zaharrek ere nahiago ukan zuten beren gortean erdara, eta euskarak ez zuen "paperezko jauregietan" oinik jarri. Gutxi dira beraz, zinez gutxi, euskarazko administrazio testuak.
Horrexegatik hain zuzen ditugun testu apur horiek urre gorriaren balioa behar lukete izan. Sobera dagoenean zilegi da hautatzea, baina eskas dagoenean dena da baliozko, ez dago deus, demendrenik ere, bazter uzterik.
Eliza, udal eta ganbara zokoetan gorderik leudekeen euskarazko administrazio testu apurrak bildu, katalogatu, aztertu eta argitaratzeko garaia inoiz helduko ahal da.
-1-
Fermín de Basauiluasok Bilbotik Joanes de Callo-ri Donibane Lohitzunera 1683an bidalitako gutuna (cfr. Irigoyen 1962).
Viluao y nobre. (...) de 1683
Juanes de Callo. Or bidalsen dugo
Jonac eta bioc 60 millar sardina eta
enea da erdia etac suri comenda
5 sen di sut daguisula salseco deli
encia albaitic lasterre ena eta bi
dalesadasu orren Balioa aguardien
ta eta 10 opil brea eta abisanasasu
ser ba lio duen sardinac eta egorri
10 co duct onic badator. esta etorri bate
ereuna. falta dela diote. ori frescoa da
Bañan garestia da. pagatu dugu emen
Bere lisensiarequin 16 real sillar eta
15 eguisu eguinala eta egor Bereala
sure seruisari orayn eta beti.
Fermin de Basauiluaso.
Juanes yauna fletaren erdia pagatuco duso 13 rrel sillar.
A Juanes de Callo g_.
20 Dios ms. añs. Abitante
San. Ju. duluz
Con amigo y sseñor
Oharrak
Fermin de Basauiluaso bizkaitarra omen zen sortzez eta bizitzez, baina bistan denez ez zuen bere gutuna bizkaieraz idatzi.
Dirudienez, oinarrizko bizkaiera batez gain ("s" eta "z" nahasi egiten ditu, adibidez) beste euskalkien eragina jaso zuen, bereziki lapurterarena. Bilbon garai hartan merkataritza lanetan ziharduten Joanes de Callo, Guillen eta Lane eta beste hainbat lapurtarrekiko harremanetan bilatu behar ote da eragin horren arrazoia? Hala dirudi.
Lapurtarrek kutsatuko zioten, halaber, bere gutunak euskaraz idazteko ohitura, jakina bait da garai hartako bizkaitarrek, nahiz gazteleraz oso gaizki egin, idatzi beti ere gazteleraz egiten zutela.
-2-
Hernaniko burniola baten konponketa beharrei buruz zurgin ezezagun batek 1726an idatzitako gutuna (cfr. Carrión 1985).
Señor Antonio de Aierdi Segeretario
Jauna
Fagolagaco ollaren estanca-
ren aldean behar da pareta guzi
5 bat arriz eta sarras arriac behar
dira andiac luzean gutien dena
besso bat eta erdi luze 1
Eta behar dira bi zur bata
luze behar da hemeretzi besso 19
10 eta berzea behar da luze besso 16
eta berze bi uztari
zazpina besso luze 07
Essan den zurrac obraren
oinean erriac emaiten dituella
15 materialla bildu eta obra ongui
eguiten duela behar da hogoui eta borz escutu.
Eta bigarren partida bat dada luze
hamalur besso arriz eta sarraz
eguin beharra behar du hogoui
20 ezcutu. Burrullaren 3 de 1726.
Señor Antonio de Aierdi Segeretario
Jauna bere mesedearen cerbizaria ni beti ere
Gracian de Fagalde.
Oharrak:
Gutun hau Hernaniko udal artxibategian dago gordeta, Fagollagako burniolaren alokairuaren paperen artean.
Fagollagako burniola (1649-1806) Hernaniko Udalarena zenez alokatu egin ohi zen. 1725ean Juan de Caminos eta bere emazte Manuela de Belaunzarani alokatu zien Udalak.
Gutunak burniolan egin behar ziren konponketen berri ematen du. Garbi dago idazlea ez zela hernaniarra; Gracian de Fagalde ziurrenik bertan lanean arituko zen hargin lapurtarra izango zen.
-3-
Sarako Udalak Baztangoari ezkur debekuari buruz 1769an bidalitako gutuna (cfr. Donostia 1934).
