Lin Shu, Kixoteren egilea
Lin Shu txinatar idazleak literatura-lan ugari itzuli zituen mandarin klasikora, XIX. mendearen amaieran. Metodo berezi bat erabili zuen horretarako, gainera: laguntzaileei testuak ber-bertan ahoz itzularazten zizkien txinera xehera, eta gero berak «irakurraldiok» berrinterpretatu eta mandarin klasikoz paratzen zituen.
«Txina adierazle erakusgarri bakan horietako bat da, ondoriorik gabe landu ezin daitekeena: oso gutxik azter dezakete norberaren mamuak erakutsi gabe; alde horretatik, Txinaz mintzo dena bere buruaz ari da».
SIMON LEYS
Ezezagun izango duzue, noski, Lin Shu izena. Halere, aspalditik, literaturaren historiako eskuliburu guztietan agertu beharko zuen. Jakintsu autodidakta handi hau Fujian eskualdean sortu zen, Txinako hego-ekialdean, Qing dinastiaren garaian, Txinatar Inperioaren azken hondarrean. Margolaria, kaligrafoa, eleberri-egilea, narratzailea, poeta, saiakera-idazlea eta itzultzailea. Egin ere, Txinako lehenbiziko literatura-itzulpenak egin zituen XIX. mendearen amaieran, halako testuak, nolabait esateko, ments baitziren hango liburutegietan: gizaldi eta gizaldiren buruko, antzinako testu txinatarren iruzkinek osatzen zuten txinatar tradizioa, eta ez inportazioek. Lin Shuren ekarriak, bada, berealdiko garrantzia izan zuen idazle eta liburu guztiz exotikoak zabaltzeko txinatar irakurleen artean; batik bat, aurrenik, Ingalaterrakoak eta, ondoren, Frantziakoak, Estatu Batuetakoak, Suediakoak eta Alemaniakoak. Berak, ordea, ez zuen ulertzen atzerriko hizkuntzarik; ez ahozkorik, ez idatzizkorik. Lehenik, laguntzaile-itzultzaile bati irakurrarazten zizkion testuak goraki, ustez eta, teorian bederen, jatorrizkoaren hizkuntza ulertzen zuela eta gero ahozko mandarinera behar bezala interpreta zezakeela; beraren exegeta finenek –bakanak dira, egia– diotenez, Lin Shuk mandarin klasikoz berridazten zuen dena, ahalaz jatorrizko partiturari hertsiki lotuz. Alegia, narrazioaren argumentua lehenetsiz doinuaren, erritmoaren edo estiloaren gainetik. Lin Shu, bere buruari horretarako baimena emanez, dohain miragarri horren jabe izan zen: besteren begien bitartez zeinahi hizkuntza irakurtzeko gai izatea.
Hemeretzi laguntzailez baliaturik, Mendebaldeko literaturako ia berrehun lan klasiko itzuli, edo, zehazkiago, berridatzi zituen; besteak beste, Balzac, Shakespeare, Dumas aita-semeak, Tolstoi, Dickens, Goethe, Stevenson, Ibsen, Montesquieu, Hugo, Txekhov eta Loti. XX. mendearen hasieran, bertsio horietako batzuk Txinan gehien saldutako liburuen artean egon ziren, hala nola Kameliadun dama, ordukoan Kameliadun paristar damaren oinordekotza izenez agertua. Are liluragarriago eta misteriotsuagoak dira beraren argitaratu gabeko berrogeita hamar itzulpen inguru, oraindik inork ezin izan baitu zulatu nork edo zer hizkuntzatan idatziak diren. Eskuizkribu galdu horien artetik badira guretzat erabat ezezagun diren lan gorenak.
Liburuek, maiz, estratak eta beste zidor adarkatu batzuk hartzen dituzte, mugak gainditzeko eta espero gabeko lekuetara iristeko. Literaturaren historian, baita idazkuntzarenean ere, ez dira eskas halako kasuak. Isaac Bashevis Singer gazteak –Knut Hamsun, Romain Rolland edo Gabriele d'Annunzio yiddishera itzuli arren–, ez zekien, nonbait, norvegieraz, frantsesez edo italieraz, ezta batere; Polonian gerra aurrean zabaldu ziren alemanezko itzulpenez baliatu zen. Witold Gombrowicz-ena ere adibide ezaguna da; bere Ferdydurke berridatzi egin zuen gaztelaniaz, Virgilio Piñera-ren eta Humberto Rodríguez Tomeu-ren laguntzaz, biak ere kubatar idazleak polonieraz zipitzik ere ez zekitenak, eta, gero, berak frantsesera berritzuli zuen bertsio hori, Buenos Airesko Alliance Française-ko irakasle baten laguntzaz (Ferdydurkeren lehenbiziko edizio frantsesa izango zen, Maurice Nadeau-k argitaratua 1958an).
1921ean, Lin Shuk Kixoteri heltzea erabaki zuen, 1885ean plazaratutako ingelesezko itzulpen batetik abiaturik. Haren laguntzaile Chen Jialin, nonbait, irakurraldia egiteko gauza zen, ordurako ederki landutako teknikari jarraikiz, unibertsitateko ikasketen zati bat Ingalaterran egina baitzuen. Hala eta guztiz ere, bertsio partzial bat eskaini zuen, elkarrizketa asmatu ugari erantsiz eta, halaber, kapitulu asko anputatuz, baita hitzaurre ezaguna ere: guztira 285 orrialde, Miguel de Cervantesen maisulanaren lehenbiziko partekoak; hemen, gogora ekarri beharrean gaude Jorge Luis Borgesen harako Pierre Ménard haren eginbehar sekretua, Kixoteren lehenbiziko partea berridaztea baitzuen amets.
Zaldun eroaren biografia hori (edo Zaldun sorginduaren historia, berritzulpena zein den) Shanghain argitaratu zen, 1922an. Txinatar liburugintzaren hiri nagusia zen –Sortaldeko Paris esaten zitzaion horregatik–, eta han zeuden argitaletxeak, inprimategiak, literatura-kafeak. Lin Shu handik bi urtera hilko zen, eritasun batek higaturik, eta Kixote «erdi» hori burututakoan erretiratu zen.
Oroitaraztekoa da orobat On Kixote Mantxakoak zaldun-eleberrien zale zen agure eri baten ibilerak kontatzen dituela eta arabierazko testu baten itzulpen gisa aurkeztu zela kontakizuna, zeinaren originala historialari musulman bati egotzi baitzion Cervantesek, begi onez. Itzultzaile faltsuaren baliabidea ohiko trikimailua izan da zaldun-literaturan XIV. mendeaz geroztik. Hala, idazleek sinetsarazi nahi izaten zuten haien idazkiak beste hizkuntza batzuetatik egindako itzulpenak zirela: toskanera, tartariera, florentziera, grekoa, hungariera, baita hizkuntza ezezagunak ere. Literatura modernoa itxurazko itzulpen batek hasi zuen, bada, 1605ean, pertsonaia nagusia eleberri- irakurle bat zela. Kiribil guztiz kiribildua.
Itzulpena, berridaztea den aldetik, fidela izatekotan, ezin da jatorrizko obraren baliokide petoa izan. José Ortega y Gassetek ohartarazi zigun ezen onenean ere harako bidea dela. Lin Shu irudikorraren eta haren laguntzaile prestu Chen Jialinen abenturek filosofoaren iritzia ezeztatu ez, berretsi egiten dute, miragarriki.