Pinterren 'Maitalea' galdezka
Garazi Arrula

2013ko irailean aurkeztutako Hizkuntzalaritza Master amaierako lana du artikulu honek oinarrian. Euskarazko galde-perpausen funtzio diskurtsiboak aztertzea zuen helburu ikerlanak; horrela, funtzio diskurtsiboen sailkapen bat proposatu genuen, Harold Pinter-en The Lover antzezlana eta horren euskararako itzulpena oinarri hartuta. Artikulu honen xedea bikoitza da; batetik, proposatutako galde-perpausen funtzioak betetzeko hizkuntza bakoitzak (euskarak eta ingelesak) darabiltzan egiturei erreparatzea, eta, bestetik, antzezlanaren eta horren itzulpenaren alderaketa labur bat egitea.

* Pinterren Maitalea galdezka1

Hizkuntza-jolasen anizkoiztasuna aintzat hartzen ez baduzu, beharbada halako galderak egiteko tentaldia izanen duzu: «Zer da galdera bat?».
Wittgenstein | Philosophical Investigations (1958: §24)

Hizkuntza aukeren anizkoiztasuna aintzat hartuta ere, edo apika aintzat hartzen dugulako, galde-perpaus bat zer den eta zer ez den galdetu nion neure buruari, eta erantzuna bilatu nahi horretatik ekin nion Hizkuntzalaritza Master amaierako azterketa-lanari. Pragmatikaren alorretik begiratu nien galde-perpausei, eta zehazkiago beren funtzio diskurtsiboari. Galde-perpausak galdetzeko baino askoz gehiagorako erabiltzen ditugula jakinik, diskurtsoan zer funtzio duten jakin nahi izan nuen, zerk baldintzatzen duen funtzio hori, zer ondoriorekin, eta nola eragiten duten horiek euskarazko diskurtsoan.

Aritz Irurtzun Sviaguinchevak zuzendutako eta 2013ko irailean defendatutako ikerlanak Galde-perpausen funtzio diskurtsiboen sailkapen eta analisi bat zuen izenburua, eta Harold Pinterren Maitalea antzezlana zuen ikerketa-oinarri; azterlanaren bukaerako atala ekarri nahi izan dut hona, itzulpenari zuzenki lotzen baitzaio. Horrela, bada, helburu bikoitza du artikulu honek: batetik, proposatutako galde-perpausen funtzioak aipatuko ditugu labur, eta funtzio horiek betetzeko hizkuntza bakoitzak darabiltzan egiturei begiratuko diegu; eta, bestetik, itzulpen prozesuan erabilitako estrategiak izanen ditugu hizpide, ezaugarri formalek bezala itzulpena baldintzatzen dutelakoan.

Hasi aurretik bi ohar

Hizkuntza bakoitzak darabiltzan egitura formalek galde-perpausen funtzioen analisia eta sailkapena baldintzatzen dute; horregatik, eta terminologia argi gera dadin, ikerlanean proposatutako galde-perpausen funtzioen sailkapena hona ekarri dugu, labur bada ere, hizkuntza- egitura edo partikula horiek banan-banan ikusi aurretik.Azpimultzoak egin dizkiegu lau funtzio nagusi horiei, halakotzat hartzeko bete behar dituzten baldintzak ezberdinak direlakoan. Azpimultzo bakoitzaren ondoan galde-perpausaren funtzioaren adibide bana eman dugu, letra etzanez:

          1)  GALDERAK → informazio eskaerak dira
                   a) Solaskideari eginiko galderak: Non daude giltzak?
                   b) Nork bere buruari egindako galderak: Non utzi ditut giltzak?
                   c) Azterketa-galderak: Zein da Rayleighen iraungipen-funtzioa?

          2)  ESKAERAK → igorlearen edo hartzailearen aldetik ekintza dute helburu
                   a) Ekintza eskaerak –– Aginduak/Erreguak: Joan naiteke komunera?
                   b) Proposamenak: Joanen gaitun Herri Urratsera?
                   c) Gonbidapenak: Zerbait edan nahi duzu?
                   d) Ekintza eskaintzak: Nahi duzu ni joatea?
                   e) Errepikapen eskaerak eta deiktikoak: Barka, zer esan duzu?

          3)  GALDE-PERPAUS ERRETORIKOAK → adierazpen bat dute asmo
                   a) Harridura edo enfasia adierazteko: Bai? Benetan?
                   b) Berrespena lortzeko: Baina zuk ez duzu halakorik nahi, ezta?
                   c) Gutxiespena adierazteko: Zergatik zara horren inozoa?
                   d) Argumentazioari dagozkionak: Zuekin joanen naizen? Noski!

          4)  OIHARTZUNEZKOAK → insistentzia adierazten dute: Zer da hau? E? Zer da?

    Galderen eta galde-perpausen arteko bereizketa ere argi utzi nahi nuke. Kategoria gramatikalaz, bai sintaktikoaz bai semantikoaz mintzatzen garenean, «galde-perpaus» terminoa erabiliko dugu (halakotzat hartzen ditugu, beraz, sailkapenean adierazitako funtzioren bat duten guztiak); asmo jakin bat –solaskidearengandik informazio bat lortzea– helburu duten perpausei eta ez besteri, berriz, «galdera» deituko diegu. Hortaz, lau multzotan banatu dugu galde- perpausen funtzio diskurtsiboa, eta horietako bat da galderena.

    Harold Pinterren Maitalea antzezlana ikergai

    Euskarazko galde-perpausen funtzio diskurtsiboa aztertzeko, Harold Pinterren The Lover (1963) eta euskarako bertsioa Maitalea (itzul. Iñigo Errasti, 2006) oinarri hartu genituen. Antzerkigile garaikide ingelesen artean ezagunenetarikoa da Harold Pinter (Hackney, 1930eko urriaren 10a - London, 2008ko abenduaren 24a), eta absurdoaren antzerkiaren zantzuak dituen arren, Pinterrek bere antzerkia errealistatzat jotzen zuen. Dialogoetan ez dago deus soberan, nahiz eta lehenengo begiratuan erredundanteak edo zentzugabeak irudi lezaketen, eta hitzak oso neurtuak dira beti.