Saran buruilaren 25an 1769
Yaunac
escribatcen darotçuet presenteco carta hau çuey
aditcerat emaiteco nola Ezcurra debecatu du
5 gun, eta hortaracotz çuen aciendac Yçanen
duçue borondatea erretiratceco helduden hilaren
hirureco gue gureac eguinen Tugun beçala
Bertce alde badaquiçue Gure Faceriac
hillac dagocila eta nahy guinduque har
10 Beceneçaté egunbat helduden hilaren
hogoya bizquitartean berrien eguiteco,
hortaracotz Yçanen duçue borondatea
Yaunac marquatceco Eguna Elgharren
artean vnioné on bat Yçaiteco, Lehen costu
15 matcen dugun Leqhuan; Etanaiz
Errespeturequin Yaunac Çuen cerbitzaria
Piarres Lahetjuzan Saraco alcatea.
Oharrak:
Garai batean, eta oraindik orain ere, aldameneko herrien arteko sesioak maiz gertatzen ziren, azienden bazka, ezkur debekua, eta gisa horretako arazoak zirela medio.
Halakoetan, Sarako Udalak Baztangoari bidaltzen zizkion gutunak euskaraz idatziak egon ohi ziren, Elizondoko udal artxibategian dauden agirien arabera.
Gure zerrenda honetan halako bost azaldu ditugu (honez gain, 4, 6, 8, eta 9). Ohar labur honek, beraz, hurrengo lau horietarako ere balio du.
Baztango Udalaren erantzunak, berriz, beti gazteleraz izaten omen ziren. Ez dago behintzat euskarazko alerik inon gorderik.
-4-
Sarako Udalak Baztangoari azienden bazkari buruz 1773an bidalitako gutuna (cfr. Zudaire 1968, Satrustegi 1986).
Jauna
Aspilcuetaco Guizon Bat aguertu çaicu hunat
Erraiten darocularic Badela asienda adardun
Mulzubat Bahituac aspilcoetaco herrian.
5 Eta nola Baitaquizu Çuc eta nic Estugula
Maite disputaric, othoy Bada Jauna Idy
Behy aratche eta Berce gainerateco asiendaric
Balinba Esperanza dut, noblequy Libraracico dituzu-
la guciac, eta Emanen diozutela Çure
10 Sembait aBizuon Çuen Baleco alcate
Jaunarequin Batean Guerta Estadien
amoreac gatic herri hauquien arthean gauza
destra ordenarioric Çu eta ny fiador garen arthe
huntan Esperanzadut Eguinen dituzula Behar
15 diren deliquenziac. naiz,
Jauna
Çure Serbitzary humila
Eta obedienta
Juan Dop Garat
20 Sara de 11 de Julio 1773
-5-
Ezkabarteko Udalaren 1773ko akta, auzoko harmei buruzkoa (cfr. Apat-Echebarne 1971).
Milla eta zazpitan eun eta yrutan oguei eta amairu guaren vrtean;
celarik Rejidore Juan de Suescun.
Gostumbrazen zen bezala entreguatu zizaizquio vrte beri egunarequi
Auzoco Armac; eta artuzitue por Ynmentario;
5 Zerenguatic Alziñeco urte zenbaites faltatu ziren zenbait paper;
Eta alaber uztenduenean Rejidoretasuna escatuco zaizquio entreguatu
zizaizquion gauzac, eta lomismo Berze gaiñaraco vrtetan Rejidore
denari entreguatuco zaizquio gauzac eta
10 lomismo escatu.
Eta orai esplica dechagun zer diraden gauza ebec:
Dirade Erregua eta Erregu erdia eta gaizurua eta Almotea; eta Alaver
dirade Pinta eta Pinterdia eta quartilloa; eta alaber dirare Pisu rro-
manoac.
15 Eta pisu balanzac Ganchodunac eta Pisu Arriac dirade, Sei libracoa
eta Iru Libracoa eta bi Libracoa eta Liberacoa eta Libera erdia eta
quartrona. Eta yaguo zartagui bat.
Eta alaber dirare escopeta bat eta yru cañon suelto eta pica bat eta
zanca bat.
Oharrak:
Ezkabarteko harana Iruñerrian dago. Agiri hau dirudienez haran horretako Zildoz herrikoa da, Iruñe ondoko San Kristobal menditik oso gertu.
Ohitura zenez, auzoko erregidoreak gordetzen zituen auzoko pisu-neurri ofizialak eta armak. Akta hau gauza horien nolabaiteko emate-agiri bat da.
-6-
Sarako Udalak Baztangoari ezkur debekuari buruz 1776an bidalitako gutuna (cfr. Zudaire 1968, Satrustegi 1986).
Jaunac
presenteco carta huntaz aditcerat emaiten darozuet
nola herri hunec Ezcurra defendatcen duen bere
oyhanetan jçanen duçue Jaunac agradable
5 Çuen Valle nobleco Vecinoen avissaceco.
