Itzulpenari neurria hartzea
Artikulu honek itzulpen-konparazioan oinarritutako azterketa bat du helburu; 2019. urteko udazkenean MPK Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratu zen Louis Aragonen poesia-sorta da aztergaia, zeinean, besteak beste, nabarmentzekoa den Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileak jatorrizko testuen errimak eta neurriak ere ekarri dituela itzulpenean. Hori da azterketaren oinarria, hain zuzen: aztertzea zer-nolako hizkuntza-mekanismoak eta erabaki formalak egiten diren errimak eta neurriak itzultzeko. Hori dela eta, testuingurutzat hartzen da ez egilearen literatura-jarduna, baizik eta euskaraz orain arte izandako era horretako itzulpenen itzultzaileen gogoetak eta erabakiak. Azterketari dagokionez, poema bakoitzaren zati esanguratsu bat hautatu da, eta jatorrizko bertsioarekin alderatu, ikusteko zer-nolako baliabideak eta mekanismoak erabiltzen diren era horretako itzulpenetan.
Sarrera
El traductor de poesía casi siempre trabaja por verdadero amor al arte. Las respuestas a los «por qué» y «para qué» de su quehacer seguramente no serán menos matizadas o rotundas que las del poeta, y raras veces al traductor se le pregunta acerca de lo que hace. A pesar de todos los pesares —que no son pocos—, el poeta todavía conserva un cierto prestigio como artista de la palabra; sin embargo, tal prestigio no le acompaña mucho. Al traductor se le considera una suerte de faquín de la literatura. Cargador de bultos verbales que transporta de un ámbito lingüístico a otro. Transportista o recadero mal pagado siempre, y al que no se le siente merecedor de la importancia de su cometido.
Enrique Badosa, Sine tradere (2016)
Itzultzailea hizkuntzaren zamaketari soiltzat jotzen dela deitoratzen du Enrique Badosa (poesia-)itzultzaile eta poeta espainiarrak, baina betiere poesiaz mintzo. Izan ere, poesiaren mistikak kax-kax jotzen duelarik itzultzaile mundutarraren atea, batez ere euskal itzultzaile orotarikoarena, badirudi haren lana mudatu egiten dela, hitz dotorez eta magiaz jantziko balira bezala haren eguneroko jardunaren nekeak, hala materialak nola linguistikoak.
Artikulu hau bigarren horietan sakontzen ahaleginduko da, poesiaren mistikari esker itzultzaileari dagokion aitortza egite aldera, iazko udazkenean plazaraturiko itzulpen bat hartuta ardatz: Louis Aragonen Munduko Poesia Kaiera, Itziar Diez de Ultzurrunek euskarara ekarria.
Nahi nuke Louis Aragonez beraz ere mintzatu, sakon erreparatu haren lanari eta azterketa literario horren arabera jardun haren poesia euskaratuaz, haren metaforez eta irudiez. Baina, itzulpen hori neurtitz errimatuaren itzulpenaren adibide peto-petoa baita, iruditzen zait merezi duela azterketa hertsiki linguistiko eta metriko bat askiestea, itzulpen-azterketaren hegian, batik bat kontuan izanda neurtitz errimatuak itzultzeko jardunak —hemendik aurrera neurtitzulpen esango diogu— lehendik ere baduela euskaraz adibide eta teorizazioa franko, eta seguru hala izango duela geroan ere. Hain justu, itzulpen-azterketa honek euskarazko beste neurtitzulpen batzuk hartuko ditu testuinguru gisa, haiekin konparatzeko Diez de Ultzurrunen lana.
Deliberatua da, hortaz, eta beharbada baita erratua ere, Aragonen izena hain lotsagabeki gutxi aipatzea datozen lerroetan. Damu dut, ez baita espazio- edo denbora-faltaren ondorio, baizik eta idazten duen honen gaitasun-faltarena, kale egin baitu azterketa metriko-linguistikoa literarioarekin batzeko saiakeran. Errimak kontatzearekin konformatu behar, hortaz.
