Euskal Itzultzaileen Ikasketak: Hamarkada baten ikuspegia
Artikulua PDFn
Duela hamar urte, gerora Martuteneko Itzultzaile-Eskola izenpean ezagutu izan dena sortu eta abiarazteko eskaria hartu nuelarik Euskaltzaindiaren zuzendaritzatik, ezer baino lehenago dossier aurreproiektu gisako bat egiteari ekin nion Itzulpenaren Mundua eta Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola (1980-III-28) izenburupean "Euskera"n argia ikusi zuen txosten luze haren bigarren atalean ordura arte itzultzaileak prestatzen egin ziren ahaleginen berri eman ondoren (Arrasate, Ustaritz eta Santutxukoak aipatzen ziren) eta aldi beretsuan orduko itzultzaileen artean burutu nuen inkestak adierazten zuenez, lanean ari ziren gehienak erabat autodidaktak eta inolako prestakuntza teorikorik gabeak zirela ikusirik, berriki sortzekoa zen eskolaren programak alderdi teoriko-praktiko orekatuak izatea derrigorrezkoa zuela ikustera iritsi nintzen.
Nahiz eta abiaraziko genuen eskola muga ekonomiko eta pertsonal jakin batzuen barruan sortuko zela aurretiaz garbi jakin, Europan zehar sakabanaturik zeuden C.I.U.T.I. erakundeko Itzultzaile eta Interpretari Eskolen programak aztertzeak sendotu ninduen erabaki horretan. Gainera, ordura arte aipaturiko ikastaldietan itzultzaileak prestatzen emandako pauso herabetiek ere irakatsia zidaten kasuistika eta adibide konkretoen erabilera ezinbestekoa izan arren traduktologiaren didaktikan, oso labur geratzen dela gutxieneko jeneralizazio eta teorizaziorik gabe, are gehiago bere buruaren eredua finkatzen ari zen gurea bezalako hizkuntza baten baitan.
Honela, aipaturiko txostenaren hirugarren atalean heldu nion etorkizuneko eskola haren programa izan zitekeena taiutu eta gauzatzeari honako gidoiaren arabera: antolaketa-faseak, helburu nagusiak eta bereziak, asignaturak, irakaslegoa eta ikaslegoa eta funtzionamenduari buruzko zenbait ohar eta gogoetarekin.
Bi arrisku zeuden sarrerako gogoetetan aditzera ematen zenez: "alde batetik, gaizki ulerturiko efikazia edo eginkortasun berehalakoaren izenean, presakako prestakuntza lardaskatu, asistematiko eta teorizapen eskasekoa emateaz nahikotzearen tentazioa", zernahi egiten zelarik ere ordura arte ez bezalako ahalbide eta ikuspegiak itzultzaileari derrigor emango zitzaizkiola uste izanik.
Bestetik, ordea, teorizapen abstratoegitan, bitxikeria formaletan eta zehazkeria estilistikotan irakasle-ikasleak galtzearen arriskua, kasuistika eta teknika konkretoak gutxietsiz.
Gainera, lehen esan bezala, guzti hau bere burua bateratzen eta finkatzen ari zen eta normalkuntza sozio-linguistikoaren bila zebilen hizkuntza baten baitan sortzen diren auzi eta arazo guztiak kontutan izan behar zituen prestakuntza baten markoan sartu beharra zegoen.
Eskolaren antolaketa faseak
Nazi oarte mailan zeuden Itzultzai le eta Inte rpretari Eskolen fil osofia eta programak arakatzean, berehala nabari zen "hitzaldi interpretari" (conference interpreter) edo "zinpeko interpretarien" (sworn interpreter) gero eta eskari handiagoak zenbaterainoko eragina izan zuen erakunde haien sortze eta gauzatzean. Interpretari hauen lana, norrnalean, mundu teknologiko, juridiko, eta komertzial arautu eta finkatu batean garatzen zen eta hizkuntza atergabe berriztatuz joan arren, oinarri finko, zehaztu eta homologatu samar bat aurkitzen du Europako hizkuntza moderno garatuen eta hiztuntsuenetan. Gure kasua bestelakoa zen: gizarte elebidun desorekatuan eta euskararen erabilera diglosikoan aurkitzen ginen (eta gara) eta aurrena zientzi eta jakite alor ezberdinetako hizkuntza sortzea eta finkatzea ezinbestekoa zen bai itzulpenerako eta bai interpretaritzarako, nahiz eta azken zerbitzu honetarako eskariak artean oso urriak izan euskal gizartean.
