Txomin Arratibel (1956-2015)
Txomin Arratibel EIZIEko bazkidea 2015eko martxoan zendu zen, gaixotasun txar baten ondorioz. ETB sortu zenean, ikus-entzunezkoak bikoizketako gidoiak atontzen hasi zen. Dena eginkizun zegoen garai hartan, kanpoko film eta telesailetan euskal sena jartzen ahalgintzen zenetako bat izan zen. 1990. urtetik aurrera, lan mota hori nabarmen jaitsi izanaren ondorioz, beste asko legez, min handiz, beste itzulpen eta lanketa batzuetan hasi zen; hiztegigintzan, besteak beste, Morris ingelesa-euskara hiztegian. Bestalde, elkartean beti izan zen ikus-entzunezkoetako itzultzaile eta egokitzaileen defendatzaile eta aldeko sutsua.
Txomin Arratibel joan zaigu, martxoan. Gaixotasun txar batek eraman zigun betiko. Aspaldiko urteetan ez nuen ikusi, berririk ere izan ez, eta ustekabean harrapatu ninduen haren heriotzak.
Laurogeiko hamarkadan ezagutu genuen elkar; Euskal Telebistaren hasierako urteak ziren, bikoizketarako gidoiak atontzen aritzen ginen K2000n. Dena zegoen egiteko, eta ausartu ere ausartzen ginen hitz hau sartzen eta egitura hura moldatzen, edo erdal esaerak ahalik eta taxu euskarazkoenera aldatzen. Kanpoko film eta telesailetan euskal sena jartzea zen gure tema, atzerritarren espazio-denboren neurrietara errendituta, gainera. A zer-nolako buruhausteak! Erdal berbak kendu, eta nola osatu euskarazkoekin elkarrizketak, euskal doinua izan zezaten… Jatorri arrotzeko filmak nola landu, etxekoen belarrietara gozo-gozo gerta zitezen. Alegia, euskal musikan nola eman munduko sinfoniak, batere desafinatu gabe. Euskararen lagun gaiztoenei, erdaretatik isil-misilka isurtzen zirenei/zitzaizkigunei, ahalik eta lasterren antzeman eta nola eman alto. Telebista publikotik gure lana zuzentzen zigutenei nola jakinarazi badirela euskara asko baina bat dela dena, euskara izanez gero.
Txomin ez zen makalena, ezta azkena ere, obratze horietan. Askoren adinako belarri fina bazuen hark. Hizkuntzaren sena ere bai, eta gogo faltarik ez, sekula, gidoi bat hobetzeko edo pertsonaia bat zegokion egokieraz janzteko.
Urrutira gabe, urte txarrak etorri ziren bikoizketarako, laurogeita hamarreko hamarraldi hasieran, eta askok beste lanbide batzuetara jo behar izan genuen, hileko soldata irabaziko bagenuen. Txomin ere, min handiz, beste itzulpen eta lanketa batzuetan hasi zen; hiztegigintzan, besteak beste. Morrisekin eskuz esku aritu zen ingelesa- euskara hiztegian. Inon ez da egongo esanda, ez idatzita, zer erantzukizunekin heldu zion lan eskerga hari. Itzultzaile oso ona zen, bai; eta, are gehiago, langile fin-fina.
Gero Mixerren ere aritu zen berriro, ETBrako bikoizketa-gidoiak prestatzen. Ez alferrik! Lan-baldintzak negargarri bilakatuak ziren jada, eta Txominek duintasunaren aldeko hautua egin zuen. Beharrerako prest egotea zen gauza bat, eta, beste bat, oinazpian inork zapalduta bizi beharko zuela onartzea. Hark ez zuen berehalakoan etsiko! Ez, behintzat, egoera iraultzeko ahaleginik egin gabe.
Ordurako, familia koskorra ere hazten zihoan. Kezka handiz bizi zuen seme-alaben euskarazko heziketa, eta ardurak hartzen zuen haien etorkizuna irudikatzean. Euskal Herriaren jite-aldaketari uzkur begiratzen sumatu nuen, eta iragan sasoiengatik malenkoniatsu.
Halabeharrez, batek jakin zergatik eta nola, gure bideak banandu egin ziren. Betiko banandu ere. Asko uste barik, gogora ekarri ditut nire barne mintzo batzuk, oroitzapenez jantziak. Aurrerantzean, hitzek emango diete bizia sentimenduei: bihotzean gordeak genituenak betiko iraunaraziko ditugu.
Duin bizitzen jakin eta duin joan zen Txomin Arratibeli, gorazarrez.