Berce alde Jaunac çuec eguin duzuen
Etchea gure muguen Inguruan olhassurgo
partean Ceinetan herri huny eta Ingurucoei
ezbaitiote on handiric eguiten eta Eguinen
10 asco yende condicione gaichtocoen Ihes lecua
beçala baita desiratcen guinduque jaunac
emaiten bacindute Maister bat, alamenos
ezguendezaque hainbertce ardi eta bildox
escas atceman gure artaldetan.
15 Esperanza dugu Jaunac ordena ona
emanen duzuela horren gainean eta gare
Errespetu handirequin Çuen Cerbitzary.
Darroquy
Saraco Grefiera
20 Sara y 20 Sbre. 1776
Presentaco carta hau erreme
tituco çayo Baztango valle nobleco Jaun alcateary. Baztan.
-7-
Arizkungo andre batek 1777an Nafarroako Erregoerdearen administratzaileari bidalitako ordainagiria (cfr. Donostia 1934).
Señor Don Juan Alegandro
ene Adisquide maitea egorzen
darozut lehenbizico poleriaren contua
6. Yndiolar eta Capon bat 15 Pezeta
5 8 Yndi oilo 14 Pezeta
1 Yndiolo bat 03 Pezeta
11 oilo 10 Pezeta
8 cito 03 Pezeta
3 laca arto 01 Pezeta
10 ecarzeco penarentzat 02 Pezeta
_________
48 Pezeta
Abostuaren 11an nola
guelditu garen Cu eta ni pausatu
dut ene liburuan quito eta libre
15 cure Cervitzari Arizcunen
Abostuaren 14-1777
Dominica de Larrondo
Oharrak:
Gauez heldu omen zen 1777ko abuztuaren 18an Baztanera Nafarroako erregeorde Francisco Bucareli. Txango honek eralgitako diruen kontuetan, Dominica de Larrondok Juan Alejandro de Echeberz, erregeordeak Ariskunen zuen administratzaileari bidalitako zenbait ohar ageri dira.
Horien artean hau da euskarazko bakarra.
Aita Donostiak dioenez, ikusgarria da zenbaterainoko xehetasunez egin ziren dirukontu hauek. Erregeordeak ez zuen deusik falta izan. Besteak beste, abuztuaren 21ean (!) zaldizko bi atera ziren Orreagaruntz, "por haber espresado su Exª hallarse acostumbrado a beber agua emfriada con nieve". Bucareliren irakurzaletasunaz ere ohar polita dago.
-8-
Sarako Udalak Baztangoari azienden bazkari buruz 1780an bidalitako gutuna (cfr. Zudaire 1968, Satrustegi 1986).
Sara y 26 xbre. 1780
Baztango valle nobleco
alcate Jaunari eta carguduney
Jaunac
5 Badaquizue azqueneco facerietan nola herri
huntaco particular bat plenitucen bere acienda
Belzac Vtzamoco Escurrerat çaramatcila
escapatu citzaizcola Belateko harlucetik eta
pagaracy ciotela Bederatcy buruenzat,
10 ceinetan baitziren lau hilcecoac eta Bortz bicitacoentzat
bahicunza Choillarentzat 60 Erreal
eta Bazcasariarenzat 13 Erreal.Senticen ahal duçue
Jaunac Bahicunza hori gogorra
dela particular pobre batenzat ceinetan obligatu
15 Içan baitcen lau aciendaburuen Salcerat bertce
gaineracoen libratceco. Seguratuac beçala gara
Jaunac Içanen duçuen Indulgencia, guizon
miserable horren alderat Ceinetan baita
presenteco Carta ekharcen duena.
20 Baldin bada yeusic çuen dispositioneary
offrey ditaqueyenic herry huntan disposa
çaçue jaunac Içanen gara bethy Çuen cerbitzari.
Bihotz onez, facheria yurat, Etchebery yurat.
Darroquy
25 Greffier Secretarioa.
-9-
Sarako Udalak Baztangoari azienden bazkari buruz 1781ean bidalitako gutuna (cfr. Zudaire 1968, Satrustegi 1986). Sara y 19 de set_. 1781
Jaunac:
Othoizten çaituztegu Abissu emaiteaz çuen Valle
Nobleco unaiey attencione eman dezaten aciendaric
5 Sar ez dadin herri huntaco oihan barnetan, ezcur
debecua emana dugu: bertce herrietarat orobat
escribattu dugu daquigun arren ez dezaquegula deffen-
daric eman San Miguel ondoraino: bainan Icousten
duzue nasquy Çuen herrietan ere bertze urthetan
10 Baino aurthen Sassoinac goizago direla. Cassua
guerthatcen baliz Jaunac çuen partetic guc
cembait ordena berry errecibitcea guztu handire-
quin conforma guintazque çuen ordenanzary:
Esperanza dugu abissua emanaracico duzuela
15 çuen Vallean; eta guelditcen gare considerationere-
quin Cuen Cerbitzary humillac.