    Ekitaldi bakarrekoa da Maitalea, eta fantasia erotikoaren gauzatzea kontatzen du senar-emazte itxuraz zoriontsu baten bidez. Bikote protagonistaren joko sofistikatuan –bakoitzak muturreko bizpahiru rol interpretatzen ditu–, Pinterrek erakusten digu irudimenezko maitaleak nola bihurtzen diren kasik erreal.

    Jatorrizko testua eta itzulpena alderatzean, ingelesezko eta euskarazko galde-perpausak, eta, zenbaitetan, horien funtzio diskurtsiboak ez datoz bat. Hori hizkuntzen ezaugarri linguistiko edo tipologikoen araberakoa izan daiteke, esan nahi baita, hizkuntza horien nolakotasunak hala behartuta agertzen ahal zaizkigu jatorrizkoaren eta itzulpenaren arteko bat ez egiteak; baina itzulpenari dagozkion hautuen ondorio ere bada batzuetan, itzultzaileak erabili dituen itzulpen estrategien araberakoak (Toury, 1980). Bi maila horiei erreparatuko diegu jarraian, formalari, lehenik, eta itzulpen hautuei, bigarrenik.

    Alderaketa formala

    Hizkuntzari dagozkion ezaugarri tipologiko eta linguistikoei dagokionez, zenbait elementu formal aztertu ditugu, itzulpena baldintzatzen dutenak nahitaez; ondorioz, baliteke funtzio diskurtsiboen sailkapenean ere eragina izatea. Hauek dira atal honetan aztergai izanen ditugunak: AL partikularen funtzioa, euskarazko OTE partikula eta ingelesezko wonder aditzaren parekotasunak, ezeztapenaren erabilera eta ingelesez «tag-question» deritzanen maiztasun eta funtzioak.

    AL partikula

    AL partikula hamabost aldiz agertzen zaigu euskarazko testuko galde-perpausetan. Hamabost horietatik bederatzi galderen multzoan sailkatuko genituzkeen galde-perpausekin ageri dira, bat oihartzunezko galde-perpausekin eta bost erretorikoen multzoarekin. Galderen kasuan, ingelesezko testuarekin bat egiten dute beren funtzio diskurtsiboan, hots, euskarazko bederatzi horien baliokideak ingelesezkoan ere 'galderen' multzoan sailka ditzakegu. Espero izatekoa zenez,3 bederatzi galdera horiek guztiek bai/ez erantzuna eskatzen dute, baina aipatzekoa da bai/ez eskat zen duten galdera guztiei ez diela euskarazkoak AL partikularekin ordaina ematen, (1d) kasu. Hona adibide batzuk (bukaerako zenbakia nik aztertutako argitalpenen orrialdeei dagokie, eta letra etzanez ematen dut, berriz, aztergai dudan partikula):

    (1)    a.  Is your lover coming today? (1963: 1)
                 Etorriko al zaizu gaur maitalea? (2006: 11)

            b.  Will the shears be ready this morning? (12)
                 Gaur goizerako prest egongo al dira inausteko guraizeak? (28)

            c.  Are you all right, miss? (15)
                 Ongi al zaude, andereño? (33)

            d.  Did you show him the hollyhocks? (3)
                 Erakutsi dizkiozu malba-loreak? (14)

    Oihartzunezko galde-perpausa aurreko horien oso antzekoa da: bai/ez galdera da, baina aurretik ere hizlariak ahoskatutako galde-perpausa denez, eta insistentzia duenez xede, oihartzunezkoaren barruan sartu dugu. Izan ere, aldea badago batetik bestera. (2a)n ikusten dugunez, euskarazkoan lehenengo galderak ez du AL partikularik, bai, ordea, bigarren aldiz ahoskatzen duenean.4 Aipatu behar da ez dugula kontrako eredua agertzen den adibiderik; hau da, lehenengoz egiten den galde-perpausean AL agertzen eta berriz ahoskatzean AL desagertzen den eredurik ez dugu. Ez da gauza bera gertatzen (2b)ko adibidean, non bai hasierako galderak berak bai oihartzunezkoak duten AL partikula. Bai (2a)ko bai (2b)ko ingelesezko adibideetan, sarrerako galde-perpausa ahalik eta laburren egiten du, aditza jokatu gabe lehenengoaren kasuan eta aditzik gabe bigarrenean; biak ala biak, beren euskarazko ordainak bezala, galderatzat har ditzakegu, baina euskarazkoan ez dute biek bide bera jarraitzen. (2a) itzulpen hitzez-hitzekoagoan da, ahalik eta laburren, eta oihartzunezkoan garatzen du galde-perpausa, ingelesezkoak egin bezala; badirudi errepikatu behar horrek AL eskatzen duela, perpausa osatu eta indartzeko edo. (2b)n, ordea, euskarazkoa hastapenetatik galdera osoa dela esan dezakegu, aditza eta AL partikula ematen baititu. Baliteke perpausaren balioa positibotik negatibora aldatzen delako eman izana sarrerako galde-perpausetik AL partikula. Baliteke baiezkoan izan balitz itzultzaileak (2a)ren bide beretik jo izana: galdera AL gabe eta oihartzunezkoa AL-ekin. Hau da, AL partikulak indartzaile bezala funtzionatzen duela dirudi, errepikapena markatzen duena; (2a) adibidean lehena baiezkoan dagoenez, AL darabil galdera errepikatzean perpausa osatzeko. Ez dugu uste, ordea, deus gehitzen dionik (2b)ko AL horrek atariko galde-perpausari. Oihartzunezkoan, bai, errepikapenaz gainera, interpretazio bat gehitzen dio ulergarriago egiten duelako partikulak; hau da, solaskideak buruko mina duela esanez erantzun dionez hasierako galderari, Richardek ondorioztatzen du maitalea [he] ez zegoela sasoi oneko. Beste modu batera esateko, atariko galderari ez erantzuteak agerian utzi du Sarahren erantzuna zein litzatekeen (ezezkoa), eta horregatik jo du Richardek bigarrenean aurresuposizio negatiboa egitera.

