Martuteneko Itzultzaile Eskolaren ibilbide historikoa: sorrera, emandako pausoak eta gaurko egoera
Joseba Urzelai, Lurdes Auzmendi

Sarrera

1980ko udazkenean ireki zituen ateak Donostiako Itzultzaile Eskolak, Euskaltzaindiaren eskutik. Hasieran, Itzultzaile-Eskolaren jardun eremua itzulpen arruntak egiten irakastera, itzulpen espezializatuak aurrez behar duen kultura orokor mailako itzultzaile prestakuntza eskaintzera mugatu zen. Honela geratu zen finkaturik EIOPE (Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola) deituaren helburu nagusia: "Euskara eta gaztelaniazko hizkuntz ezagupenak eta literatur historiak, autoreen obrak aztertu eta sakonduz testu pragmatiko eta literario orokorrak bi zentzutan idatziz itzultzeko gaitasuna ikasleei eskuratzea". Helburu hauek betetzeko ahaleginean jardun ondoren, lau promozio atera dira Donostiako Eskolatik, lau promozio normalizatu eta bat plangintza erabat desberdinekoa.

Emandako pausoak

Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren Arbideko Dorreeta-ko batean ireki zituen ateak Itzultzaile Eskolak. Lehenengo ikasturte honetan 30 ikasle matrikulatu ziren eta hauen ezaugarririk nagusienak aipatzekotan, zera azpimarratuko genuke, alde batetik adina, batez beste 30 urteko jendea zen; bestetik, euskararen irakaskuntzan edo hizkuntzarekin zerikusia zuten lanetan arituak ziren edo ari ziren.

Eskolak markatuak zituen helburuak betetzeko lehen ikasturtean teoria eta praktika mailako asignatura ugari eman ziren, hala nola Itzulpenaren Teoria eta Historia, Linguistika, Gaztelania, Euskara, etab. Helburua garbi zegoen, hain garbi ez zegoena helburua lortzeko jarraitu beharreko bide pedagogikoa zen. Zaparrada baten modura bota zitzaien ikasleei kontzeptu eta informazio mordoa eta guzti hauek asimilatzea lan eskerga zen ikasleentzat, hauek itzulpen ikasketei buruzko aurritzi bat bazuten eta zaila gertatzen zen teoria praktikarekin lotzea. Hizkuntzaren, hots euskararen normalizazio ezetik sortzen ziren eztabaidarik gehienak itzulpenaren muinean sartzeko bideak oztopatuz. Esan daiteke, orohar norberak zuen esperientzia autodidaktak baldintzatu zuela neurri handi batean ikasturtearen martxa. Promozio honek (1980-1982), bigarren eta azken ikasturtea praktikak egitera bideratu nahi izan zuen, baina talde lan gutxi egin zen eta ondorioz ikasleek behar zuten adinako etekinik ez zuten atera. Gainera kontutan izan behar da lehenengo promozioak bigarren ikasturtea hastearekin batera bigarren promozioak hasi zituela bere ikasketak eta Eskolaren azpiegiturak, irakasleen esperientziak eta ikasleen dedikazio mailak baldintzaturik gehiago egitea zail egiten zuten.

1981 ean hasi zituen beraz ikasketak bigarren promozioak (1981-1984) eta egoitza berria estrenatu zuen —Martuteneko Lanbide Eskola. Irakasleek ikusi zuten lehenengo promozioak ez zituela eman nahi ziren fruituak eta ikasketa plan berri bati ekin zioten. Bi urteko ikasketak hirura pasatu ziren eta ondorioz ikasgai edo asignaturak gehitzea eta hauei denbora gehiago eskaintzea erabaki zen.

Promozio honetako ikasleen artean beti eduki genuen eskola laborategi batean aurkitzen ginenaren sentsazioa; irakasleak esperimentatzean, bidea egiten ari ziren eta ikasleak, gazteagoak eta hizkuntzarekiko jarrera desberdinagoak zituztenak, ikasketen aurrean beste planteamendu batzuk azaltzen genituen: zer esan handirik ez eta irakasleek ematen zigutena jasotzera gindoazen. Denborak erakutsi digu agian esperientzia hau ez zela hain negatiboa izan, baina garai hartan mesfidantza eta ezinegon ugari sortzen zizkigun.

Bigarren eta hirugarren promozioetan (1983-1986) ikasgai berdinak eman ziren:

Lehenengo ikasturtea → Ingelesa, Gaztelania, Euskara, Itzulpen Teoria, Itzulpen Historia eta Itzulpen Praktikak.

Bigarren ikasturtea → Ingelesa, Euskara, Literatura (teoria eta praktika), Itzulpen Teoria, Itzulpen Praktika eta Itzulpen Historia.

Hirugarren ikasturtea → Ingelesa, Euskal Literatura, Erdal Literatura eta Itzulpen Praktika.

Itzulpen konparaketa, hizkuntz sakonketa eta beste gai batzuk ere tartekatzen ziren ikasketa hauetan. Programa zabala zen, ezin zitekeen bestelakoa izan Euskal Herrian hastapenetan aurkitzen zen Itzulpen Ikasketentzat.

Eskolaren bigarren, hirugarren eta laugarren promozioa (1985-1988) izan dira normalizatuenak eta orohar, bizi izan dituzten arazoak ere berdintsuak izan dira. Hiru bloke nagusitan bildu daitezke hauek.