Bernardo Etchetto, Alcatea.
-10-
Donibane Lohitzungo Udalak Berakoari 1788an bidalitako bost gutun, lapurketa bat dela eta (cfr. Irigaray 1972, Satrustegi 1986).
(1)
Egun martchuaren hogoy eta bederatcian m(...)
Saspi heun larogoy eta Sortcian, gure aintcinean (...)
Baile eta juratu Donibanen, aguertu da maistria
Ramos Sortces Espagnola, hogoy eta hamabi
5 urthetacoa, Donibaneco Barran lau urthe huntan
travaillatcen dena, ceiña egoten baita Ciburun
pierres Bereret, Barraco Entreprenuraren baratce
caiña baitan.
Declaratu daucu nola asteasquen Sandus travaillat(...)
10 celaric andre Duranen harrubian, Miguel Corbeña
Espagnol batec, ceiña orobat travaillatcen baita
hemengo Barran eta egoten urrugnaco herrian suhia(...)
deitcen den giçon baten etchean, erran cioela pier(...)
Belasteguy Espagnolac, ceiña hiru urthe huntan
15 Barran travallatcen baita eta egoten Echeverri
Ciburuco organistaren ama-guinarraren baitan
(...)uela (...)hanits, cer(...) erremu(...)
Dio nola harrubian lanean aicelaric astea (...)
Sandus aitu çuben travaillari guciei erraten o(...)
20 icendatu tugun borts guiçon horiec eguin çuten
ohointça: erran du oraiño nola Belasteguyc
bere lagunari eman dioen Valancieune deitcen (...)
estoffa bat galtça parebaten eguiteco, eta
hortaric Juanilloc besta bat eguiñaraci du
25 Victoriano deitcen den dendari Espagnol ba(...)
egoten baita donibanen Maria Espagnola
harismendy Sariantaren etchiaren guibelian
emendatcen du Miguel Corbeñac Ba(...)
hunat ohointças Suspitchatuac diren guiçon(...)
30 direla herri huntaric, Juanilloc hetaric
erran dubela Sanguessarat soassilla
Aguertu da gure aintcinean Victor(...)
eta erran daucu Juanilloc bere etcherat er(...)
dubela, eta erran den estoffatic yadan b(...)
35 (...)eguin dube(...)
baitio tassa Silharresco bat bi guiderreta(...)
erraten çubelaric cussina batec eman ci(...)
emaste hau entçayatu cela tassa harren
Saltcerat, chede hortan yudu bati offreitu
40 cioela, bainen ets cirela accordatu; ondoan
separatu cirela; esdaquiela yeussic guehiago.
Maria Joseph Otchoteco Ceiñas mintçatu
baicare, presentian gure pressondeguian da accussu
hau dela caussa; interrogatu dugu eta declaratu d(...)
45 nola astelehen Sandus Verrarat gantcela confessatcer(...)
eta bidian bassa batian caussitu çubela tassa erran
dena, Bayonan eman dubela emastequi bati
Saltceco ceiñac Salduric Remettitu baittiotça
hamabi libera; estubela essagutcen emastequi hur(...)
50 eta haren icena esdaquiela; ignoratcen dubela
orobat nori tassa saldu dioen.
(...) egunian
(2)
Jauna
Çuk galdeguiten duçun arguia pablo
Sarraten Sujetian, eçin pressentian eman
deçaquet Satifationeric çeren Barbera
5 egun goician donostiarat gana baita, hirur
egunençat, handic etortçen den pontutic
içanen dut çuri escribatçeco ohorea.
hemen presso dugun emastequi hunec
aitortu daut nola tassa cilar salduduben
10 hura, magdalen eraten dioten espagnol
Vrrugnan Elisaldebaitan egoten den
batec eman çioela Baionan ostatu(...)
Salçeco, guihiago dena nola athorra(...)
haren aintçinian, emancioen bere (...)
15 Baionan nescato dagoenari eta h(...)
çen Belasteguy eraten dioten Bera(...)
eguin duben guiçon hetaric bat(...)
hogoibat Sujet gaisto presso quitug(...)
esda batere borts ohoin hetaric, esp(...)
20 dut oraiño hartuco tustela çeinbat.