    (2)    a.  RICHARD: Lover come? (Sarah does not reply) Sarah? (22-23) )
                  SARAH: What? )
                  RICHARD: Did your lover come? )

                  RICHARD: Etorri da maitalea? (Sarahk ez du erantzuten) Sarah? (46)
                  SARAH: Zer?
                  RiCHARD: Etorri al da zure maitalea?

    (2)    b.  RICHARD: In good shape? (23)
                  SARAH: I have a headache, actually.
                  RICHARD: Wasn't he in good shape?

                  RICHARD: Sasoi oneko etorri al da? (46)
                  SARAH: Egia esan, buruko mina dut.
                  RICHARD: Ez al zegoen sasoi oneko?

    Azkenik, AL partikula duten galde-perpausetako bost erretorikotzat jo ditugu. Horietarik bi baiezkoan daude, eta beste hirurak ezezkoan. Harridura adierazten edo berrespena bilatzen dute guztiek. (3a)n ikus dezakegu nola ingelesezkoak errepikapenera jotzen duen, amaierako galdera bidez,5 eta, beraz, oihartzunezkotzat jo liteke; euskarazkoak, berriz, beste bide bat erabiltzen du, AL partikularen eta aditza errepikatzearen bidez, erretorikotzat jo duguna. Izan ere, ez da egitura bere horretan errepikatzen, ingelesezkoan bezala, edo ez du aditza ezezkoan ('ez zen') soilik ematen; horren ordez, AL-en erabilerarekin, badirudi indartu egiten duela bigarren galde-perpaus hori, eta berrespena bilatzen duela. AL gabe eman izanez gero ('ez zen?'), zalantzarako tartea handiagoa dela dirudi; AL partikularekin 'lehen tearen ordua zen' proposizioaren baieztapena sendotuko balu bezala. Halako gehiago agertuko zaizkigu amaierako galderak aztertzen ditugunean. (3b)n, aldiz, baiezko bat dugu. Kasu horretan ere irudipena dugu indartu egiten duela galdegaia.

    (3)    a.  Earlier it was teatime, wasn't it? Wasn't it? (20)
                  Lehen, tearen ordua zen, ezta? Ez al zen? (42)

            b.  Is that what you do? (29)
                 Hori al da egiten duzuena? (56)

    Euskal Gramatika Lehen Urratsak V (Askoren artean, 1999) liburukian esaten da hizlariak aukeran duela partikula erabili edo ez, eta «perpausaren galderazko interpretazioa lagun dezake[ ela ] eta hori izan liteke[ ela ] agertzearen arrazoia, al duten galdera hauek ia-ia adierazpen- perpaus soilen intonazioa bera izaten baitute» (1999: 109). Galderaren izaera agerikoa egiteaz gain, ez omen dio inolako baliorik ematen, beraz. Oro har, ikusitako adibideen arabera esan daiteke, ordea, AL partikulak galde-perpausa osatu eta indartu egiten duela; kasu batzuetan, gainera, galde-perpausaren bidez adierazitakoaren gainean hizlariaren ustea indartu egiten du AL partikulak, (3a) adibidean ikusi dugunez. Baina ezin da esan (aztergai izan dugun itzulpenean bederen) inolako irizpide sistematikorik jarraitzen denik AL jarri ala ez erabakitzerakoan.

    OTE partikula

    Aztertutako bigarren ezaugarri formala OTE partikula izan da. Partikula horren erabileraren gaineko ikerketa deskriptibo baten harira, Joana Garmendiak diohizlariak entzulearen ezagutzaren gainean zalantzak dituenean erabili ohi duela. Gramatika eta hiztegietan badirudi bi funtzio ematen dizkiotela partikulari: i) galdera erretorikoak sortzea; eta ii) hiztunak zalantzak dituela adieraztea (EGLU V eta Orotariko Euskal Hiztegia). Alta, Garmendiaren ikerketen emaitzek diote hizlariak galdetzen duen horren inguruan entzuleak zalantzak izan ditzakeenean erabiltzen dela OTE partikula; hots, hizlariak zalantza duenean entzulea erantzuteko gai izanen den ala ez, alegia, entzuleak erantzuna badakien ala ez.

    Guk aztergai dugun testuan bi galde-perpaus ageri zaizkigu OTE-rekin, galderen multzoan sailkatu ditugunak, biak ala biak. Ingelesezkoak wonder aditza erabiltzen du, eta aipatu behar da horrek ez duela euskaraz ordain zuzenik aditz forman. Nork bere buruari egiten dion zehar- galdera sortzeko aditza da wonder; hala ere, solaskide bat baldin badago, nolabait, pentsa daiteke hizlariari galdera hori buruan dabilkiola adierazteko modua dela, eta entzulearen iritzia edo erantzuna bilatzen duela, zeharka bada ere. Izan ere, «zalantza, jakin-mina edo mirespena» (Oxford Dictionary) adierazten duen baieztapena egiten da wonder erabiliz, eta badirudi, beraz, solaskideari baieztapen bidezko zalantzaren berri ematean, hark zuri zalantza hori argitzeko zure desioa ematen dela aditzera. Horregatik sailkatu ditugu ingelesezkoak galderen barruan, informazio eskaerak direlakoan.7 (4b)k bat egin dezake Garmendiak adierazitako erabilerarekin, hau da, entzuleak ez du zertan jakin erantzuna zein den, nahiz eta hipotesi bat egin dezakeen; beraz, hizlariak zalantza eginen du entzulearen ezagutza horren gainean. (4a)k, ordea, ez du erabilera horrekin bat egiten, entzuleak ongi baitaki zein den galderaren erantzuna.