Eskolaren azpiegitura. Esan dugu Eskola 1981-1982 ikasturtean Martutenera pasatu zela. Lanbide Heziketa Eskola honetan hiru gela utzi zitzaion Itzultzaile Eskolari eta egoitzaren baldintzak negargarriak ziren: zaharkitua, zikina, hotza, etengabe obretan, hitz batean, ikasteko militantzia maila handia behar zen. Piskanaka baldintza orokorrak hobetzen joan ziren, halere ikasleek behar zuten askatasun eta giroa lortzeko motz geratu ziren. Ez dugu esango gaurko egoera hoberena denik, ezta ere Lanbide Heziketarako aproposenak ez denik ere, baina garbi dago itzulpen ikasketak burutzeko baldintzak ez direla txapistak prestatzeko behar diren berdinak.

Beste maila bateko azpiegiturara pasatuz, liburutegiari dagokionez esan behar da Eskolak zituen bitarteko apurrak ongi erabili zirela eta liburu mordo bat bazegoela, aldizkari, hiztegi eta antzekoz hornitua. Bestalde, Eskolak irakasleei eman zien esperientziari eta hauen ahalegin txalogarriari esker zenbait testu liburu ere argitaratu ziren (Itzulpenaren Teoria eta Historia, Linguistika, Itzulpen gaiak) eta lehenago genion bezala, laborategiko esperientzietatik gauza positiborik atera zen beraz.

Eskolaren egoera ekonomikoa. Irakasleen lan baldintzak ere aipatu beharrekoak dira. Haseran puntualki ordaintzen bazitzaien ere, gerora arazo ugari izaten zituzten garaiz kobratzeko, askotan hilabete askoren atzerapenarekin soldata jasoaz eta honek, bistakoa den bezala, seguritate falta ikaragarria sortzen zuen irakasleen artean. Ondorioz, Eskolari ezin zioten erabateko dedikaziorik eskaini eta gainera esan behar da arazo ekonomikoak Eskolaren martxa orokorrean eragiten zuela, askotan egon bait zen Eskola itxi beharko ote zenaren ikara; gaur oraindik Eskolaren etorkizuna ez da ezagutzen, urtez urte proiektua egin behar izaten delarik.

Itzultzaile titulua. Hiru urteko ikasketak gorpuztu zirenean, ikusirik Euskal Herrian itzultzaileen premia gehitzen zihoala eta Eskolan ikasketak burututa izateak halako errekonozimendu instituzional eta sozial bat bazuela, bai irakasleek eta bai ikasleek erabat beharrezkotzat jotzen genuen ikasketen ondoriozko titulua izatea. Tituluaren arazo honek urte ezberdinetan eztabaida eta azterketa berdinak sortarazten zituen, Magisteritzaren pareko titulua eskatzen zen, noizbait Lanbide Heziketako goi mailakoa emango zitzaigula esan zitzaigun eta azkenean ez genuen lortu ez bata eta ez bestea. Ikasketak amaitu ondoren besapean ziurtagiri bat genuela atera ginen, ziurtagiri honek balio akademikorik ez du, baina halere esan behar da Euskal Herrian lizentziatura izatea modan jarri zen arte zenbait lanpostutara aurkezteko eta gainera lanpostua lortzeko merituen artean aintzakotzat hartua izaten zela.

Gaurko egoera eta ondorioak

Eskola ofizialki errekonozitua izateko aukera eta esperantza guztiak galdutzat eman ondoren, honek beste errekonbertsio bat bizi izan zuen. Laugarren promozioaren bigarren ikasturterako bi irakasle bakarrik geratu ziren eta 88-89 ikasturtea planteamendu erabat berri batekin hasi zen.

Bosgarren promozioa sartu zenerako Eskolak erabakita zeukan urtebeteko ikastaroa emango zuela promozio bakoitzarentzat eta berziklaketa antzeko lanak egitera bideratu nahi zen. 40 ikasle matrikulatu ziren, gehienak Magisteritza edo beste ikasketa batzuk burutuak. 89-90 ikasturte honetan planteamendu berdinarekin jarraitzen da eta etorkizunari begira ez da ezer ezagutzen.

Orain arte arazoak aipatu ditugu. Baina esan beharra dago emaitza ugari izan di tuela eta hauek gainera oso positibotzat jotzen ditugula eta jotzen direla.

Euskal Herrian itzulpengintza hedatzen hasi zen urte haietan Eskolak irakasle eta ikasleen bidez lan handia egin zuen eta hau bi mailatan, alde batetik ikasleak itzulpengintza jardunera hurbilduz eta oinarrizko baina aldi berean funtsezko prestaketa sakon bat emanez, eta hemen irakasleek beraiek eskuratu duten praktika eta eguneroko jardunak eman dien ahalmena itzulpenaren inguruko arazo berrietaz jabetzeko ere sartu behar da; eta bestetik, Eskolari esker euskal itzulpengintzaren azterketa bereziki eta itzulpenarena orohar serioskiago planteiatu da eta gaur egun aportazio serioak egin daitezke itzulpengintzaz eta honek beharko lukeen ikasketa jardunaz. Eskolari esker euskal itzultzaileen arteko harremanak hasi eta sendotzeko bidean daude, ezin bait da ahaztu Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartea sortzearen ardura Eskolako irakasleena izan zela. Euskal Instituzioek ez ezik Estatukoek ere aintzakotzat hartu beharko lukete Eskola honen esperientzia aurrerantzean Itzulpen Ikasketen inguruan eman nahi diren pausoak aztertzeko orduan. Hala gerta dadila.