Zergatik dira direnak emakume itzultzaileak?
Itzulpengintza jarduera feminizatua omen da. Baina, azken urteotan argitaratu diren euskararako itzulpenak aztertuta, ikusiko dugu lautik hiru gizonezkoek sinatuak direla. Nondik nora desoreka hori? Arrazoiak ulertu nahian, Itziar Diez de Ultzurrun, Bego Montorio eta Ana Morales itzultzaileengana jo dugu, argibide eske. Testu honetan, haien arteko iritzi-trukea bultzatzeko 2020ko martxoan egin genien hiruko elkarrizketan esandakoak bildu ditugu.
Paradoxikoki, nahikoa zabalduta egon da gure artean beste susmo bat ere: euskarara egindako literatur itzulpengintzan emakumezko itzultzaileek presentzia txikia dutela. Desoreka bat sumatu eta aipatu izan dute zenbaitek, lagun arteko solasaldi txikietan zein jendaurreko hitzaldi eta artikuluetan. Izan ere, itzultzailearena lanbide feminizatua dela egia bada, ez al dira proportzioan gutxi emakumeek sinatutako itzulpenak? Non dago emakumezko itzultzaile horien guztien produkzioa? Duela gutxi arte ez dugu izan kopuruak kalkulatzeko tresnarik, eta aieru hutsa baino ez zen ideia hori. Baina nahikoa zen, adibidez, Literatura Unibertsala bildumako itzultzaile zerrendari gainetik begiratzea emakumeek sinatutako itzulpenak nabarmen gutxiago zirela konturatzeko.
2018an, Itziar Murgiondok literatur itzulpenean diharduten emakumeei buruzko datuak bildu, zenbatu eta aztertu zituen bere Itzulpengintza eta Interpretazioko graduko amaierako lan gisa (datuok xehe ikusi nahi dituenak 2019ko Senez aldizkarira jo dezake). Eta bai: askok sumatu bezala, kopuruak argigarriak (ezen ez harrigarriak) dira. Murgiondok 1990 eta 2017 bitartean euskarara itzulitako narratiba-lanak aztertu zituen; Literatura Unibertsala bilduma sortu zenetik ikerketa egin zuen unera artekoak, alegia. Bitarte horretan, 227 itzultzaile aritu ziren 631 liburu itzultzen; liburu horien % 25 inguru emakumeek itzuliak izan ziren eta % 75 inguru gizonek itzuliak.
Murgiondok beste zenbait daturekin alderatu zituen kopuru horiek, eta desoreka nabarmena azaleratu. Itzulpengintza eta Interpretazioko gradua egiten duten ikasleen banaketa aztertu zuen, adibidez, eta gradua 2000-2001 ikasturtean abian jarri zenetik (20 urte laster!), promozio bakoitzean izena eman duten ikasleen artean batez beste % 80tik gora emakumeak izan direla ikusi zuen. (Kontuan hartu behar da, noski, Murgiondoren azterketak 1990etik aurrera argitaratutako narratiba-itzulpenak zenbatu zituela eta Itzulpengintzako lehen labealdiak 2005ean bukatu zituela ikasketak. Itzulpengintza ikasketek zer-nolako eragina izan duten aztergai dago oraindik.)
Bestalde, literaturatik kanpo itzulpengintzako beste arlo batzuetan ari direnen inguruko datu zehatzik lortu ezin, eta EIZIE elkarteko kide diren itzultzaileen datuak zenbatu zituen: % 54 emakumeak eta % 46 gizonak.
Laburbilduz: emakumeak % 80 dira itzulpengintza ikasketetan, % 54 EIZIEn, eta % 25 narratiba itzultzen. Zer dela eta galtzen dira horrenbeste emakume bidean?
Datuak ulertu nahian, Itziar Diez de Ultzurrun, Bego Montorio eta Ana Morales itzultzaileengana jo dugu, eta arrazoiez galdetu diegu. Elkarrengandik fisikoki aparte baina elkarri entzunez aritu dira hirurak gaiaz hausnartzen. Bataren erantzunetik besteak tira, hirugarrenak sakondu, lehenak ñabardurak azaleratu eta azkenak laburbildu… Datuen atzealdearen interpretazio zorrotz eta burutsua osatu dute hiruren artean.