    (4)    a.  I wonder what he's like. (17)
                  Nolakoa ote da? (37)

            b.  I wonder if we'd get on. (17)
                 Ondo konponduko ote ginateke? (37)

    Euskarazko bietan galderen multzoan sailkatu ditugu, informazio eskaera agerikoa eta zuzena baita. Aipatu behar da jarraian beste galde-perpaus bat dagoela testuan, hori ere wonder aditzarekin, baina euskarazkoak beste bide batetik jotzen duela, apika baldintzaren ondorioz:

    (5)    I wonder if we'd… you know… hit it off.
             Horixe galdetzen diot neure buruari, ea… badakizu… ea ondo moldatuko ginatekeen.

    Adibide horretan solaskideari erreferentzia esplizitua egiten dion tarteki bat agertzen zaigu ('you know'), eta OTE baino zerbait gehiago behar duela dirudi.Beste bideren bat ere hartzen du itzultzaileak wonder aditza emateko; itzulpen estrategiei, eta, beraz, hurrengo atalari gehiago badagokio ere, jarraian aipatuko dugu beste bide hori. Izan ere, itzulpen hautu anitzak itzultzailearen esku badaude ere, jatorrian hizkuntzaren ezaugarriak daude maiz. Euskaraz ez baitugu wonder gisako aditzik, adierazten duena nork bere buruari galde egitea; hori dela eta, beste bide batzuetatik jo behar dugu, maiz parafrasia erabiliz. (5)ean ikusitako 'neure buruari galdetu' horretaz gainera, hurrengo adibidea ere agertzen zaigu testuan:

    (6)    RICHARD: What would happen if I came home early one day, I wonder? (10)
             SARAH: What would happen if I follow you one day, I wonder?
             RICHARD: Eta, neure artean diot, zer gertatuko litzateke egun batean
                                 goiz etxeratuko banintz? (25)
             SARAH: Eta, neure artean diot, zer gertatuko litzateke egun batean
                             atzetik joango banintzaizu?

    OTE partikularekin bi kasu baino ez ditugun arren, badirudi bi horiek ez dituztela irizpide berak jarraitzen, ez behintzat solaskidearen ezagutza maila aintzat hartzean; arestian esan bezala, (4a)n entzuleak badaki erantzuna zein den, ez ordea derrigorrez (4b)n. Esanen genuke OTE-k ez dituela egitura batzuk onartzen, hala nola, solaskideari erreferentzia esplizitua egiten dioten tartekiak, eta hobeki funtzionatzen duela perpaus laburrekin. Solaskideari egiten zaion interpelazioa handiagoa da OTE erabiltzean wonder itzultzeko erabili diren beste formulak baino, galdera zuzena egiten delako, eta, beraz, solaskideak erantzuteko beharra gehiago antzematen delako OTE bidezkoetan.

    Ezezko galde-perpausak

    Ezezkoen kasuan, bederatzi galde-perpaus ditugu ingelesezkoan. Galde-perpausaren hasieran daude guztiak, hau da, aditz laguntzailea (edo nagusia laguntzailerik ez dagoenean) lehenengo lekuan dator galde-perpausean. Gehienetan bat dator beren balio negatiboa euskarazkoan, funtzioa edozein dela ere; esaterako, (7a) berrespena bilatzen duen erretorikoa litzateke, eta (7b), ordea, eskaintza bat.

    (7)    a.  Don't you agree? (7)
                  Ez zatoz bat nirekin? (21)

            b.   Don't you fancy any cream? (13)
                  Ez zenuke esne gain apur bat nahiko? (30)

    Bi ezaugarri orokor horiekin (ezezkoaren kokapena eta balio negatiboa euskarazkoan gordetzea) bat egiten ez duten bi kasu ere baditugu. (8a)ko euskarazko adibideak ezezkoa atzeratu egiten du, denborazko osagarriaren ondoren jartzen baitu. (8b)ko euskarazko adibideak, berriz, balio positiboa du, nahiz eta ingelesezkoa ezezkoan egon. (8a'-b')n adierazi ditugu besteen bidetik jarraitu eta bi ezaugarri horiek gordetzekotan nola geratuko liratekeen perpausok.

    (8)    a.  Doesn't he smell me when he comes back in the evenings? (19)
                  Arratsaldeetan etxeratzean ez al du nire usainik hartzen? (41)
             a'. Ez al du nire usainik hartzen arratsaldeetan etxeratzean?

             b.  Aren't you sweet? (30)
                  Gozoa zara, ezta? (58)
             b'. Ez (al) zara gozoa?

    (8a')n hitz-ordena da gakoa, eta, beraz, perpausaren zer elementu indartzen den baldintzatzen du horrek; perpausaren interpretazioaren arabera emanen zuen itzultzaileak, bada, euskarazkoa. Bi kasuetan funtzio diskurtsiboa bera da, ingelesezkoarena, alegia. (8b') aukerak, berriz, ez dirudi ingelesekoaren funtzio diskurtsiboa gordetzen duenik, eta horregatik joko zuen itzultzaileak, apika, amaierako galdera bidez itzultzera. Izan ere, ingelesezkoak laudorio bat adierazten du, hizlaria hartzailea limurtu nahian baitabil, eta jolas horretan baitarabil perpausa. Ezezkoaren bidezko laudorioak nekez aurkituko ditugu euskaraz9 , eta (8b')k galderaren itxura luke (batez ere AL kentzen badiogu), ez balitz perpausaren edukia edo galdetutako hori (solaskidea gozoa ote den) oso bitxia delako.