Testuingurua
Itzultzailearen lehenbiziko kezkabidea da [...] zer itzulpen mota egin nahi duen erabakitzea: orijinala irakurtzen lagungarri izatekoa (eta nik ikusi dudan heinean hala erabakitzen dute itzultzaile gehienek), eta, hartara, libre geldituko da orijinalaren formazko behardurak berregin beharretik; ala, aitzitik, testu beregaina egin nahi duen, literatura bezala bere buruz duin-edo funtzionatzeko modukoa.
Matías Mugika (hitzaurrea), Testamentua, François Villon (2016)
Hitz neurtua itzultzen hasi aurretik, itzultzaileak propio erabaki behar izaten du neurriarekin zer egin, eta, erabaki horrekin, beste ugarirekin bezala, Matías Mugikak marrazturiko ardatzean nonbait kokatuko da, itzulpen lotuaren eta bertsio librearen artean. Bada, itzulpen-lanari originalaren «behardura formal» horiek gehitu behar bazaizkio, hori zer modutan egin ere pentsatu behar izaten da, hizkuntza bakoitzak bere idiosinkrasien araberako tradizio metrikoa baitu ezinbestez.
Euskaraz orain arte egin diren saioetan, eskuarki arazo nagusi bat nabarmentzen da: espazio-falta. Erdaretako bertso-lerroen neurrian haiei baino dezente gutxiago kabitzen zaigu guri, eta hainbat estrategia erabili behar izaten dira horri itzuri egiteko: bertso-lerroak luzatu eta/edo ugaritu, elipsia eta trinkotze sintaktikoa erabili... Baina saio bakoitzak bere gorabehera partikularrak ditu, eta haietariko zenbaiti erreparatuko diegu orain.
Adibide bila gehiegi nekatu gabe, antzezlanetan zein poesian aurki ditzakegu neurtitzulpenaren adibideak, eta, batean zein bestean oro har desberdin jokatzen badute ere, nabari da itzultzaileak kasuan-kasuan hautatzen duela zer forma komeni zaion, eta, horren arabera, zer estrategia erabiliko duen.
Antzezlanei dagokienez, baditugu Xabier Payáren Bizitza amets (Calderón de la Barca) eta Juan Martin Elexpururen Tartufo (Molière). Lehena, jatorriz, hainbat olerki-neurritan dago emana, mintzaldiaren edo pertsonaiaren arabera; bigarrena, binaka errimatzen duten hamabi silabako lerrotan. Eta biek estrategia desberdinak erabiltzen dituzte neurriari atxikitzeko zailtasunei aurre egiteko. Payák gaztelaniazko tradizio poetikoari dagozkion neurriei eusten die, eta, horretarako, neurririk laburrenetan bertso-lerro gehiago eransteaz gain, lizentzia ortografiko bat hartzen du —eta juntagailua ta bihurtzea tarteka—, eta metriko bat: sinalefak —hau da, hitz baten azken silaba eta hurrengoaren lehena diptongo bakar bat bilakatzea— komeni bezala erabiltzea. Elexpuruk bestelako bide bat hartzen du, eta bertso-lerroa luzatzea hobesten: jatorrizko hamabi silabakoa hamabost ingurukoa da euskaraz. Egokitzapen horiek guztiek, nabari denez, espazio-faltari erantzuten diote.
Poesian ere badira adibide ugari, baina aipagarriak dira, kontrasteagatik, Matías Mugika aipatuaren Testamentua (Villon) eta Juan Garziaren Shakespeareren sonetoak (Shakespeare). Biak egitura jakin bati atxikitzen zaizkio, halakoak baitira originalak ere. Mugikak gure tradizioko zortziko txikia, 7/6 neurrikoa, lauko bihurtzen du, hamahiru silabako bertso-lerroekin, eta gero halako bi elkartzen, Villonen zortziko koplak emateko; era horretan, hamahiru silabako zortzi bertso-lerroko ahapaldiak geratzen zaizkio. Bertso-lerroak apur bat luzatuta, berriz ere.