Garai berean U.Z.E.I. erakundeak argitaratu zuen "Euskara Administrazio Publikoan" deituriko idatzian ere "itzulpen arruntetarako ikastaroen" beharra arrikusten zuen, ondoren Administrazio-itzulpenetarako ikastaro berezituak egin ahal izateko.
Beraz, Euskaltzaindiaren eskariz diseinatu zen lehen ItzultzaileEskola hartan, jardun-eremua itzulpen arrunterako, hots, itzulpen espezialduak aurresuposatzen duen kultura orokor mailako itzultzaile prestakuntza batera mugatu beharra argiro ikusi zen, nahiz eta maila arrunta edo orokorra eta ezpezialduaren arteko mugak aski lausoak izan.
Garai hartan aurkeztu zen modelu-ereduan honela geratu zen ikasketa-prozesua:
- Oinarrizko Itzultzaile-Prestakuntza → urte 1
- Itzultzaile Prestakuntza-Bereizitua → urte 2 eta erdi
- Interpretari Prestakuntza → 6 hilabete
Gaur egun Europan burutzen den itzulpen-lizentziaturaren iraupen bera zuen, nahiz eta gerora proiektu hau arrazoi eta eragozpen ezberdinengatik lehen promozioan bi urtetara eta ondokoetan hirura mugaturik geratu zen, eta interpretaritzako prestakuntzarik emateko ez bitartekorik eta modurik ez izan eskolak.
EIOPE (Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola)ren helburuak
Euskara eta gaztelaniazko hizkuntz ezaguerak eta literatur historiak eta autoreen obrak sakonduz, testu faktual (pragmatiko) eta literarioak idatziz bi zentzutan itzultzeko gaitasun orokorra, eduki teorikoen eta ariketa praktikoen bitartez ikasleei eskuratzea zen EIOPEren helburu nagusia.
Horretarako, ondorengo azpi helburu hauek lortzea derrigorrezkotzat jotzen zen:
- Euskararen baliakizun bereziez jaberazi ikaslea.
- Euskarak gaur egun dituen mugatasunen kontzientzia zehatza harrerazi.
- Itzulpena burutzean sortzen diren zailtasun morfosintaktiko, lexikal, kultural eta estilistiko arruntenez jaberazi eta berauek gainditzeko teknikez hornitu ikaslea.
- Euskal itzulpenaren historia kritikoki aztertzera eta baliotzera bultzatu ikaslea.
- Azken urteetan euskal itzulpen dinamikoen eta aurrerakoienak emandako urratsen berri eman ikasleari.
Beraz proposaturiko helburu hauen arabera, honako ikasgai hauek osatzen zuten EIOPEren lehen curriculuma:
- Euskal Morfosintaxia eta Lexikologia.
- Euskal Literaturaren Historia
- Teoria Linguistiko Orokorra
- Itzulpenaren teoria eta testu mailakatuen itzulpen ariketa
- Euskal itzulpenaren historia kritikoa
- Gaztelaniazko gramatika, lexikologia eta Literatur Historia.
Hasiera batean EIOPEren mugatasun praktikoengatik erdal hizkuntza bakarra gaztelania izango zen, baina ondoren inguruko erdararik garrantzitsuenak (ingelesa-frantsesa) programetan sartzeko asmoa zegoen, ikaslegoaren gaitasun eta eskariaren eta irakaslegoaren baliakizunen arabera.
Hasieran aipatu dugun txostenak ondoren banan-banan aztertzen ditu ikasgai hauek eta bakoitzean landu beharreko edukinen orientabide bat eskaintzen du lehenik, Eskola eratuko zuten irakaslegoaren eta ikaslegoaren bereizitasunak aipatzeko ondoren.
Azkenik, Eskolaren erakundetzeaz, egoitzaz eta abarrez zenbait puntu zehaztu ondoren, ikasturteaz kanpoko ekintzak ere aipatzen ziren, euskal itzultzailearen prestakuntza eta profesionalizazioak eskolaren jarduera arautu eta akademikoaz aparte beste sail batzutan lan egitea eskatzen zuenez gero: UEUko Lan-Jardunaldiak egitea, Itzultzaileen Boletin bat ateratzea, Itzulpenari buruzko oinarrizko testuak eta bibliografia argitaratzea, ikerketa lanak burutzea eta hurrengo urtean plan bera Bilbora hedatzea, besteak beste, zeren hasieratik beretik EIOPE euskal itzulpenaren problematika osoari, ahal zuen neurrian, erantzuten eta laguntzen ahalegintzeko asmoarekin sortu bait zen.