    Testuan ez ditugu hainbeste adibide ere esateko zer modutan erabiltzen den euskaraz fokoa ezezko galde-perpausetan, ezta ingelesezkoarekin alderaketa bat egiteko ere.

    Amaierako galderak

    Azkenik, amaierako galderen egiturari dagokionez, askotariko aukerak eta bideak aurkitu ditugu. Gehienak erretorikoetan sartzen badira ere, eskaeren multzoan sailkatu dugu bat (9a), eta oihartzunezkotzat beste bat. Oihartzunezkoetan sailkatutakoak ez du bat egiten ingelesez eta euskaraz, hots, ingelesez oihartzunezkoa dena euskaraz erretorikotzat jo dugu (9b), ezta bukaeran doanez berrespen eskaera indartu egiten dela baitirudi. Era berean, solaskideak kasu egiten ez diolako eten labur baten ostean galdetzen dio berriz hizlariak (9c) adibidean, eta horregatik, bai jatorrizkoa bai itzulpena oihartzunezkotzat jo ditugu; ingelesezkoak ez du amaierako galdera markarik eta euskarazkoak bai, baina funtzio diskurtsiboa bera da bi kasuetan.

    (9)    a.  You won't be home too early today, will you? (12)
                  Gaur ez zara goizegi etxeratuko, ezta? (29)

             b.  So you had a picture of me this afternoon, did you, sitting at my office? (6)
                  Beraz, gaur arratsaldean nire irudia izan duzu gogoan, ni bulegoan eserita, ezta? (19)

             c.  Excuse me, have you got a light? Do you happen to have a light? (14)
                  Barka, surik baduzu? Ez duzu surik izango, ezta? (32)

    Lehenengo adibidean, hizlariak eskatu egiten dio entzuleari goizegi ez etxeratzeko, amorantearekin egon nahi duela aditzera emanez; bigarren adibidean bai euskarazkoa bai ingelesezkoa multzo berean sailka zitezkeen arren (oihartzunezkotzat, aurretik ere antzeko galde-perpausa ahoskatzen duelako, edo erretorikotzat, erantzuna aurretik ere emana dagoelako), bakoitza multzo batean sailkatu dugu, amaierako galderaren posizioak horretara bultzatuta, apika; hirugarren adibidean, ingelesezko dudazko happen horren ondorio izan daiteke euskarazko ezezko egituraren eta ezta leloaren arrazoia; hori hala balitz, hots, zalantzazko elementuak eta ezezko perpausak lotura balute, ondoriozta genezake zalantzaren interpretazioa argiago adierazten ahal dela euskaraz ezezko perpaus baten bidez, baiezkoaren bidez baino. (9c) horretan, atzeko helburua jazarpena da,10 ez sua eskuratzea; egitura galde-perpausarena da, ordea, ingelesezkoa eskaeraren antzekoagoa eta euskarazkoa erretorikoaren tankerakoa.

    Amaierako galdera bidezko beste galde-perpaus guztiak (33, zehazki) erretorikotzat jo ditugu. Alta, ingelesezkoak eta euskarazkoak ez datoz beti bat. Batzuetan, ingelesezkoan amaierako galdera ageri bazaigu ere, euskarazkoan ez zaigu ezta agertzen, efektu bera lortzen duen beste forma bat baizik (10a). Beste batzuetan alderantziz, euskarazkoan agertzen zaigu ezta, baina ez dugu halakorik ingelesezkoan (10b).

    (10)    a.  SARAH: It seemed to me you were just a little late.
                    RICHARD: Am I? (3)
                    SARAH: Iruditu zait pixka bat berandu zenbiltzala.
                    RICHARD: Bai? Berandu? (13)

             b.   You're not suggesting I'm jealous, surely? (10)
                    Ez duzu iradoki nahiko jeloskor nagoela, ezta? (25)

    Azkenik, ezta formaren hainbat baliokide aurkitu ditugu, ingelesezkoak ohiko amaierako galdera formula erabiltzen duen lekuan:

    (11)    a.  I wasn't looking for a double, was I? I wasn't looking for a woman I could respect,
                   as you; whom I could admire and love as I do you. Was I? (8)
                   Ez nenbilen zure doble baten bila, ezta? Ez nenbilen errespeta nezakeen emakume
                   baten bila, zu bezalako bat, miretsi eta maita nezakeena, zurekin gertatzen zaidan legez.
                   Ez da hala? (22)

             b.  Earlier it was teatime, wasn't it? Wasn't it? (20)
                  Lehen, tearen ordua zen, ezta? Ez al zen? (42)

             c.  It's you, you now, here, here with me, here together, that's what it is, isn't it? (20)
                  Zeu zara kontua, zeu, hementxe, nirekin, gu biok elkarrekin, horixe da kontua, ez ala? (42)

             d.  You have no right to treat a married woman like this. Have you? (29)
                  Ez duzu eskubiderik emakume ezkondu bat horrela tratatzeko. Ez al da hala? (58)

    Lau forma ezberdin ikusten ditugu, ingelesezkoak ohiko amaierako galdera egitura gordetzen badu ere. (11a) eta (11d) antzekoak dira ingelesez, aurreko adierazpenari erreferentzia egiten dioten perpausak dira. (11b) errepikapena da, oihartzunezkotzat har litzatekeena bi testuetan, nahiz eta euskaraz ez duen bere horretan errepikatzen. Baliteke euskaraz eztaleloarekin bakarrik ezin perpausik osatzea, errepikapena saihesteko nahia ez baita aukera bat errepikapenez jositako testua izanik. Euskarazkoei erreparatuta, badirudi, halaber, (11c)ko amaierako galderak zalantza handiagoa sortzen duela (11b)koak eta (11d)koak baino, eta azken bi horiek baieztapenetik hurbilago daudela. Hala ere, intuizioak baizik ez dira horiek, eta ezin enpirikoki berretsi. Ondoriozta dezakeguna da ez dugula irizpide sistematikorik aurkitu ohiko ezta formularen baliokide izan daitezkeen horien erabilerarako, eta, beraz, horiek ere itzulpen-hautuak izan daitezkeela, estilistikoak.