Arras desberdina da Shakespeareren sonetoen kasua, itzultzaileak jatorrizko soneto isabeldarraren egitura berberari eusten baitio, bai silabaz, bai errimaz, bai lerro kopuruz, erabat bereturik jatorrizkoaren muga guztiak. Trinkotze-saio hori dela eta, beste zenbait baliabide erabiltzen ditu: elipsi ugari, aditz trinkoak, birformulazioak, kimatze sintaktikoak... Besteek ere erabiltzen dituzte, noski, baina Garziaren hertsadura formaletan askoz ere nabarmenagoak dira.
Motzean, euskarazko neurtitzultzaileek hainbat estrategia erabili izan dituzte neurria itzultzeko: egokitzapen ortografikoak, malgutasuna silaba-kontaketan, bertso-lerroak eranstea, bertso-lerroa bera luzatzea... Adibideak askotarikoak dira, erabakiak bezala, baina guztiei erreparatzeak euskarazko neurtitzulpen-jardunaren irudi zorrotz bat ematen digu.
Gatozen, bada, azkenean, Itziar Diez de Ultzurrunen lanera. Aurrekoen aldean badu desberdintasunik: izan ere, Munduko Poesia Kaierak bildumako alean hainbat neurri eta eskema metriko erabiltzen ditu Louis Aragon poetak, zeren harentzat, aurreko adibideetakoentzat ez bezala (zeinetan berriena XVII. mendekoa baita), metrika baliabide estilistiko bat da, bere artista-ibilbidean hartzen duen hautu kontziente bat, poema hauei dagokienez behintzat.
Luzeak baitira, sei poema izango dira hemen aztergai[1]: «Elsak dioena», «Elsaren begiak», «Dunquerkeko gaua», «Maitasun urosik ez da», «Elsa mirailean» eta «Arrosa eta herezea». Horrez gain, azterketa bera ere mugatu beharra dago, ezin dira-eta poemak oso-osorik eta goitik behera iruzkindu. Beraz, poema bakoitzaren (eta itzulpenaren) metrika aztertzeaz gain, bakoitzaren ahapaldi edo zati esanguratsu bati erreparatuko diogu, horrekin zenbait ezaugarri aipagarriri antzemate aldera.
Azterketa
Itzulpenean galtzen den hori da poesia.
Robert Frost
Arestiko adibideen artean badira hiru fenomeno edo mekanismo oro har azterturiko poema guztietan detektatu direnak; batetik, bertso-lerroak luzatu egiten dira eskuarki, batzuetan gehiago besteetan baino, baina oro har hamabost-hamasei silaba inguruko neurrietan dabil itzulpena. Bestetik, eta neurriarekin beti, sinalefarekin eta diptongoekin malgu jokatzeko joera dago. Horrek inoiz zaildu egiten du agian neurriaren erritmo zehatzari jarraitzea, baina aski eta sobera da kadentzia orokorrari arazorik gabe eusteko.
«Elsak dioena»
Poema honetan, ahapaldiak bost lerrokoak dira, ABAAB errima-egiturakoak: errima bat dute lehen lerroak, hirugarrenak eta laugarrenak, eta beste bat bigarrenak eta bosgarrenak. Hamabi silabakoak dira denak, salbu eta azken-aurrekoa, zortzi silabakoa baita. Hortaz, azken-aurreko lerroa etena geratzen da, eta aurrekoarekin errimaturik; azkenak, berriz, lehenbiziko neurria berreskuratzen du, baina bigarren lerroko errimarekin. Hona poemaren hirugarren ahapaldia, adibide gisa:
Euskarazko bertsioan, hamabi lerrokoak hamaseiraino luzatu dira, sinalefarekin eta diptongoekin malgu jokatuta beti. Azken-aurreko lerroan, ordea, eutsi egin zaio originalaren zortzi silabako kopuruari; grafikoki ere nabari den bezala, etena nabarmen markatuagoa da frantsesezko bertsioan baino. Efektu bera delakoan nago, baina intentsitatez goratuxea.