Luretan balire Segura çintçaquet
Jauna, guelditcen çure betico
lejal Tausin maire
Donibanen apirilaren 1er. 1788
(3)
Jauna Echalaren presso dagoen guiçon gaste hori da hemen dagon
cascon harguin bat, Andres hartchabaitan egoten çen Cofesatçerat
eliçarat gan eta buruba nahasiçajo, penetan guinen horen Sortias,
uste guinduben itsasorat ithotçerat
5 gançen, horen casuban esdugu aditu nihori bidegaberic eguin dioela,
ausarqui libra ahal desaquete; placer dugu jaquitias hor dela deitçen
da paul Sarrat, berac eran duben beçala.
Segura desasuque Juan Co(...)
10 nic escribatçen tudanac egui(...)
eta goraintçi ene partes(...)
guelditçen nais betico, j(...)
çure cerbitçari leja(...)
Donibanen apirilaren 2 an 1788.Tausin, alcalde.
(4)
Jauna Emastequi hemen presso dugun hunec declaratu daut tassa
çilaresco bajonan salduba dena, Magdalen eraten dioten espagnol
vrruñan dagoen batec emancioela salceco belasteguy deitçen den espagnol batequin çela bajonaco ostatu batian,
5 guihiago dena nola Magdalen diodan horec eman çioela atorabat, hunen ainçinian, bere alaba bajonan dagoenari. Segura da beraco ohointça eguin dutenac Vrrugnan direla, jaun Marquis de Caupenac emantu ordenac arrastaçeco, eçin oraino atçeman detçacete, baiñan ustedut atçemanac itçaten
10 direla.
(...)
eguiten diotça, eta ordena dugu castcec(...)
esbalinbadugu guihiagoco declarationeric
hargatic çuri Satifatione emateco atç(...) dut oraiño cembait egun.
15 Jauna guelditçen nais betiereco ç(...) Serbitçari lejal.
Tausin alcalde Donibanen 12 avril 1788.
(5)
Jauna. maribaitaco borda miratudut andre horequin Eta eçagutuditu bere oyaletic Eguinac bi
attora eta declaratuda hango guicona andre horec bere oyala eçagutu
dubenean pepitac Saldu dubela oyal ori eta guicon hori preso hartu
5 dugu eta hatorac alchatu hartuco tuçu pipitaren ganic
declarationeac eta gastiatuco (...) daroquçu cer Eguin guicon hortas
andre horec berac gauça guciac eranen darosquitçu presa du
Erretiraceco. Vrrugnan 27'an 1788. prialle yurat.
Oharrak:
Bost gutun hauek Donibane Lohitzungo alkateak Berako ezkribau Martin Leguiari bidalitakoak dira.
Bertan ikus daitekeenez, zilarrezko katilu baten eta oihal zati baten lapurretaz egindako ikerketa judizialen berri ematen du.
Nahiz dokumentuok zenbait lekutan puskatuta egon, Irigaraik nahiz Satrustegik aitortzen duten eran, ikerketaren joan-etorriak erraz samar uler daitezke.
-11-
Orzaizeko andre batek bertako alkateari 1792an bidalitako gutuna, hark egin nahi zuen errotari buruz (cfr. Donostia 1934).
Orçaicen Emana aboztuaren 25an(...)
1792:
Yauna aspaldico Bottua complitcera doha(...)
gure Yaun meraren edo alcaldiaren partetic(...)
5 ama Birgina Biharamounian has-araciditu
Languilliac naça berri baten Eguiten aspaldy
danic famaturicaco Errotaberry baten Eguin(...)
arazteco, Çoinec Eguinen Baitu hainitz perjudi-
cio Gure Eyharei edo Errotei, hora Certaco(...)
10 parte Eguiten dautçudan presentaco Lettra(..)
huntaz amoricatic Egon Citen prebenitua
Entreprisa berri-huntaz, Lehen Ere duelaric
asco vrthe hasi Cuten Errotta Berribat oraicoaren
Lekhutic vrrunago gure Errotatic, Bainan(...)
15 deffensac amanic Guelditu-ciren, Eta dembora(...)
harc Iraun-du orai arteraino Gu Batere(...)
Intorrompitu gabe, Bizquitartean oraico aldi(...)
huntan hasten dute errota Gorphutza, hirour
Ehun vrhax Bederen hurbilago Gure(...)
20 Errotari, Iduri Luque guisa hortaz Ezdela(...)
arraçoin Gutiago Causitcen orain Ere deffensen(...)
orobat Emaiteco, noiz-eta Ere hasten Baitira(...)
vraren Barnian pressaren Eguiten Eta orduan,
harismendico Errotta deitcen denetic, Errotta(...)
25 Berri horren Toquiraino, Esda seculan Içanen(...)
hirour Ehun vrrax baino hambat Guehiago,(...)