Historiaren gorabeherak
Orain arte aipatu dudan guztia mahai gainean zirriborratutako egitasmo soila besterik ez zen, asmo ederregi bat geroko urrats neketsu eta zenbaitetan debekatuek erakutsiko zutenez.
1980ko udazkenean ireki zituen bere ateak EIOPEk Donostiako Aurrezki-Kutxa Munizipalak behinbehinekoz utzi zizkion geletan eta 30 ikaslek osatu zuten 1980-82 urteetako lehen promozioa. Ohar daitekeenez, lehen promozio honentzat bi urte diseinatu ziren eskolak bere burua sendotu eta esperientzia hartu arte, gehiegizko iritzi bait zitzaion bapatean proiektuari bere osotasunean heltzeari, zeuden muga ekonomiko eta materialak kontutan izanik. Bi urte hauen balantzea eginez gero garbi ikusten da lehen urtearen behinbehinekotasuna eta inprobisazioa piskanaka desagertuz joan zela bigarren urtean eta bigarren ikasturtean edukinak eta ikasmaterialak hobeki prestatu eta banatu zirela. Ahalegin honen emaitza izan ziren 83-84 ikasturterako argitara eman ziren testuak (Itzulpen teoriazko ezagupenak, Itzulgaiak: testu pragmatiko eta literarioak, Euskal Itzulpenaren Antologia I)
Ondoren etorri ziren Bigarren Promozioa (1981-84), Hirugarren Promozioa (1982-1985) eta Laugarren Promozioaren aldia (198487) Eskolaren sendotzearekin, eredu-krisiarekin eta plangintza-aldaketarekin amaitzen da. 1981 etik 1987rako urte hauetan Itzultzaile Eskola Euskaltzaindiaren eskuetatik Eusko Jaurlaritzarenera aldatzen da, baina behar adinako bermerik eta etorkizunari buruzko argikuspenik gabe. Ondorioz Martuteneko Lanbide-Eskolan lortzen du egoitza Eusko Jaurlaritzaren eskaintzaz baina ordurako gauzatua zuen Eskola-proiektua ez da sendotzen diru-laguntzak FP 2aren moduluen araberakoak eskaintzen zaizkiolarik eta aurrez diseinaturik zegoen Eskola-proiektuak arazo ekonomiko larriak pairatzen hasten da, gobernu aldaketa bat tarteko den bitartean. Egoera hau nolabait gerora konponduko zen uste ustelak Eskolaren proiektu garatu bat aurrera eramatera adoretu zuen zuzendaritza eta irakaslegoa, baina azkenean Administrazioarekiko tirandura eta arazo ugariren ondoren, hasierako promozioak prestatu zituen plana desegin eta urteroko plan xumeago eta apalago batzuk egitera behartu zuten Eskola. Hasieran arazo ekonomikoa zen hau, titulazio bat ikasleentzat lortzeak ageri zituen eragozpen akademikoekin elkartzeak, beste bide batzuetatik aurrera jotzea gomendatu zuten.
SENEZ aldizkariaren l. zenbakian (1984) Koro Navarrok, garai hartan Eskolako Irakasle eta Ikasketaburu zenak, ia bost urtetako esperientziaren balorapen bat eginez dio "gure (Eskolaren) lana baldintzatzen duten faktore soziolinguistikoak azpimarratu behar direla uste dugu:
- Itzulpen-teoriak eta praktikaren ezagupen sistematizatu eta didaktizatu batek zeresan eta garrantzi handia du gaurreguneko euskara eta euskal kulturaren egoeran eta berauen garapenean, komunikabideei eta irakaskuntzari dagokienean batipat.
- Hala eta guztiz ere, lanpostu gutxi daude itzultzaile profesionalentzat eta dagoeneko jende gazte samarrez beteak gehientsuenak.
Beraz ez dugu uste Itzultzaile Eskolak urtero profesional kopuru jakin bat (hogeiren bat pertsona urteko) merkaturatuko dituen irakastegi soil eta komentzionala izan behar duenik. Aitzitik, langune ezberdinetan barreiatu beharko lituzke bere indarrak, eta itzulpenarekin zerikusia duen guztiaren zentru dinamizatzaile izan beharko luke. Honek suposatzen du: a) Eskola ez dela mugatu behar goizetako kurtsoak egitera; b) bestelako lan motak ere bere gain hartu behar dituela. Honen ondorioz matrikulatze-epea bi urtez behin irekitzea erabaki zen, horrela asti gehiago sor zedin laneko profesionalak birprestatzeko, itzulpen teoria eta praktikaren ikerketa aurrera eramateko eta aldizkaria eta argitalpenak bultzatzeko".