    Itzulpenari dagozkion aldeak

    Ingelesezkoaren eta euskarazkoaren galde-perpausen sailkapenek bat egiten ez duten kasu askotan ezaugarri formalen baten ondorioz dela esan dugu; baina badira beste kasu batzuk ere itzulpen estrategiei edo itzultzailearen hautuei dagozkienak. Halakoetan, ingelesezkoaren bestelako konnotazioak har ditzake euskarazkoak. (12) bezalako adibideak ditugu, non galde- perpausaren funtzio diskurtsiboa bera bada ere bi hizkuntzetan, hitzez-hitzezkoa ez den bestelako bide bat hautatu baitu itzultzaileak:

    (12)   Your lover came, did he? (3)
             Etorri zaizu, beraz, maitalea? (14)

    Adibide horretan, bai ingelesezkoak bai euskarazkoak galde-perpaus erretorikoen funtzioa dute. Alta, badirudi ingelesezkoak berrespena baizik ez duela behar; esanen genuke euskarazkoak hizlariaren zalantza maila handiagoa erakusten duela. Efektua lortzeko, jatorrizkoak amaierako galdera bat erabiltzen du, baina euskarazkoak horren baliokide izan daitekeen bukaerako ezta eman beharrean, beste bide bat hartzen du, beraz lokailuarekin. Beti erakusten du lokailu horrek badela aurresuposizio bat erabiltzen duenaren gogoan (Salaburu, 2010); hau da, lokailuak ondorioa adierazten du, eta ondorioaren aurrekariak ekarriko luke aurresuposizioa, izan ere, baieztapena zalantzan jartzen da bai/ez galderaren bidez ('etorri zaizu?'). Nolanahi ere, ingelesezkoan aurresuposizio hori indartu egiten dela uste dugu. Balio bera ematen dio, baita ere, Euskal Gramatika Lehen Urratsak III liburukiak (1999: 141-145), beraz «dedukzio» bat adierazteko erabiltzen dela baitio; kokalekuari buruz, liburuki berak dio perpaus barnean joan daitekeela galde-perpausa denean.

    Beste batzuetan, aldatu beharrean, elementuren bat gehitzearen ondorioz sortzen da bat ez egitea:

    (13)   a.  Should I have done? (3)
                   Erakutsi egin behar nizkion, ala? (14)

             b.  Are you drunk? (20)
                   Zer zaude, mozkortuta ala? (41)

    Bi kasuetan ALA juntagailu hautakaria darabil itzultzaileak. Ingelesez ezin da halakorik egin, beraz, kontrako noranzkoan (euskaratik ingelesera) ez luke baliokide hitzez hitzezkorik. (13a) adibidean ingelesezkoa galderatzat jo dugu, eta euskarazkoa, berriz, erretorikotzat. Galde- perpausetan, juntagailu hautakariekin, bigarren elementua zehaztu gabe uzteko aukera dugu (kasu honetan, 'ez nizkion erakutsi behar'). Hiztunak pentsatzen du edo itxura hartzen du solaskidearen nahia zela '[ malba-loreak ] erakustea', eta uste horren ziurtasunaz galdetzen dio.

    (13b) adibideko galde-perpausak gaitzespena du helburu, eta, beraz, uste dugu hizlariak ez duela erantzunik espero: irain moduko bat baizik ez da. Euskarazkoak, ordea, iraina egin egiten badu ere, agerikoagoa dirudi. Izan ere, begi bistakotasunarekin lotu dezakegu, hau da, ebidentea da hizketa-laguna ez dagoela mozkortuta, eta hortik irainaren handia, erantzuna bistakoa izanik ere, galde-perpausa formulatu egiten baitu. Hitz-ordenak perpausaren izaera markatua indartzen du. Bi kasu horietan, behintzat, juntagailuaren ondorengo elementua zehaztu gabe utziz, perpausak galdera hautakariaren kutsua erabat galtzen du; (13a)k argi uzten duen bezala, ALA-rik gabe galde-perpausa galdera litzateke, eta jatorrizkoaren funtzio bera gordeko luke. Beraz, esan dezakegu ALA jarrita beste adiera bat ematen zaiola perpausari, eta badirudi gehiago lerratzen dela ezezko erantzun bat itxarotera.

    Juntagailu hautakariarekin gertatzen den bezala, beste elementu bat gehitzearekin aldatzen da funtzio diskurtsiboa kasu honetan:

    (14)   You're not in any way jealous? (12)
              Ez zaude inolaz ere jeloskor, ezta? (28)

    (14)an itzultzaileak ezta gehitu dio bukaeran galde-perpausari. Galderen multzoan sailkatuko genuke ingelesezkoa. Aurretik ere azaltzen da galde-perpaus antzeko bat, baina nahiko atzean geratzen da (bi orrialde atzerago), eta gainera hizlariak ez datoz bat; behin baino gehiagotan nahastu zaizkigu sailkapenean oihartzunezkoak eta erretorikoak11 , baina halakoetan ere funtzioari begiratu diogu, ez ezaugarri formalei. Euskarazko ordainak, ordea, uste sendoago bat adierazten du, eta berrespena du helburu; horretarako, amaierako galdera hori baliatzen du. Berrespena helburu duen erretorikotzat jo dugu, beraz.