Ikhusaçou Erdiaren hirour laurdenac Nausiarenac
dire, Erdia Enia, Eta Cortci-garren partia(...)
particular Batena, Bertce Errotta Garrocoa Deitcen
30 denari Ere hoben handia, Eguinen daco, Beraz
Egonen Niz Çure respustaren Beguira, nic neure
partetic deffendiatuco naiz neure ahallaz,(...)
desiratcen nuque passaya Bat Eguin Bacindeça(...)
Toquiaren Gainera Localaren Bisitatcera, dembora(...)
35 berean Bainuque placera Çuri neure Salutacionia
Eguiteco, Guelditcen nicalaric Çure Cerbitçaria(...)
Gracianne D'arrabit, Yn Lissagaren
alhargouna; Berceren Escuz;(...)
Ene memorioac othoy placer Baduçu andere(...)
40 Etchebertcy, Bessarcatcen ditudalaric haur(...)
chiquitchoac.
Oharrak:
Ikus daitekeenez, Ortzaizeko Udalak egin asmo zuen errota berri baten aurka altxatzen da Gracianne d'Arrabit andrea. Itxuraz, errota berria beretik horren gertu egiteak kalte haundia sortuko zion.
Gutun honek badu, bestalde, beste berezitasunik: euskarazko testuak gaztelerazko itzulpena du, nolabaiteko itzulpen "ofiziala". Hauxe da:
dada en orzaiz a 25 de Agosto de 1792
Señor. El votto de aora tiempo ba a cumplirse de
partte de ntro Alcalde: Al ottro dia de nuestra Sra. ha
hecho empezar alos Peones una Acequia nueva pª
el molino que havia fama de hacerse, quien hara
mucho perjuicio a nuestro Molino, pª lo
que doy partte a vmd porla presentte cartta paraq.
esttè prevenido de estta cosa nueba: ANttes ttamen.
aora muchos años empezaron un Molino nuebo
mas lexos del nuesttro que el que
se intenta aora, pero echas defensas seles hizo parar
desu Consttruccion, y aquel ttiempo ha durado hastta
aora sin haversenos molesttado, y ès quando empiezan
a hacer Molino nuebo, cuio cuerpo esttara lo menos
ttrescienttos pasos mas cerca al nuesttro. Parecia
pª eso quenose halla menos razon
aora para defenderse lo mismo, quando empezasen
dentro dela agua a hacer la Presa, pues enttonces
desde el Molino quese llama
de Arizmendi hastta el paraxe del Molino nuebo,
proiecttado no habra 300 pasos. Vea vmd so-
bre estto què ordenes me quiere dar: De ocho parttes las
[ttres
son del Amo de estte Palacio: la mittad dettodo el Molino
mia, y laocttaba partte, de un partticular: Alottro
Molino quese llama de Garro ttamen. le hara mucho
perjuicio, y asi esperarè ala respuesta devmd, yo de
mi partte me defenderè hastta donde pueda: desearia
que vmd hiciese un biaje y ttendria mucho Placer
desaludar a vmd. Quedando pª serbirle. Graciana
de Arrabitt viuda de Juan de Elizaga
Por mano agena.
-12-
Itsasuko auzapezak Baztango alkateari azienden bazkari buruz 1807an bidalitako gutuna (cfr. Donostia 1934).
Ixasun eguina Eraieroaren 22an 1807an
Ixasuco auçapeçac
Bastango Vailleco Alcate jaunari
Errecibitu-dut alcate jauna, halabethe hune 15an iscribatu-dautaçun
5 letra, icustendut bailleac hartuduien determinationea errespetarazteco
bere lurrac, defendio-eguinez franciaco acinder cuen mendietan bascacea
eta sesituz hetan harrapatuco-diren guciac.
icusten dut penarequin determinatione hunec içanen dituien Seguida
gaiztoac, çuc ere senticen-ahal tutçu çure partetic; badaquit
10 herri-huntaco habitant batçuen acinda bazquatcen dela çuen
mendietan, eta motivo hori dela medio pagatcen-dute çuen
mutillerri, belharraren saria; defendio horren medioz içanen
guira privatuac çuen mendietaco bazquaz, bainan acinda ecin
çainducoda, gureac iuanen dira çuenera, eta horcoac ienendira hunat
15 sesituco-tutçue gureac, eta hemengo guardec sesituco-tuzte çuenac,
cer
içanenda gauca hauien seguida, injusticia garraitcia eta ohoingua;
othoisten-citut erreflectione eguiteaz casu hunen gainean, eta
esparança-içanendut moderationearequin gobernatuco-cirela.
