FITeko munduko kultura ministroei deia
Artikulua PDFn
Ministro jaun/andreak,
XXI mendearen atalaurrean, itzulpengintzaren egitekoa izugarri hedatzen ikusten ari gara, kultura nazionalen garapenean, munduko prozesu kulturalean, eta baita herrien arteko komunikazioan ere. Itzulpena eta informazio itzulia ez dira sekula honen ezinbestekoak izan zientzia, literatura, kultura eta nazioarteko harremanen aurrerapenerako. Itzulpengintzak lehenago ez bezalako hedapena du, itzultzaileen funtzio soziala gero eta garrantzitsuagoa da, eta berauen lanak izugarrizko oihartzun zabala du.
Joera hauek, sekula baino gehiago, eskatzen dute itzulpengintza serioski hartu eta itzultzaileen estatus sozial, kultural eta profesionala orokorki hobetzea. Itzultzaile eta argitaratzaileen arteko harremanak, itzultzaileen heziketa, ordainketa, eskubideen babesa, eta beraien izen soziala eta kulturala hobetzea ere, etorkizunera begira aztertu beharreko arazoak dira.
Kontestu honetan, Itzultzaileen Nazioarteko Federazioaren (FIT) papera, itzultzaile elkarte nazionalen erakunde onegile gisa, gero eta handiagoa da. FITek 62 elkarte nazional biltzen ditu, eta UNESCOren aholkulari estatus gorena du, "A" kategoriako elkarte ez gubernamental gisa. FITeko sare eta aktibitateak kontinente guztietara zabaltzen dira, eta helburua dute, munduko edozein lurraldetan itzulpenak eta itzultzaileek dituzten arazoak konpontzea.
Itzultzaileen Nazioarteko Federazioak zuen laguntza eta bitartekotza eskatzen ditu, honoko arlo hauetan:
Lehenengo, uste dugu garaia dela azterketa orokor eta zehatza egiteko nazio bakoitzeko itzulpen arazoez, egoera ebaluatu eta berehalako erantzuna eskatzen duten arazoei heltzeko. Gure errespetu guztiarekin eskatzen dizuegu ekiteko azterketa horri zuen nazioko itzultzaile elkarteekin, beraien esperientzia eta konpetentziaren laguntzarekin. Oraindik itzultzaile elkarterik ez badago zuen nazioan, itzultzaile ospetsuengana jotzea litzateke zuzenena.
Oharterazi nahi dizuegu, gainera, itzultzaile profesionalen elkarteen beharraz, eta eskatzen dizuegu ahalegina egiteko sortu eta gara daitezen. Konturatu gara mundu zabalean zehar ezin direla itzulpen arazoak konpondu nazio barruko eta nazioarteko itzultzaile eta interpretarien ahalegin konkretua, konpetentzia profesionala eta iharduera antolatuarekin ez bada. Beraz, zuen aldetik harrera positiboa espero dugu, eta euskarri zintzoa, itzultzaileen elkarteentzat.
Bigarren, gonbidatu nahi zaituztegu zuen herrian aztertzera zein mailatan aplikatzen den "Itzultzaile eta itzulpenen babes juridikoaren gomendioa, eta itzultzailearen egoera hobetzeko bideak", UNESCOren Konferentzia Orokorrean onartutakoa, 1976ko azaroaren 17an, Nairobin. Eskaera honen arrazoiak dira, bai aipatu dokumentuak duen garrantzia bera eta baita zenbait naziotatik jaso dugun informazioa ere, non adierazten zaigun, Gomendioan erabakitako itzultzailearen estatus juridiko eta sozialaren oinarrizko hobekuntzak ez direla betetzen, dokumentu horretan aurrikusten ziren neurri konkretuak UNESCOren 143 nazio kideek onartuak izan arren.
Gure azken puntua, baina ez garrantzi gutxienekoa, heziketa da. Gure eritziz, benetan, arreta berezia eskaini behar zaio itzultzaileen heziketari, perfekzionamenduari eta aurrerapen profesionalari, batez ere belaunaldi gazteko itzultzaileei. Gure ustez, beharrezkoa litzateke bi mailatan heltzea arazo hauei; nazio mailan, herri bakoitzean neurri egokiak hartuz, eta nazioarte mailan, gomendio konkretuak egin eta onartuz, heziketa, promozio profesionala eta itzultzaileen eskubideen babesari dagozkien nazioarteko laguntzak arautzeko. Kontu hauek ez dute merezi duten arretarik jaso nazio askotan.
Horregatik, FITek deialdia egiten dizue kontuotan aurreratuen dauden nazioekin trukaketak eta laguntzak bultza ditzazuen eta, etorkizunera begira, arazo hauetan har ditzazuen beharrezko neurriak.
Zalantzarik ez daukagu, gure deialdia adituko duzuela, gure federazioaren asmoa bait da, gaurko munduko itzulpengintzari laguntzea, eta sinetsi nahi dugu ez zaretela geratuko beharrezko neurriak hartu gabe.
Eta besterik ezean, Ministro jaun/andreak, honekin batera adierazten dizugu gure begirunerik zintzoena duzuela.
Itzultzaileen Nazioarteko Federazioaren izenean,
Anna Lilova, Lehendakariak
René Haeseryn, Idazkari Nagusiak
(Beatriz Zabalondok itzulia)