Editoriala
Karlos del Olmo

Musika ezinago ederrez apaindu zuen Imanol kantariak Sarrionandiaren Aldaketarik aldaketa poema. Eta egoki bai egokiak dira musika zein ahapaldiak euskal itzulpengintzaz jarduteko, lanbide hau "larru berrituz" datorren sugegorriaren antzekoa denez gero. "Egunik egun datoz egunak", hizkuntzak, kulturak eta horiek denak itzuli beharrak aldatzera, "biharrak gaurtzen eta etziak atzotuz", zenbaki honetara bildutako ekarpenek erakutsi legetxe.

Aldatu egiten dira itzulgaiak eta ikertzaileen jomugak, eta, horiekin batera, profesionalon beharrizan eta lanabesak. "Aldatzen da mundua", eta aldatzen itzulpengintza: biak gero eta digitalagoak dira, gero eta ezin ukituzkoagoak –itzultzaileak nonahi izan dezake lantokia, eta testu itzulia ia paratzeaz batera ikus dezake hartzaileak, nonahi, zeingura tresnez–. Eta zuzenketa, interpretazioa eta itzulpengintza "momia" ez direnez gero, galdera eta erantzunekin batera aldatzen dira.

Bestalde, euskaldunen hizkuntz gaitasunak ere mutatzen ari direnez gero –belaunaldi berriak gero eta eleaniztunagoak izatearen ondorioz–, itzulgaien lehentasuna ere mudatu beharra izango dute itzulpen politiketan eskua dutenek: "biharrak gaurtzea eta etziak atzotzea", horra hor beste eginkizun presazko eta (seguru asko) eskergabe samar bat. Galdera aldatzen bada, "aldatzen erantzuna" ere. Oso bestelako kontua da azala aldatzeaz gain, mamia ere aldatzen ari ote den argitzea; hori, ordea, ikertzaileei eta teorialariei dagokie, batez ere. Eta eginkizun horretan, Senez laguntzeko gerturik dago.

"Mundu honetan dena / sortzen da aldatzeko", nork lekukotasun hoberik, barren, euskal itzulpengintzak baino? Aldizkari honen ibilbideari eta edukiei behako bat eman besterik ez dugu.

Izan ere, itzultzaile, interprete eta zuzentzaileok "ere aldatzea / ez da harritzeko". "Baina ez da aldatzen / zerbait ene (gure?) baitan": hizkuntzei on iriztea eta elkarrena elkarri itzultzeko gogoa.