    Itzulpen estrategien artean, konpentsatzea, esplizitatzea, eta murriztea aurkitu ditugu (Fawcett 1997, Toury 1980, Baker 2011). Azken biek jatorrizkoan ez zeuden elementuak gehitzeari, zehazteari eta kentzeari egiten diete erreferentzia, eta esplizitatzearekin batera, gehien aurkitu ditugun estrategiak izan dira. Aunitzetan, itzultzaileak zer galdetzailea gehitu dio galde-perpausari (15a), jatorrizkoan halakorik agertzen ez bazen ere. Era berean, galde-perpausen hasieran eta juntagailuak ageri zaizkigu itzulpenean (15b), ingelesezkoan ez zeudenak. Ahozkotasunaren mesedetan izan daitezke hautuok.

    (15)   a.  Tired? (2)
                  Zer, nekatuta? (13)

                  Did you go out at all, or did you stay in? (3)
                  Zer... azkenean kalera irten zarete, ala hemen geratu zarete? (15)

             b.  How… do you talk about me? (9)
                  Eta nola… hitz egiten duzue nitaz? (24)

                  Who doesn't? (11)
                  Eta nork ez? (27)

    Esplizitatzea maiz agertzen den baliabidea da; izan daiteke ingelesez elipsi bidez ematen den elementua ageriko egitea, ala jatorrizkoan generikoagoa zen elementua zehaztea. Gehienetan argitara ateratzen den elementua aditza bada ere (16a), jatorrizkoan elipsi bidez ematen zena, beste batzuetan objektua (16b) edo subjektua (16c) esplizitatzen dela ikusi dugu. Era berean, askoz gutxiagotan baina kontrakoa ere gertatzen da batzuetan; hots, aditzak, objektuak eta bestelakoak jatorrizkoan esplizitu ematen dira, eta elipsi bidez euskarazkoan (16d).

    (16)   a.  Pleasant afternoon? (3)
                  Arratsalde atsegina izan duzu? (14)

                  Very high heeled, aren't they? (6)
                  Takoi luze-luzea dute, ezta?

                  Cream? (13)
                  Esne gainik nahi? (30)

             b.  See anyone? (3)
                  Ezagunik ikusi duzu? (13)

                  Any good? (3)
                  Bazkari gozoa? (14)

             c.  This is used, isn't it? (28)
                  Hau norbaitek erabilia dago, ezta? (54)

             d.  Would you like that? (27)
                  Nahi duzu? (53)

                 Does it really? (5)
                  Benetan? (17)

    Kopuruari bakarrik begiratzen badiogu, beraz, esan dezakegu euskarazkoak joera handiagoa duela zehaztera, ingelesezkoak baino. Banan-banan jo beharko genuke zehazte bakoitzaren zergatien bila, galde-perpausa agertzen den testuingurua aintzat hartuz. Alta, lan honen muina itzulpen teoria ez denez, joera eta estrategia nagusiak baino ez ditugu aipatuko. Eta horietako beste bat konpentsazioarena da. Horren bidez, testuaren toki jakinen batean eman ezin izan den hori beste nonbait azaltzen da; adibide gisara galde-perpaus hauek ditugu:

    (17)   RICHARD: He is married, isn't he?
             SARAH: Mmmn.
             RICHARD: Happily?
             SARAH: Mmmn. (A pause) And you are happy, aren't you? (12)

             RICHARD: Ezkondua da, ezta?
             SARAH: Mmmmn.
             RICHARD: Eta zoriontsu?
             SARAH: Mmmmn. (Etena) Zeu ere zoriontsua zara, ezta? (28)

    Adibide horretan, itzultzaileak eta juntagailua gehitu dio Richarden bigarren galde- perpausari, ingelesezkoan ez dagoena; beraz, konpentsatzeko-edo, hurrengo galde-perpausean zegoen and hori ez du euskarazkoan eman. Juntagailuak bi perpausen arteko lotura adierazten duenez, baliteke euskarazkoak lotura hori esplizitu egin nahi izatea; izan ere, subjektu bera dute Richarden bi galde-perpausek, baina subjektua aldatu egiten da Sarahren galde-perpausean. Lotura estuago hori adierazteko jarriko zuen, apika, itzultzaileak juntagailua ingelesezkoan ez zegoen tokian, eta konpentsazioagatik kendu azken galde-perpausean.

    Bukatzeko, aipatu nahi dut halako hautuak itzulpen prozesuaren parte ezinbesteko direla, xede-hizkuntzak ezartzen dituen muga linguistiko eta tipologikoen araberakoak, edo itzultzaileak darabiltzan itzulpen estrategien eta irizpide linguistiko zein traduktologikoen ondorio.

    Ondorioak

    Adierazpen kategoriko bat, nire ustez, ez da inoiz bere horretan egonen ezta finitua izanen. Segituan aldatuko dute, dituen beste hogeita hiru interpretazioetako batekin. Beraz, egiten dudan adierazpen bat bera ere ez da behin betikotzat eta bukatutzat hartu behar; beharbada ia behin betikoak eta bukatuak izanen dira; baina bihar nik ez ditut halakotzat hartuko, eta ez nuke nahi zuk gaur halakotzat hartzerik.
    Pinter | in Brown (1972: 16)

    Jakin badakigu, aztergai izan dugun Pinterrek bere adierazpenei buruz zioen bezala, azterlan hau ez dela izanen, apika, betierekoa eta behin betikoa. Alta, jatorrizkoaren eta itzulpenaren arteko alderaketa baten bidez, euskarazko galde-perpausek dituzten ezaugarriak aztertu eta hobeki ulertzen saiatu gara; horretarako, hizkuntzaren elementu formal batzuei eta hautu nahiz estrategia traduktologikoei erreparatu diegu, biek ala biek galde-perpausek diskurtsoan duten funtzioa baldintzatzen dutelakoan. Espero dut azterlan hau gogoetagai izanen dela; hori baita asmoa, erantzun osoa aurkitu ezean, galdera bat zer den galdetzeari ez uztea.


    Erreferentziak

    ASKOREN ARTEAN (1990). Euskal Gramatikaren Lehen urratsak III. Lokailuak, Bilbo: Euskaltzaindia.