Isabel Etxeberria: Zer iruditu zaizkizue aurkeztu berri dizkizuegun datuak? Espero izatekoak? Harrigarriak…?
Bego Montorio: Datuek ez naute harritu, errealitate hori ezagutzen bainuen. Hala ere, 1990etik hona egon den bilakaera hobeto ikusteko, bi multzotan banatu ditut emaitzak: 1990etik 2004ra eta 2005etik gaur egun arte, eta ikus daiteke egoera aldatzen ari dela. 1990etik 2004ra bitartean euskaratutako obren % 82 gizonek sinatutako itzulpenak dira, eta % 18 emakumezkoek sinatutakoak. 2005etik gaur egunera, berriz, % 72 dira gizonek sinatutakoak, eta % 28 emakumeek sinatutakoak. Eta 2014tik gaur egunera: % 68 gizonek sinatutakoak eta % 32 emakumeek sinatutakoak. Gizonek itzulitakoen bilakaera, beraz, % 82 > % 72 > % 68 izan da, eta emakumeek itzulitakoena, berriz, % 18 > % 28 > % 32. Aldea ikaragarria da oraindik ere, baina parekotasuneranzko joera nabarmena da.
Ana Morales: Niri ere ez zaizkit harrigarriak egin datuok. Jakina, joera aldatzen hasia bada ere, gizonak gehiengo nabarmena izateak ez du esan nahi itzulpengintzan oro har gehiengoa direnik. Sukaldaritzan gertatzen den bezala, emakume sukaldari profesional asko egon arren taberna-jatetxeetan (eta, zeresanik ez, etxe partikularretan, soldatarik gabe), chef famatu gehienak gizonezkoak dira. Plaza publikoarekin zerikusia duten eta prestigio pixka bat duten gauza guztietan gertatzen da hori, eta literarioa da segurutik prestigio handieneko arloa itzulpengintzan.
Itziar Diez de Ultzurrun: Ezta niri ere. Bistan da joera aldatzen hasia dela, eta Anaren adibidea oso argigarria iruditzen zait. Oraindik dagoen aldea kezkagarria iruditzen zait, ordea. Desoreka oso nabarmena delako. Plaza publikoan eta jardun prestigiotsuetan gizonen pare ez egote horren atzean dauden arrazoiak beste arloetako berberak dira, nik uste: orain dela zenbait urte nire inguruko gizonak emakumeak baino anitzez ausartago ikusten nituen administrazio itzulpenetatik literatura moldekoetara jauzi egiteko, horretarako aukera izanez gero (ausartago eta «irabazi asmorik gabeko» lanorduez kanpoko jardun horri heltzeko astiaren jabe, jakina). Iruzurgilearen sindromea zer den horrela ikasi nuen, ikusirik banituela inguruan emakumezko itzultzaile fin batzuk urrats hori emateko uzkur. Gizon itzultzaile batek datu horiek gizonezko itzultzaileen kontrako erasotzat hartzea izan zen niri harrigarria iruditu zitzaidana (holako komentario bat aditu bainuen behin), baita datuok direla-eta gizon itzultzaileen artean sumatu dudan interes falta ere.
Isabel: Zer faktorek esplika dezakete, zuen ustez, emakumeak gizonak baino gutxiago aritzea narratiba itzultzen?