Badaquiçu herri-huntaco habitantec desiratu-dutela bethi çuequin
[adisquide
20 guisa eta baquian bicitcea, eta oraico ocasione huntan ere, ez
guinuque
bercela desiratcen;
Sentitcen duzu ez dela gure ganic dependitu decissione horren harcea,
guc gure partetic eguin-ditugu gure enseiu onac, bainan ez bada
gauça arribatu-guc desiratcen guinuien beçala ez dela gure falta.
25 Çuec eguin duçuen memorioa-ez da présentatua içan çuen
embachadoriaz
franciaco ministroari, bada galdea sostengatua ez dela flacoada, eta
franciaco duanaco directurrac galdeguin duena minostroaz aprobatua.
eguia-badere çuen acinda guti sarcenda herri-huntaco lurrean, bai
bainan-baitutçue auço herribatçu coinetaco acinda guehiago sartcen
30 baita gure auçotaco berce herri batçutaco lurretan, icusten dugu
diferencia horrec emaiten citustela necessitatean conformatceco
erran den decisionearen formalitatez, eta hori dela medio hartu duçuela
oraico determinationea.
Herri-huntaco habitant batçu intresatuac direnac edo hauien
35 arçainac présentatuco dira çure etchera, çoinec desiratcen baitute
çurequin antolamendu-eguitea, eta baldin hala beharbada ere
conbenitcea cer pagatu-bear-duten-çuen basca saritçat.
Esperança dut ungui errecibituco ditutçula, eta eguinen maneras
guciac bici-gaitecin unione onean.
40 Guelditcen-niz considerationné Parfete-
narequin, eta errespetagarrienarequin
Çure Çerbitçary
LUIS DAVID
Maire
45 Bastango Bailleco... Alcate Jaunari... Errazun.
Oharrak:
Aurretik Sarako Udalak bidalitako gutunen tankerakoa dugu hau, hots, azienden bazka kontuetan sortutako arazoen ingurukoa.
Berriz ere, berezitasun bakarra euskaraz izatea du.
-13-
Urruñako merak Pasaiakoari 1815ean bidalitako gutuna lapurtutako idi bati buruz (cfr. Arocena 1958).
Urugnen Marchoaren 11an, 1815an
Urugnaco Mairac
Passayaco Yaun alcatiari
Yauna
5 Errecibitu nuben bere demboran gauden Urtharrillaren seyian
escribatzeco ohoria eguin cinnautan lettra, ceinna baitcen
nic orobat gauden abendoaren 28an escribatu cintudanaren
errepusta, idi ebaxi baten suyetian herri huntan Aguerreco
yabiari, ceina içatu baitcen hilla eta saldua çure hirico
10 fornidores eta (...) arguitan emana dioçu çure erran
lettran entretenitu ondoan affera hortaz çure aintcinneco
alcate yaunarequin ordena emana içatu cela erran den
fornidorrei aguertceco idi haren contuba eta pagatceco
haren montanta ceinna passatu behar baitcinduben M.
15 Ciprienen escubetarat nic othoistu cintudan beçala
icussiric ez cindubela çure promessa bethetcen, yaun
alcatia (...) idiaren yabiar(...) escribatu nautçun
berriz galdeguiteco çure autoritatia behar den justicia
holaco cassuban, lettra hura eratuqui erremetituba içatu
20 citçaitçun eta ene erreclamationia legitimoa cen arren
ichiltassuna gardatu duçu ceinnac eguiasqui suprenitu
bainau eta ceinna seculan ez bainuben eguinnen holaco
cassuban edo bertce cein nahi denetan ceinnetan ene
laguntça baliatuco ahal baitciçaitçun Gauçac estatu hortan
25 cirelaric Aguerreco jaunac suffritcen çuben çor
citçaisenaren escartias idiarentçat eta bertce alde hortan
sartu gabe çure ganat ethortceco eguin tuben biyayetaco
despendiac alcate jauna nola Jose Vitorio eta franciscu
Goicoechia çure hirico fornidorrac ohoinça hortaco cohentac
30 precio apalian erossi dutelaeran eta saldu questione den
idia nola diot gauden asteasquenian hemengo mercatuban
causitcen baitciren aguer araci nituben ene aintcinerat
pagamendubaren galdeguiteco, bainnan arroçoin funti gabe
(...) batçuben gainnian ceinnen gatic pretenitcen baitute
35 errecursa içatia idia saldu diotenaren ganat, galde eguin
diotet eta conttentatu nais pausa arastias M. Levaillant
herri huntaco habitantaren escutan berrehun pezetaco suma
bat ide ebaxiac balio çuben arren haïnitz guchiago dembora
hartan, diru hori bere toquian egonen da Jaunalcatia, çuc
40 erreguelatcen eta ordenatcen duçuinno cer pagatu behar
duten salbo hequien errecursa ohoinnaren contra eta
eguiasqui ungui urus bere burubac estimatu behar litu(...)
ceren ez dituzten perseguitcen eta ceren contentatcen diren
hequien paga arastias batçubec eta bertciac merecitcen
45 duten demboraren crimaren handitassunaren arabera eta gure
leguien arabera galerac.