Gainera, itzultzaileak aditz-elipsi bat egin du neurriari eusteko, guk izenordainaren ergatiboan bermatzen dena guztiz. Inondik ere ez da traketsa, baina, lerro etenari gehituta, nahikoa da irakurlea bertan eteteko ezinbestean. Sintaxia ere soilduta daukagu: esate baterako, C’est l’heure où erlatibozko perpausa orduantxe soil batekin dago emana, mendeko perpausetan kateatu gabe.
Espazio-falta arazo izanda, ez da harritzekoa elipsia baliabide sarria izatea, batez ere neurria zenbat eta estuagoa izan. Poema honetan, ahapaldi guztien laugarren lerroan gertatzen da —lerro motzean, alegia—, modu burutsu ugaritan; zazpigarrenean, adibidez, Et donne une raison de vivre / A ceux que tout semblait inviter au trépas, honela dago euskaraz: Bizitzeko arrazoi bat / Eman dezan heriotza desira zutenentzat. Lehen lerroko donne aditza dotore pasatu da bigarren lerrora.
Horrela aztertuta, irudi lezake maniobra horiek guztiak etsi-etsian eta besterik ezean egindako adabakiak direla, baina inondik ere ez; poemaren erritmoari eta edukiari ederki eusteaz gain, hoskidetasunari ere eusten dio poema osoan, batzuetan ilunxeago bada ere, eta oreka hori lortzen zaila bezain leitzen gozagarria da benetan.
«Elsaren begiak»
Oraingo poema honek lau lerroko ahapaldiak ditu, ABBA egiturakoak, hots, 1-4 eta 2-3 lerroetan errimatuak. Itzulpenean, jatorrizko hamabi silabako bertso-lerroak hemezortzi silabako bilakatu dira, eta errima asonantean eusten dio poema osoan. Hona hemen adibide bat, bigarren ahapaldia:
Ahapaldi horretan, ordena-kontuak dira nabarmentzekoak; izan ere, nabari da euskarazko hitz-ordenaren gutxi gorabeherako malgutasuna noraino den lagungarri neurtitzulpenean. Lehen lerroan eta hirugarrengoan, elementu sintaktikoen ordena alderantzikatu egin da originalaren aldean; lehenean, subjektu-aditzak atzera pasatu dira, eta justu kontrakoa gertatu da hirugarrenean. Lehenean, helburua pean errima emankorra lortzea izan da; hirugarrenean, badirudi gehiago izan dela esaldiaren erritmo orokorrari eustea. Gainera, bigarren eta hirugarren lerroek aditzlaguna aurreratua dute: bigarren lerrokoak dizu_aldatu sinalefa sortzea du helburu, eta orobat bigarrenak, tailatu_udak silabarekin; bestela ere, tailatu du_udak sinalefa gertatuko zen, baina askoz ere kakofonikoagoa.
Poema honek izugarri ederra du akabera, hala frantsesez nola euskaraz:
Azken bertso-lerroa doi-doia emana dago, oi interjekzioari esker neurria beteta, eta gainera errima kontsonantean bukatuta; izugarri efektu ederra sortzen du.
«Dunquerkeko gaua»
Hamaika silabaz osatutako bi bertso-lerroko ahapaldiz osatua dago poema; itzulpenean, bertso-lerroak hamasei silabatara luzatu dira, errima-eskema errespetatuta, asonantean zein kontsonantean emanda. Nabarmentzekoa da poema honetan aurrekoetan baino garbixeagoa dela errima, oin bakoitzaren azken bi silabei egokitua guztietan, asonante zein kontsonante. Hona hemen adibide bat:
Lehen ahapaldiari erreparatu, eta ikusten da esaldia birformulatu egin dela. Izan ere, bertso-lerroa handituagatik ere, lekua falta da, eta birformulaziora jo beharra dago irudi bera beste hitz batzuekin sortzeko. Baina birformulazioa ez da berridazketa soil bat: lehen lerroko perpausaren subjektua (soldaduak) isildu, eta hurrengo lerrora pasatu da, eta zulatu eta probatu aditzak jokatu gabe utzi dira hala batean nola bestean. Gainera, sintaxia ere nabarmen soildu da: semblent aditzak, badirudi edo halakorik jarriz gero, mendeko perpaus bat beharko luke, eta esanahi-ñabardura hori txukun geratu da nonbait zalantza-adberbioarekin emana.