Bego: Nire usteak botako ditut, baina azterketa sakona egin beharko litzateke arrazoiak benetan zein diren jakiteko. Euskarazko literatur mundu editoriala txikia da (1990ean, are txikiagoa), eta esango nuke argitaletxe bakoitzaren inguruko zirkuluetatik atera izan direla, gehienbat, literatur itzultzaileak. Literatur zirkuluetatik, nolabait esateko, eta badakigu zein maskulinoak izan diren (zeozertxo aldatzen ari da) zirkulu horiek. Irudipena dut harreman informal horiek erabateko garrantzia izan dutela. Aurrekoarekin guztiz loturik, itzultzaileen prestakuntza berariazkoa oso berandu hasi da gurean: Martuteneko eskola 1980an hasi zen, eta EHUko lizentzia/gradua 2000. urtean; beraz, oraintsura arte, nekez sor liteke bere burua prestaturik ikusten zuelako argitaletxeei lanak proposatuko zizkion itzultzailerik. Era berean, argitaletxeek ez dute izan erreferentziagunerik lankide berriak bilatzeko; beraz, ohiko zirkuluetatik edaten jarraitu dute, eta jada bidea egina zutenetatik. Azken urteetan bilakaera handia gertatzen ari dela uste dut. Duela hamar bat urte, baita kultur munduko jendeari ere, nekez etorriko zitzaion burura emakumezko izenik literatur itzultzaileez galdetuta (Koro Navarro eta besteren bat). Gaur egun, euskal literaturaren inguruko edozeini datozkio burura emakume itzultzaile mordoxka baten izenak, haienak baitira irakurri dituen azken liburuetako batzuk. Aldaketa horretan faktore batek baino gehiagok eragin du, dudarik gabe: itzulpengintzako ikasketak (ikasle gehienak emakumeak dira), itzulitako literaturaren produkzioa nabarmen handitu izana eta abar. Baina funtsezkoak iruditzen zaizkit emakumeon ahalduntzearekin loturikoak. Jendartean oro har, eta kulturan bereziki, emakumeok ahaldunduz joan gara, burutxoak ateratzen hasi gara, elkar ezagutuz joan gara eta sareak sortu ditugu. Duela ez hainbeste urte, erabat maskulinoak ziren literatur sare informal horiek, eta orain badaude emakumezkoen sareak ere, eta gizonezkoen sareak zabalduz doaz (batzuetan, oso apurka). Feminismoaren kontzientzia zabaltzeak eta kontzientzia horretatik jokatzeak ateak zabaldu dizkie emakume itzultzaileei. Zuek denok ezagutzen dituzuen proiektuak daude hor: Xerezade, Eskafandra, Lisipe… Inguru maskulinizatuetan ere, nahitaez ikusi behar izan gaituzte, eta nola edo hala zabalduz doaz estu-estuak ziren sarbide horiek. Bide luzea geratzen da oraindik, baina emaitzak ikusten ari dira. Belaunaldi gazteenak ahaldunduago dauden neurrian, gehiago ausartzen dira espazio ordura arte ukatuak hartzera. Oraindik ere asko egongo dira itzaletan, baina gero eta gehiago dira ikusten direnak.
Ana: Sare formal edo informalen kontua oso garrantzitsua iruditzen zait, eta honetan sare sozialak azpimarratuko nituzke. Plaza publikora agertzen hain ohituta ez dauden kolektiboentzat, Internetera konektatutako gailu eramangarrien zabalkundeak eta sare sozialen hedapenak modua ekarri dute edozein unetan eta edozein txokotan besteen ekimenen berri izateko eta nork bereak ere proposatzeko, eta hortik sare formal edo informalak osatzeko. Hori nire ustez pizgarri handia da bazterrean dauden kolektiboak, oro har —eta emakumeak literatur itzulpenaren arloan, zehazki—, toki handiagoa okupatzen joateko. Bestalde, oso ados nago Begok esandakoarekin itzulpengintzaren aurreneko etaparen maskulinizazioaren arrazoiei dagokienez, eta azken hamabost urteotan emakume itzultzaileen ugaritzea esplika dezaketen faktoreei dagokienez. Bigarren horrekin lotuta, beste faktore bat gehituko nuke, ispilu efektuarena: zenbat eta emakume itzultzaile erreferente gehiago azaleratu (sari eta guzti!), orduan eta emakume gazte gehiago animatzen dira itzulpengintza profesionalaren plazara, beste arlo guztietan gertatzen den bezala, hau da, fenomenoak bere burua elikatzen du. Bestalde, interesgarria litzateke jakitea nolako eragina izan duen andrazko itzultzaileen seme-alaben jaiotzak eboluzio horretan, hau da, 1990etan —gure itzulpengintzaren urrezko aroaren hasieran— literatur itzulpengintzan lehen pausoak eman zituzten emakume gutxi horien bilakabidean, eta ikustea ea ez ote zen eten bat edo jaitsialdi bat gertatu beren ekoizpenean umeen zaintza aroarekin batera. Jakina, tarte horietan, beste emakume batzuk ere hasiko ziren itzulpengintzan eta horien hutsunea beteko zuten, baina gizonezko itzultzaileen kasuan segurutik hori ez zen berdin gertatuko, edo ez neurri berean. Beharbada azken urteotan emakume itzultzaileen portzentajea handitu duten andreetako asko umeak hazitakoan literatur itzulpegintzara bueltatu diren emakumeak izango dira. Era berean, uste dut oso interesgarria litzatekeela aztertzea nolako eragina daukan familari lotutako beste faktore soziologiko batek emakumeen literatur itzulpenaren ekoizpenean: dibortzioez edo banaketez ari naiz (irribarrez nago, baina oso serio diot!), eta ez bakarrik seme- alaben zaintza modu orekatuagoan banatzeari dagokionez, baina baita emakumeek espazio propio bat («norberarena den gela hori») eskuratzeari dagokionez ere.