Orain Jaun alcatia, galdeguiten dut çure justiciatic ceinna
billatcen baitut dubela aspaldi erreguela deçaçun eta
ordena Vitorio eta Goycoetchiari pagatciaz beriala nahiago
50 ezbadute justician sar nadin hequin contra eta has deçadan
affera bat ceinnac obligatuco bainau hequin guida arastias
Bayonnarat erregueren Jaun Procuradoriaren aintcinerat
ceinna ecin debecatuco baita hequien condemnatcetic gaztu
handitarat eta dembora bateco pressondeguirat çure ganic
55 dependitcen da hequiei desagradamendia ori evitatcia.
Offreitcen dazusquitçut Jaun alcatia, ene serbitçubac parte
huntan eta salutatcen çaitut consideratione perfet batequin.
Balanqué - Maire.
Oharrak:
Gutun honetan beste ikerketa judizial baten berri ematen da, pasaitar batzuek Urruñan lapurtutako idi bat zela eta.
Argi ikusten da hau ez dela arazo honetan Urruñako alkateak egindako lehen gutuna, eta Pasaiakoaren isiltasunak haserre bizian jarri duela.
-14-
Bidarraiko alkateak Baztangoari azienden bazkari buruz 1876an bidalitako gutuna (cfr. Satrustegi 1986).
Commune de Bidarray
monsieur la Maire de Bastan
Fagorebat galdacendut Bastango Juntary; herri hau mugacenda Termino pochibates Erraçu eta Hariscunequin badu faceria
5 termino pochibat içendatua ardi bacarra bortz sos erranahidut bouruco soldobat pagatus. Orai artean galdatcen dudan diferencia:
1.- Mugatic acinda bera utz eta arcainic ez libro ardien tratacera Espaigniaco lurrian eta gau etzatez Erretiratcera
10 libro arcaina. Halahala frances ardiac sarçen badira nic. Orai usthe dudan baino Espaigniaco Territorian barnago Espagnola guibelerat bultatçera libro eta ardi bacarra paga buruco Orai baino sos bat guehiau erranahidut soldobaten plaçan sei sos paga.
15 Gracia hori escatcendut urthebaten ikusteco eta nihory Macurric écartcen badu dretcho duen beçela bastanec asquidu quençea berce urthean.
Salutacen çaitut beharden Errespetuez.
Bidarray le 5 Juin 1876. Le maire Cévarry.
Oharrak:
Arreko Sarako eta Itsasuko alkateen gisako gutuna dugu hau ere, azienden bazkak sortutako arazoez alegia.
Alabaina, oraingo honek badu halako hitzarmen proposamen baten itxura: adostasunean jartzeko baldintzak eskaintzen dizkio Baztango alkateari.
Bibliografia
Apat-Echebarne A. (1971), Noticias y viejos textos de la "Lingua navarrorum". Donostia, Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones.
Arocena F. (1958), "Paper zaarretan begira", EGAN XIII: 145-146. Donostia, RSVAP.
Carrión I. (1985), "Una carta de 1726 escrita en euskera procedente del Archivo Municipal de Hernani", BAP XLI, 1-2:372-374. Donostia, RSVAP.
Donostia P. Jose Antonio (1934), "Textos euskéricos del siglo XVIII", RIEV XXV, 4:688-695. Donostia, Eusko Ikaskuntza.
Irigarai A. (1972), "Cinco cartas eusquéricas del Ayuntamiento de S.J. de Luz al de Vera (de 1788)", FONTES LINGUÆ VASCONUM 12:345-351. Iruñea, Insitución Príncipe de Viana.
Irigoyen A. (1962), "Carta en lengua vasca dirigida en 1683 desde Bilbao por Fermin de Basauiluaso a Joanes de Callo, a San Juan de Luz", EUSKERA VII:259-269. Bilbao, Euskaltzaindia.
Satrustegi J.M. (1986), "Correspondecia vasca oficial del siglo XVIII", FONTES LINGUÆ VASCONUM 47:125-149. Iruñea, Institución Príncipe de Viana.
- (1987), Euskal testu zaharrak. Iruñea, Euskaltzaindia.
Zudaire E. (1968), "Correspondencia epistolar facera", BAP XXIV, 3-4:377-383. Donostia, RSVAP