Lehenago esan denez, Eskolaren Proiektu garatua (bost irakasle eta hiru ikasturteko promozioena, ingelesa barne zuela eta interpretaritza lantzeko oinegituraren bila zebilena) bertan behera geratu zen, zeren Eskolak aspaldidanik arrastaka zekarren zorra arintzeko gaztelania eta linguistika, euskara eta ingelesa irakasten zuten irakasleak alde egin beharrean aurkitu bait ziren eta Eskolan geratu ziren bi irakasleak (itzulpen-teoria eta praktika irakasten zutenak) beste proiektu bat diseinatu eta gauzatu beharrean aurkitu ziren, Eskola erabat desagertzea nahi izan ezik behintzat.
Birprestakuntza ikastaldiak
Gorago aipatu denez, lanean ari ziren profesionalengandik atergabe Eskolara iristen ziren eskariei erantzunez, aste burutako ikastaldi bereziak sortu zituen maila ezberdinetan sailkatuak eta urte batean baita arratseko eta aste barruko ikastaldiak ere. Saio hauetan goizeko ikasturte arautuetan ematen zenaren laburbilduma bat ematen zen teoria eta praktika modu orekatu batean uztartuz, eta beraietako ikasleekin sortzen zen harreman eta eztabida oso fruitukorra gertatzen zenbait kasutan irakaslegoaren teorizazioak eta eguneroko praktikan sortzen zen kasuistika eta arazoen artean zubigintza egiten laguntzen zutelako. Ikastaldi hauen bitartez gaur egun administrazioan, komunikabideetan eta beste alor batzutan lanean ari diren itzultzaile askorengana iristea, traduktologiaren berri ematea eta gerora EIZIE sortzeko beharrezko izan den legamia itzultzaile orean sarreraztea lortu delakoan gaude. Jarduera honetan laguntza handiko gertatu da gorago aipatu den eta Eskolak sortu zuen SENEZ Itzulpen eta Terminologiazko aldizkaria argitaratzea ere, berau izan baita euskal itzultzaileen artean itzulpen arazoak, bibliografia eta kontzientzia profesionala hedatzen ahalegindu den bitarteko bakarra.
Idazketa eta Itzulpen-Ikasturteak
Azken bi urte hauetan —1988 eta 1989an— goizero lau orduz bi irakaslerekin Eskolak banatu duen eta banatzen duen irakaskuntzak goiko izenburu horri erantzun nahi dio, nahiz eta itzulpenari dagokion alderdiak pisu espezifiko handiagoa izan idazketa soilarenak baino.
Itzultzailea funtsean "irakurle ona eta erredaktatzaile ona" delakoan oinarriturik, alde batetik, eta gaurko lanpostu askotan itzultzaile profesionala adina testu-erredaktatzaileak ere behar direlakotik abiatuz, bestetik, ikasturtearen lehen hiruhilekoa hizkuntz-eredua, erretorika-estilistika, kazetaritza, diskurtsuaren analisia eta abar bezalako gaiak lantzetik hasten da. Sarrera luze honen helburua euskara sakontzea eta aberastea da eta idazketaren hasi-masiak gaingiroki bederen aztertzea. Baina guzti hau euskalki ezberdinetako testuak eta gaur eguneko lexikogintza aztertzen den bitartean burutzen da.
Hizkuntza arrotzei dagokienez, ingeles eta frantsesezko testuetatik zuzenean itzulpenak burutzeko gaitasuna duten ikasleekin astero zuzenketa-mintegiak antolatzen dira.
Ondorengo bi hiruhilekoetan itzulpen teoria eta praktika soilera mugatzen da irakaskuntza, nahiz eta aurretik ere zenbait testu itzultzen eta konparatzen ari izan ikasleak. Hizkuntza eta idazketari buruzko sarreraren ondoren, ikasturtearen gainerakoa testu pragmatiko eta literario mailakatuak itzultzeak eta zuzentzeak hartzen du denborarik gehiena.
Itzulpen-teoriari dagokionez, Eskolak aurreko urteetan zehar osatu zuen liburutegia bereziari esker, azken hamarkadetan mundu mailan nabarrnendu diren traduktologi eskola ezberdinei buruzko inforrnazioa banatzea izaten da helburua. Honetarako sarrera historiko bat egitetik hasten da: historiaurreko interpretaritza, protohistoria, greko-erromatarrak, Bibliaren itzulpengintza, Erdi Aroko itzulpengintza, Errenazimendua eta itzulpenaren berrikuntza, "Les belles Infidèles" eta Klasizismoa, Erromantizismoa, XX mendea eta Euskal Herriko Itzulpengintza gai nagusi direlarik.