    –––––, (1999). Euskal Gramatikaren Lehen urratsak V. Mendeko perpausak, Bilbo: Euskaltzaindia.

    BAKER, M. (2011). In other words. A coursebook on translation, 2nd edition, London&New York: Routledge.

    BROWN, J.R. (1972). Theatre language. A study of Arden, Osborne, Pinter and Wesker, London: Allen Lane The Penguin Press.

    ETXEPARE R. & M. URIBE-ETXEBARRIA (2008). «On negation and focus in Spanish and Basque», in Gramatika jaietan: Patxi Goenagaren omenez, Artiagoitia X. & J.A. Lakarra (argk.), UPV/EHU, 287-310 or.

    FAWCETT, P. (1997). Translation and Language, Manchester: St. Jerome.

    FIENGO, R. (2007). Asking questions, using meaningful structures to imply ignorance, Oxford: Oxford University Press.

    PINTER, H. (1963). The Lover, London: Samuel French.

    –––––, (2006). Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk, itzul. Iñigo Errasti, Donostia: Elkar.

    SALABURU, P. (2010). «Beraz eta bada», Pello Salaburu & Patxi Goenaga (argk.) Sareko Euskal Gramatika, EHU. http://www.ehu.es/seg/morf/5/19/4/1

    TOURY, G. (1980). In Search of a Theory of Translation, Tel Aviv: Tel Aviv University.

    WITTGENSTEIN, L. (1958). Philosophical Investigations, itzul. Oxford: G.E.M Anscombe, Basil Blackwell.


    1. Honako artikulu hau UPV/EHUko Hizkuntzalaritza programaren lan ildoari dagokio eta doktorego aurreko ikertzaileak prestatzeko UPV/EHUko laguntza jaso du. Halaber, lanaren defentsan epaimahaian egondako Fernando Garcia Murga eta Gorka Elordieta Altzibar irakasleei eskerrak eman nahiko nizkieke beren iruzkin jakingarriengatik.

    2. Luzera-muga dela eta, ez dugu sailkapena gehiago arrazoituko. Horri buruzko xehetasunak eta azalpen zabalagoa nahi dituenak eska ditzala argibideak edo ikerketa-lan osoa hemen: garazi.arrula@ehu.es.

    3. Hala ageri zaigu gramatika eta hiztegietan. Orotariko Euskal Hiztegiak, esaterako, hala definitzen du: «Galde-perpaus absolutuetan (baiezko ala ezezko erantzun bat eskatzen dutenak) erabiltzen den partikula». Alta, hiztegi bereko beste adiera batean dio zeharkako galde-perpausetan ere erabiltzen dela, eta horietan ez dela beharrezkoa galde-perpausa absolutua izatea.

    4.(2a)ko adibidean, galderatzat ditugu Richardek egiten dituen galde-perpausak, bai lehenengoz bai bigarrengoz ahoskatzen dituenean. Izan ere, funtzio diskurtsiboa gorde egiten da baldin eta solaskideak galdera entzun ala ulertu ez badu, eta, beraz, errepikatzeko eskatzen badio.

    5. Ingelesezko «tag-question» deritzanei «amaierako galdera» izendapena eman diegu artikulu honetan. Egitura gramatikal horren bidez, adierazpen edo agindu bat galde-perpaus bihurtzen da bukaeran galderazko atal bat gehituz. Esaterako, «Zuk hamabost urte dituzu» adierazpena galde-perpaus bihurtzen da «ezta?» bukaeran gehitzen badiogu: «Zuk hamabost urte dituzu, ezta?».

    6. Euskadi Irratiko 2011/11/11ko «Jakin Minez» saioan adierazitako hitzak dira, eta hemen irakurritakoak: http://prezi.com/f3xwzcehazwb/mcc-2012/

    7. Fiengoren (2007) esanei jarraitzen badiegu, ordea, baliteke sailkapena bestelakoa izatea. Bere analisiaren arabera, wonder bidezkoen gisako zehar-galderak ez dira osagabeak, eta, beraz, zalantzan jartzen du beren galde-perpaus izaera.

    8. Badago honela ematea: 'Badakizu… ea ondo moldatuko ote ginatekeen'. Hor, baina, aditz nagusia aurreko perpausean genuke; gainera, zuzenean heltzen dio hizlariak solaskideari, eta jatorrizkoan ez zaigu hala gertatzen. Beraz, jatorrizkoaren bidetik jotzeko, (5)ean itzultzaileak egindakoa iruditzen zaigu aukera posible bat, aditz nagusi bat jartzea aurretik, izan 'neure buruari galdetu', izan 'pentsatu', izan bestelako bat. Alta, 'neure buruari galdetu' eta OTE ager zitekeen esaldi berean: 'Horixe galdetzen diot neure buruari, ea… badakizu… ea ondo moldatuko ote ginatekeen'. Itzultzaileak bakar bat jartzearen alde egin du, apika biak jartzea erredundantea irudituko zitzaiolako.

    9. Bitxia dirudi ez bada hirugarren pertsonan erabiltzen, entzunagoak izan daitezkeenak. Adibidez: Ez al da polita gure neskatxa?

    10. Izan ere, hori da antzezlan honetako senar-emazteek duten maite-jolasa; rolak hartzen dituzte, horien arabera jokatzeko, eta horietako bat da gizaseme kaletarrak jazartzen duen emakumearena, ondoren gizon berak jokatzen duen salbatzailearen figura agertzeko. Sua eskatzea emakumea jazartzeko modua baizik ez da, eta hala gertatzen da elkarrizketak aurrera egin ahala, emakumeak bakean uzteko eskatu eta gizonak haren gorputza haztatzen baitu, pizgailu baten bila bezala.

    11. Pinterren obraren ezaugarrietako bat da errepikapenen erabilera.