«Maitasun urosik ez da»
Hamaika silabako bost bertso-lerroz osaturiko ahapaldiak ditu poema honek, eta, bataren eta bestearen artean, poemaren izenburua ageri da anafora gisa: Maitasun urosik ez da edo Il n’y a pas d’amour hereux, zazpi silaba frantsesezkoan eta zortzi euskarazkoan.
Ahapaldi horretan, frantsesezko bertsioan bada erlatibozko perpaus bana bigarren lerroan eta laugarrenean, aurreko bertso-lerroekin lotuz perpaus luzea. Kateatze hori arazo bat da, zeren, hizkuntza-egiturak hain desberdinak izanik, neurtitzultzaileari komeni zaio lerroak gutxi gorabehera beregainak izatea, sintaxia ahal beste soilduta. Hemen, itzultzaileak artez lortu du hori, bi erlatibozko perpausak saihestuta. Bigarren lerroan, jantzia dirudi bertze helburu baterako horrek gure bizitzak du subjektu, eta ez, frantsesez bezala, soldadu armagabea konparazioa. Konparazio-irudi hori luzatzen da frantsesez hurrengo lau bertso-lerroetan zehar, laugarren lerroko erlatibozko perpauseraino, baina euskaraz lehen lerroan bertan eten da, eta, hala, hurrengo lerroen sintaxia ere asko soildu da, perpaus beregain jokatugabeekin bosgarren lerroraino. Baliteke pixka-pixka bat nahasgarri izatea laugarren bertso-lerroa, aurkitzeko aditzari pixka bat zintzilik geratzen baitzaizkio erreferenteak (nork nor aurkitu?), baina merezi du, soiltze horrek dakarren garbitasun sintaktikoaren truke.
«Elsa mirailean»
Poema honek koska bat harago eramaten du lerro beregainak egin beharra. Metrikarik irregularrena du hautaturiko poemen artean: bost lerroko lau ahapaldi, eta bi lerroko bost. Hamabi silabako lerroak dira nagusi, baina hamar/hamaikakoekin tartekatzen dira inoiz, eta horrek nolabaiteko ezegonkortasuna ematen dio poemari. Ahapaldi luzeek ABBAA errima-egitura dute, eta motzek, berriz, AA egitura. Euskarazkoan, hamabost silabako lerroak hautatu dira, eta hoskidetasunari eutsi zaio, baina aurreko poemetan baino era irregularrago batean. Horrek esplikazio erraza du.
Izan ere, poema honek badu bestelako zailtasun tekniko erantsi bat: bertso-lerroak osorik errepikatzen ditu hainbat ahapalditan, lerroen hurrenkera aldatuta eta berriak tartekatuta. Horrekin, noski, garrantzitsua da, aurreko adibidean bezala, bertso-lerroak beregainak izatea, baina, gainera, ordenaz aldatuta ere beste lerroekin lotu ahal izateko modukoak behar dute. Hona hemen adibide bat, bertso-lerro bakoitza letraz markatuta:
Lehenbiziko bi paragrafoak baino ez dira horiek; aurrerago, joko hori nabarmen korapilatzen da. Ikusten dugu, gainera, bertso-lerro batzuk eraldatuta errepikatzen direla; esate baterako, c) bertso-lerroaren errepikapena alderatuta, ikusiko dugu frantsesezkoan eraldaketa txiki batzuk baino ez direla gertatzen lerro barruan, eta miroir oina ez dela lekuz aldatzen; euskarazkoan, ordea, mirail hitza hasieran geratzen da, eta, gainera, mirail aurrean sintagmari erantsita. Ezin errimatu, beraz. Errimari jarraitzea berez ere nahiko zaila den arren, hemen are gaitzagoa da, eta esango nuke kasik miraria dela hoskidetasunik errepikatzea lortu izana bera, are gehiago poema osoan zehar.