Itzulpen-teoriari dagokionez, oinarrizko alderdiak eta itzultzailearen prestakuntza bezalako gaiak jorratu ondoren, bereiziki XX mendearen azken hamarkadetan nagusitu diren traduktologo eta eskolen berri laburra ematen da, besteak beste, Kloepfer, Levy, Jumpelt, Vinay-Darbelnet, Seleskovitch, Catford, Nida-Taber, Kade, Neubert, Reiss, Koller, Vermeer, Fedorov, Komissarov, Ljudskanov eta abarren ekarpen nagusienen berri ematen delarik.
Sistematizazio ahalegin bat eginez, itzulpen-zientziaren objektua, egitekoak eta egitura, itzulpen definizioaren definizioak eta ereduak eta azkenik, itzulgarritasuna eta itzultze-prozedurak bezalako gaiak ere lantzen dira. Azken gai honetan, itzulgarritasuna ikuspuntu filosofiko-linguistikotik aztertu eta Itzulezintasunaren kritika eta Itzulgarritasunaren oinarriztapena egin ondoren, Itzulpen-korrespondentzien sailera jotzen da, puntu honetan hizkuntzalaritza kontrastiboaren eremuan sartuz. Ondoren dimentsio konnotatibo eta estilistikoak, hizkuntz jokuak eta forma literario eta estetikoen itzulpenaren gaiaz ematen zaio amaiera gaiari.
Prozesu guzti honetan, bai idazketa eta bai traduktologiari dagokionez, garrantzi berezia ematen zaio ikaslea eta bibliografiaren artean zubia egiteari, izan ere gaztelania eta euskaraz aparte beste hizkuntzaren bateko testuak irakurtzeko aukerarik ez duena informazio mugatu samarrarekin gelditzeko arriskua bait du. ItzultzaileEskolak, une honetan zuzenean edo zeharka traduktologiarekin zerikusi estua duten ehunen bat obra eta aldizkari dauzka bere liburutegian eta titulu-kopuru handiegia ez bada ere gai honetan gero eta handiagoa den bibliografiaren hedadurarako, traduktologo ingeles, frantses, alemaniar, espainiar eta sobietar garrantzitsuenei buruzko informazioa badu, eta Babel, Meta, Contrastes, Cuadernos de Traduccion eta abar ere hartzen ditu. Halaber, euskarazko eta hizkuntza nagusienetako hiztegi kopuru garrantzitsua izatea lortu du azken boladan eta une honetan banatzen ari den irakaskuntzaren premiak duinki asetzeko eran dagoela esan daiteke.
Azken ondorio gisa
Azken hamar urteotako esperientziaren argi-ilunen berri ematen hasiz gero, lehenengo eta behin hasiera batean amets egindako gailur eta sakonera guztiak ez lortu izana aipatzetik hasi beharko genuke. Baina itzulpenaren didaktika egunean egunean hainbeste urtez irakasten ari izanak "linguistizismo" eta "filologismo" antzuegiak gainditzen eta berauek sarritan ikaslearen buruetan ezarri dituzten eskema zurrunegiak malgutzeko estilistika funtzionala, diskurtsuaren analisia eta hizkuntz erabilearen atergabeko azterketa eta baloraketa zeinen ezinbestekoak diren ikustea jotzen dut ekarpen nagusientzat.
Linguistika kontrastiboaren bidetik, euskara eta beste hizkuntzen arteko ikerketa gehienak egiteke daude —Vinay-Darbelenet ingelesa eta frantsesaren artean, edo Malblanc-ek frantsesa eta alemanieraren artean egindakoak datozkit burura— eta inguruko erdara nagusien eta euskararen arteko hiztegirik eta gramatikarik ez izateak asko zailtzen du euskal itzultzailearen prestakuntza ezezik eguneroko lana ere. Bestalde, euskarazko gramatika eta hiztegi arauemaile bururatuak ez izatea ere eragozpen handia izan da gure lanean.
Baina eskasiak eta eragozpen guztiak gorabehera, eta komunikabideetako euskarak, onean zein txarrean, daraman abiadura zorabiarazlearekin, ikasle eta profesional multzo bati gogoetagaia eta lanerako abiapuntu batzuk ezartzeko modua izan dugulakoan nago. Eta azken finean, horixe da edozein eskolak bere buruari opa liezaiokeena: eskolarik hoberena den eguneroko lana burutuz atergabe bere burua birprestatuz eta birmoldatuz aurrera joateko gaitasuna izateko lehen urratsak ematen laguntzea.