Itziar: Bat nator Begok eta Anak esandakoarekin. Sare informalek egundoko eragina izan dute nik ongien ezagutu dudan argitaletxe txiki batean, baina, arestian aipatu dudanez, sare maskulinizatuen eraginaz eta erreferenteen faltaz gain, emakumeon uzkurtasunak (gure heziketa moldeek gugan txertaturiko beldurrak-eta) eta gure gain ditugun etxeko ardurek eta zaintza-lanek (umeenak eta adinekoenak) zerikusi handia dute desoreka horretan. Anak esan duen horrekin guztiz ados nago. Oso interesgarria litzateke ikustea seme-alaben jaiotzen eragina nolakoa izan den, baita banaketena ere. Zaintza-lanetan dagoen desorekaren isla dira datu horiek: emakume gazteak ahaldunduago egon arren, desoreka ez da orekatuko generoaren araberako ardurak (eta burmuinen eraikuntzak) desagerrarazten ez diren artean.
Isabel: Literatur generoa ere izango da agian kontuan hartu beharreko beste faktore bat?
Bego: Nik beste datu batzuk ere begiratu ditut, susmoa bainuen egoera bestelakoa zela haur eta gazte literaturaren itzulpenean. Hona emaitza: 1990-2004 bitartean, gizonek sinatutako itzulpenak % 74 izan ziren, eta emakumezkoek sinatutakoak, % 26. 2005etik gaur egun arte, gizonek sinatutako itzulpenak % 55 izan ziren; emakumezkoek sinatutakoak, % 45. Datuak Nor da Nor datu-basetik atera ditut; ez dira guztiz-guztiz zehatzak, arin batean begiratu ditudalako, baina ehunekoak fidagarriak direla esango nuke. Oso kontuan hartzekoak iruditzen zaizkit datuok. Ezin dugu ahaztu puskaz handiagoa dela merkatu hori helduen literaturarena baino (askoz itzultzaile gehiago behar dira), baina, hala ere, oso esanguratsua iruditzen zait dagoen aldea. HGLn, hots, periferikoa, prestigio gutxiagokoa, literaturaren kanon nagusitik nahiko kanpokoa den esparru horretan, ia parean agertzen zaizkigu emakume zein gizon itzultzaileak. Ez da kasualitatea. Arrazoiak? Aztertu beharko dira, baina izan litezkeen batzuk botako ditut. Errazagotzat jotzen dira (oker, nik uste) HGLko lanak, batez ere testu gutxikoak eta, eta hala errazago hurbilduko dira itzultzaile hasiberriak (gehientsuak, emakumeak) halako lanetara, eta errazago onartuko dituzte argitaletxeetan «izen handirik» ez duten horiek, ezer gutxi argitaratua duten horiek.
Ana: Horri lotuta, bururatzen zait, Itzulpengintza eta Interpretazioa titulazioa hain feminizatua dagoen honetan, ea zenbat denbora beharko den titulazioa prestigioa galtzen hasteko, emakumeek daukaten Midas efektu alderantzikatua kontuan izanik, nahiz eta karrera horretan sartzeko eskatzen den nota oso altua izan.
Bego: Lan baldintzek ere zerikusia izan dezakete. Helduen literaturako lanak luzeagoak izan ohi dira, denbora tarte luze samarra eskatzen dute, eta, askotxotan, ordainketa eskasaren truke edo besterik gabe doan egin izan dira. Hots, ezinbestean baliatu behar norberaren «denbora librea». Eta ondo dakigu zaintza lanek, etxeko lanek, guraso lanek eta abarrek ez dutela eragin bera gugan edo gizonengan.