«Arrosa eta herezea»
Ahapalditan sakabanatu gabeko hirurogeita bost bertso-lerroz osatua dago poema, guztiak zazpi silabakoak eta ABAB errima-egiturakoak. Komeni da esatea A eta B errima berak direla hirurogeita bost lerroetan barrena. Gainera, lehen bi lerroak anafora gisa errepikatzen dira tarteka-marteka. Hona hemen:
Poema osoan ciel eta pas oinei segitzen zaie. Euskarazkoan berdin: hoskidetasun asonante baina nabarmen batekin egiten du aurrera, oin emankorrak baitira sinesten eta bertzea.
Poema honetan bereziki aipagarria da zein neurri txikira egokitu duen poema osoa lerrorik batere erantsi gabe (inongo poematan ez du halakorik egiten); zazpi silabakoak dira frantsesez, eta, euskaraz, zortzikoak. Horretarako, aurreko adibideetan azterturiko baliabide guztiak erabiltzen dira, eta aztertu ez dugun beste bat bereziki: frantsesezko nominalizazioak euskaraz aditz-sistemara pasatzea, goiko etsenpluan ikusten den bezala. Literalki, zeruan sinesten zuen hura eta sinesten ez zuen hura litzateke, hau da, erlatibozko perpaus batekin eraturiko izen- sintagma bat. Bada, egitura hori hautsi, eta bi perpaus bakun sortu ditu itzultzaileak, nabarmen arinduz eta naturalizatuz euskarazko sintaxia.
Akaburako
Neurriz neurri eta errimaz errima, ikusi dugu neurtitzulpen-jardunak antzeko buruhausteak ematen dizkiola euskarari Molière, Shakespeare edo Louis Aragon itzulita, aldeak alde; hortaz, itzultzaileek, horiek ere aldeak alde, antzerako mekanismoak eta erabakiak hartzen dituzte beren jardunari aurre egiteko.
Ordea, azterketa hankamotza da ezinbestez, itzuri egin baitio literatura-testuen alde literarioari, eta egilearen, haren obraren, bilakaeraren eta poetikaren ertzei erreparatu gabe nekez egin daiteke haren literaturarako hurbilketarik. Dena den, itzulpen-lanari dagokionez, beti da argigarria itzultzailearen larruan jarri eta haren jarduna aztertzea, batez ere oraingo hau bezain bikaina denean. Ikusi dugu neurtitzulpenak baduela tradiziorik gurean, eta, itxura guztien arabera, segida ere halakoa izango duela, Louis Aragonen kaiera eta halako lanei eskerrak.
Bost xentimoko azken gogoetatxo bat, zilegi bada. Robert Frosten maxima entzutetsuak badu arrazoirik; itzulpenean, poesia ezinbestean galtzen da, jakina, horixe ikusi dugu. Baina berreskuratu ere egin daiteke, eta berreskuratzen da, kaier honek erakutsi duenez. Nik baino hobeto dio Anjel Lertxundik:
Poesiak, uste dut, itzulpenaren pertzepzioa iraultzen du; ematen du itzultzaileak, itzulpenaren errotan, poema berri bat sortzen duela, eredu goren baten imitazioz egina, baina osoro berea. Eta poesia onaren irakurlea, pentsaturik poeta handi bat irakurtzen ari dela, itzultzailearen poema ari da irakurtzen, baina ez itzultzaileak bere lana gaizki bete duelako, aitzitik baizik: bidaian galdutakoa ordezkatzen asmatu du.
Anjel Lertxundi, Itzuliz usu begiak (2019)
Oharra
1. Poemak osorik irakurri nahi izanez gero, jo Susa argitaletxearen webgunera.