Itziar: HGLko lanak errazagotzat jotzen dira (emakumeak bere buruari errazago aitortuko dio zilegitasuna halakoei heltzeko), eta ez dute besteak bezainbesteko denborarik eskatzen. Horiexek dira, nire ustez, datu orekatuago horien bi arrazoi nagusiak.
Ana: Bai, testuen luzeragatik eta lan baldintzengatik, nolabait «saltoka» eta «han-hemenka» tarteak ostuz egin daitekeen literatur itzulpen mota da, bateragarriagoa emakume gehienek izaten duten lanaldi bikoitzarekin. Ildo horretatik, bururatzen zait balitekeela argitalpen editorialean dabiltzan emakumeek gehiago jardutea itzulpen teknikoan literarioan baino antzeko arrazoiengatik: esango nuke testu mota horiek (esaterako, eskuliburu teknikoak) bateragarriagoak direla, beren hizkera kontrolatu eta errepikakorra dela eta, denbora urriarekin, eta denbora aurrezten duten tresnekin (itzulpen memoriak, itzulpen automatikoa).
Isabel: Itziar Murgiondok, bere ikerlanean, lagin anonimoen bitartez lehiaketetan esleitutako lanak (Literatura Unibertsala bilduma, Jokin Zaitegi beka…) eta argitaratzaileek zuzenean enkargatutakoak konparatu zituen, eta ondorioztatu zuen batzuen eta besteen arteko aldea ez dela pentsa zitekeen bezain handia. Lehiaketa bidez esleitutako lanen % 28,26 ziren emakumeek itzuliak, eta enkargu zuzenen bidez egindakoen artean % 24,23. Nola esplikatzen duzue hori? Gorago ere aipatu dituzue ausardia (edo ausardia falta), kontziliazio-arazoak… Besterik gaineratzeko?
Bego: Nik ere alde gehiago egotea espero nuen, baina, pentsatzen jarrita, logikoa da. Egia da Literatura Unibertsala bilduman badaudela lehen itzulpena horixe izan duten itzultzaileak, baina ez dira edozelango testuak, eta normalagoa da gutxieneko eskarmentua duen jendea aurkeztea, eta hor sorgin gurpila sortzen da: bestelako literatur testuak itzultzeko aukera gutxiago izan badute emakumeek, zailagoa izango zaie LU lehiaketara aurkezteko pausoa ematea. Are zailagoa euren buruaz oso seguru ez badaude (ausardia, erreferenteak, ahaldundurik ez egotea…).
Itziar: Besterik gabe, erantsi nahi nuke segurtasun falta horren atzean nire adineko emakume batzuengan (eta neure buruarengan) sumatzen dudan koxka hau: egiten dugun oro bikain egin nahi izatea; ausartuko bagara, zernahi «garrantzitsu»ri helduko badiogu, aldez aurretik segurutik jakin nahi dugu gure ekarpena urrezkoa izanen dela; bikaintasun orbangabe bat ziurtatzerik ez badugu, akabo. Eta itzulpengintzan, gainerako arlo gehienetan bezala, zenbat eta gehiago jakin, handiagoak zalantzak; beraz, hor ere gurpil zoro bat sor daiteke…
Isabel: Eta gizartean? Zer irudi jasotzen du gizarteak itzultzaileen arteko genero banaketaz? Zer funtzio dute ikusgaitasun horretan komunikabideek (elkarrizketak nori…), erakundeek eta bestelako aitortza-emaileek (sariek eta abarrek)?
Itziar: Nire iritziz, emakumeak hedabideetan «ohi» baino gehiago agertzen hasten garenean, batzuei toki guztia hartzen ari garela iruditzen zaie, gure «ez agertzea» hain izan baita orain arte lege. Berriki arte, gizonek hartu dute toki guztia, eta emakumeak beste «gutxiengo»en pareko ibili gara. Nire irudikoz, batzuendako agerikoagoa da hartzen dugun toki txiki hori, gizonek oraindik ere hartzen duten «sobera»ko tokia baino.
Bego: Guztiz ados Itziarrekin.
* Mahai-inguru hau Hitzen Uberan webgunerako egin zen, eta erreportaje gisa argitaratu zen han lehenik, 2020ko martxoaren 27an.